(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

17/2018 FORU LEGEA, uztailaren 3koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 134 - 12/07/2018



HITZAURREA

Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legeak taxutzen du Nafarroako segurtasun publikoaren sistema, Administrazio Publiko desberdinen parte-hartzeaz osatua, eta koordinazio eta plangintza tresnak diseinatzen ditu helburu nagusi batekin; alegia, ahalik eta eraginkortasun handiena lortzea, eskura dauden baliabideen erabilera arrazoizkoa eta jasangarria izan dadin; horrenbestez, herritarren segurtasunaren arloan desiragarri diren emaitzen lorpenean eraginkortasun handiagoa erdiestea.

Arau horren II. kapituluan aurreikusirik dago zein den Nafarroako segurtasun publikoko sistema horren antolaketa. Kapitulu horretan arloaren antolamendu administratiboa jasotzen da, berariazko eginkizunak esleitzen zaizkie foru administrazioko eta toki administrazioko organo eskudunei, eta segurtasun publikoaren eremuko parte-hartze eta koordinazio organoak arautzen dira, hala nola Herritarren Segurtasunerako Kontseilua, Herritarren Segurtasuneko toki kontseiluak, Segurtasun Publikorako Departamentuarteko Batzordea, Nafarroako Segurtasun Batzordea, segurtasunerako toki batzordeak udaltzaingoa duten udalerrietan, eta, azkenik, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea.

Zalantzarik gabe, politika publikoetan parte hartzeko eta horiek aztertzeko bide iraunkorretako bat dira kide anitzeko organoak, bete nahi dituzten beharretarako egokiak eta proportziozkoak badira betiere, eta aintzat hartzen badira eskain dezaketen baliagarritasuna eta balio erantsia, kasu honetan segurtasun arloko politika publikoen hobekuntzari, ekarpen horiek justifikatuko baitute organoen beraien existentzia, azken finean.

Aitzitik, eginkizun berberak dituzten organoak bikoiztu edo ugaltzeak eta antolamendurik gabeko osaketa eta funtzionamendua izateak inoperatibo eta afuntzional bilaka dezakete sistema organiko hori, politika publikoei egin diezaiokeen ekarpena ezerezean utziz. Horregatik, segurtasun publikoaren sistemaz gogoeta egin, eta berrantolatu beharra dago, arrazionaltasunean eta errealismoan oinarritutako irizpideekin, antolaketaren diseinua herritarren behar eta eskaeretara eta Nafarroako Foru Komunitateko errealitatera ekarriz; horretarako, beharrezkoa da haien araudia eta operatibitatea ebaluatzea legeak ezarritako printzipioekin bat etor daitezen, kide anitzeko organoen maparen diseinu arrazional eta errealistagoa helburu, segurtasunaren arloko politika publikoari ekarpena egin diezaioten.

Egitura eta mapa organikoak berrantolatzeko ariketa orotan, lehenengo eta behin, murriztu behar da, deuseztapenez nahiz taldekatzez, segurtasun publikoaren sisteman dauden kide anitzeko organoen kopurua, eginkizun-bikoizketagatik edo operatibitate faltagatik segurtasun publikoko sistema horri inolako baliorik ekartzen ez diotenean.

Murrizketa prozesu guztietan ziurtatu behar da kide anitzeko organoari esleitutako eginkizunak ez direla premiazkoak; edo, kontrakoan, mantenduko den beste organo batean daudela edo hark beregana ditzakeela. Alde horretatik, inoiz bildu ez diren Herritarren Segurtasunerako toki kontseiluek toki esparruan esleituta dituzten eginkizunak aurreikusten dira, batetik, Segurtasuneko Toki Batzordeetan, udaltzaingoa duten udalerrien kasuan; edo, bestetik, Kontseilu Sektorialak eratuz (hauek ez daude pentsatuta soilik polizia kidego hori duten udalerrietarako), zeinak jasota baitaude azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuan, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen horretan. Ohikoa da aipatutako bi organo horiek toki entitateetan errepikatzea.

Bestalde, Foru Komunitateko Administrazioaren mailan, Segurtasun Publikorako Departamentuarteko Batzordearen eginkizunak errepikatzen dira Herritarren Segurtasun Kontseiluan, baina lehenaren kasuan parte-hartzearen eremu subjektiboa eta objektiboa handiagoak dira, eta hartara bideratu behar dira, modu koordinatuan, segurtasun publikoarekin lotutako gaiak, baldin eta administrazio desberdinak ukitzen badituzte Nafarroako segurtasun publikoaren sistemak oinarrian dituen ikuspegitik eta printzipioetatik: osagarritasuna, lankidetza, koordinazioa, elkarlana, elkarrekiko informazioa eta leialtasun instituzionala.

