(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

65/2018 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 22KOA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUARI ATXIKITAKO LANGILEAK OSASUN ARRAZOIENGATIK BIRKOKATZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 174 - 07/09/2018



Zioen azalpena

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Segurtasun eta Osasun Batzordeak 2000ko azaroaren 10ean hartutako Erabakiaren bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak osasun arrazoiengatik birkokatzeko prozedura onetsi zen.

Geroago, 2010eko urriaren 28an, erabaki hori berraztertu eta eguneratu zuten.

Ordutik zenbait urte pasa direnez eta birkokatzeko baldintza jakin batzuk zehaztu eta argitu beharra dagoenez, birkokatze prozedura zehaztasun handiagoz arautu beharra dago nahitaez.

Horregatik, beharrezkoa da birkokatzeko prozesu azkarrago eta eraginkorrago bat ezarriko duen foru dekretu bat onestea, langileek aukera izan dezaten beren osasun baldintzak kontuan izanik haientzat egokia den lanpostu bat betetzeko.

Arau honek hein batean garatzen ditu, batetik, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea, eta, bestetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea. Izan ere, Nafarroari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu araubidea, Estatuko oinarrizko legeriak sektore publikoko langileei onartzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz; halaxe xedatu baita Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.b) artikuluan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak hau dio: “Legegintza-ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala baliatzean, administrazio publikoek printzipio hauen arabera jokatu behar dute: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia”.

Zioen azalpen honen lehen paragrafoetan azaldu dugu, dagoeneko, arauak behar eta eraginkortasun printzipioak betetzen dituela. Efizientziari gagozkiola, berriz, izapideak egiteko epe laburra aurreikusi da, prozedura azkartzeko.

Bestetik, gai hau Nafarroako langile publiko guztientzat arautu bazen ere, egundaino ez da arautu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan. Horregatik, hizpide dugun gaia foru dekretu baten bidez arautzean, segurtasun juridikoa areagotzen da.

Era berean, lehendik zeuden birkokatze batzordeak egonen dira, aurrerantzean ere, birkokatze eremu bakoitzean. Batzorde horiek lehendik zituzten eginkizunak izanen dituzte aurrerantzean ere, eta, zenbait kasutan, haien osaera aldatuko da.

Arauaren gardentasuna bermatzeko, aplikatzekoa den araudian jasotako tramiteei jarraitu zaie.

Arrazoi horiengatik, oraingo birkokatze prozeduraren berritzea aztertzeko lantaldeak -Administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek osatua-, uste izan du araudia egokitu beharra dagoela 2010eko urriaren 28ko Erabakia onetsi zenetik aurkitutako beharretara.

Dekretu hau negoziatu da, nahitaezkoa baita, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Sektorialean, 2017ko ekainaren 1eko bilkuran, eta sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoaren adostasuna lortu da.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko abuztuaren 22ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak osasun arrazoiengatik birkokatzeko prozedura arautzea.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langile funtzionarioei, estatutupeko langileei eta lan-kontratudun finkoei aplikatuko zaie.

3. Foru dekretu honetan ezarritako birkokatze prozedura ez zaie aplikatuko Gizarte Segurantzako araubide orokorrari edo aurreikuspen sozialeko beste ezein sistemari atxikitako langileetatik ohiko lanbidean aritzeko ezintasun iraunkor osoa izateko egoera aitortua dutenei. Horrelakoetan, birkokatze prozedura abiarazita baldin badago, eten beharko da.

4. Ezintasun iraunkor absolutu edo osoko aldi baten ondoren langilearen egoera berraztertzean langileak lanera itzuli behar duela ezartzen baldin bada, langile horrek birkokatze eskaera egin dezake, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren edo organo eskudunaren ebazpenaren berri duen unean.

2. artikulua . Prozeduraren printzipio orokorrak.

1. Lanpostuak betetzeko orduan, foru dekretu honetan arautzen den prozedurak izanen du lehentasuna, lanpostuak betetzeko erabil litekeen beste edozein prozeduraren aurretik.

