(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2019 FORU LEGE-DEKRETUA, martxoaren 27koa, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legea hein batean aldatzen duena.

BON N.º 68 - 08/04/2019



HITZAURREA

Tributu eta katastro arloko hainbat neurri hartzen dituen abenduaren 28ko 27/2018 Errege Lege-dekretuak aldi iragankor bat ezarri zuen Estatuan (2018ko urtarrilaren 3tik 2019ko martxoaren 30era), zeinean inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetzen edo akzioen zenbait birsailkapen neutral izanen baitira zergen ikuspuntutik.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauak pizgarrien arloan ezartzen dituen eskakizun berriak direla-eta, beharrezkoa da inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetzen edo akzioen birsailkapen horiek egitea. Zuzentarau hori finantza-tresnen merkatuari buruzkoa da, eta 2002/92/EE Zuzentaraua eta 2011/61/EB Zuzentaraua (Mifid II izenarekin ezaguna) aldatu zituen. Bi zuzentarau hauek txertatu dira Estatuaren araudian irailaren 28ko 14/2018 Errege Lege-dekretuaren bidez, zeinak aldatzen baitu urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege-dekretuak onetsi zuen Baloreen Merkatuari buruzko Legearen testu bategina, eta beren helburua da partaideak edo akziodunak ez dezan pizgarriei loturiko kosturik jasan.

Foru lege-dekretuan hartzen den neurriarekin tributuei buruzko foru araudian sartzen da abenduaren 28ko 27/2018 Errege Lege-dekretuak arlo honetan duen edukia. Horrekin bi helburu lortu nahi dira. Alde batetik, inbertsio kolektiboko erakundeetako inbertsiogileek lehenbailehen beren akzioei edo partaidetzei loturiko kostu txikiagoak jasotzea, jada aplikatzeko modukoa den merkataritza-araudi bati esker; eta bestetik, aipatu birsailkapenak ez edukitzea tributu mailako ondoriorik inbertsiogileentzat.

Azpimarratu behar da aipatutako birsailkapena egiteko abenduaren 28ko 27/2018 Errege Lege-dekretuak ezartzen duen aldi iragankorrak 2018ko urtarrilaren 3tik 2019ko martxoaren 30erako epea hartzen duela, eta beraz, 2018ko zergaldiari dagokion tributazioa ukitzen ahal duela. Honi dagokionez, nabarmendu behar da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako 2018ko aitorpenak aurkezteko epea hasteko zorian dagoela, eta Sozietateen gaineko Zergako 2018ko aitorpenak aurkezteko epea datorren maiatzean zabalduko dela. Horrekin azpimarratu nahi da guztiz premiazkoa dela foru lege mailako arau bat onestea, lehen ere aipatu den zerga neutraltasuneko printzipioa ahalik eta lasterren sartzeko Foru Komunitatearen zerga-araudian, Nafarroako zergadunak ez daitezen geldi araubide erkideko zergadunak edo Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetakoak baina egoera okerragoan, azken finean finantza-tresnen merkatuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauaren ondorioa den gai batean.

Aipatu zerga neutraltasuneko araubidea foru-lege honen bidez Nafarroako zerga-araudian sartzea justifikatzen da, hortaz, aitorpenak aurkezteko epeak laster zabalduko direlako. Horrekin batera, segurtasun juridikoaren printzipioa aipatu behar da; printzipio horren arabera, beharrezkoa da lehenbailehen zerga-esparru garbi bat edukitzea, inbertsiogileei aukera emanen diena erabaki ekonomiko onenak hartzeko. Helburu hauek lortzeko, ez da aski lege-prozedura arrunt bat erabiltzea.

