(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

71/2018 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 5EKOA, EBANISTERIA ARTISTIKOAREN ARLOKO ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN

BON N.º 200 - 16/10/2018



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFN:


Zioen azalpena

1

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VI. kapituluan jaso dira arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak, eta ezartzen da ikasketa horiek, lanbide heziketakoen antzera, erdi eta goi mailako zikloetan antolatuko direla, modulutan egituratuta. Era berean, adierazten du ikasketa horien xede nagusia dela ikasleei kalitateko prestakuntza artistikoa ematea, arte plastikoen eta diseinuaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatuko duena.

Foru dekretu honen bitartez, Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, honako curriculum honek martxoaren 27ko 219/2015 Errege Dekretua garatzen du, hain zuzen ere Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua ezarri eta haren gutxieneko ikasketak onetsi zituen dekretua, arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 13. artikulua aplikatuz onetsi ere.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide tituluetako curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, ikasketen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretu horretan onetsi diren diseinurako jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barnean, gaitasun orokorra zein den definitzen da eta hura zehazten duten gaitasun profesionalak zein diren.

Produkzio-sistemari dagokionez, zenbait ohar ezartzen dira tituludun hauek beren lanean eta lanbidean izanen duten inguruneari buruz. Ingurune hori hauek osatzen dute: goi mailako teknikariak zein lanbide esparrutan beteko duen bere lana, zein produkzio sektoretan arituko den eta zein diren bete ditzakeen zeregin eta lanpostu nagusiak.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako goi mailako hezkuntzaren esparruaren barneko mugikortasunarekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta irakatsi eta ikasteko jarduerei dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Banaketa horri esker, langileak trebatzeko prestakuntza profesionaleko beste eskaintza batzuk egin daitezke. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

6. artikuluan arautzen dira Proiektu Integratua lanbide modulua garatzeko oinarrizko jarraibideak.

6

Sarbideei, baliozkotzeei eta salbuesteei dagokienez, 7. artikuluak heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 8. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluko heziketa zikloa amaitu eta gero, eta 9. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du (4. eta 5. eranskinetan garatua).

7

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eranskinean deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko irailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Eskulturari Aplikatutako Arteak izeneko lanbide arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikaria.

b) Maila: Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen goi mailako gradua.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Arteen lanbide arloa: Eskultura.

e) Europako erreferentea: HNSN - 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, lanbide gaitasunak eta produkzio sistemaren erreferentzia, abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Ebanisteria Artistikoko heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Ziklo hau ematen duten Arte Eskolek ziklo hau osatzen duten ikasketen lanbide modulu bakoitzerako programazio didaktiko bat prestatuko dute. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua ezarri eta haren gutxieneko ikasketak onetsi zituen martxoaren 27ko 219/2015 Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 14. artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua . Proiektu Integratuaren modulua.

1. Proiektu Integratua izeneko modulua oinarrituko da curriculumean ezarritako helburu, eduki eta ebaluazio-irizpideetan, zeinetan ikaslea gai izanen baita ebanisteriaren lanbide arloko ezagutza, trebetasun eta gaitasun berariazkoak integratu, aplikatu eta baloratzeko.

2. Proiektu Integratua izeneko modulua goi mailako zikloaren bigarren ikasmailan eginen da, prestakuntzaldiaren bukaeran. Proiektu Integratua egiteko beharrezkoak diren ikastetxeko instalazioak eta baliabide tekniko eta teknologikoak erabiliko ditu, ikastetxeko gainerako ikastaldeen irakas jarduna oztopatzen ez badute bederen.

3. Proiektu Integratua izeneko modulua egiteko aldiko ordutegi-koadroa eta modulu-banaketa heziketa zikloaren ordutegi-koadroan ageri direnak izanen dira, eta zikloko irakasleek ordutegi horretan hartuko dituzte ikasleak. Dena dela, Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeek aurretik eskatuz gero, irakastaldi horretarako beste modulu-sekuentziazio bat onartu edo baimendu dezake.

