(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2018 FORU LEGEA, maiatzaren 17koa, zeinaren bidez aldatzen baitira Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea.

BON N.º 98 - 23/05/2018



  “V. TITULUA. Etika eta gardentasuna


ATARIKOA

Foru lege honek aldatu egiten ditu Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea.

14/2004 Foru Legea ukiturik suertatzen da gobernu ekintzaren etikari eta gardentasunari dagokienez, eta adierazten du interes orokorra eta gardentasuna izanen direla Nafarroako Gobernuko kideen eta Administrazio Publikoko goi kargudunen jardunaren gidari; halatan, herritarrek emandako konfiantzarekin bateraezina da ustelkeria-delituak ustez egiteagatik ikerketako egoera prozesalean dagoenak karguan segitzea. Horrekin batera, hauek ere arautzen dira: interes gatazka ekar dezakeen jarduera pribatu orotan ez abstenitzeko betebeharra; gardentasuna gobernu ekintzan eta kontu-ematean; eta gobernu aldaketetan botere eskualdaketa gardenagoa izateko arauak garatzen ditu.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean, aldatu egiten da 15. artikuluak ezartzen duen zehapen-araubidea.

Eta, Arartekoari buruzko Foru Legean, haren eginkizunak gehitu egiten dira, Nafarroako administrazio publikoetako gardentasunik ezagatiko kexen aldetik.

Aldaturiko hiru legeen elementu amankomuna da gehiengo osoko legetzat hartuak direla, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Lege berriko xedapenen osagarri-zeregina betetzen dutenak.

1. artikulua. Abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeari V. titulu berria, Gobernu ekintzaren etikari eta gardentasunari buruzkoa, gehitzen zaio; honako hau da haren edukia:

“V. TITULUA. Etika eta gardentasuna

64. artikulua. Jarduteko printzipioak.

Nafarroako Gobernuko kideen eta Administrazio Publikoko goi kargudunen jardunaren ardatzak interes orokorra eta beren kudeaketaren gardentasuna izanen dira, eta martxoaren 17ko 2/2011 Foru Legearen bidez onetsitako Gobernu Onaren Kodean jasota dauden jokabiderako printzipio etikoak beteko dituzte.

65. artikulua. Interes gatazkak.

Nafarroako Gobernuko kideek ez dute izanen beren ardura publikoekin gatazkan egon daitekeen jarduera pribaturik ez eta interesik ere. Interes gatazka bat dagoela joko da batera egokitzen badira, haiek erabaki beharreko gaietan, interes publikoak eta interes pribatuak -beraienak, beraien zuzeneko familiartekoenak edo hirugarren pertsonekin partekatuak-. Aurreko guztia aplikatuko da deusetan galarazi gabe foru lege honen 11. artikuluan abstentziorako ezarrita dauden kasuak.

Aurreko apartatuan ezarritakoa Administrazio Publikoko goi kargudunei ere aplikatuko zaie.

66. artikulua. Jarduneko Gobernua.

Jarduneko Gobernuak jarduteko eta erabakiak hartzeko muga batzuk izanen ditu, hain zuzen, foru lege honetan ezarrita daudenak. Gainera, gobernu sartu berriarentzako dokumentazioa egoera onean dagoela bermatu beharko du, eta horretarako, oinarrizko agirien inbentarioak prestatuko ditu, formatu seguru eta praktikoenean, botere-aldaketa errazteko. Inbentario horien helburua izanen da gobernu berriak jarduteko ezinbestekotzat jotzen diren garrantzi publikoko gai eta artxibo bukatugabeen egoera zehatzaren berri ematea, gardentasunez, departamentuz departamentu, eta, orobat, dagokion aurrekontuaren betetze-mailaren egoeraren berri ematea, eta betiere:

a) Egitura, organigrama eta eginkizunak.

b) Gauzatzen ari diren programak.

c) Indarra duten hitzarmenak, gauzatzeari buruzko xehetasunekin.

d) Ekitaldiko aurrekontuen betetzeari eta erabilgarri dagoen diruari buruzko txostena.

e) Emandako eta eskatutako finantza maileguen zerrenda.

f) Onartutako konpromiso ekonomikoen zerrenda.

g) Langileen egoerari buruzko txostena.

h) Aldaketaren unean indarra zuten kontratu guztien zerrenda eta kopia.

i) Ordaindu gabe dauden obligazio guztien zerrenda eta kopia.

j) Onetsitako xedapen orokor guztien zerrenda, gobernu berriak jabetza hartu ondoren indarra hartuko dutenena.

