(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

84/2018 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 24KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA 232 EREDUA (“AITORPEN INFORMATIBOA: ERAGIKETA LOTUAK ETA PARADISU FISKAL GISA KALIFIKATUTAKO HERRIALDE EDO LURRALDEEKIN ZERIKUSIA DUTEN ERAGIKETAK ETA EGOERAK”) Nota de Vigencia

BON N.º 103 - 30/05/2018



Atariko

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legea argitaratu zenetik 20 urte baino gehiago iraganik, beharrezkotzat jo zen zergaren arauketaren berrikuspen orokor bat egitea, halako moduz non testu arautzaileak aplikatzekoa den arauketa orokorra bilduko duen, eta, horretaz gain, testu hori arau teknikoen bilduma sistematikoa izanen den, gaur egungo tributuen errealitate konplexua hobeki eta gaurkoturik jasotzeko moduan. Horrenbestez, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 26/2016 Foru Legea onetsi zen, aipatutako zergaren arauketa guztia biltzen duena.

Lotutako eragiketen eremuan, sozietateen gaineko zergak zenbait berritasun ditu. Alde batetik, loturaren perimetroa murriztu egiten da bazkide-sozietate harremanaren esparruan: 100eko 25 izatera igaro da. Balorazio metodoen arteko hierarkia kentzen da, eta, horien osagarri, beste balorazio metodo eta teknika batzuk ere onartzen dira, subsidiarioki, baldin lehia libreko printzipioa errespetatzen bada. Orobat, balorazio arau berariazkoak ezartzen dira bazkideek sozietate profesionalekin dituzten eragiketetan.

Bestalde, aipatutako foru legeak berritasunak dakartza, entitate ukituek prestatu beharreko berariazko dokumentazioari dagokionez; eduki sinplifikatua izanen du negozio zifraren zenbateko garbia 45 milioi eurotik behera duten entitateentzat edo entitate taldeentzat, eta ez da beharrezkoa izanen zenbait eragiketarekin loturik.

Sozietateen gaineko zergaren aitorpenerako S-90 ereduan pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketen koadroa betez gauzatu da, tradizionalki, informazioa emateko betebehar hori.

Nolanahi ere, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zerga-ekitaldietarako, aukeratu da informazioa beste aitorpen informatibo batera aldatzea, non berariaz adieraziko baitira pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak. Bi helburu ditu horrek; batetik, irudi du egokiagoa dela informazio hori beste aitorpen berri batera eramatea, zeina bakar-bakarrik bete beharko baitute pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak egitera behartutako entitateek, eta, bestetik, lortuko da sozietateen gaineko zergaren aitorpena aurkeztearekin lotutako zeharkako karga fiskalak murriztea.

Arrazoi horiengatik, erabaki da paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketa eta egoerei buruzko informazioa tokiz aldatzea, izan ere orain arte sozietateei buruzko zergaren adierazpenean sartu da, eta hemendik aurrera 232 ereduan jasoko da (“aitorpen informatiboa: eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak”).

“Pertsona edo entitate lotuekin izandako eragiketen informazioari” dagokionez, orain arte bezala nahitaezkoa izanen da pertsona edo entitate lotu berarekin zergaldian izandako eragiketa guztien berri ematea, betiere mota berekoak badira, baloratzeko metodo bera erabiltzen bada eta merkatuko balioan 100.000 eurotik gorakoa bada. Orobat, orain arte bezala hemendik aurrera derrigorrezkoa izanen da pertsona edo entitate lotu berarekin egindako eragiketen berri ematea, baldin eta eragiketa guztien kontraprestazioen zenbatekoa 250.000 eurotik gorakoa bada, merkatuko balioarekin bat.

Eragiketa lotuen zatiketa saihesteko, ezarri da nahitaezkoa dela eragiketen berri ematea, baita aipatutako zenbatekoak gainditzen ez badira ere, eragiketak mota berekoak eta metodo bera erabilitakoak direnean eta horien denen zenbatekoa, guztira, entitatearen negozio zifraren 100eko 50 baino handiagoa denean.