2. Ahal dela, maila bereko lanpostuetan birkokatuko dira langileak. Salbuespenez, eta kasuan kasuko langilearen onespenarekin betiere, langileari dagokion mailatik beherako lanpostu batean birkokatzeko aukera azter lezake birkokatze batzordeak. Batera zein bestera izan, delako lanpostuetara sartzeko eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte langileek.

3. Baliteke, birkokatzearen eraginez, langile birkokatuen lanaldia aldatzea, langileen laneko bizitza eta familiakoa bateragarriak izatearen arloan indarra duen araudia kontuan hartuta.

4. Unean-unean aurretiko barne egokitzapena egiteko balio duen lan eremuaren barnean birkokatuko da langilea, langileak izendapena horren barnean duela.

5. Langilea ezin izan bada birkokatu aurreko atalean adierazitako lan eremuen barruan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoa hartuko da birkokatze eremutzat. Kasu horietan, jatorrizko lanpostua zer eremutan dagoen, harengandik gertuen den destinoko lanpostuan birkokatuko da langilea.

Kasu horietan, Birkokatze Batzorde Nagusiari dagokio birkokapena kudeatzea.

3. artikulua . Prozeduraren hasiera.

1. Interesdunak hala eskatuta abiarazi ahal izanen da prozedura edo, bestela ere, ofizioz, langileak zer zentrotan aritzen den, horretako Zuzendaritzak eskatuta.

2. Ofizioz abiarazi baldin bada, zentroko Zuzendaritzak hala eskatuta, eskaeran behar bezalako arrazoiak azaldu beharko dira eta hogei egun balioduneko epea emanen zaio interesdunari, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Alegazioak Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari igorriko zaizkio, prozedura ofizioz abiarazteko idazkiarekin batera.

3. Langileak prozedura abiarazi nahi baldin badu, eskaera bat aurkeztu beharko du, zer zentrotan aritzen den, horretako Zuzendaritzari edo Profesionalen Zerbitzuko Burutzari zuzenduta, eta horrek eskaera nahiz zentroan dauden aurrekariak bidaliko dizkie bere nagusi den Burutzari eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari, horri buruzko izapideak egin ditzaten.

Langileak adierazi beharko du, eskaeran, lanpostuko zer eginkizun ezin dituen bete, osasun arrazoiengatik.

Eskaerarekin batera, eskaera bera frogatzen duten osasun txostenak aurkez daitezke. Beharrezkoa den konfidentzialtasuna bermatzeko asmoz, osasun agiri horiek Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuan aurkeztuko dira, osasun azterketa egiten den unean.

4. artikulua . Lan arloko balorazio klinikoa.

1. Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak hitzordua jarriko dio langileari, lan arloko balorazio klinikoa egiteko. Ondoren, txosten bat eginen du eta haren ondorioetan honako irizpen hauetako bat idatziko du:

a) Langileak bere lanpostuan jarrai dezake.

b) Lanpostua langilearen beharretara egokitzea komeni da. Kasu honetan, zehaztuko da prebentziozko zer neurri gomendatzen diren.

c) Langilea lanpostuz aldatzea komeni da.

Hiruretatik c) letran adierazitako kasua betetzen denean soilik jarraituko da birkokatze prozedurarekin.

2. Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak txosten osoa bidaliko dio langileari; dagokion birkokatze batzordeko buruari, berriz, lan arloko irizpen klinikoari buruzko ondorioen txostena igorriko dio, beharrezkoa den konfidentzialtasuna bermatuta betiere.

5. artikulua . Prozeduraren izapidetzea eta ebazpena.

1. Lan arloko balorazio klinikoan ondorioztatzen baldin bada lanpostua langilearen baldintzetarako egokia dela, espedientea bukatuko da, eta Birkokatze Batzordeko buruak horren berri emanen die interesdunari, zentroko Profesionalen Zerbitzuko Zuzendaritzari edo Burutzari eta zerbitzuak zer unitate organikoan ematen dituen, horretako Burutzari.

