(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2019 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 6KOA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITA 112 SOS NAFARROA LARRIALDIAK KUDEATZEKO ZENTROA.

BON N.º 47 - 08/03/2019



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. LANGILEAK

  1. ATALA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

  2. ATALA. GELAKO BURUA

  3. ATALA. OPERADOREAK


Zioen azalpena

Europar Erkidegoen Kontseiluaren uztailaren 29ko 91/396/EEE Erabakiaren bidez larrialdi deietarako zenbaki bakarra ezarri zen Europa osorako. Hortaz, EBko estatu guztiek 112 telefono zenbakia ezarri behar izan zuten larrialdi deietarako, eta behar diren neurriak hartu telefono deiei behar bezalako erantzuna eta arreta ematen zaiela bermatzeko.

Kontseiluaren erabaki hori ekainaren 16ko 903/1997 Errege Dekretuaren bitartez txertatu zen barne zuzenbidean, zeinaren bidez autonomia erkidegoen esku uzten baita larrialdietako deiei arreta emateko zerbitzua. Horretarako, larrialdietako deiak hartzeko zentroak ezartzea aurreikusi zen, baita behar diren sareak instalatzea ere horrelako deiei laguntza emanen dieten zerbitzu publikoei kasu egiteko.

Hori horrela, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko ekainaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 40. artikuluaren bidez, ezarri zen ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, larrialdietako deiei arreta emateko zerbitzu publikoa emateko, 112 zenbakia erabiliko duela, edo Europako araudiak ezartzen duen beste zenbaki bat.

Zerbitzu hori babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuaren zuzendaritzapean eta kontrolpean emanen da, eta arlo hauek hartuko ditu barnean: herritarrek Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan egiten dituzten laguntza deiak hartzea eta horiek kudeatzea larrialdietako osasun arretaren, su-itzaltze eta salbamenduaren, herritarren segurtasunaren eta babes zibilaren arloetan eskumena duten zerbitzu publikoen aurrean, baita larrialdiaren izaera dela-eta eska daitezkeen beste zerbitzu batzuen aurrean ere.

Foru lege horren 41. artikuluak xedatzen du Nafarroako Komunitateko Administrazioak larrialdiak kudeatzeko zentro bakarra eta integratua izanen duela Nafarroako lurralde osorako, larrialdietako deiak jasotzeko eta esku hartu behar duten zerbitzuak koordinatzeko etengabeko zentro gisa arituko dena, deusetan galarazi gabe haietako aginte eta koordinazio zentroak.

Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa Ekintzak Koordinatzeko Zentro bihurtuko da, babes zibileko planen bat aktibatzen denean, betiere planean berean hala aurreikusten bada.

Ezartzen da, orobat, Nafarroako Gobernuak arautuko dituela zentro horren eginkizunak, antolamendua eta funtzionamendua, erregelamendu bidez.

Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren gaur egungo funtzionamendurako erregelamendua maiatzaren 4ko 150/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen, baina, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko ekainaren 1eko 8/2005 Foru Legera egokitzeko, aldatu beharra dago.

Azken urteotako esperientziak erakutsi du 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak ongi funtzionatu duela, baina beharrezkoa dela esleiturik dituen eginkizunak eguneratzea, ekainaren 1eko 8/2005 Foru Legean ezarritakora egokitzeko (haren bidez jorratu zen Nafarroako Babes Zibila eta Larrialdien Kudeaketa); orobat, beharrezkoa da bertako langileen funtzionamendurako araubide espezifikoa arautzea, larrialdi egoera guztietan eraginkortasun handiagoarekin erantzuteko, eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guzti-guztietan.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 6ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Araubide juridikoa.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuaren menpe arituko da 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa, eta foru dekretu honek eta aplikagarri zaizkion gainerako xedapenek gobernatuko dute.

2. artikulua . Definizioak.

Foru dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

1. Larrialdiak Kudeatzeko 112 Zentroa: 112 zenbakira egiten diren larrialdietako deien koordinazio lanak egin ohi diren espazio fisikoa. Espazio horretan kokatzen dira zentroaren instalazioak, tresneria, bulegoak, krisi gela eta koordinazio gela teknikoa. Babes zibileko planak aktibatzen diren kasuetan, Ekintzak Koordinatzeko Zentro bihurtuko da.

