216E/2018 FORU AGINDUA, EKAINAREN 5EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, HERIOTZA DUINAREN NAFARROAKO BEHATOKIA SORTZEN DUENA
BON N.º 190 - 26/07/2018
Martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legean, hiltzeko prozesuan pertsonari dagokion duintasunari buruzkoan, adierazitakoari jarraiki, medikuntzan nahiz hari lotutako beste zientzia batzuetan izandako aurrerabideek ahalbidetu dute bizi-funtzioak orain arte pentsaezinak ziren mugetaraino luzatzea, eta, ondorioz, galdera eta erronka berriak sortu dira hiltzeko prozesuen inguruan.
Hori dela eta, beharrezkoa da teknologia ez erabiltzea bizitza edozeren gainetik luzatzeko mekanismo gisa, baizik eta egoera berriak sortzeko tresna gisa, eta hori baliatzea hiltzeko prozesuaren sufrimendua arintzeari lehentasuna emateko eta bermatzeko pertsonaren askatasuna eta norberaren sinesmenak, sinesmen erlijiosoak eta autonomia errespetatzen direla osasun arloko esku-hartzeetan, horrek “heriotza duina” deritzona izatea erraztuko baitu.
Hori guztia jasota dago aipatutako 8/2011 Foru Legean, zeinaren bidez aurreikusten baitira pertsonak hiltzeko prozesuan dituzten eskubideak, pertsona horiek artatzen dituzten osasun arloko langileen eginbeharrak, eta zentro eta erakunde sanitarioen eta soziosanitarioen betebeharrak heriotza gertatzen den kasuetan.
Nolanahi ere, ez da behar adina aztertu foru lege horretan ezarritakoaren betetze maila, ezta Nafarroako herritarrek hura dela-eta duten gogobetetze maila ere, eta, beraz, ezinezkoa da jakitea zein alderditan aurreratu den eta zein arlotan den beharrezkoa esku-hartze irmo bat egitea, legea erabat gara dadin. Nafarroako Foru Komunitatean gaur egun heriotza nola gertatzen den aztertu eta arlo honetan sortzen diren aldaketak denboran zehar behatu eta aztertzeko, beharrezkotzat jotzen da hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasuna bermatzeko programa bat sortzea eta Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia eratzea, organo egonkor gisa, arlo honetan interesa duten profesionalek nahiz herritarrek bertan parte har dezaten.
Programa hori garatzeko, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Aginduaren bidez, jada aitortua zaio Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuari eginkizun hau: herritarrek osasunari eta prestazio sanitarioei dagokienez dituzten eskubideak eta betebeharrak bermatu eta zaintzeko sistemak garatzea. Era berean, zerbitzu horrek bere baitan hartzen ditu aipatutako 8/2011 Foru Legean aitortutako eskubide eta bermeak, eta hori dela eta, foru agindu honen bidez sortuko da Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Xedea eta helburua.
Foru agindu honen xedea da Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia sortu eta arautzea. Kide anitzeko organo honen helburua da ezagutzea Nafarroan heriotza prozesua nola gertatzen den eta Osasun Departamentuarekin lankidetzan aritzea, hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari buruzko martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legearen garapen maila neurtzeko.
Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organo aholku emailea da, Osasun Zuzendaritza Nagusiaren egituraren menpekoa, eta osasun arloko eskumena duen departamentuari atxikita dago.
Hauexek izanen dira Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiaren helburuak:
a) Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko prozesua ezagutzea.
b) Heriotza duinerako zailtasunak eragiten dituzten desberdintasun egoera eta inguruneak antzematea eta halakoak jasaten dituzten talde ahulak zeintzuk diren jakitea.
c) Nafarroako herritar guztiek heriotza duina izaten laguntzeko, hobetzeko dauden eremuak antzematea.
d) Heriotza prozesuaren inguruko ikerketa garatu eta sustatzea.
e) Emaitzak gizarteari helaraztea eta hiltzeko prozesuak paziente, senide eta, oro har, gizartean duen eraginaz sentsibilizatzea.
4. artikulua . Eginkizunak.
1. Hauexek izanen dira Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiaren eginkizunak:
a) Nafarroako herritarrak nola hiltzen diren jakiteko informazio iturriak antzematea eta aztertzea.
b) Inkestak eta informazioa lortzeko bestelako tresnak sor daitezela sustatzea, Nafarroan hiltzeko prozesuetan dagoen arreta biopsikosoziala dokumentatzeko, bai hiltzear dauden pertsonen aldetik, baita gaixoak egoera hauetan zaintzen dituzten gertukoen eta zerbitzuetako profesionalen aldetik ere.
c) Nafarroan, hiltzeko prozesuaren garapenaren nondik norakoak ezagutzeko aukera emanen duten adierazleak zehaztu eta aztertzea.
d) Osasun arloko langileentzako prestakuntza ekintzak proposatzea, kontuan hartuta martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legean zehaztutako balioak, gomendioak eta betebeharrak.
