(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

15/2019 FORU LEGEA, martxoaren 26koa, zeinaren bidez aldatzen baita apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.

BON N.º 62 - 01/04/2019



ATARIKOA

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak indarra hartu zuenetik hasierako hilabeteak joan diren honetan, testua teknikoki hobetzeko zenbait premia hauteman dira, baita zuzentzeko moduko zenbait akats ere.

Zehazki, aldaketa honen alderdirik nabarmenenak dira kontratuak formalizatzeari buruzko aurreikuspenetan sartzea honako hauek: lizitazio deialdirik gabe negoziatutako prozeduretan espedienteari hasiera emateko ebazpena kentzea; formula bidez zenbatetsi ahal diren irizpideak irekitzeko ekitaldiaren izaera publikoa kentzea; eta aldaketa batzuk egitea Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren funtzionamenduan eta kontratazioaren arloko erreklamazio berezian, zehazki erreklamazioa aurkezteko legitimazioa zabaltzea toki-korporazioetan akordioen kontra bozkatu duten kideei, garraio zerbitzuen kontzesiorako kontratuak sartzea erreklamazioen xede izan daitezkeenen artean, eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak arautzea entitate kontratatzaileari dagokionez.

Kontratuaren formalizazioari dagokionez, apartatu berriak sartu dira 101. artikuluan arlo horretan zegoen hutsune bat betetzeko, jatorrizko testuak hainbat aldiz aipatzen baitzuen kontratuaren formalizazioa, baina ez baitzuen, ordea, berariazko arauketarik xedatzen.

Lizitazio deialdirik gabe negoziatutako prozeduretan, espedienteari hasiera emateko ebazpena kentzen da, karga administratibo bat delako eta, prozeduraren izaera ikusita, ez duelako baliorik eransten eta ez dituelako lizitatzaileen interesak eta eskubideak ukitzen.

Bestetik, jada ez da esaten jendaurrekoa izanen dela formula bidez zenbatesten ahal diren irizpideak irekitzeko ekitaldia, zeren 2018ko urriaren 18az geroztik modu elektronikoan lizitatu beharra dago Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataformaren bitartez. Plataforma horrek bermatzen du eskaintzak sekretupean daudela harik eta formula bidez zenbatetsi ezin diren irizpideen balorazioa bukatu arte, halako moldez non bermatzen baita balorazio hori egiten dutenen independentzia eta, orobat, zuzen aplikatuko direla kontratazio publikoaren printzipioak, batez ere berdintasun-printzipioa. Hala ere, gardentasuna funtsezkoa denez kontratazio publikoaren sistema zuzenago bat lortzeko, informazio horren izaera publikoari eutsi zaio.

Aldatu diren gainerako artikuluetan, berriz, akats materialak zuzendu dira, eta azalpen edo zehaztapen teknikoak gehitu.

Artikulu bakarra.–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aldatzea.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari aldaketa hauek egiten zaizkio:

Bat. 7.1.b) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“b) Zerbitzu publiko bat ematean ezartzen diren harreman juridikoak, zerbitzu publikoa ematen duen Administrazioaren edo kontratistaren eta zerbitzua baliatzeko ordaintzen duten erabiltzaileen artean, aplikazio orokorreko tarifa, tasa edo prezio publiko bat ordaindu behar dutenean”.

Bi. 7.1.g) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“g) Merkataritza-aurreko izaera duten zerbitzuetarako kontratuak. Horretarako, CPV 73000000-2 a, 73120000-9, 73300000-5, 73420000-2 eta 73430000-5 kodeak egonen dira sartuta, salbu eta bi baldintza hauek betetzen badira:

1. Etekinak kontratazio organoarenak beste inorenak ez izatea, bere jardueran aritzeko erabiltzekoak.

2. Emandako zerbitzua kontratazio organoak ordaintzea osotara”.

Hiru. 8.6. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“6. Nahitaez bete beharreko aginduen bidez mamituko dira enkarguak, eta betiere adjudikazio botereari dagokio behar bezala exekutatzen direla gainbegiratzea.

Enkargua egiten duen adjudikazio botereak ordaindu beharreko zenbatekoa ez da handiagoa izanen hura exekutatzeko beharrezkoak diren kostu errealen itzulketa baino.

Baldin enkarguen balioa zenbateko txikiko kontratuetarako araubide berezirako ezarritako baliotik gorakoa bada, haiek egiteko agindua Kontratazio Atarian argitaratuko da, labur azalduta agindua justifikatzen duten egitatezko inguruabarrak eta zuzenbideko oinarriak, eta enkarguak ez dira exekutatzen hasiko iragarkia argitara eman eta hamar egun natural iragan baino lehen.

