(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

5/2018 FORU LEGEA, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa Nota de Vigencia

BON N.º 98 - 23/05/2018



  I. TITULUA. Xedapen orokorrak


  II. TITULUA. Gardentasuna

  I. KAPITULUA. Gardentasuna jarduera publikoan

  II. KAPITULUA. Informazio publikoaren berrerabilera

  III. KAPITULUA. Publizitate aktiboa


  III. TITULUA. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

  I. KAPITULUA. Arau orokorrak

  II. KAPITULUA. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura

  III. KAPITULUA. Aurkaratze araubidea


  IV. TITULUA. Interes taldeak


  V. TITULUA. Zehapen araubidea


  VI. TITULUA. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua


ZIOEN AZALPENA

I

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen asmoa izan zen arau bakar batean biltzea Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako Gobernua bera zeharo garden izan zitezen ezinbestekoak ziren funtsezko alderdiak eta printzipioak; Administrazio publiko berri baterako oinarriak ezartzeko ahalegina izan zen, herritarrekin erlazio modu berriak baliatzeko, informazio publikoa eskuratzeko eskubideari erlazio juridiko berri horren gune nagusiaren izaera emanez.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea –oinarrizko legea hein handi batean– onesteak eta indarra hartzeak erabateko aldaketa ekarri zuen estatuan lehenagotik zegoen erregulazioarekin alderatuta (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea); izan ere, herritarrek informazio publikoa eskuratzearen alde egiten du uneoro legeak, eta haren ukatzea arrazoituta egin behar dela ezartzen du, legean berariaz aurreikusitako kausaren bat tartean dagoelarik.

Abenduaren 9ko 19/2013 Legeak hiru arlotan eragiten du, hitzaurrean jasotzen denez: lehenik, jarduera publikoaren gardentasuna handitu eta indartzen du –administrazio eta erakunde orok bete beharreko publizitate aktiboko betebeharren bidez antolatzen da gardentasuna–; bigarrenik, informazioa eskuratzeko eskubidea onartu eta bermatzen du –eremu subjektibo eta objektibo zabaleko eskubide gisa arautua dago–; eta, hirugarrenik, arduradun publikoek bete beharreko gobernu onerako arauak eta horiek ez betetzearen ondorio juridikoak ezartzen ditu –jarduera publikoak burutzen dituen ororentzat erantzukizun-eskakizun bihurtzen da–. Lege honekin aurrera egiten da publizitate aktiboko betebeharrak taxutzeko prozesuan, eta sakondu egiten da, horietara biltzeko administrazio publiko guztiak, botere legegile eta judizialeko organoak –zuzenbide administratiboaren mendeko jarduerei dagokienez– eta konstituzioaren eta estatutuen araberako bestelako organoak. Halaber, lege hau beste zenbait erakunderi ere aplikatuko zaie, garrantzi publiko berezia izateagatik edo funts publikoak jasotzeagatik beren jardueraren gardentasuna indartzera behartuta daudenean.

19/2013 Legeak publizitate aktiboko betebeharrak zabaldu eta gogortzen ditu hainbat arlotan, bai eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen berme araubidea ere.

Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak, berriz, administrazioen eta administratuen arteko “ad extra” harremanen gaineko erregulazio berria ezartzen du, eta haren helburu nagusia Administrazio Elektronikoa ezartzea da, administrazio publiko guztientzat derrigorrezkoa baita, eta interesdunen bermeak sendotzea, agiriak eta jarduketak artxibo elektroniko batean jasotzeak laguntzen duelako gardentasun betebeharrak betetzen, interesdunei unean uneko informazio eguneratua modu azkarrean helaraziz.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen berritasunik handienetako bat da identifikazioa eta sinadura elektronikoa bereiztea eta bata eta bestea frogatzeko moduak sinplifikatzea, halako moldez non, oro har, lehena bakarrik izango baita beharrezko, eta bigarrena, berriz, interesdunaren borondatea eta adostasuna

frogatu behar direnean eskatuko baita. Horri esker, errazagoa da trabak kentzea informazio publikoa eskuratzeko eskubideaz baliatzeko. Artxiboei dagokienez, berritasun gisa sartzen da administrazio publiko bakoitza behartuta dagoela artxibo elektroniko bakar batean izatera amaitutako prozedurei dagozkien dokumentu guztiak, eta behartuta dagoela, orobat, espediente horiek dokumentuaren autentikotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dituen formatu batean kontserbatzera; artxibo elektroniko hori oso tresna baliagarria izanen da herritarren informazio publikoaren eskaerei erantzuteko.

Horrekin batera, arauak egiteko prozeduraren arloan, nabarmentzekoa da araua egin aurretik herritarrei eta enpresei galdetu behar zaiela zer iritzi duten ekimen horrekin konpondu nahi diren arazoez, arau hori onestearen premiaz eta egokitasunaz, arauaren helburuez eta izan litezkeen araugintzazko nahiz araugintzaz bestelako beste irtenbideez.

Bestalde, segurtasun juridiko handiagoa xedetzat harturik, ex ante arau-plangintza hobetzearen alde egin da. Horretarako, administrazio guztiek urteko araugintza-plan baten dibulgazioa eginen dute, eta hartan jasoko dira hurrengo urtean onesteko igorri asmo diren lege- edo erregelamendu-mailako proposamen guztiak. Aldi berean, indartu egin da ex post ebaluazioa, zeren eta, araudia erregulazio onaren printzipioetara egokitzen ote den etengabe berrikusteko beharrarekin batera, beste betebehar bat ezartzen baita, indarrean diren arauen aplikazioa aldian behin ebaluatzekoa alegia, helburuak bete ote diren ikusteko eta arauek ekarri dituzten kostuak eta kargak justifikatuta eta egoki balioetsita dauden jakiteko.

Testuinguru horretan, foru lege honek ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen erregulazio partziala gainditzen du, gardentasun eskakizuna Nafarroako Gobernura, Foru Komunitateko Administraziora eta haren menpeko organoetara mugatzen baitzuen, eta aplikazio esparrua hedatzen du Foru Komunitateko gainerako botere eta erakunde publikoetara, Toki Administraziora, Nafarroako Unibertsitate Publikora eta beste pertsona eta entitate batzuetara. Era berean, publizitate aktiboaren norainokoa handitzen du, eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea uneoro bermatzen duten tresnak ezartzen, eta eskubide horri eta hartaz baliatzeko prozedurari Europako Kontseiluaren agiri publikoak eskuratzeko bideari buruzko Hitzarmenaren araberako edukia ematen die. Halatan, gardentasun printzipioaren zeharkakotasuna sendotzen da, eta Administrazioaren antolaketa eta jardun osora zabaltzen da; bereziki, jarduketaren arduradunetara. Foru lege honetan islatzen da, finean, gardentasun printzipioak eskaera hau dakarrela berekin: botere publikoek herritarrekin jokatzeko eta haiei erantzuteko modua alda dezatela, eta arduradun politikoek eta langile publikoek barneratu dezatela gardentasun printzipioa, haien jarduna etengabe gidatu behar duen baliotzat hartuta.

II

Foru lege honen oinarrian printzipio bat dago; alegia, informazioaren eta datu publikoen jabeak herritarrak direla, eta Administrazioaren betebeharra dela horiek ematea, salbu eta Datu pertsonalak babesteari buruzko Legeak babesten dituenak eta administrazio prozeduraren fase erreserbatuetan daudenak.

Foru lege honek arau-esparru bat eratzen du, administrazioarentzat eta haien arduradunentzat inspirazio iturri izan behar duena herritarrekiko harremanetan. Parte-hartze demokratikoari buruzko Foru Lege berriarekin batera, beste arau hauek ere esparru hori osatzen dute: Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legea, Gobernu Onerako Kode bat ezartzen duen martxoaren 17ko 2/2011 Foru Legea gaindituko duen Kode Etiko berri bat, eta Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea.

III

Nafarroak, bere foru araubidearengatik, eskumen esklusiboa du gai hauetan: Foru Erakundeen erregulazioan, 49.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat; Nafarroaren zuzenbide substantiboaren espezialitateen edo erkidegoaren antolaketa berekiaren ondoriozko prozedura administratiboko arauetan; eta Foru Diputazioaren araubide juridikoaren, bere Administrazioaren eta horren menpeko erakunde publikoen gainean. Horrenbestez, bermatuta dago administrazio publikoen aurrean administratuak berdintasunez tratatuko direla, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1 artikuluaren c) eta e) letrekin bat. Nafarroari dagozkio, halaber, 46. artikuluak Toki Administrazioaren gaietan ematen dizkion eskumenak.

IV

Foru lege honek honako egitura du: batetik, sei titulu, eta bestetik, amaierako zatia, zortzi xedapen gehigarrik, xedapen iragankor batek, xedapen indargabetzaile batek eta lau azken xedapenek osatua.

Xedapen orokorrei buruzko I. tituluan legearen funtsezko gai zeharkakoak jasota daude, hala nola, legearen xedea eta helburuak, aplikazioaren esparru subjektiboa, eta legearen interpretazioa eta aplikazioa gidatu behar dituzten definizioak eta printzipioak. Legearen xedeak hauek dira: jarduera publikoan eta gobernu ekintzan gardentasuna arautu eta bultzatzea; informazio publikoa eskuratzeko eskubidea egiaz baliatzeko aukera bermatzea, eta, horrekin batera, sustatu eta bermatzea herritarrek, ezagutzatik, arlo publikoan erabakiak hartzen eta kudeatzen parte har eta lagundu dezaten, horrela herritarrekiko elkarrekintza sortuko baita, demokrazia eraginkortasunez areagotuko duena; interes taldeak arautzea; eta gobernu ona ziurtatuko duen arau multzo bat ezartzea.

Aplikazio esparruari dagokionez, legearen asmoa da informazio publikoaren gordailu izan daitezkeen entitate guztietara zabaltzea; horien artean, toki entitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta, Zuzenbide Administratiboaren menpe dauden jarduerei dagokienez, Nafarroako Arartekoa, Nafarroako Kontseilua eta Kontuen Ganbera. Horiekin batera gardentasun betebeharra duten beste subjektu batzuk daude, legearen aplikazioa zabaltzen baita funts publikoekin finantzatzen diren entitate pribatuetara eta funts publikoekin finantzatzen diren zerbitzu publikoen kudeaketan parte hartzen dutenetara, herritarrek manten dezaten funts publikoekin finantzatutako jarduketa horiek sortutako informazio publikoa ezagutu eta eskuratzeko eskubidea. Era berean, interes taldeak ere legearen betebeharren menpeko subjektuak izanen dira.

Legearen arabera, gardentasuna balio bat da, hartarako betebeharra duten subjektuen jarduera osoari eta antolaketari eragin behar diena; herritarrak dira informazio publikoaren jabe eskubidedunak, eta, beraz, aipatutako subjektuak beharturik daude beren informazio publikoa herritarren eskura jartzera, modu proaktiboan edo herritarrek eskaera egin ondoren, bai eta ezagutzera ematera ere hartutako erabakiak eta haien prozesua, eta haien eginkizunak betetzean betetako ekintzak eta haien ebaluazioa. Halaber, gardentasuna oinarria eta erreferentzia esparrua da, beharrezkoa Nafarroako Administrazio Publikoek gobernu irekiko neurriak susta ditzaten, horrela herritarrek benetako parte-hartzea izan dezaten interes orokorreko gaien kudeaketan. Azken finean, gardentasuna ezinbesteko baliotzat hartzen du kontuak emateko, horrek ahalbidetuko baitie herritarrei, ezagutzatik, arlo publikoaren kudeaketaren gaineko kontrola egitea, eta erabaki publikoen diseinuan, prestaketan, onespenean, gauzatzean eta ebaluazioan parte-hartzea, erantzukizuna konpartituz; horrez gain, ustelkeriari aurre egiteko tresna eraginkortzat ere hartzen du.

Gardentasunari buruzko II. tituluan hiru kapitulu daude. I. kapituluaren gai nagusia jarduera publikoaren gardentasuna da. Hartarako, informazio sistema integral bat ezartzea sustatzen du, eta aurreikusten informazio publikoaren ardura duten unitate batzuk izendatzea, ezinbestekoak baitira informazio betebeharra betetzeko eta informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, informazio publikoa eskuratzeko eskaeren erregistroa sortzen da, eta betebeharra ezartzen zaie kasuko departamentu edo entitatean informazio publikoaz arduratzen diren unitateak atxikiak dituzten organoei, urtero txosten bat egitekoa legeak bakoitzaren esparruan izan duen aplikazio mailari buruz. Gobernu Irekiaren Ataria bitarteko bat da, beharrezkoa herritarrei entzuteko, informazioa helarazteko eta haien parte-hartzea eta inplikazioa bideratzeko. Gobernu Irekiaren Atariak eta etorkizunean irekiko direnek Web Erabilerraztasunerako Ekimenaren gomendioak bete beharko dituzte, desgaitasuna dutenei erabiltzeko aukera eta laguntza emateko.

I. kapituluan gardentasun betebeharrak aurreikusten dira, bai Administrazio Publikoenak bai zerbitzu publikoen emaileenak eta ahal administratiboak betetzen dituzten pertsona pribatuenak; bestetik, herritar orok Administrazio Publikoarekiko harremanetan dituen eskubideak eta betebeharrak jasotzen ditu, eta gardentasun betebeharren mugak ere ezartzen, betiere modu murriztailean interpretatu beharko direnak.

II. kapitulua sektore publikoak kudeatzen duen informazioa herritarren, erakunde akademikoen, enpresen eta beste eragile batzuen esku uzteari buruzkoa da, informazioaren berrerabilera eta balio erantsia sortzea bultzatzeko xedeaz.

III. kapituluan publiko egin behar den gutxieneko informazioaren berri ematen da, modu egituratuan eta horretarako betebeharra duten subjektuen izaera kontuan hartuta. Gai hauei buruzko informazioa da: Administrazioaren antolaketaren egitura; Enplegu Publikoaren Eskaintza; aldi baterako langileen prestakuntza, igoera eta hautapena; instalazio edo establezimendu publiko batean jarduera, zerbitzu edo obra iraunkor bat betetzen duten kontratuen adjudikazio-hartzaileen langileek betetzen dituzten postuen zerrenda; zerbitzuen katalogoa; osasun, gizarte zerbitzu, etxebizitza eta hezkuntza arloetako zerbitzu publikoak jasotzeko itxarote-zerrendak; ikastokien deialdiak eta adjudikazioa ikastetxe publiko eta itunduetan; goi kargudunen eta zuzendaritzako langileen datu biografiko profesionalak; agenda instituzionala; urtean jasotzen diren ordainsariak, mota guztietakoak; oparien, bidaia gastuen eta joan-etorrietako gastuen erregistroa; gobernu programa ezartzen duen plana edo akordioa; urteko araugintza plana; gobernuaren erabakiak; arau-xedapenak egin aurreko kontsulta publikoak; kontseilu aholku-emaileen irizpenak; txostenak; informazio ekonomikoa, aurrekontuena, finantzarioa, zorpetzeari buruzkoa; kontratuen aldaketak, azpikontratazioak, esleipenak, ondasunak; eta lurraldearen antolamendu, hirigintza, ingurumen eta etxebizitza arloetako informazioa.

III. tituluan informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen da. I. kapituluan, eskubide horretaz baliatzeko arau orokorrak ezartzen dira, haren mugak, betiere modu murriztailean ulertu behar direnak, datu pertsonalen babesa eta datuen eskuratze partzialerako arrazoiak. II. kapituluan, informazio publikoa eskuratzeko eskubideaz baliatzeko bete beharreko prozedura definitzen da, bai eta informazio eskaerak ebazteko eskumena ere. Prozedura horrek errazten du eskubideaz baliatzea edozein bidetatik, telematikoa nahiz presentziala izan, eta behar den laguntza ematen du eskubideaz baliatzeko, zenbait kolektiboren behar berariazkoak kontuan hartuta. III. kapituluan, informazio publikoa eskuratzeari buruzko ebazpenen kontrako erreklamazioen araubide juridikoa arautzen da; erreklamazio horiek Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak ebazten ditu.

IV. tituluan interes taldeak arautzen dira, hau da, edozein estatutu juridiko izanik ere, jarduerak Nafarroan betetzen dituzten erakunde edo pertsonak, profesionalki, jarduera osoan edo zati batean, honetan aritzen direnak: araugintzako politikak edo arau-xedapenak egiteko prozesuetan eragitea, zuzenean nahiz zeharka, edo horien aplikazioan, edo erabakiak hartzean, norbere interesak, hirugarrenenak edo erakundeenak edo interes orokorrak ere defendatuz. Era berean, interes taldeak dira plataformak, sareak edo jarduera kolektiboko beste modu batzuk, nortasun juridikorik izan gabe ere, eragin-iturri antolatua direnean eta jarduera horiek betetzen dituztenean. Legeak interes taldeen erregistro publikoa sortzen du, eta jokabiderako kode bat ezartzen; hori ez betetzea V. tituluan araututako zehapen araubidean tipifikaturik dago.

V. tituluan zehapen araubidea ezartzen da, arau-hausteak eta zehapenak tipifikatzen dira, eta zehatzeko prozedura eta ahalmena ere ezartzen.

VI. tituluan, Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua arautzen da, organo autonomoa eta erabat independentea dena, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari atxikia, Nafarroako Foru Komunitatean gardentasuna sustatzeko helburuarekin. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari dagokio publizitate aktiboaren arloko betebeharrak betetzen direla zaindu eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatzea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizunak eta osaketa ezartzen dira, baita egintzak eta erabakiak eraginkorrak direla bermatzeko dituen eskudantziak ere.

