(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

73/2018 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 5EKOA, INSTALAZIO ELEKTROTEKNIKOETAKO ETA MEKANIKAKO OINARRIZKO LANBIDE TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN

BON N.º 200 - 16/10/2018



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFN:


Zioen azalpena

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak adierazten du helburu estrategikoetako bat dela lanbide ikaskuntzaren aukera indartzea norberaren garapen nahiarekin bat datorren aukera gisa, eta, gainera, sistemako gainerako ikasketei begira irekia izatea; horretarako, beste ekimen batzuen artean, oinarrizko lanbide titulu berria sortu da, horretatik erdi mailako lanbide heziketara pasatzeko bidea ematen duena.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, Lanbide Heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan. Bestalde, helburu modura ezartzen ditu Lanbide Heziketaren eta hezkuntza sistemako gainerako irakaskuntzen arteko mugikortasuna arautu eta erraztea eta, orobat, hezkuntza sistema behar baino lehenago utzi duten gazteak berriro hezkuntzara itzultzen laguntzeko neurriak antolatzea.

Foru dekretu honen bidez, Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide titulua lortzeko heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Lanbide Heziketako irakaskuntza tituluen katalogoko Oinarrizko Lanbide Heziketako sei titulu ezarri zituen abuztuaren 28ko 774/2015 Errege Dekretuaren V. eranskina garatzen du curriculum honek, Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenak erabiliz, zein Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aitortzen baita.

Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean kontuan hartu dira otsailaren 28ko 127/2014 Foru Dekretuaren II. kapituluan diseinuari buruz ezarritako jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko zenbait alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek, alegia, Instalazio elektroteknikoak eta telekomunikazioetakoak eraikinetan muntatzeko eragiketa osagarriak (abuztuaren 24ko 1115/2007 Errege Dekretua) eta Fabrikazio mekanikoko eragiketa osagarriak (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua), hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide jarduketarako gune batean biltzen dira. Orobat, gehitu diren euskarri moduluekin batera, badute zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa teknikari horrek lana lortu ahalko duela bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, tituludun honek lan egin dezakeen lanbide inguruneari buruzko ohar batzuk ezarri dira, bai eta tituluarekin zerikusia duten sektoreen edo sektorearen prospektiba ere.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena.

5. artikuluan berariaz lantzen da euskararen curriculum-tratamendua, hizkuntza-ereduaren arabera.

Curriculum-diseinuan bereziki azpimarratu da problemak ebaztearen bidezko ikaskuntza sistema bultzatu behar dela. Metodologia honekin nahi da ikasleek beren garapen pertsonal eta profesionalerako garrantzi handiko balio eta gaitasunak ahalik eta modu zabalenean eskuratzea. Horretarako, proiektuen kudeaketa erabiliko da ikaskuntzaren benetako testuingurua emateko (testuinguru horretan gaitasun horiek eskuratzea errazagoa izanen da).

Era berean, ikasleen tutoretzarako guneak gehitu dira zikloaren bi ikasmailetan. Tutoretzak, banakako prestakuntza prozesua orientatzeaz gainera, gaitasun pertsonalak, pertsona artekoak eta sozialak eskuratzen lagunduko du. Orobat, gune honetan sartu beharko lirateke lanbide orientazioari buruzko alderdiak, eta haien hezkuntza eta lanbide arloetako etorkizuna programatu eta kudeatzeko gaitasunak eta trebetasunak sustatu ere bai.

Metodologia horiek ahalik eta gehien aplikatzeko eta, betiere, curriculumak ikaskuntza testuinguru zehatzei egokitzeko, kontuan izan behar da, arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen dela zikloaren bi ikasmailetan. Beraz, foru dekretu honetan ezarritako curriculuma ematen duten ikastetxeek aipatutako erreferentzia-sekuentzian aldaketak egitea eska dezakete, behar bezala argudiatuz. Aldaketa horiek horretarako ezarriko den araudiaren arabera onetsiko dira.

4

Sarbideei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide titulua lortu ondoren, 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua zehazten du, eta 9. artikuluak (3. eranskinean garaturik) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko loturak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

5

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta dagozkien 4. eta 5. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren irakasleku eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko irailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen helburua hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculum ofiziala Nafarroako Foru Komunitatean ezartzea. Titulu hori Elektrizitatea eta Elektronika lanbide arlokoa da, baita Fabrikazio Mekanikoa lanbide arlokoa ere.