2. Lanpostua langilearen baldintzetara egokitu baldin badaiteke, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak zenbait neurri proposatuko ditu, beharrezkotzat jotzen dituenak, lanpostua langilearen osasun baldintzetara egokitzeko, eta jakinaraziko zaie langileari, dagokion Profesionalen Zuzendaritzari edo Burutzari eta zerbitzuak zer unitate organikotan ematen dituen, horko Burutzari.

Sei hilabetez eginen zaio jarraipena lanpostu egokituari. Epe hori igarotakoan, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak edo dagokion burutzak kontrako txostenik egin ez baldin badu, birkokapen prozedura bukatutzat joko da.

3. Lanpostua langilearentzat egokia ez dela jotzen baldin bada, langilearen beraren osasun baldintzengatik, edo ezin baldin bada lanpostua egokitu langilearen behar horietara, txosten arrazoitua igorriko zaie interesdunari eta dagokion Profesionalen Zuzendaritzari edo Burutzari, eta prozedura izapidetzen jarraituko da, honako irizpide hauekin bat:

a) Zentro bakoitzeko Profesionalen Zerbitzuko Zuzendaritzak edo Burutzak birkokatze prozeduraren bitartez bete daitezkeen lanpostu guztien zerrenda bidaliko dio Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari, gehienez ere hilabeteko epean, lanpostua zer motatakoa den adierazita eta zenbait ezaugarri interesgarri emanda, hala nola ordutegia eta egin beharreko lanak zein diren; hori guztia lanpostuak betetzeari buruzko araudian ezarritakoarekin bat etorriz. Horren guztiaren berri emanen zaio eskainitako lanpostua zer burutzaren menpe dagoen, burutza horri.

Gerta liteke zentroek aurreikusi izana langileren bat egiturazko lanpostu batean laneratzea, eta lanpostu hori birkokatze bidez betetzeko aukera egotea. Horrelakoetan, lanpostuaren atxikipena aldatzeko bidea emanen da, betiere kontuan izanik egiturazko lanpostu guztiak, sortzez, aldi baterako lanpostuak direla, eta finkatzen ez baldin badira, ez dute sortuko birkokatzea behin betikoa izateko eskubiderik.

Bete ez diren lanpostu hutsek lehentasuna izanen dute, bete diren lanpostuen aurretik.

b) Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak txosten bat eginen du, eskainitako lanpostuak hautagaientzat egokiak diren aztertuz, eta Birkokatze Batzordeari igorriko dio. Txosten horretan, ebaluatutako langileen zerrenda azalduko da, eta ebaluazioaren emaitzak adieraziko dira.

c) Birkokatze Batzordea bilduko da eta, gaiaren nondik norakoak aztertu ondoan, lanpostua betetzeko pertsonarik egokiena proposatuko du, foru dekretu honetan zehaztutako irizpideei jarraikiz, betiere. Ondoren, Profesionalen Zerbitzuko Zuzendaritzaren edo Burutzaren bitartez, hari esleitutako lanpostua eskainiko zaio langileari. Langile horrek hogei egun balioduneko epea izanen du eskainitako birkokapena onartzeko edo hari uko egiteko. Uko egiten baldin badio, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin beharko ditu. Horrela bada, tartean diren burutzei eta Birkokatze Batzordeari jakinaraziko zaie interesdunak birkokapena onartu duen edo hari uko egin dion.

d) Baldin langileak proposatu zaion birkokapena onartzen badu, Profesionalen Zerbitzuko Zuzendaritzak edo Burutzak ebazpena emanen du, eta ebazpen hori jakinaraziko zaie langileari, tartean diren zerbitzuetako zuzendaritzei edo burutzei eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari.

Epe horren barruan alegaziorik egiten ez baldin badu, langileak proposatu zaion birkokapena onartzen duela ulertuko da.

Langileak uko egiten baldin badio egindako proposamenari, birkokatze prozesutik kanpo utziko zaio; Birkokatze Batzordeak ez baditu frogatutzat jotzen, behintzat, alegazioak egiteko fasean langileak lanpostuari uko egiteko eman dituen arrazoiak.

e) Gehienez ere lau hilabeteko epea izanen da artikulu honetan araututako prozedura ebazteko.