2. Ekintzak Koordinatzeko Zentroa: babes zibileko plan autonomikoaren jarduketak zuzentzeko organo gorena da. Planaren zuzendaritzaren inguruan eratzen da, larrialdi egoeretan aginte eta kontrol lanak bere gain hartzeko. Larrialdiak Kudeatzeko Zentroaren barruko Krisi Gelan kokatuko da.

3. Aginte-postu Aurreratua: larrialdiaren zuzendaritza operatiboa egiteko espazio fisikoa da. Larrialdi planaren zuzendaritzarekin lotura lana egiten du, eta larrialdia gertatzen den tokitik hurbil kokatzen da. Lotura lan hori larrialdian parte hartzen duten arduradun guztien bat-egitean datza, planaren zuzendaritzaren koordinaziopean.

4. Koordinazio Gela: larrialdi ohikoak eta ohiz kanpokoak koordinatzen dituen gela da. Larrialdiak Kudeatzeko 112 Zentroan kokatzen da.

5. Koordinazio Gela Teknikoa: ohiz kanpoko larrialdiak koordinatzen laguntzen duen gela da. Larrialdiak Kudeatzeko 112 Zentroan kokatzen da. Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren aginduak Aginte-postu Aurreratuari igortzeaz arduratzen da.

3. artikulua . 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroaren eginkizun eta baliabideak.

1. 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroaren ardura da, oro har, larrialdi egoera batean dauden herritarrek, norbaiten bizia edo beren ondasunen osotasuna arriskuan ikusirik, laguntza edo babes zerbitzuen esku-hartzea eta aktibazioa eskatzeko egiten dituzten deiak hartzea.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoa betetzeko, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarrek 112 doako telefono zenbakiaren bidez edo Europako araudiak ezartzen duen beste zenbaki baten bidez egiten dituzten laguntza-deiak hartzea, eta dei horiek baloratzea, sailkatzea eta lehentasunak finkatzea, eskaera nolakoa den.

b) Ezbeharra edo istripua nolakoa den identifikatzea, hartu beharreko neurriak zehaztea, eskatutako laguntza emateko egokiak diren baliabideak mobilizatzea aurretik ezarritako protokoloei eta mobilizizazio-prozedurei jarraikiz edo jasotzen dituen jarraibideei jarraikiz, eta zerbitzuko arduradunei edo behar diren agintariei ohartaraztea, horrela aurreikusita dagoen kasuetan.

c) Ekintza bakoitzean mobilizatu eta esku hartu duten zerbitzu eta baliabideei buruzko informazioa hartu eta biltzea jarduketa bitartean eta, betiere, bukaeran.

d) Esku hartzen duten zerbitzu edo baliabideen arduradunei informazioa eta laguntza tekniko eta materiala ematea, eta haien koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko laguntza ematea.

e) Emandako prestazioen analisia eta ebaluazioa egitea, kasuan-kasuan ezartzen diren inprimaki eta txostenak betez.

f) Arrisku larri kolektiboa dagoenean, hondamendi publikoetan edo ohiz kanpoko katastrofeetan, ekintzak koordinatzeko zentro bateratu gisa eratzea, babes zibileko planetan ezartzen denari jarraikiz.

g) Ematen dituen prestazioen espezializazioa edo bere instalazioen aukera teknologikoak ikusita, larrialdien inguruan ezartzen ahal zaizkion gainerako eginkizunak.

3. Aurreko apartatuan adierazitako eginkizunak betetzeko, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak mobilizatzen ahal dituen baliabideen katalogo bat izanen du, etengabe eguneratua, eta, horretaz gainera, larrialdiak kudeatzeko sistema bat, laguntza eskaerak jasotzeko eta mobilizatzen ahal diren baliabideetara igortzeko modukoa, eta jarduketa-protokolo bat, jarduteko prozedurak aurreikusten dituena.

4. Orokorrean, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa honako hauekin komunikatzeko zentrala izanen da:

a) Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua.

b) Ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuak.

c) Oinarrizko osasun laguntzako larrialdi zerbitzuak eta larrialdietako osasun garraioa.

5. Era berean, orokorrean, Foruzaingoarentzako larrialdi deiak jasotzeko zentroa izanen da, baita ingurumeneko larrialdi deiak jasotzekoa ere.

6. Larrialdiak Kudeatzeko 112 Zentroak sostengua emanen dio Odol Bankuari, larrialdi egoeretan, baita organoak emateko eta transplanteak egiteko sareari ere.

