(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2019 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 30EKOA, KANPOKO DESFIBRILADORE AUTOMATIZATUEN INSTALAZIOA ETA HORIEK ERABILTZEKO PRESTAKUNTZA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 33 - 18/02/2019



  I. ERANSKINA


  II. ERANSKINA. HASIERAKO PRESTAKUNTZAREN IKASTAROKO PROGRAMA. IRAUPENA, OSOTARA: 6 ORDU


  III. ERANSKINA. ETENGABEKO PRESTAKUNTZAREN AURREZ AURREKO SAIOAREN PROGRAMA IRAUPENA: 2 ORDU


  IV. ERANSKINA


  V. ERANSKINA


Zioen azalpena

Abuztuaren 31ko 176/2011 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean kanpoko desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoak osasun esparrutik at erabiltzeko arauak eman ziren.

Foru dekretu hori Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean xedatutakoa garatzeko eman zen, aipatu legearen informazio oinarrien eta printzipio orokorren artean baitago, besteak beste, osasunaren ikuspegi osoa. Hala, legeak xedatzen du ezen Foru Komunitateko osasun administrazioen bitartekoak, antolaketarako baliabideak eta jarduketak osasuna babesteko eskubidea asetzera bideratuko direla, honako hauen bidez: osasunaren babesa, eritasunei aurrea hartzea eta osasun-arreta.

Beste alde batetik, aintzat hartu beharrekoa da martxoaren 20ko 365/2009 Errege Dekretuaren bidez ezarri zirela kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak osasun esparrutik at erabiltzeko gutxieneko baldintzak eta betebeharrak segurtasunari eta kalitateari dagokienez, eta oinarrizko arau hori errespetatu beharra dagoela garapen-arauak ematean.

Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean aurreikusia dago osasun-zerbitzuez bestelako baliabideak garatzea denboraren menpeko larrialdietako ekintza osatzeko estrategia gisa, eta horretarako, beharrezkoa da puntako gailuak ezberdintzea eta prestakuntza beharrak errealitate teknologiko berrietara doitzea. Era berean, gailu horiek operatiboak izateko baldintza da informazio eguneratua, zehatza eta eraginkorra izatea, eta ezberdintzea zein diren lehentasunezko erregistroak eta zein larrialdi egoera batean espero daitekeen jarduketari kualifikazio maila apalago batean lagun diezaioketenak.

Hori horrela izanik, arau berriaren bidez aipatu foru dekretuaren aurreikuspenak eguneratu nahi dira, oinarriak finkatuz osasun sistemaz kanpoko desfibriladoreen integrazio operatiborako, denboraren menpeko larrialdietarako erabilgarrienak zeintzuk diren definituz. Halaber, arau honen xedea ere bada definitzea gailu horiek non instalatuko diren nahitaez, nortzuk jotzen diren gaitu beharrekotzat gailuak modu egokian erabiltzeko gako izanen direlakoan, gailuak erabiltzeko beharrezkoa den prestakuntza eta informazio operatibo eguneratua eskuratu ahal izateko beharrezko erregistroak. Osasun-langileek araudi propioa dutenez desfibriladoreak erabiltzeari dagokionez, ez zaizkie aplikatuko esku hartzen duten lehen pertsonen esku-hartzerako arau honetan ezarritako eskakizunak.

Mugatzeko zein espaziotan izanen den nahitaezkoa desfibriladoreak instalatzea, gailu horietako bat erabiltzea eskatuko duen egoera bat gertatzeko probabilitatea hartu da oinarritzat. Halaber, beste autonomia erkidego batzuetako araudia alderatu da nahitaezko instalazioa gomendatzen duten ratioak definitzeko.

Prestakuntzari dagokionez, gaur egungo araudiak ez ditu aurreikusten prestakuntzarako tresna telematikoek eskaintzen dituzten aukerak, eta horiek berariaz sartu dira prestakuntza alderdien artean. Orobat, aurreikusi da, nola ez, Administrazioak bermatu beharko duela oinarrizko prestakuntza etengabea eskuratzeko aukera; izan ere, desfibriladoreak nahitaez instalatu beharreko espazioak definitzeak berekin dakar nolabaiteko ardurakidetza gailu horiek erabiltzeko gakotzat jotzen diren pertsonen prestakuntzan. “Lehen esku-hartzaile” izena jasoko dute pertsona horiek.

