(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2019 FORU LEGEA, otsailaren 28koa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 44 - 05/03/2019



HITZAURREA

Babes Zibilari buruzko urtarrilaren 21eko 2/1985 Legeak babes zibilerako lehen arau-esparru bat ezarri zuen, garai hartako Estatu autonomiko jaioberriari egokitua. Konstituzio Auzitegiak lege horren baliozkotasuna berretsi zuen zenbait epairen bidez, zeinetan Estatuari aitortu baitzitzaion eskumena duela –Konstituzioaren 149.1.29 artikuluaren arabera, eta, hortaz, segurtasun publikoaren baitan– ez soilik estatu-interesa gertatzen deneko larrialdiei aurre egiteko (eskura dituen baliabideak mobilizatuz), ezpada babes zibilaren arloko zerbitzuen eta baliabideen koordinazioa bilatzeko eta babesteko ere, zerbitzu eta baliabide horiek “gutxieneko estatu-diseinu edo -eredu batean” sartuta.

2/1985 Lege horren fruitu, autonomia erkidegoek eta toki entitateek beren eskumen berekiak hedatu zituzten arlo horretan; hartara, beren jarduna arautu zuten, babes zibileko beren zerbitzu berekiak taxutu zituzten eta larrialdi-mota ororen kudeaketari begira aurrerabide nabarmena ekarri duten larrialdien koordinazio-organo eskudunak nahiz babes zibileko udal zerbitzu eraginkorrak garatu dituzte.

Nafarroa ez zen garapen horretatik bazter gelditu, eta, halatan, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea onetsi zuen. Foru lege horren helburua zen Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan babes zibileko eta larrialdietako artatze-ekintzak antolatzea. Horretarako, batetik, Nafarroako administrazio publiko ezberdinen jarduketak arautu behar ziren, bai arriskuen prebentzio eta kontrol arlokoak, bai gerta litezkeen larrialdi, katastrofe eta hondamendi publikoen kudeaketari dagozkionak; eta, beste alde batetik, jarduera arriskutsuak hartzen dituzten establezimendu publiko eta pribatuei autobabeserako neurriak galdatu; hots, arriskua sor ditzaketen jarduerak egiten dituzten pertsona edo enpresek beraiek jarduera horien ondorioak aurreikusteko eta, horrenbestez, beren burua babesteko abian jarri behar dituztenak. Horrekin bermatu nahi zen larrialdiak kudeatzeko sistema integratu eta bateragarri bat beti eskura egotea, Nafarroako lurralde eremuan gertatzen diren egoera kaltegarri edo arriskutsuetan edo hondamendietan egin beharreko lan guztiak egoki koordinatu, zuzendu eta kontrolatzeko.

Geroago, eta oinarri harturik arriskuen, baliabideen eta legediaren bilakaeran nahiz horrek babes zibileko zerbitzuen ikuskerari eta antolamenduari ekarritako aldaketetan, beste lege bat onetsi zen Babes Zibilari buruzko urtarrilaren 21eko 2/1985 Legearen ordez –Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legea, hain zuzen ere–, zeinaren helburua baita herritarrak larrialdien eta katastrofeen aitzinean babesteko sistema nazionalaren funtzionamendua indartu eta hobetuko duten mekanismoak sendotzea.

17/2015 Lege berrira egokitzeko, eta 8/2005 Foru Legearen hamahiru urtetik gorako ibilbidean hautemandako gabeziak ikusita, foru legea aldatzea komeni da, larrialdien arretaren eta kudeaketaren egungo egoerara egokitzeko.

8/2005 Foru Legea aldatzen da, halako moduan non, babes zibileko planen definizioak edo homologazioa bezalako gaietan 17/2015 Legera egokitzeaz gain, bestelako alderdi batzuk ere jasoko baitira. Laburbilduta, honako hauek:

Nafarroako Babes Zibilaren alarma eta alerta sare bat sortzea; babes zibileko planak oinarrizko zerbitzuekin lotutako kontingentzia planetara hedatzea; autobabesaren arloko alderdiak hobetzea; herritarren lankidetzaren eta parte-hartzearen arloko beste alderdi batzuk jasotzea, bai eta babes zibilaren arloan herritarrek dauzkaten betebeharren eta eskubideen arlokoak ere; datu-bilketa eta -tratamenduaren auzia Larrialdien Kudeaketarako Zentroan zehaztea; Babes Zibilaren eta Larrialdien Zerbitzuetako langileen araubidea erregulatzea, eta Babes Zibilaren eta Suhiltzaileen Zerbitzuen Mahai Sektorial berekia sortzea.

Azken finean, foru legea aldatzearekin esparru juridikoa gaurkotzen da, herritarrentzat hain garrantzitsua den gai batean, nola baita babes zibila. Eta aldatzen den legea onetsi zenetik izandako eskarmentuaren nahiz Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzko Lege berriaren argitan egiten da, bai eta Nafarroaren eskumen berekiak kontuan hartuta ere.

Artikulu bakarra.–Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea honela aldatuta geldituko da:

Bat.–2. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“Foru lege honi dagokionez, honako definizioak hartuko dira aintzat:

Galzoria: babes zibilak zaindu beharreko pertsona-taldeei edo ondasun-multzoei egoera jakin batzuetan kaltea egiteko ahalmena.

Zaurgarritasuna: pertsona-talde edo ondasun-multzo baten ezaugarria, inguruabar jakin batzuetan galzoriaren eragina neurri handiago edo txikiagoan jasateko moduan egotea dakarkiena.

Mehatxua: babes zibilak zaindutako pertsonek eta ondasunek duten egoera, zeinean berehalako edo ezkutuko galzori baten aitzinean baitaude neurri handiago edo txikiagoan.

Arriskua: mehatxu bat pertsona-talde edo ondasun-multzo bat ukitzera iristeko aukera.

Larrialdia: bat-batean sortzen den egoera, ondasunen nahiz pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa arrisku handian jartzen dituena edo erasotuak gertatzen direnekoa, eta berehalako neurriak hartzea eskatzen duena, arriskua bertan behera uzteko edo kalteak minimizatzeko. Arruntak nahiz apartekoak izan daitezke.