4. artikulua . Agintepostu Aurreratua.

Aginte-postu Aurreratua, instalatzen denean, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroaren luzapena izanen da, eta, larrialdiaren tamaina, kokapena edo aurreikusten zaion iraupena ikusita, beharrezkoa den egoeretan ezarriko da.

Larrialdi egoeretan, Zerbitzuak erabaki dezake gelako buruak eta/edo operadoreak Aginte-postu Aurreratura eramatea, babes zibileko arduradunek (zuzendariak edo atalburuak) eskatuz gero handik lan egin dezaten. Dekretu honetan eskura egoteari buruz ezarrita dagoenarekin bat deituko zaie langile horiei.

Aginte-postu Aurreratuak behar diren baliabide teknikoak eta komunikazio baliabideak izan beharko ditu, eta ibilgailu batean instalatzen ahalko da, Suhiltzaileen Zerbitzuko langileek mobilizatu eta manipulatuko dutena.

5. artikulua . Mobiliza daitezkeen baliabideak.

Esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak beharrezkotzat jotzen dituen baliabide guztiak ohartarazi edo, behar izanez gero, aktibatuko ditu, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, bai beste administrazio publiko, erakunde edo entitateenak ere, publikoak bezala pribatuak ere, betiere ordenamendu juridikoan, zentroaren helburuak eta eskumenak finkatzeko arauetan, babes zibileko plangintzan edo horretarako sinatutako hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz.

6. artikulua . Jarduera.

1. Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendari titularrari dagokio zentroaren jardueraren zuzendaritzaz eta ohiko kontrolaz arduratzea. Titularra ez badago, Babes Zibilerako Zerbitzuko atalburu batek hartuko ditu eginkizun horiek bitarte baterako, behar bezalako eskuordetza eginda.

2. 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroaren kudeaketari dagokionez, departamentu eskudunek ezartzen dituzten jarraibideen menpe egonen da, Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak aurretik adostasuna emanda, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beste administrazio publiko batzuekin edo entitate publiko edo pribatuekin sinatzen dituen lankidetza hitzarmenetan xedatutakoaren menpe ere.

3. Esku hartzeko zerbitzuen prozedura operatiboak eskumena duen departamentuak ezarriko ditu, aipatutako batzordearen aldez aurreko adostasunarekin.

4. Jarduketa-protokoloetan jasotzen diren aurreikuspenak gainditzen direnean, larrialdiak baloratzea eta sailkatzea, lehentasunak ezartzea eta giza baliabideak eta baliabide materialak aktibatzeko jarraibideak ematea zerbitzuko arduradunei egokituko zaie.

7. artikulua . Larrialdiei Arreta Emateko Batzordea.

1. Larrialdiei Arreta Emateko Batzordea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko koordinazio organo gisa arituko da.

2. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Larrialdiei eta babes zibilari arreta emateko lanetan inplikaturiko zerbitzuak koordinatzeko jarraibideak ematea; zehazki, honako hauek:

- Gertakari motak aztertu eta zehaztea.

- Jarduketa-prozeduren azterketa eta informazioa.

- Zerbitzu desberdinetakoak diren jarduketa-prozeduren arteko bateragarritasuna ebaluatzea.

- Prozeduren aplikazioan lortutako emaitzak baloratzea eta, behar izanez gero, zuzenketak egitea.

b) Larrialdiei eta babes zibilari arreta emateko lanarekin zerikusia duten xedapen orokor eta plan guztien prestaketan parte hartzea.

3. Honako hauek osatuko dute Larrialdiei Arreta Emateko Batzordea:

- Mahaiburua: Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria.

- Mahaikideak:

- Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

- Foruzaingoko buruak izendatutako foruzain-komisario nagusia.

- Ospitalez Kanpoko Larrialdien Zerbitzuko burua.

- SOS Nafarroa Ataleko burua.

- Babes Zibilerako Zerbitzuko Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.

Idazkari lanetan Babes Zibilerako Zerbitzuko SOS Nafarroa Ataleko burua arituko da.

4. Jorratzen den gaia dela-eta gonbidatuz gero, honako zerbitzu hauetako zuzendari titularrek ere parte hartzen ahalko dute bileretan, besteak beste: Errepideak Zaintzeko Zerbitzua, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua, Uraren Zerbitzua, Mendi Zerbitzua eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

5. Batzordea biltzeko deia batzordeburuak eginen du, berak erabakita edo batzordekideen herenak eskatuta. Deiarekin batera, gai zerrenda eta bilera egiteko eguna, ordua eta tokia jakinaraziko dira.