Foru legeak, azkenik, zortzi xedapen gehigarri ditu. Lehenak erreferentzia egiten dio gardentasun-printzipioak Nafarroako Parlamentuari aplikatzeari, haren autonomia dela-eta. Gainontzekoak gai hauei buruzkoak dira: Gardentasunerako Departamentuarteko Batzordea sortzea, publizitate aktiboaren betebeharrak betetzeko epea, interes taldeen erregistro publikoa sortzea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako sentsibilizazio eta prestakuntza neurriak, gardentasunaren ebaluazio orokorra, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen erregulazio bereziak eta genero-berdintasuna hizkeran. Legeak xedapen iragankor bat du, gardentasunaren betebeharrak lege honen aurreko harreman juridikoetan duen aplikazioari buruzkoa, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen, gai hauei buruzkoak: Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kideen agintaldia, foru lege hau garatzeko gaikuntza eta haren indarraldia.

I. TITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Foru legearen xedea eta helburuak.

1. Honakoak dira foru lege honen xedeak:

a) Jarduera publikoan eta gobernu ekintzan gardentasuna arautu eta bultzatzea, eta, horrekin batera, sustatu eta bermatzea herritarrek, ezagutzatik, arlo publikoan erabakiak hartzen eta kudeatzen parte hartu eta lagundu dezatela, horrela herritarrekiko elkarrekintza sortuko baita, demokrazia benetan sakonduko duena.

b) Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea egiaz baliatzen dela bermatzea.

c) Interes taldeak arautzea, politikak eta arauak egiteko prozesuetan edo erabakiak hartzean eragin dezaketenak.

d) Arau-multzo bat ezartzea Nafarroako Gobernuaren, haren kideen eta administrazio publikoetako goi kargudunen gobernu ona izatea bermatzeko.

2. Hauek dira foru lege honen helburuak:

a) Kudeaketa publikoa gardena izatea, betebeharra duten subjektuek sortzen duten informazioaren zabalkundearen bidez.

b) Herritarren aurrean egin beharreko kontu-ematea erraztea, halako moduz non betebeharra duten subjektuen garapena ebaluatzeko aukera izanen baitute.

c) Behar diren baliabide guztiak jartzea, pertsona guztiek informazio publikoa prozedura erraz eta argien bidez eskuratzeko aukera izan dezaten.

d) Informazio publikoaren antolaketa, sailkapena eta erabilera hobetzea.

e) Erraztasunak ematea eta sustatzea herritarrek afera publikoetan parte hartu eta lagun dezaten, ezagutzatik betiere.

f) Gobernuaren jarduna printzipio etikoekin bat eta zerbitzu publikoa bermatuz bete dadin ziurtatzea.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Lege honetako xedapenak honakoei aplikatzekoak dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta harekin lotutako edo haren menpeko erakunde publikoak.

b) Sozietate publikoak, fundazio publikoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako zuzenbide publikoko entitateak.

c) Nafarroako toki entitateak eta haien menpeko entitate instrumentalak.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta haren menpeko ente instrumentalak.

e) Nortasun juridiko berekia duten partzuergoak, Nafarroako administrazio publiko bati atxikitakoak.

f) Merkataritza sozietateak, baldin eta artikulu honetan aurreikusitako entitateek haien kapital sozialean duten partaidetza, zuzenekoa edo zeharkakoa, ehuneko berrogeita hamar baino gehiagokoa bada, edo entitate horiek, jabetzagatik, partaidetza finantzarioagatik edo aplikatzekoak zaizkien arauengatik, sozietate horietan nagusitasunezko eragina izan badezakete zuzenean edo zeharka.

g) Fundazioak, baldin eta eratzen badira artikulu honetan aurreikusitako entitate batek edo zenbaitek egindako zuzeneko nahiz zeharkako ekarpen gehiengodunarekin, edo haien fundazio-ondarea, modu iraunkorrean, entitate horiek ekarritako edo lagatako ondasunez edo eskubideez eratuta badago ehuneko berrogeita hamar baino gehiagoko portzentajean.

h) Nortasun juridiko berekia duten gainerako enteak, erakundeak edo entitateak, aurrekoez bestelakoak direnak, berariaz industria- edo merkataritza-izaerarik ez duten interes orokorreko premiei erantzuteko sortuak direnean eta, betiere, artikulu honetan aurreikusitako subjektu batek edo zenbaitek haien jarduna gehiengoz finantzatzen badu, haien kudeaketa kontrolatzen badu edo haien administrazio- edo zuzendaritza-organoko kideen erdiak baino gehiago hautatzen baditu.

i) Nafarroako administrazio publikoek eta/edo haiekin lotutako edo haien menpeko ente instrumentalek eta atal honetan aurreikusitako gainerako erakunde eta entitateek eratutako edo osatutako elkarteak, lankidetza-organoak barne, aplikatzekoa zaion araudian aurreikusitako moduan.

j) Aurrezki kutxen eraldaketatik sortutako fundazioak Nota de Vigencia.

2. Administrazio zuzenbidearen aplikazio-esparrukoak diren zereginetan jardutean, langileriaren eta kontratazioaren alorretan aurrera eramaten dituzten jarduerei dagokienez, aplikatzekoa izanen zaie Kontuen Ganberari, Arartekoari eta Nafarroako Kontseiluari, kontra egiten ez zaien heinean erakunde horiek Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren bitartez eta haietako bakoitzaren araudiaren bitartez esleituak dituzten botereei, funtzioei eta autonomiari.

3. Era berean, zuzenbide administratiboaren menpeko zereginetan jardutean, zuzenbide publikoko entitateei aplikatuko zaie, edo bestelako entitate batzuei ere, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren arabera Foru Komunitateak eskumena duenean haien gainean: lanbide elkargoak, Merkataritza Ganbera, jatorri-deiturak, kirol federazioak eta zuzenbide publikoko korporazioak.

4. Lege honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Nafarroako administrazio publikotzat jotzen dira artikulu honen 1. zenbakiko a) letratik d) letrara bitartekoetan jasotako erakundeak eta entitateak.

3. artikulua. Betebeharra duten beste subjektu batzuk.

Halaber, foru lege hau honako hauei ere aplikatuko zaie, gardentasun arauei dagokienez:

a) Nafarroako Foru Komunitatean jarduten duten alderdi politikoak, erakunde sindikalak eta enpresa-erakundeak.

b) Alderdien federazioak, hautesle taldeak, eta alderdi politikoekin, alderdien federazioekin, hautesle taldeekin eta erakunde sindikalekin eta enpresa erakundeekin lotura duten elkarte eta fundazioak, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako betebehar ekonomikoak sortzen dituzten kontratuak egin, hitzarmenak izenpetu edo laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituztenean.

c) Urtebetez 20.000 euro baino gehiagoko laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuak, edo jasotako laguntzek edo diru-laguntzek entitate horien urteko diru-sarrera guztien %20 egiten badute gutxienez, baldin eta gutxienez ere 5.000 euroko kopurura iristen badira.

d) Zentro itunduak, bereziki hezkuntzaren, osasunaren, kirolaren eta gizarte zerbitzuen arlokoak. Ituna eraentzen duten arauek ezarriko dute zein den argitaratu beharreko informazioa, eta kasuan kasuko pleguetan edo kontratu-agiri baliokideetan jasoko da.

e) 2. artikuluan aurreikusitakoez beste pertsona fisiko eta juridiko guztiak, zerbitzu publikoak ematen edo administrazio-ahalak egikaritzen badituzte.

f) Interes taldeak, beren jarduera Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzen badute eta Erregistroan foru lege honek aurreikusitako moduan inskribaturik badaude.

4. artikulua. Definizioak.

Foru lege honen ondorioetarako, honela ulertuko dira termino hauek:

a) Gobernu Irekia: funtzionatzeko modu bat da, herritarrekin etengabeko elkarrizketa abiarazteko gai dena, haiek esaten eta eskatzen dutena entzute aldera; bere erabakiak herritarren beharretan eta hobespenetan zentraturik hartzen dituena; herritarren parte-hartzea eta elkarlana errazten dituena bere politikak zehazteko, zerbitzu publikoak sortzeko eta eginkizunak betetzeko; informazioa ematen duena eta erabakitakoaren eta egindakoaren berri gardentasunez ematen duena; kalitaterako eta etengabeko hobekuntzarako irizpideen menpe jartzen dena; eta prest dagoena egindakoengatik kontuak emateko eta erantzukizuna bere gain hartzeko haren zerbitzuak jasotzen dituzten herritarren aurrean.

b) Gardentasuna: Gobernu Irekiaren sistemaren funtsezko balioa, hartarako betebeharra duten subjektuen jarduera eta antolaketa osoari eragiten diena; herritarrak dira informazio publikoaren jabe zilegiak, eta, beraz, aipatutako subjektuak beharturik daude daukaten informazio publikoa herritarren eskura jartzera, dela modu proaktiboan, dela herritarrek eskaera egin ondoren, bai eta ezagutzera ematera ere beren eskumenak erabiliz hartutako erabakiak eta haien prozesua, eta beren eginkizunak betetzean egindako ekintzak eta horien ebaluazioa.

c) Informazio publikoa: foru lege honek aipatutako administrazio publikoek sortzen duten edo haien eskuetan dagoen informazioa, edozein izanik ere informazio horren euskarria eta adierazpidea.

Halaber, informazio publikotzat hartuko da zerbitzu publikoak ematen dituzten edo ahal administratiboak edo eginkizun publikoak betetzen dituzten beste entitate edo subjektu batzuek egindakotzat edo haien jabetzakotzat jotzen dena, baldin eta zeregin publiko batean jardutean sortu edo lortu bada.

d) Publizitate aktiboa: Jarduera publikoaren eta gobernu ekintzaren gardentasuna bermatzeko garrantzizkoa den informazio publikoa modu iraunkorrean, egiazkoan eta objektiboan zabaltzeko betebeharra.

e) Informazio publikoa eskuratzea: Foru lege honen aplikazio esparruan aurreikusitako entitateen esku dagoen informazio publikoa eskuratzeko aukera, haren egiazkotasuna segurua izanik, eta Estatuko oinarrizko araudian eta foru lege honetan ezarritako betebehar eta baldintzekin soilik.

f) Datuak irekitzea: Datuak euskarri digitalean, estandarizatuan eta irekian eskura jartzea, haiek ulertu eta berrerabiltzeko aukera ematen duen egitura argi bati jarraikiz, helburu hauekin: kudeaketa publikoaren gardentasuna sustatzea, haren azterketa eta ebaluazioa egiteko; administrazioen arteko elkarreragingarritasuna sustatzea; balioa eta aberastasuna sortzea datu horietatik eratorritako produktuen bidez.

g) Berrerabiltzea: Administrazioen eta sektore publikoko erakundeen esku dauden datuak, informazioa eta agiriak erabiltzea pertsona fisiko nahiz juridikoek, merkataritzako helburuetarako edo bestelakoetarako, betiere erabilera hori ez bada Administrazioaren jarduera publiko bat, eta ez badago legez ezarritako mugen menpe.

h) Herritarren parte-hartze eta elkarlan informatua: herritarren esku-hartzea eta inplikazioa, banaka nahiz taldeka, ezagutzatik abiatuz, Administrazioen politiketan eta haiei dagozkien eginkizunetan, herritarren eta Administrazio Publikoen arteko entzute aktiboa eta elkarrizketa ahalbidetuko dituzten prozesuen eta mekanismoen bitartez.

i) Interes-taldeak: edozein estatutu juridiko izanik ere, jarduerak Nafarroan betetzen dituzten erakunde eta pertsonak, profesionalki, jarduera osoan edo zati batean, honetan aritzen direnak: politikak edo arau-xedapenak egiteko prozesuetan eragitea, zuzenean nahiz zeharka, edo horien aplikazioan, edo erabakiak hartzean, norbere interesak, hirugarrenenak edo erakundeenak edo interes orokorrak ere defendatuz.

j) Espazio digitala: Informazioa web euskarrian, telefono mugikorren euskarrian edo gaur egun dagoen edo etorkizunean egon daitekeen beste edozeinetan bistaratzeko tokia, gehien erabiltzen dena lehenetsiz.

5. artikulua. Printzipioak.

Foru lege honen interpretazioa eta aplikazioa printzipio orokor hauen inguruan gauzatuko dira:

a) Gardentasun publikoaren printzipioa: Administrazioak gardentasuna txertatu behar du bere jarduera osoan eta bere antolakuntzan, halako moldez non herritarrek ezagutzen ahalko dituzten haren erabakiak, nola hartzen diren, zein diren bete nahi diren helburuak edo zertarako hartzen diren, erabakitakoa gauzatzeko zer neurri ezarriko diren, halakorik badago, nola antolatzen diren zerbitzuak eta nor diren haren jarduketen erantzukizuna duten pertsonak.

b) Publizitate printzipioa: Foru lege honek ezarritako betebeharra duten subjektuen esku, zaintzapean edo kontrolpean dagoen informazio oro publikotzat hartzen da, lege honetan aurreikusitako salbuespenekin.

c) Eskuragarritasunaren printzipioa: Informazioa bitarteko edo formatu eskuragarri eta ulergarrien bidez emanen da, eta Administrazio Publikoak begiratuko du bere bulegoetan, bere politiken diseinuan eta bere jarduketa guztietan eskuragarritasun unibertsala errealitatea izatea.

d) Prozeduraren printzipio antiformalista: Informazio publikoa eskuratzeko prozeduraren arauek eskubideaz baliatzen lagunduko dute, eta ez dira hura eskuratzeko traba izanen.

e) Herritarrak helburu izatearen printzipioa: Administrazioaren jarduketak herritarren egiazko beharren asetzea behar du izan helburu, interes orokorra bilatu behar du beti, eta zerbitzua emateko borondatea izan behar du ezaugarri.

f) Publizitate aktiboaren printzipioa: Administrazioak bere esku duen informazioa eta bere jarduketari buruzkoa eman eta zabaldu behar du etengabe, egiaz eta modu objektiboan.

g) Herritarren parte-hartze eta elkarlanaren printzipioa: Administrazio Publikoak, bere politiken diseinuan eta bere zerbitzuen kudeaketan, bermatu behar du herritarrek, bai banaka bai taldeka, politika publikoen planifikazioan, diseinuan, garapenean eta ebaluazioan parte hartu, lagundu eta inplikatzeko aukera izatea, bai eta gai publikoetan erabakiak hartzen ere, ezagutzatik abiatuta.

h) Erantzukizunaren eta kontuak ematearen printzipioa: Administrazio Publikoak berariaz hartu behar ditu bere gain herritarren aurrean dituen betebeharrak, baita bere erabaki eta jarduketen ondoriozko erantzukizunak ere, ebaluazioaren kultura sustatuz eta kontuak emateko ariketa ezarriz.

i) Jokabide-kodea errespetatzearen printzipioa: Administrazio Publikoak eta haietako gidariek uneoro errespetatuko dute haien zerbitzuak jasotzen dituzten herritarren aurrean hartutako jokabide etikoaren konpromisoa.

j) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa: Kode irekiko softwarearen funtzionamenduaren, erabileraren eta sustapenaren alde eginen du, eta teknologiaren eta informatikaren arloan estandar irekiak eta neutralak erabiltzearen alde. Orobat, aplikazio edo garapen informatikoen kontratazio administratiboan, soluzio ireki, bateragarri eta berrerabilgarri horien alde eginen du.

k) Arrakala digitala deuseztatzeko printzipioa: Edozein pertsonak informazioa eskuratzeko aukera izanen duela bermatzea, informazioa jasotzen duen bitartekoa edo euskarria foru lege honetan ezarritakoa izan ez dadin betetzeko muga edo eragozpena, segurtatuz, halaber, adinarekin, sexuarekin, ekonomiarekin, estatus sozialarekin, kokapen geografikoarekin, desgaitasunarekin edo hezkuntzarekin lotutako kontuak ez daitezela eragozpena izan informazioa eskuratzeko eskubideaz baliatzeko.

6. artikulua. Gobernu Irekiaren neurriak.

1. Gardentasuna eta informazio publikoa sistemaren erreferentzia esparrua eta balioa dira, eta horietan oinarrituta, Nafarroako Administrazio Publikoek, eta haiekin lotutako eta haien menpeko erakunde publikoek eta entitate publikoek gobernu irekiko neurriak sustatuko dituzte, horrela herritarrek benetako parte-hartzea izan dezaten interes orokorreko gaien kudeaketan.

2. Foru lege batean ezarriko dira herritarrek interes orokorreko gaietan egiazki parte hartzeko bidea sustatuko duten printzipioak, balioak eta bideak.

II. TITULUA. Gardentasuna

I. KAPITULUA. Gardentasuna jarduera publikoan

7. artikulua. Informazioaren edo ezagutzaren kudeaketaren sistema integrala.

1. Betebeharra duten subjektuek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte herritarrei informazio publikoaren ezagutza errazteko. Informazioa betebeharra duten subjektuen egoitza elektronikoetan eta espazio digitaletan egin beharko da publiko, modu argi eta egituratuan eta formatu berrerabilgarrian.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak informazio publikoaren gardentasuna sustatuko du, informaziorako edo ezagutza kudeatzeko sistema integral bat ezarriz; horren diseinua dokumentu publikoen kudeaketa sistemen lehentasunezko erabileran oinarritu behar da, egiazko datuak eta dokumentuak ematen dituzten aldetik, sektore publikoaren elkarreragingarritasunaren baitan.