Orobat, eragiketa berariazko batzuen berri emateko betebeharra ezartzen da, baldin eragiketa mota bakoitzaren kasuan orotara 100.000 eurotik gorakoa bada, baina kasu horretan ez da exijituko balorazio metodo bera erabiltzea. Kasu horretan, aipatutako muga gainditzen duen eragiketa mota bakoitzaren berri eman beharko da.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, informazioaren aitorpena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aurkeztu behar duten entitateei betebehar hori betetzeko erraztasunak emateko asmoz, bidezkoa da aitorpen eredu berri bat onestea.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 30.4 artikuluak zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio erabaki dezan, foru agindu bidez, apartatu horretan aurreikusitako informazioa aurkezteko epea eta modua.

Abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko 29.2. artikuluak xedatzen duenez, zergadunak bere eragiketa lotuei buruzko informazioa jarri beharko du aitorpenean, hala aurreikusten den kasuetan, zerga arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez ezartzen duen moduan.

Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Testu Bateginaren 21. artikuluak (Testu Bategina martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) gaikuntza ematen dio Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari ezar dezan nola eta non aurkeztu behar duten establezimendu iraunkorrek egoki den aitorpena, baita horri erantsi beharreko dokumentazioa ere. Testu bategin horren beraren azken xedapenetako bigarrenak gaikuntza ematen dio Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari zerga horren aitorpen ereduak onesteko, baita horiek elektronikoki aurkezteko kasuak eta baldintzak ezartzeko ere. Ulertu behar da ezen Ogasuneko ministroari egindako gaikuntza horiek Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari eginak direla, oinarritzat harturik, besteak beste, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. eta 46. artikuluak.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez, Tributuari buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako gaitasun orokorra erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 232 eredua onestea.

232 eredua onesten da (“Aitorpen informatiboa: eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak”). Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

232 eredua telematikoki aurkeztuko da, foru agindu honen 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzei eta prozedurari jarraikiz.

Eredu hori formatu elektronikoan baizik ezin da eskuratu.

2. artikulua. 232 eredua aurkeztera behartuak.

1. 232 eredua aurkeztera eta “Pertsona edo entitate lotuekin izandako eragiketen informazioa” betetzera behartuak egonen dira sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak baldin establezimendu iraunkorraren bidez jarduten badute, baita atzerrian eratuta dauden eta Espainiako lurraldean dauden errenta-egozpenaren araubideko entitateak direnek ere, baldin eragiketa hauek egiten badituzte pertsona edo entitate lotuekin Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28.1 artikuluan aurreikusitako moduan:

a) Loturiko pertsona edo entitate berarekin zerikusia duten eragiketak, baldin eta zergaldiko eragiketa guztien kontraprestazioen zenbatekoa 250.000 eurotik gorakoa bada, merkatu-balioarekin bat, Zergari buruzko Foru Legearen 30.3 d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Eragiketa berariazkoak, baldin, zergaldian, eragiketa mota horretako multzo bakoitzaren zenbatekoa 100.000 eurotik gorakoa bada. Ondorio horietarako, eragiketa berariazkotzat hartuko dira Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legearen 30.2 artikuluak eta Zergaren Erregelamenduaren 31.5 artikuluak aipatutako dokumentazioaren eduki sinplifikatutik salbuetsitako eragiketak.

2. Nolanahi ere, ez da nahitaezkoa izanen 232 ereduko “Pertsona edo entitate lotuekin izandako eragiketen informazioa” betetzea honako eragiketei dagokienez:

a) Zerga-kontsolidazioko talde berean sartuak dauden entitateen artean egiten diren eragiketak, galarazi gabe Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoa, Zergaren Foru Legearen 30.3 artikuluko a) letran ezarritakoaren arabera.

