(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

16/2019 FORU LEGEA, MARTXOAREN 26KOA, ESKUIN MUTURREKO TALDEEK EDO FUNTZIONARIO PUBLIKOEK ERAGINDAKO MOTIBAZIO POLITIKOKO EKINTZEN BIKTIMEN ERREKONOZIMENDUARI ETA ERREPARAZIOARI BURUZKOA Nota de Vigencia

BON N.º 62 - 01/04/2019



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Egia, errekonozimendua eta erreparazioa


  III. KAPITULUA. Prozedura


  IV. KAPITULUA. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea


  V. KAPITULUA. Prestazioa jasotzen duten pertsonen betebeharrak


  VI. KAPITULUA. Bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzea


ATARIKOA

Azken urteetan, aurrerapauso nabarmenak eman dira gure historiako zenbait gertakari tragikotako biktimei ordaina eta errekonozimendua ematearen arloan, motibazio politikoko indarkeria- eta terrorismo-ekintzei dagokienez.

Estatuko legegintzaren esparruan, azpimarratzekoa da abenduaren 26ko 52/2007 Legea, “Memoria Historikoaren Legea” izenaz ezagunagoa, zeinaren bidez onartzen eta zabaltzen baitira gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak eta haien aldeko neurriak ezartzen baitira. Lege horrekin, partzialki eta behar baino beranduago onbideratze bat eman zitzaion amaigabeko lazeriak eta umiliazioak pairatutako frankismoaren biktimenganako urtetako ahanztura instituzionalari. Zioen azalpenean dioen bezala, “legeak oinarriak jartzen ditu botere publikoek aurrera eraman ditzaten gure historia ezagutzera eta memoria demokratikoa sustatzera zuzendutako politika publikoak”. Azaroaren 3ko 1803/2008 Errege Dekretuak baldintzak eta prozedura arautzen ditu demokrazia aldeztu eta garatzeko jardueragatik hildakoentzat edo ezgaitzerainoko lesioak jasan zituztenentzat 52/2007 Legean aitortutako kalte-ordainak ordaintzeko, eta ebaluazio batzorde bat sortzen du, zeinak ahalmena izanen baitu beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak ofizioz egiteko, alegatutako gertaerak edo datuak egiaztatzekoak, gertaera eragileak argitzearren eta eskatutako errekonozimendu eta erreparaziorako aukera eman dezakeen kausazko lotura zehazten laguntzeko. Batzorde horri dagokio horri buruz egiten diren eskabideak izapidetzea, bai eta haiek aztertu, baloratu eta ebaztea ere.

Geroztik, Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legeak babes sozial, ekonomiko eta politikoa eman zien erakunde terroristen indarkeriak eragindako biktimei; erakunde horien artean ETA, GAL eta BVE daude, besteak beste. Iraganean, biktima horiek ez dute errekonozimendu sozial beharrezkoa jaso, eta kasu honetan, haien memoriari duintasuna eman beharra zegoen. Lege honek aukera bat biltzen du Administrazioaren organo eskudunaren aurrean honako hauek egiaztatzeko, zuzenbidean onartzekoa den edozein froga-baliabide erabiliz: biktima- edo eskubidedun-izaera, pairatutako kalteen norainokoa, egintza zein egitate eragileen izaera eta legez eskatutako gainerako betekizunak.

Nafarroan ere, motibazio politikoko indarkeriak eragindako kalteari ahal den guztian erreparazioa emateko araugintzazko ahalegin bat egin da, bi lege garrantzitsu onetsiz.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legeak antolatu eta artikulatu zuen Nafarroako administrazioek nola garatu behar duten terrorismoaren biktimekiko tratamendua, horretarako mekanismo ekonomiko eta sozial batzuk ezarriz, eta halatan babestuz biktima horiek dauzkaten eskubideak. Foru lege horren 5. artikuluak ezarri zuen ezen legean xedatutakora biltzeko baldintza dela aipagai dituen eragindako kalteak ekintza terrorista baten ondorio izatea. Baldintza horren betetzea epai batek edo Estatuko segurtasun indar eta kidegoek baieztatu ahal dute, edo, bestela, administrazio eskudunaren ebazpen batek, non kalifikazio hori berariaz ezartzen den.

Bestetik, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, zuzendu egin zuen Nafarroan balio errepublikano eta demokratikoak aldezteagatik eraildako 3.400 pertsona baino gehiagorenganako urtetako ahanztura ofizial barkaezina, eta aitzindaria izan zen Espainiako Estatuan.

Honetara ezkero, halaber interesgarria da ikustea nazioartean egin diren zenbait xedapen, Nazio Batuen esparru aldeaniztunean lortutako itun eta akordio handietatik hasita. Hasteko, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpena eta haren geroko garapen guztiak (Eskubideen Itunak, esate baterako) goraipatu nahi ditugu, horiek baitira ekimen honek bere sustraietan duen Nazioarteko Zuzenbide Publikoko iturria. Ezin dugu aurrera egin biktimen errekonozimenduan eta, horrenbestez, demokrazian sakontzen, planeta osoko pertsona guztien giza eskubideen oinarriak jartzen dituen lehenengo itun kolektibo hori goraipatu gabe.

