130/2018 FORU AGINDUA, URRIAREN 8KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, 2018KO EKITALDIKO NAFARROAKO AURREKONTU OROKORRAK ETA BALANTZE KONTUAK IXTEKO ETA LIKIDATZEKO ETA 2019KO EKITALDIA IREKITZEKO ARAUAK ONESTEN DITUENA
BON N.º 209 - 29/10/2018
ERANSKINA. Xedea
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 123. artikuluak ezartzen duenez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio erregelamendu ahalmena erabiltzea, kontuen eta kontabilitate publikoari buruzko gainerako agirien egitura, justifikazioa, tramitazioa eta kontu-ematea zehazteko. Horren ondorioz, beharrezkoa da, aurreko urteetan bezala, 2018ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta horiek 2019ko ekitaldian irekitzeko arauak onestea.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
1. 2018ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta likidatzeko eta 2019ko ekitaldia irekitzeko kontabilitate aplikazioak erregulatzeko arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.
Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eta erakunde autonomoek behar diren jarraibideak emanen dituzte foru agindu honetan xedatutakoa burutu eta betetzeko.
Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Parlamentuari, Kontuen Ganberari, Arartekoari, Nafarroako Kontseiluari, departamentuetako idazkaritza tekniko nagusiei, erakunde autonomoei, sozietate eta fundazio publikoei, Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuari, Kontabilitate Zerbitzuari, Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuari eta kontu-hartzailetza delegatuei igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, orok jakiteko eta aplikatzeko.
Iruñean, 2018ko urriaren 8an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
ERANSKINA. Xedea
Arau hauen xedea da 2018. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta likidatzeko eta 2019ko ekitaldia irekitzeko jarraitu beharreko arauak zehaztea.
1. Gastuen aurrekontua.
1.1. 2018ko ekitaldiaren itxiera.
1.1.1. Aurrekontuko aldaketak tramitatzeko epea.
Aurrekontuko aldaketen espedienteak beranduenez 2018ko azaroaren 30ean ebatziko dira, salbu eta aldaketak beharrezkoak badira egun hori baino lehen hartutako konpromisoei erantzuteko eta jada egindako gastuak aplikatzeko. Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiak baimendu beharko ditu egun horren ondoren egiten diren edonolako aldaketak.
1.1.2. Espedienteak tramitatzeko epea (D, AD).
Abenduaren 7tik aurrera ezin izanen da gastu-konpromiso berririk tramitatu, salbu eta gastu baimena 2018ko urriaren 20a baino lehen kontabilizatuta duten diru-laguntzak eta kontratu esleipenak. Horrenbestez, ezin izanen da sortu kontabilitate agiririk gastu-konpromiso berririk ekarriko duenik, kontuan hartu gabe zein ekitalditan eraginen duten.
Muga horretatik kanpo geldituko dira bai Toki Entitateek Nafarroako Zergetan Parte Hartzeko Funtsean integratutako kapital transferentziak, zeinak abenduaren 21a arte tramitatzen ahalko diren, bai Nafarroako Gobernuak 2018ko abenduaren 7a baino lehen baimendutakoak, bai Nafarroako Gobernuak data horren ondotik baimendutakoak, Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik ontzat emanez gero.
1.1.3. Espedienteen fiskalizazioa.
Espedienteen fiskalizazioa aldekoa izan dadin, administrazio egintza ekitaldi beraren barruan egin beharko da. Sisteman 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen sartzen diren fakturen kasuan, 1.1.5.1 puntuan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta ordainduak izateko ebazpenik behar ez badute, haien fiskalizazioa urtarrilaren 16ra arte egiten ahalko da.
Abenduaren 17tik aurrera, fiskalizazioa egiteko orduan lehentasuna izanen dute obligazioen aitorpenarekin lotutako espedienteek.
1.1.4. Aurretiazko tramitazioaren gastuak.
Ekitaldia bukatutakoan ebatzi ez diren gastu espedienteek bidezko diren jarduketei eutsiko diete tramitazioari segida emateko, hurrengo ekitaldiari egotzita.
1.1.5. Aitortutako obligazioak 2018ko ekitaldiaren kargura.
2018ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura egozten ahalko dira, bakar-bakarrik, jada egindako gastuek sortutako ordainketa obligazioak, betiere ekitaldia bukatu baino lehen aitortuak badira.
Ondorio horietarako, gastu horiek hornitzailearen faktura bidez frogatuko dira, egindako obren ziurtagiri bidez edo diru-laguntza kobratzeko eskubidearen frogagirien bidez, oinarri arautzaileetan ezarritakoaren arabera. 2018an egindakotzat joko dira aipatutako agiriei dagozkien gastuak, betiere idatzirik jasota baldin badago Administrazioak urte horretan jaso dituela. Hori frogatzeko, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren maiatzaren 16ko 150/2014 Foru Aginduan arautzen den Fakturen Erregistroko idatzoharra erabiliko da, edo Diru-laguntzen Justifikazio Kontuen Erregistrokoa edo dokumentuen Sarreren Erregistrokoa, hala badagokio.