3. Bigarren apartatuan aipatzen den sistema integralak aukera eman beharko die pertsonei informazio publikoa erraz eta dohainik eskuratzeko, haien ezagutza sustatzeko eta afera publikoetan haien parte-hartze eta elkarlan arduratsua errazteko, herritarraren bizitokia, prestakuntza, baliabideak, egoera pertsonala edo egoera soziala edozein izanik ere.

4. Foru lege honetan jasotako informazio publikoaren arloko betebeharrak bermatzeko beharrezkoak diren datuen eta dokumentuen biltegi edo biltoki zentralizatu bat izan beharko du sistema horrek. Oraingo artxiboen sisteman integratuko eta antolatuko da biltegia, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearekin bat.

8. artikulua. Informazio publikoaren ardura duten unitateak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoak, herritarrek informazio publikoa izateko eskubidea benetako bihurtzeko, informazio publikoaren ardura duten unitate batzuk izendatuko ditu. Foru lege honetan ezarritako betebeharrak behar den denboran eta moduan tramitatzearen ardura izanen dute, egungo artxibo sistemarekin koordinatuta, eta, bereziki, artxibo elektroniko bakarrarekin.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan, informazio publikoaren ardura izateko izendatzen diren unitateak zein departamenturi atxikita edo lotuta dauden, horko idazkaritza tekniko nagusiak koordinatuta arituko dira, edo haien sektore publikoko entitate instrumentaletako gobernu organoek edo organo exekutibo baliokideek koordinatuta; eginkizun hauek beteko dituzte unitate horiek:

a) Bere eskumeneko arloetan, titulu honen III. kapituluak eskatzen duen informazioa eskatu, lortu eta prestatzea, eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuz zabaltzea.

b) Gardentasun proaktiboko politikak sustatu eta ezartzea, eta haren eskuragarritasuna bermatzea.

c) Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak tramitatzea, eskaerak jasotzea, eta eskatutako informazioa eskuratzeko behar diren barne tramiteak egitea.

d) Partikularrei laguntzea informazioa eskuratzeko eskaerak prestatzen eta, kasua bada, orientabideak ematea betebeharra duten subjektu eskudunei buruz, aplikatzekoa den araudiarekin bat.

e) Informazioa eskuratzeko eskaeren kontrola eramatea.

f) Unitate arduradunari igortzea beharrezkoak diren datuak, informazio publikoa eskuratzeko eskubideari buruzko informazioa bi hiletik behin argitaratzeko, bai eta urteko memoria edo txostena prestatzeko ere.

g) Foru lege honetan aurreikusitako betebeharrak betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak.

3. Informazio publikoaren ardura duten unitateek, eginkizunak betetzean, datu pertsonalen segurtasuna bermatuko dute, eta haiek aldatu, galdu, eskualdatu eta baimenik gabe eskuratzea galaraziko.

9. artikulua. Informazioa eskuratzeko eskaeren erregistroa.

1. Nafarroako Foru Administrazioaren esparruan informazio publikoa eskuratzeko eskaeren erregistroa sortzen da; bertan inskribatuko dira aurkezten diren eskaerak, eta datu hauek jasoko:

a) Eskaeraren aurkezpen-data.

b) Eskatzailearen izena.

c) Eskatutako informazioa.

d) Eskaera ebatzi edo baiesteko eskumena duen organoa.

e) Ebazpenaren zenbakia eta data. Ebazpena ematea aginduzkoa ez denean, bidalketaren data.

f) Eskaerari erantzuteko hartutako denbora eta, erantzuna epez kanpo ematen denean, atzerapenaren arrazoiak.

g) Eskaerari emandako erantzun mota eta, onartzen ez bada edo osorik edo zati batean ezesten bada, horretarako arrazoiak.

h) Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamenduan ezartzen diren gainerakoak.

2. Erregistroa gardentasun arloko eskumenak bere gain dituen departamentuko organoaren menpe egonen da.

3. Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua gardentasun arloko eskumena duen departamentuko titularrak onetsitako arauekin bat etorriko dira.

10. artikulua. Gobernu Irekiaren Espazio Digitala.

1. Nafarroako Gobernuak Interneten duen Espazio Digitalean, Gobernu Irekiaren Atari berariazkoa garatuko da, software libreko eta berrerabilgarriko plataforma informatiko batean ezarria, eta bertan emanen da argitara Foru Komunitateko Administrazioari eta haren menpeko entitate eta erakundeei buruzko informazioa, atarian berean informazioa jarriz edo esteka elektronikoen bidez.

Gobernu Irekiaren Espazio Digitalak bilatzaile bat izanen du, informazioa eskuratzeko bide azkarra, erraza eta ulergarria izateko, eta eguneratzen diren datuei buruzko alerta-mekanismoak ere jarriko dira bertan.

2. Honako hauetarako gune gisa eratuko da atari hori:

a) Herritarrei aktiboki entzun dakiela eta herritarren eta Administrazio Publikoaren arteko elkarrizketa izan dadila sustatzea, haien beharrak identifikatzeko eta jarduketa publikoa haien eskaeretara bideratzeko.

b) Herritarrei informazioa denbora errealean eta tratatu gabe ematea, libreki eta dohain partekatu ahal izan dadin.

c) Datuak herritarren eskura uztea formatu ireki eta berrerabilgarrietan, berrerabil daitezen onura publikorako eta, balioa eta aberastasuna sortzeko, informazio horren ondoriozko produktuak lortu nahi dituen edozein pertsonaren onurarako, datuen irekiera edo OpenData izenez ezagutzen diren proiektuetan.

d) Herritarrek gai publikoetan duten parte-hartzea eta inplikazioa bideratzea, Administrazio Publikoaren laguntzaile aritu daitezen, prozesuen irekiera edo OpenProcess izenez ezagutzen diren proiektuetan.

3. Gobernu Irekiaren Espazio Digitalak eta sortzen diren espazio digitalek Interneten publizitate aktiboa zabaltzeko plataforma elektronikoaren izaera izanen dute, erraz identifikatzeko modukoak izanen dira eta kasuan kasuko administrazio publikoen edo entitateen egoitza elektronikoetarako esteka jaso beharko dute. Horrekin batera, Web Erabilerraztasunerako Ekimenaren gomendioak bete beharko dituzte, desgaitasuna dutenei erabiltzeko aukera eta laguntza emateko, bai eta arrakala digitalaren printzipioa jarraitu ere.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako Toki Administrazioa osatzen duten entitateek beste neurri osagarri eta lankidetzazko batzuk hartzen ahalko dituzte titulu honen III. kapituluan jasotako gardentasun betebeharrak betetzeko”.

11. artikulua. Gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasun betebeharra betetzeko eta foru lege honetan aurreikusitako moduan, 2. artikuluan aipatzen diren subjektuek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Subjektuaren jardueraren gardentasuna bermatzeko zabaldu beharreko informazioa eta, gutxienez, titulu honen III. kapituluan jasotakoa, prestatu, eguneratu, hiru hilean behin gutxienez, eta zabaltzea modu iraunkorrean, egiazkoan eta objektiboan, norberaren egoitza elektronikoaren edo web orriaren bidez.

b) Apartatu honen a) letran aipatzen den informazio publikoaren inbentario bat egin eta hiruhilean behin zabaltzea, informazio hori non aurki daitekeen adierazita.

c) Informazio publikoa kudeatzeko sistemak eta politikak garatzea, haren fidagarritasuna, etengabeko eguneratzea, integritatea eta benetakotasuna bermatzeko.

d) Informazio publikoa kudeatzeko neurriak hartzea, hura lokalizatzea eta zabaltzea erraza izan dadin, eta eskuragarritasuna, elkarreragingarritasuna, kalitatea, egiazkotasunaren kontrola eta argitaratutako informazioaren berrerabilera sustatzeko.

e) Informazioa modu argi, egituratu eta ulergarrian argitaratzea.

f) Informazio publikoa eskuratzeko eskubiderako baldintzak argitaratu eta zabaltzea, bai eta eskubideaz baliatzeko prozeduraren, epeen eta ebazteko eskumena duen organoaren berri ematea ere.

g) Titulu honek pertsonei aitortzen dizkien eskubideak zabaltzea, aholku ematea behar bezala erabiltzeko eta laguntzea informazioa bilatzen.

h) Titulu honetan ezarritakoarekin bat, eskatutako informazioa behar diren epeetan, eta aukeratutako moduan eta formatuan ematea.

Toki entitateen esparruan, eguneratzeko maiztasuna berariazko xedapenetan ezarriko da.

2. Informazio publikoa epe hauetan egonen da argitaratuta:

a) Izatezko egoerak deskribatzen dituen informazioa argitaratuta egonen da gutxienez ere egoera horiek irauten duten bitartean.

b) Arauei buruzko informazioa arauek indarra duten bitartean, gutxienez.

c) Kontratu, hitzarmen eta diru-laguntzei buruzko informazioa argitaratuta egonen da haietatik heldu diren betebeharrek irauten duten bitartean eta, gutxienez ere, haiek amaitu eta beste hamar urtez.

d) Informazio ekonomikoa sortu zen unetik kontatzen hasi eta gutxienez ere hamar urtez egonen da argitaratuta.

e) Ingurumen eta hirigintza arloko informazioa, indarra duen bitartean, eta indarra galtzen duenetik beste hamar urtez, gutxienez.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jendaurrean jarri beharreko informazioa tramitazioan dagoen bitartean argitaratu eta egon beharko du jendaurrean; epe horretan alegazioak, iradokizunak eta oharrak modu elektronikoan aurkezten ahalko dira, posta elektronikoaren bidez edo jendaurreko testuari buruzko iruzkinak egiteko aukera ematen duten aplikazio informatikoen bidez. Informazio publikoaren jendaurreko tramitea sare sozial ohikoenen bidez zabaldu beharko da.

4. Ulertzen da titulu honetan jasotzen diren gardentasun betebeharrek ez dutela galarazten beste xedapen berariazko batzuk aplikatzea, publizitate arloan araubide zabalago baterako aukera ematen dutenak.

5. Titulu honetan aurreikusitako informazio guztia formatu erabilerraz eta ulergarrietan egonen da, erabilerraztasun unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinuaren printzipioekin bat.

12. artikulua. Zerbitzu publikoak ematen dituztenen eta ahalmen administratiboak betetzen dituzten pertsona pribatuen gardentasun betebeharrak.

1. 2. artikuluan sartutakoez beste pertsona fisikoek eta juridikoek, zerbitzu publikoak eman edo administrazio ahalmenak betetzen dituztenek, betebeharra izanen dute, titulu honen aurreikuspenen arabera, betetzen dituzten administrazio eginkizunekin eta kudeatzen dituzten zerbitzu publikoekin zuzenean lotutako jarduerei buruzko informazioari dagokionez. Betebehar horiek betetzea zuzenean ez ezik, haiekin lotutako Administrazioaren bidez ere eskatzen ahalko da.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitakoa betetzen dela bermatzeko, entitate pribatuek hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuen sistema publikoetan parte hartzeko itunetan eta beste bide batzuk erregulatzen dituzten arauetan zehaztuta jasoko da zein diren entitate horiek dituzten betebeharrak publizitate aktiboaren eta informazioa ematearen arloan, baita kontrol eta jarraipen mekanismoak eta horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak ere. Betebehar horiek jasota egonen dira deialdietan, agirietan, kasuan kasuko ebazpenetan eta horietatik eratorritako formalizazio agiri orotan.

3. Sektore publikoko kontratuen adjudikazio-hartzaileak beharturik egonen dira foru lege honen 2.1 artikuluan aurreikusitako entitateei, haiekin lotura dutenei ematera, entitate horiek titulu honetan aurreikusitako betebeharrak betetzeko behar den informazioa, eskaera egin ondoren eta hamar eguneko epean; betebehar hori berariaz jaso beharko da kasuko kontratuan. Ondorio horietarako, administrazio klausula partikularren agiriek edo agiri baliokideak zehaztuko dute betebehar hori.

4. Aurreko apartatuan aurreikusitako betebehar hori bete beharko dute, halaber, diru-laguntzen onuradunek, diru-laguntzen araudian eta emateko ebazpenean aurreikusitako moduan. Ondorio horietarako, diru-laguntzak ematea arautzen duten oinarrietan, emateko ebazpenetan eta diru-laguntzak ematea antolatzen duten hitzarmenetan jaso beharko da berariaz betebehar hori. Edozein kasutan, foru legearen 3. artikuluko c) letran jasotako entitateen kasuan, honako hauei buruzko informazioa jasoko du, publiko egiteko: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaketa; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea, lansari gordinak eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuta, eta urteko kontuak.

5. Nafarroako Administrazio publikoek isun hertsatzaileak ezartzea erabakitzen ahalko dute, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari oharra egin eta entzunaldia eman ondoren, eskaeran horretarako emandako epea hura bete gabe iragan ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen eginkizun publikoak betetzeko edo zerbitzuak emateko gaikuntza ematen duen kontratuaren, diru-laguntzaren edo tresna administratiboaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.

1. Edozein herritarrek erabiltzen ahalko ditu eskubide hauek foru lege honetan aurreikusitakoarekin bat:

a) Foru lege honetan ezarritako betebeharrak betez, herritarren eskura utzitako informazio publikoa eskuratzea.

b) Administrazio Publikoen esku dagoen informazio publikoa lortzea, aldez aurretik eskaera eginda, hartarako interes zehatzik deklaratzera beharturik egon gabe, eta foru lege honetan aurreikusitako mugekin bakarrik.

c) Foru lege honek ematen dizkien eskubideen berri izatea, eta horiek egoki erabiltzeko aholkularitza jasotzea.

d) Informazioa bilatzeko laguntza jasotzea.

e) Eskatzen duen informazioa jasotzea, foru lege honek ezarritako gehieneko epeetan.

f) Eskatutako informazio publikoa aukeratutako moduan edo formatuan jasotzea, foru lege honetan aurreikusitakoarekin bat.

g) Jakitea zergatik ez zaion informazioa ematen, batere ez edo zati bat ematen ez zaionean, eta zergatik ez zaion ematen informazioa eskatutako moduan edo formatuan.

h) Eskatutako informazioa lortzeko exiji daitezkeen tasen eta prezioen zerrenda ezagutzea, baita salbuesteko arrazoiak ezagutzea ere.

i) Herritarren parte-hartzea izan dezaketen prozesuei buruzko informazioa jasotzea.

j) Herritarren parte-hartzea izanen duten proposamenei buruzko informazioa behar den denborarekin eskuratzea, planen, programen eta parte-hartzearen menpe jartzen diren beste proposamen batzuen diseinuan, prestaketan, aldaketan, berrikuspenean eta ebaluazioan egiaz eta eraginkortasunez parte hartzeko xedeaz.

k) Parte hartu duen prozeduraren behin betiko emaitza publiko egitea, eta hartutako erabakiaren oinarri diren arrazoi eta gogoeten berri eman dakiola, parte hartzeko prozesu publikoari buruzko informazioa barne.

l) Eraginkortasunez eta egiaz parte hartzea, aplikatzekoa den legerian xedatutakoarekin bat.

m) Informazio publikoa eskuratzearen arloan 45. artikuluan aipatzen diren erreklamazioak aurkeztea.

n) Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea babesteko asmoz herritarrek sustatzen dituzten prozeduren ondorioz hartzen diren erabakien berri eman dakiola.

2. Foru lege honetan xedatutakoarekin bat informazio publikoa eskuratzen duten pertsonek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Informazioa eskuratzeko erabilitako moduak eraginik ez izatea zerbitzu publikoen funtzionamenduaren eraginkortasunean.

b) Eskuratzeko eskubideaz baliatzea bi printzipio hauekin bat: fede ona eta eskubidearen abusuaren debekua.

c) Informazio iturrietara zuzenean jotzeko eta informazioa gordea dagoen bulego publikora edo artxibora jotzeko baimena ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzak betetzea.

d) Lortutako informazioa berrerabiliz gero, araudian ezarritako betebeharrak betetzea.

e) Kopiak lortzeko eta informazioa jatorrizkoaz beste formatu batera eramateko ezartzen diren tasak ordaintzea.

14. artikulua. Gardentasun betebeharren mugak.

1. Gardentasun betebeharrei aplikatzen zaizkien mugak 31. artikuluan informazio publikoa eskuratzeko eskubideari ezartzen zaizkion berberak dira.

2. Gardentasun printzipioa lehentasunez interpretatu eta aplikatu behar da kasu guztietan. Edozein salbuespen edo muga lege mailako arau batek ezarria izan beharko du, eta aplikazioan modu murriztailean interpretatu.

15. artikulua. Foru legearen aplikazioaren norainokoari buruzko txostenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, informazio publikoaren ardura duten unitateak atxikiak dituzten organoek txosten bat eman beharko dute urtero, bakoitzaren esparruan legeak izan duen aplikazio mailari buruzkoa, eta gardentasun arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak ezartzen duen edukiarekin.

II. KAPITULUA. Informazio publikoaren berrerabilera

16. artikulua. Informazio publikoaren berrerabilera.

1. Bigarren artikuluan sartuta dauden administrazio publikoek, instituzio publikoek eta entitateek foru lege honetan aurreikusitako moduan zabalduko dute informazio publikoa, haren berrerabilera erraztu eta sustatzeko, herritarrek, erakunde akademikoek, enpresek eta bestelako eragileek libreki erabil dezaten produktu eta zerbitzu berrien bidez balioa sortzeko, betiere informazioaren erabilera jarduera administratibo publikoa ez bada eta ordenamendu juridikoan ezarritako mugak errespetatzen badira.

Informazio publikoa berrerabiltzeko zabalkundea bide elektronikoetatik eginen da, eta horretarako muga bakarrak informazio publikoaren berrerabilerari buruzko araudian ezarritakoak izanen dira.