Bestalde, oso berriki sortu den akordio bat ere aipatu nahi dugu, Garapen Jasangarrirako 2030eko Agenda deitutakoa, orain dela hiru urte eskas, 2015eko irailean, Nazio Batuen esparruan sinatutakoa. Eta, zehazki, honako honen lorpena: “16. Helburua: Bakea, Justizia eta Erakunde Indartsuak”, zeinaren helburua baita zuzentasunezko gizarte baketsu eta inklusiboak sustatzea. Gure ustez, helburu hori ezin izanen da lortu baldin eta biktimak direla-eta beharrezkoa den memoria-, errekonozimendu- eta erreparazio-jardun bat egiten ez bada gatazka egoerak gertatu diren tokietan.

Halaber, Europako Kontseiluaren 1983ko azaroaren 24ko 116. Hitzarmena aipatu beharra dago, Indarkeria-delituen biktimei kalte-ordaina emateari buruzkoa, zeina 2001eko urriaren 31n berretsi baitzuen Espainiak. Hitzarmen horretan jasotzen denez, “...kalte-ordain hori eman eginen da baita egilea jazartzerik eta zigortzerik ez dagoenean ere”. Europar Batasunaren baitan, nabarmentzekoa da, halaber, Kontseiluaren apirilaren 29ko 2004/80/EE Zuzentaraua, zeinak estatu kideei ezartzen baitie kalte-ordainen araubide bat eduki behar dutela indarkeria-delituen biktimentzat, agintari publiko edo erakunde eskudunak izendatuta eta kasuko prozedura administratiboak diseinatuta.

Halaber, NBEk gomendio-tresna batzuk garatu ditu, estatuen jarduketarako orientabide moduan. Adibidez, haren Giza Eskubideen Kontseiluak, 2008ko irailaren 24an, 9/11 Ebazpena onetsi zuen, Egiarako Eskubideari buruzkoa, non aitortzen baitu zeinen garrantzitsua den egiarako eskubidea errespetatu eta bermatzea, giza eskubideak sustatzen eta babesten laguntzeko. Harekin, pozez hartzen da zenbait estatutan mekanismo ez-judizialak sortzea, nola baitira egiarako eta adiskidetzerako batzordeak, sistema judizialaren osagarri direnak, giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketak ikertzeko; halaber, beste estatu batzuei adore ematen zaie antzeko mekanismoak sor ditzaten.

Hori baino lehenago, 2005eko abenduaren 16ko 60/147 Ebazpenaren bidez, Nazio Batuen Batzar Nagusiak “Oinarrizko printzipio eta jarraibideak, giza eskubideen nazioarteko arauen ageriko urraketen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien biktimek errekurtsoak aurkeztu eta erreparazioak lortzeko duten eskubideari buruzkoak” onetsi zituen. Agiri horrek bide administratibo publikoen mekanismoa aurreikusten du pairatutako kalteengatiko lehengoratzerako, erreparaziorako, errehabilitaziorako eta satisfaziorako. Bada, indarkeria- eta terrorismo-delituen biktimei ahal den guztian errekonozimendua eta erreparazioa emateko diseinatu eta ezarritako nazioarte-, estatu-, autonomia- eta foru-mailetako arauen multzo horren esparruan, motibazio politikoengatik eta horren osagarri, beharrezkotzat jotzen da orain Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Lege hau onestea, beraren bidez babesa emate aldera giza eskubideen urraketen biktima izandako pertsona-multzo bati, zeinak orain arteko legerian ez baitzuen tokirik. Horrela, arau honen bidez, prozedura administratibo bat ezartzen da, bere aplikazio-eremuko biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako neurri administratiboak hartze aldera. Zentzu horretan, garrantzitsua da aipatzea ezen foru lege honek ez duela, inolaz ere, zigor-xederik, eta berme osoz errespetatzen duela abstentzioaren, konkurrentziaren eta ebazpen judizialekiko loturaren betebeharra.

Egiarako eskubidea, foru lege honetan tankeratzen den bezala, oinarrituta dago espediente administratiboak ebazteko lagungarri gertatzen diren eta motibazio politikoko ekintzen bitartezko giza eskubideen urraketen biktimentzako errekonozimendua eta erreparazioa errazten duten egitateen ezagutza, dokumentazio eta zehaztapenean.

Azaldutako guztian oinarrituta, foru lege honek zuzendu eta ordeztu egiten du Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legea, zeina indargabetuta geratuko baita arau honek indarra hartzen duenean.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honen helburua da eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen indarkeriazko jardunak eragindako motibazio politikoko biktimen errekonozimendurako eta, kasua bada, erreparaziorako eskubidea tankeratzea, baliabideak eta mekanismoak arautuz halako biktimatzat aitortuak izan daitezen eta, kasua bada, errekonozimendurako eta erreparazio integralerako kasuko eskubideen onuraduntzat.

2. Foru lege hau kokatuta dago motibazio politikoko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emate aldera taxutu eta ezarritako nazioarte-, Estatu- eta autonomia- eta foru-mailetako arau-multzo baten esparruan. Xede horrekin, prozedura administratibo bat ezartzen da, foru legearen aplikazio-esparru subjektiboan dauden pertsonei babesa emanen dieten neurri administratiboak hartzeko.

2. artikulua. Eremu subjektiboa Nota de Vigencia.

Foru lege honen esparru subjektiboa osatzen dute beren giza eskubideak honako inguruabar hauetan eta honako ondorio hauekin urratu zaizkien pertsonak:

a) Urraketak zio politikoko indarkeria-testuinguru batean gertatu badira.

b) Urraketak zio politikoko jarduketa-testuinguru batean gertatu behar badira, taldean nahiz modu isolatuan eta kontrolik gabekoan jardun duten funtzionario publikoek edo partikularrek esku hartuta.

c) Giza eskubideen urraketaren ondorioz pertsonen biziari edo integritate fisiko, psikiko, moral, sexual edo materialari kalte bat egin bazaio.

