(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

9/2018 FORU LEGEA, maiatzaren 17koa, Nafarroako Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa seme-alabatasunari dagokionez aldatzekoa.

BON N.º 98 - 23/05/2018



ATARIKOA

Nafarroako Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioak, “Foru Berria” deritzonak, seme-alabatasuna zehazteko sistema osoa eta itxia dauka, biderik ematen ez duena ordezko edo osagarri gisa bestelako zuzenbiderik erabiltzeko (Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia, 1994ko abenduaren 22koa, eta Konstituzio Auzitegiaren 236/2000 epaia, urriaren 16koa). Eta, Nafarroaren sistema horretan, ezertan galarazi gabe Erregistro Zibilari buruzko Legean ezarritakoa, aitorpena izan da ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna ez-judizialki zehazteko bidea, zabalki onartua izan baita, ezen Konpilazioko 69. Legeak ez du horren baliozkotasuna baldintzatu inolako aurresuposamendutara; ez du horrelakoetara jo aitorpena adingabeena edo judizialki aldaturiko gaitasuna duten pertsonena denean. Hala eta guztiz ere, aitortutako pertsonaren ordezkari legalak aurkaratu ahal izan du “horretarako arrazoi zuzena izanik”; eta, gaitasuna erdietsi edo berreskuratu ondoren, seme edo alabak berak izan du hori diskrezionalki egiteko aukera.

Horrenbestez, nahiz eta Konpilazioan seme-alabatasuna arautzen duten legeen interpretazio bateratu eta sistematikoak modua ere eman seme-alabatasun zehatz bat aurkaratu eta, gero batean, aitorpena egiteko, kontua da ezen, beste kasu batzuetan aukera hori ez egoteaz gain, adindunaren baimenik ezak edo aitorpenaren aurkaratzearen bideragarritasunak gurasoari itxi egiten ziotela ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunaren zehaztapena egia biologikoaren arabera egiteko bide oro, Konpilazioak ez baitzion legitimaziorik ematen seme-alabatasuna aitortzeko akziorako, eta azken hori seme edo alabari eta ez beste inori ematen ziolako (71. b legea).

Konstituzio Auzitegiaren epai jada aipatuak, 2000ko urriaren 16koak, adierazi zuen ezen gurasoak bere gurasotasuna aitortua izateko legitimaziorik ez izateak ez zuela urratzen berdintasunaren printzipio konstituzionala, argudiatuz ezen Konpilazioan bildutako araubidea zeraren agerpena besterik ez zela, “nafar legegileak aitortuta dituen eskumenen barruan arau-taxuketarako askatasuna erabiltzearena, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunaren zehaztapenerako demanda aurkezteko legitimazioa duen pertsona hautatzeari eta horretarako boterea duten pertsonak izendatzeari dagokienez”.

Alabaina, Konstituzio Auzitegi horrek berak, zenbait urte geroago, deklaratu zuen inkonstituzionala zela Kode zibileko 133. artikulua, ezkontzaz kanpoko gurasoa legitimaziorik gabe uzten zuen heinean seme-alabatasunaren erreklamazioa egiteko egoera-edukitzarik ez zegoenean, oinarri gisa harturik gabetasun horretan uzteak urratu egiten zituela Espainiako Konstituzioaren 39.2 eta 24.1 artikuluak (Konstituzio Auzitegiaren 273/2005 epaia, urriaren 27koa, eta 52/2006 epaia, otsailaren 16koa).

Epai horren ondorioz, zenbait zalantza sortu ziren 71. b) legearen konstituzionaltasunari buruz, kontuan izanik seme-alabatasunari oinarri ematen dioten printzipio konstituzionalei buruzko jurisprudentziaren bilakaerak agerian uzten zituen oharkizun berriak.