Beste alde batetik, nahitaez instalatu beharreko gailuen operatibitatearen printzipioak berekin dakar Administrazioari horien berri ematea derrigorrez. Administrazioak nahitaez instalatu beharreko gailuen erregistroa izanen du, etengabe eguneratuko dena, barnean sartuta horiek erabiltzeko baldintza material eta pertsonalak ere; alabaina, horri ez zaio behar besteko soluziorik ematen gaur egun indarrean den araudiarekin.

Proposatutako araua tratu berdintasunaren printzipioan eta osasunerako eskubidean oinarrituta eman da.

Adierazitakoarekin bat, Osasun kontseilariak eskaturik, eta Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da osasun esparrutik kanpoko desfibriladore automatizatuen instalazioa arautzea, bai eta bihotz-biriketako geldialdia izan dutenei arreta emanen dieten lehen esku-hartzaileentzat beharrezkoa den prestakuntza ere.

2. artikulua . Definizioak.

Foru dekretu honetan xedatuaren ondorioetarako, honako definizioak hartuko dira aintzat:

a) Kanpoko desfibriladore automatizatua (KDA): produktu sanitario bat da, bihotzaren erritmoa analizatu, desfibrilazioa behar duten arritmia hilgarriak identifikatu eta bihotzaren erritmo bideragarria berrezartzeko deskarga elektrikoa ematen duena segurtasun-maila handiarekin. Definizio horren barruan kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak ere sartzen dira.

b) Edukiera: udal-lizentziaren edo ondorio horietarako emandako edo onartutako agiri baliokidearen arabera esparru bakoitzerako baimendutako gehieneko pertsona kopurua.

c) Lehen esku-hartzailea: betetzen dituen funtzioak direla-eta, bihotz-biriketako geldialdia izan duten pertsonei lehen arreta egiteko aukera gehien duen pertsona. Foru dekretu hau aplikatzeko baino ez, ulertuko da jarraian adierazten diren zerbitzu edo taldeetan dauden pertsonak sartzen direla:

-Udaltzaingoa, udal agenteak eta albienteak.

-Nafarroako Foruzaingoa.

-Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua.

-Igerilekuetako eta kirolerako eta jolaserako beste espazio batzuetako sorosleak.

-Arau honen 3. artikuluan zerrendatutako espazioak eta instalazioak jendearentzat zabalik dauden bitartean KDA gailuak erabiltzeaz arduratuko diren pertsonak.

3. artikulua . KDA gailu bat nahitaez izan behar duten espazioak eta instalazioak.

Espazio edo toki hauetan nahitaezkoa izanen da KDA gailu bat instalatua izatea, instalazioaren erdialdean eta urrunen dauden eremuekiko distantziakidea den tokian:

a) Saltegiak: merkataritzako azalera erabilgarria 2.000 metro koadrotik gorakoa bada.

b) Merkataritza-guneak: eraikin batean edo elkarri konektatutako eraikin batzuetan kokatutako saltegi multzo batez osatuak badaude eta merkataritzako azalera erabilgarri osoa 2.000 metro koadrotik gorakoa bada.

c) Aireportuak.

d) Autobus- eta tren-geltokiak: 10.000 biztanletik gorako herrietan.

e) Ikastetxeak: irakasleekin, irakaskuntzaz kanpoko langileekin eta ikasleekin 700 pertsonatik gora badituzte.

f) Lantokiak edo espazioak: elkarrekin lanean 700 pertsonatik gora badituzte.

g) Kiroldegiak, igerilekuak eta kirolerako edo jostetarako beste edozein instalazio: 500 pertsonentzako edukiera baimendua edo aurreikusia dutenak.

h) Ikuskizunak eta kultur edo josteta jarduerak antolatzen dituzten establezimenduak, instalazioak edo espazioak: 700 pertsonentzako edo gehiagorentzako edukiera baimendua badute.

i) 700 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duen beste edozein espazio edo instalazio.

j) Udaltzainak, udal agenteak edo albienteak dauzkaten herrietan, KDA bat izanen da patruila-ibilgailu operatibo batean gutxienez. 10.000 biztanletik gorako herrietan, KDA bat eramanen da patruila-ibilgailu operatiboen %50ean gutxienez.

k) Nafarroako Foruzaingoak gutxienez ere desfibriladore bat izanen du Iruñeko Komisaria Nagusiaren mendeko patruila operatiboetako batean, bai eta Altsasuko, Elizondoko, Lizarrako, Tafallako, Zangozako eta Tuterako komisarien mende daudenetan ere.

l) Desgaitasuna duten adinekoen egoitzak eta eguneko zentroak, 100 plaza baino gehiago badituzte.

