(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

22/2018 FORU LEGEA, azaroaren 13koa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 226 - 22/11/2018



HITZAURREA

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 160.1 d) artikuluan hitzez hitz esaten denez, auto hauek salbuetsirik egonen dira trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergatik: “Baliourrituen edo bereziki egokituriko autoak, baldin behar den baimenaren jabe diren baliourrituenak badira eta haiek bakarrik erabiltzekoak, 12 zaldi fiskaletik beheitikoak badira. Salbuespenaren muga baliourritu bakoitzarentzat ibilgailu bat izanen da”.

Alde horretatik, Nafarroako arau indarduna salbuespen hori arautzen duten beste arau berriago batzuk baino nabarmen murriztaileagoa da; esate baterako, lurralde erkidean aplikatzen dena baino murriztaileagoa –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretua, Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateratua onartzen duena–.

Horri dagokionez, Nafarroako Arartekoak berak ere behin baino gehiagotan iradoki du Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 160.1 d) artikuluan ezartzen den trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren salbuespena aldatua izatea bultzatu beharko litzatekeela, halako moduan non Nafarroan bizi diren pertsona desgaituek ez baitute jasoko Estatuko beste lurralde batzuetan ematen dena baino tratu okerragorik.

Ikus daitekeenez, Nafarroako legedia zaharkiturik gelditu da, eta beharrezkoa da, hainbat arrazoi direla medio, hori aldatzea:

–Foru legean erabilitako terminologia bera; hartara, “baliourritu” terminoa erabili ordez “pertsona desgaitu” erabili beharko litzateke, Mendetasun-egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala eta zainketa sustatzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriarekin eta Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioarekin bat.

–Baliteke, egia da, hamabi zaldi fiskaleko muga ez etortzea guztiz bat automobil-merkatuaren errealitatearekin eta desgaitasuna duten pertsonen beharrizanekin; izan ere, pertsona horiek, gurpil-aulkiak eraman behar izateagatik edo, are, beren zaletasunengatik, baliteke ibilgailu handi samarrak behar izatea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean salbuespen fiskala aplikatzeko muga gisa ezartzen den baino potentzia handiagokoak.

–Desgaitasuna duten pertsonek ez dute beti behar bereziki egokitutako ibilgailu bat, baina behar izaten dute, bai, ibilgailu bat.

–Bereziki egokitutako ibilgailuak ez daude desgaitasuna duen pertsonaren izenean soilik, ezpada pertsona hori batetik bestera eramateaz arduratzen diren beste titular batzuen izenean ere.

–Orobat uste dugu zerga-salbuespen hori halaber eduki beharko luketela desgaitasuna duten pertsonak garraiatzeaz arduratzen diren irabazi asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutako ibilgailuek.

Autonomia bermatzeko gakoetako bat da desgaitasuna duten pertsonei ahal den guztian erraztea arreta-zerbitzuetarako irispidea, eta haien mugikortasuna eta gizarteratzea erraztea; horretarako, administrazio publikoek beharrezkoak diren mekanismo guztiak jarri behar dituzte, desgaitasuna duten pertsonei diskriminazioren bat dakarkien oztopo oro kentzeko.

Artikulu bakarra.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzea.

2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginarekin, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen honako agindu hauek honela idatzita geratuko dira:

1. 160.1. artikuluari c') letra berria gehitzen zaio:

“c') Irabazi asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutako ibilgailuak, desgaitasuna duten pertsonak garraiatzekoak”.

2. 160.1.d) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“d) Bereziki egokitutako ibilgailuen titularrei. Orobat salbuetsita egonen dira % 33 edo gehiagoko desgaitasun-gradua duten pertsonen izenean matrikulatutako ibilgailuak, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

1. Mugikortasun urritua izatea, Desgaitasun gradua aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskinean jasotakoarekin bat.

2. Defizit kognitiboa, intelektuala edo nahasmendu mentala izatea.

3. Begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa izatea zuzenketarekin, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikuseremua izatea.

4. Adingabea izatea.

Salbuespena 12 zaldi fiskal edo gutxiagoko ibilgailuetarako baino ez da izanen, eta pertsona bakoitzeko ibilgailu batekoa gehienez”.

Azken xedapenetan lehenengoa .–Araugintzarako gaikuntza.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek 2019ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko azaroaren 13an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo

Iragarkiaren kodea: F1813806

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web