1.1.5.1. Obligazioak kontabilizatzeko epeak.
Aurrekontu gauzatzeari dagozkion agiri guztiek, edozein aurrekontu fasetakoek, sistema informatikoan erregistratuta egon beharko dute behin-behinekoz, 2018ko abenduaren 31 baino lehen, salbu eta nomina bidezko ordainketei, gastuaren sailkapen ekonomikoaren 16. eta 48. artikuluei (enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotari dagokionez) eta atal honetako hurrengo lerroaldeetan aipatutakoei dagozkienak. Egun horretatik aurrera ezin izanen da obligazioen aitorpenerako kontabilitate espedienterik sortu; dena dela, dagozkion akats zuzenketak egin ahal izanen dira, baita 1.1.3 atalean aipatzen diren fakturen aurreko kontabilizazioa ere (sisteman 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen sartzen diren fakturak eta ordaintzeko ebazpenik behar ez dutenak). Faktura horien aurreko kontabilitatea urtarrilaren 8ra arte erregistratzen ahalko da.
Bestalde, 2018ko urtarrilaren 18rako kontabilizatuta egon beharko dute 2018. urteari dagozkion eragiketa guztiek, barne direla 2018ko ekitaldian aitortutako obligazioekin lotutako zuzenketa faktura negatiboak, betiere abenduaren 31 baino lehen jaso badira.
Aurreko atalean finkatutako azken egunean behin betiko kontabilizatuta ez dauden obligazioen aitorpenak baztertu eginen dira. Puntu honetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz baztertzen diren gastuak 2019ko ekitaldiaren kargura egotziko dira, hala badagokio.
Arau hauen kariaz kontabilizatu diren obligazioen kargura, bidezkoak diren ordainketak egin daitezela agintzen ahalko da.
1.1.5.2. Langileria gastuak.
Abenduko nominan ordaindutako gastuen kontabilizazioa 2018ko abenduaren 23a baino lehen egin beharko da.
Kasuko partidan kreditu aski ez badago eta, horrenbestez, aurreko lerroaldean aipatutako gastua egiterik ez badago, arazoa 2019ko urtarrilaren 7rako ebatzi beharko da. Egun horretarako, aurrekontuko 16. eta 48. artikulu ekonomikoetan biltzen diren gastu guztiek kontabilizatuta egon beharko dute, enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotari dagokionez.
2018. urtean emandako zerbitzuetakoak izan arren, 2019ko urtarrileko nominan edo hurrengoetan ordaintzen diren denborazko kontzeptuen ordainsariak (dietak, aparteko orduak, jaiegunetako lana eta antzekoak) 2019ko aurrekontuari egotziko zaizkio.
1.1.6. Justifikatu beharreko funts libratuak.
Abenduaren 20ko 385/1993 Foru Dekretuak justifikatu beharreko funts libratuak arautzen ditu, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren 172/1994 Foru Aginduak aipatu foru dekretua garatu zuen. Halaber, 13/2007 Foru Legearen 56. artikuluak horiek arautu zituen berriro, eta indargabetu, hirugarren azken xedapenaren bidez, foru lege horretan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak oro.
Xedapen horietan ezarritakoa betetzeko, aurrekontuaren itxiera eragiketei dagokienez, honako arau hauek hartu beharko dira kontuan:
1.1.6.1. Kutxa finkoko aurrerakinak.
Kutxa finkoko aurrerakintzat jotzeak aukera ematen du aurrerakin hori ez itzultzeko eta emakida berri bat eskatzeko, ekitaldiaren itxieran eta irekieran. Dena dela, kutxa finkoko aurrerakinak kudeatu eta horien jarraipena egiteaz arduratzen diren organoek txosten bat eginen dute, funts horiek 2018ko abenduaren 31n duten egoera biltzen duena. Txostena dagokion organo arduradunak sinatuko du, eta Kontabilitate Zerbitzura igorriko da, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen.
Aipatutako txostenak informazio eta euskarri hauek edukiko ditu:
a) 2018ko abenduaren 31n justifikatutako eta kontabilizatutako gastuaren zenbatekoa, data horretan aurrerakinaren kontu korrontera itzuli gabekoa. Dagozkion kontabilitate espedienteak adieraziko dira.
b) Luzatu diren taloien zenbatekoa, baldin eta onuradunak kobratu baditu eta 2018ko abenduaren 31n justifikatu gabe eta kontu korrontearen saldora itzuli gabe badaude. Zenbateko horien eta hartzaileen zerrenda emanen da.
c) Kasuko justifikazioa aurkeztuta ere, onuradunek kobratu ez dituzten taloien zenbatekoa. Hirugarrenen, kontzeptuen eta zenbatekoen zerrenda emanen da.