e) Osasuneko informazio sistemetako historia klinikoan aldagai berriak txerta daitezen sustatzea, zainketa aringarriak jasotzen dituzten pertsonak eta hilzorian daudenak identifikatu eta haien hiltzeko prozesua aztertzeko.
f) Beharrezkoa den informazioa bildu eta prozesatzea, Behatokia eguneratuta egon dadin.
g) Bildutako informazioa aztertu eta ebaluatzea, Osasun Departamentuari azterlan bat bi urtetik behin egiten laguntzeko, martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legean, hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari buruzkoan ezarritakoaren betetze mailari buruzkoa, eta Nafarroako herritarrek hura dela-eta erakusten duten gogobetetze mailari buruzkoa.
h) Arlo honetan ikerketa proiektuak sustatzea.
i) Hiltzeko prozesuari buruzko aldizkako txostenak egitea, gomendioekin eta esku-hartze proposamenekin.
2. Bere eginkizunak betetzeko, Behatokiak laguntza eskatu ahal izanen die Nafarroako Foru Komunitatean, zuzenean nahiz etxean, zerbitzua ematen duten osasun zentro eta zentro soziosanitario publiko nahiz pribatuei.
1. Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiak kide hauek izanen ditu:
a) Osasun Zuzendaritza Nagusiko hiru ordezkari, osasun arloko eskumena duen departamentuko titularrak izendatuak. Horietako bat lehendakari gisa arituko da, eta beste bat, idazkari.
b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkari bat, osasun arloko eskumena duen departamentuko titularrak izendatua.
c) Nafarroako osasun zentroetako Osasun Laguntzaren Etika Batzordeetako lehendakariak.
d) Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteko ordezkari bat.
e) Esku-hartze Sozialaren Etika Batzordeko ordezkari bat.
f) Nafarroako Zainketa Aringarrien Elkarteko ordezkari bat.
g) Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako ordezkari bat.
2. Behatokiko kide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez.
6. artikulua . Heriotza Duinaren Behatokiko kide izaera.
1. Behatokiko kide izaera ordezkatzen duen erakundeak hala izendatuta lortzen da, edo lehendakariak emana, 5.1 artikuluko c) letran adierazitako behatokiko kideen kasuan.
2. Orobat, honako kasuotan utziko zaio behatokiko kide izateari:
a) Erakundeak berak kargutik kentzeagatik, edo lehendakari karguan, 5.1 artikuluko c) letran jasotako kideen kasuan.
b) Heriotzagatik edo ebazpen judizial irmo baten bidez deklaratutako desgaikuntzagatik.
c) Norberak uko eginda.
d) Lanbidean edo politikan aritzeko desgaikuntza ekarri duen zigorra jasotzeagatik epai irmo baten bidez.
e) Ordezkaritza galtzeagatik.
3. Kargu hutsak betetzeko, izendapenak egiteko foru agindu honetan adierazitako prozedura berbera erabiliko da.
7. artikulua . Funtzionamendua.
1. Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia, bilkura arruntean, urtean bitan bederen bilduko da. Bilkura bereziak egin ahal izanen dira, lehendakariak deituz gero, interesdunak eskatuta edo organoko kideen heren batek eskatuta.
2. Organoaren eraketak balio izateko, behatokiko lehendakariak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Horiez gainera, kideen erdiek gehi batek egon beharko dute gutxienez.
3. Bilkurak egiteko deialdietan gai-zerrenda adierazi beharko da, eta kideek bilkura eguna baino zazpi egun lehenagotik gutxienez jaso beharko dute deialdia. Presako arrazoiengatik, epe hori laburtzen ahal izanen da eta berrogeita zortzi ordukoa izan.
4. Bertaratzen diren kideen gehiengoaren bidez hartuko dira erabakiak eta horien arrazoiak emanen dira. Boto partikularrak erants daitezke, gehiengoz hartutako erabakiaren kontrakoak badira.
5. Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren botoak erabakiko du.
6. Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiaren antolamenduari eta funtzionamenduari dagokionez, ondoko arau hauetan ezarritakoari segituko zaio: foru agindu hau, behatokiaren barne funtzionamenduko arauak (horrelakorik onesten bada), abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organoentzat xedatutakoa eta, ordezko gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.
8. artikulua . Laguntza teknikoa.
Bere lanak egiteko, Behatokiak Osasun Zuzendaritza Nagusiaren laguntza teknikoa eta administratiboa izanen du.
Lehen Xedapen Gehigarria. Kideen izendapena.
Osasun arloko eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu honen 5.1 a) eta b) artikuluetan aipatzen diren kideak izendatuko ditu hilabeteko epean, foru agindu hau argitaratzen denetik hasita.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiaren eraketa.
Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia bi hilabeteko epean eratuko da, gehienez ere, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Jardueren urteko plana.
Urte bakoitzeko lehen hiruhilabetekoan behatokiak eginen dituen jardueren urteko plana aurkeztuko da, baita jardueren egutegia ere.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2018ko ekainaren 5ean.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1807898