Aparteko larrialdia: bat-bateko arrisku kolektiboko egoera, pertsonak edo ondasunak berehalako galzorian jartzen dituen gertaera baten ondoriozkoa eta botere publikoen aldetik horiek artatzeko, kalteak arintzeko eta katastrofe bihur dadin ekiditen saiatzeko kudeaketa azkarra exigitzen duena.

Larrialdi arruntetik bereizten da azken honek ez duelako eragin kolektiborik.

Katastrofea: biktima, kalte eta inpaktu material ugari eragiteagatik erkidego edo gizarte baten funtzionamendua substantzialki asaldatzen edo eteten duen egoera edo gertakari bat, artatze-baliabide gehiago eskatzen dituena erkidegoak berak eskuragarri dauzkanak baino.

Oinarrizko zerbitzuak: beharrezkoak direnak oinarrizko eginkizun sozialak, osasuna, segurtasuna eta herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa edo administrazio publikoen funtzionamendu eraginkorra mantentzeko.

Zoritxar publikoa: biztanleengan eragin orokorra duen katastrofea.

Larrialdietako laguntza: pertsonen bizia eta osotasun fisikoa babestea helburu duten jarduketa urgenteak, baita ondasunak eta ingurumena zaintzekoak ere, gizakiak nahiz naturak eragindako larrialdiak gertatzen direnean”.

Bi.–3. artikuluaren b), c), e), f), g) eta h) letrak aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

“b) Detekzio, alarma eta transmisio sistemak ezartzea, ahalbidetuko dutenak alerta goiztiarra eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak hartzea.

c) Autobabesa sustatu eta ahalbidetuko duten neurriak hartzea, halako moldez non herritarrak gauza izanen baitira pertsonei eta ondasunei kalteak eragiten ahal dizkieten zoritxarreko edozein gertakari aurreikusi eta horiei aurrea hartzeko eta, zorigaitza gertatuz gero, hura deuseztatu eta haren ondorioak gutxitzeko urratsak egiteko.

e) Ezbeharra sortzen duten zergatietan batera esku hartzea, ezbeharraren hedadura eta ondorioak murrizteko eta herritarrak babesteko eta sorosteko.

f) Oinarrizko zerbitzuak berrezartzea eta ezbeharrak ukitutako ehundura sozioekonomiko eta eta ingurumenekoa berreskuratzeko programa sustatzea.

g) Esku hartzeko zerbitzuak sortu eta mantentzea eta zerbitzu horietako langileak behar bezala prestatzea.

h) Larrialdietan kalteak jaso ditzaketen herritarrak informatzea, sentsibilizatzea eta prestatzea.”

Hiru.–4. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Nafarroako administrazio publikoek, foru lege honen helburuak betetze aldera eta nork bere eskumenen esparruan, larrialdien kudeaketarako sistema publiko, integratu eta bateragarria izanen dute, egin beharreko urratsak eraginkortasunez koordinatu, bideratu eta kontrolatzeko.

Sistemaren taxuerak modua emanen du neurrien aktibazioa eta baliabideen aplikazioa arian-arian egiteko, larrialdien norainokoaren arabera, halako moldez non horien eraginkortasuna eta efizientzia bermatuko den.”

Lau.–5. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“Nafarroako administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, egin behar dituzten babes zibileko oinarrizko jarduketak hauek dira: arrisku egoerak aurreikusi eta horiei aurrea hartzea, plangintza, esku-hartzea, koordinazioa, zuzendaritza, normaltasunaren berreskuratzea eta herritarrei eta larrialdi-zerbitzuetako langileei informazioa eta heziketa ematea.”

Bost.–7. artikuluaren 3., 4., 5. eta 6. apartatuak aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

“3. Pertsonentzat edo ondasunentzat arrisku larria sortzen ahal duten jardueren katalogo bat ezarriko da erregelamendu bidez, bai eta jarduera horiek egiten diren zentro, establezimendu, sail eta instalazioena ere. Horien titularrek autobabeserako plan bat eduki beharko dute, foru lege honen 15. artikuluan ezarritakoa betez, eta arriskuei aurre egiteko –gutxienez ere, suteei eta, oro har, erantzukizun zibilari– behar adinako diruarekin erantzuteko aseguruak kontratatu beharko dituzte. Katalogoan orobat ezartzen ahalko da zer establezimenduk egin beharko duten nahitaez txostena beren segurtasun-egoerari buruz, establezimendua eraikitzeko lizentzia eman aitzin. Txostena lizentzia ematearen aurkakoa bada edo neurri zuzentzaileak ezartzen baditu, loteslea izanen da.

4. Larrialdi, katastrofe edo hondamendi egoerak sortzen ahal dituzten jarduerak egiten dituzten pertsonek eta enpresen eta entitateen titularrek behar bezalako babesa ziurtatzeko beren jarduerei buruzko informazioa eman beharko diete babes zibilaren arloko agintari eskudunei, bai eta babes zibileko arriskuei nahiz horien bilakaerari dagokienez detektatzen duten informazioa ere.

5. Pertsona asko biltzen dituzten edo pertsonen edo taldeen joan-etorriak sortzen dituzten ikuskizun eta jarduerak egiteko, organo eskudunak sektore horretako araudiaren araberako baimena eman beharko du. Baimen eskaerarekin batera, arriskuari aurrea hartzeko eta, kasua bada, ebakuazioa egiteko aurreikusi diren giza, gauza eta antolamenduko baliabideen azalpena aurkeztu beharko da, bai eta litezkeen kalteak behar bezala estaltzeko kontrataturiko aseguruei buruzkoa ere; gutxienik, suteen kontrako eta erantzukizun zibil orokorreko aseguruei buruzkoa. Kasuan kasuko administrazio publikoak babes zibilaren arloan duen organo eskudunak aztertu eta txostena eginen du, baimena eman aurretik. Txostena negatiboa bada edo prebentzio neurriak ezartzen baditu, loteslea izanen da. Erregelamendu bidez ezarriko da jarduera horietako zeintzuetan aurkeztu beharko den autobabeserako plan bat ere.