1.1.6.2. Justifikatu beharreko ordainketa aginduak.
a) Ordainketa agindu hauek jasotzen dituztenek justifikatu egin beharko dute hartutako diru kopuruen aplikazioa, eta, hala egin behar bada, Diruzaintzara itzuli erabili gabeko funtsak, 2018ko abenduaren 20a baino lehen (abenduaren 2. hamabostaldia). Ekitaldiko diruzaintza ixteko behar diren koadratzeak egin ahal izateko, abenduaren 20ko epea bete ezin izan duten erabili gabeko funtsen itzulketa ohiko hamabostalditik kanpo ingresatuko da, betiere abenduaren 31 baino lehen. Hori horrela izan dadin, justifikatu beharreko funts horien kudeaketaz eta segimenduaz arduratzen diren organoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte hori betetzeko.
b) Justifikatu beharreko ordainketa aginduen kudeaketaz eta segimenduaz arduratzen diren organoek 2018ko abenduaren 31n funts horiek duten egoerari buruzko txostena egin beharko dute. Txostena dagokion organo arduradunak sinatuko du, eta Kontabilitate Zerbitzura igorriko da, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen.
Aipatutako txostenak informazio eta euskarri hauek edukiko ditu:
-2018ko abenduaren 31n ordaindu eta justifikatutako gastuaren zenbatekoa, kontabilizatu gabekoa. Dagozkion fakturen eta zenbatekoen zerrenda emanen da.
-Luzatutako taloiak, baldin eta 2018ko abenduaren 31n justifikatu gabe badaude, onuradunak kobratuak izan zein ez, eta atal honen a) letran ezarritakoa gorabehera. Zenbateko horien eta hartzaileen zerrenda emanen da.
1.2. 2019ko ekitaldiaren irekiera.
1.2.1. Fakturen Erregistroko esleipen kodeak 2. eta 6. kapitulu ekonomikoak ez diren partidetan sortzeko gaikuntza.
2. eta 6. kapitulu ekonomikoak ez diren aurrekontuko partidak dituzten kontabilitate zentroek, Fakturen Erregistroaren bidez kudeatutako fakturazio-agiriak aplikatu behar badituzte horietan, 2019ko ekitaldian hori egiteko aukera izan behar dutela komunikatuko diote Kontabilitate Zerbitzuari 2019ko urtarrilaren 9a baino lehen, kontuan hartu gabe 2018ko ekitaldian aukera hori izan duten ala ez.
1.2.2. Lehendik dauden egoeren aurrekontu kontabilizazioa.
Ekitaldi berriko aurrekontu programa bakoitzean, eta gastuari hasiera eman aurretik, aurrekontu berriaren kargura finantzatu beharreko gastuei dagozkien aurrekontuaren exekuzioaren faseak kontabilizatuko dira. Faseak honako hauek dira:
-Bakarrik kreditua erreserbatzea nahitaezkoa duten kontratuei, zeinetatik ekitaldia bukatutakoan prestazioa oraindik jaso gabe dagoen, dagozkien kreditu erreserbak.
-Diru-laguntzetarako nahiz kontratuetarako gastu baimenak, aldez aurreko tramitazio egoerei dagozkienak.
-Ixten den ekitaldiaren bukaeran indarra duten eta ekitaldi berriko aurrekontuaren kargura finantzatu behar diren gastu konpromisoak; konpromiso horiek hasten den ekitaldian ordaindu beharreko urte anitzeko gastu konpromisoetako urteko sariei lotuak izan daitezke, edo, ixten den aurrekontuan kontabilizatuta egon arren, ekitaldiaren bukaeran obligazioa aitortu gabe dutenak, betiere, azken kasu horretan, konpromisoaren titularra den hirugarrenak ekitaldi berrian eskatzerik baldin badu aurreko ekitaldian kontabilizatutako konpromisoari dagozkion obligazioak.
Aurretik aipatutako urte anitzeko dokumentuetan urte bati dagokion atalean doikuntzak egiteko (ekitaldi berriko aurrekontu-zuzkiduretara egokitzeko), beharrezkoa izanen da 2019ko ekitaldia irekitzea. Kasu horietan, eta horretarako bakarrik, itxitako ekitaldia irekitzeko eskatuko zaio Kontabilitate Orokorraren Atalari.
Egoera horiek PEP elementuen birprogramazioa, eranskin honen 3. atalean aipatutakoa, egin ondoren kontabilizatuko dira. Bidezko diren kontabilitate eragiketa guztiak eginik, Kontabilitate Zentro bakoitzeko arduradunak kontu-hartzaile delegatuari jakinaraziko dio, Kontu-hartze Orokorrean eskuratuko den inprimakia beteta.