6. Batzordearen eraketa baliozkoa izateko, lehenengo deialdian, kideen bi herenak edo gehiago elkartu beharko dira, eta bigarren deialdian, berriz, batzordekideen erdiak gehi bat, gutxienez.

7. Batzordeak bertaraturikoen gehiengo osoz hartuko ditu bere erabakiak.

II. KAPITULUA. LANGILEAK

1. ATALA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

8. artikulua . Lanpostuak.

1. 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroko gelako langileak lanpostu hauetako batean sailkatuko dira:

a) Gelako burua, B mailakoa.

b) Koordinazioko operadore-ofiziala eta Koordinazioko operadore laguntzailea; biak C mailakoak dira.

2. Babes Zibilerako Zerbitzuko langileez gainera, Administrazioko beste zerbitzu batzuetako langileek lan egiten ahalko dute 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan. Kasu horretan, langile horiek, sailkapen organikoari eta eginkizunei dagokienez, beren jatorrizko unitate organikoen edo entitateen menpe segituko dute. Zehazki, zentroan integratuko dira Suhiltzaileen Zerbitzuaren guardiako arduraduna eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak erabakitzen dituen mediku koordinatzaileak edo erizaintzako unibertsitate-diplomadun koordinatzaileak. Langile horiek Babes Zibilerako Zerbitzuak ezartzen dituen barne arauak bete beharko dituzte.

3. Era berean, larrialdi egoera jakin batzuetan, zilegi izanen da koordinatzen diren zerbitzuen arduradunak 112 SOS Nafarroako Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan kokatzea. Horrelakoetan, sailkapen organikoari eta eginkizunei dagokienez beren jatorrizko entitateen edo unitate organikoen menpe egonen badira ere, Babes Zibilerako Zerbitzuak ezartzen dituen barne arauak bete beharko dituzte.

4. Nafarroako Foruzaingoko Aginte eta Kontrol Zentroa eta Errepideak Zaintzeko Kontrol Zentroa etengabe egonen dira zentroarekin konektatuak, larrialdiak kudeatzeko plataforma informatikoa partekatuz.

5. Beste polizia kidego batzuetako koordinazio zentroak ere egon daitezke konektatuak eta konpartitzen ahalko dituzte larrialdiak kudeatzeko plataforma informatikoaren terminalak, Foruzaingoaren Aginte eta Kontrol Zentroaren bitartez.

9. artikulua . Txandak.

1. Zentroak egunero 24 orduz funtzionatuko du, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan.

Zentroko langile guztiak behartuak daude txandaka lan egitera, horrela ezarriz gero.

2. Ezin izanen da inor behartu bi txanda jarraian egitera.

3. 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroko langile guztiek eskubidea izanen dute urteko asteburuen erdietan atseden hartzeko, urte osoko kopurua zenbatuta. Atsedenaldi horiek lan egutegian jasoko dira, eta, zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute, asteburu batean bai eta bestean ez hartuko dira.

10. artikulua . Betebeharrak.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarritakoa galarazi gabe, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan ari diren jarduneko langile guztiek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Erregelamendu hau eta zentroan aplikatzen ahal diren gainerako arauak ezagutzea.

b) Ezarritako lanaldia betetzea, baita guardia lokalizatuak eta eskuragai egoteko agintzen zaizkien aldiak ere.

c) Ezin dute zerbitzua utzi harik eta hurrengo langileak bere tokia hartu arte, non eta ez duen nagusi hurrenaren berariazko baimena.

d) Txanda aldatzeko unean irekita dauden gertaerei buruzko informazio guztia eman beharko dute.

e) Etengabeko prestakuntza jaso beharko dute tresneriaren eta sistemen erabilerari buruz eta zerbitzuen funtzionamenduari buruz. Hala, zentroko langileentzat aldizka antolatzen diren eguneratze eta birziklapen ikastaroak egin beharko dituzte.

f) Lanaldiaren barrenean alkoholik eta substantzia sorgorkaririk ez kontsumitzea.

g) Erabateko konfidentzialtasuna gordetzea zentroak erabiltzen duen informazioaren gainean, eta, hortaz, ez ematea edo zabaltzea lantokitik kanpora bere lana dela-eta jasotako informazioa edo datuak.

h) Egoera berezietan eskatuz gero, bere lan txandatik kanpora mobilizatzea eta lan egitea.