6. Derrigorrezko hezkuntza-sistemako ikasmailetan larrialdi egoeren gaineko prestakuntza eta informazio jarduerak egin beharko dira, eta urtero jarduketa-simulakro bat egin beharko da.”

Sei.–7. bis artikulua gehitzen da. Hona testua:

“7. bis artikulua. Alarma eta alerta sarea.

Nafarroako Babes Zibilaren Alarma eta Alerta Sarea sortzen da, larrialdi egoeren aurreikuspenerako, detekziorako eta jarraipenerako sistema gisa eta agintari eskudunei eta herritarrentzako informazio eta larrialdi zerbitzuei larrialdi-abisuak emateko sistema gisa.

Babes zibilaren arloko departamentu eskudunaren mende dagoen Larrialdien Kudeaketarako Zentroari dagokio Nafarroako Babes Zibilaren Alarma eta Alerta Sarearen kudeaketa.

Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek eta larrialdi egoeren aurreikuspenean, detekzioan eta jarraipenean lagun dezaketen sare eta sistemetako titular diren sektore publikoko erakunde guztiek beren sistemak egokituko dituzte, daukaten informazio guztia Alarma eta Alerta Sarearen kudeatzaileari denbora errealean emateko. Alarma eta Alerta Sarearen kudeatzaileak ezarriko du zer baldintzatan eman behar den informazioa.

Larrialdi egoeren aurreikuspenean, detekzioan eta jarraipenean lagun dezaketen sare eta sistemetako titular diren gainerako erakunde eta administrazio publikoek larrialdi egoera bat eragin dezakeen egoera baten ezaguera baldin badute, berehala emanen diote horren berri Alarma eta Alerta Sarearen kudeatzaileari.

Alarma eta Alerta Sarearen kudeatzaileak erakunde eta administrazio publiko horiekiko lankidetza-hitzarmenak sustatuko ditu, informazio-transmisio egokia eta sistema ezberdinen integrazioa bermatuko dituztenak.

Alarma eta Alerta Sarearen kudeatzaileak, informazioaren titularrekin lankidetzan arituz, gaitzaldi-atalaseak ezarriko ditu, pertsonak edo ondasunak kalteturik gertatzearen posibilitatearen arabera, eta xedatuko du zein ohar jakinarazi behar zaizkien, atalase bakoitzean, agintariei, larrialdi-zerbitzuei eta herritarrei, ezertan galarazi gabe jadanik horretarako xedapenak jasota dituen araudi aplikagarria.

Alarma eta Alerta Sarearen kudeatzaileak herritarrei nahiz toki entitateei informazioa emanen die, bai modu prebentiboan bai erreaktiboan. Horretarako, abisu-kanal eta -sistema ezberdinak ezarriko ditu, informazioa eraginkortasunez ematen dela bermatzeko.”

Zazpi.–8. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. Onetsi bai baina gauzatu gabe dauden hirigintzako planeamenduetan, hirigintza arloko eskumenak dituen organoak, arriskupeko eremuetan, arriskuak gutxitzeko behar diren aldaketak sustatuko ditu, eta aldaketak egiterik ez badago, lizentzia-deuseztapena sustatuko du.”

Zortzi.–8. bis artikulua gehitzen da. Hona testua:

“8. bis artikulua. Prestakuntza eta informazioa.

Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, prebentzio, informazio, zabalkunde eta sentsibilizazio kanpainak sustatuko dituzte arriskuei aurre egiteko eta arriskuen aurrean nola jokatu jakiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak larrialdi zerbitzuetako langileen behar bezalako heziketa bermatuko du.

Halaber, babes zibilaren esparruan lan egiten duten boluntarioen elkarteetako kideen behar bezalako heziketa bermatuko du.”

Bederatzi.–11. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

“3. Nafarroako Gobernuari dagokio, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak proposaturik eta Nafarroako Babes Zibileko Batzordearen txostena eginik, Nafarroako babes zibileko lurralde plana onestea, Gobernuaren Erabaki bidez.

4. Nafarroako babes zibileko lurralde plana lurraldearen antolamendurako baliabidetzat joko da, Nafarroako lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako foru-dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako.”

Hamar.–14. artikuluaren 2. paragrafoa kentzen da.

Hamaika.–13. artikuluaren 3., 4. eta 5. apartatuak aldatu eta 6. apartatua gehitzen da, eta testu hau izanen dute:

“3. Plan bereziek ezarriko dute, kasua baldin bada, zer udalerri dauden behartuta arrisku jakin batzuei erantzuteko udal-jarduketa planak taxutzera eta onestera.

4. Plan bereziak Nafarroako Gobernuaren Erabaki bidez onetsiko dira, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena eman ondoren.

5. Plan berariazkoak Nafarroan eragin berezikoak diren arriskuei aurre egiteko antolamendu-tresna orokorrak dira, prestatuak izateko oinarrizko plangintza-jarraibiderik ez dutenak. Plan berariazkoen artean daude oinarrizko zerbitzuetarako kontingentzia planak.

6. Plan berariazkoak babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuak eginen ditu, foru lege honetan eta Nafarroako babes zibileko lurralde planean ezartzen diren irizpideei jarraikiz. Nafarroako Gobernuak Erabaki bidez onetsiko ditu, departamentu horretako kontseilari titularrak proposaturik eta Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena eman ondoren.”

Hamabi.–13. bis artikulua gehitzen da. Hona testua:

“13. bis artikulua. Oinarrizko zerbitzuetarako kontingentzia planak.

Oinarrizko zerbitzuetarako kontingentzia planek helburu bikoitza dute:

Erkidegoarentzat oinarrizkoak diren zerbitzuen jarraitutasuna, leheneratze azkarra edo berrezartzea ahalbidetuko duten neurriak eta prozedurak aurreikustea arrisku larriko, katastrofe edo hondamendi egoeretan, jardueraren funtsezko eginkizunen biziraupena ziurtatuz larrialdian zehar eta larrialdiaren ondoren.