1.2.3. Aurrekontuaren gaitasun finantzarioaren bermea.
Aurrekontu berria aurreikusi diren konpromiso guztiak finantzatzeko gai dela bermatzeko, kontu-hartzailetzak ez du inolako gastu baimenik edo aurrekontuaren aldaketarik fiskalizatuko, fiskalizazio horiek aurrekontuaren gaitasuna kaltetzen ahal dutenean, hala egun duen egituran, nola aurreko atalean aipatutakoari jarraikiz kontabilizatu behar diren eragiketa guztiei erantzuna emateko asmoz departamentuaren titularrak aurrekontuen kudeaketari buruz egin behar dituen ohiko operazioak egin ondoren. Eragiketa horiek erabaki berrien aurretik kontabilizatu behar dira. Hortaz, lehendik dauden egoerak behar den bezala kontabilizatu gabe gastu berriak baimentzeko organo kudeatzaileek egiten duten proposamen orori dagokionez, kontsideratuko da, oztopo oharren ondorioetarako, ez duela behar bezala ziurtatzen aurrekontuan dirurik badela.
2. Diru-sarreren aurrekontua.
2.1. 2018ko ekitaldiaren itxiera.
2.1.1. Diru-sarreren esleipena.
13/2007 Foru Legearen 28. artikuluak xedatzen du aurrekontu-ekitaldiari egotziko zaizkiola ekitaldi horretan likidatutako eskubideak, zer alditan sortuak diren kontuan hartu gabe.
Horrekin bat, 2018ko diru-sarreren aurrekontuari urte horretan aitortu diren eskubideak aplikatuko zaizkio, kontuan izanda, edonola ere, haien kontabilizazioa 2019ko urtarrilaren 12a bitarte egin daitekeela.
2.1.2. Formalizaziotik datozen diru-sarrerak.
2019ko urtarrilaren 12rako, lan pertsonalaren etekinen eta ondasun higigarrien kapitalaren etekinen atxikipenengatik sortzen diren diru-sarrera guztiak aplikatu beharko zaizkie dagozkien partidei, bai eta, halakorik bada, formalizaziotik datozen gainerako diru-sarrerak ere.
2.2. 2019ko ekitaldiaren irekiera.
Kontabilitate zentroek egiaztatu beharko dute, 2018ko abenduaren 31 baino lehen, dagozkien eta 2019ko ekitaldian indarra izanen duten tributuz besteko diru-sarrera normalizatuen kontzeptu guztiek jasotzen dituztela 2019ko ekitaldirako aurreikusitako diru-sarreren aurrekontuko partidak.
Aurreko atalean ezarritakoa gertatzen ez bada, eta aurrekontu berriak indarra hartu ondotik, kasuko kontzeptuen bertsio berriak sortu beharko dira, eta diru-sarreren aurrekontuko partidak eguneratu.
3. Gastuetarako proiektuak.
2019ko otsailaren 9rako, gastuetarako proiektuen kudeatzaileek proiektu horietako PEP elementuak berrantolatu beharko dituzte, 2018ko ekitaldiaren itxieran izandako gauzatzearen eta eskura dagoen informazioaren arabera. Halaber, 2019ko ekitaldia (proiektu eta PEP elementuena) baliozkotuko da informazio sisteman.
4. Balantze kontuak.
Kontabilitate itxierako eragiketa obligatuetan ezinbestekoa da ondare egoera azaltzeko aurkeztuko diren finantzen egoera orrien zehaztasuna bermatzea. Horregatik, egiaztapen batzuk egin eta dokumentatu behar dira, balantzeko kontuak eta departamentuetan dauden erregistro lagungarriak bat datozela ziurtatzeko. Koadratze hori egiaztatzeko, kontabilitate zentroek hurrengo ataletan aipatzen den informazioa eman beharko dute.
4.1. Ibilgetu materiala eta immateriala.
Ondare Zerbitzuak, Foru Komunitateko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa prestatu eta eguneratzeko ardura duen aldetik, lurrei, eraikinei eta ondasun higigarriei dagozkien eta aplikatzeko dauden bajei buruzko informazioa eman beharko dio Kontabilitate Zerbitzuari, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen. Era berean, data hori baino lehen, zerrenda bat bidaliko dio Kontabilitate Zerbitzuari, etorkizunean etekin ekonomikoak edo zerbitzua emateko probabilitate handia duten aktibo immaterialetan egindako gastuak jasoko dituena.
Garapen Ekonomikorako Departamentuak txosten bat egin beharko du 2018ko ekitaldian “Nafarroako AHTko Korridorea” izeneko 2320601901cfna kontuan aktibatu beharreko gastuei buruz, bai eta aktibo horrek 2018ko abenduaren 31n duen balioari buruz ere. Txostena 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen bidaliko zaio Kontabilitate Zerbitzuari.