2. ATALA. GELAKO BURUA

11. artikulua . Eginkizunak.

Gelako buruari dagozkio honako eginkizun hauek:

a) Operadoreen lana gainbegiratzea eta jardun bitartean sortzen ahal zaizkien arazoak edo zalantzak konpontzea.

b) Larrialdi egoeretan, esku-hartzearen koordinazioa sustatzea.

c) Gertakariaren ondoko informazioa prestatzea.

d) Hedabideei ematen zaien informazioa prestatzen laguntzea.

e) Jarduteko eta mobilizatzeko protokoloak erredaktatzen laguntzea.

f) Zentroan aplikatu beharreko araudia betetzen dela bermatzea.

g) Datuak biltzen eta larrialdietako direktorioak eta baliabideen katalogoak prestatzen laguntzea.

h) Larrialdiak kudeatzeko behar den informazioa etengabe eguneratzea.

i) Zentroko egutegiak eta lan txandak betetzen direla bermatzea.

j) Operadoreen etengabeko prestakuntzan parte hartzea, baita ezartzen diren prestakuntza ikastaroetan ere.

k) Operadoreek herritarrei ematen dieten arreta kalitatezkoa dela begiratzea.

l) Urruneko zentroen jarduera koordinatzea.

m) Aurrekoekin loturik egonda, agintzen zaion antzeko beste edozein eginkizun.

12. artikulua . Guardia lokalizatuak.

1. Ohiz kanpoko egoeretan, baldin eta ezinezkoa bada gelako buruaren eginkizunak beste batek bere gain hartzea modu presentzialean, zilegi izanen da ardura horiek modu lokalizatuan betetzea borondatez. Guardia horiengatik behar den konpentsazioa emanen da erregelamenduz ezarritakoarekin bat, dirutan edo ordutan; guardialdian egiten den ordu bakoitzeko, hamabost minutuko lana kontatuko da. Bertaratzea eskatzen zaienetan, txanda osoa konputatuko zaie, eta, hori gainditzen dutenean, lanean benetan egindako orduen kopurua.

2. Ohiz kanpoko egoeretan, orobat, S.O.S. Nafarroa Ataleko buruak eta atal horren menpeko unitateetako buruek zilegi izanen dute gelako buruaren eginkizunak betetzea, aurreko apartatuan adierazitako baldintza beretan, betiere aurretik gelako buruen lanpostu batean aritu badira inoiz.

13. artikulua . Gelako buruen lanpostuak betetzeko modua.

1. Gelako buruen lanpostuak, lehenbizi, barne igoera murriztuaren bidez beteko dira, operadore lanpostuetan langile finko gisa gutxienez bi urtez aritu diren operadoreen arteko oposizio lehiaketa eginez. Prozesu horretan, betiere, bete beharreko eginkizunei buruzko berariazko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da. Prozedura horren bidez lanpostu guztiak betetzen ez badira, lanpostu hutsak ezarrita dauden erregelamenduzko prozeduren bidez beteko dira.

2. Gelako buru gisa urtebetez aritu ondoren langile finkoa izanik, nahi dutenek B mailako lanpostuak betetzeko lekualdatze lehiaketetan parte hartzen ahalko dute, kasuan kasuko lehiaketetako baldintzak betez gero.

3. Gelako buruen lanpostuak aldi baterako bete behar direnean, prestakuntzarako zerbitzu berezietan eskainiko dira: lehenbizi, operadore lanpostuetan aritzeko izendatuak izan diren langile finkoei, eta, gero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako langile finkoei. Horretarako, behar diren hautapen proben deialdia eginen da prestakuntzarako izangaien zerrendak osatzeko; bi deialdiak, hots, operadoreentzat murriztua dena eta langile finko guztientzat irekia dena, aldi berean edo bereizita onesten ahalko dira, baina operadoreen prestakuntzarako izangaien zerrendak beti izanen du lehentasuna. Deialdi horietan parte hartzeko baldintzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko arauetan ezarritakoak izanen dira. Zerbitzuaren beharrak kontuan harturik, zilegi izanen da aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendak osatzeko deialdiak onestea.