Neurri eta prozedura erredundanteak aurreikustea, jardueraren jarraitutasuna ahalbidetzekoak, zerbitzu-ematearen sistema arruntek huts egin edo haien etenik gertatuz gero.

Oinarrizko zerbitzuetarako kontingentzia planek honako hauek jaso beharko dituzte: arriskuen eta osagai zaurgarrien analisia eta ebaluazioa; zerbitzuaren jarraitutasunerako eta zerbitzua berreskuratzeko inpaktuak eta gune kritikoak; zerbitzuaren gutxieneko baldintzak bermatzeko baliabide erredundanteak; sistema erredundanteekin iraun daitekeen denboren analisia eta ebaluazioa; prozesu kritikoak berreskuratzeko neurriak eta horretara bideratu daitezkeen baliabideak, eta planak ezarri, mantendu eta eguneratzeko beharrezkoak diren neurriak.

Oinarrizko zerbitzuetarako kontingentzia planak koordinatu eta osatu egin beharko dira azpiegitura kritikoak babestekoekin, indarreko araudiarekin bat.

Oinarrizko zerbitzuetarako kontingentzia planen titularrek edo legezko ordezkariek babes zibilaren arloko administrazio eskudunari igorriko dizkiote plan horiek, baldin eta ur-hornidurarekin, energia-hornidurarekin, gasolinaren eta gasolioaren hornidurarekin, komunikazioekin, saneamenduarekin eta zabor-bilketarekin zerikusirik badute, bai eta babes zibilaren arloko agintari eskudunak esaten dituenak ere. Babes zibilaren arloko administrazio eskudunak onetsiko ditu plan horiek, Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak aldeko txostena egin ondoren.

Babes zibilaren arloko administrazio eskudunak larrialdietako zerbitzu publikoetarako kontingentzia plan bat taxutuko du.”

Hamahiru.–15. artikuluaren 2. eta 4. apartatuak aldatu eta 7., 8. eta 9. apartatuak gehitzen dira, eta testu hau izanen dute:

“2. Aplikatzekoak diren arau edo planetan ezartzen dena gorabehera, autobabeserako planetan honako hauek jaso beharko dira gutxienez:

a) Erantzule den titularraren eta Autobabeserako Planaren zuzendariaren identifikazioa.

b) Jardueraren eta jarduera egiten den instalazioen azalpena.

c) Jarduerak sortzen dituen arriskuen identifikazio eta ebaluazioa.

d) Arriskuak gutxitu edo desagerrarazteko neurriak jasotzen dituen prebentzio plana.

e) Larrialdietarako plana, egoera horietan (alarma-egoera, sorospena, jende-hustuketa eta abar) hartu beharreko neurriak eta egin beharreko urratsak jasotzen dituena.

f) Instalazioetan lan egiten dutenentzako informazio eta prestakuntza neurriak eta eduki beharreko ekipamendu egokiari buruzkoak, eta erregelamenduz ezartzen den kasuetarako, baliabide berekiekin eratutako sorospen eta laguntza talde profesional berezituen antolamendua.

g) Pertsona baten izendapena, autobabeserako planean biltzen diren neurrien eragingarritasunaren erantzule izateko eta babes zibilaren arloan eskumena duten agintariekiko harremanak bideratzeko.

h) Gainean dituen lurralde planekin, plan bereziekin eta plan berariazkoekin koordinatzeko eta integratzeko irizpideak.”

“4. Autobabeserako planak egin beharra duten zentro edo establezimenduetako titularrek edo legezko ordezkariek planak eta horien aldaketak igorri beharko dizkiete babes zibilaren arloan eskumena duten administrazioei. Horien fitxa bat ere igorriko da, araudi berariazkoaren arabera erregistratu beharreko datuekin batera.”

“7. Autobabeserako plan bat eduki behar duten enpresen eta entitateen titularrak behartuta daude babes zibilaren arloko agintari eskudunekin lankidetzan aritzera, beren planari buruz eskatzen zaien informazio guztia emanez, bai eta sortzen dituzten larrialdiak behar bezala konpontzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko eta materialak ere, baldin eta instalazioen kanpoaldeari eragiten badiote. Halaber, behartuta daude beren jarduerak ukitutako ingurunean herritarren autobabeserako neurriei buruzko informazioa zabaltzen eta neurriak sustatzen laguntzera.

8. Autobabeserako plan bat eduki behar duten enpresen eta entitateen titularrak behartuta daude, babes zibileko zerbitzu publikoen arloko agintari eta arduradunek hala eskatzen badiete, lan prebentibo edo operatibo guztietan parte hartzera; deitzen zaien bileretara joatera, eta agintariei jakinaraztera planak nahiz planaren operatibitateak estalitako arrisku egoerari eragiten dion inguruabar oro, baita autobabeserako plana abiarazi izana ere.

9. Segurtasun gaietan behar bezala gaitutako titulu teknikoetan graduatutako langileek idatzi beharko dituzte autobabeserako planak, jardueraren enpresa edo entitate titularraren erantzukizupean, eta foru lege honen arabera informatu, homologatu eta onetsi beharko dira, erregelamendu bidez ezartzen denarekin bat, plan-mota bakoitzaren arabera.”

Hamalau.–16. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez osatzen ahalko du udaletako edo udalez gaindiko babes zibileko planen, plan berezien eta plan berariazkoen eta autobabeserako planen edukien egitura, salbu eta Nafarroako babes zibileko lurralde planean agertzen bada.”

Hamabost.–20. artikuluaren titulua aldatu eta 4. apartatua gehitzen da, eta testu hau izanen dute:

“20. artikulua. Koordinazioa eta zuzendaritza.”

