212E/2018 FORU AGINDUA, EKAINAREN 5EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO GERIATRIA ZERBITZUAREN EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 140 - 20/07/2018
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak, 2. artikuluan, aditzera ematen du erakunde autonomo honen osasun laguntzako egitura dagokion mailako araudiko xedapenen bidez ezarriko dela.
Bestalde, foru dekretu horren 19.2 artikuluak ezartzen du zerbitzu asistentzialak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasun Departamentuko titularraren foru aginduen bidez ezarriko direla Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak proposaturik.
Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratzeko prozesuan, haiek baitaude jatorrian. Aipatu 59/2010 Foru Aginduak Geriatria Zerbitzua biltzen du Nafarroako Ospitalegunearen barrenean.
Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritzak txostena egin du honako hauek eskatzeko: Geriatria Atala sortzea jarduera handitzearen ondorioz, Paziente kronikoari arreta emateko Estrategia garatzen laguntzea, eta prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketaren alde egitea.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Geriatria Zerbitzuaren egitura.
Nafarroako Ospitaleguneko Geriatria Zerbitzuak Geriatriaren Laguntza Atala hartzen du barnean.
2. artikulua. Eginkizunak.
Geriatriaren Laguntza Atalak eginkizun hauek beteko ditu:
a) Kronikoen eta Dementziak jotakoen laguntza unitateen funtzionamendua koordinatu eta ebaluatzea.
b) Langileen kudeaketan, irakaskuntzan eta prestakuntzan irizpide bateratuak erabiltzen direla ziurtatzea.
c) Medikuen jarduerak (arreta, irakaskuntza eta ikerketakoak) sustatu eta ebaluatzea, programa egokiak diseinatuta.
d) Laguntza klinikoaren hobekuntza, humanizazioa eta tratu pertsonalizatua sustatzea, baita arreta soziosanitarioarekiko lankidetza ere.
e) Langileen arloan dauden beharrak eta baliabideak kudeatu eta koordinatzea.
f) Koordinazio mekanismoak sustatu eta ezartzea medikuen artean estrategiak garatuz, ospitaleratuta dauden zein kronikoen programaren bidez arreta jasotzen duten pazienteen segurtasunaren, arretaren kalitatearen eta eraginkortasunaren jarraitutasuna lortzeko.
g) Geriatria Zerbitzuko buruak berariaz esleitzen dizkion bestelako eginkizunak.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2018ko ekainaren 5ean.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1807636