2. artikulua . Identifikazioa.

Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide titulua.

b) Maila: 1 - Oinarrizko Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloak: Elektrizitatea eta Elektronika, eta Fabrikazio Mekanikoa.

e) Europako erreferentea: HNSN - 3.5.3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta produkzio-sistemaren erreferentziak eta haren prospektiba ere.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Heziketa ziklo honen helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.A) eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo honetako lanbide moduluak garatu dira foru dekretu honen 2.B) eranskinean, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuko I. eranskineko 3.2 artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege dekretu horren bidez arautu ziren hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak, haien oinarrizko hamalau lanbide titulu onetsi ziren, haien oinarrizko curriculumak finkatu eta, halaber, ikasketa eta lanbide tituluak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatu, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagokienez.

3. Lanbide modulu horiek bi ikasturtetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

4. Komunikazioa eta gizartea I eta Komunikazioa eta gizartea II moduluek komunikazioaren eta gizarte zientzien multzoko gaitasunak garatzen dituzte, eta horietan irakasgai hauek sartzen dira: Gaztelania, Atzerriko Hizkuntza, Gizarte Zientziak eta, hala dagokionean, Euskara.

5. Heziketa ziklo hau ematen duten Lanbide Heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Euskara irakasgaiaren tratamendua.

1. Euskara irakaskuntzako lehen hizkuntza (1H) denean, ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziako edukiak curriculum honetan behar diren ataletan egonen dira, Gaztelania irakasgaiari dagozkion Komunikazioa eta Gizartea I eta Komunikazioa eta Gizartea II moduluetan, alegia. Nolanahi ere, Euskarak kodearen ezagutzan eta dialektologian dituen berezko salbuespenak izanen dira kontuan.

2. Euskara irakaskuntzako bigarren hizkuntza denean (2H) modulu hauen barnean, ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziazko edukiak Komunikazioa eta gizartea I eta II moduluetan Ingelesari buruz ezarritako ataletan jasotzen direnak izanen dira, Euskarari buruzko salbuespenekin, euskararen kodea eta berariazko kultur edukiak ezagutzeari dagokionez.

3. Komunikazioa eta Gizartea I eta II moduluen garapenean ezarritakoaren ondorioetarako, lehen hizkuntza (1H) beti irakaskuntza prozesuan erabilitakoa izanen da, eta ez nahitaez ikasleen ama hizkuntza.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honek arautzen duen heziketa zikloan sartzeko, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dira.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, betiere onarpenerako ezartzen diren baldintzetan. Gainera, titulu honek lehentasuna izanen du honako lanbide arlo hauetako erdi mailako titulu guztietan onartzeko:

-Elektrizitatea eta Elektronika.

-Informatika eta Komunikazioak.

-Fabrikazio Mekanikoa.

-Instalazioa eta Mantentze-lanak.

-Energia eta Ura.

-Erauzketa Industriak.

-Itsaso eta Arrantza arlokoak.

-Kimika.

-Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak.

-Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxoa.

-Eraikuntza eta Obra Zibilak.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

Baliozkotzeei eta salbuespenei dagokienez, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. artikulua . Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatutako gaitasun unitateen eta Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko loturak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 3. eranskinean ageri dira.

10. artikulua . Irakasleak.

1. Multzo komunei lotutako moduluak ikastetxe hauetan emanen dira:

a) Titulartasun publikoko ikastetxeetan, espezialitateren bateko Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioek, dagokien multzo komuneko edozein irakasgai emateko gaituta badaude.

b) Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo hezkuntzakoaz bestelako administrazioetako titulartasun publikokoetan, irakaskuntza hauek emateko baimenduta badaude, dagokien multzo komuneko irakasgairen bat emateko indarra duen araudian ezarritako baldintzak eta titulua duten irakasleek.

2. Gainerako lanbide moduluetarako, 4.A) eranskineko sektore publikoko irakasleen espezialitateak (irakasle horiei esleitu zaie dagozkien lanbide moduluak irakastea).

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, titulartasun pribatuko ikastetxeetako irakasleei edo hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 4.B) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 5. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat lagunentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzen lorpena eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.- Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena.- Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFN:

ERANSKINA

Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide titulua (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1811111

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web