“4. Foru lege honen 41. artikuluan aipatzen den Larrialdien Kudeaketarako Zentroa izanen da, kasuko planak abiarazi ostean, larrialdi arrunten koordinazio eta zuzendaritza zentroa eta aparteko larrialdien koordinazio zentroa, halako moduan non bere inguruan egituratuko baita Foru Komunitatearen intereseko edo esparruko planen zuzendaritzaz arduratuko den aginte-postu nagusia.”

Hamasei.–25. artikuluari f) letra gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

“f) Alerta eta Alarma Sareari laguntzea, foru lege honetan ezarritako moduan.”

Hamazazpi.–26. artikuluaren h) letra aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“h) Larrialdietan esku hartzeko zerbitzu berekiak ezarri eta mantentzea.”

Hemezortzi.–29.2. artikuluaren b) eta c) letrak aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

“b) Nafarroako babes zibileko lurralde planari, plan bereziei eta berariazko planei buruzko txostena ematea.

c) Udaletako eta udalez gaindiko babes zibileko lurralde planei buruzko txostena ematea.”

Hemeretzi.–30. bis artikulu berria gehitzen da III. kapituluan –Herritarren lankidetza–. Hona:

“30. bis artikulua. Babeserako eskubidea katastrofe bat gertatuz gero.

1. Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren pertsona guztiek daukate administrazio publikoen laguntza jasotzeko eskubidea larrialdi bat, ohikoa nahiz apartekoa, gertatuz gero, muga bakar batekin: egoera horiek berezkoak dituzten baldintza arriskutsuak eta esku hartzeko baliabideen eskuragarritasuna.

2. Botere publikoek begiratuko dute herritarrek larrialdi kasuan jasotzen duten laguntza baliokidea izanen dela, non bizi diren alde batera utzita.

3. Larrialdi kasuan, zerbitzu publiko eskudunek ahal den azkarren identifikatuko dituzte biktimak, eta informazio zehatza emanen diete haien familiartekoei eta hurbilekoei.”

Hogei.–31. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“31. artikulua. Informazioa jasotzeko eta parte hartzeko eskubidea.

1. Herritarrek beraiengan eragina izan dezaketen arrisku kolektibo larriei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea dute eta, orobat, haien kausa eta ondorioei buruz, arriskuei aurre egiteko aurreikusita dauden jarduketei buruz, hartu beharreko segurtasun neurriei buruz eta segitu beharreko jokabideari buruz.

2. Informazio horiek larrialdi kasuan nahiz prebentiboki eman beharko dira, galzori egoerak presente egotera iritsi aitzin.

3. Informazioak ezin izanen du indarreko legeriak babestutako datu babesturik inolaz ere jaso.

4. Botere publikoek begiratuko dute berariazko neurriak hartzen direla ziurtatze aldera desgaitasunen bat duten pertsonek arriskuak eta autobabeserako nahiz prebentziorako neurriak ezagutzen dituztela, larrialdi kasuan laguntza eta informazioa jasotzen dutela eta babes zibileko planetan parte hartzen dutela.

5. Herritarrek babes zibileko lanetan laguntzeko eskubidea dute, babes zibileko planek zehazten duten moduan.

6. Babes zibilaren arloko eskumena duten administrazio publikoekiko ohiko lankidetza honakoen bidez bideratuko da: babes zibileko talde eta erakundeak, suhiltzaile boluntarioenak eta foru lege honetan aurreikusitako babes zibileko oinarrizko jarduketak bermatzeko behar diren beste guztiak.

7. Edozein herritarrek eman dezake larrialdi egoera bat eragin dezaketen inguruabar edo jardueren berri, babes zibilaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian edo haren bulego periferikoetan horren inguruko frogagiriak aurkeztuz.”

Hogeita bat.–32. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“32. artikulua. Betebeharrak.

1. Herritarrak, adinez nagusiak direnez geroztik, babes zibileko lanetan laguntzera beharturik daude, giza indarra eta baliabideak eskainiz, planetan ezarritakoaren arabera edo agintari eskudunen jarraibideen arabera. Betebehar horrek, funtsean, eginkizun hauek dakartza: prebentzio eta autobabeserako neurriak betetzea, simulazioetan parte hartu beharra, eskatzen zaien lanetan esku hartzea eta, arrisku kolektibo larriko egoeretan, larrialdietan, katastrofeetan edo hondamendi publikoetan, agintari eskudunek ezartzen duten giza laguntza ematea.

2. Herritarrak behartuta daude agintari eskudunei informazioa ematera kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudian ezarritako moduan eta edukiarekin eta, oro har, arrisku egoerak sortzen edo areagotzen ahal dituzten inguruabarrei buruz.

3. Herritarrak behartuta daude indarreko araudian xedatutakoaren araberako ikuskaritzak egitera; halatan, ikuskaritzari beren lokaletan edo establezimenduetan sartzen utziko diote.

4. Herritarrak behartuta daude arriskuak sortzea nahiz arriskuan jartzea ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzera. Behin larrialdia gertatuta, zerbitzu publiko eskudunetako agenteen jarraibideen arabera jokatu beharko dute.

5. Nahitaez eman beharreko zerbitzu pertsonalak egoeraren araberakoak eta norberaren gaitasunaren araberakoak izanen dira, eta behar-beharrezkoa den denbora baizik ez dute iraunen. Ez dute kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik sortuko, salbu eta zerbitzu-emailearen ondasun eta eskubideetan zerbitzu-ematearengatik sortzen diren kalteen ondoriozkoak.

6. Larrialdien izaerak horretara behartzen baldin badu, babes zibilaren arloko agintari eskudunek aldi baterako bahitzen ahalko dute ondasun-mota oro, eta beharrezkoak direnak behin-behinekoz esku hartzen edo okupatzen ahal izanen dituzte eta, kasua bada, jarduerak eten. Jarduketa horien ondorioz beren ondasun eta zerbitzuetan kalteak pairatzen dituztenek legeetan ezarritakoaren araberako kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute.