Aipatu zerga neutraltasunak partaideak edo akziodunak ukitzen baditu ere Sozietateen gaineko Zergaren, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren ondorioetako –eta hala adierazten da berariaz arauan–, araudi berria Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen xedapen iragankor baten gisa egituratzen da. Arrazoi praktikoak daude horrela jokatzeko, metatutako esperientziak erakusten baitu eragile juridikoek zailtasun handiagoak edukitzen dituztela araudiak ukitzen dituen zerga guztietatik aparte eta isolatua dagoen zerga-arau bat ezagutu eta aplikatzeko.

Gainera, zehaztu behar da araudi berriak ez duela edukiko ondoriorik diru-bilketarako, partaide edo akziodun birsailkatuei esleituko zaizkien partaidetza edo akzio berriek gordeko baitituzte ordezkatzen dituzten partaidetza edo akzioen balioa eta eskuratze-data. Beraz, geroago, berriak eskualdatzen direnean, dagokion zergapetzeko errenta agertuko da inolako galerarik gabe.

Halaber, zalantzarik ez dago Hitzarmen Ekonomikoak eskumena ematen diola Foru Komunitateari gai honi buruzko arauak emateko. Beste alde batetik, zergadun ez-egoiliarrei eragiten ahal dienetan, Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluak ezartzen du Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren ordainarazpenean, Foru Komunitateak Estatuak aplikatuko dituela une bakoitzean ezartzen dituen edukiak dauzkaten arau substantibo eta formalak, atzerrian bizi diren pertsonek edo entitateek Nafarroan helbideratuta dauzkaten establezimendu iraunkorrei Sozietateen gaineko Zergaren foru-araudia aplikatzea eragotzi gabe, Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezartzen diren irizpideekin bat etorriz.

Hitz batez, hartzen den neurri honetan biltzen dira Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. bis artikuluak eskatzen dituen ohiz kanpoko eta premiazko inguruabarrak, eta foru lege-dekretua tresna egoki eta bidezkoa da premiazko legeria justifikatzen duen helburua lortzeko.

Arau hau egoki zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 132. artikuluak ezartzen duen foru lege lerruneko xedapenak egiteko prozedurari.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 27an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeari hogeita zortzigarren xedapen iragankorra gehitzea.

“Hogeita zortzigarren xedapen iragankorra.–Inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetzen edo akzioen birsailkapenen zerga neutraltasuna.

1. Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legeak eta berau garatzen duten arauek arautzen dituzten inbertsio kolektiboko erakundeen arteko birsailkapenek, edo beren partaidetzen edo akzioen konpartimentuen, klaseen edo sailen artekoek, 2018ko urtarrilaren 3tik 2019ko martxoaren 30era arteko epean egiten direnek, ez dute errenta berririk sortuko partaide edo akziodunarentzat, zerga honen, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ez-egoliarren Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako, baldin eta beren xede bakarra bada irailaren 28ko 14/2018 Errege Lege Dekretuak ezartzen dituen obligazioak betetzea (errege lege-dekretu horren bidez urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege-dekretuak onetsi zuen Baloreen Merkatuari buruzko Legearen testu bategina aldatu zen, partaideak edo akziodunak jaso ez dezan pizgarriei loturiko kosturik). Gainera, partaide edo akziodun birsailkatuei esleituko zaizkien partaidetza edo akzio berriek gordeko dituzte ordezkatzen dituzten partaidetza edo akzioen balioa eta eskuratze-data.

2. Lehenagoko apartatuan aurreikusten den tratamendua aplikatzekoa izanen da, halaber, inbertsio kolektiboko erakundeen arteko birsailkapenetan, edo foru lege honen 96.2 artikuluan eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.2.a) artikuluan (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia) aurreikusten diren partaidetzen edo akzioen konpartimentuen, klaseen edo sailen artekoetan, xedapen honen 1. apartatuan ezartzen den epean egiten badira, birsailkapenaren helburu bakarra bada aipatutako 1. apartatuan ezartzen dena”.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena .–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, bertan adierazten diren ondorioetarako.

Iruñean, 2019ko martxoaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1904251

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web