Baldin eta, pertsona baten giza eskubideen urraketaren zuzeneko ondorio gisa, haren heriotza gertatu bada, haren kausadunek eskubidea izanen dute biktima-aitorpena eskatzeko eta diruzko konpentsazioa jasotzeko, foru lege honen 12.5 artikuluan horretarako ezartzen diren erregelei jarraikiz.

Foru lege honen aplikaziotik berariaz at gelditzen dira indarkeriazko jardueraren bat egiteko xedez armak edo lehergaiak manipulatzeagatik hildakoek edo zauritutakoek, baita manipulazio horren bidez bilatzen zena baldin bazen segurtasun kidegoen eta indarren jarduketa legitimoei aurre egitea edo ekiditea ere.

3. artikulua. Iraunaldia.

Foru lege honen asmoa da bertan zehaztutako motibazio politikoko biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematea, baldin eta horien kausa izan badira edo izan ahal badira 1950eko urtarrilaren 1etik aurrera gertatutako ekintzak.

4. artikulua. Lurraldeesparrua.

Foru lege hau aplikatuko zaie foru legearen beraren esparru subjektiboaren barrenean egonik kalteak Nafarroan pairatu dituzten pertsona fisikoei edo, nafar izaera politikoa izanda, kalteak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldetik kanpo pairatu dituzten pertsona fisikoei, kalte horiei Estatuko edo beste autonomia erkidego bateko erakundeek erreparaziorik eman ez dieten heinean.

5. artikulua. Jarduteko printzipioak.

1. Erakundearteko lankidetzaren printzipioa, halako moduz non erakunde eta entitate publikoek eskatzen zaizkien datu guztiak emanen baitituzte behar den garaian eta moduan, eta espedienteak ebazteko behar den lankidetza erraztuko baitute, hala agintariena nola beren zerbitzuko teknikariena.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko erakunde eta entitate publiko guztiek behar diren neurriak hartu behar dituzte honako xede hauetarako:

a) Ahal den guztian erraztea eta aldeztea giza eskubideen urraketen analisia eta dokumentazioa, bai eta horri buruz aurkeztutako eskabideak ere, halatan foru lege hau bideratuko duten ebazpen administratiboak errazte aldera.

b) Motibazio politikoko biktimei erreparazioa eta errehabilitazioa ematea, haien ikusgaitasuna erraztuz, haien duintasun eta borondatearekiko errespeturik handienarekin, eta neurriak hartuz pairatutako kalteak aritze aldera, ahal den neurrian.

c) Nafarroako gizartean sustatzea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako balioak, eta bakearen aldeko kultura bat sustatzea, giza eskubideen urraketen larritasunari buruzko ezagutza eta gogoeta bultzatuz, foru lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketen biktimekiko errekonozimendu instituzionalaren eta sozialaren bitartez.

2. Azkartasunaren printzipioa, eskubideen aitorpena eta erreparazioa beharrik gabe luzatzen edo zailtzen dituzten izapide formalak saihestuz. Administrazioak ezin izanen dio interesdunari dokumentaziorik eskatu, baldin eta horrekin frogatu nahi badira nabariak diren gertakariak edo halako inguruabarrak zeinen frogak kasuko izapideez arduratzen ari den administrazioaren artxiboetan edo aurrekarietan jadanik jasota baitaude.

3. Diskriminazio-ezaren eta biktimen aldeko tratuaren printzipioa. Kontuan hartuko da haiek nolako zaurgarritasun- eta desparekotasun-egoera berezian egon daitezkeen, eta behar diren neurriak hartuko dira prozedurak ez dezan sor prozesu traumatiko gehiagorik.

4. Herritarren parte hartzearen eta ezagutzearen printzipioa. Halatan, lankidetzan arituko dira botere publikoak eta giza eskubideen, memoriaren sustapenaren edo bizikidetza demokratikoaren arloetako eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko organo eta erakundeak, ekarpena egitearren foru lege honen ardurakoak diren giza eskubideen urraketen egia historikoari buruzko ezagutzarako.

5. Hirugarrenen eskubideak bermatzearen printzipioa. Foru lege honen babesean izapidetutako espediente administratiboek ez dute inolaz ere ekarriko hirugarrenen berme juridiko eta konstituzionalen aurkako urraketarik edo erasaterik.

6. Prozedura administratiboa prozedura penalaren subsidiarioa izatearen printzipioa. Foru lege honetan ezarritako prozedura administratiboak ez du zigor-xederik, eta berme osoz errespetatzen ditu abstentzioaren, konkurrentziaren eta ebazpen judizialekiko loturaren eginbehar eta betebeharrak.

II. KAPITULUA. Egia, errekonozimendua eta erreparazioa

6. artikulua. Egiarako eskubidea.

Nafarroako botere publikoek, foru lege honen aplikazio eremuan, giza eskubideen eta memoriaren sustapenaren arloetako eginkizunak betetzen dituzten Nafarroako Gobernuko organo eta erakundeekin lankidetzan jardunen dute, nork bere eskumenen esparruan ekarpena egite aldera foru lege honen ardurako giza eskubideen urraketei buruzko egia ezagutzearen alde, ekintza batzuen bidez, pertsonei artxibo ofizialetarako sarbidea errazteko eta foru lege honen ardurako giza eskubideen balizko urradurak aztertzeko.