Salbuespenez, epe hori beste bi hilabetez luza daiteke, baldin eta kasua bereziki konplexua bada, Birkokatze Batzordearen iritziz.

f) Behin-behineko atxikipenez eginen da birkokapena. Sei hilabeteko epea igaro ondoren, Profesionalen Zerbitzuko Zuzendaritzak edo Burutzak birkokapena formalizatuko du eta hura behin betikoa bihurtu, baldin eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak edo dagokion burutzak kontrako txostenik egin ez badu.

Birkokapena erreserbarik duen lanpostu baten gainean egin baldin bada, ez da behin betikotzat joko.

Sei hilabeteko epe horren barruan, langileak edozein unetan egin ahal izanen dio uko lanpostuari.

Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak edo dagokion burutzak kontrako txostena egin baldin badu, interesdunak hogei egun balioduneko epea izanen du alegazioak egiteko. Epe hori igaro ondoren, ebazpena emanen da eta, zer ebazten den, birkokapena bukatutzat emanen da edo beste sei hilabetez luzatuko da, behin-behinean.

4. Birkokapena behin betikoa bihurtzen baldin bada, eta interesdunari birkokapen prozesuan esleitu zaion lanpostuaren izena ez baldin bada interesdunak berak aldez aurretik zuen lanpostuaren berdina, lanpostuaren izena automatikoki aldatuko da, eta birkokapen prozesuan esleitu zaion lanpostuarena hartuko du.

5. Gerta liteke lanpostu hutsik ez egotea eta, ondorioz, behin betiko birkokapena ezin egin ahal izatea. Horrelakoetan, birkokapen hori egin ahal izanen da titularra lanpostua gordetzeko eskubidea ematen dion egoeraren batean dagoen lanpostu hartan, indarreko arauetan xedatutakoa betez betiere. Horrelakoetan, birkokapena behin-behinekoa izanen da beti, eta langile birkokatuak eskubidea izanen du jatorrizko bere lanpostua gorde dakion. Nolanahi ere, birkokapen horiek behin-behinekoen prozedura bera bete beharko dute iraupenari dagokionez.

6. Premia handiko kasuetan, salbuespenez eta interesdunari entzun ondotik betiere, berehalako birkokapena eginen du dagokion Profesionalen Zerbitzuko Zuzendaritzak edo Burutzak, eta egoera horren berri emanen zaie, berehala eman ere, Birkokatze Batzordeari eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari. Azken horrek, langileari osasun azterketa egin ondoren, lan arloko balorazio klinikoa eginen du, eta Birkokatze Batzordeari igorriko dio, batzorde horrek berretsi edo baztertu behar baitu egindako birkokapena. Birkokapen horiek behin-behinekoak izanen dira betiere, bai birkokapena ohiko prozeduratik izapidetzen den bitartean, bai premia eragin duten baldintzak aldatzen direnean.

Birkokapena berretsiz gero, izapideekin jarraituko da, foru dekretu honetan ezarritako birkokapen prozedura betez.

Batzordeak birkokapena baztertzen baldin badu, langilea jatorrizko bere lanpostura itzuliko da.

6. artikulua . Birkokatze batzordeen osaera eta funtzionamendua.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Birkokatze Batzorde hauek eratuko dira:

a) Nafarroako Ospitaleguneko Birkokapenen Batzordea.

b) Oinarrizko Osasun Laguntzako Birkokapenen Batzordea.

c) Osasun Mentaleko Birkokapenen Batzordea.

d) Tuterako Osasun Barrutiko Birkokapenen Batzordea.

e) Lizarrako Osasun Barrutiko Birkokapenen Batzordea.

f) Birkokatze Batzorde Nagusia.

2. Nafarroako Ospitaleguneko Birkokapenen Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Profesionalen Zuzendaritzako titularra.

-Zentroko Zuzendaritzako ordezkari bat.

-Prebentzio Zerbitzuko osasun arloko bi profesional.

-Prebentzioko edota langileen arloko hiru ordezkari, Langileen Batzordeak izendatutakoak.