Enkarguaren zenbatekoa Europako gutxienekoa baino handiagoa denean, hura egiteko agindua Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean ere argitaratu beharko da, eredu ofizialen arabera, onetsi eta berrogeita zortzi eguneko gehieneko epean”.

Lau. 13.1. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Kontratazio organoek aldi baterako enpresa-elkarteekin edo batera parte hartzen duten lizitatzaileekin kontratatzen ahalko dute. Parte-hartze horretarako agiri pribatu bat egin behar da; bertan, lizitatzaileek batera aurkeztu nahi dutela adierazi, lizitatzaile bakoitzaren partaidetza portzentajea zehaztu, eta ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko dute, kontratuak sortzen dituen eskubideak erabili eta betebeharrak betetzeko ahalmenak izanen dituena hura azkendu arte; horrek ez du eragotziko kobratu edo ordaintzeko ahalmen mankomunatuak izatea”.

Bost. 14.4. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“4. Zerbitzu kontratuak adjudikatzeko prozeduretan, lizitatzaileek beren jatorrizko herrialdean dena delako zerbitzua egin ahal izateko baimen bereziren bat edo erakunderen bateko kide izan behar duten kasuetan, baimen hori badutela edo erakunde horretako kide badirela frogatzeko eskatzen ahalko zaie”.

Sei. 17.2.a) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“a) Gehienez ere azken bost urteetan egindako obren zerrenda. Berme gisa, obra garrantzitsuenak behar bezala exekutatu direla dioten ziurtagiriak erantsiko dira, eta horietan datu hauek ageriko dira: obra-exekuzioaren zenbatekoa, data eta lekua, adierazita lanbidearen arauei jarraituz egina den, gorabeherarik gabe eta ongi buruturik. Adjudikazio botereek kontuan hartu ahalko dituzte aurreko aldietan eginiko obren frogak, horrela jokatzea komenigarri egiten duten inguruabarrak aurretiaz justifikatzen badira”.

Zazpi. 23.2. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. Apartatu bereko c), d), e), f), g) eta h) letretan ezarrita dauden kontratatzeko debekuak daudela automatikoki xedatuko dute kontratazio organoek, eta debeku horiek iraunen dute haien zio diren egoerek dirauten bitartean”.

Zortzi. 24.5. artikuluari bigarren paragrafo bat gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

“Kontrataziorako Batzordeak edozein bidetatik jakiten badu kontratazio-debekurako ziorik egon daitekeela, espedientea abiarazi ahalko du, ofizioz, eta ukitutako entitateari edo entitateei lankidetza eskatu, espedientearen instrukziorako beharrezkoa dena”.

Bederatzi. 34. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“34. artikulua. Kontratuen araubide juridikoa.

1. Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen araubide juridikoak izaera administratiboa izanen du, non eta legeak ez duen besterik xedatzen.

Kontratu horiek arautuko dira, haien prestaketari, adjudikazioari, ondorioei eta azkentzeari dagokienez, foru lege honen xedapenen eta erregelamenduen bidez. Osagarri gisa, administrazio zuzenbideko gainerako arauak aplikatuko dira eta, horrelakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauak.

Kontratazio organoak du kontratuak interpretatzeko, betetzean sortzen diren zalantzak ebazteko, suntsiaraztea erabakitzeko eta horren ondorioak zehazteko prerrogatiba. Prerrogatiba horiek erabiliz hartzen diren erabakiei erreklamazioa edo errekurtsoa aurkezten ahalko zaie, foru lege honetan eta administrazio zuzenbideko gainerako arauetan xedatutakoarekin bat.

Administrazioaren kontratu pribatuak arautuko dira, haien prestaketari eta adjudikazioari dagokienez, eta berariazko administrazio araurik ezean, foru lege honen eta bera garatzen duten xedapenen bidez; eta, haien efektuei eta azkentzeari dagokienez, berriz, zuzenbide pribatuko arauen bidez.

Ondareari buruzko legeriak arautuko ditu jabari publikoko ondasunen gaineko baimenak eta kontzesioak eta ondare-ondasunak ustiatzeko kontratuak, baita salerosketa, dohaintza, errentamendu eta trukaketa kontratuak eta ondasun higiezinen, jabetza gorpuzgabeen eta balore negoziagarrien gaineko antzeko negozio juridikoen kontratuak ere. Espainiako Ondare Historikoko ondasunen eskuraketak ere ondare legeriaren bidez arautuko dira.