b) Bere kideekin edo zerga-kontsolidazioko talde bera osatzen duten beste entitate batzuekin, ekonomia intereseko taldeek egindako eragiketak, Ekonomia Intereseko Taldeei buruzko apirilaren 29ko 12/1991 Legean ezarritakoari jarraikiz, eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren erregistro berezian inskribatutako aldi baterako enpresa elkarteek egindakoak, Enpresa talde eta aldi baterako elkarteen eta eskualdeetako industria garatzeko sozietateen zerga araubideari buruzko maiatzaren 26ko 18/1982 Legean xedatuari jarraikiz. Nolanahi ere, 232 eredua aurkeztu beharko dute, aldi baterako enpresen elkarteen kasuan edo aldi baterako elkarteen antzeko lankidetza formulen kasuan, baldin Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako araubideari heltzen badiote. Hori dena, Zergari buruzko Foru Legearen 30.3 artikuluko b) letrari jarraikiz.

c) Baloreak erosteko eskaintza publikoen edo saltzeko eskaintza publikoen esparruan egiten diren eragiketak, Zergari buruzko Foru Legearen 30.3 artikuluko c) letrari jarraikiz.

3. Pertsona edo entitate lotu berarekin egindako eragiketa multzoaren kontraprestazioaren zenbatekoa gorabehera, beti izanen da nahitaezkoa 232 eredua aurkeztea eta “Pertsona edo entitate lotuekin izandako eragiketen informazioa” betetzea mota bereko eragiketei dagokienez baldin metodo bera erabilitakoak badira eta horien denen zenbatekoa, guztira, entitatearen negozio-zifraren 100eko 50 baino handiagoa bada.

4. 232 eredua aurkeztu eta “Pertsona edo entitate lotuekin izandako eragiketen informazioa, zenbait aktibo ukiezinetatik heldu diren errenten murriztapenaren aplikazioaren kasuetarako” bete beharko da baldin aktibo ukiezin batzuetatik datozen errenten murriztapena aplikatzen bada, baldin zergadunak aipatutako murriztapena, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoa, aplikatzen badu, errenta horiek lortzen dituelako zenbait aktibo ukiezin pertsona edo entitate lotuei lagatzearen ondorioz.

5. 232 eredua aurkeztu beharko da eta “Aitorpen informatiboa: eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak” bete, baldin zergadunak eragiketak egiten baditu paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeetan edo horietan balioak badauzka.

3. artikulua. 232 ereduaren edukia.

1. 232 ereduak (“Aitorpen informatiboa: eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak”) badu lehenbiziko atal bat non aitortu beharko den Pertsona edo entitate lotuekin izandako eragiketen informazioa”, eta diru-sarreren eta ordainketen eragiketak bereiziz bete beharko da, eta ezin izanen da konpentsaziorik egin horien artean, ezta kontzeptu berari badagozkio ere. Eragiketa mota bat multzokatzen duten pertsona edo entitate lotu bakoitzeko eragiketak aitortu beharko dira, baldin baloratzeko metodo bera erabili bada, eta erregistro desberdinetan sartu behar dira mota berekoak izanik ere baloratzeko metodo desberdinak erabiltzen dituzten eragiketak. Diru-sarreren edo ordainketen eragiketa bakoitzerako honako informazio hau emanen da:

a) Pertsona edo entitate lotuaren identifikazio fiskaleko zenbakia.

b) Ea pertsona edo entitate lotua pertsona fisikoa, juridikoa edo bestelakoa den.

c) Pertsona edo entitate lotuaren deiturak eta izena edo sozietate-izena.

d) Lotura mota, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28.1. artikuluari jarraikiz.

e) Probintziaren kodea, baldin pertsona edo entitate lotua Espainiako lurraldeko egoiliarra bada, eta pertsona edo entitate lotuaren egoitza-herrialdea baldin egoiliarra ez bada.

f) Eragiketa mota. Kasu honetan, behar den eragiketa motaren identifikazio zenbakia, ondoko zerrendaren arabera. Hartan, diru-sarrera edo ordainketa eragiketei buruzkoak dira kontzeptu guztiak.

- 1 gakoa: ondasun ukigarriak (izakinak, ibilgetu materialak, etab.) eskuratzea/eskualdatzea.

- 2 gakoa: Ukiezinak eskuratzea/eskualdatzea/haien erabilera lagatzea: kanonak eta teknologia erabiltzeagatiko beste sarrera/ordainketa batzuk, patenteak, markak, know-how, etab.