4. artikulua . Kanpoko desfibriladore automatikoen instalazioa eta mantentzelanak.

1. Foru dekretu honen 3. artikuluan adierazitako espazio edo tokietako titular diren pertsona fisiko edo juridikoen betebeharra izanen da KDA gailuak instalatzea eta funtzionamendurako baldintza egokietan mantentzea.

2. KDA gailuek osasun produktuak arautzen dituen indarreko araudia bete beharko dute. Instalatzen dituzten entitateen arduradunen betebeharra da gailu horien mantentze-lanez eta kontserbazioaz arduratzea, fabrikatzaileak emandako jarraibideekin bat.

3. KDA gailuak jartzen diren lekuek tarte ageriko eta egoki bat izan behar dute, eta non jarri diren argi eta garbi adierazi beharko da, Bizkortzeari buruzko Nazioarteko Koordinazio Batzordeak (ILCOR) gomendatutako seinaleztatze unibertsala erabilita. Era berean, 112-SOS Nafarroa telefonoa ere jarriko da. Toki berean, gailua erabiltzeko jarraibideek ere egon beharko dute ikusgai, udalerriko hizkuntza ofizialetan, bai eta beste hizkuntza batzuetan ere, instalazioaren titularrak egoki jotzen badu.

5. artikulua . Erantzukizunpeko adierazpena, KDA jartzeari buruz.

1. Foru dekretu honetan xedatuari jarraikiz, KDA instalatzeko betebeharra duten pertsona fisiko edo juridikoek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute. Osasun Departamentuari zuzendu beharko zaio, eta 30 eguneko gehieneko epea izanen da horretarako, gailua instalatzen denetik hasita. Adierazpen horretan jaso beharko dira hori egiten duen pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazio datuak, non instalatuko den gailua, eta horrekin batera, KDA erabiltzea beharrezkoa denean, horretarako gaitutako pertsonaren identifikazio datuak, harremanetarako datuak eta ordutegia. Erantzukizunpeko adierazpen hori foru dekretu honen I. eranskinean ezarritako ereduaren arabera egin beharko da.

2. Aitorpena egokia dela egiaztatu ondoren, KDA 10.1 b) artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribatuko da.

3. KDA instalatzera behartuak ez dauden pertsona fisiko edo juridikoek adierazpen berbera egin dezakete, eta komunikazio horretan jasotakoa bete beharko dute nahitaez.

4. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak aldatzeko eta KDA kentzeko, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, 15 eguneko epean, aipatu aldaketa egin edo gailua kentzen denetik hasita.

6. artikulua . KDA gailuen erabilera.

1. Nahitaez instalatu beharreko KDAk osasun arlokoak ez diren langileek erabiliko dituzte, foru dekretu honetan ezarritakoarekin bat; horiek osasun larrialdietako zerbitzuen laguntza jasoko dute, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

2. KDA batekin jarduteak berekin ekarriko du 112-SOS Nafarroa larrialdietako telefonora berehala deitzea biziraupen katea urgentziaz aktiba dadin.

3. Gailua erabili ondotik, KDA erabili duen pertsonak hala jakinaraziko dio intzidentea gertatu den tokira hurbildu den larrialdi medikoetarako zerbitzuari, eta horrek bere arreta emateko protokoloan jasoko du, baloratzeko zenbateraino den eraginkorra KDA erabiltzea denboraren menpeko larrialdietan.

4. Salbuespen egoeratzat joko dira, eta beraz, prestatutako langileak salbuetsiak egonen dira KDA gailua erabiltzetik, baldin eta ez bada nahitaezkoa KDA gailu bat instalatua izatea (foru dekretu honetan definitutakoari jarraikiz) edo ezinezkoa bada berehalako esku-hartzerako prestatutako pertsonarik aurkitzea. Toki horretara prestatutako pertsona bat iristen bada, horrek lehentasuna izanen du KDA erabiltzeko osasun taldea iritsi arte.

7. artikulua . Lehen eskuhartzaileen prestakuntza.

1. 3. artikuluan adierazitako toki edo espazioetako arduradunak diren pertsona fisiko edo juridikoek zehaztuko dute zenbat izanen diren KDA gailuak erabiltzeko prestatuak dauden lehen esku-hartzaileak, halako moduz non bermatuko den gutxienez ere prestatutako pertsona bat egonen dela instalazioa funtzionamenduan dagoen ordutegi osoan.