2. Administrazio publikoaren izaerarik ez duten adjudikazio botereek egiten dituzten kontratuen araubide juridikoa honako hau izanen da:

a) Kontratuen prestaketari eta adjudikazioari dagokienez, kontratuak foru lege honen bidez arautuko dira.

b) Ondorioei eta azkentzeari dagokienez, zuzenbide pribatuko arauak aplikatuko zaizkie, salbuespena izanik foru lege honetan exekuzio-, aldatze- eta azpikontratatze-baldintza bereziei buruz ezarritakoa.

3. Adjudikazio botere izan gabe foru lege honen 5. artikuluaren arabera beren xedearengatik foru lege honen mende dauden entitateek egindako kontratuen araubide juridikoa izanen da artikulu honen 2. apartatuan ezartzen dena.

4. Adjudikazio boterearen izaerarik ez duten gainerako entitate publikoek egindako kontratuetan printzipio hauek errespetatu beharko dira: berdintasuna, diskriminaziorik eza, gardentasuna, publizitatea eta lehia librea.

5. Baldin eta 4.1 e) artikuluaren zentzuan administrazio publikoei lotuak edo haien mendekoak diren entitateek eginiko jarduerak badira, eta foru lege honen xedapenen mendekoak, administrazio-bidean aurkaratzen ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz, entitate kontratatzailea atxikita dagoen edota haren zaintza dagokion departamentu, organo, ente edo erakundearen titularraren aurrean. Entitate kontratatzailea administrazio bati baino gehiagori lotuta badago, organo eskuduna izanen da kontrola edo partaidetzaren gehiengoa duena”.

Hamar. 51.1.e) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“e) Eskaintza ekonomikoak irekitzea eta ekitaldi horretan gertatzen diren gorabeherak ebaztea”.

Hamaika. 59.2.f) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“f) Aldaketak egitea erabakitzen bada, horien kasuak, norainokoa eta mugak, berariaz adierazita gehienez ere uki dezaketen adjudikazio-zenbatekoaren gaineko portzentajea, eta egiaz exekutatutako unitate kopurua aldatzeko ahalmena erabiltzeko aukera –foru lege honen 144. artikuluan arautua da ahalmen hori–, eta haien portzentajea”.

Hamabi. 60.2.a) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“a) Foru lege honen 61. artikuluan jasotako zehaztapenei erreferentzia eginez, adierazitako lehentasun-ordena berean, <<edo baliokidea>> aipamena gehituta”.

Hamahiru. 73.1. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Prozedura murriztuan edozein enpresak edo profesionalek eskatzen ahal du prozeduran parte hartzea, baina kontratazio organoak hautatzen dituen enpresa edo profesionalei bakarrik eginen zaie gonbidapena eskaintza aurkezteko”.

Hamalau. 95.2 artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. Kontratu publikoak zenbateko txikiko kontratuen araubide berezia eta foru lege honen 75.1.c) artikuluko kasuetako bat ez den beste prozedura batez adjudikatu behar direnean, horien lizitazioa Nafarroako lizitazio elektronikoaren plataformaren bidez eginen da”.

Hamabost. 95.3. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. Nafarroako lizitazio elektronikoaren plataforman aurkeztuko da abian diren lizitazioei dagokien dokumentazio guztia, dokumentazioa ireki arteko konfidentzialtasun-bermearekin; horrez gain, kontratazio organoarekin harremanetan jartzeko modua egonen da, hark eskaintzari buruz eskatutako zuzenketak edo argibideak egite aldera, eta eskaintzak irekiko dira, prozedurak horretara behartzen duenean. Kontratazio publikoko ondorio guztietarako, tankeratuko da foru lege honen aplikaziopean dauden entitate guztien egoitza elektroniko bezala eta erregistro laguntzaile bezala”.

Hamasei. 97. artikuluaren izenburua eta laugarren paragrafoa aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

“97. artikulua. Eskaintzak irekitzea eta baloratzea”.

“Balorazio hori egin eta gero, edo onartutako eskaintzak aztertuta, Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratuko dira, gutxienez hiru egun lehenago, formula bidez zenbatesten ahal diren irizpideei buruzko dokumentazioa jendaurrean irekitzeko tokia, eguna eta ordua. Eskaintzaren zati hori isilpean gorde behar da Kontratazio Atarian adierazitako unea arte. Behin dokumentazioa irekita, jendaurrean jarriko da pertsona lizitatzaile bakoitzak formula bidez zenbatetsi ezin diren irizpideen balorazioan lortutako puntuazioa, bai eta aurkeztutako eskaintzak formula bidez zenbatesten ahal diren irizpideetan lortutakoa ere”.