2. Erregelamendu bidez arautuko dira berrerabilerari ezartzen ahal zaizkion baldintzak, eta horien artean, besteak beste, aurreikusten ahalko da informazio publikoaren edukia eta izaera ez aldatzea eta jatorria eta azken eguneraketaren data adieraztea.

3. Informazioa emateko bitartekoak erabilera libre eta doakoa ahalbidetzen duten lizentziak izanen dira, nazioan eta nazioartean onarpen zabala dutenak edo beste Administrazio publiko batzuekin adostu direnak.

4. Nafarroako Gobernuak argitaratzen edo eskura jartzen duen informazio guztia berrerabiltzen ahalko da aurrez baimenik izan beharrik gabe.

5. Argitaratutako informazioa berrerabiltzeko baldintzak, haren indarraldia eta eguneratzeko maiztasuna zehaztu beharko dira 2. artikuluan jasotako administrazio publikoen, erakunde publikoen eta entitateen egoitza elektronikoan, atarian edo web-orrian.

6. Datu irekien elkarreragingarritasuna errazteko, aplikatuko da administrazio elektronikoaren esparruan elkarreragingarritasun-eskema nazionala arautzen duen estatu-araudian xedatutakoa.

7. Datu-baseen diseinuan kontuan hartu beharko da lurraldeen arabera ezartzen ahal diren erregistro guztiak geoerreferentziatu edo geolokalizatu beharko direla. Horrez gain, datu-baseen erregistroen diseinuak aukera eman beharko du jakiteko noiz egin den azken aldaketa eta nork egin duen.

8. Honako helburu funtsezko hauek bilatuko ditu berrerabilerak:

a) 2. artikuluan jasotako administrazio publikoen, erakunde publikoen eta entitateen esku dauden erabilera libreko datu guztiak argitaratzea.

b) Herritarrei bidea ematea hobeki ezagut dezaten sektore publikoaren jarduera.

c) Datu horietan oinarritutako informazio produktu eta zerbitzuak sortzeko erraztasunak ematea.

d) Datuak erabiltzeko erraztasunak ematea, herritarrek, erakunde akademikoek, enpresek eta bestelako eragileek balio erantsiko informazio produktuak eta zerbitzuak eskain ditzaten.

e) Merkatuko lehia erraztea, horren faltsutzea mugatuz.

17. artikulua. Ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren emaitza den informazioa.

Aplikatzekoa den zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloko legeriaren esparruan, foru lege honen 2. artikuluan jasotako administrazio publikoek, erakunde publikoek eta entitateek sustatu eginen dute nagusiki funts publikoekin finantzatutako ikerketa proiektuetan lortutako datuak formatu berrerabilgarrian eta dohainik jartzea eskuragarri.

III. KAPITULUA. Publizitate aktiboa

18. artikulua. Argitaratu beharreko informazioa.

1. Foru lege honen 2. eta 3. artikuluetan jasotako administrazio publikoek, erakunde publikoek, entitateek eta subjektuek argitara eman beharko dute, gutxienez, gai hauei buruzko informazioa, hurrengo artikuluetan adierazten den moduan:

a) Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

b) Goi kargudunei eta zuzendaritzako langileei buruzko informazioa.

c) Garrantzi juridikoa duen informazioa.

d) Informazio ekonomikoa, aurrekontuei buruzkoa eta finantzarioa.

e) Kontratazio publikoari buruzko informazioa.

f) Zerbitzu emakidei buruzko informazioa.

g) Lankidetza-hitzarmenei, kontratu-programei, esleipenei eta baliabide berekientzako mandatuei buruzko informazioa.

h) Diru-laguntzen arloko jarduerei buruzko informazioa.

i) Ondare informazioa eta informazio estatistikoa.

j) Lurraldearen antolamenduaren, hirigintzaren, ingurumenaren eta etxebizitzaren arloko informazioa.

k) Publizitatearen xede diren beste eduki batzuk.

2. Ulertzen da titulu honetan jasotzen diren gardentasun betebeharrek ez dutela galarazten beste xedapen berariazko batzuk aplikatzea, publizitate arloan araubide zabalago bat ezartzen dutenak.

19. artikulua. Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

1. Foru lege honen 2. eta 3. artikuluetan jasotako administrazio publikoek, erakunde publikoek, entitateek eta subjektuek informazioa argitaratuko dute bete behar dituzten eginkizunei buruz, aplikatzekoa zaien araudiari buruz eta beren antolaketa egiturari buruz, organigrama eguneratu bat barne.

2. Foru lege honen 2. artikuluan jasotako administrazio publikoek, erakunde publikoek eta entitateek informazio hau argitaratuko dute antolaketa instituzionalari, egitura administratiboari eta zerbitzuei buruz:

a) Nafarroako Administrazio publikoek jakitera emanen dute beraiekin lotura duten edo beren menpekoak diren erakunde autonomoen, enpresa publikoen eta zuzenbide publikoko gainerako entitateen zerrenda eguneratua, bai eta sektore publikoko fundazioena eta atxikitako partzuergoena ere, adierazita haien araubide juridikoa, ekonomikoa, ondarekoa, giza balibideena eta kontrataziokoa.

b) Administrazioaren eta a) letran aipatzen diren organismoen eta entitateen antolaketako barne egitura, adierazita organoen egoitza, harremanetarako bideak, sail bakoitzeko arduradun politikoen eta funtzionarialen identifikazioa (zuzendari kudeatzailea, sailetako buruak, zerbitzu, atal eta bulegoetako buruak) eta haiei esleitutako eginkizunak.

c) Ente publikoen, sozietate eta fundazio publikoen, partzuergoen eta Administrazio Publikoarekin lotura duten gainerako entitateen sorrerari, parte-hartzeari eta funtzionamenduari dagozkien erabakiak.

d) 2. artikuluan aipatzen diren entitate eta erakundeen plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda (funtzionarioak, lan-kontratudun finkoak, estatutupekoak eta izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen diren behin-behinekoak).

e) Nortzuk diren langileak ordezkatzen dituzten organoetako kideak, eta zenbat diren departamentu eta erakunde publiko bakoitzean dauden liberatu sindikalak, adierazita zer erakunde sindikaletakoak diren, bai eta liberazio horiek departamentuetan eta erakundeetan eragiten dituzten kostuak ere. Halaber, erabilitako ordu sindikalen kopuruaren berri emanen da.

f) Enplegu Publikoaren Eskaintza edo langile beharrak betetzea kudeatzeko antzeko beste lanabes bat, bai eta langileak hautatzeko prozesuak, aldi baterako langileen prestakuntza, igoera eta hautapen zerrendak barne, izangai bakoitzak aukera izan dezan unean-unean zer postutan dagoen jakiteko.

g) Hitzarmenak, erabakiak eta itunak, funtzionarioen eta lan-kontratudunen arlokoak eta arlo sindikalekoak.

h) Jarduera publiko edo pribatuetarako bateragarritasuna baimendu edo onartzeari buruzko ebazpenak, enplegatu publikoei eragiten dizkietenak.

i) Ematen diren zerbitzuen katalogoa, zerbitzu-kartak, bai eta zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko kexak aurkezteko prozedura ere.

j) Zerbitzu publikoak jasotzeko itxarote-zerrendak (osasunaren, gizarte zerbitzuen, etxebizitzaren, hezkuntzaren eta abarren arlokoak), zenbakizko kodeen bidez identifikatuak anonimo izan daitezen.

k) Ikastetxe publiko eta itunduetako ikastokien deialdiak eta esleipena.

l) Zerbitzu publikoen kalitatearen eta politika publikoen eragin sozialaren ebaluazioa noraino betetzen den eta haren emaitzak jasotzen dituzten txostenak.

m) Tramitazioa hasia duten urteko eta urte anitzeko planak eta programak.

n) Onartutako urteko eta urte anitzeko planak eta programak, adierazita horien helburuak, jarduerak, bitartekoak eta betetzeko behar diren denborak, betetzeko ardura duten organoak, eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiteko bide ematen duten adierazleak.

o) Plan eta programen betetze mailari buruzko informazioa.

p) Planak eta programak egin, onetsi eta ebaluatzeko prozesuetan herritarren parte-hartzeak izandako emaitza.

3. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honakoak emanen ditu argitara:

a) Atxikiak dituen kide anitzeko organoen zerrenda, haien osaketa, antolaketaren eta funtzionamenduaren arauak, hartzen diren erabakiak eta bilkuretako aktak.

b) 2.d) atalean deskribatutako lanpostuen urteko ordainsariak, osagarriak zehaztuta, eta ordainsariak osotara.

c) Aldi baterako kontratuen kopurua, lanbide edo lan kategorien arabera sailkatuta, adierazita kontratua plantilla organikoko lanpostu bati loturik dagoen edo ez, baita urteko ordainsariak ere, osagarriak eta ordainsari osoa zehaztuta.

d) Zerbitzuko zuzendarien eta idazkari tekniko nagusien lanpostuetan aritzen direnek jasotzen dituzten urteko ordainsari gordinak, kontzeptu guztiak zehaztuta, kalte-ordainak eta dietak barne.

e) Enplegatu publikoen kopurua, departamentua, erakundea, entitatea, sozietate publikoa, fundazio publikoa eta partzuergoa zehaztuta, haien maila edo kategoria adierazita, baita harreman mota ere (funtzionarioa, estatutupekoa, lan-kontratuduna), eta, funtzionarioen eta estatutupekoen kasuan, zein diren karrerakoak, atxikipen motarekin, eta administrazio kontratudunak, eta, azkenik, lan-kontratudunen kasuan, kontratu mugagabea dutenak eta aldi batekoak.

f) Administrazioarekin izenpetutako kontratu baten bitartez bulego eta establezimendu publiko batean jarduera bat, zerbitzu bat edo obra bat betetzen duten adjudikazio-hartzaileetan dauden lanpostuen zerrenda, bai eta langile horien dedikazio araubidea, ordainsarien araubidea eta betetzen dituzten eginkizunak ere.

Giza baliabideei buruzko informazio publikoa eta, bereziki, plantillak eta lanpostuen zerrendak hilero eguneratu beharko dira, bai eta lanpostuak edo tokiak aldatu, kendu edo sortzen direnean ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baldin badira.

4. Artikulu honetan aipatzen diren enplegatu publikoen identifikazio datuak argitaratzeari dagokionez, lege honen aplikazio esparruan sartutako subjektu bakoitzean giza baliabideen kudeaketaren ardura duten organoek hamabost eguneko epea ezarriko dute epai judizial irmoaren bidez edo kautelazko neurri administratiboen bidez datuen nolabaiteko babesa edo erreserba ezarria duten enplegatuek hori froga dezaten epe horretan, informazio hori argitaratu beharretik salbuesteko.

20. artikulua. Goi kargudunei eta zuzendaritzako langileei buruzko informazioa.

1. 2. artikuluan aipatzen diren administrazioek, entitateek eta instituzioek argitara eman eta eguneratuta izan beharko dute honako informazio hau, goi kargudunei eta zuzendaritzako eginkizunak dituzten gainerako langileei buruzkoa, horien lanpostuak ez badaude funtzionarioentzat erreserbatuta, baita goi zuzendaritzako araubidean kontratatutako langileei buruzkoa ere:

a) Identifikazioa eta izendapena.

b) Datu biografiko profesionalak.

c) Telefonoa eta helbide elektronikoak harremanak izateko.

d) Eginkizunak.

e) Erakunde publikoetako eta merkataritza sozietateetako kide anitzeko organo bateko eta zuzendaritza eta administrazio kontseiluetako kide bada edo izan bada, horien aipamena, bai eta elkarte, fundazio eta entitate pribatuena ere, haien zuzendaritza organoetako partaide bada edo izan bada azken lau urteetan.

f) Jarduera publiko eta pribatuak, horietarako bateragarritasuna baimendu edo onartu zaion kasuan.

2. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honakoak emanen ditu argitara:

a) Edozein motatako ordainsariak, urtean kargu publiko batean aritzeagatik jasotakoak, dieta eta kalte-ordain guztiak barne, berariaz adierazita ordainsarien kontzeptu desberdinak eta erabilitako ordezkaritza gastuen zenbatekoa ere.

b) Agenda instituzionala, gobernuko kideena eta atal honetako aplikazio esparruan sartutako gainerako goi kargudunena eta zuzendaritzako langileena, bai eta kabineteko behin-behineko langileena ere, zuzendari, aholkulari edo baliokideak badira; agenda hori, gutxienez, agintaldi osoan izanen da publiko. Agenda aldez aurretik publiko egitea ezinezkoa bada, publizitatea ondoren eginen da, arrazoi justifikatuak daudenean salbu.

c) Kargua dela eta jasotako oparien erregistroa, zehaztuta deskribapena, oparia nork (pertsona edo entitatea) eta noiz eman zuen eta oparien destinoa.

d) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora egindako bidaiak eta joan-etorriak, beren eginkizunetan egindakoak, zertarako, noiz eta kostu osoa adierazita, dietak eta ordezkaritzako beste gastu batzuk adierazita.

e) Goi kargudunen bateragarritasuna baimendu nahiz ukatzen duten ebazpenak.

f) Kargua utzi ondoren jarduera pribatuan aritzeko bateragarritasuna baimendu edo ukatzeko ebazpenak.

g) Kargua uztean jasotako kalte-ordainak, baldin badaude.

h) Goi karguengatik aitorpena egiteko betebeharra betetzeari buruzko txostena, bai eta Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legeari dagokionez egindako arau-hausteei eta ezarritako zehapenei buruzkoa ere.

3. Tokiko ordezkariei dagokienez, ordainsariak eta ondasunen eta jardueren urteko aitorpenak Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1975 Legean aurreikusitako moduan argitaratuko dira. Edozein kasutan ere, ondasun higiezinen kokapen zehatzari buruzko datuak ez dira jasoko, eta titularren pribatutasuna eta segurtasuna bermatuko dira.

21. artikulua. Garrantzi juridikoa duen informazioa.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumen eta eginkizunen esparruan, honakoak emanen dituzte argitara:

a) Administrazioak onetsitako arauak –eskura egonen dira jatorrizko formatuko bertsioak eta, aldatu diren arauen kasuan, bertsio bateratuak– eta arauen aplikazioaren ebaluazioari buruzko datuak.

b) Zuzentarauak, jarraibideak, zirkularrak eta egindako kontsultei emandako erantzunak (anonimotasuna babestuta), arauen interpretazioan eta aplikazioan eragin berezia dutenak.

c) Kontsulta publikoak, foru legeen aurreproiektuak eta erregelamenduen proiektuak egin aurretik planteatutakoak.

d) Prestatzen ari diren araugintzako prozedurak, tramitazioaren zein unetan dauden adierazita.

e) Araugintzako ondorioak dituzten memoriak, txostenak eta araugintzako proiektu edo aurreproiektuen tramitazioa justifikatzen duten agiriak, xedapenen testuak, eta jendaurreko prozedurak, herritarren parte-hartzekoak eta interes taldeen esku-hartzeak sortutako agirien zerrenda eta balorazioa, aurkeztutako alegazioak eta ekarpenak barne, nork aurkeztu zituen eta erregistro datak adierazita.

f) Herritarren parte-hartzearen emaitza, iritzia emateko aurkeztu zaizkien prozesu guztietan.

g) Sektoreko legeria indardunaren arabera, tramitazioan zehar epe batez jendaurrean egon behar duten agiriak.

2. Horrez gain, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak informazio hau ere emanen du argitara:

a) Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako eskumenen eta eginkizun eta zerbitzuen eskualdaketen zerrenda.

b) Kasuan kasuko legegintzaldian jarduketa programa ezartzen duen plana edo erabakia. Sei hilean behin konpromisoak noraino bete diren jakinaraziko da.

c) Urteko Araugintza Plana, Gobernuak onesteko aurkeztuko dituen lege edo erregelamendu mailako proposamen guztiak jasoko dituena.

d) Gobernuaren funtzionamenduari dagokionez, Gobernu Irekiaren Atariak bilkuren gai-zerrenda emanen du argitara, bilkurak egin aurretik, bai eta bilkuran hartutako erabakiak ere.

e) Sozietate publikoetako administrazio kontseiluen aktak, datu pertsonalak bereizi ondoren.

f) Prozedura administratibo guztien inbentario eguneratua, adieraziz zein dauden eskuragarri formatu elektronikoan, bai eta idazkiak eta komunikazioak aurkezteko erregistroen egoitza, isiltasun administratiboaren esanahia eta prozedurak amaitzen dituzten ebazpenen aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak ere.

g) Bide administratiboan berrikusteko prozedura baten xede izan diren egintzak.

h) Garrantzi publikoa izan dezaketen ebazpen administratiboak eta judizialak, eta eragiten dioten behin betiko ebazpen judizialak, foru lege honek esleitzen dizkion eginkizunak eta erantzukizunak direla eta.

i) Nafarroako Kontseiluaren eta gainerako kontsulta organoen irizpenak.

j) Aurkeztutako errekurtso administratiboei eta administrazioarekiko auzi errekurtsoei buruzko urteko txostena.