- 3 gakoa: Funts berekiak adierazten dituzten finantza-aktiboak eskuratzea/eskualdatzea.

- 4 gakoa: Kreditu eskubideak eta zorra adierazten duten gainerako finantza-aktiboak eskuratzea/eskualdatzea (salbu 5. motako eragikietak).

- 5 gakoa: Zorraren gaineko finantza-eragiketak: kreditu edo maileguak eratzea/amortizatzea; obligazio eta bonoak jaulkitzea/amortizatzea, etab. (interesak sartu gabe).

- 6 gakoa: Pertsona edo entitate lotetsien arteko zerbitzuak (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 33.1 artikulua) (jarduera profesional, artistiko, kirol arloko eta abarren etekinak barne).

- 7 gakoa: Ondasun edo zerbitzuen kostuak banatzeko akordioak (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 33.2. artikulua).

- 8 gakoa: Alokairuak eta bestelako etekinak higiezinen erabilera lagatzeagatik. Ez dira sartzen eskualdaketen/eskurapenen ondoriozko etekinak (gainbalioak edo azpibalioak).

- 9 gakoa: Kredituen, maileguen eta zorra adierazten duten bestelako finantza-aktiboen (obligazioak, bonuak, etab.) interesak. Ez dira sartzen finantza-aktibo hauen eskualdaketen/eskurapenen ondoriozko etekinak (gainbalioak edo azpibalioak).

- 10 gakoa: Lanaren etekinak, pentsioak eta pentsio-funtsetarako eta kapitalizazio edo ordainketa geroraturako beste sistema batzuetako ekarpenak, akzioen entrega edo haien gaineko aukerak, etab.

- 11 gakoa: Beste eragiketa batzuk.

g) Sarrera edo Ordainketa idatzi beharko da, eragiketa motaren arabera.

h) Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 29.1 artikuluan jasotako balorazio metodoak.

i) Eragiketaren zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe.

2. “Pertsona edo entitate lotuekin izandako eragiketen informazioa, zenbait aktibo ukiezinetatik heldu diren errenten murriztapenaren aplikazioaren kasuetarako” (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 39. artikulua eta 10. xedapen iragankorra) atalak honako hauek izan beharko ditu:

a) Lehenik, entitate nagusiaren identifikazio datuak (identifikazio zenbakia eta sozietatearen izena).

Eta gero, bereiz edo pertsona edo entitate lotuen bakoitzaren arabera, murriztapenaren aplikazioaren xedeko errentak, informazio honekin:

b) Pertsona edo entitate lotuaren identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Ea pertsona edo entitate lotua pertsona fisikoa, juridikoa edo bestelakoa den.

d) Pertsona edo entitate lotuaren deiturak eta izena edo sozietate-izena.

e) Probintziaren kodea, baldin pertsona edo entitate lotua Espainiako lurraldeko egoiliarra bada, eta pertsona edo entitate lotuaren egoitza-herrialdea baldin Espainiako lurraldeko egoiliarra ez bada.

f) Lotura mota, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28.1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

g) Eragiketaren zenbatekoa, murriztapena aplikatu baino lehen eta balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe.

3. “Eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak” atalean honako hau jaso beharko da:

a) Paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketei buruzko lehenbiziko koadroari dagokionez:

1. Erregelamenduz paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeetan egoiliar diren pertsona edo entitateek egindako eragiketaren deskripzioa, baita aipatutako herrialde edo lurraldeetako egoiliar diren pertsona edo entitateekin zuzenean edo zeharka egindako eragiketei dagozkien zerbitzuen gastuen deskripzioa ere, eta horietan egindako inbertsio edo gastuena.

2. Eragiketak zer pertsona edo entitaterekin edo entitateren bidez egiten diren, horren izena edo sozietatearen izena.

3. Ea pertsona edo entitate lotua pertsona fisikoa, juridikoa edo bestelakoa den.

4. Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurraldearen kodea.

5. Inbertsioa edo gastua egiten den herrialdea edo lurraldea, erregelamenduz paradisu fiskal gisa sailkatutakoa, edo pertsona edo entitateak egoitza duena, edo erregelamenduz paradisu fiskal gisa sailkatutako baten bidez egin badira, zuzenean edo zeharka, eragiketak, herrialde edo lurralde hori.