4.2. Finantza inbertsio iraunkorrak (250, 251, 252, 259, 260 eta 542 kontuak).
4.2.1. Ondare Zerbitzuak, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen, Kontabilitate Zerbitzura igorri beharko du 250 (Akzioak), 251 (Errenta finkoko baloreak) eta 259 (Akzioengatik ordaindu beharrekoak) kontuei dagozkien saldoen informazio txostena, 2018ko ekitaldian izandako aldaketen berri emanez eta adieraziz aldaketa horiek aurrekontuak gauzatzean eraginik izan duten ala ez.
Txostenak, halaber, hauxe jasoko du:
a) Nafarroako Gobernuak eta haren erakunde autonomoek 2018ko abenduaren 31n dituzten akzioei buruzko informazio hau:
-Akzioen kopurua.
-Balio nominala.
-Partaidetzako sozietatearen kapitalean zer partaidetza portzentaje hartzen duten.
-Urtean egindako kapital handitze edo murrizteak, edo ekitaldiko aurrekontuan behar den aplikazioa eginez hasitakoak, eta horien tratamendua aurreko puntuetan emandako datuetan.
-Nafarroako Gobernuak erosi edo saldutako harpidetza eskubideak.
b) Aurreko informazioa kontuan hartuta, akzioengatik ordaindu beharrekoen eta emandako partaidetza maileguen egoeraren edo aplikazioaren zerrenda.
c) Aurreko ataletan aipatu gabeko edozein finantza aktibo eskuratu bada, horren gaineko informazioa.
d) Aipatutako tituluetako batzuek baloreen merkaturen batean kotizatzen badute, ekitaldiko azken hiruhilekoko batez besteko kotizazio ofiziala eta itxierako ekitaldiko abenduaren 31ko kotizazioa ere emanen dira.
Azkenik, 2019ko otsailaren 9a baino lehen igorri beharko du, akzioei dagokienez, 2018ko abenduaren 31n Nafarroako Gobernuaren edo haren erakunde autonomoen jabetzakoak diren sozietate pribatuen eta publikoen arabera, sozietatearen funts propioetan dagoen partaidetzaren kuantifikazioa, 2018ko abenduaren 31n, edo sozietatearen funts propioei buruzko informazioa, 2018. urteko ekitaldiaren urteko itxiera balantzean, eta sozietate bakoitzari dagozkion partaidetza portzentajeak.
4.2.2. Maileguak, epe luzerako aurrerakinak edo Nafarroako Ogasun Publikoaren beste kreditu batzuk (252 eta 260 kontuak ukitzen dituztenak) eman dituzten departamentu edo erakunde autonomoetako kontabilitate zentroek sistema informatikoan mailegu horietako bakoitzari buruzko informazioa sartu beharko dute, 2018ko abenduaren 31n eguneratuta. Departamentuek, 2019ko urtarrilaren 31a baino lehen, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ziurtagiri edo txosten bat igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura, egiaztatzen duena kontabilitate datuak bat datozela Departamentuan dauden administrazio espedienteetako hirugarrenen zerrendarekin (zerrenda ere aurkeztu behar da). Orobat, interesen edo printzipalaren ordainketan mugaegunetik gutxienez 90 eguneko atzerapena duten maileguak adieraziko dira, halakorik bada.
4.2.3. Kontabilitate zentroek, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen, 542 kontuetan dagoen saldoa berresten duen txostena igorri beharko diote Kontabilitate Zerbitzuari. Zehazki, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak 542 kontuaren (Udal funtzionarioen Montepioko mailegua) euskarria igorri beharko du. Orobat, interesen edo printzipalaren ordainketan mugaegunetik gutxienez 90 eguneko atzerapena duten maileguak adieraziko dira, halakorik bada.
4.3. Izakinak (3. multzoko kontuak).
Izakinen inbentarioa duten departamentu edo erakunde autonomoek (NOZa eta OPLAIa) 2019ko urtarrilaren 14a baino lehen GE 21 sisteman agertzen diren izakinak erregularizatu beharko dituzte 2018ko abenduaren 31ko kontabilitate-datarekin, azken egun horretan benetan dauden izakinetara egokituz. Erregularizatu ondoren, kontu horiek ekitaldia ixtean dituzten saldoei buruzko datuak bidaliko zaizkio Kontabilitate Zerbitzuari 2019ko urtarrilaren 21a baino lehen.
4.4. Aurrekontuko hartzekodunak.
4.4.1. 2018. urtea baino lehenagoko gerakinen eta obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak (T).