2. Lehen esku-hartzaileek prestakuntza edo kualifikazio egiaztatua izan beharko dute, eta horrek gaituko ditu KDA gailuak Estatuko oinarrizko araudian ezarritakoaren arabera erabiltzeko; bestela, hasierako prestakuntza ikastaro teoriko-praktiko bat egin beharko dute, gutxienez ere foru dekretu honen II. eranskineko programa eta ebaluazio-prozedura izan beharko dituena.

3. Hasierako prestakuntza ikastaroaren iraupena, gutxienez, sei ordukoa izanen da, honela banatua: oinarrizko prestakuntza teorikoko hiru ordu, ahal dela telematikoki emanen dena, eta hiru orduko prestakuntza praktikoa, aurrez aurre eginen dena. Osasun Departamentuak prestakuntza teorikoko modulu bat jarriko du entitate prestatzaileen eskura proposatutako edukiarekin. Aurrez aurreko saioan parte hartzen dutenen kopurua hau izanen da gehienez: zortzi pertsona instruktore bakoitzeko.

Ikastaroaren aurrez aurreko saioa honetara bideratua egonen da: arnasbidearen buxadura libratzeko tekniken entrenamendu praktikoa, bihotz-biriketako bizkortzea eta KDA erabiltzea. Bizi euskarri aurreratuan prestakuntza duten medikuntzako edo erizaintzako profesionalak arduratuko dira zati hori koordinatzeaz eta zuzentzeaz.

Gainera, irakasle izaten ahalko dira medikuntza, erizaintza eta Osasun Larrialdietako Lanbide Heziketako tituluak dauzkatenak, edo oinarrizko bizi euskarrian prestakuntza duten instruktoreak. Nolanahi ere, ikastaroen aurrez aurreko saioen zuzendaritza aurreko paragrafoan definitutako pertsonei mugatuko zaie.

4. Ikastaroak emateko, beharrezkoa izanen da gutxienez ere material hau izatea: heldu-manikia (bat, prestatu beharreko lau pertsonako), haur-manikia (bat, prestatu beharreko zortzi pertsonako), simulaziorako desfibriladore bat adabakiekin (bat, prestatu beharreko zortzi pertsonako) eta materiala erabili ondotik garbitzeko eta desinfektatzeko elementuak.

5. Artikulu honen 2., 3. eta 4. apartatuetan aipatutako hasierako prestakuntza ikastaroa egin dutenak etengabeko prestakuntzako saio batera joanen dira bi urtean behin. Saioak izaera praktikoa izanen du eta bi orduko iraupena, foru dekretu honen III. eranskinean zehaztutakoarekin bat. Hamabi parte-hartzaile egonen dira gehienez instruktore bakoitzeko, eta aipatu apartatuetan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dira.

6. Artikulu honen 1. apartatuan sartuta ez dagoen edozein pertsonak egiten ahalko ditu II. eta III. eranskinetan jasotako ikastaroak. Horretarako, izena eman beharko du Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, horretarako aukera dagoenean, edo prestakuntza entitate publikoek edo pribatuek emandako ikastaroetan, foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

8. artikulua . Entitate prestatzaileek edo irakasleek bete beharreko baldintzak.

1. Lehen esku-hartzaileentzako ikastaroak antolatuko dituzte Nafarroako Gobernuaren mendeko irakaskuntza entitateek edo foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten beste entitate publiko edo pribatu edo pertsona fisiko batzuek.

2. Foru dekretu honen 7. artikuluan deskribatzen diren hasierako ikastaroak eta etengabeko prestakuntzakoak eman nahi dituzten pertsona edo entitateek, jarduerari hasiera eman aurretik, Osasun Departamentuan aurkeztu beharko dute IV. eranskinean ezarritako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpen bat bertan adierazitako dokumentazioarekin batera.

3. Adierazpenaren egokitasuna egiaztatu ondoren, 10.1a) artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribatuko da.

4. Irakasleak lanean hastea, haien bajak eta ikastaroen baldintzei eragiten dieten beste edozeinen aldaketa, bai eta jarduera bukatzea ere, erantzukizunpeko adierazpen bidez jakinaraziko dira 15 eguneko epean, horiek gertatzen direnetik hasita.

9. artikulua . Ziurtagiriak.

