(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2018 FORU LEGEA, maiatzaren 17koa, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoa.

BON N.º 98 - 23/05/2018



ATARIKOA

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeko Foru Lege proposamena izapidetu du, zeinaren hirugarren xedapen gehigarriaren bidez aldatu egiten baita azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoa.

Aipatu 19/1996 Foru Legearen aldaketa onesteko, beharrezkoa da Nafarroako Parlamentuko kideen gehiengo osoa, hala ezartzen baita Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 eta 25. artikuluetan eta Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren 152. artikuluan. Hori dela eta, erauzi egin da Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeko Foru Lege proposamenetik, eta honako foru lege proposamen hau hezurmamitzera igaro da.

Aldaketa-sorta bat da, xedetzat duena bateraezintasunei buruzko araudia Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren arauetara egokitzea, Goi karguen jardueren eta interesen erregistroari dagokionez -Bulego horrek kudeatua izatera pasako da erregistro hori- eta bateraezintasunen arloko zehatze-eskumena Bulego horri ere emateari dagokionez.

Artikulu bakarra. Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea aldatzea, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoa.

Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen honako manu hauen testua jarraian ematen dena izanen da:

Bat.–8. artikulua. Kudeaketa-organoa.

“Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoak independentzia osoz kudeatuko du Goi karguen jardueren eta interesen erregistroa, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan”.

Bi.–10 artikulua. Informazioa Nafarroako Parlamentuari.

“Foru Lege honetan ezarritako bateraezintasun araubidearen kontrolaren gardentasuna ziurtatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoak, sei hilabetean behin, informazioa igorriko dio Nafarroako Parlamentuari, goi karguek aitorpena egiteko betebeharra nola bete duten eta foru lege honen aurka egin diren arau-hausteak eta ezarri diren zehapenak ere adieraziz”.

Hiru.–11. artikulua. 3. apartatua.

“3. Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoak aitorpena aztertuko du eta, akats formalik aurkitzen baldin badu, interesdunari eskatuko dio akats hori zuzendu dezan”.

Lau.–12. artikulua. 5. apartatua.

“5. Ondarearen gaineko aitorpenarekin batera -zeinean jasotzen baitira haren ondasun, eskubide eta betebehar guztiak-, goi karguak bere baimena emanen dio Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoari, banku entitateei ziurtagiri bat eska diezaien, data horietan aitortutako kontu korronteetan dauden saldoei buruzkoa”.

Bost.–17. artikulua. 1. apartatua.

“1. Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoak, edozein zehapen espediente abiarazi aitzin, aurretiazko jarduketa erreserbatuak egiten ahalko ditu espedientea abiaraztea justifikatzen duen inguruabarrik ba ote den zehaztearren”.

Sei.–19. artikulua. 1. eta 2. apartatuak.

“1. Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendaria da zehapen prozedura abiarazteko organo eskuduna; instrukzioa egiteko organo eskuduna, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendariak izendatutako funtzionarioa da.

2. Zehapen-espedientea ebaztea jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendariari dagokio”.

Xedapen gehigarri bakarra.–Garapenarauak.

Nafarroako Gobernuak foru lege honen artikulu bakarraren bat eta sei apartatuen edukia eta norainokoa sei hilabeteko epean garatuko du, eta behar diren aldaketak eginen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi karguen jardueren eta interesen erregistroaren funtzionamendua arautzen duten erregelamenduzko arauetan.

Xedapen iragankor bakarra.–Erregistroaren kudeaketarako epea.

1. Jokabide egokien Bulegoa goi karguen jardueren eta interesen erregistroaz arduratzeak 2020ko irailaren 1etik aurrera izanen du indarra.

2. Jokabide egokien Bulegoa aipatutako erregistroaz egiazki arduratzen ez den bitartean, erregistro hori Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak jarraituko du kudeatzen, eta indarrean jarraituko dute azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 8. eta 19. artikuluek eta hura garatzen duten erregelamenduzko arauek.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1806690

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web