6. Aurreko 1. atalak aipatutako eragiketa, gastu eta inbertsioei dagokien zenbatekoa; egiaz egin diren zenbatekoaren arabera zenbatuko da.

b) Aitorpenaren xede den aldia ixtean jabetzan diren eta paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten balioak edukitzeari buruzko bigarren koadroarekin loturik:

1. Erregelamenduz paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten egoera mota posibleak, A, B edo C letra adieraziz, xehetasun honen arabera:

- A gakoa: Erregelamenduz zerga paradisutzat kalifikatutako herrialde edo lurraldeetan egoitza duten entitateen funts berekiak adierazten dituzten baloreak edukitzea.

- B gakoa: Herrialde edo lurralde horietan eratutako inbertsio kolektiboko erakundeen baloreak edukitzea.

- C gakoa: Herrialde edo lurralde horietako bigarren mailako merkatuetan kotizatzeko onartuak diren errenta finkoko baloreak edukitzea.

2. Entitate partaidetua edo balore-jaulkitzailea. Entitate partaidetuaren izena edo sozietatearen izena jasoko da, A edo B motakoa denean, edo baloreak jaulkitzen dituen entitatearena, baldin C motari badagokio. Horiek aurreko 1. atalean adierazi dira.

3. Erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurraldea, egoki dena, ondoren zehazten denaren arabera:

- A gakoa: Partaidetutako entitateak egoitza duen herrialdea, baldin A mota idatzi bada aurreko 1. ataleko zutabean.

- B gakoa: Partaidetutako entitatea zer herrialdetan eratu den, herrialde hori, baldin B mota idatzi bada aurreko 1. ataleko zutabean.

- C gakoa: Kotizatzeko, baloreen zer herrialdetako bigarren mailako merkatuan dauden onarturik, herrialde hori, baldin C mota idatzi bada aurreko 1. ataleko zutabean.

4. Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurraldearen gakoa.

5. Baloreak eskuratzeko balioa; eskuratzeko prezioa zenbatuko da, noiznahi eskuraturik ere.

6. Jabetzako baloreetan duen partaidetza portzentajea, baldin A edo B mota idatzi bada aurreko 1. ataleko zutabean.

4. Artikulu honetan ezarritako informazioa eurotan aurkeztuko da.

4. artikulua. 232 eredua aurkezteko epea.

Eman beharreko informazioa zer zergaldiri dagokion, hura bukatu eta ondoko hamar hilabeteko epean aurkeztu beharko da 232 eredua.

5. artikulua. 232 ereduaren Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak.

232 ereduaren aitorpen informatiboaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

2. Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarria dagoenari jarraikiz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

3. Hirugarrenen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpoko lankidetzarako ituna onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hirugarrenen izenean aitorpena telematika bidez aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek foru agindu honek aipatzen dituen ereduari dagokionez erabiltzen ahalko dute ahalmen hori.

6. artikulua. 232 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko prozedura.

Aitorpenaren aurkezpen telematikoa Internet baliatuz egiteko, prozedura hauetako bat erabiliko da:

a) Webguneko inprimakitik abiatuta, prozesu hau erabiliko da:

1. Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura sartu Interneteko helbide honen bidez: http://www.hacienda.navarra.es.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du frogagiri gisa erabiltzeko.

b) Telematika bidez, teleprozesua erabiliz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera. Foru agindu horren bidez arautzen dira aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aplikatzekoa izanen da, lehen aldiz, 2018an egin eta 2017. urteari dagozkion aitorpenetan.

Xedapen Iragankor Bakarra. 232 eredua aurkezteko epea, 2017an hasitako baina 2017ko abenduaren 31 baino lehen bukatutako zergaldietarako Nota de Vigencia.

2018ko azaroaren 1etik 30era izanen da 232 eredua aurkezteko epea, 2017an hasitako baina 2017ko abenduaren 31 baino lehen bukatutako zergaldietarako.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 24an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1806881

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web