1. 7. artikuluko ikastaroak bukatzeak eta gainditzeak berekin ekarriko du prestakuntza entitateak edo irakasleak ikastaroa egin izanaren ziurtagiria ematea. Bertan agertuko dira agiria jaulkitzen duen entitatearen izena eta ikastaroa egin zeneko data, V. eranskineko ereduari jarraikiz.

2. Entitate prestatzaileek edo irakasleek egindako ikastaroen eta jaulkitako ziurtagirien erregistro bat izan beharko dute.

3. Foru dekretu honetan aipatutako prestakuntza egiaztatzearen ondorioetarako, balio bera izanen dute beste autonomia erkidego batzuetan edo Europar Batasuneko beste estatu batzuetan, indarreko araudiekin bat, antzeko ikastaroak ematen dituzten entitateek edo pertsonek jaulkitako ziurtagiriek.

10. artikulua . Administrazio erregistroak.

Honako erregistro hauek mantenduko dira, Osasun Departamentuari atxikiak:

a) Nafarroan kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeko prestakuntza ikastaroak emateko erantzukizunpeko adierazpena egin duten pertsona fisiko edo juridikoen erregistroa.

b) Instalatutako KDA gailuen erregistroa, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez jakinaraziak.

11. artikulua . Ikuskapena eta kontrola.

Osasun Departamentuak ikuskatuko ditu beren jardueraren erantzukizunpeko adierazpena egin duten entitate eta pertsona prestatzaileen jarduerak, bai eta desfribiladoreak badituztela jakinarazi duten pertsona fisiko edo juridikoen instalazioak ere, horiek foru dekretu honetan ezarritakoarekin bat ote datozen egiaztatzeko.

Xedapen Gehigarri Bakarra .Osasunlangileen eta lehen eskuhartzaileen prestakuntza.

Medikuntzako, erizaintzako eta Osasun Larrialdietako Lanbide Heziketako titulua dutenek, edo beren curriculumean bihotz-biriketako bizkortzea eta KDA gailuen erabilera duten osasun arloko beste profesional batzuek etengabeko prestakuntza egin beharko dute, beren prestakuntza plan berariazkoen araberakoa izanen dena.

Osasun arloko titulazio ofizialik izan gabe anbulantzien garraioan zerbitzu ematen dutenek frogatu beharko dute badutela foru dekretu honen 7. artikuluan lehen esku-hartzaileentzako ezarritako prestakuntza.

Lehen Xedapen Iragankorra .Lehenago prestatutako pertsonak.

Foru dekretu honen 7. artikuluan eta xedapen gehigarri bakarrean ezarritako prestakuntza ikastaroa egitera behartuak dauden pertsonek, indarrean baldin badute hasierako edo etengabeko prestakuntza egina dutela frogatzen duen ziurtagiria, ez dute hasierako prestakuntza ikastaroa egin beharko. Hori abuztuaren 31ko 176/2011 Foru Dekretuan eskatu zen, haren bidez eman baitziren Nafarroako Foru Komunitatean kanpoko desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoak osasun esparrutik at erabiltzeko arauak. Egiaztagiri horiek baliozkoak izanen dira arau honetan araututako baldintza berdinetan eta ondorio berberekin.

Bigarren Xedapen Iragankorra .Aurretik baimendutako prestakuntza zentroak.

Ikastaroak emateko baimenak indarrean dauzkaten prestakuntza entitateek (abuztuaren 31ko 176/2011 Foru Dekretuan aurreikusitakoarekin bat) horietan ezarritako indarraldiak iraun bitartean mantentzen ahalko dituzte. Epe hori iraganda, irakaskuntzako jarduera mantendu nahi badute, foru dekretu honetan aurreikusitakoarekin bat jardun beharko dute.

Hirugarren Xedapen Iragankorra .Bitarteko egokitze aldia.

Sei hileko egokitze aldia ezartzen da foru dekretu honetako 3., 7. eta 8. artikuluetan jasotako betebeharrak betetzeko.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira abuztuaren 31ko 176/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean kanpoko desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoak osasun esparrutik at erabiltzeko arauak ematen dituena, eta foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena .Garatzeko ahalmenak.

Osasuneko kontseilariari foru dekretu hau garatzeko beharrezko xedapenak emateko ahalmena ematen zaio.