22. artikulua. Informazio ekonomikoa, aurrekontuei buruzkoa eta finantzarioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak informazio hau emanen du argitara eta eguneratuta mantenduko du, bere kudeaketa ekonomiko-finantzarioari dagokionez eta harekin lotuta edo haren menpe dauden erakunde eta entitate publikoei dagokienez ere:

A.–Informazio ekonomikoa, aurrekontuei buruzkoa eta kontabilitatekoa.

a) Ekitaldirako onetsi den gastu ez finantzarioaren muga.

b) Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 36.4 artikuluan jasotzen den dokumentazio osagarria.

c) Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea.

d) Kreditu bereziak, kreditu-gehigarriak eta bestelako aurrekontu aldaketak.

e) Nafarroako Aurrekontu Orokorren hiruhileko exekuzioari buruzko datuak biltzen dituzten txostenak.

f) Barne fiskalizazioko organoek emandako txostenak, bereziki kexak aurkezten dituztenak, aurrekontuak aldatzeko eta gastu publikoaren kudeaketaren kontrolerako espedienteetan.

g) Nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren partaidetza duten ente publikoen, sozietate publikoen, fundazio publikoen eta partzuergoen aurrekontuak.

h) Nafarroako Kontu Orokorrak.

i) Ente publikoen, sozietate publikoen eta fundazio publikoen urteko kontuak.

j) Auditoretza eta fiskalizazio txostenak, Nafarroako Kontu Orokorrei buruzkoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa partaide nagusi duten ente publikoen, sozietate publikoen, fundazio publikoen eta partzuergoen urteko kontuei buruzkoak.

k) Eskualdeko sektore publikoko enpresen jarduketari, inbertsioei eta finantzaketari buruzko urteko programak.

l) Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren, zor publikoaren eta gastu erregelaren helburuak betetzeko onetsitako plan ekonomiko eta finantzarioak.

m) Egiturazko defizit kasuetarako onetsitako berrorekatze planak.

n) Likidezia babesteko neurrien bidez onetsitako doikuntza planak.

o) Aurreko l), m) eta n) letretan aipatzen diren planen jarraipenari buruzko txostenak.

B.–Sarrerei, gastuei eta ordainketei buruzko informazioa.

a) Nafarroako Foru Komunitateko finantzaketari buruzko oinarrizko informazioa.

b) Gai hauei buruzko informazio eguneratua:

1. Nafarroak Estatuari egiten dion ekarpenari buruzko informazioa.

2. Nafarroako Foru Komunitateko defizit/superabit publikoak eskualdeko BPGarekin alderatuta egiten duen proportzioa.

3. Tributu arloko informazioa tributu bakoitzaren arabera, eta azken urteetan sarrerek izandako bilakaera.

4. Zerga arloko sarrerak biztanleko.

5. Politiketan egindako gastuak eta horiek egiten duten portzentajea gastu osoarekin alderatuta.

6. Nafarroako Foru Komunitatean biztanleko egindako gastua.

7. Langileria gastuak eta gastu osoarekin alderatuta egiten duten portzentajea, zehaztuta zuzendaritzako langileei eta behin-behineko langileei dagokiena, baita liberatu sindikalei dagozkienak ere, adierazita kasu guztietan langileria gastuarekin eta gastu osoarekin alderatuta egiten duten portzentajea.

8. Ondasun higiezinen errentamenduaren kontzeptuan egindako gastua.

9. Publizitate, sustapen, komunikazio instituzional, irudi, iragarki edo beste edozein formatu duten kanpainetan egindako edozein gastu, xehakatuz plangintza-irizpideak, hautatutako euskarria, exekuzio-aldia eta kanpainaren kontzeptu desberdinak, bai eta hedabide bakoitzarekin kontratatutako zenbatekoa ere, eta haren eragin zenbatetsiari eta kanpainaren emaitzei buruz informatuz.

10. Jarduera ekonomikoetarako eta egoera bereziki ahulean dauden familientzako eta pertsonentzako laguntza edo diru-laguntzetan egindako gastu osoa, hala nola, mendekotasunaren arretari, ekintza sozialari eta lankidetzari, adinekoei, adingabeei eta desgaitasuna dutenei dagozkienak.

11. Nafarroako Foru Komunitatean biztanle bakoitzeko egindako inbertsioa.

12. Funtsen erabileraren urteko plana.

13. Nafarroako Toki Entitateei Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aplikatzearen ondorioz urtean esleitutako zenbatekoak, bai eta beste edozein arrazoirengatik esleitutako gainerako zenbatekoak ere. Zerrenda hori banakakoa izanen da.

14. Hornitzaileei eta laguntzen eta diru-laguntzen onuradunei ordainketak egiteko batez besteko epea, bai eta berankortasunari buruzko txostenak ere.

C.–Nafarroako Foru Komunitatearen zorpetzeari buruzko informazioa.

a) Zor publikoaren zenbatekoa, adierazita zorpetze publikoa biztanleko eta eskualdeko BPGarekiko zorpetze erlatiboa.

b) Defizit helburuen betetze maila eta hura betetzeko planak.

c) Kaudimen adierazlea, epe laburrekoa eta luzekoa.

d) Foru sektore publikoko entitateek egindako mailegu eta kreditu eragiketak eta zor publikoaren jaulkipenak.

e) Foru sektore publikoko entitateek edozein kreditu motatan emandako abalak eta bermeak.

f) Foru sektore publikoko entitateek egindako finantza errentamenduko eragiketak.

2. Foru lege honen 2. artikuluan jasotako administrazio publikoek, erakunde publikoek eta entitateek informazio hau argitaratu beharko dute:

a) Administrazio publikoaren, instituzio publikoaren edo entitatearen aurrekontuak, eta Administrazio publikoa partaide nagusi duten ente publikoenak, sozietate publikoenak, fundazio publikoenak eta partzuergoenak, haien aldaketak eta informazio eguneratua eta ulergarria exekuzio egoerari buruz.

b) Administrazio publikoaren, instituzio publikoaren edo entitatearen urteko kontuak, eta hura partaide nagusi duten ente publikoenak, sozietate publikoenak, fundazio publikoenak eta partzuergoenak.

c) Kanpoko kontrol organoek urteko kontuei buruz emandako auditoretza eta fiskalizazio txostenak.

d) Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak betetzeari buruzko informazioa, bai eta horretarako onetsitako planak eta haien jarraipena.

e) Sektore publikoko enpresen jarduketari, inbertsioei eta finantzaketari buruzko urteko programak.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, harekin lotutako edo haren menpeko erakunde publikoek, sozietate publikoek, fundazio publikoek eta harekin lotutako zuzenbide publikoko entitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitara emanen dute finantza entitateetan titular gisa irekita dituzten banku kontuei buruzko informazioa, Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legean ezarritako modu eta baldintzetan.

23. artikulua. Kontratazio publikoari buruzko informazioa.

1. Nafarroako Kontratazioaren Atariaren bidez antolatuko da gardentasuna kontratazio publikoan. Atari hori ez da izanen bakarrik lizitazioei publizitatea emateko bitarteko ofizial bat, informazioa emateko funtsezko tresna bat ere izanen da, eta, informazio horretan, honako hauek adierazi beharko dira:

a) Entitate eta kontratazio organoei buruzko informazio orokorra, esate baterako, harremanetarako helbidea, telefono eta fax zenbakiak, posta helbidea eta posta elektronikoaren kontua.

b) Honako hauei buruzko informazioa: kontratuak, esparru-akordioak, adjudikatutako kontratuak, huts deklaratutakoak, uko-egiteak edo atzera-egiteak, deuseztatutako lizitazioak, suntsiarazitako kontratuak, suntsiarazpena eragin duten kausak eta haren ondorioak adierazita, eta kontratazioa egoki kudeatzeko beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen den beste edozein.

c) Abian diren lizitazioei buruzko informazioa. Eskuragarri egonen dira kontratua gauzatzeko baldintza guztiak eta, behar denean, gainerako dokumentazio osagarria.

d) Kontratazio mahaien osaketa eta aktak.

e) Formalizatutako kontratuak, alderdi hauek adierazita:

1. Xedea, kontratu mota eta kontratazio organoa.

2. Formalizazio data.

3. Exekuzioaren hasiera eguna.

4. Iraupena.

5. Adjudikaziorako erabilitako prozedura.

6. Lizitazio eta adjudikazio zenbatekoak.

7. Parte hartzen duten lizitatzaileen kopurua, identifikatuta onartu eta baztertu direnak, eta, kasua bada, prozeduran hautatu direnak.

8. Adjudikazio-hartzailearen identitatea.

9. Adjudikazio-hartzailearen kaudimen teknikoa eta ekonomikoa.

10. Adjudikaziorako irizpideak, bai balorazio automatikoa egitekoak bai judizio-balioaren eta ponderazioaren menpe daudenak.

11. Eskaintza ekonomikoak, proposamen teknikoak eta hobekuntzak konparatzen dituen taula, baldin badaude, puntuazio guztiak adierazita irizpide bakoitzaren arabera, eta arrazoien laburpena. Erabaki eta txosten juridikoak, teknikoak eta kontu-hartailetzakoak, kontratazio prozesuarekin lotutakoak.

12. Txosten juridikoak, teknikoak eta kontu-hartailetzakoak, kontratazio prozesuarekin lotutakoak.

13. Onetsitako aldaketak, kontratu osagarriak eta kontratuen luzapenak.

14. Kontratuaren lagapenari eta azpikontratazioari buruzko informazioa, zehaztuta lagapen-hartzaileen edo azpikontratisten identitatea, zenbatekoa, eta kontratu bakoitzean azpikontratatu den bolumenaren portzentajea.

15. Kontratuaren amaieran egindako likidazioaren zenbatekoa.

16. Prezioen berrikuspenari buruzko informazioa, bai eta kontratatutako prestazioaren amaierako kostuan izandako desbideratzea adjudikatutako zenbatekoarekin alderatuta.

f) Kontratisten ez-betetzeengatik ezarritako zigorrak.

g) Garrantzi txikiagoko kontratuen zerrenda, hiruhilekoa gutxienez, zehaztuta, organo edo entitateen arabera, haien xedea, zenbatekoa, iraupena eta zer portzentaje egiten duten adjudikatutako kontratu guztiekin alderatuta.

h) Datu estatistikoak, kontratazio organoen arabera, zehazten dituztenak kontratu publikoei buruzko foru araudian aurreikusitako prozedura eta moduetako bakoitzaren bidez adjudikatutako kontratuen aurrekontu bolumenaren portzentajea.

i) Maiz egiten diren galderei buruzko informazioa eta kontratuen edukia argitzeko azalpenak.

2. Aurreko paragrafoko e) letran aipatzen den informazioa ez da argitara emanen, espedientean justifikatu ondoren, isilpeko edo erreserbatuaren deklarazioa duten kontratuen kasuan, eta kontratu horiek segurtasun neurri bereziak hartuta beteko dira indarreko legeriarekin bat.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoak sarbide libreko datu-base bat sortuko du, non enpresa adjudikazio-hartzaileekiko kontratuen informazio eguneratua bilduko baita. Datuek islatuko dute enpresa bakoitzak zenbat kontratu dituen Administrazioarekin, zer proiektu edo zerbitzu duen adjudikatuta, adjudikazioaren aurrekontua eta zer departamentuk egin duen adjudikazioa.

Publizitate instituzionaleko kanpainei dagozkien kontratuak atal independente batean identifikatuko dira, haien xedearen arabera egituratuta, indarraldiaz gain publizitateko zabalkunderako datak eta zein hedabidetan egiten den argi adieraziz.

4. 3. artikuluan aipatzen diren entitateek informazioa argitaratuko dute foru lege honen aplikazio eremu subjektiboan aipatzen diren entitate eta instituzioekin egindako kontratuei buruz.

24. artikulua. Zerbitzu emakidei buruzko informazioa.

1. Kontratu publikoei buruzko foru legeekin bat arautuko da zerbitzuen emakida; hortaz, arlo horretako gardentasuna Nafarroako Kontratazioaren Atariaren bidez antolatuko da.

2. Nolanahi ere, zerbitzu publikoen emakiden gardentasunak eskatzen du zerbitzu emaileek herritarrei bermatzea, kalitatezko zerbitzuak eskatzeko eta, behar denean, beren eskubideak erabiltzeko behar den informazioa jasoko dutela.

3. Ondorio horietarako, Administrazio Publikoak behar diren aurreikuspenak jasoko ditu kontratazioa arautzen duten agirietan, erabiltzaileei ondoko eskubideak, gutxienez, bermatzeko:

a) Zerbitzu publikoa emateko baldintzei buruz eta emandako zerbitzu publikoen betetze mailari eta kalitateari buruzko informazioa lortzeko eskubidea.

b) Zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko kexak aurkezteko. Arrazoiak emanda eta bakarka erantzun beharko dira.

c) Zerbitzua ematearekin loturik, esleipen hartzailearen bulegoetan aurkezten dituzten dokumentu guztien kopia zigilatuak jasotzea.

d) Administrazioari exijitzea erabil ditzala ikuskatzeko, kontrolatzeko eta, behar denean, zehatzeko ahalmenak, zerbitzuak ematean dauden irregulartasunak zuzentzeko.

e) Zerbitzua erabiltzean berdintasunezko tratua jasotzeko, bazterketa zuzeneko nahiz zeharkakorik gabe, arrazoia edonolakoa izanik ere: jaiotzarekin lotutakoa, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal edo soziala.

25. artikulua. Lankidetzahitzarmenei, programakontratuei, esleipenei eta baliabide berekientzako mandatuei buruzko informazioa.

1. Foru lege honen 2. artikuluan jasotako Administrazio publikoek, instituzio publikoek eta entitateek argitara emanen dituzte lankidetza hitzarmenak, programa-kontratuak, esleipenak eta baliabide berekietarako mandatuak, eta horietarako muga bakarrak izanen dira datu pertsonalak babesteari buruzko araudian eta foru lege honen 31. artikuluan ezarritakoak.

2. Foru lege honen 2. artikuluan jasotako administrazioek, entitateek eta erakundeek egindako kudeaketa esleipenen eta baliabide berekientzako betetze mandatuen zerrenda argitara emanen da eta eguneratuta mantenduko da, informazio hau barne:

a) Esleipena zer entitateri egin zaion eta iraupena.

b) Esleipena egiten duen organoak edo entitateak bere bitarteko pertsonalekin zerbitzuak ez ematea justifikatzen duten arrazoiak eta, hala badagokio, zerbitzua sektore publikoko kontratuen gaineko legerian aurreikusitakoari jarraikiz ez lizitatzea egiaztatzen duten arrazoiak.

c) Esleipena egiten duen entitatearen erabakiz, zer bitarteko material jarriko dituen esleipena hartu duenaren esku lana egiteko.

d) Esleipen bakoitzean sartutako pertsonen kopurua eta lanbide kategoriak, bai eta langileria gastuetarako erabiliko den zenbateko osoa ere.

e) Esleipenaren xedea eta betebehar ekonomikoak, barne hartuta ezarritako tarifak edo prezioak.

f) Aurrekontuaren eta prezioen aldaketak eta berrikuspenak, bai eta esleipenaren amaierako likidazioa ere.

g) Azpikontratazioak, egin badira, adierazita horretarako erabilitako prozedura, pertsona edo entitate adjudikazio-hartzailea eta adjudikazioaren zenbatekoa.

h) Baliabide berekiak kontrol enteen alde egindako jardueraren portzentajea adieraziko da, ekitaldi bakoitzeko.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, lankidetza-hitzarmenetan gardentasuna antolatuko da, funtsean, Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez sortutakoa, alegia. Administrazioak sinatutako hitzarmen eta akordioen publizitaterako, gardentasunerako eta kontrolerako tresna izanen da.

4. Nolanahi ere, Nafarroako Hitzarmenen eta Itunen Erregistroaren gaineko erregulazioak bermatu beharko du herritarrek dohainik kontsultatu ahal izatea, bai bertaratuz bai telematikoki, Erregistroan inskribatutako hitzarmen eta itunen zerrenda, baita haietan egindako aldaketak ere, eta, horretaz gain, horietako bakoitzari buruzko datu hauek:

a) Hitzarmenaren edo itunaren alderdi sinatzaileak, horien ordezkariak eta ordezkaritza horren izaera.

b) Hitzarmenaren edo itunaren helburua, adierazita konprometitutako jarduerak, horien ardura duten organoak eta hitzartutako betebehar ekonomikoak, halakorik bada.

c) Indarraldia eta indarrean izateko baldintzak.

d) Halakorik egin bada, hitzarmena edo ituna argitaratzeko tokia.

e) Hitzarmenak edo itunak indarrean zirenean izandako aldaketek zer xede zuten, eta aldaketa horien datak.

5. Programa-kontratuen kasuan argitaratuko dira, halaber, helburuen betetzeari buruzko ebaluazioen aldizkako txostenak.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta harekin lotuta dauden edo haren menpeko diren erakunde eta entitate publikoen esparruan, publizitatea eman beharko zaie gizarte edo osasun zerbitzuak besteren bitartekoekin emateko izenpetzen diren itunei edo hitzarmenei.

7. 3. artikuluan aipatzen diren entitateek informazioa argitaratuko dute foru lege honen aplikazio esparru subjektiboan aipatzen diren entitate eta erakundeekin izenpetutako hitzarmenei buruz.

