(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

318E/2018 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 10EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO ONKOLOGIA ERRADIOTERAPIKOAREN ZERBITZUA SORTZEN DUENA

BON N.º 170 - 03/09/2018



Atariko

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak, 2. artikuluan, aditzera ematen du erakunde autonomo honen osasun laguntzako egitura dagokion mailako araudiko xedapenen bidez ezarriko dela.

Bestalde, foru dekretu horren 19.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasun Departamentuko titularraren foru aginduen bidez ezarriko direla Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak proposaturik.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratzeko prozesuan, horiek baitaude jatorrian. Aipatu 59/2010 Foru Aginduak Erradioterapia eta Onkologia Zerbitzua biltzen du Nafarroako Ospitalegunearen barrenean.

Nafarroako Ospitaleguneko zuzendariak txostena egin du honako hauek eskatzeko: zerbitzuari izena aldatzea eta aurrerantzean Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzua deitzea, hori baita medikuntzako espezialitate honetarako Osasun Sistema Nazionalaren gainontzeko zerbitzuetan erabiltzen den izena eta halaxe baitago erregistratua; Erradioterapia eta Onkologia Atalari izena aldatzea eta Kanpoko Erradioterapia deitzea, atal horren eginkizunei hobeki egokitzen baitzaie; eta Brakiterapia Atala sortzea, bertan egiten diren tratamenduen berezitasuna dela-eta (prozedurak, teknikak eta antolaketa sistema) zerbitzuko gainontzekoetatik guztiz bereizirik dagoelako.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzua sortzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzua sortzen da; hartan integratzen dira Nafarroako Ospitaleguneko Erradioterapia eta Onkologia Zerbitzuaren langileak eta baliabideak.

2. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Ospitaleguneko Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritza Asistentzialaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu Onkologia Erradioterapikoaren eskumeneko eremuetan, diagnostikoari, sendatzeari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.

3. artikulua . Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzuaren egitura.

Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:

a) Kanpoko Erradioterapiaren Atala.

b) Brakiterapia Atala.

4. artikulua . Kanpoko Erradioterapiako Laguntza Atalaren eginkizunak.

Kanpoko Erradioterapiako Laguntza Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Kanpoko erradioterapiako teknikak hobetzeko proposamenak egitea dosiak optimizatzeko, tumorearen tokiko kontrola hobetzeko eta izan ditzakeen ondorioak gutxitzeko.

b) Kanpoko erradioterapiako teknika guztien protokoloei buruzko informazioa biltzea eta eguneratzea: 2Dko erradioterapia, 3Dko erradioterapia, IMRT (dosi-intentsitate modulatuko erradioterapia), IGRT (irudiz gidatutako erradioterapia), mugimendua kontrolatzeko teknikak, erradiokirurgia eta SBRT (garezurretik kanpoko erradioterapia esteroataxikoa).

c) Kanpoko erradioterapia motaren bat behar duten prozesu nagusietan bide klinikoak diseinatzen eta martxan jartzen laguntzea.

d) Azeleragailuen matxurak, etenaldiak, tratamenduen atzerapenak eta itoguneak kudeatzea, eta horrez gain, azeleragailuen mantentze-lanetarako kontratatutako berrikuspenak koordinatzea.

e) Asteburu eta jaiegunetan larrialdi onkologikoetan arreta emateko zerbitzua antolatzea, medikuak, erizainak eta erradioterapia teknikariak barne.

f) MARR (erradioterapiaren arrisku matrizeak) izeneko Europako segurtasun programa abian jartzen laguntzea eta haren bilakaeraren berri ematea kanpoko erradioterapia tratamenduetan.

g) Zerbitzuko zuzendariari proposatzea kanpoko erradioterapian prestakuntza jasotzeko eta ikertzeko urteko programa bat sortzea.

h) Berrikuntza teknikoa sustatzea, Erradiofisika Zerbitzuarekin batera.

5. artikulua . Brakiterapiako Laguntza Atalaren eginkizunak.

Brakiterapiako Laguntza Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Brakiterapiako prozeduretan hobekuntzak proposatu, koordinatu eta ebaluatzea, eta Zerbitzuari aurkeztea, urteko memoria batean.

b) Brakiterapia beharrezkoa duten prozesu guztietarako bide klinikoak jaso, aurkeztu eta ebaluatzea.

c) Protokolo klinikoen eguneratzea, sustapena eta betearazpena koordinatzea, ebidentzia zientifikorik hoberena oinarri hartuta.

d) Atal honetan MARR izeneko Europako segurtasun programaren aplikazioa koordinatzea.

e) Ataleko kalitate-egiaztapenean parte hartzea, ISO arauarekin bat etorrita.

f) Brakiterapia arloan prestakuntza jasotzeko urteko programa bat sortzea, sustatzea eta ebaluatzea, erizainei ere bideratuta.

g) Brakiterapia arloan ikertzeko urteko programa sortzea, sustatzea eta ebaluatzea.

h) Brakiterapia arloko teknologia berriaren agindu teknikorako irizpideak proposatzea Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzari.

i) Brakiterapiako diziplina anitzeko jarduerak koordinatzea erizainekin eta beste zerbitzu batzuekin batera.

j) Brakiterapia prozeduren itxaron zerrenda kontrolatzea eta kudeatzea.

k) Arlo honetako operazio-gelak antolatzea.

l) Aplikagailuak behar bezala manipulatzen eta biltegiratzen direla ziurtatzea, ezarritako protokoloei jarraikiz.

m) Esterilizatzeko eta aldizka berritzeko irizpideak zehaztea, gomendioei jarraituz.

n) Brakiterapia kontsultan arreta emateko zirkuituak antolatzea.

ñ) Berrikuntza teknikoa sustatzea, Erradiofisikaren eta Babes Erradiologikoaren Zerbitzuarekin elkarlanean.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Izendapenak.

Erradioterapia eta Onkologia Zerbitzuko eta Erradioterapia eta Onkologia Ataleko buruei eusten zaie, izendapeneko baldintza berberetan; orain Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuko buru eta Kanpoko Erradioterapiako Ataleko buru izanen dira, hurrenez hurren.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzea.

1. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.

2. Indarrik gabe uzten dira Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduan jasotako erreferentziak. Haren bidez egokitu zitzaizkion Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak Erradioterapia eta Onkologia Zerbitzuari eta Erradioterapia eta Onkologia Atalari.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 10ean.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1810312

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web