Bigarrenik, berregituratze-prozesu horrek helburu hau izan behar du: segurtasun publikoaren sistema hori azkenean osatu behar duten organoen errendimendua optimizatzea, segurtasun publikoaren arloko politikaren plangintza, ezarpena eta ebaluazioa operatiboak eta zuzenak izan daitezela bermatzeko. Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren kasua da, adibidez; izan ere, Segurtasun Publikoaren Departamentuarteko Batzordea eta Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokia iraungitzea proposatzen denez, haiek betetzen dituzten eginkizun batzuk Segurtasun Publikoaren Kontseiluak hartuko ditu. Behatokiak zehaztuta dituen eginkizunak Kontseiluari laguntza ematekoak baizik ez dira, nagusiki kudeaketaren eta datuen analisiaren arloetakoak, eta horiek administrazio publiko desberdinen antolaketatik bertatik bete daitezke.

Aipatutako gaietako batzuk aurrera eramateko, beharrezkoa da aldaketak egitea Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legean eta Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokia sortzen duen martxoaren 28ko 21/2011 Foru Dekretuan.

Artikulu bakarra. Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legeari aldaketa hauek egiten zaizkio:

Bat.–9. artikuluko 3. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Administrazio publiko desberdinei aholku ematea, une eta toki bakoitzean segurtasun publikorako politika egokia diseinatu behar duten erakunde espezializatuei gomendioak emanez eta gizartearen barneko gertaera kolektiboei bereziki kontu eginez.

b) Nafarroako segurtasun publikoaren egoera orokorra aztertu, ikertu eta ebaluatzea, herritarren segurtasunaren inguruko erreferente adierazgarrienak oinarri harturik, portaeren azterketak eta egoeren analisiak sustatuz, segurtasun indar eta kidegoetako kideen lanak euskarria izan dezan inguruabar zehatz eta baloragarrietan.

c) Herritarren bizikidetza lasaia eragozten ahal duten faktoreen jarraipen bat egitea, hala nola xenofobia, arrazakeria, kaleko indarkeria eta taldeen indarkeria edo antzeko gertaerak, horrela aurrea hartze aldera herritarren edo gizarteko balio funtsezkoenen kalterako izan daitezkeen gatazka eta arriskuei.

d) Nafarroako segurtasun egoera hobetzeko neurri orokorrak sustatzea eta segurtasun publikoarekin zerikusia duten administrazio publiko desberdinen zerbitzuak hobetzeko ekimenak bultzatzea.

e) Foru Komunitateko segurtasun publikoa dela eta Nafarroako Gobernuak onesten duen urteko txostena ikustea.

f) Interes estatistikoko informazio polizialen sistema bateratu bat kudeatu eta mantentzea, eta Nafarroako Foruzaingoaren eta Nafarroan jarduten duten gainerako segurtasun indar eta kidegoen artean interes polizialeko informazio-trukea sustatzea.

g) Nafarroako Segurtasun Publikorako Plan Orokorra nola eta zenbateraino betetzen den zaintzea.

h) Indarra duten arauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak”.

Bi.–10. artikulua kentzen da.

Hiru.–11. artikulua kentzen da.

Lau.–18. artikuluko 3. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Segurtasun Plan Orokorra onestea, segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak proposatuta, eta Nafarroako Herritarren Segurtasunerako Kontseiluak haren berri izan ondoren”.

Bost.–22. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. Segurtasun publikoaren arloko eskumena duen departamentuak urtero txostena egin beharko du Nafarroako Foru Komunitateko barne-segurtasunari buruz, Nafarroako Estatistika Planak arautzen dituen estatistika-jardueretan oinarritua. Txosten hori agintari eta organo interesdunei eskueran jarri beharko zaie; bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Segurtasun Batzordeari, Nafarroako Toki Poliziak Koordinatzeko Batzordeari, tokiko segurtasun batzordeei eta herritarren segurtasunerako kontseiluei”.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzeak.

Indarrik gabe gelditzen dira lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten lege edo erregelamendu mailako xedapen guztiak; bereziki, martxoaren 28ko 21/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokia sortzen duena.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko uztailaren 3an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1808715

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web