4. Proiektu Integratua izeneko modulua heziketa zikloko gainerako moduluak gainditutakoan ebaluatuko da.

5. Proiektu Integratua irakasteko lana esleituta duen irakaslea Proiektu Integratuko irakasle koordinatzailea izanen da, eta heziketa zikloan klase ematen duten irakasleen laguntza izanen du Proiektu Integratua egiteko aldian ikasleen banan banako tutoretza egiteko.

6. Proiektu Integratua izeneko modulua garatuko da honakook egindako proposamenetatik abiaturik:

-Proiektu Integratuaren irakasle koordinatzailea eta/edo ikasmailako irakasleak.

-Ikaslea bera, irakasle taldeak onesten duenean.

-Enpresa, estudio, lantegi edo lankidetza-entitate baten proposamena.

7. Ikasleek bigarren ikasmailako irakasleen aurrean beren Proiektu Integratuak aurkeztu eta defendatu beharko dituzte, eta, jarraian, irakasle horiek baloratu eta kalifikatuko dituzte. Behar den departamentu didaktikoak, ebaluazioaren indarreko araudiaren arabera, leudekeen erreklamazioak hartuko dituzte, lehen kalifikazioan parte hartu zuten irakasleak kenduta.

8. Ikasleek aurkeztutako Proiektu Integratuan atal hauek agertuko dira:

a) Proiektua: proiektuko etapak, zehaztapenak, baldintzak eta dokumentazio grafikoa aztertuko dira. Era berean, etapetan egindako kalitate-kontrola egiaztatuko da.

b) Amaitutako produktua, proposatutako Proiektu Integratua gauzatzearen ondorioz sortutakoa.

c) Proiektuaren komunikazioa, aurkezpena eta defentsa.

9. Proiektu Integratuaren alderdiak, hots, artikulu honetan arautu gabe gelditu direnak, Hezkuntza Departamentuak ebaluazioaren araudiaren eta behar den ikasturtean ezarriko diren jarraibideen arabera arautuko dira.

7. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

8. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluak bide ematen du erdi edo goi mailako beste edozein heziketa ziklotan zuzenean sartzeko, ezartzen diren onarpen baldintzak betez gero, eta maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako kasuetan berariazko probaz salbuetsirik.

2. Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluak bide ematen du zuzenean sartzeko Diseinuko, Arte Plastikoetako eta Kultur Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritzeko goi mailako arte ikasketetan.

3. Unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan sartu nahi duten Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariei ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko zaie, horrexek unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen baitu.

4. Goi mailako hezkuntzako irakaskuntzetako tituluen eta Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren arteko kreditu-onarpena Goi mailako hezkuntzaren esparruan ikasketak onartzeari buruzko azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretuarekin bat eginen da, salbu eta irakaskuntza berberetako ikasketen edo irakaskuntza desberdinetako goi mailako teknikarien ikasketen arteko baliozkotzea edo onarpena egiteko, kasu horiek beren araudi berariazkoari lotuko baitzaizkio.

5. Urriaren 11ko 1432/2012 Errege Dekretuaren 6.5 artikuluarekin bat, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banaturik.

9. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den Ebanisteria Artistikoko heziketa zikloko heziketa moduluak baliozkotu ahalko dira Eskulturako Arteetako lanbide arloko heziketa zikloetako moduluekin, 4.a) eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. Foru dekretu honetan arautzen den Ebanisteria Artistikoko heziketa zikloko heziketa moduluak baliozkotu ahalko dira Eskulturari Aplikatutako Arteak lanbide arloko heziketa zikloetako moduluekin, irailaren 9ko 1843/1994 Errege Dekretuan araututakoekin, 4.b) eranskinean xedatutakoarekin bat.

3. Lanerako Prestakuntza eta Orientabideetako lanbide modulua baliozkotuko da baldin eta arte plastikoetako eta diseinuko heziketa ziklo bat gainditu bada.

4. Arau honetan aipatzen diren baliozkotzeak ikastetxe publikoko zuzendaritzak onartuko ditu, ikasleak zein ikastetxetan dauden eskolaturik hangoek, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen baliozkotzeen oinarrizko araudian ezarritako prozeduraren eta betebeharren arabera.

5. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat, lan jardunarekin bat etortzeagatik salbuets daitezkeen Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloaren heziketa moduluak 5. eranskinean daude zehaztuta.

6. Enpresa, estudio edo lantegietan bete beharreko prestakuntzaldi praktikoaz osorik edo zati batean salbuetsi ahal izanen da ikaslea, baldin eta frogatzen badu urtebeteko lan esperientzia duela, gutxienez, foru dekretu honetan araututako heziketa zikloarekin zerikusi zuzena duen lanbide eremu batean. Horretarako, dokumentazio hau ekarri beharko dute, gutxienez: laneko esperientzia zer enpresa edo erakundetan eskuratu duen, haren ziurtagiria, datu hauek berariaz adierazita: kontratuaren iraupena, egindako jarduera eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren gain ari diren langileen kasuan, tributudunen zentsuan altan egotearen ziurtagiria.

7. Proiektu Integratua izeneko modulua ez da baliozkotuko ez eta salbuespenaren xede izanen ere, haren helburua izaki espezialitatearen ezagutza, trebetasun eta gaitasun berariazkoak bateratzea kasuan kasuko ikasketa mailarako egokia den proiektu bat gauzatuz.

10. artikulua . Irakasleak.

Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen eta Tailerreko maisu-maistren kidegoko irakasleei dagokie. Foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

11. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloa ematen duten ikastetxeek martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuak instalazioen eta baldintza materialen gainean ezarritako betebeharrak beteko dituzte, gutxienez.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa izanen dute haietako bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako helburuei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat lagunentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Iragankor Bakarra. Aurreko tituluko ikasleen eskubideak eta trantsizio prozesua.

1. Martxoaren 3ko 60/1997 Foru Dekretuan ezarritako Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari tituluari dagozkion ikasketak osorik egin ez dituztenek trantsizio epe bat izanen dute hura eskuratzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak titulu hori eskuratzeko prozedurak erraztuko ditu, horretarako ezarriko den arau esparruan.

2. Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako heziketa zikloko ikasketak pixkanaka-pixkanaka iraungitzen ari dira. Horregatik, ikasketa horiek hasi dituztenek aukera izanen dute Ebanisteria Artistikoko goi mailako heziketa zikloaren ikasketa plan berrian sartzeko, betiere maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14.2 eta 16.2 artikuluetan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritako sarrera-baldintzetako bat betetzen badute.

3. Hezkuntza Departamentuak ikasle horiei utziko die Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako heziketa zikloan sartzen, kontuan harturik modulu batzuk onartuko zaizkiela eta beste batzuk ikasi beharko dituztela, foru dekretu honen 4.c eta 4.d eranskinetan xedatutakoaren arabera, eta curriculuma handitzean beste berri batzuk ezar daitezkeela.

4. Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua dutenek, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14.2 eta 16.2 artikuluetan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetako bat bete eta Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua eskuratu nahi badute, sarbide zuzena izanen dute ikasketa horietan, eta foru dekretu honen 4.d eranskinean ezarritako moduluak gainditu beharko dituzte, deusetan galarazi gabe lan jardunagatik aplikatzen ahal zaizkien salbuespenak.

5. Ebanisteria Artistikoko erdi mailako ikasketetako ikasle edo tituludunek, sarbide-baldintzak betetzen ez badituzte eta maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 16.2 artikuluan ezarritako proba egiten badute, salbuetsirik egonen dira artikulu horren 3.b) ataleko berariazko zatia egitetik, dekretu honetan araututako ikasketak egiteko ondorioetarako. Hezkuntza administrazioek berariazko ikastaroak antolatzen ahalko dituzte sarbide-proba hori prestatzeko, zehazten diren baldintzetan.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Bestelako araudiaren indargabetzea.

1. Indarrik gabe utzi da martxoaren 3eko 60/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari tituluari dagokion goi mailako heziketa zikloaren curriculuma ezartzen duena, ezertan galarazi gabe foru dekretu honen xedapen iragankorrean ezarritakoa.

2. Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena .Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFN:

ERANSKINA

Ebanisteria Artistikoaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikaria (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1811109

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web