Konstituzio Auzitegiaren 41/2017 epaiak, apirilaren 24koak, Konpilazioko 71.b) legearen konstituzio-kontrakotasuna deklaratzen du, 24.1 eta 39.2 artikuluen aurkakoa izateagatik; hots, lehenago aipaturiko epaietan auzitegi horrek Kode Zibileko 133. artikuluaren konstituzio-kontrakotasuna deklaratzeko adierazi zituen arrazoi berberengatik: ez delako “bateragarria gertatzen 39.2 artikuluak gurasotasunari buruzko ikerketa ahalbidetzeaz jasotzen duen aginduarekin, ez eta, horrexegatik, benetako babes judizialerako eskubidearekin ere (Konstituzioko 24.1 artikulua), eskubide horrek jurisdikziorako sarbidea izatea esan nahi duen aldetik”.

Era horretan, Konstituzioaren interpretatzaile gorenak arrazoitzen du 2000ko urriaren 16ko bere epaian adierazitakoarekiko kontraesanik ez dagoela, esanez azken epai haren xedea mugatu zela berdintasun-eskubidearen (Konstituzioko 14. artikulua) balizko urraketarik ote zegoen aztertzera, auzotasun zibilaren araberako tratamendu ezberdina ematen zela-eta, ikusirik Konpilazioko 71. Legearen edukia murriztaileagoa zela zuzenbide zibil erkidearena baino, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunaren erreklamazioari zegokionez. Alta, epai horretan ez zen inolako adierazpenik egin ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunaren deklarazioa eskatzeko legitimazio aktiboa murriztearen ondorioz Konstituzioko 24.1 eta 39.2 artikuluek jasan lezaketen balizko urraketari buruz. Gai hori, ordea, ebatzi zen, bai, zuzenbide zibil erkideko araubideari zegokionez, Konstituzio Auzitegiaren 273/2005 eta 52/2006 epai horietan, jadanik adierazitako zentzuan.

Halatan, Konstituzio Auzitegiak egiten duen baieztapena, Forua konstituzioaren kontrakoa dela gurasoari ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna eskatzeko legitimaziorik ez aitortzeagatik, egiten du horretarako oinarri harturik aipaturiko konstituzio-arauen urraketa, eta nafar legegilea premiatzen du sortutako egoerari urtebeteko epean eman diezaion araugintzazko erantzuna; zehazkiago, eskatzen dio “ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunaren erreklamazioa egiteko gurasoek daukaten legitimazioa orokortasunez arautu dezan, kasua bada zerrendatuz zer betekizun jotzen diren beharrezko, seme-alabatasun-zehaztapeneko bide horren abusuzko erabilera eragozteko, betiere jokaturik benetako babes judizialerako eskubidearekiko errespetuaren mugapean (Konstituzioko 24.1 artikulua)”.

Horrela, Foru Lege honen xedea da araugintzazko erantzun hori ematearen agindu konstituzionala betetzea.

Legegintza-zeregin horretan, lege honek egiten duen arauketa ezin da mugatu 71. b) Legearen aldaketa puntual bat egitera. Alde batetik, horrek eragina duelako kapitulu bereko beste lege batzuetan, engranaje itxi eta osoa den nafar seme-alabatasun-araubidearen barrenean batzuen eta besteen artean dagoen elkarloturaren poderioz. Bestetik, helburu parlamentario izaki, gaur den egunean, Konpilazioaren aldaketa integral bat egitea, halaber delako egokia beste afera batzuk ere aldatzea, erreformatu beharra daukatela adierazi denekoak, halako moduz non, gai honetan eragina izan lezaketen etorkizuneko erreformaren nondik norakoak ezertan galarazi gabe, jadanik oraingo erreforma honen xedean sartu beharrekoak baitira seme-alabatasun-akzioekin zuzeneko zerikusia daukatenak.

Araugintzazko erantzun hori nafar zuzenbide zibilaren berezitasunekin koherentea den modu batean oinarritzerakoan, funtsezkotzat jo da ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna zehazteko modu gisa nafar testuak aitorpenari egiten dion abegi zabala mantentzea; izan ere, aitorpena berez den zientzia-deklarazioa oinarritzen da pertsonen intimitateari dagozkion nondik norakoen jakitean, familia-orekan eta seme-alabatasun-egoerari darraikion segurtasunean.