67. artikulua. Gardentasuna Gobernuaren jardueran eta kontuematea.

1. Kasuan-kasuan Nafarroako Gobernua osatzen duten pertsona guztiek konpromisoa hartuko dute gobernu jardueran gardentasunez aritzeko, eta beharturik egonen dira herritarrei beren kudeaketaren kontu-ematea egitera.

2. Horretarako, behar diren tresnak arautu eta ezarriko dira bai Gobernuak, oro har, baita Gobernuko kide bakoitzak ere, nork bere esparruan, hauek egiteko:

a) Herritarrekin konpartitzea politikaren gaineko erabakiak eta kudeaketaren eta inbertsio publikoaren gaineko lorpenak eta zailtasunak.

b) Kontuak ematea baliabide publikoak administratzeko moduaz, onetsitako plangintzaren araberakoa izan dadin.

c) Politikaren ekintzak doitzeko baliabideak sortu eta garatu, herritarren eskakizunei egokitzeko.

d) Herritarrei ahalbideak ematea Gobernuaren jarduera osoa kontrolatzeko, eta herritarrek jarduera hori bultzatu eta orientatzeko duten gaitasuna indartzea.

68. artikulua. Ustelkeria delituengatik ikertutakoak.

1. Kargu publiko hautatu batek edo izendapen libreko batek modu frogagarrian jakinez gero epaitegi edo auzitegi eskudun batek auto bat eman duela, ikertuaren egoera prozesalean edo egoera parekidean jartzen duena Kode Penal indardunaren 404.etik 444.era bitarteko artikuluetan edo 472.etik 509.era bitartekoetan aurreikusitako delituak ustez egiteagatik, ulertuko du berak karguan segitzea bateraezina dela herritarrei printzipio etikoen indarraz eta instituzioen ospe ona babesteko beharraz eman behar zaien konfiantzarekin.

2. Horrela ulertuko du, halaber, izendapen libreko goi karguen kasuan, kargutik kentzeko ahalmena duenak”.

2. artikulua. Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 15.1. artikulua aldatu da. Hau da testu berria:

“15. artikulua. Zehapenak.

1. a) Arau-hauste oso astunak eta astunak foru lege hau urratzeari buruzko adierazpenarekin zehatuko dira. Horrelako adierazpenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

b) Arau-hauste oso astunak 600 eta 6000 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

c) Arau-hauste oso astunek kargu-uztea ekarri ahalko dute.

3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen II. tituluaren I. kapituluari 11. bis artikulu berri bat gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

“11. bis artikulua.

1. Ezertan galarazi gabe Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari aurkeztu ahal zaion erreklamazioa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legeko III. Tituluan aitortzen den eskubidearen egikaritzea herritarrei ezinezko egiten dieten edo guztiz nahiz partzialki mugatzen dieten Administrazio Publikoko organoen esanbidezko edo ustezko ebazpenen aurkakoa, informazio publikoa eskuratzeari dagokionez, informazio publikoaren eskatzaileak eta interesdun diren hirugarrenek kexa bat egin ahalko diote Nafarroako Arartekoari, baldin eta ezindu edo mugatu egin bada haiek informazio hori eskuratzeko duten eskubidea, foru lege honetan xedatuari jarraikiz.

2. Nafarroako Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu etenen bidezkoa den erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak”.

Xedapen gehigarria .–Abenduaren 3ko 14/2004, azaroaren 4ko 19/1996 eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeen aldaketa honek erabateko gehiengoa behar duten legeen izaera du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 20.2 eta 25. artikuluen arabera.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hiru hilabeteko epean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1806688

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web