Nafarroako botere publikoek, beren eskumenen esparruan, laguntza emanen dute foru lege honen babesean biktima deklaratuak diren pertsonek informazioa izan dezaten eskura dauden baliabideei buruz eta, kasua bada, dagozkion prozesu judizialak kasu zehatz bakoitzean irekitzea ahalbidetuko duena ere bai.

Edonola ere, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen iritziz espedientea irekitzetik ondorioztatu ahalko balitz legez kontrako jarduketaren bat, organo judizialei jakinaraziko die eta horren berri emanen die eskumena duen administraziori.

Aurkeztutako eskariaren onespenarekin amaitzen diren espediente administratiboak Memoriaren Institutuari igorriko zaizkio, berak bere eskumeneko politikak garatu ditzan, betiere datuen babesari buruzko legeria betez.

7. artikulua. Errekonozimendurako eskubidea.

1. Foru lege honen ondoreetarako, motibazio politikoko indarkeriako testuinguru batean gertatutako giza eskubideen urraketen biktima deklaratzeak berekin ekarriko du, betiere, biktima-izaeraren errekonozimendu publikorako eskubidea. Errekonozimendu publiko horrek bateragarria izan beharko du biktimak bere intimitatea babesteko daukan eskubidearekin, berariaz hala eskatu duenean.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek neurri aktiboak bultzatuko dituzte, bermatuko dutenak, biktimekiko errespetu eta dignifikazio handienarekin eta ekitaldi, sinbolo edo antzeko elementuen bitartez, foru lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketen biktimen oroitzapena eta errekonozimendua.

8. artikulua. Erreparaziorako eskubidea.

Foru lege honen ondoreetarako, eta bere aplikazio-eremuan, erreparaziorako eskubideak kalte-ordain ekonomikoa bilduko du, bai eta, kasua bada, gertatutako giza eskubideen urraketen ondorioz pairatutako kalteak gainditu edo arintzeko osasun-arreta ere.

III. KAPITULUA. Prozedura

9. artikulua. Prozedura abiaraztea Nota de Vigencia.

1. Eskabideak foru lege honen esparru subjektiboan aipatzen diren pertsonek sustatu eta aurkeztu ahalko dituzte. Legitimazio aktiboa izanen dute, halaber, aipatutako esparrukoak izan ez arren, foru lege honen aplikazio eremuan sartzen diren egitateak zuzenean eta zorrozki ezagutu dituzten pertsonek edo entitateek. Eskabide horiek lau urte eta sei hilabeteko hasiera-epean aurkeztu ahalko dira, arlo horretan eskudun den departamentuko kontseilariaren foru agindua, eskabide-aurkezpenerako epea irekitzen duena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2. Foru lege honen araberako motibazio politikoko biktimaren izaera deklaratzeko eskabideak arloan eskuduna den Nafarroako Gobernuaren departamentuari zuzenduko zaizkio –gaur egun Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari–, eta horrek helaraziko dizkio haiek aztertzeko eskudun den organo administratiboari, zeina, foru lege honen arabera, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea baita.

3. Eskabidean gertakarien deskribapen ahalik eta zehatzena jaso beharko da, eta, harekin batera, egokitzat jotzen diren dokumentu edo txosten guztiak aurkeztu ahalko dira; hala ere, hori ez da eragozpena izanen Batzordeak haiek dokumentatu eta egiaztatzeko egin ditzakeen jarduketa eta zuzemenetarako.

10. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

1. Eskabidea jasota, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak hilabeteko epean ebatzi beharko du hura izapidetzeko onartzen duen ala ez.

2. Behin eskabidea izapidetzeko onartuta, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko eta egokitzat jotzen duen guztietan, honako jarduketa hauetakoren bat egin ahalko du:

a) Eskatzaileari entzun, aurkeztu dituen dokumentu eta txostenei buruzko informazioa osoagotzeko. Ondore horietarako, eskatzaileari hitzordua emanen dio Batzordearen egoitzan edo harekin adostutako tokian elkarrizketa bat egiteko, betiere haren bizilekuarekiko hurbiltasun geografikoaren printzipioari jarraituz. Elkarrizketa horren akta eginen du Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen idazkaritza teknikoak, eta deklarazioa ikus-entzunezko baliabideekin grabatu ahalko da, eskatzailea horrekin ados egonez gero.

b) Nafarroako Gobernuaren menpeko departamentu eta erakundeetan egon litezkeen aurrekari, datu edo txostenak eskuratu, bai eta haien berri jasota egon litekeen Foru Administrazioaren beste erregistro publiko batzuetatik ere.

c) Beste entitate publiko, entitate edo organo pribatu zein publikoei informazioa eskatu, espedienteak izapidetzeko beharrezko izan daitezkeen aurrekari, datu edo txostenei buruz, betiere gardentasunari eta datuen babesari buruzko legeria indardunean finkatutako mugen barruan.

d) Egitateen zuzeneko nahiz zeharkako ezagutzarengatik, beren esperientziarengatik edo peritu tekniko izateagatik eskabide aurkeztuari buruz informazio garrantzitsua eman dezaketen pertsonei txostena edo lekukotasuna eskatu. Haien deklarazioa ere grabatu ahalko da.

e) Argudiatutako egitate, inguruabar eta ondorioak modurik onenean aztertu eta egiaztatzeko eta aurkeztutako eskabidea hobeki ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egin.

3. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen helburuak betetzearekin lotuta dauden entitate publiko eta pertsona pribatuek eskatzen zaien laguntza eman beharko dute, foru lege honen babesean izapidetutako espedienteen esparruko egitateen azterketa errazte aldera. Horri dagokionez, behar diren denboran eta moduan eman beharko dituzte eskatzen zaizkien datu guztiak nahiz teknikarien laguntza, eta, deitzen bazaie, Batzordearen aurrean agertuko dira, informazio-eskakizunei zuzenean erantzuteko.

4. Batzordeak, bere eskumenen eremuan, beharrezkotzat jotzen dituen harremanak eduki ahalko ditu edozein agintarirekin nahiz agintaritza-agenterekin; Batzordeak, halaber, informazioak trukatu ahalko ditu erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin, bai eta haien lankidetza izan ere.

5. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak jakiten duenean irekitako kausa judizialak badaudela, espedientea ebaztearen ardura duen organoak eten eginen du prozeduraren izapidetzea bide judiziala agortu arte. Etete bera gertatuko da irekitako zehapen-prozedura administratiborik badagoela jakiten denean, harik eta haiek bide administratiboan irmoak izan arte.

6. Espediente bakoitzean txosten tekniko bat egon beharko da, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kide diren Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko gutxienez ere bi peritu forentsek egina, zeinean, batzorde horrek esleituta dauzkan eginkizunen esparruan, iritzia emanen baitute alegatutako tratu txarrak edo lesioak eta egitate kausatzaileak bateragarriak izateari buruz. Baliaezintasun handiaren eta ezintasun iraunkor partzialaren, erabatekoaren edo absolutuaren kasuan, hura agintari eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez egiaztatuta, kasuko txosten teknikoek iritzia eman beharko dute egiaztatutako lesio horiek espediente bakoitzaren esparruan alegatutako egitateekin daukaten lotura-mailari buruz. Txostenak ondorioztatzen duenean balioezintasuneko edo ezintasun iraunkorreko gradu jakin bat badagoela, baina hura agintari eskudunak emandako ziurtagiri batez egiaztaturik ez dagoenean, Batzordeak ziurtagiri horiek lortzeko prozeduraren berri emanen du.

7. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeari dagokio, modu esklusiboan eta independentean, arrazoiak emanda proposatzea eskaerak ez daitezen izapidetzeko onartu, bai eta onartutako eskaerak analizatzea eta, arrazoiak emanda, biktima-izaeraren deklarazioaren proposamena onartzea edo aurkeztutako eskaera ukatzea ere.

11. artikulua. Eskabideak ebaztea Nota de Vigencia.

1. Espedientean jasotako dokumentazioa eta gainerako frogabideak aztertu ondoren, aurkeztutako eskabide bakoitzari buruzko txosten arrazoitu bat eginen du Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak, eta bertan aztertuko du ea foru lege honen aplikazio-eremuan ezarritako baldintzak betetzen diren; laburpen bat eginen du biktimaren giza eskubideen urraketa eragin zuten egitateei buruz; balorazio bat jasoko du egitateen eta egiaztatutako kalteen arteko kausazko loturari buruz, horretarako oinarri gisa darabiltzan frogabideak zehaztuta; eta proposatuko du, kasua bada, foru lege honen ondorioei dagokienez biktima deklaratzea, bai eta egokitzat jotzen diren erreparazio-neurriak ere.

Aipatutako txostena eskabidea jaso eta urtebeteko epean egin beharko da, salbu eta epe horren luzapen arrazoitua justifikatzen duten salbuespenezko inguruabarrak badaude.

2. Egindako txostena bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko eskumenak dituen arduradunari igorriko zaio, eta horrek, hiru hilabeteko gehieneko epean, kasuko ebazpena emanen du, eskabidea baietsi edo ezetsiko duena.

3. Ebazpena hilabeteko epean jakinaraziko zaio interesdunari, eta, kasua bada, bidezko diren errekurtsoak aurkezteko aukera adieraziko zaio.

4. Bidezkoa denean foru lege honetan aurreikusitako eskubideen urraketak pairatu dituen pertsonari biktima-izaera aitortzea, ebazpenak zehaztuko du zein diren aitorpen horretatik eratortzen diren eskubideak, kasuan-kasuan.

12. artikulua. Biktima deklaratzearen ondorioak Nota de Vigencia.

1. Foru lege honen xedapenen arabera biktima deklaratuak diren pertsonek aitortuta edukiko dituzte, osasun arretaz gainera, kalte fisiko, psikologiko edo materialengatiko ordain ekonomikoak.

Ordain ekonomiko horiek bateragarri dira gertakari berengatik beste erakunde batzuengandik jasotzera zilegituta egon litezkeeneko beste kopuruekin, baldin eta foru lege honen babesean aitortuak izan diren ordain ekonomikoak baino baxuagoak badira. Ondorioz, beste entitate batzuengandik jasotako edo haiek aitortutako kopuruak baxuagoak direnean Foru Komunitateko Administrazioak emandakoak baino, hartzaileak azken horrengandik jasoko du bi laguntza horien arteko aldea bakarrik.