Hori dela-eta, Konstituzio Auzitegiak ezarritakoa betetzen da aitari eta amari ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna deklaratzeko akzioaz baliatzeko legitimazioa emanez, baina, seme-alabatasuna oraindik zehaztu gabe dagoen kasuetan, prozedurarako aurrebaldintza bezala ezarriz aurretiazko aitorpena, zeinaren esparrua zabalagotu egiten baita jadanik zendutako seme edo alaba barne hartzeraino, orain arte ez baitzen ezein kasutan aintzat hartzen eta orain hori posible egiten baita zendutako horrek ondorengo ahaideak utzi izanaren kasuetarako.

Horrela, aitorpena seme-alabatasuna zehazteko eraginkorra ez den kasuan soilik izanen du gurasoak modua seme-alabatasuna deklaratzeko akziora jotzeko, barne dela jada zendutako seme edo alabaren seme-alabatasunerako akzioa, aipaturiko baldintzetan.

Horrekin batera, eta Konstituzio Auzitegiak berak aipaturiko mugekin, “seme-alabatasun-zehaztapeneko bide horren abusuzko erabilera eragozteko”, eta, batez ere, beharrezkoa den oreka bermatzearren familia-egonkortasunaren, seme edo alabaren interes gailenaren eta egia biologikoaren artean, eta benetako babes judizialerako eskubidearekiko errespetuz, neurrizkotzat jo da akzioaren iraungitzerako epe bat ezartzea, urtebetekoa, bai eta modua ematea kasuko agintari judizialak era horretan zehaztu den seme-alabatasunaren eraginak mugatu ahal izateko.

Aitorpenaren arauketa bera ere aldatu egiten da. Zehazki, hari eraginkortasuna guztiz kentzeko aukerari dagokionez, baldin eta pertsona aitortuaren baimena beharrezkoa ez bada, eta orain arte “aurkaratze” deitu zaion horren izaeraren araberakoagoa den araubide bat lortzearren. Halatan, aurkaratzea “errefus” gisa ezaugarritzen da, pertsona aitortuaren interes gailenean oinarritu beharrekoa (eta ez “arrazoi zuzena” delakoan) eta borondatezko jurisdikzioaren tramiteen bitartez hezurmamitua; gainera, hori formalizatzeko epea nabarmen laburtzen da, urtebetekoa izanen baita, lege honek seme-alabatasunari buruzko akzioei dagokienez egiten dituen gainerako aldaketen ildo beretik. Horrekin batera, eta egoera zibila ezin xedatuzkoa izatearen irizpideaz jabeturik, bertan behera uzten da pertsona aitortuak adin-nagusitasunera iristen zenean edo bere gaitasuna berreskuratzean aitorpena errefusatzeko zeukan diskrezionaltasuna.

Seme-alabatasunari buruzko akzioei dagokienez, eta xedapen orokorren artean, esanbidez ezartzen da ezen seme-alabatasuna deklaratzeko akzioaz baliatzeko legitimaturiko pertsona orok halaber duela akzioa seme-alabatasuna aurkaratzeko; eta hori, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna deklaratze aldera gurasoaren alde sortu berria den akzioaren nahitaezko osagarri bezala ez ezik, legitimazio bikoitz horri buruz orain arte sorturiko zalantzak argitzearren.

Aurkaratze-akzioetan, aitorpenaren eta deklaraziorako akzioaren araubide berriak agerian utzi du akzio bat sortzeko premia dagoela, adingabearen edo judizialki aldaturiko gaitasuna duen pertsonaren legezko ordezkariarentzakoa, hark aitorpenaren aurka adierazitako errefusa ezetsi egin denean, xedea izanik aitorpen-egilearen gurasotasunik eza frogatzea edo era horretan zehazturiko seme-alabatasunaren eraginen murrizketa lortzea. Era berean, aurkaratze-akzioa ezartzen da pertsona batentzat, baldin eta aitorpena egin bazitzaion adingabea zelarik edo gaitasuna judizialki aldatuta izan zuen garai batean. Akzio hori gaitasuna lortzen edo berreskuratzen duenean erabili ahalko du, haren legezko ordezkariak jadanik ez badu aurkaratzea egin. Aipaturiko akzio horiek halaber ezartzen dira hil ondoren aitortua den pertsonaren ondorengo ahaideei dagokienez.

