(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

74/2018 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 5EKOA, IKUS-ENTZUNEZKO PROIEKTU ETA IKUSKIZUNEN ERREALIZAZIOKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN Nota de Vigencia

BON N.º 200 - 16/10/2018



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFN:


Zioen azalpena

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio-sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, Lanbide Heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, Lanbide Heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan. Bestalde, Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetako irakaskuntzetan sartzeko bete beharreko baldintzak aldatzen ditu.

Foru dekretu honen bitartez, Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, honako curriculum honek azaroaren 4ko 1680/2011 Errege Dekretua garatzen du, Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituen dekretua, hain zuzen.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak hartu dira kontuan.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio hauek, hau da, Zinematografiako eta ikus-entzunezko lanetako zuzendaritzarako laguntza, urriaren 27ko 1228/2006 Errege Dekretuak arautua, Telebistako errealizazioko laguntza, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak arautua, Ikus-entzunezkoen muntaia eta postprodukzioa, irailaren 14ko 1200/2007 Errege Dekretuak arautua, eta Zuzeneko ikuskizunen eta ekitaldien errejidoretza, abenduaren 18ko 1957/2009 Errege Dekretuak arautua, jarduketa profesionaleko eremu bat dira, dauzkan eskumenek definitua. Erantsi diren lanbide moduluak euskarri gisa edukitzeaz gain, zabalera nahikoa eta beharrezko espezializazioa ditu, goi mailako teknikari honen enplegagarritasuna bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Gutxienez ere bi dimentsio osagarri dituen sistema batean kokatzen da ingurune hori. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera Estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atala. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide heziketako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik langileen hobekuntza lortzeko, eta, bestetik, ibilbide batzuk diseinatzeko, eta horrela, prestakuntza eskaintzan berean integra dadin gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozedura. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioko gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko irailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Irudia eta Soinua lanbide arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa Nota de Vigencia.

Goi mailako teknikari titulua Etengabeko Ikaskuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 5A mailaren parekoa da, baita 2011ko Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko P-5.5.4 mailaren parekoa ere.

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta produkzio-sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikariko heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten Lanbide Heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Ikus-entzunezkoetarako eta Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen azaroaren 18ko 1680/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bateko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen baldin badira.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak Nota de Vigencia.

Foru dekretu honek arautzen duen heziketa zikloan sartzeko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 112. artikuluan eta seigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzetan betiere.

2. Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Azaroaren 18ko 1680/2011 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu ikasketen arteko kreditu-onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banatuak.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak Nota de Vigencia.

Lanbide moduluen baliozkotzeak eta salbuespenak uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren II. tituluko VI. kapituluko 1. atalean (Baliozkotzeak) eta 2. atalean (Salbuespenak) xedatutakoaren arabera eginen dira.

9. artikulua . Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5.A) eranskinean ageri dira.

2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5.B) eranskinean zehazten dira.

10. artikulua . Irakasleak Nota de Vigencia.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean arituko dira 6. eranskinean ezarritako espezialitateetako irakasleak, eranskin horretan adierazitako kidegoetakoak direnak, horrek ukatu gabe otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrena ezarritakoa aplikatzea (errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle kidegoetan sartu, igo eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten da eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den araubide iragankorra arautzen da).

2. Aurreko atalean aipatzen diren kidegoetan sartzeko baldintzak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira.

3. Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo Hezkuntzakoak ez diren beste administrazio batzuetako titulartasun publikoko zentroetan lanbide moduluak irakasteko, aurreko paragrafoan aipatu diren irakasle kidegoetako espezialitateetarako eskaturiko titulazio eta baldintza berberak eskatuko zaizkie irakasleei, 6. eranskinean modulu bakoitzerako ezartzen den irakaskuntza esleipenaren arabera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide moduluen ikaskuntzaren helburuak bete beharko dituzte. Aipatu elementu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan esperientzia frogatu beharko da ziurtagiri bidez –hau da, ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio jarduerak garatzen izandako esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.

4. Beste profil laguntzaile batzuk izanez gero, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren V. tituluaren IV. kapituluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte profil horiek. Haien kontratazioari dagokionez, lanbide modulu bat irakasle espezialistei esleituta badago, eta Nafarroako Foru Komunitateko curriculumean ezarritako iraupena 150 ordutik gorakoa bada, ikasturte bakoitzeko 150 eskola ordu baino gehiagorako kontratatzen ahalko da espezialista.

5. Hezkuntza Departamentuak erabakiko du moduluaren edo hautazko moduluen irakasle esleipena, curriculum-diseinuari jarraikiz.

11. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa izanen dute haietako bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat lagunentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Gehigarria Lehenbizikoa .Tituluaren baliokidetasunak.

1. Azaroaren 18ko 1680/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntza Erreformaren Finantzaketari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorrean jasota dauden teknikari espezialistaren titulu batzuek eta Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari tituluak, zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen baita, ondorio akademiko eta profesional berak sortuko dituzte. Hona hemen titulu horiek.

a) Programen Errealizazioko teknikari espezialista, Irudia eta Soinua adarra.

b) Ikus-entzunezko Programen Errealizazioko, Produkzioko eta Eragiketako teknikari espezialista, Irudia eta Soinua adarra.

2. Orobat, 2035/1995 Errege Dekretuak, abenduaren 22koak, Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Errealizazioko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du. Titulu horrek foru dekretu honetan ezartzen den Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikari tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

Xedapen Gehigarria Bigarrena .Beste lanbidetrebakuntza batzuk.

Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak izeneko moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, ekainaren 24ko 881/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 3. idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Bestelako araudiaren indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapena Lehenbizikoa .Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapena Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko irailaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFN:

ERANSKINA

Ikus-entzunezko Proiektu eta Ikuskizunen Errealizazioko goi mailako teknikaria (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1811112

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web