2. Jasandako kalte fisiko edo psikologikoengatiko ordain ekonomikoen zenbatekoak honakoak izanen dira:

a) Heriotzagatik: 250.000 euro.

b) Baliaezintasun handiagatik: 500.000 euro.

c) Ezintasun iraunkor absolutuagatik: 180.000 euro.

d) Ezintasun iraunkor osoagatik: 100.000 euro.

e) Ezintasun iraunkor partzialagatik: 75.000 euro.

f) Aurreko apartatuetan aurreikusitako kalte-ordainen zenbatekoak handiagotu eginen dira kantitate finko batean, kasuko errenta-adierazle publikoaren 20 hilabete-kuotakoa, heriotza-unean edo lesioa eragin zuen indarkeriazko ekintzaren unean biktimarekiko mendekotasun ekonomikoa zeukaten ondorengo ahaideetako edo harreran hartutako adingabeetako bakoitzarengatik.

g) Baliaezintasun gabeko lesio iraunkorrengatik: zenbatekoa zehaztuko da eskabidea aurkezteko unean indardun den sistema erabiliz, zeinaren bidez baloratzen baitira pertsonei zirkulazio-ezbeharretan eragindako kalte eta galerak, eta baremo gisa harturik lan-istriputik edo lanbide-gaixotasunetik eratorritako behin betiko eta baliaezintasunik gabeko lesio, mutilazio eta deformazioengatiko kalte-ordainen zenbatekoei buruz gizarte-segurantzako legedia aplikatzetik suertatzen den hori. Guztizko zenbatekoak ez du ezein kasutan gaindituko ezintasun iraunkor partzialerako adierazitako zenbatekoa.

h) Aldi baterako ezintasunagatik: izanen da aldi baterako ezintasuneko egoeran aurkitzen deneko epeari dagokion eguneroko errenta-adierazle publikoaren bikoitza. Mugatzat izanen du hileko 18 kuota (Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa/egun × 2, hileko 18 kuotako mugaraino). Ondorio horietarako, ulertuko da biktima aldi baterako ezintasun egoeran dagoela osasungintza-arreta jasotzen duen eta bere lanbidean jarduteko edo bere ohiko jardueretan aritzeko ezinduta dagoen bitartean.

i) Mendekotasun-egoeragatik, alorreko departamentu eskudunak biktimei edozein gradu eta mailatan aitortua, honako portzentajeetan gehituko dira Foru Komunitateko Administrazioak emandako kopuruak:

– 100eko 30eko igoera, III. gradua –mendekotasun handia, 1. eta 2. mailak– onartu zaien pertsonentzat.

– 100eko 20ko igoera, II. gradua –mendekotasun larria, 1. eta 2. mailak– onartu zaien pertsonentzat.

– 00eko 10eko igoera, I. gradua –mendekotasun moderatua, 1. eta 2. mailak– onartu zaien pertsonentzat.

Zenbateko horiek bateragarriak izanen dira biktimek jasotzeko eskubidea duten beste edozein zenbatekorekin, non eta ez diren kontzeptu beraren ondoriozkoak.

3. Nafarroako Foru komunitateko Administrazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bitartez, beharrezkoa gertatzen den osasungintza-arreta edo arreta psikologikoa emanen die biktima deklaratuak diren pertsonei, foru lege honetako xedapenei jarraikiz, ahal den heinean berreskuratze aldera kasuko gertakaria baino lehenagoko baldintzak. Hori ezinezkoa denean, eta beste zentro batzuetan eman beharrekoa denean, administrazio horrek eskaturiko zerbitzu eta tratamendu bakoiztuen ondoriozko gastuak ordainduko dira.

Osasungintza-arretak barne hartuko du tratamendu medikoa, protesi-ezarpena edo horien aldizkako hobekuntzak, bai eta errehabilitazio-premiaren ondoriozko gastuak ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak diagnostikaturikoak direnean.

Arreta psikologikoa jasotzen ahalko da, medikuak aurretiaz horretarako agindua emanik, indarkeriazko ekintzak eragindako edo agerian utzitako nahasmendu psikologikoen agerpenetik aurrera.

4. Kalte materialengatiko ordainketek barne hartuko dituzte etxebizitzetan, gauzaki pertsonaletan, merkataritza- edo industria-establezimenduetan eta ibilgailuetan egin direnak. Kalte-konponketak barne hartuko ditu lehenagoko bizigarritasun- edo funtzionamendu-baldintzak berreskuratzeko beharrezkoak diren urratsak.

Kalte materialen ordainketek ordezko izaera izanen dute administrazio publikoek aitorturikoen edo aseguru-kontratuetatik eratorritakoen aldean, eta kontzeptu horiengatik jasotako kopuruan murriztuko dira.

5. Heriotzagatiko kalte-ordainketarako eskubidearen titular izanen dira, erreferentziatzat heriotzaren gertaeguna harturik:

a) Hildako pertsonaren ezkontidea, legalki bananduta ez bazeuden, edo gutxienik heriotza-unearen aurreko bi urteetan zehar harekin antzeko afektibitate-harremanez elkarturik modu iraunkorrean bizi izandako pertsona, salbu eta ondorengotza amankomuna izan bazuten, ezen kasu horretan nahikoa izanen da elkarbizitza soila; eta hildakoaren seme-alabak.

b) Arestian aipatuetakorik ez egonez gero, hartzaile izanen dira, lehentasun-hurrenkeran eta hurrenkeran jarraian datozenak bazter utzirik, hildakoaren gurasoak, anai-arrebak, bilobak eta aitona-amonak.

c) Arestian aipatuetakorik ez egonez gero, elkarbizitzan partaide izandako pertsonaren seme-alabak, eta hildakoak familia-harrera iraunkorrean edo adopzioaurrekoan hartutako adingabeak, ekonomikoki haren mende baldin bazeuden.

6. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetako batean elkarrekin suertatzen badira zenbait onuradun, kalte-ordainketari dagokion zenbatekoaren banaketa honela eginen da:

a) Kasua bada 5.a) apartatuan jasotzen dena, kopurua erdibanatu eginen da, erdi bat dagokiola legalki banandu gabeko ezkontideari edo elkarbizitza-partaideari, eta bestea seme-alabei. Azken erdi hori zati berdinetan banatuko da.

b) Kasua bada 5. b) apartatuan jasotzen dena, kopurua zati berdinetan banatuko da ahaidetasun-lotura bereko pertsonen artean.

c) Kasua bada 5.c) apartatuan jasotzen dena, kopurua zati berdinetan banatuko da batera suertatzen diren onuradunen artean.

7. Artikulu honen ondorioetarako, pertsona batek zenduarekiko mendekotasun ekonomikoa duela ulertuko da heriotza-unean horren kontura bizi bazen osoki nahiz partzialki eta ez zuen eskuratzen, urteko kontaketan, une hartan indarrean zegoen errenta-adierazle publikoak urteko kontaketan ere zeukan zenbatekoaren ehuneko 150 baino gehiagoko edozein izaeratako errenta edo diru-sarrerarik.

IV. KAPITULUA. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea

13. artikulua. Sorrera.

1. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea sortzen da, kide anitzeko organo independente gisa. Honako eginkizun hauek izanen ditu: aurkeztutako eskabideak baloratu eta, foru lege honen babesean, eskabideak onar daitezen edo bazter daitezen proposatzea; eta, bidezkoa denean, biktima-izaeraren deklarazioa eta, kasua bada, erreparazio-neurriak proposatzea.

2. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea Nafarroako Gobernuko bakearen, bizikidetasunaren eta giza eskubideen arloko departamentu eskudunari atxikiko zaio organikoki, eta foru lege honek esleitzen dizkion eginkizunak betetzean autonomiaz eta independentzia osoz jardunen du, eta dituen eginkizunak objektibotasunez, profesionaltasunez, osotasunez, inpartzialtasunez, konfidentzialtasunez eta ordenamendu juridikoa errespetatuz bete beharko ditu.

14. artikulua. Osaera.

1. Batzordea bederatzi kidek osatuko dute, horrela banatuta:

a) Sortzetiko kide izanen dira bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan eskudun den zuzendaritza nagusiko burua eta Nafarroako Memoriaren Institutuko burua, edo antzeko organismoetako buruak.

b) Bi peritu forentse eta psikologo bat, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak aukeratuak, guztiak ere biktimen arloan esperientzia dutenak.

c) Gainerako kideak Parlamentuak hautatuko ditu beren eskubide zibil eta politikoen erabilera erabatekoa izan eta karguan jarduteko behar diren egokitasun-, zintzotasun-, kualifikazio- eta esperientzia-baldintzak betetzen dituzten herritar adindunen artetik.

2. Aukeraturiko pertsonak Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gehiengo osoz hautatuko ditu sei urteko aldi baterako.

3. Kargurako hautagaiak talde parlamentarioek edo/eta giza eskubideen eta memoriaren arloko jarduera Nafarroako Foru Komunitatean garatzen duten gizarte-erakundeek proposatuko dizkiote Nafarroako Parlamentuari.

15. artikulua. Izendapena eta karguaz jabetzea.

1. Giza eskubideen arloko departamentu eskuduneko titularrak emandako foru aginduaren bidez izendatuko dira aurreko artikuluan aurreikusitako moduan aukeratutako Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kideak.

2. Izendatutako pertsonek izendatzea argitara ematen den egunetik ondoko hogeita hamar egun naturalen barruan hartuko dute beren karguen jabetza.

16. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua Nota de Vigencia.

1. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, bilkura eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez, beharrezkoa izanen da haren kideetatik bost bertaratuta egotea, gutxienez ere. Erabakiak hartuko dira bertaratzen diren kideen gehiengoaren botoaz. Berdinketarik gertatuz gero, batzordeburuaren kalitatezko botoa izanen da erabakigarri.

2. Batzordeko lehendakaritza eta idazkaritza kideen artetik hautatuko dira, gehiengoz, Batzordearen eratze-bilkuran.

3. Batzordeko kideek eskatu ahalko dute aktan jaso dadila hartutako erabaki baten aurka eman duten botoa, edo alde eman duten botoaren zentzua. Halaber, kideren bat gehiengoak hartutako erabakiarekin ados ez dagoenean, boto partikular bat aurkeztu ahalko du idatziz, erabakia hartu eta bi eguneko epean, eta hura testu onetsiari gehituko zaio.

4. Batzordeari dagokio funtzionamendurako barne arauak onestea.

5. Administrazio publikoko kide izan gabe Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kide diren pertsonek eskubidea izanen dute, beren eginkizunetan aritzeagatiko ordain gisa, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez ezartzen diren dietak eta lokomozio- edo bidaiatze-gastuengatiko sariak jasotzeko. Egun bakoitzeko ez da sortuko dieta bat baino gehiagorako eskubiderik.