Araubide horren eta, zehazkiago, “aitorpenaren errefusa” delakoa taxutzearen ondorioz, bereizketa egin beharra suertatu da: batetik, aitorpena bere horretan eta adostasunaren akatsagatik aurkaratzeko akzioa, eta bestetik, era horretan zehazturiko seme-alabatasuna aurkaratzeko akzioa.

Beste xedapen batzuk aldatu egin dira aurkaratze-akzioei zegokienez . Halatan, Erregistro Zibilaren araubide orokorraren salbuespena jaso da, tituluaren baliogabetasuna ez eragoztearren eta bi legediak harmonizatzearren; gurasotasun biologikoari buruzko jakintzarik eza jaso da akzioaren “dies a quo” delakoa zehazteko parametro gisa, jakiteko modua izatearen printzipioari jarraikiz (Konstituzio Auzitegiaren 138/2005 eta 156/2005 epaiak), zeina 71. legearen testu berrian ere jasota agertzen baita; eta senarraren gurasotasuna aurkaratzeko akzioa sortu da, amaren mesedetan, betiere aurkaratze hori seme edo alabaren interesean oinarritzen bada.

Azkenik, gainerako aldaketak deklaratze-akzioen esparruan egin dira, eta gauzatu dira, alde batetik, seme edo alabari modua emanez ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunaren deklaraziorako akzioa bere bizialdi osoan egikaritzeko -bertan behera utzi dira akzioa oinarritzeko lehenago eskatzen ziren inguruabarrak, eta esanbidez adierazi da, haren ondorengo ahaideen legitimazioaren inguruan sortu ahal izan ziren zalantzak kontuan harturik, adingabetasunean zehar akzioa legezko ordezkariak egikaritu dezakeela-; eta, bestetik, ezkontzazko seme-alabatasunerako akzioa egoera-edukitzeaz egikaritze aldera hirugarrenei aitorturiko legitimazioa hedatuz ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunera.

Artikulu bakarra. Aldaketak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa onetsi zuen martxoaren 1eko 1/1973 Legeari eginak.

Jarraian zerrendatzen diren Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioko legeak aldatzen dira:

1. 69. Legea aldatzen da. Testu hau izanen du:

“69. Legea. Aitorpena.

a) Forma.

Aitorpena egin beharko da Erregistro Zibilaren arduradunari egindako adierazpenaren bidez edota beste agiri publiko baten bidez.

Gurasoek seme-alabatasuna aitor dezakete biek batera edo bananduta. Bananduta eginez gero, aitorpen horretan ezin izanen dute adierazi beste gurasoa nor den, salbu eta nortasun hori aldez aurretik zehaztuta dagoenean.

b) Gaitasuna.

Aitorpena 14 urte baino gehiagoko pertsona orok egin dezake. Emantzipatu gabeko adingabea bada edo gaitasuna judizialki aldatuta badauka, beharrezkoa izanen da epailearen onespena, Fiskaltzari entzutea eman ondoren.

c) Baldintzak.

Adindunaren edo adingabe emantzipatuaren aitorpenak haren esanbidezko edo isilbidezko adostasuna izan beharko du.

Emantzipatu gabeko adingabearen edo epaileak aldaturiko gaitasuna duen pertsonaren aitorpena Erregistro Zibilean inskribatu ahalko da, ezertan galarazi gabe haren legezko ordezkaritza duenak errefusa adieraztea, hurrengo apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta pertsona aitortuaren interes gailenean oinarrituz.