2018ko abenduaren 21a baino lehen, 2017 baino lehenagoko obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak dituzten departamentuek edo erakunde autonomoek, baldin eta obligazio horien ordainketa agindua tramitatu gabe badago oraindik (T), ezereztu beharrekoak ezereztuko dituzte (Gastuak gauzatzea/Espedienteak sortzea/Aurrekontuetako obligazioak kitatzea eta ezereztea ataletan bildutako eragiketen bitartez), eta 2018ko ekitaldiari egotzi, eta mantentzen diren gerakinen zerrenda Kontabilitate Zerbitzura igorri beharko dute. Horrekin batera, ekitaldia ixtean oraindik ere, denbora luzea pasatu arren, indarrean dauden obligazioei dagozkiela frogatzen duten agiriak igorri beharko dituzte.
Halaber, kontabilitate zentroek egiaztatuko dute abenduaren 31n saldoa zero izanen duten T agiri eta SEDATE hartzekodun guztiak dagozkien agiriekin konpentsatzen direla.
4.4.2. Hartzekodun orokorrak eta/edo departamentukoak.
Kontabilitate zentroek 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura hartzekodun orokorrei eta/edo departamentukoei dagozkien 2018ko abenduaren 31ko saldoen txostena, kanpoko hirugarrenen araberako zerrenda batean. Txosten horretan ez dira kontuan hartuko kutxa finkoko aurrerakinei eta justifikatu beharreko ordainketei dagozkien hartzekodun orokorrak eta/edo departamentukoak, foru agindu honetako atal egokian bildutakoari jarraikiz beste txosten batean jorratzen baitira.
4.5. Aurrekontura aplikatzeke dauden aurrekontutik kanpoko hartzekodunak eta kobrantzen kudeaketaren ondoriozko aurrekontutik kanpoko hartzekodunak. (413 eta 419).
4.5.1. Fakturen kontabilitate erregistroa.
2019ko urtarrilaren 1a baino lehen sartutako faktura guztiek, atzera bota ez badira, 413 kontuetan agertu beharko dute. Horretarako, 2018ko aurrekontuari aplikatu gabe geratu diren fakturen egoera 2019ko urtarrilaren 21a baino lehen “esleitua” izan beharko da edo “baliozkotua” esleipen-kodea 3000000026 bada. Egun hori igarota, kudeatzaileak atzera bota beharko ditu dagokien 413 kontuan ez dauden fakturak.
2018ko abenduaren 31n ezin izanen da “esleitu” edo “baliozkotu” egoerako fakturarik gelditu, 2018ko urriaren 1a baino lehenagoko erregistro sarrera duenik; lehenago igorriko dira kontabilitate zentroetara, kontabilizatzeko; bestela, atzera botako dira.
4.5.2. SAPeko MM moduluaren bidez kudeatzen diren 413000 kontuak.
2019ko urtarrilaren 21a baino lehen, Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Erosketak eta Biltegiak Kudeatzeko Sistemaren kudeatzaileek 413000 kontuen saldo hartzekodunetako akatsak zuzenduko dituzte, eta horretarako, jasotako fakturei nahiz jasotzekoak diren fakturei lotzen ez zaizkien WS (zerbitzu sarrera) eta WE (salgaien sarrera) dokumentuak ezereztu eta 2018ko ekitaldiari egotziko dizkiote. Zuzenketa hori egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura igorriko dute, data hartarako, oraindik sisteman dauden eta faktura Kudeaketa Sisteman erregistratu gabe duten WS eta WE dokumentuen zerrenda (2018ko urriaren 1a baino lehenagokoak); halaber, salgaiak edo zerbitzuak jasotzen direnetik ordaintzeko batez besteko aldia eta aurrekontu egonkortasunaren araudiak aldi horri jartzen dion tartea igarota, dagokion faktura erregistratu gabe egoteko arrazoiak justifikatu beharko dituzte.
Halaber, eta 2019ko urtarrilaren 20a baino lehen, itxi gabeko material eskaera guztiak ekitaldi berrira ekarriko dituzte, eta, behar denean, batetik bestera aldatu behar ez direnak erregularizatu eginen dira. 2018ko ekitaldia ixtearekin, eskaerak 2019ra aldatzeko aukera blokeatuko da.
4.5.3. Zorren kobrantzen ondoriozko aurrekontutik kanpoko hartzekodunak (419 kontuak).
2019ko urtarrilaren 21a baino lehen, beste erakunde batzuen (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa-Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa, Nilsa eta Konpentsazio Batzordea) kobrantza kudeaketa dela-eta derrigorrezko diru-bilketa agentziara aurrekontutik kanpoko zordunak eskualdatu dituzten kontabilitate zentroek abenduaren 31n dagokien saldoaren zatia jasan beharko dute, derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu eta kobratzeke edo baliogabetzeke dauden zordunei dagokiena; informazio hori Kontabilitate Zerbitzura igorriko dute.