Halaber, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak izendatutako pertsonek Gobernu Akordioan horretarako ezartzen den kalte-ordaina jasoko dute, foru lege honen 10. artikuluaren 6. apartatuan ezarritako txosten teknikoa prestatzen parte hartzeagatik Nota de Vigencia.

6. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kideek, horri buruz aplikatzekoa den araudiari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetatik edozein erabili ahalko dute bilkuretan. Halaber, bermatuko da bilkuretarako deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta Errekonozimendu eta Balorazio Batzordeak egiten dituen idazkietan Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla.

17. artikulua. Baliabideak.

1. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak esleitzen zaizkion eginkizunak eraginkortasunez betetzeko behar diren baliabide ekonomiko, material eta pertsonal egokiak eduki beharko ditu. Nafarroako Gobernuak bermatuko ditu baliabide horiek.

2. Batzordeak zilegi izanen du espezialisten eta beren eskumenen eremuko gaietan peritu edo aditu direnen zerbitzuak eskatzea. Zerbitzu espezializatu horiek Batzordeko gainontzeko langileek bete beharreko zintzotasun, neutraltasun, erantzukizun, inpartzialtasun eta konfidentzialtasun araubide berari lotuta egonen dira.

18. artikulua. Jardueraren oroitidazkia.

Urtero, Batzordeak oroitidazki bat prestatu eta argitaratuko du, eta hartan berri emanen du jasotako eskabideei, egindako lanei, espedienteen egoerari eta egindako ebazpen-proposamenei buruz. Oroitidazki hori Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaio, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen gaian eskuduna den batzordean.

V. KAPITULUA. Prestazioa jasotzen duten pertsonen betebeharrak

19. artikulua. Giza eskubideen urraketaren biktimen betebeharrak.

Giza eskubideen urraketaren biktimek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Une oro onartzea giza eskubideen arloko eskumena duen organismoak egiazta dezala aurkeztutako datu eta dokumentuak, eta eskatzen zaion informazio guztia ematea, espedientea kontrolatu eta osatzearen ondorioetarako.

b) Onuradun izaera lortzeko araudi orokorrean ezarritako betekizunak betetzea, bai eta aipatutako araudian horretarako ezarritako betebeharrak ere, biktimaren deklarazioak berekin dakarrenean foru lege honetan jasotako kalte-ordain ekonomikorako errekonozimendua.

c) Entitate emaileak egin beharreko egiaztatze-jarduketen eta Foru Ogasunari dagokion kontrolaren pean jartzea, Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorren kargura jasotako laguntzak direla eta.

20. artikulua. Baldintzak eta betekizunak ez betetzea.

Giza eskubideen urraketaren biktimak foru lege honetan ezarritako baldintzak ez betetzeak edo aurkeztutako datuak faltsuak izateak berekin ekarriko dute biktimaren errekonozimendu galtzea eta, kasua bada, aitortutako kalte-ordain ekonomikoa edo prestazioak galtzea; horretarako, aurrez, kasuko espedientea irekiko da, eta interesdunei entzunaldia emanen zaie. Horrek berekin ekarriko du Foru Ogasunari itzuli behar izatea jasotako kopuruak, gehi dagozkien legezko interesak, bidezko diren gainerako ekintzak ezertan eragotzi gabe.

VI. KAPITULUA. Bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzea

21. artikulua. Txostenak eta konklusioak.

Batzordeak bere jarduketei buruzko urteko oroitidazkiak igorriko dizkio Memoriaren Institutuari edo bakearen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan eskuduna den antzeko erakundeari. Oroitidazki horietan eta foru lege honi dagokion gaiari buruz garatu ahal izan dituen gai osagarrietan oinarrituta, aipatutako organismoak, Batzordea eratu eta gehienez ere lau urteko epean, bi txosten orokor eginen ditu. Lehenbizikoak 1950eko urtarrilaren 2tik 1978ko abenduaren 28ra bitarteko epea hartuko du, eta bigarrenak, berriz, azken egun horretatik gaur egundainokoa. Txosten horiek Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaizkio.

22. artikulua. Bakerako eta bizikidetasunerako hezkuntza.

Bakearen eta giza eskubideen aldeko urteroko heziketa programan eta hezkuntzaren arloko departamentu eskudunak garatutako programetan foru lege honek jasotako helburu eta printzipioak txertatuko dira.

23. artikulua. Sentsibilizazioa.

Nafarroako Gobernuak ziklo, ikastaro, mintegi edo biltzarrak jarriko ditu abian, gizarte zabalari informazioa eman eta gogoeta egite aldera motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan gertatzen diren giza eskubideen urraketen larritasunari eta garrantziari buruz.

Lehen xedapen gehigarria .–Giza baliabideak eta baliabide materialak.

1. Nafarroako Gobernuak biktimen Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen funtzionamendua finantzatuko du, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan urtero berariazko partida bat ezarriz.

2. Nafarroako Gobernuak bermatuko du Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak bere funtzionamendurako behar dituen giza baliabideak eta baliabide materialak edukitzea.

Bigarren xedapen gehigarria. Kredituak gaitzea Nota de Vigencia.

Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, xedatuko du foru lege honek ezarritako laguntzei aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren kredituak gaitzea

Hirugarren xedapen gehigarria .– Erregelamenduzko garapena Nota de Vigencia.

Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak jaulkiko ditu foru lege honetan jasotako aurreikuspenak garatu eta aplikatzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauindargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, zehazki, apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legea, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko martxoaren 26an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1904228

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web