Hamazazpi. 100.1. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Kontratazio organoak hilabeteko gehieneko epean adjudikatuko du kontratua eskaintza ekonomikoa irekitzeko ekitalditik hasita, non ez den beste epe bat ezarri agirietan.

Epe horietan adjudikazioa ematen ez bada, lizitazioan parte hartzeko onartutako enpresek beren proposamenak bertan behera uzten ahalko dituzte inolako zigorrik jaso gabe”.

Hemezortzi. 101. artikuluari 6., 7., 8. eta 9. apartatuak gehitzen zaizkio, testu hau dutenak:

“6. Kontratuak agiri administratiboan formalizatuko dira 15 egun naturaleko epean, esleipenaren etenaldia amaitzen denetik aurrera. Administrazio agirian formalizatutako kontratuak edozein erregistro publikotan sarrera izateko aski titulu izanen dira.

7. Kontratistari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik kontratua behar den epean formalizatzen ez bada, kontratazio organoak bi aukera izanen ditu: kontratua suntsiaraztea, interesdunari entzun ondoren, eta lizitaziorako jarritako bermeak atxikitzea edo interesdunari penalizazioa ezartzea, kontratuaren balio zenbatetsiaren ehuneko 5ekoa hain zuzen, eta kalte-ordain osagarria eskatzea portzentaje horren gainetik eragindako kalte eta galerengatik; edo beste epe bat ematea, luzaezina, kontratuaren exekuzioa atzeratzen den kasuetarako kontratazioa arautzeko agirietan aurreikusten den penalizazio araubidea aplikatuta.

8. Kontratua behar zen epean formalizatu ez izanaren arrazoiak Administrazioari egozten ahal bazaizkio, kontratistak kontratua suntsiarazteko eta dagokion kalte-ordaina emateko eskatu ahalko du.

9. Kontratua formalizatu arte ezin izanen da kontratuaren gauzatzea hasi, ezertan ukatu gabe larrialdiko kontrataziorako, presaz izapidetzen diren kontratuetarako eta faktura izan ezik beste agiririk eskatzen ez den prozeduretarako aurreikusitakoa”.

Hemeretzi. 121.2. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak buru bat eta beste bi kide izanen ditu, hirurak Foru Komunitateko Administrazioaren, Nafarroako toki entitateen edo foru lege honen menpeko beste entitate batzuen zerbitzuko jarduneko funtzionarioak, beren izendapenerako zuzenbideko lizentziaduna edo graduduna izatea eskatu bazitzaien; haien hautapena Nafarroako Gobernuak eginen du, Kontratazio Publikorako Batzordeak igorritako proposamenarekin bat, Toki Araubideko Foru Batzordeak txostena egin ondoren. Hautapena sei urterako izanen da, eta kideok ezin izanen dute berriz hautatuak izan. Epe horretarako ordezkoak ere hautatzen ahalko dira, kargua hutsik dagoenerako, edo titularra kanpoan edo eri dagoen kasuetarako. Epaimahaibururik ez badago, hura falta bada edo eri badago, haren ordez arituko da antzinatasunik handiena duen epaimahaikide titularra, eta adinean zaharrena, hurrenkera horretan. Nafarroako Parlamentuari izendapenaren berri emanen zaio”.

Hogei. 123. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

“3. Nafarroako toki entitateetako kideek zilegi dute erreklamazio berezia aurkeztea aurkaratutako egintza eta akordioen kontra bozkatu badute, hala xedatzen baitu Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 63. artikuluak”.

Hogeita bat. 124.2.a) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“a) Iragarki bat eta haren dokumentazioa aurkaratzeko epea hasiko da lizitazio iragarkia Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik; edo, han argitaratzea beharrezkoa ez denean, iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian agertu eta biharamunetik; edo esleipenaren iragarkia argitaratu eta biharamunetik, beharrezkoa ez denean lizitazio iragarkia argitaratzerik”.

Hogeita bi. 125.4. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“4. Kautelazko neurriak edozein unetan eten, aldatu edo errebokatzen ahalko dira, ofizioz edo alderdi interesdunek eskatuta, horretarako oinarri hartuz gerora gertatu diren edo neurriak hartu zirenean ezagun ez ziren inguruabarrak, salbu eta foru lege honen 124.4 artikuluan adierazitako etenduran, kasu horretan xedapen horri berari jarraituko baitzaio. Ebazpen horren kontra ez da errekurtsorik onartuko, deusetan galarazi gabe bidezko diren errekurtsoak jarri ahal izatea prozedura nagusian ematen diren ebazpenen kontra”.

