159/2018 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 21EKOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, 223 EREDUA, “ZERGA KONTSOLIDAZIORAKO ARAUBIDEAREN JAKINARAZPENA, SOZIETATEEN GAINEKO ZERGARI DAGOKIONEZ”, ONESTEN DUENA
BON N.º 248 - 27/12/2018
Zerga kontsolidaziorako araubidea honako hauetan dago araututa: Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan eta abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren IV. tituluko II. kapituluan. Bi arau horiek berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituzten aipatu araubidera, Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legeak eta uztailaren 10eko 634/2015 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduak eragindako aldaketen ondorioz. Azken bi hauek Espainiako araudia zerga kontsolidazioaren arloan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia berrira egokitu beharraren ondorio ziren.
Araubide berriak bide ematen du talde fiskaleko entitate nagusia Espainiako lurraldeko egoiliarra ez izateko, betiere entitatea Sozietateen gaineko Espainiako Zergari lotuta eta ez salbuetsia badago eta paradisu fiskal bateko egoiliarra ez bada. Horrenbestez, Foru Komunitateko egoiliarra ez den entitate baten menpe zuzenean edo zeharka dauden entitate egoiliar guztiei talde fiskala osatzea ahalbidetzen zaie. Talde fiskala menpeko sozietateek soilik osatzen dute, eta nagusiak ez du bertan parte hartzen. Sozietate ez-egoiliarra nagusi bihurtzen da, baina berez ez da taldeko kide, eta, horren ordez, hark bere menpeko sozietateetako bat taldeko ordezkari izendatuko du. Sozietate nagusia entitate ez-egoiliarra den taldeetan aplikatutako tratamendu bera aplikatzen zaie foru araudiari lotutako entitate egoiliarrei, baldin eta beren sozietate nagusia araubide erkideko arauen menpe badago.
Ondorio horietarako, 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 51. artikuluak zehazten du Zerga kontsolidaziorako araubidea aukeratu dela jakinarazi egin beharko dela. Jakinarazpenean aipatuko dira talde fiskala osatzen dituen sozietateak eta, kasua bada, ordezkari gisa izendatutako entitatea, dagozkien akordioekin batera.
Horrekin bat, bidezko da 223 eredua, “Zerga kontsolidaziorako araubidearen jakinarazpena, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez”, onestea.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
1. artikulua . 223 eredua onestea.
223 eredua onesten da (Zerga kontsolidaziorako araubidearen jakinarazpena, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez), eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.
223 eredua telematikoki aurkeztuko da, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzei eta prozedurari jarraikiz.
Eredu hori formatu elektronikoan baizik ezin da eskuratu.
2. artikulua . 223 eredua aurkeztera behartuak daudenak.
1. 223 eredua aurkeztera behartuak daude Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27. artikuluari jarraikiz Nafarroako Foru Komunitatean tributatzen duten kontsolidatutako taldeen entitate ordezkariak, honako kasu hauetan:
a) Sozietateen gaineko Zergari dagokionez Zerga kontsolidaziorako araubidea aukeratzen dutenean, 26/2016 Foru Legearen 103.6 artikuluaren lehen paragrafoan aurreikusitako alta jakinaraztearen ondorioetarako.
b) Entitate nagusiak (Espainiako lurraldeko ez-egoiliarra edo banakako tributazioaren araubidean lurralde erkideko araudiaren menpeko egoiliarra) hartutako akordioa jakinarazteko, zeinaren arabera 26/2016 Foru Legearen 103.6 artikuluaren bigarren paragrafoak aipatutako talde fiskalaren entitate ordezkaria izendatzen baita.
c) Talde fiskalaren osaeran izandako aldaketak jakinarazteko, 26/2016 Foru Legearen 103.6 artikuluaren azken paragrafoak xedatutakoaren arabera.
d) Zerga kontsolidaziorako araubidea aplikatzeari uko egiten zaiola jakinarazteko, 26/2016 Foru Legearen 103.6 artikuluak xedatutakoaren arabera.
3. artikulua . 223 eredua aurkezteko epea.
223 eredua epe hauen barruan aurkeztuko da:
a) Altaren jakinarazpena, araubide hau aplikatzekoa den zergaldia hasi baino lehen.
b) Talde fiskalaren osaeran izandako aldaketaren jakinarazpena, aldaketa gertatzen den zergaldia bukatu baino lehen.
c) Baja edo zerga kontsolidaziorako araubidea aplikatzeari uko egiten zaiola jakinaraztea, bi hilabeteko epean, aipatu araubidea aplikatzekoa den azken zergaldia bukatzen denetik aurrera.
4. artikulua . 223 ereduarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
223 eredua 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 51.b) artikuluak aipatutako dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.
5. artikulua . 223 ereduaren Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak.
223 ereduaren aitorpen informatiboaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:
1. Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
2. Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarria dagoenari jarraikiz.
Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
3. Hirugarrenen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpoko lankidetzarako ituna onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hirugarrenen izenean aitorpena telematika bidez aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek foru agindu honek aipatzen duen ereduari dagokionez erabiltzen ahalko dute ahalmen hori.
6. artikulua . 223 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko prozedura.
223 ereduaren aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko, web inprimakia erabiliz, prozedura hau erabiliko da:
1. Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura sartu Interneteko helbide honen bidez: http://www.hacienda.navarra.es.
2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
Xedapen Iragankor Bakarra. 223 ereduaren aurkezpena, foru agindu honek indarra hartu baino lehen zeuden kontsolidazio fiskaleko taldeei dagokienez.
Foru agindu honek indarra hartu baino lehen zegoen kontsolidazio fiskaleko talde baten entitate ordezkariak 223 eredua aurkeztu beharko du, taldeak 2018ko abenduaren 31n zuen osaera Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazteko.
Aipatu komunikazioa 2019ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren komunikazioei aplikatuko zaie.
Iruñean, 2018ko abenduaren 21ean.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1815685