14. artikulua . Prestakuntza ikastaroa.

Gelako buruen lanpostuetarako prestakuntza ikastaroan gai teoriko-praktiko hauek jorratuko dira gutxienez: langileen kudeaketa, antolaketarako eta aginterako abileziak, krisi egoeren kudeaketa, eta larrialdiak kudeatzeko sistemaren erabilera.

3. ATALA. OPERADOREAK

15. artikulua . Eginkizunak.

Operadoreei eginkizun hauek dagozkie:

a) Zentroan jasotzen diren deiak hartzea eta gertakaria behar bezala sailkatzea.

b) Baliabideak esleitzea, jarduketa-protokoloen arabera edo gelako buruak edo zerbitzu koordinatuen arduradunek ematen dizkieten jarraibideen arabera.

c) Esleitutako baliabideak aktibatzea eta gertakariaren jarraipena egitea, hartzen diren neurri guztiak idatziz.

d) Ekintza bakoitzari buruzko informazioa biltzea eta esku hartzen duten zerbitzu guztiei helaraztea.

e) Gelako buruak adierazten dituen datuak informazio sisteman sartzea.

f) Behar diren deiak egitea larrialdietako direktorioa eta baliabideen katalogoa kotejatzeko, zabaltzeko eta hobetzeko.

g) Aipatutako eginkizun horiekin antza edo zerikusia duen beste edozein eginkizun osagarri, gelako buruak aginduz gero edo zerbitzuaren helburuak egoki betetzeko beharrezkoak baldin badira.

16. artikulua . Prestasuna.

1. Unean-unean gertatzen diren lan bajei, bestelako absentzia justifikatuei edo larrialdi egoerei aurre egiteko, aurreikusten diren aldi jakin batzuetan, operadoreak telefono bidez eskuragai egonen dira. Aldi horiek egutegian finkatuko dira. Aldi horietan, zentrora joatea eskatuz gero, hara agertzeko gehieneko denbora hogeita hamar minutukoa izanen da.

2. Aurreko apartatuan adierazi bezala eskuragai egoteko ordu bakoitza lan txanda arruntetako hamabost minutuko lanalditzat hartuko da, urteko lanaldiaren kontaketa egitearen ondorioetarako. Lan txanda jakin baterako joateko eskatzen zaienean, lan egindako orduak lanordu arrunt gisa gehituko zaizkio urteko ordu kopuruari.

3. Ohiz kanpoko egoeretan beharrezkoa bada operadore lanpostuak betetzea ezarrita dagoen gutxieneko lanpostu kopurura iristen ez delako, eta, betiere, eginkizun horretarako telefono bidez lokalizatuak dauden pertsonak lanera joan ondoren, zilegi izanen da horrelako lanpostuak betetzeko eskuragai dauden pertsonei deitzea behar horiek betetzeko.

4. Deia telefono bidez eginen da.

17. artikulua . Operadoreen lanpostuak betetzeko modua.

1. Koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez, oposizio bidez edo oposizio-lehiaketa bidez beteko dira. Prozesu horien barruan, betiere, bete beharreko eginkizunei buruzko berariazko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da, edo, bestela, beste urte batean hura gainditu izana frogatu.

2. Operadore gisa urtebetez aritu ondoren langile finko izanik, nahi dutenek C mailako lanpostuak betetzeko lekualdatze lehiaketetan parte hartzen ahalko dute, kasuan kasuko lehiaketetako baldintzak betez gero.

18. artikulua . Prestakuntza ikastaroa.

Operadoreen lanpostuetarako prestakuntza ikastaroan gai teoriko-praktiko hauek jorratuko dira gutxienez: Babes Zibilerako Zerbitzuak koordinatutako zerbitzuen gaineko ezagutza, irrati-telekomunikazioak, baliabideen koordinazioa eta kudeaketa, erabiltzaileari arreta telefonikoa ematea, larrialdiak kudeatzeko sistemaren erabilera eta Nafarroako geografia.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Foru dekretu honen 13.2 eta 17.2 artikuluetan aipatutako lekualdatze lehiaketetan parte hartzearen ondorioz ezin izanen da Koordinazio Gelari atxikitako langileen heren bat baino gehiago lanpostuz aldatu aldi berean.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe uzten da maiatzaren 4ko 150/1998 Foru Dekretua, baita foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arau guztiak ere.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko martxoaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1903312

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web