Azken Xedapenetako Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

I. ERANSKINA

I. ERANSKINA

DESFIBRILADORE AUTOMATIKOA EDO ERDIAUTOMATIKOA (KANPOKO DESFIBRILADORE AUTOMATIKOA, KDA) EZARTZEAREN ADIERAZPENA (PDFA).

II. ERANSKINA. HASIERAKO PRESTAKUNTZAREN IKASTAROKO PROGRAMA. IRAUPENA, OSOTARA: 6 ORDU

II. ERANSKINA

a) On-line fasea. 3 ordu. Edukiak.

1. Bat-bateko heriotza kardiakoa.

Xedea: ezagutzea zer den bat-bateko heriotza kardiakoa eta zein den problemaren tamaina.

Edukiak: bat-bateko heriotza kardiakoaren epidemiologia. Zer da, zein den zergatia, non gertatzen den eta zer maiztasunez. Zer maniobra eta jarduketa izan daitezkeen erabilgarriak bizitzak salbatzeko edo kalteak murrizteko. Jarduteko araudi-esparrua, osasun arloa ez den ingurunean.

2. Biziraupen katea.

Xedea: biziraupen katearen lau katebegiak ezagutzea.

Edukiak: zer den biziraupen katea, haren katebegiak, eta horien garrantzia. Nola aktibatzen den.

3. Helduen eta adingabeen bihotz-biriketako bizkortzea.

Xedea: jakitea zer teknika eta abilezia behar diren bihotz-geldialdi bat ongi identifikatzeko eta kalitate handiko bihotz-biriketako bizkortzea egiteko, bai helduekin bai adingabeekin.

Edukiak: biktima inkontzienteari arreta ematea. Segurtasun-jarreran jarri (albo baten gainean). Arnasa agonikoa edo “gasping”a ezagutzea. Teknikak: masaje kardiakoa eta ahoz ahoko arnasketa eta ahotik aho-sudurrerako aireztapena. Teknikak helduentzat eta adingabeentzat. Noiz gelditu bihotz-biriketako bizkortzea.

4. Kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak erabiltzea.

Xedea: ezagutzea desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak erabiltzeko teknika.

Edukiak: fibrilazio bentrikularra eta KDA gailuen erabilgarritasuna. KDA motak. Koordinatuki erabiltzea KDA gailua eta bihotz-biriketako bizkortzea.

5. Arnasbidea gorputz arrotzarekin buxatzea, helduetan eta adingabeetan.

Xedea: jakitea zer teknikaren bidez identifikatzen den arnasbidearen buxadura eta nola kendu buxadura, helduetan eta adingabeetan.

Edukiak: nola behatu arnasketa eta nola identifikatu arnasbideetako buxadura bat. Noiz deitu 112ra. Arnasbideko buxadura kentzeko teknikak. Bihotza gelditzea arnasbidea gorputz arrotzarekin buxatzean.

6. Ebaluazioa.

On-line fasearen ebaluazio proba. Proba hau gainditzea nahitaezkoa izanen da aurrez aurreko fasera igarotzeko.

b) Aurrez aurreko fasea. 3 ordu.

1. Teoria.

Xedea: on-line faseko kontzeptuak finkatzea.

Edukiak: honako hauek laburki berrikustea eta zalantzak argitzea: bat-bateko heriotza kardiakoa, biziraupen katea, bihotz-biriketako bizkortzea, KDA gailuak erabiltzea helduekin eta adingabeekin, eta arnasbidea gorputz arrotzarekin buxatzea.

2. Helduen eta adingabeen bihotz-biriketako bizkortzea.

Xedea: praktikoki entrenatzea, ikasleekin eta manikiekin, bihotzaren geldialdia identifikatzen eta arreta egokia emateko teknikak eta abileziak eskuratzeko.

Edukiak: biktima inkontzienteari arreta ematea. Segurtasun-jarreran jarri (albo baten gainean). Arnasa agonikoa edo “gasping”a ezagutzea. Teknikak: masaje kardiakoa eta ahoz ahoko arnasketa eta ahotik aho-sudurrerako aireztapena. Teknikak helduentzat eta adingabeentzat. Egoera desberdinen simulazioa.

3. Kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak erabiltzea.

Xedea: praktikoki entrenatzea, KDA gailuen eta bihotz-biriketako bizkortzerako maniobren erabilera koordinatua egiteko.

Edukiak: KDA motak. Koordinatuki erabiltzea KDA gailua eta bihotz-biriketako bizkortzea helduekin eta adingabeekin. Egoera desberdinen simulazioa.