7. Larrialdien izaerak horretara behartzen baldin badu, babes zibilaren arloko agintari eskudunek herritarren eskubideak ukitzen dituzten aginduak eta jarraibideak ematen ahalko dituzte legeetan ezarritakoaren arabera, eta agindu eta jarraibide horien jasotzaileek nahitaez bete beharreko neurriak hartzen ahalko dituzte, aplikatzekoa den planak ezarritakoarekin bat edo larrialdiaren nahiz babestu beharreko ondasunen beharrizanek horretara behartuz gero.

Hartzen diren neurri eskubide-murriztaileek, edo prestazio pertsonalak edo materialak ezartzen dituztenek, indarraldi mugatua izanen dute –larrialdiei aurre egiteko hertsiki beharrezkoa dena, hain zuzen ere–, eta larrialdien muntaren araberakoak izan beharko dute.”

Hogeita bi.–33. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“33. artikulua. Laguntza emateko betebehar bereziak.

1. Pertsonen eta haien ondasunen prebentzio, laguntza, sorospen eta segurtasunarekin zerikusia duen jardueran aritzen diren entitate publiko edo pribatuak bereziki beharturik daude esku-hartzeko zerbitzuekin batera laguntza ematera larrialdi egoeretan.

Entitate horiei egitekoak esleitzen ahal izanen zaizkie babes zibileko planetan, eta babes zibilaren arloko agintari eskudunek eskatzen ahal izanen diete larrialdietan esku har dezaten.

2. Ondasun publikoen gaineko eskubideen entitate titularrak edo zerbitzu publikoak nahiz interes orokorrekoak kudeatzen dituztenak –bereziki, beren jarduna osasun-zerbitzuei lotuta baldin badago edo uraren, gasaren nahiz elektrizitatearen moduko oinarrizko banaketa eta hornidura kudeatzen badute– eta telefoniako eta telekomunikazioetako zerbitzuak ematen dituztenak bereziki behartuta daude larrialdi egoeretan esku-hartze zerbitzuei laguntzera.

Entitate horiek bereziki behartuta daude administrazio eskudunari uztera beren jarduerak betetzeko eskura dauzkaten baliabide materialak eta pertsonalak erabil ditzan, larrialdi egoerei aurre egiteko beharrezkoa den neurrian.

Alerta eta larrialdi egoeretan, telekomunikazio sareen eta zerbitzuen enpresa titularrek babes zibileko agintarien esku jarri beharko dituzte sare eta zerbitzu horiek, herritarrei abisuak eta alertak emateko nahiz esku-hartze zerbitzuen jarduna errazteko.

3. Larrialdi kolektiboetan, katastrofeetan edo hondamendi publikoetan, komunikabide pribatu eta publikoek babes zibileko agintariek ematen dituzten informazio, ohar eta jarraibideak doan hedatu beharko dituzte, oso-osorik, lehenbailehen eta berri horiei lehentasuna emanez beharrezkoa baldin bada, eta informazioa zein agintarik eman duen adieraziz.”

Hogeita hiru.–34. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“34. artikulua. Babes zibileko boluntarioak.

Babes zibileko boluntarioek larrialdiak kudeatzen laguntzen ahal izanen dute, gizarteak gertakari horiei emandako erantzunaren erakusgarri, aplikatzekoak diren arauetan ezarritakoarekin bat eta herritarrek laguntzeko duten betebehar orokorra ezertan ere galarazi gabe.

Boluntarioek babes zibilaren esparruan egindako jarduerak boluntario horiek sartuta dauden entitateen bidez eginen dira, boluntario-lanari buruzko araubide juridikoarekin eta boluntario-lanak azpian dauzkan balioekin eta printzipioekin bat, eta haien jarraibideei lotuz, eta horien laguntza ez da inolaz ere gauzatuko administrazio jardulearekiko lan-harreman baten bidez.

Boluntarioek babes zibilaren arloan egindako jarduerak laguntza ematekoak eta larrialdietako zerbitzu publikoen mendekoak izanen dira beti, eta haien zuzendaritzapean jardunen dute soilik.

Foru Komunitateko administrazioak eta udalek larrialdietarako boluntarioen taldeen ekimenak bideratuko dituzte, babes zibilaren arloan egiten duten lanari buruzko informazioa eman eta zabaltzeko eta boluntarioen lana goresteko kanpainak eginez eta boluntarioei prestakuntza eta laguntza teknikoa emanez.

Babes zibileko boluntarioen elkarteek Boluntarioei buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean ezarritakoari segituko diote, eta izena eman beharko dute babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuari atxikitako erregistro erregelamenduz zehaztuan.

Babes zibileko boluntarioen elkarteen erregistroan izena emateko, beharrezkoa izanen da aurretiaz Foru Komunitateko Administrazioarekiko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea. Erregelamendu bidez ezarriko da hitzarmen horien edukia, zeinak honako hauek jasoko baititu gutxienez ere: bere baliabideak haren eskura jartzea; laguntzeko eta parte hartzeko modua eta halako kasuetan legozkiekeen kalte-ordainak, eta entitate horien giza baliabideen heziketa kreditatua.

Boluntario-laneko elkarte bateko eskubide osoko boluntario gisa babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan prebentzio- eta operazio-lanetan parte hartzeko beharrezkoa izanen da babes zibilaren eta larrialdien arloko departamentu eskudunak emandako kreditazioa edukitzea; horretarako, beharrezkoa izanen da erregelamendu bidez ezartzen diren curriculum-gaitasunak edukitzea lan horiek egiteko.

Boluntarioen talde eta erakundeetako kide diren boluntarioek aseguru bat izanen dute, kasuan kasuko erakundearen kargura, eginkizunak betetzeak dakartzan istripu arriskua eta erantzukizun zibila bere gain hartuko dituena.”

Hogeita lau.–37. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. Administrazio publiko eskudunek kanpoko langileen laguntza teknikoa izaten ahalko dute. Langile horiek ez dira inola ere ikuskatzailetzat joko.”

Hogeita bost.–39. artikuluko 2. apartatua kentzen da. Honela geldituko da idatzita:

“39. artikulua. Larrialdiak kudeatzeko sistema publikoa.