Hogeita hiru. 127.1. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Erreklamazioari buruzko ebazpena hogei egun balioduneko epean emanen da, hura aurkezten denetik hasita. Epe hori iraganik ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, interesdunak ulertzen ahalko du erreklamazio berezia ezetsi egin dela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteari begira, eta, entitate kontratatzailearen kasuan, espedientearen tramitazioarekin jarraitzearen ondorioetarako, eta, behar denean, kontratua betearaztearen ondorioetarako”.

Hogeita lau. 138.4. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“4. Kontratazio espedientea osaturik, kontratazio organoak ebazpen arrazoitua emanen du hura onesteko eta adjudikazio prozedurari hasiera emateko, salbu eta prozedura erraztuan, lizitazio deialdirik gabeko prozedura negoziatuan eta zenbateko txikiko kontratuetarako prozedura berezian. Ebazpen horretan gasturako baimena ere jasoko da”.

Hogeita bost. 169.3 artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. Obrak egin bitartean eta berme-epea bete arte, kontratista izanen da eraikuntzan atzemandako akats guztien erantzule”.

Hogeita sei. Bederatzigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. 4.1.e) artikuluak aipatzen dituen entitateek baimena eskatu beharko diote tutoretza egiten duen Administrazioari, BEZik gabeko balio zenbatetsia 3.000.000 euro baino gehiagokoa duten kontratuak onesteko, bai eta urte anitzekoak direnetarako ere, xedapen honen 1.b) apartatuan aurreikusitako baldintza berberetan”.

Hogeita zazpi. Hamahirugarren xedapen gehigarria aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Foru lege honetan zerbitzuen emakidetarako iraupenaz xedatutakoak ez dira aplikatuko bidaiarien garraio-zerbitzuen emakidetan 1370/2007 (EE) Erregelamenduan jaso bezala, emakida horien epea haien araudi berariazkoak zuzenduko baitu.

2. Kontratazio publikoaren arloan erreklamazio bereziaren xede izan daitezke, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegian, foru lege honen 122. artikuluaren 2. apartatuan zerrendatutako egintzak, jorratzen dituztenak bidaiarien garraio publikoko kontzesioak, 1370/2007 (EE) Erregelamenduaren ildotik”.

Hogeita zortzi. Hemeretzigarren xedapen gehigarri bat gehitzen da, eta testu hau izanen du:

“Hemeretzigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kideen izendapena.

Foru legearen 121.2 artikuluan aurreikusten da Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko burua eta beste bi kideak ezin direla berriz hautatu, baina hori aplikatuko da bakarrik Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak indarra hartu ondotik egindako izendapenetan, eta espresuki jaso beharko da izendapenaren ekintzan”.

Hogeita bederatzi. Hogeigarren xedapen gehigarri bat gehitzen da, eta testu hau izanen du:

“Hogeigarren xedapen gehigarria.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Espainiako Sistemako eragile publikoek egindako kontratuei aplikatzekoa zaien araubidea.

Bere jardueraren izaera berezia ikusita, zenbateko txikiko kontratutzat joko dira, edozein kasutan ere, 50.000 euroko edo gutxiagoko balio zenbatetsia duten hornidura edo zerbitzu kontratuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Espainiako Sistemako eragile publikoek egindakoak, baldin eta kontratazio organoaren zerbitzu orokorretara edo azpiegituretako zerbitzuetara bideratzen ez badira.

Ondorio horietarako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Espainiako Sistemako eragile publikoen artean sartzen dira, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ezarri bezala, honako hauek: unibertsitate publikoak, ikerketa-erakunde publikoak, fundazioak, partzuergoak eta Estatuko Administrazio Orokorreko gainerako exekuzioko eragileak, aurrekoen gisako ikerketa-erakunde eta entitateak, beste administrazio publikoen menpekoak direnak, ikerketa biomedikorako fundazioak, eta Osasun Sistema Nazionaleko zentro, erakunde eta partzuergoak”.

Azken xedapenetako lehenbizikoa .–Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 33. artikuluari 9. apartatu berri bat gehitu zaio, eta testu hau izanen du:

“9. Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendariaren urteko ordainsaria izanen da Nafarroako Aurrekontu Orokorretan Departamentuen zuzendaritza nagusietarako finkatzen den berbera”.

Azken xedapenetako bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko martxoaren 26an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1904227

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web