26. artikulua. Dirulaguntzen arloko jarduerari buruzko informazioa.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek gardentasuna bermatuko dute diru-laguntzekin lotutako jardueran, eta, horretarako, honako informazio hau argitaratuko dute, sustapen jarduerak egiten dituen organo bakoitzeko:

a) Aurrekontu-ekitaldian aurreikusirik dituen laguntzen edo diru-laguntzen deialdien zerrenda eguneratua, adieraziz zer zenbateko erabiliko diren, helburua edo xedea eta onuradun izan daitezkeenen deskribapena.

b) Laguntzen edo diru-laguntzen deialdiaren testu osoa.

c) Emandako laguntza edo diru-laguntza horiek, jakinarazi edo argitaratu eta ondoko hilabetean, adierazita onuradunen zerrenda, arau batek edo deialdiak hala aurreikusten badu, laguntzen zenbatekoa eta dagokien araudiaren identifikazioa. Halaber, urtero, aurreko ekitaldian emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratuko da.

d) Publizitatea eta lehia sustatu gabe emandako diru-laguntzak, salbu Administrazio Publikoak erreserbatutzat deklaratutako espedienteen kasuan.

e) Publizitatea emanen zaio, halaber, diru-laguntzaren kudeaketa, justifikazio eta kontu emateko prozedurari, alderdi hauei dagokienez: betetzeko epea, ordainketa aurreratuak edo kontura egindakoak, justifikatutako zenbatekoa, ordaindutako kopuruak, itzulketei buruzko ebazpenak eta ezarritako zehapenak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak informazio hau emanen du argitara, sustapen jarduerak egiten dituen organo bakoitzeko:

a) Ondokoak jasoko dituen zerrenda bat: diru-laguntza bakoitza aplikatuz lortu nahi diren helburuak eta onura publikoko edo sozialeko eraginak, horiek erdiesteko egokitzat edo beharrezkotzat jotzen den epea, aurreikusitako guztirako kostuak eta finantzatzeko beste iturririk dagoen edo ez.

b) Diru-laguntzen bidez lortu nahi diren helburuak merkatuan eraginik baldin badute, arrazoiturik azalduko da, batetik, diru-laguntza horiek zer neurritan dauden bideraturik hutsak zuzentzera (hutsak identifikatuko dira) eta, bestetik, arrazoituko da haren eraginek zer neurritan ekarriko duten ahalik eta distortsio txikiena merkatuan.

3. Lege batek kontrakoa xedatu ezean, ez dira argitara emanen laguntzen, diru-laguntzen, prestazio sozialen, onura fiskalen edo bestelakoen onuradunak diren pertsona fisikoen datu pertsonalak, laguntza horien xedea kolektibo zehatz batzuen edo gizarte bazterketan gelditzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea denean, edo laguntzak hezkuntza, etxebizitza edo beste edozein xede sozialetarako direnean, onuradunaren gaitasun ekonomiko txikiagoa dela eta, edo justifikatutako beste arrazoi batzuengatik.

27. artikulua. Ondareari buruzko informazioa eta informazio estatistikoa.

1. Foru lege honen 2. artikuluan jasotako subjektuek, Administrazio Publikoaren izaera dutenek, beren jabetzako higiezinen zerrenda argitaratu beharko dute, bai beste batzuena ere, baldin eta haien gainean eskubide errealen bat badute, honakoak adierazita, gutxienez: bakoitzaren kokapena, azalera, ezaugarri nagusiak, izena, katastroko erreferentzia, hura atxikia duen unitatea edo departamentua, eta erabilera, salbu eta, pertsonak babesteko arrazoi justifikatuak direla eta, komeni bada ez argitaratzea.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoa galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honakoak argitaratu beharko ditu:

a) Jabari publikoko ondasunen zerrenda.

b) Bere titulartasuneko ondasun higiezinen zerrenda, bai eta beste batzuena ere, baldin eta horien gainean eskubide errealen bat badu, zehaztuta bere organo edo zerbitzuetako bulegoek okupatuta dauden; horrekin batera, hirugarrenei edozein tituluren bidez lagatakoen zerrenda, lagapenaren onuraduna den pertsona edo entitatea, baldin badago, eta lagapenaren xedea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak errentan hartuta dituen ondasun higiezinen zerrenda, adierazita horien erabilera edo zerbitzu publikoa.

d) Administrazio publikoen baimena, kontrola edo fiskalizazioa eskatzen duten egintza edo eginkizunak gauzatzea ahalbidetzen duten baimen administratiboak, lizentziak, erantzukizuneko aitorpenak eta bestelako egintza administratiboak, baldin eta zuzeneko eragina badute jabari publikoaren kudeaketan edo zerbitzu publikoak ematean, edo garrantzi berezia badute beste arrazoi batzuengatik.

e) Bere titulartasuneko ibilgailu ofizialen zerrenda, bai eta errentan hartuta dituenena ere, erabilera eta xedea adierazita.

f) Telefono mugikor korporatiboen zerrenda.

g) Herritarrek erabiltzen edo eskuratzen dituzten zerbitzu publikoei buruzko estatistikak, bereziki hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloan, eta batez ere, egindako kontsultei, kexei eta iradokizunei buruzkoak, erregelamenduz ezarritako moduan.

h) Tributu arloko estatistikak, lurralde, populazio eta ekonomiako parametroekin, eta sexuen arabera, datuen izaera erreserbatua kontuan hartuta, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105. artikuluan aurreikusitakoa.

i) Nafarroako Estatistika Planean sartutako eragiketa estatistikoak.

j) Etxe partikularretan instalatuta dauden Interneteko konexioko lineen, telefono finkoko lineen edo bestelako komunikazio-dispositiboen zerrenda.

28. artikulua. Lurraldearen antolamenduaren, hirigintzaren, ingurumenaren eta etxebizitzaren arloko informazioa.

1. Lurralde antolamenduko eta udalen hirigintza planeamenduko tresnak argitara emanen dira, gutxienez alderdi hauei buruzko informazioa emanez:

a) Udalerri bakoitzeko egitura orokorra.

b) Lurzoruaren sailkapena eta kalifikazioa.

c) Lurzorurako aurreikusitako antolamendua, behar den xehetasun mailarekin.

d) Herri bakoitzean planteatutako azpiegiturak.

e) Hirigintzako araudia.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumenak betetzen ari direla, honakoak ere argitaratuko dituzte:

a) Ingurumen baimen integratuak eta ingurumen lizentziak, emandako txosten juridikoak eta teknikoak barne.

b) Administrazio Publikoak berak egindako informazio geografikoa, ekonomikoa eta estatistikoa, hura zabaltzea garrantzitsua denean, adieraziz zein diren erabilitako iturriak, ohar metodologikoak eta ereduak.

c) Indarreko araudiarekin bat argitara eman beharreko ingurumeneko informazioa.

29. artikulua. Publizitatearen xede diren beste eduki batzuk.

Aurreko artikuluetan adierazitako publizitate aktiboko betebeharrez gain, herritarrentzat interesgarritzat jotzen den beste edozein informazio ere argitara emanen da, eta, bereziki, eskuratzeko eskaera gehien jasotzen duena.

III. TITULUA. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

I. KAPITULUA. Arau orokorrak

30. artikulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

1. Edozein pertsona fisiko edo juridikok, publikoa nahiz pribatua izan, eskubidea du informazio publikoa eskuratzeko, dela norberaren izenean eta banaka, dela herritarrak bildu edo ordezkatzen dituzten erakunde legez eratutakoen izenean, aurrez eskatuta eta foru lege honetan finkatzen diren mugekin.

2. Eskubide hori erabiltzeko, ez da beharrezkoa izanen eskaeran arrazoiak ematea edo foru lege hau aipatzea, ez eta inolako interesik frogatzea ere.

3. Administrazio publikoek behar diren antolaketa neurriak hartu behar dituzte, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea betetzen dela bermatzeko, titulu honetan ezarritakoari jarraikiz.

31. artikulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen mugak.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea mugatu edo ukatuko da, bakarrik, informazioa ematearen ondorioz kalteren bat sortzen baldin bazaio honako hauetako bati:

a) Segurtasun publikoari.

b) Erabakiak hartzeko prozesuetan eskatzen den konfidentzialtasunaren edo sekretuaren bermea.

c) Arauen urratze penal, administratibo edo diziplinazkoen prebentzioa, ikerketa edo zehapena.

d) Aldeek prozesu judizialetan izan beharreko berdintasuna, eta babes judizial eraginkorra.

e) Zaintza, ikuskapen eta kontrol lan administratiboei.

f) Interes ekonomiko eta merkataritzakoak, zilegi direnak, foru lege honi jarraikiz hitzarmenei, kontratuei eta bestelako egintza administratiboei publizitatea ematea galarazi gabe.

g) Sekretu profesionala eta jabetza intelektuala eta industriala.

h) Ingurumenaren babesa.

i) Lege mailako arauek erreserbatutzat deklaratutako edo babestutako informazioa.

2. Mugen aplikazioa proportzionala izanen da, xedea eta babesteko asmoa kontuan hartuta. Nolanahi ere, era murriztailean eta justifikatuan interpretatu beharko dira, eta aplikazioak kasu zehatzaren inguruabarrak hartuko ditu kontuan, bereziki informazioa zabaltzea justifikatzen duen goragoko interes publiko bat egotea.

3. Administrazio Publikoak ezin izanen ditu muga horiek alegatu herritarrari galarazteko harengan modu pertsonalean, partikularrean eta zuzenekoan eragina izan dezaketen agiriak eta informazioa eskuratzea, are gutxiago eragin hori herritarraren eskubide eta interes legitimoen gainekoa bada.

4. Informazioa eskuratzeko eskubidearen mugak aplikatuko dira, bakarrik, legeek ezarritako aldirako edo neurri hori justifikatzen duen arrazoiak dirauen bitartean.

5. Artikulu hau aplikatuz ematen diren ebazpenak argitara emanen dira, jasotzen dituzten datu pertsonalak behin kenduta eta interesdunei jakinarazi ondoren; nolanahi ere, informazioa badela edo ez adierazte hutsak eskuratzeko mugaren bat urratzea dakarrenean, inguruabar hori ere adierazi beharko da eskaera ezesten denean.

6. Artikulu honetan finkatutako mugak aplikatzen ahalko dira, orobat, foru lege honen II. tituluan aurreikusita dauden hedatzeko betebeharrei dagokienez.

32. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Eskatutako informazioan identifikazio hutseko datuak jasotzen direnean, foru lege honen aplikazioaren menpe dauden administrazio, instituzio, entitate edo pertsona fisiko edo juridikoen antolaketarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotutakoak, organo eskudunak aukera emanen du informazioa eskuratzeko.

2. Eskatutako informazioa pertsona juridikoei buruzkoa denean, informazioa eman eginen da bertan zuzendaritza, administrazio eta kontrol organoetako ordezkariak, administratzaileak edo kideak diren pertsona fisikoen izen-deiturak eta harremanetarako helbideak egonda ere.

3. Eskatutako informazioa pertsona fisikoei buruzkoa denean eta datuak ez badaude bereziki babestuta, organoak jakinarazten ahalko dio informazioa eskatzaileari baldin eta eskaera aztertzean iruditzen bazaio honakoa lehenestekoa dela:

–Identifikaziorako edo harremanetarako datuak besterik ez direla, eta horiek jakinaraziz ukitutakoen interesei ez zaiela kalte nabarmenik egiten irizten zaionean.

–Eskatzaileak bere eskaera justifikatzen duenean zuzeneko interes legitimo baten titularra den aldetik, edo herritar gisa duenaz beste eskubide subjektibo baten izenean.

–Eskatzaileak ikerlaria izatea eta eskuratzeko adierazteko arrazoiak helburu historikoak, zientifikoak edo estatistikoak izatea.

–Ukituentzako kaltea txikiagoa izatea, agiriaren edo informazioaren datatik hasita hamar urte iragan direlako.

4. Aitzitik, eskaera ezesten ahalko du zuzenean ukitutakoen eskubideen berme handiagoa lehenetsi behar dela iritzita, agirian bildutako datuek haien intimitateari edo segurtasunari eragiten ahal diotenean, edo adingabeenak direnean.

5. Eskatutako informazioan datu bereziki babestuak jasota daudenean, ukitutakoaren baimen berariazkoa beharko da, non ukitutakoak berak ez baditu datu horiek modu agerikoan publiko egin eskuratzea eskatu aurretik, edo eskuratzea lege mailako arau batek babesten ez dituen.

6. Gainerakoan, datu pertsonalen babesari buruzko araudia hartuko da kontuan.

33. artikulua. Informazio partziala eskuratzea.

1. Eskatutako informazioak eskuratzeko eskubiderako mugetako bat baldin badu, muga horrek ukitzen ez duen informazioa modu partzialean eskuratzea onartuko da.

2. Informazioa modu partzialean eskuratzea onartzen denean, bermatu beharko da mugatutako informazioaren erreserba, eta erreserba horren ohartarazpena egiten dela eta jasota gelditzen dela.

II. KAPITULUA. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura

34. artikulua. Informazio publikoa eskatzea.

1. Informazio publikoaren eskaerak informazioa zer administrazioren edo entitateren esku dagoen, horri zuzendu zaizkio.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen kasuan, unitate organikoak eskaeren berri emanen dio gardentasunaren arloan eskumena duen unitate administratiboari.

Foru lege honen 2. artikuluan aipatzen diren administrazio publikoek, instituzio publikoek eta entitateek eskaerak aurkezten laguntzeko bitarteko elektronikoak sustatuko dituzte.

2. Eskaera egiteko, edozein bide erabiltzen ahalko da, baliabide elektronikoak barne, honako hauek jasotzeko aukera ematen badute:

a) Eskatzailearen nortasuna, hura frogatzea beharrezkoa izan gabe.

b) Eskatzen den informazio zehatza, baina ez da nahitaezkoa dokumentu edo espediente jakin bat identifikatzea.

c) Eskatutako informazioa eskuratzeko nahiago den modua edo formatua.

d) Harremanetarako helbide erabilgarri bat, eskaera dela-eta egiten diren komunikazioak bidaltzeko.

3. Eskatzaileak informazioa eskatzeko arrazoiak azal ditzake, hala nahi badu. Dena dela, ez dago inola ere arrazoiak eskatzerik.

4. Edozein dela ere eskaera egiteko erabiltzen den bitartekoa, informazio publikoaren ardura duten unitateek eta informazio bulegoek, bai eta eskaera aurkeztu edo zuzentzen den organo edo entitateak ere, behar den laguntza emanen dute informazioa eskuratzeko eskubidea baliatzea errazteko, kolektibo batzuen behar bereziak kontuan hartuta.

5. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitatean ofizialak diren hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkezten ahalko dira.

6. Eskaria ahoz egiten denean, dela unitate erantzuleen aurrean agertuz, dela informazio-bulegoetan edo telefono bidezko komunikazioaren bitartez, hura formatu elektronikoan jasoko da, eta aurreko apartatuan aipatutako xehetasunak jaso beharko dira. Horri buruzko ziurtagiri bat emanen zaio eskatzaileari.

35. artikulua. Eskaera zehaztugabeak.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaera zehaztugabea, orokorra edo lausoa baldin bada, edo zaila baldin bada hura ulertzea edo informazioa aurkitzea, eskatzaileari eskatuko zaio zehaztu dezala, eta horretarako, hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez. Bitartean, ebazteko gehieneko epea eten eginen da. Zuzendu ezean, eskatzaileak atzera egin duela joko da. Helburu horretarako, laguntza emanen zaio bere informazio eskaera ahalik eta azkarren zehaztu dezan.

2. Eskatzailea atzera egintzat jotzeko eta eskaera artxibatzeko deklarazioa ebazpen bidez eginen da, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, beste eskaera bat aurkezteko aukera izan dezan, baina nahi duen informazioa edo eskaera zehaztuta.

36. artikulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskaeretarako prozedura ebazteko eskumena duten organoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan, prozedura ebazteko eskumena kasuan kasuko informazioa duten unitateetako nagusi hierarkikoek izanen dute, baina, betiere, ebazteko eskumenak esleituak izan beharko dituzte, egitura organikoak arautzen dituzten arauekin bat.

2. Erakunde publikoetan lehendakariak edo zuzendari kudeatzaileak izanen dira eskudunak.

3. Foru sektore publikoko partzuergoetan, fundazioetan eta enpresa publikoetan haien estatutuetako arauek edo jarduneko araubideak ezartzen duten organoak izanen dira eskudunak. Halakorik ezean, erabakitzeko eginkizunak esleituak dituen organo gorena izanen da eskuduna. Dena dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berarentzat gorde dezake ebazteko ahalmena, baldin eta informazio publikoa eskuratzeko eskaera jasotzen duena hauetako bat bada: sozietate edo fundazio publiko bat, hari lotutako zuzenbide publikoko entitate bat, eginkizun publikoak edo ahalmen administratiboak betetzen dituen norbait edota haren agintepean zerbitzu publikoak ematen dituen norbait. Horrelako kasuetan, zehaztuko du zein diren departamentu bakoitzean horrelako eskaerak ebazteko eskumena duten organoak.

4. Toki entitateek, Nafarroako Kontseiluak, Kontuen Ganberak, Nafarroako Arartekoak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, zeinek bere autonomiaren esparruan, informazio publikoaren eskaerak ebazteko eskumena duen organoa zein den ezarriko dute.

37. artikulua. Eskaerak ez onartzeko arrazoiak.