Halaber aitortu ahalko da jadanik zendutako seme edo alaba bat, baldin eta ondorengo ahaideak utzi baditu. Horiek adindunak edo adingabe emantzipatuak baldin badira, aitorpenak haien esanbidezko edo isilbidezko adostasuna izan beharko du. Emantzipatu gabeko adingabeak badira, edo epaileak haien gaitasuna aldatu badu, aitorpena inskribatzeko modukoa izanen da, baina halaber zilegi izanen da haien legezko ordezkariak errefusa adieraztea, haien interes gailenean oinarriturik.

d) Aitorpena errefusatzea.

Errefusa formalizatu beharko da aitorpena jakinarazi zenetik urtebeteko epean; jarraitu beharko dituen izapideak Borondatezko Jurisdikzioari buruzko Legeak ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna aitortzeko ezartzen dituenak dira, eta baietsi eginen da aitorturiko pertsonaren edo haren ondorengo ahaideen interesaren aurkakoa denean”.

2. 70. Legea aldatzen da. Testu hau izanen du:

“70. Legea. Seme-alabatasunari buruzko akzioak. Xedapen orokorrak.

Aitatasuna eta amatasuna erreklamatu eta aurkaratu ahal izanen dira mota guztietako frogabideak erabiliz, konpilazio honetako xedapenei jarraiturik. Epaileak ez du demanda onartuko, horrekin batera ez bada aurkezten demanda oinarritzen den egitateei buruzko froga-hasikinik.

Ezin da seme-alabatasunik erreklamatu legez zehaztuarekin kontraesanean dagoenik, aldi berean bigarren hori aurkaratzen ez bada. Konpilazio honek deklaratze-akzioa egikaritzeko legitimazioa aitortzen dien pertsonek halaber izanen dute legitimazioa, eta epe berean, kontraesanean dagoen seme-alabatasuna aurkaratzeko; are aurkaratze-akzioa modu beregainean egikaritzeko legitimaziorik ez dutenean ere.

Epai irmoz ezarritako seme-alabatasuna ez da ezein kasutan aurkaratzen ahalko.

Prozeduran zehar, epaileak egoki deritzen neurri guztiak hartuko ditu, emantzipatu gabeko adingabea den edo epaileak aldatutako gaitasuna duen pertsona babesteko, pertsona horren seme-alabatasuna demandaren xede denean; bai eta haren ondasunak babesteko ere.

Pertsona horien legezko ordezkariak edo Fiskaltzak egikari ditzakete, batak nahiz besteak, pertsona horiei dagozkien akzioak.

Demandatzailea hildakoan, horren jaraunsleek zilegi izanen dute jadanik abiatuta dauden akzioak egikaritzen jarraitzea.

Aurkaratze-akzioak.

Ezertan galarazi gabe Erregistro Zibilari buruzko legediak erregistro-idazpenen aurkaratzeari eta zuzentzeari buruz dioena, seme-alabatasunaren aurkaratzea honako xedapen hauei jarraikiz eginen da:

a) Amatasunaren aurkaratzea.

Jaiotza-inskripzioan agertzen den amatasuna auzibide zibilean aurkaratu ahalko da, frogatzen baldin bada erditzea sinetsarazi dela edo ustezko seme edo alaba eta benetan jaio dena pertsona berbera ez direla.

Amatasunak bat egiten badu egoera-edukitzarekin, amatasun hori zuzenean aurkaratu ahalko duten bakarrak semea edo alaba izanen dira, alde batetik, eta, bestetik, bere amatasunaren inskripzio faltsuaren edo horren ondoriozko seme-alabatasunaren jatorri diren egitateetan kontzienteki eta borondatez parte hartu ez duen emakumea.

Amatasunarekin bat egiten duen egoera-edukitzarik ez badago, interes zilegi eta zuzenekoa dutenek ere aurkaratu ahal izanen dute amatasun hori.

b) Senarraren aitatasuna aurkaratzea.