Larrialdi egoeretan laguntza materiala ematearekin zuzen nahiz zeharka lotutako jarduera batean aritzen diren administrazio eta entitate publikoak larrialdiak kudeatzeko sistema publikoaren parte dira eta beharturik daude betetzera foru lege honek dakartzan betebeharrak, bai eta erregelamenduzko garapenean eta kasuan kasuko protokolo operatiboetan ezartzen direnak ere.”

Hogeita sei.–39. bis artikulua gehitzen da. Hona testua:

“39. bis artikulua. Babes zibileko larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuak.

Honako hauek dira babes zibileko larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuak:

a) Babes Zibileko Zerbitzua eta Larrialdien Kudeaketarako Zentroa.

b) Ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuak, ospitaleetako larrialdi zerbitzuak eta oinarrizko osasun laguntzakoak, ospitale eta osasun etxe publikoak eta osasun-garraio publikoak edo itunduak, bai eta osasun publikoko zerbitzuak ere.

c) Nafarroako administrazio publikoetako prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuak.

d) Nafarroako Foruzaingoa eta Nafarroako toki entitateetako poliziak.

e) Errepide-mantenimenduko eta herri-lanetako zerbitzuak, eta basozaintzako eta ingurumenaren babeseko langileak.

f) Gizarte zerbitzuak.

Estatuko segurtasun kidego eta indarrak, eta larrialdien kudeaketa xede duten Estatuko Administrazioaren Zerbitzuak.

Babes zibileko boluntarioen elkarteek eta toki entitateen mende dauden suhiltzaile boluntarioek zerbitzu publikoen mende jardunen dute.

Telekomunikazioen, uraren, gasaren eta argindarraren sareen hornidura, mantentze eta zainketa zerbitzuak, eta oinarrizko zerbitzuen beste hornitzaile batzuk.”

Hogeita zazpi.–40. artikuluan 3. paragrafoa aldatu eta 4. paragrafoa gehitzen da, testu honekin:

“3. Zerbitzu publiko hori Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak zuzenean emanen du, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuaren zuzendaritzaren eta kontrolaren pean.

4. Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan emanen da zerbitzua. Babes zibilaren eta larrialdien arloko departamentu eskudunak beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditu zerbitzua Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetan baliatu ahal izateko, bai eta desgaitasunen bat duten pertsonek zerbitzua baliatu ahal izatea ziurtatuko duten mekanismoak bermatzeko ere.”

Hogeita zortzi.–41. artikuluan 3. paragrafoa kendu eta bi paragrafo gehitzen dira, testu honekin:

“3. Larrialdien Kudeaketarako Zentroa larrialdien eta babes zibilaren kudeaketaren arloko departamentu eskudunari atxikiko zaio.

4. Larrialdien eta babes zibilaren kudeaketaren arloko departamentu eskudunak ezarriko ditu Larrialdien Kudeaketarako Zentroaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta beste administrazio publiko batzuetako larrialdi-zerbitzuetako aginte eta koordinazio zentroen arteko informatikako eta telekomunikazioetako estandar teknikoak.”

Hogeita bederatzi.–41. bis artikulua gehitzen da. Hau izanen da artikuluaren idazkera:

“41. bis artikulua. Larrialdien Kudeaketarako Zentroaren eginkizunak.

Nafarroako Gobernuak, erregelamendu bidez, zentro horren eginkizunak, antolamendua eta funtzionamendua arautuko ditu.

Erregelamendu bidez ezartzen diren eginkizunez gain, Larrialdien Kudeaketarako Zentroari honako hauek dagozkio:

a) Larrialdietako deiak hartzeko zerbitzua ematea 112 telefono zenbaki bateratuaren bidez.

b) Beharrezkoak diren zerbizuen koordinazioa eta bateragarritasuna kudeatzea eta teknikoki aldeztea.

c) Larrialdiaren bilakaeraren kontrola eta jarraipena egitea.

d) Babes zibileko informazio eta alerta sarearen transmisioen komunikazio, kontrol eta koordinazio sisteman parte hartzea.

e) Koordinazio operatiboko zentro eta koordinazio operatibo integratuko zentro gisa aritzea larrialdi egoera bat deklaratzen denean, babes zibileko kasuan kasuko plan autonomikoa abiarazi ostean, plana formalki abiarazi duen babes zibileko agintari eskudunaren zuzendaritzapean.”

Hogeita hamar.–41. ter artikulua gehitzen da. Hau izanen da artikuluaren idazkera:

“41. ter artikulua. Datuak bildu eta tratatzea Larrialdien Kudeaketarako Zentroan.

1. Herritarrek edo erakundeek Larrialdien Kudeaketarako Zentroarekin dauzkaten elkarrizketak, bai telefono bidezkoak bai irrati bidezkoak, grabatu eginen dira.

2. Larrialdi bat kudeatzeko prozesuarekin lotutako jarduketak eta komunikazioak –telematikoak, telefono bidezkoak nahiz irrati bidezkoak izan– Larrialdien Kudeaketarako Zentroaren kudeaketa sisteman erregistratuta geratuko dira, halako moduan non larrialdi-gorabeheren kudeaketari buruzko datuen gaineko informazio ofizialeko elementu bihur baitaitezke.

3. Datu pertsonalen babesari buruzko indarrreko legeriarekin bat bilduko eta tratatuko dira larrialdi-gorabehera bat kudeatzeko eta kasuan-kasuan laguntza emateko jarduketa materialak egiteko beharrezkoak diren datu pertsonalak eta informazioa.

Honako kasu hauetan biltzen ahalko dira datu pertsonalak: borondatez lagatzen direnean edo pertsonen osotasuna nahiz kaltetuaren edo hirugarrenen ondasunak babesteko edo kaltetuaren edo hirugarrenen bizi-premia bati erantzuteko beharrezkoak direnean.

Legedi indardunaren arabera babestuta gorde beharreko bestelako informazio batzuk ere biltzen ahalko dira, baldin eta erabakigarriak badira larrialdiari erantzuteko moduari begira edo beharrezkoa den laguntza materiala emateko.