3. Oinarrizko Osasun Laguntzako, Osasun Mentaleko, Tuterako Osasun Barrutiko eta Lizarrako Osasun Barrutiko birkokatze batzordeek honako kide hauek izanen dituzte:

-Profesionalen Zerbitzuko Burutzako edo dagokion zentroaren barruan haren funtzio berak betetzen dituen organoko titularra.

-Zentroko Zuzendaritzako ordezkari bat.

-Prebentzio zerbitzuko osasun arloko profesional bat.

-Prebentzioko edota langileen arloko bi ordezkari, Langileen Batzordeak izendatutakoak.

4. Birkokatze Batzorde Nagusiak kide hauek izanen ditu:

-Profesionalen Zuzendaritzako titularra, edo hark eskuordetzen duena.

-Birkokatzeko lanpostuak eskaini dituen zentroko Kudeatzailetzako kide bat.

-Prebentzio zerbitzuko osasun arloko langile bat.

-Prebentzioko edota langileen arloko hiru ordezkari, Langileen Batzordeak izendatutakoak.

5. Birkokatze batzorde bakoitzeko buru izanen da profesionalen zerbitzuko edo haren pareko eginkizunak dituen organoko zuzendaria edo burua. Era berean, batzordeek idazkaria izanen dute. Idazkariak, batzordeko kide ez baldin bada, ez du botorik izanen.

6. Birkokatze batzordeak beharrezkoa den guztietan bilduko dira eta, gutxienez ere, hiru hilean behin.

7. Birkokapen batzordeetako kide guztiek hitza eta botoa izanen dituzte. Edonola ere, batzordeak egoki irizten dionean, gaian adituak diren langile teknikoek parte hartu ahal izanen dute batzordeko bileretan, hitzarekin baina botorik gabe.

8. Erabakiak batzordekideen gehiengoz hartuko dira.

7. artikulua . Birkokatze batzordeen tipologia eta eginkizunak.

1. Birkokatze batzorde bat egonen da birkokapen arlo bakoitzeko, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lanpostu bakoitza betetzeko pertsonarik egokiena proposatzea, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren txostena oinarri hartuta eta foru dekretu honetan ezarritako birkokapen irizpideen arabera.

b) Birkokapenean esleitutako lanpostuari uko egiteko alegazioak eta horri buruzko txostenak baloratzea.

c) Zentroko Zuzendaritzari aholkuak ematea, birkokapenetarako erabil litezkeen lanpostuei buruz.

2. Birkokapena ezin baldin badaiteke definitutako lan eremuetako baten barruan egin, auzia Birkokatze Batzorde Nagusiari igorriko zaio, dagokion birkokatze batzordeko buruak edo prebentzioaren edota langileen arloko ordezkariek hala erabakita. Aurreko atalean ezarritako eginkizunak izanen ditu Birkokapenetarako Batzorde Zentralak, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoa izanen du jarduketa eremu.

Horrez gain, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Kudeatzailetzako langileen Birkokatze Batzordea izanen da Birkokapenetarako Batzorde Zentrala.

8. artikulua . Birkokapen irizpideak.

1. Birkokatze batzordeek lanpostua betetzeko hautagaia proposatuko dute, espedienteko txostenak baloratu ondoren, eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak igorritako lanpostuaren egokitasunari buruzko txostenaren ondorioak kontuan izanik.

2. Beharrezkoa bada lehentasun ordena bat ezartzea hainbat hautagairen artean, birkokatze batzordeek irizpide hauek aplikatuko dituzte:

a) Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak ezarritako lehentasuna, lan arloko irizpide klinikoaren arabera.

b) Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak lehentasunik ezartzen ez baldin badu, Birkokatze Batzordeak erabakiko du nor izanen den lanpostu hori betetzeko hautagaia, honako alderdi hauei erreparatuz, besteak beste:

-Babesteko moduko egoera, birkokapena gauzatzeko orduan lehentasuna izanen baitute laneko istripuen edota laneko gaixotasunen ondoriozko egoerek.

-Beste erakunde ofizial batzuek birkokapena egitea gomendatu edo proposatu izana, ebazpen bidez (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala, Eskubide Sozialetako Departamentua, Lan Ikuskaritza, Arartekoa, eta abar).