Amaren senarraren aitatasuna senar horrek aurkaratu ahalko du harik eta urtebete igarotzen den arte seme-alabatasuna Erregistro Zibilean inskribatu zenetik; baina epe hori ez da igarotzen hasiko jaiotzaren berririk ez daukan bitartean, salbu eta, horren berri izanda ere, ez badaki aita biologikoa ez dela; eta kasu horretan, urtebeteko epea igarotzen hasiko da horren jakitun bihurtzen den unean edo horren jakitun izateko aukera moduzkoa izan duen unean.

Baldin eta senarra hil egiten bada aurreko paragrafoan zehazturiko epea igaro aurretik, horretarako akzioa oinordeko bakoitzak izanen du epe hori burutu bitartean. Hiltzen bada inskripzio hori egin ez delarik, jaiotzaren edo bere aitatasunaren berri izan gabe, haren oinordekoek zilegi izanen dute aipaturiko epean aurkaratzea abiaraztea.

Seme edo alabak berak ere aitatasuna aurkara dezake urtebeteko epean, behar adinako gaitasuna eskuratu edo berreskuratzen duenetik edo, bestela, beraren jaiotza inskribatzen denetik, hori geroagokoa izanez gero.

Amak zilegi izanen du aurkaratzea, seme edo alabaren ordezkari gisa eta haren interesaren alde, seme edo alaba adingabe emantzipatugabea denean edo gaitasuna epaileak aldaturikoa duenean. Epea urtebetekoa izanen da, inskripzioaren unetik hasita edo senarraren aitatasunik ezaren berri izan duen unetik hasita.

c) Aitorpenaren aurkaratzea.

Adostasunaren akatsa tarteko dela egin den aitorpen bat haren emaileak aurkaratu ahalko du akatsaren desagerpenaren ondorengo urtean zehar.

d) Aitorpenaren bitartez zehazturiko aitatasunaren aurkaratzea.

Adingabe emantzipatugabearen edo epaileak aldaturiko gaitasuna duenaren legezko ordezkariak zilegi izanen du, hark aitorpena dela-eta adierazitako errefusa ezetsi bada, horrela zehazturiko seme-alabatasuna aurkaratzea, aitorpena egin duenaren gurasotasuna egiazkoa ez izateagatik. Halaber, seme edo alabaren edo horien ondorengo ahaideen interesetan zilegi izanen du, hil osteko aitorpena denean, akzioa egikaritzea, aitorpenaren ondorioak epaian murriztu daitezen, 72. Legeak adierazitakoaren arabera. Bi kasu horietan, akzioa egikaritzeko epea urtebetekoa izanen da, seme-alabatasuna zehaztuta geratu denetik.

Adingabetasun-aldian edo aldaturiko gaitasuna izan duen aldian aitortua izan den pertsonak, edo adingabe zirelarik nahiz adostasuna emateko behar adinako gaitasunik ez zeukatenean aitortua izan zen pertsona zenduaren ondorengo ahaideek, zilegi izanen dute horrela zehazturiko seme-alabatasuna aurkaratzea adin-nagusitasuna edo emantzipazioa lortu ondoko nahiz akzioa egikaritzeko behar adinako gaitasuna berreskuratu ondoko urtean zehar, baldin eta haien ordezkariak ez badu aurreko paragrafoari jarraituz jadanik hori egin.

Horrela zehazturiko gurasotasuna halaber aurkaratu ahalko dute horrekin kalteturik suertatzen direnek, gurasotasuna inskribatu ondorengo lau urteetan”.

3. 71. Legea aldatzen da. Testu hau izanen du:

“71. Legea. Deklaratze-akzioak.

a) Ezkontzako seme-alabatasuna deklaratzeko akzioa

Aitak, amak eta semeak edo alabak edonoiz erreklama dezakete ezkontzako seme-alabatasuna, semearena edo alabarena. Egoera-edukitza izanez gero, akzioa egikari dezakete interes zilegi eta zuzenekoa duten hirugarrenek ere.

b) Ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna deklaratzeko akzioa.

Ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna deklaratzeko akzioa honako hauek egikaritu ahalko dute:

1. Seme-alabek, beren bizitza osoan zehar. Adingabeak direnean edo gaitasuna epaileak aldatuta daukatenean, akzioa haien legezko ordezkariak eta Fiskaltzak izanen dute.

Baldin eta adingabe zirelarik edo gaitasuna epaileak aldatuta zeukatelarik hil baziren, akzioa haien ondorengo ahaideek egikaritu ahalko dute.

2. Gurasoek, ustezko aitatasun edo amatasunaren berri izan ondoko edo horren berri izateko aukera moduzkoa izan ondoko urtebeteko epean.

Seme-alabatasuna zehaztu gabe dagoenean, beharrezkoa izanen da bere gurasotasuna deklaratua izan dadila nahi duen gurasoak aldez aurretik aitorpena egin izana 69. Legeak ezarritakoari jarraituz, eta horren araberako seme-alabatasun-zehaztapena ezin egin izana aitorturiko pertsonaren edo, kasua bada, haren ondorengo ahaideen adostasunik ezagatik, edo kasuan kasuko legezko ordezkarien errefusa judizialki baietsia suertatzeagatik.

Kasu horietan, akzioa egikaritzeko epea eten eginen da aitorpena egiten den unean, eta epe-kontaketa jarraitu eginen da adostasunik eza frogatzen denetik edo errefusa baiesten duen ebazpena irmo bihurtzen denetik.

Deklaratze-akzioa baiesten duen epaiak zehaztu eginen du seme-alabatasuna, baina zilegi izanen du, seme edo alabaren nahiz haren ondorengo ahaideen interesetan, haren eragina murriztea, 72. Legeak xedatuari jarraikiz.

3. Zuzeneko interes zilegi bat daukaten pertsonek, baldin eta egoera-edukitza badago, eta edonoiz.

c) Deklaratze-akzio guztietako legitimazio pasiboa.

Aita edo ama hilda badago, haren jaraunsleen aurka egikaritu ahal izanen dira aitatasunaren edo amatasunaren deklarazio judizialerako akzioak.

4. Honako aldaketa hauek sartzen dira 72. legean:

“a) Haren izenburua “Seme-alabatasunaren edukia eta eraginak” izatera pasako da.

b) Honako testu hau izanen duen bigarren apartatu bat txertatzen da:

Arestikoa gorabehera, aurreko legeek berariaz aurreikusten dituzten kasuek aipatzen dituzten ebazpenetan, epaileak zilegi izanen du arrazoiturik xedatzea ezen seme-alabatasunaren eraginak harreman horren deklaratze hutsezkoak izanen direla, edo eragin horien norainokoa murriztea.

c) Hurrengo paragrafoak, hurrenez hurren, hirugarren, laugarren eta bosgarren paragrafoak izatera pasako dira.

d) Horrez gain, bigarren paragrafoa zenak, zeina hirugarren paragrafoa izatera pasatzen baita, honako testu hau izanen du:

Aitatasuna edo amatasuna epaiketa bidez gurasoaren errefus funtsatugabearen aurka zehaztu bada, edota guraso hori kondenatzen duen epai penalaren bidez, orduan, guraso horrek ez du izanen guraso-ahalik edo seme nahiz alabaren gaineko bestelako babes-eginkizunik, ezta lege-aginduzko eskubiderik ere, haren ondarearen gain edota haren mortis causa oinordetzaren gain. Eta seme edo alabaren beraren edo horren legezko ordezkariaren borondatez bakarrik jarriko zaizkio seme edo alabari gurasoaren abizenak”.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aitorpen-errefusaren iraungitze-epeen kontaketa, bai eta lege honetan arautzen eta aldatzen diren akzioen iraungitze-epeena ere, lege honek indarra hartu eta biharamunean hasiko da, horiek jaioarazten dituen egitatea lehenagokoa den kasuetan, baldin eta oraindik igaro gabe badago ordura arte indarrekoa zen legeak ezarritako epea.

AZKEN XEDAPENA

Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo

Iragarkiaren kodea: F1806691

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web