4.6. HKLren kudeaketa esparruko hartzekodunak (420 kontuak eta 431 kontuetako saldo hartzekodunak).
HKLren (Hirugarrenentzako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeatutako diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodunen kontuei (420 kontuak eta 431 kontuetako saldo hartzekodunak) eta aplikatzeke dauden zerga kobrantzei (431 kontuetako saldo hartzekodunak) dagokienez, Diru-bilketa Zerbitzuak horiek ekitaldia ixten denean duten saldoei buruzko informazioa emanen du 2019ko urtarrilaren 21a baino lehen.
Halaber, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoak zerga unitateetan diru-sarrerak itzultzeko aurkeztu diren eskaeren zenbatekoa igorriko du aipatu egunean, zergen arabera banatuta, betiere abenduaren 31n diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodun gisa erregistratzeke badaude kasuan kasuko zerga zordunen hartzekoan. 2019ko apirilaren 1a baino lehen eskaera horiei dagokien behin betiko informazioa eman beharko du, eskatzaileen benetako eskubideak aitortu ondoren, hala badagokie.
4.7. Zordunak. (43 eta 44 kontuak).
Kontabilitate zentroek 2019ko urtarrilaren 21a baino lehen sartu beharko dute sistema informatikoan kobratzeke dauden zorren gaineko informazioa, ekitaldiaren itxieran eguneratua (4311), eta aurrekontutik kanpoko zordunei buruzkoena (4490).
4.7.1. 2018ko ekitaldiaren aurretik likidatutako eskubideen ondoriozko zordunak.
Data hori baino lehen, 2018ko ekitaldia ixtean aurreko urteetan likidatutako eskubideen ondoriozko zordunak dituzten departamentu edo erakunde autonomoek justifikatzen ez direnak ezereztatuko dituzte (Gastuak gauzatzea/Espedienteak sortzea/Aurrekontuetako obligazioak kitatzea eta ezereztea ataletan bildutako eragiketen bitartez). Horrekin batera, Kontabilitate Zerbitzura igorriko dituzte mantentzen direnak, zorra hasi zeneko urtearen arabera ordenatuta eta denbora luzea pasatu arren ekitaldia ixtean indarra izanen duten eta derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu behar ez diren eskubideak direla justifikatzen duten agirietan azalduta.
4.7.2. HKLren kudeaketa esparruko zordunak.
HKLren (Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarria) kudeaketa esparruan kudeatzen diren zordunen kontuei dagokienez (431, 432, 435 eta 436), 2019ko urtarrilaren 21a baino lehen Diru-bilketa Zerbitzuak informazioa emanen du aurreko ekitaldietako (aurrekontu itxietako) zordunen eta haiek abenduaren 31n duten saldo zordunaren gainean ekitaldian egin den kudeaketari buruz.
Kontu horien gainean, eta egun berean, Diru-bilketa Zerbitzuak informazioa emanen du ekitaldian likidatu diren eskubideei dagozkien 2018ko abenduaren 31ko saldo zordunei buruz, aurreko lerroaldean bildutako informaziotik bereizia.
Aipatu kontuen saldoak bat etorriko dira aurreko bi lerroaldeetan agertzen diren saldoen baturarekin.
4.7.3. Zordun orokorrak eta/edo departamentukoak.
Kontabilitate zentroek 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura zordun orokorrei eta/edo departamentukoei dagozkien abenduaren 31ko saldoen txostena, kanpoko hirugarrenen araberako zerrenda batean.
4.8. Formalizatze kontuak eta aplikatzeko daudenak (554, 556, 585, 586 eta 589 kontuak).
Zor/kreditu konpentsazio edo barruko formalizazioen eragiketetan kontu multzo hau erabiltzen duten kontabilitate zentroek ziurtatu beharko dute, ekitaldi itxieran, saldoa zero dutela. Halaber, eta 5540001700 eta 5540200000 kontuei dagokienez, itxiera ekitaldiko mugimenduak konpentsatu beharko dira, 2018ko abenduaren 31n.
Epigrafe honetan aipatutako konturen batek saldoa zero ez badu, Kontabilitate Zerbitzura igorriko da, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen, 2018ko abenduaren 31n duen saldoaren berri xehakatua.
Era berean, 5540001700, 5540200000, 5561000000, 5561000001, 5561000004, 5852000002 eta 5852000003 kontuei, zeinak HKLren (Hirugarrenentzako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeatzen baitira, dagozkien saldo zordunen eta hartzekodunen informazioa emanen da.