9. artikulua . Langile birkokatuen ordainsariak.

1. Lanpostu berriari dagozkion ordainsariak jasoko ditu langile birkokatuak.

2. Baldin lanpostu berriko ordainsariak, urte osoko kopurua zenbatuta, langilearen jatorrizko lanpostukoenen azpitik badaude, bi ordainsarien arteko aldea adinako ordainsaria emanen zaio langileari.

Aurreko paragrafoan adierazitako ordaina kalkulatzeko, arrisku bereziko osagarria bazter utzita, gainerako ordainsari osagarri guztietatik bi lanpostuek esleiturik dituzten horiek baizik ez dira kontuan hartuko. Horrez gain, ez dira zenbatuko esleipen aldakorra, behin-behinekoa, aldi baterakoa edota ezeztagarria duten kopuruak.

Langilea laneratzen baldin bada arrisku bereziko osagarria eragiten duen lanpostua baino ordainsari handiagoak dituen batean edo ukitutako langileen ordainsari osagarriak handitzen badira, langileari legozkiokeen ordainsari horietatik xurgatuko da osagarri hori, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeek oro har ezartzen dituzten urteko ordainsari-igoerak alde batera utzita.

10. artikulua . Birkokapena berraztertzea.

1. Beste lanpostu batean behin betikoz birkokatu den langileak ezin izanen du eskatu beste birkokatze prozesu bat irekitzea, ez bada mina areagotu zaiolako, min berriak agertu zaizkiolako edo aldatu egin direlako lanpostuaren ezaugarriak, antolakuntza arrazoiak edota arrazoi funtzionalak direla kausa.

2. Birkokatzean, berdin langilea lanpostu huts batean edota gordetako lanpostu batean birkokatu, irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Birkokapena behin-behinekoa den epe horren barruan, bai interesdunek bai lanpostuko zentroko Profesionalen Zerbitzuko Zuzendaritzak edo Burutzak birkokapena berrazter dezala eskatu ahal izanen diote, arrazoituz eta interesdunari entzunez, tartean den zentro bakoitzeko Kudeatzailetzari edo Zuzendaritzari. Epe horren barruan ere, langile birkokatuari jarraipena eginen dio Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak.

b) Epe hori igarotakoan inork ez baldin badu birkokapena berraztertzea eskatu, edo, hura eskatuta, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak ez baldin badu kontrako txostenik eman, birkokapena behin betikoa bihurtuko da, eta halaxe jakinaraziko zaie interesdunari, tartan diren zerbitzuei eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari.

11. artikulua . Langile birkokatuen borondatezko mugikortasuna.

Gerta liteke behin-behinekoz birkokatutako langile batek lanpostuak betetzeko prozedura batean parte hartzea, beste plaza edo beste lanpostu batera lekualdatzeko, edo aldez aurreko barne egokitzapenerako prozedura batean. Horrelakoetan, langileari eskatuko zaio, batetik, behin-behineko birkokapenari uko egin diezaiola, eta, bestetik, lanpostua hartzeko unean -hau da, laneratzeko unean- atera dadila birkokatzeke dauden langileen zerrendatik.

Gerta liteke, era berean, birkokatutako langile batek lekualdatzea edo egokitzapena eskatzea. Horrelakoetan, lanpostuaren egokitasunari buruzko txostena eska diezaioke Profesionalen Zerbitzuak edo Zuzendaritzak Prebentzio Zerbitzuari.

Xedapen Gehigarri Bakarra.- Birkokatze batzordeak eratzea.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik bi hilabeteko epean, gehienez ere, eratuko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Birkokatze Batzordeak.

Xedapen Iragankor Bakarra.- Prozeduraren araubide iragankorra.

Foru dekretu hau ez zaie aplikatuko foru dekretu honek indarra hartu aurretik abiarazi diren prozedurei Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko birkokapenei buruzko 2000ko azaroaren 10eko erabakiak arautzen baititu prozedura horiek.

Azken Xedapenetako Lehena .Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Osasuneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro (Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 5eko 11/2018 Foru Dekretua).

Iragarkiaren kodea: F1810553

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web