Honelako eskaerak ez dira tramitera onartuko, ebazpen arrazoituaren bidez:

a) Informazioa eskuratzeko eskubidetik legez salbuetsita dagoen informazioari buruzkoak.

b) Eskaera zuzendu zaion entitateak ez daukan informazioa emateko eskaerak, eta eskuduna ezezaguna denean.

c) Kontsulta juridikoei erantzuteko eskaerak, edo txostenak edo irizpenak egiteko eskaerak.

d) Gehiegizkoak direla irizten zaionean, agerikoa bada arrazoigabeak edo errepikakorrak direla edo eskubidearen neurrigabeko abusua dakartela.

e) Prestatze faseko dokumentazioa, lantzen ari den materiala edo bukatu gabe dauden dokumentu edo datuak, administrazio espedientearen parte ez direnak, eskuratzeko eskaerak. Bukatu gabe dauden datutzat jotzen dira Administrazio Publikoaren barrenean oraindik lantzen ari diren datuak, haiei buruz inolako irizpen, txosten edo onespenik eman ez denean. Arrazoi horregatik ezesten baldin bada eskaera, ebazteko eskumena duen organoak ezespenean aditzera emanen du zein unitate ari den prestatzen material hori, eta eskatzaileari adieraziko dio noizko aurreikusten den bukatzea lanketa hori.

f) Izaera lagungarria edo sostengukoa duen informazioari buruzkoak, hala nola hauetan jasotakoa: oharretan, zirriborroetan, iritzietan, barneko erabilerako laburpenetan edo barne komunikazioetan, garrantzi edo interes publikorik gabeak. Ez dira izaera lagungarri edo sostengukotzat hartuko txosten juridikoak, teknikoak, ekonomikoak edo bestelakoak, espedientearen parte badira edo ebazpenekin edo beste egintza administratibo batzuekin lotura badute.

g) Zabaldu aurretik berregin behar den informazio bati dagozkionak. Informazioa eskura ez jartzea justifikatzen duen berregitetzat ez da hartuko erabilera arrunteko tratamendu informatizatuaren bidez lor daitekeen informazioa, ez eta zenbait agiri desberdinetan sakabanatutako informazioa biltzeko egintza ere.

38. artikulua. Eskaerak deribatzea.

1. Informazioa eskuratzeko eskaera informazio hori ez duen entitate edo organo administratibo bati zuzentzen zaionean, horrek deribatu beharko du informazioa duen entitate edo organora, ezagutzen badu, edo kasuan kasuko informazio publikoaren ardura duen bulegora, hamar egun naturaleko epean, eta eskatzaileari jakinarazi beharko dio zer organotara deribatu den eskaera eta harekin harremanetan jartzeko datuak zein diren.

2. Informazio eskaera administrazio bati zuzendu, eta entitate edo organo administratibo eskuduna ez bada administrazio horretakoa edo haren menpekoa, horren berri eman beharko zaio eskatzaileari, bide elektronikotik ahal bada, eta adierazi zer administraziori bidali zaion eskaera informazio publikoa eskuratzeko eskubideaz baliatzeko.

3. Informazioa eskuratzeko eskaerari erantzun partziala emateko eskumena duen entitate edo organo bati zuzendu bazaio eskaera, zati horri dagokionez erantzun beharko du entitate edo organo horrek. Bere eskumenekoa ez den informazioari dagokionez, berriz, aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera jokatuko du.

39. artikulua. Hirugarrenek esku hartzea.

1. Informazio eskaerak baiesteak berarekin dakarrenean datu pertsonalak jakinaraztea, bereziki babestuta daudenak, edo hirugarrenen interesak kaltetzeko aukera dagoenean, ebazpena eman behar duen organoak hamabost eguneko epea emanen die ukituei informazioa eskuratzeko berariazko baimena adieraz dezaten edo egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten.

2. Ukituari eskaera bidaltzearekin batera ebazteko epea eten eginen da, harik eta alegazioak jaso arte edo aurkezteko epea iragan arte. Eskatzaileari inguruabar horren berri eman beharko zaio. Hirugarrenak erantzuten ez badu eskatutako epean, ulertuko da ez dagoela ados eskatutako informazioa ematearekin.

3. Organo eskudunak, hirugarrenek berariaz edo ustez adierazitakoa oinarri hartuta, eta foru lege honetan jasotakoari jarraikiz, bidezkotzat jotzen duen ebazpena emanen du, interes publiko orokorrarekin bat.

40. artikulua. Entzunaldiaren izapidea.

1. Eskatzaileari entzunaldiaren tramitea emanen zaio eskuratzeko eskubiderako mugetako bat dagoenean edo ukitutako hirugarrenek esku hartu dutenean.

2. Eskatzaileak gehienez hamabost egun ditu, eta gutxienez hamar, egokitzat jotzen dituen agiri eta justifikazioak alegatu eta aurkezteko.

3. Entzunaldiaren tramiteak ebazteko epea etetea eraginen du, alegazioak jaso, aurkezteko epea iragan edo eskatzaileak adierazi arte ez duelako alegaziorik egiteko asmorik, ez eta agiririk edo justifikaziorik aurkeztekorik ere.

41. artikulua. Eskaera ebazteko epeak eta isiltasunaren esanahia.

1. Kasu bakoitzean eskumena duen organoak lehenbailehen eman beharko du eskatutako informazio publikoa, edo, bestela, lehenbailehen jakinaraziko dizkio eskatzaileari informazio hori ukatzeko arrazoiak, beranduenik lege mailako berariazko arauetan ezarritako epeetan, eta, aurreikuspenik izan ezean, epe hauetan:

a) Oro har, Administrazioaren edo ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan eskaera sartu eta hilabeteko epean, gehienez.

b) Epe hori beste hilabetez luzatzen ahalko da, baldin eta, informazioaren bolumena eta konplexutasuna ikusita, ezinezkoa bada lehen adierazitako epean ematea. Kasu horretan, hamar eguneko epean eskatzaileari adierazi beharko zaizkio ebazpena epe horretan ematea justifikatzen duten arrazoiak.

2. Baldin eta ebatzi eta jakinarazteko ezarritako gehieneko epean ez bada berariazko ebazpenik jasotzen, ulertuko da eskaera baietsi egin dela, salbu eta harako informazioari dagokionez zeinaren ukatzea, guztizkoa edo partziala, lege mailako arau batek espresuki ezartzen baitu Nota de Vigencia.

3. Eskaerak isiltasun administratiboaren bidez baiesten direnean, Administrazio Publikoak behartuta egonen dira eskubide osoa edo partziala aitortzen duen berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, foru lege honetan jasotakoaren arabera.

42. artikulua. Ebazpena.

1. Emandako informazioa bat etorriz gero eskatutakoarekin, eta organo eskudunaren iritziz haren edukian ez bada jasotzen hirugarrenen daturik edo hirugarrenen eskubideei edo interesei zuzenean eragiten dienik, eskatzaileak uler dezake informazioa emateko egintza ebazpen administratiboa dela, ebazpena formalizatu beharrik izan gabe. Aurrekoa ez da eragozpena izanen emandako informazioari buruzko zehaztapenak egiteko, eskatzaileak eskaera osatzeko edo hobeki betetzeko eskatzen dituenak, egokia izanez gero.

2. Gainerako kasuetan, ebazpena idatziz formalizatuko da, eta eskatzaileari eta, kasua bada, ukitu den hirugarren pertsonari ere jakinaraziko zaio. Eskaera osorik edo partez baietsiz gero, informazioaren forma edo formatua adieraziko da, eta, bidezkoa denean, baita informazioa eskuratzeko epea eta inguruabarrak ere; eskubidearen eraginkortasuna eta informazioaren osotasuna bermatu beharko dira ahalik eta epe laburrenean.

Ebazpenak baimena ematen badu informazioa ematearen aurka azaldu den hirugarren bat ukitzen duen informazioa osorik edo partez eskuratzeko, informazioa eskuratzen ahalko da, bakar-bakarrik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea halakorik formalizatu gabe bukatu ondoren, edo, errekurtsoa jarriz gero, informazioa jasotzeko eskubidea berretsiz ebatzi ondoren. Informazioa eskuratzeko eskubidearen etendura hori berariaz adieraziko da ebazpenean.

3. Arrazoituak izanen dira informazioa eskuratzea osorik edo partez ukatzen duten ebazpenak, baita hirugarren ukituren batek parte hartu arren informazioa eskuratzea baimentzen dutenak ere, eta, azkenik, informazioa eskatutako forman edo formatuan ez beste batean eskuratzea aurreikusten dutenak.

Informazioa badela edo ez dela aipatze hutsa informazioa eskuratzeko eskubideari ezarritako mugetako bat bada, inguruabar hori adierazi beharko da.

4. Informazioa ukatzeko arrazoia hirugarrenek jabetza intelektualerako edo industrialerako eskubidea edukitzea baldin bada, eskubide horien titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa zein den adierazi beharko da, ezaguna izanez gero, edo, bestela, zeinek laga duen eskatutako informazioa.

5. Informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako ebazpenek bide administratiboa amaitzen dute, eta haien kontrako errekurtsoa jar daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, foru lege honen 45. artikuluan aurreikusitako aukerako erreklamazioa jartzea galarazi gabe.

6. Nolanahi ere, Nafarroako Arartekoak, Kontuen Ganberak eta Nafarroako Kontseiluak emandako ebazpenen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baizik ez da aurkezten ahalko.

7. Eskatutako informazioaren ezaugarriek horretarako bidea ematen badute, ebazpenaren jakinarazpenarekin batera helaraziko da informazioa.

43. artikulua. Informazioaren forma edo formatua.

1. Organo eskudunak eskatu zaion modu edo formatuan eman beharko du informazioa, non eta honako inguruabarren bat gertatzen ez den:

a) Lehenagotik, informazio hori beste forma edo formatu batean zabaldua izatea, eta eskatzaileak hori errazki eskuratzerik badu. Kasu horretan, eskatzaileari adierazi beharko zaio non eta nola eskura dezakeen informazio hori, edo bestela, daukan formatuan helaraziko zaio.

b) Organo eskudunari zentzuzkoa iruditzea informazioa beste forma edo formatu batean jartzea eskatzailearen eskura, eta egoki justifikatzen badu.

Informazioa “in situ” eskuratzeak jatorrizko euskarria galtzea edo hondatzea ekar badezake, kopia formatu jakin batean egitea ezinezkoa denean ez dagoelako ekipamendu teknikorik eskura, edo informazioa eskatutako modalitatean emateak jabetza intelektualerako eskubidea urratu baldin badezake, bidezkoa izanen da informazioa beste modu edo formatu batean ematea eskatzaileari.

Orobat, bidezkoa izanen da eskatzaileari beste forma edo formatu batean ematea informazioa baldin eta errazagoa edo ekonomikoagoa bada altxor publikoarentzat.

2. Ondorio horietarako, ahaleginak eginen dira informazio publikoa telekomunikazio informatikoen edo beste baliabide elektroniko batzuen bidez aise eskuratu eta erreproduzitzeko moduan edo formatuetan gordetzeko, eta, ahal dela, formatu irekietan emanen da.

3. Organo eskudunak ebazten duenean informazioa eskatutako modu edo formatuetan ez ematea, ez osorik ez zati batez, eta beste modu batean egiten badu, eskatzaileari justifikatu beharko dio eskuratzeko eskubidea onartzen den ebazpenean.

44. artikulua. Informazioa in situ eskuratzearen doakotasuna, eta tasa eta prezioak.

1. Zerbitzu hauek doakoak dira:

a) Foru lege honen II. tituluan aipatzen den informazioa eskuratzea, baita bestelakoa ere, kontrakorik xedaturik ez badago.

b) Eskatutako informazioa gordetzen den tokian berean aztertzea.

c) Informazioa posta elektronikoaren bidez edo balio bereko beste sistema elektroniko baten bidez ematea.

2. Artxibo, liburutegi eta museoen kasuan, berariazko legediak xedatutakoari jarraikiko zaio doakotasunari edo ordainketari dagokionez.

3. Kopiak egiteagatik eta informazioa gordetzen duen jatorrizkoaz beste formatu batera eramateagatik diru-kopuru bat ordaintzea eska liteke, baina lan horien kostua gainditu gabe.

Administrazio Publikoak tasak ezartzeko, tasa eta prezio publikoei buruzko araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

4. Desgaitasuna duten eskatzaileek informazio publikoa eskuratzen laguntzeko egin beharreko egokitzapenek edo doikuntzek ez dute inola ere kostu gehigarririk ekarriko haientzat.

5. Informazioa gordetzen duten unitate, organo edo entitateek eskaera bakoitzari dagozkion tasa eta prezioen zerrenda prestatu, argitaratu eta informazio publikoaren eskatzaileen eskura jarriko dute, inolako ordainketarik egin behar ez den kasuak ere zehaztuta.

III. KAPITULUA. Aurkaratze araubidea

45. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari erreklamazioa aurkeztea.

1. Informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako berariazko nahiz presuntziozko ebazpenen kontra erreklamazioa aurkezten ahalko da, aukerakoa, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluan, administrazioarekiko auzien bidean aurkaratu aurretik.

2. Kapitulu honetan aurreikusitako erreklamazioa errekurtso administratiboen ordezkotzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legerian xedatutakoarekin bat.

3. Erreklamazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da aurkaratutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita edozein unetan.

4. Erreklamazioa tramitatzean, indarreko legeriak errekurtsoei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio.

5. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, eta, epe hori iraganik, erreklamazioa ezetsi dela ulertuko da.

6. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak emandako ebazpenak, barnean dituzten datu pertsonalak behin kendu, eta interesdunei jakinarazi ondoren, bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira erregelamenduz ezartzen den moduan.

7. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak emandako egintzak administrazioarekiko auzien bidean aurkaratzen ahal dute horretarako legitimitatea dutenek.

8. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak emandako egintzak lotesleak izanen dira foru lege honen 2. eta 3. artikuluen arabera betebeharra duten subjektuentzat.

IV. TITULUA. Interes taldeak

46. artikulua. Interes taldeak.

Foru lege honen ondorioetarako, interes taldetzat joko dira, edozein estatutu juridiko izanik ere, jarduerak Nafarroan betetzen dituzten erakunde edo pertsonak, profesionalki, jarduera osoan edo zati batean, hauetan aritzen direnak: araugintzako politikak edo arau-xedapenak egiteko prozesuetan eragitea, zuzenean nahiz zeharka, edo horien aplikazioan, edo erabakiak hartzean, norbere interesak, hirugarrenenak edo erakundeenak edo interes orokorrak ere defendatuz; hori, halere ez da eragozpena izanen biltzeko eta informazioa eskuratzeko edo eskariak egiteko banakako eskubideez baliatzeko.

Era berean, interes taldeak dira plataformak, sareak edo jarduera kolektiboko beste modu batzuk, nortasun juridikorik izan gabe ere, eragin-iturri antolatua direnean eta Erregistroaren aplikazio-esparruan sartutako jarduerak betetzen dituztenean.

47. artikulua. Interes taldeen erregistro publikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen eta 5.000 biztanletik gora dituzten toki entitateen eremuan, Interes Taldeen Erregistro Publiko bat sortuko da –eta hartan nahitaez inskribatu beharko dute foru lege honen 46. artikuluan aipatzen diren subjektu, erakunde eta enteek–, haren aurrean betetako jarduera guztien identifikazioa eta kontrola errazteko, erabilitako bidea edo bitartekoa edozein dela ere.

2. Erregistroak publizitatea emanen du interes taldeen jarduketari buruz, bereziki agintariekin, kargudunekin, hautetsiekin edo diputatuekin egindako bilerei buruz eta hizpide izandako gaiei buruzko komunikazioei, txostenei eta bestelako ekarpenei buruz.

3. Erregelamenduz arautuko da erregistroaren sorrera, haren mendekotasun organiko eta funtzionala, bertan inskribatu behar diren pertsonen eta erakundeen sailkapena, aitortzaileei eskatutako informazioa, jokabide kodearen eduki zehatza, salaketak ikertu eta tramitatzeko prozedura eta inskripzioak eteteko eta bertan behera uzteko zehapenak ezartzeko eskudun diren organoak, bai eta funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste gai guztiak ere.

48. artikulua. Erregistroan sartu gabeko pertsonak eta jarduerak.

Erregistrotik kanpo egonen dira aholkularitza juridikoa edo profesionala emateko jarduerak, legearen esparruan edo prozedura administratiboek ukitutako interesen defentsan egindako bateratze edo bitartekaritza jarduerekin lotutakoak, bai eta aholkularitza eginkizunak ere, xede informatiboekin egindakoak ordenamendu juridikoak ezarritako eskubideak edo ekimenak baliatzeko.

49. artikulua. Erregistroaren gutxieneko edukia.

Erregistroan, gutxienez, honakoak sartuko dira:

a) Politika publikoen prestaketan eta aplikazioan eragina izateko xedearekin jarduten duten pertsonen eta erakundeen zerrenda bat, kategorien arabera ordenatua, eta haien egoitzak ere adierazita.

b) Betetzen dituzten jarduerei buruz eman behar duten informazioa, bakoitzaren interes esparrua eta finantzabideak adierazita, bai eta jasotako funts publikoak ere.

c) Guztientzako jokabide kode bat.

d) Kontrol eta fiskalizazio sistema, ez betetze kasuetan salaketarako eta foru lege honetan edo jokabide kodean ezarritakoa betetzeko tresnak ezarri behar dituena.

e) Interes taldeen jarduketari buruzko informazio publikoa, bereziki goi kargudunekin edo parekoekin egindako bilerei buruzkoa eta hizpide izandako gaiei buruzko komunikazioei, txostenei eta bestelako ekarpenei buruzkoa.

50. artikulua. Erregistroan inskribatzeak dakartzan betebeharrak.

1. Interes Taldeen Erregistroan inskribatzeak betebehar hauek dakartza:

a) Emandako informazioa publiko egitea onartzea.

b) Emandako informazioa osatua, zuzena eta fidagarria dela bermatzea.

c) Jokabide kodea betetzea.

d) Kontrol eta fiskalizazio araubidearen aplikazioa eta kasuan kasuko neurriak onartzea, jokabide kodea edo foru lege honetan ezarritakoa betetzen ez bada.

2. Aitortzaileek jakinarazi beharko diete instituzioei zer jarduera betetzen dituzten, zer bezero, pertsona edo erakunderentzat egiten duten lan, eta jasotzen dituzten diru kopuruak, hala bada, eta interes talde bezala betetzen duten jarduera dela-eta dituzten gastuak.