4.9. Epe laburreko fidantzak eta Hiri Jabetzaren Ganberako errentamenduen fidantzak (180 eta 560 kontuak).
2018ko abenduaren 31 baino lehen, epe laburrera jasotako fidantzen ondoriozko hartzekodunak dituzten departamentuek edo erakunde autonomoek ezereztatu eginen dituzte bermea jada beharrezkoa ez duten fidantzak eta bost urtean bederen itzultzeko eskaerarik gabe egon direnak, eta 2018ko ekitaldiari egotziko dizkiote (Kontabilitate orokorra/Hirugarrenen kontabilizazioa/Aurrekontuz kanpoko obligazioak kitatzea eta ezereztea/Aurrekontuz kanpoko obligazioak kitatzea atalean bildutako eragiketen bitartez).
2019ko urtarrilaren 31 baino lehen, kontabilitate zentroek Idazkaritza Tekniko Nagusiaren txostena igorriko dute Kontabilitate Zerbitzura, 2018ko abenduaren 31n itzultzeke egonen diren epe laburrera jasotako fidantzen zerrenda agertuta, fidantzak eratu zireneko urtearen arabera ordenatuta.
5. Jasotako eta emandako abalen gaineko informazioa.
5.1. Ondare Zerbitzuak, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen, gai hauek bilduko dituzten txostenak igorriko ditu Kontabilitate Zerbitzura:
-Eratutako abalek abenduaren 31n dituzten saldoak eta 2018ko ekitaldian horietan izandako aldaketak.
-Emandako abalen saldo bizia, abenduaren 31n exekutatu ez baina kasuan kasuko finantza entitateari egin beharreko ordainketetan ez-ordaintze bat izan dutenena, behar diren hornidurak gauzatzeko.
5.2. Egun horretan berean, jasotako abalek abenduaren 31n dituzten saldoen txostena eta 2018ko ekitaldian horietan izandako aldaketen txostena eginen du Diruzaintza Atalak.
6. Finantza-entitateetan dauden kontuak, kontabilitatean korrelaziorik ez dutenak.
6.1. Diruzaintza Atalean zentralizaturik ez dauden finantza-entitateetako kontuak, hau da, kontabilitatean korrelaziorik ez dutenak, kudeatzeko baimena duten arduradunek Nafarroako Gobernuko diruzaintza nagusian sartu beharko dituzte haien saldoak, dagokion ordainketa gutunaren bidez abenduaren 20a baino lehen (2018ko abenduaren 2. hamabostaldia) edo transferentziaren bidez abenduaren 31 baino lehen (hamabostalditik kanpo). Kutxa finkoko aurrerakinak eta justifikatu beharreko ordainketa aginduak salbuetsita daude, haien tratamendua 1.1.5 atalean biltzen baita.
6.2. Aurreko atalean aipatu diru-sarrera bidezkoa ez denean eta, betiere, kontu horiek abenduaren 31n saldo positiboa edo negatiboa badute, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen arduradun baimenduek, kasuan kasuko idazkaritza nagusiaren bidez, Diruzaintza Atalera igorri beharko dituzte kontu horiek abenduaren 31n duten saldoaren laburpena eta haren osaerari buruzko txostena.
6.3. Diruzaintza Atalak Nafarroako Gobernuak finantza-entitateetan kontabilitatean korrelaziorik gabe dituen kontuen zerrenda eginen du 2019ko otsailaren 9a baino lehen, 2018ko abenduaren 31n duten saldoak barne, sailkapen honekin: diru-bilketaren kontu bereziak, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeak kudeatzeko dituen kontuak eta kontabilitatean korrelaziorik ez duten bestelako kontuak.
7. Sozietate eta fundazio publikoak.
7.1. Edukia.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 2. artikuluko f) eta g) apartatuetan aipatzen diren entitateen kontuetan bilduko dira balantzea, emaitzen kontua, ondare garbiaren aldaketen egoera orria, eskudiru fluxuen egoera orria eta memoria, azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kontabilitate Plan Orokorrean adierazitako moduan eginak.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 128. eta 129. artikuluetan aipatzen diren diru-laguntzak eta beste transferentzia batzuk erakusten dituen egoera orrian, emandako kontabilitateko tratamendua aipatuko da, eta bereiz jasoko Estatuarenak, Foru Komunitatearenak, toki entitateenak eta Europar Batasunarenak; gainera, azken horiek zein funts edo finantza bitartekoren kargura jaso diren adieraziko da.
7.2. Igorri beharreko informazioa.
Sozietate eta fundazio publikoek Kontabilitate Zerbitzuari igorri beharko dizkiote onetsitako kontuak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 128. eta 129. artikuluetan aipatzen diren agiriak barne, 2019ko maiatzaren 6a baino lehen. Paperean nahiz pdf formatuan igorriko dira.
8. Beste erakunde batzuk.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren erakundeek xedapen horren 3. zenbakian adierazten den itzulketa egin beharko dute, dagozkien urteko kontuak onetsi eta hamabost eguneko epean.
Iragarkiaren kodea: F1812315