4. Larrialdien Kudeaketarako Zentroak kasuko zerbitzu guztien eskura jarriko du larrialdi-gorabehera baten kudeaketarako informazioa, larrialdia kudeatzearen ondorioetarako. Izaera pertsonaleko datuak horien esku jarriko dira bakar-bakarrik pertsonen osotasuna edo bizi-premia bat babesteko nahitezkoak direnean.

5. Indarreko legeriak eta foru lege honek espresuki ezarritako kasuetatik at, ezin izanen da laga deiak hartu eta kudeatzeari esker eta horien ondorioz gorabeherek eta emandako laguntzek izandako garapenari esker ikasitako datu pertsonalik.

6. Larrialdien Kudeaketarako Zentroak kudeatutako gorabeheren grabazioak eta erregistroak gutxienez ere sei hilabetez eta gehienez ere bi urtez gordeko dira, agintaritza judizialak besterik agindu ezean.

7. Larrialdien Kudeaketarako Zentroak kudeatutako gorabeheren grabazioak eta erregistroak ezin izanen dira legedi indardunean ezarritako kasuetatik at laga.

8. Larrialdien Kudeaketarako Zentroaren arduradunak behar diren neurriak hartuko ditu teknika, kudeaketa eta antolamendu aldetik, datuen isilpekotasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatzeko eta ukitutako pertsonek indarreko legeriak aitortzen dizkien eskubideak baliatu ahal izateko.

Hogeita hamaika.–41. quater artikulua gehitzen da. Hau izanen da artikuluaren idazkera:

“41. quater artikulua. Babes Zibileko eta Larrialdien Kudeaketarako Zerbitzuetako langileen araubidea.

1. Larrialdien Kudeaketarako Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea osatuko dute Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak, estatutu hori garatzen duen araudiak, eta Larrialdien Kudeaketarako Zerbitzuaren eginkizunak, antolamendua eta funtzionamendu-araubidea ezartzen dituen foru dekretuak.

2. Babes Zibilerako Zerbitzuari atxikitako langileak edo Larrialdien Kudeaketarako Zentroa kokatzen ahal den zerbitzuari atxikitako langileak izanen dira betiere zentroan operadore edo salako nagusi modura zerbitzu ematen duten langileak, Larrialdien Kudeaketarako Zentroaren funtzionamendua arautzen duen foru dekretuan ezarritakoarekin bat. O-NOZeko medikuek edo EUDek ematen ahalko dute zerbitzua zentro horretan osasun arloko koordinazio-lanetan, bai eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko arduradunek ere, zentroaren funtzionamendua arautzen duen foru dekretuan ezarritakoarekin bat.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua nahiz estatutu hori garatzen duen araudia izanen dira segurtasun arloko goi mailako funtzionarioen araubidea, honako berezitasun hauekin:

Beren eginkizunak betetzen ari direnean, agintaritzako agentearen izaera izanen dute.”

Hogeita hamabi.–43. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“2. Protokolo operatiboak Larrialdien Kudeaketarako Zentroak taxutuko ditu eta babes zibilaren arloaren eskumena duen zuzendari nagusiak onetsiko ditu, parte hartzen duten baliabideen titularrekin adostu ondoren.”

Hogeita hamahiru.–44. artikuluari bigarren paragrafo bat erantsiko zaio. Testu hau izanen du:

“Halako eskudantziarik ezean, larrialdiaren kudeaketan inplikatutako zerbitzuen jardunaren zuzendaritza eta koordinazioa Babes Zibilerako Zerbitzuari egokituko zaizkio, segurtasun arloko goi mailako teknikarien bidez, zeinek zilegi izanen baitute zerbitzu operatiboek bertan dauzkaten buruzagiak eskuordetzea zeregin horietarako, gorabeheraren izaeraren arabera.”

Hogeita hamalau.–45.2. artikuluko h) eta j) letrak aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

“h) Larrialdietako osasun garraioak esleitutako baliabide berekiekin.”

“j) Uretako eta ur azpiko salbamenduak eta mendiko erreskate eta salbamendu teknikoa, zeinetan behar bezala prestatutako eta kualifikatutako langileek –horretarako berariaz sortuko diren laguntza-talde berezietan sartutakoek– parte hartuko baitute.”

Hogeita hamabost.–54. artikuluari 7. apartatua gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

“7. Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuetako lanpostuak betetzeko ezartzen diren proba fisikoetan genero-berdintasuna zaintzeko neurri egokiak hartuko dira.”

Azken xedapenetan lehena .–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Forudekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzea.

Bat.–Aldatu egin da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren Testu Bateginaren 82 artikuluaren 1. apartatua. Honela gelditu da:

“1. Berrogeita hamar funtzionario baino gehiago dauden Nafarroako administrazio publiko guztietan Langile Batzorde bana hautatuko da, eta horren kide-kopurua honako eskalaren arabera zehaztuko da:

–51tik 100era bitarteko funtzionario-kopurua: 7 kide.

–101etik 250era bitarteko funtzionario-kopurua: 9 kide.

–251tik 500era bitarteko funtzionario-kopurua: 13 kide.

–501tik 750era bitarteko funtzionario-kopurua: 17 kide.

–751etik 1.000era bitarteko funtzionario-kopurua: 21 kide.

–1.001etik aurrera: 2 kide gehiago, bostehun funtzionario edo zatiki bakoitzeko.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lau Langileen Batzorde hautatuko dira: bat, unibertsitateaz kanpoko irakasle diren funtzionarioek; beste bat, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek; beste bat, Nafarroako Suhiltzaileen eta Babes Zibileko zerbitzuko langileek; eta beste bat, administrazio horretako gainerako funtzionarioek.

Bi.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren Testu Bateginaren 83 artikuluaren 3. puntuari letra berri bat erantsi zaio. Honela gelditu da:

“f) Nafarroako Babes Zibil eta Suhiltzaile Zerbitzuei atxikitako langileak.”

Azken xedapenetako bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko otsailaren 28an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1902943

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web