4. Arnasbidea gorputz arrotzarekin buxatzea, helduetan eta adingabeetan.

Xedea: Praktikoki entrenatzea, ikasleekin eta manikiekin, bihotz-biriketako bizkortzea egiten eta arnasbideetako buxadurak kentzeko teknikak gauzatzen helduekin eta adingabeekin.

Edukiak: nola behatu arnasketa eta nola identifikatu arnasbideetako buxadura bat. Teknikak: jarduketa-segida arnasbideak buxatzen direnean, biktima kontziente dagoela, helduekin eta adingabeekin. Zaplada intereskapularrak. Heimlichen maniobra. Konpresio torazikoak bularreko haurrekin. Bihotz-biriketako bizkortzeari hasiera ematea biktima inkontziente batekin.

5. Ebaluazio praktikoko proba.

Prestakuntza ikastaroak diseinatzean eta ematean, kontuan hartuko da bi sexuetako jendea egotea, bai arreta hartzen dutenen artean bai arreta ematen dutenen artean, eta, halaber, kontuan hartuko da zer berezitasun dauden programako bizkortze maniobrak egitean.

III. ERANSKINA. ETENGABEKO PRESTAKUNTZAREN AURREZ AURREKO SAIOAREN PROGRAMA IRAUPENA: 2 ORDU

III. ERANSKINA

1. Teoria.

Xedea: kontzeptuak finkatzea.

Edukiak: honako hauek laburki berrikustea eta zalantzak argitzea: bat-bateko heriotza kardiakoa, biziraupen katea, bihotz-biriketako bizkortzea, KDA gailuak erabiltzea helduekin eta adingabeekin, eta arnasbidea gorputz arrotzarekin buxatzea.

2. Helduen eta adingabeen bihotz-biriketako bizkortzea.

Xedea: praktikoki entrenatzea, ikasleekin eta manikiekin, bihotzaren geldialdia identifikatzen eta arreta egokia emateko teknikak eta abileziak eskuratzeko.

Edukiak: biktima inkontzienteari arreta ematea. Segurtasun-jarreran jarri (albo baten gainean). Arnasa agonikoa edo “gasping”a ezagutzea. Teknikak: masaje kardiakoa eta ahoz ahoko arnasketa eta ahotik aho-sudurrerako aireztapena. Teknikak helduentzat eta adingabeentzat. Egoera desberdinen simulazioa.

3. Kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak erabiltzea.

Xedea: praktikoki entrenatzea, ikasleekin eta manikiekin, KDA gailuen eta bihotz-biriketako bizkortzerako maniobren erabilera koordinatua egiten.

Edukiak: KDA motak. Koordinatuki erabiltzea KDA gailua eta bihotz-biriketako bizkortzea helduekin eta adingabeekin. Egoera desberdinen simulazioa.

4. Arnasbidea gorputz arrotzarekin buxatzea, helduetan eta adingabeetan.

Xedea: praktikoki entrenatzea, ikasleekin eta manikiekin, arnasbideetako buxadurak kentzeko teknikak gauzatzen, helduekin eta adingabeekin.

Edukiak: nola behatu arnasketa eta nola identifikatu arnasbideetako buxadura bat. Teknikak: jarduketa-segida arnasbideak buxatzen direnean, biktima kontziente dagoela, helduekin eta adingabeekin. Zaplada intereskapularrak. Heimlichen maniobra. Konpresio torazikoak bularreko haurrekin. Bihotz-biriketako bizkortzeari hasiera ematea biktima inkontziente batekin.

5. Ebaluazio praktikoko proba.

IV. ERANSKINA

IV. ERANSKINA

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, AGERTZEN DUENA EGIN DIRELA KDA GAILUA ERABILTZEKO HASIERAKO ETA ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO JARDUERAK (PDFA).

V. ERANSKINA

V. ERANSKINA

Ikastaroaren agiriaren edukia

-Irakaskuntza entitatearen identifikazioa: izena, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.

-Irakaskuntza entitatearen inskripzio zenbakia Osasun Departamentuaren Erregistroan.

-Hasierako prestakuntza edo etengabea.

-Bertaratu den pertsonaren izena, deiturak eta NANa.

-Ikastaroa egin den eguna eta tokia.

-Ikastaroaren ordu kopurua.

-Irakaskuntza entitateko arduradunaren sinadura.

Iragarkiaren kodea: F1901347

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web