51. artikulua. Jokabide Kodearen gutxieneko edukia.

49. c) artikuluan aipatzen den jokabide kodean honakoak jaso beharko dira gutxienez:

a) Izenpetzen duen aitortzailearen izena eta datuak.

b) Aitortzaileak ordezkatzen duen entitatea edo erakundea, edo zeinentzat egiten duen lan, eta haren bezeroen interesak, helburuak edo xedeak zein diren.

c) Aitortzailearen konpromisoa, informazioa zintzotasunik gabe ez eskuratzekoa edo eskuratzen ez saiatzekoa, eta erabakiak hartzean ez eragitekoa.

d) Aitortzailearen konpromisoa, erregistroan inskribatzean informazio eguneratu gabea eta engainuzkoa ez emateko eta etengabe eguneratuta mantentzeko.

e) Agintariak, kargu publikoak, diputatuak edo funtzionarioak legea edo jokabide kodeak ezarritako portaera arauak haustera inongo modutan ez bultzatzeko konpromisoa.

f) Foru lege honek edo jokabide kodeak ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean hartzen diren neurriak onartu eta betetzeko konpromisoa.

52. artikulua. Ezbetetzeetan aplikatu beharreko neurriak.

1. Foru lege honek edo jokabide kodeak ezarritako betebeharrak ez betetzeak interes taldeen erregistroko inskripzioa aldi batez etetea ekar dezake edo, ez betetzea astuna bada, inskripzioa bertan behera uztea, eta zehapena erregistroan argitaratuko da.

2. Edozein pertsonak du legitimitatea egitate materialetan oinarritutako salaketa bat aurkezteko, susmatzen badu titulu honetan jasotako pertsonek edo erakundeek legeak edo jokabide kodeak ezarritako betebeharrak ez dituela betetzen.

3. Salaketak tramitatzeko eta ikertzeko prozedura Erregistroaren arduradunek beteko dute, eta ukitutakoari entzunaldia ematea bermatu beharko da.

4. Erregistroko inskripzioaren eteteak eta deuseztatzeak berekin dakarte ukitutako pertsonek eta, kasua bada, haiek partaide direneko erakundeek eskuragarri ez izatea erakundeen eta organismo publikoen bulego eta zerbitzuetarako sarbidea, eta zehapena Erregistroan argitaratzea.

53. artikulua. Titulu honen araugarapena.

Erregelamenduz arautuko da Interes Taldeen Erregistroan inskribatu behar diren pertsonen eta erakundeen sailkapena, aitortzaileei eskatuko zaien informazioa, jokabide kodearen eduki zehatza eta salaketak ikertu eta tramitatzeko prozedura.

V. TITULUA. Zehapen araubidea

54. artikulua. Arau orokorrak

1. Foru lege honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik titulu honetan aurreikusitakoaren araberako zehapena ezarriko da, izan litezkeen bestelako erantzukizunak ukatu gabe.

2. Titulu honetan jasotako zehapen araubidea ez da aplikatuko egitateak arau-hauste penala izan daitezkeenean, ez eta, legearekin bat, erantzukizun administratiboko edo izaera jurisdizkionaleko beste araubide bat aplikatzekoa izan daitekeenean, betiere subjektu eta oinarriak berberak badira.

3. Foru lege honetan araututako arau-hausteek eta zehapenek bost, hiru eta urtebetera preskribatuko dute, erantzukizun oso astunak, astunak edo arinak izan, hurrenez hurren, horrek ukatu gabe diziplina izaerako arau-hauste eta zehapenetan aplikatzekoak diren epeak, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

Preskripzio epeak kontatzeko, eta epeak eteteko arrazoiak zein diren jakiteko, administrazio prozedurari buruzko oinarrizko araudian xedatutakoa beteko da.

55. artikulua. Subjektu erantzuleak.

1. Kapitulu honetan tipifikatutako arau-hausteen erantzuleak hauek dira:

a) Foru lege hau aplikatzekoa zaien Administrazioaren eta instituzio eta erakunde publikoen zerbitzuko goi kargudunak eta langileak, arau-haustetzat tipifikatutako egintza edo ez-egitea egozten ahal zaienean, esleiturik dituzten eginkizun eta eskumenekin bat.

b) 3. artikuluan aurreikusitako entitate eta pertsona fisiko eta juridikoak, esleiturik dituzten eginkizun eta eskumenekin bat.

56. artikulua. Diziplina arloko arauhausteak.

2. artikuluan adierazitako entitateen zerbitzuko agintariei, zuzendaritza taldeko kideei eta langileei honako arau-hauste hauek egozten ahalko zaizkie:

1. Arau-hauste oso astunak:

a) Publizitate aktiborako aurreikusitako betebeharrak edo beharrak edo informazio publikoa ematekoak ez betetzea, organo eskudunen errekerimendu espresua bete ez bada lau alditan baino gehiagotan bi urteko epean.

b) Informazio partziala eman, informazio garrantzitsua isilean gorde edo manipulatzea, herritarren iritzia sortzen eragina izateko xedeaz.

c) Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen ukazio arbitrarioa.

d) Informazioa dohainik jasotzen den kasuetan informazioa eskuratzeko aukera kontraprestazio batekin baldintzatzea.

e) Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak informazio publikoa eskuratzearen arloko erreklamazioei buruz emandako ebazpenak lau alditan baino gehiagotan ez betetzea bi urteko epean.

f) Arau-hauste astun bat egitea ebazpen irmo bidez beste zehapen bat jaso ondoren izaera bereko arau-hauste batengatik urtebeteko epean.

2. Arau-hauste astunak:

a) Publizitate aktiborako aurreikusitako betebeharrak edo beharrak edo informazio publikoa ematekoak ez betetzea, organo eskudunen errekerimendu espresua bete ez denean lau alditan baino gehiagotan bi urteko epean.

b) Informazio partziala edo osatugabea ematea herritarrek aztertu beharreko proposamenei buruz, halako moduan non horrek parte-hartze prozesuaren esanahia edo emaitza aldatzen ahal baitu.

c) Herritarren parte-hartze prozesuek, berak aztertu dituenek, izandako emaitzari buruzko informazioa isilean gordetzea.

d) Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak informazioa eskuratzearen arloko erreklamazioei buruz emandako ebazpenak bi alditan baino gehiagotan ez betetzea bi urteko epean.

e) Politika publikoen eta zerbitzu publikoen ebaluazioari buruzko informazioa isilean gordetzea.

f) Informazio publikoa eskuratzeko eskaera epean ebazteko betebeharra ez betetzea bi alditan baino gehiagotan urtebeteko epean, justifikatutako arrazoirik gabe.

g) Informazio publikoa eskuratzeko eskaerek ukitutako hirugarrenei entzunaldia emateko tramitea ez betetzea, hirugarrenik argi identifikaturik badaude.

h) Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak arrazoitu gabe ezestea.

i) Informazioa ulertzea modu agerikoan galarazten edo oztopatzen duten formatu edo baldintzetan ematea, nahita.

j) Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluan aurkezten diren erreklamazioak tramitatzen ez laguntzea.

k) Egiazkotasunaren printzipioak dakartzan betekizunak bete gabe ematea informazioa.

l) Nafarroako Arartekoan aurkezten diren kexak tramitatzen ez laguntzea.

m) Arau-hauste arin bat egitea izaera bereko beste arau-hauste batengatik ebazpen irmo bidez beste zehapen bat jasotzen denetik urtebeteko epean.

3. Arau-hauste arinak:

a) Publizitate aktiborako aurreikusitako betebeharrak ez betetzea arau-hauste astuna edo oso astuna ez denean.

b) Informazio publikoa eskuratzeko eskaera epean ebazteko betebeharra justifikaziorik gabe ez betetzea.

57. artikulua. Beste pertsona eta entitate batzuen arauhausteak.

3. artikuluan aipatzen diren pertsona eta entitateei honako arau-hauste hauek egozten ahal zaizkie:

1. Arau-hauste oso astuna:

a) Publizitate aktiborako aurreikusitako betebeharrak edo beharrak ez betetzea, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren edo administrazio publiko eskudunen errekerimendu espresua bete ez bada lau alditan baino gehiagotan bi urteko epean.

b) Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak egindako errekerimenduaren ondorioz edo Kontseiluak informazioa eskuratzearen arloan emandako ebazpen bat betetzeko erreklamatu zaien informazioa emateko betebeharra ez betetzea lau alditan baino gehiagotan bi urteko epean.

c) Arau-hauste astun bat egitea izaera bereko beste arau-hauste batengatik ebazpen irmo bidez beste zehapen bat jasotzen denetik urtebeteko epean.

2. Arau-hauste astuna:

a) Publizitate aktiborako aurreikusitako betebeharrak edo beharrak ez betetzea, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren edo administrazio publiko eskudunen errekerimendu espresua bete ez bada bi alditan baino gehiagotan bi urteko epean.

b) Egiazkotasunaren printzipioak dakartzan betekizunak bete gabe argitaratzea informazioa.

c) Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak egindako errekerimenduaren ondorioz edo Kontseiluak informazioa eskuratzean arloan emandako ebazpen bat betetzeko erreklamatu zaien informazioa emateko betebeharra ez betetzea bi alditan baino gehiagotan bi urteko epean.

d) Informazio eskaerari ez erantzutea.

e) Foru lege honetan ezarritako erregistro betebeharrak edo foru lege honen 57. artikuluan ezarritako jokabide kodearen gutxieneko edukia osatzen duten konpromisoak ez betetzea modu agerikoan.

3. Arau-hauste arina:

a) Publizitate aktiborako aurreikusitako betebeharrak, aplikatzekoak, ez betetzea arau-hauste astuna edo oso astuna ez denean.

b) Informazioa ematea atzeratzea justifikaziorik gabe.

c) Informazio modu partzialean ematea edo eskatutakoak ez diren baldintzetan.

d) Foru lege honek ezarritako erregistro betebeharrak edo foru lege honen 57. artikuluan ezarritako jokabide kodearen gutxieneko edukia osatzen duten konpromisoak betetzean izandako irregulartasunak.

58. artikulua. Diziplina zehapenak.

Foru lege honen 2. artikuluan aurreikusitako entitateen zerbitzuko langileei egozten ahal zaizkien arau-hausteei aplikatuko zaizkien zehapenak kasu bakoitzean aplikatzekoa den diziplina araubidearen arabera dagozkienak izanen dira.

59. artikulua. Beste entitate eta pertsona batzuei aplikatu beharreko zehapenak.

1. 57. artikuluan aurreikusitako arau-hausteei zehapen hauek aplikatuko zaizkie:

a) Arau-hauste oso astunak egiteagatik:

Lehena.–6.001 eta 12.000 euro arteko isuna.

Bigarrena.–Administrazioarekin kontratatzeko aukera etetea, gehienez ere sei hilabetez.

Hirugarrena.–Laguntza publikoak jasotzeko desgaitzea, urtebetetik bost urtera bitarteko epean.

Laugarrena.–Emandako diru-laguntza osorik edo zati batean itzultzea, edo ezarritako kontratua, ituna edo lotura suntsiaraztea, horiek arautzen dituen egintza edo agiri administratiboan jasotako moduan.

Bosgarrena.–Interes Taldeen Erregistroan egindako inskripzioa deuseztatzea behin betiko.

b) Arau-hauste astunak egiteagatik:

Lehena.–600 eta 6.000 euro arteko isuna.

Bigarrena.–Laguntza publikoak jasotzeko desgaitzea, gehienez ere urtebetez.

Hirugarrena.–Interes Taldeen Erregistroko inskripzioa etetea, gehienez ere urtebetez.

Laugarrena.–Emandako diru-laguntza osorik edo zati batean itzultzea, edo ezarritako kontratua, ituna edo lotura suntsiaraztea, horiek arautzen dituen egintza edo agiri administratiboan jasotako moduan.

c) Arau-hauste arinak egiteagatik, ohartarazpena edo 200 eta 599 euro arteko isuna.

2. Zehapenaren norainokoa zehazteko aplikatu beharreko irizpideak araubide juridikoaren eta administrazio prozeduraren gaineko legerian ezarritakoak dira. Baloratzen da, halaber, interes publikorako kalterik ote dagoen, jokabidearen ondorioak herritarrengan eta eragindako kalte ekonomikoak edo ondarekoak, baldin badaude.

60. artikulua. Prozedura.

1. Titulu honetan ezarritako zehapenak ezartzeko, zehapen prozeduran aurreikusitako xedapenak aplikatuko dira edo, Administrazioaren eta beste entitate batzuen zerbitzuko langileei egozten ahal zaizkien arau-hausteen kasuan, funtzionarioen, estatutupekoen edo lan-kontratudunen diziplina araubidea, kasu bakoitzean aplikatzekoa dena.

2. Prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunaren erabakiaren bidez, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuen arrazoibidezko eskaeraren ondorioz edo salaketa baten ondorioz.

3. Edozein herritarrek aurkezten ahalko du salaketa foru lege hau ez-betetzea dela eta, eta eskubidea izanen du erantzun arrazoitua jasotzeko salaketa aurkeztu eta hilabeteko epean. Salaketa eta erantzuna kasuan kasuko web orrian edo atarian argitaratuko dira, datu pertsonalak kendu ondoren.

4. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak eskatuko du espedientea irekitzea, gai honetan arau-hausteak gertatu direla dakienean, titulu honetan aurreikusitako arau-hausteen kalifikazioa izan dezaketenak. Organo eskudunak egintza espresu eta arrazoituaren bidez baizik ez du atzera botatzen ahal prozedura irekitzea, eta Kontseiluari jakinarazi beharko dio.

61. artikulua. Zehatzeko ahalmena.

1. Subjektu arau-hauslea zein administrazio edo entitatetakoa den, horri aplikatu beharreko araudiak ezartzen duen organoari dagokio diziplina zehapenak ezartzeko eskumena, edo, kasua bada, subjektu arau-hausleak zer administrazio edo entitaterekin duen lotura, horri aplikatu beharreko araudiak ezartzen duen organoari.

2. Arau-hausteak Foru Komunitateko Administrazioko eta menpeko erakunde eta entitateetako goi kargudunei eta zuzendaritzako langileei egoztekoak direnean, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, bertan ezartzen baitira zehapen ahalmenaren titular diren organoak.

3. Erantzulea pertsona edo entitate pribatu bat denean, funts publikoen kargura jasotzen dituen laguntzak edo diru-laguntzak edo sektore publikoarekin dituen kontratuak edo hitzarmenak direla-eta informazioa eman beharra duena, diru-laguntza edo laguntza ematen duen edo kontratua edo hitzarmena izenpetua duen departamentuko titularrarena izanen da eskumena.

Diru-laguntza edo laguntza publikoak departamentu batekoak baino gehiagokoak direnean, edo kontratua entitate batzuen artean izenpetzen denean, zenbateko handiena eman duen edo prestazioetan edo prezioan zama handiena bere gain hartzen duen departamentuko titularra izanen da eskuduna.

Informazioa emateko betebeharra dagozkion eginkizun edo ahalmen publikoen ondorioa denean, horiek zein arlotan betetzen diren, arlo horretako departamentuko titularra izanen da eskuduna.

4. Erantzulea pertsona fisiko edo juridiko bat denean, foru lege honetan aurreikusitako betebeharrak benetan betetzeko beharrezkoa den informazioa Administrazioari emateko betebeharra dela eta, informazioa zer departamenturi eman behar dion, departamentu horretako titularrak izanen du eskumena.

62. artikulua. Zehapenen publizitatea.

Foru lege honetan aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunak egiteagatik ezartzen diren zehapenak Gobernu Irekiaren Atarian emanen dira argitara, horrek ukatu gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar diren kasuak.

VI. TITULUA. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua

63. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak, Nafarroako Foru Komunitatean gardentasuna sustatu behar duen organo independente gisa, publizitate aktiboko betebeharrak betetzen direla zainduko du eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatuko.

2. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari atxikita egonen da organikoki; eta, foru lege honek ematen dizkion eginkizunak betetzean, objektibotasunez, profesionaltasunez, ordenamendu juridikoa errespetatuz, autonomiaz eta erabateko independentziaz jardunen du.

64. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizunak.

1. Hauek dira Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizunak:

a) Informazio publikoa eskuratzearen arloan ematen diren berariazko edo presuntziozko ebazpenen kontra aurkezten diren erreklamazioak aztertzea.

b) Lege honetan jasotako betebeharren ez-betetzeen zuzenketa eskatzea, berak hala erabakita edo salaketa edo erreklamazio baten ondorioz.

c) Gardentasunaren arloan legea garatzen duten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruzko aginduzko txostenak ematea.

d) Gardentasun betebeharrak dituzten entitate eta erakundeek horiek noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzea; betebehar horiek hobeki betetzeko gomendioak ere egiten ahalko ditu.

e) Foru lege honetan jasotako betebeharren interpretazio bateraturako irizpideak hartzea.

f) Publizitate aktiboaren eta informazioa eskuratzeko eskubidearen arloan horretarako betebeharra duten entitate eta instituzioek egindako kontsultak ebaztea.

g) Memoria bat egitea urtero, entitateek eta instituzioek gardentasun arloko betebeharrak betetzen dituztela zaintzeko egindako lanari buruzkoa, ondoren Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharko duena. Memoria horretan, Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari dagokion atal berariazkoa ez ezik, jasoko dira, halaber, tramitatutako erreklamazioak eta kontsultak, Kontseiluaren iritziz egokiak zirelako egindako gomendioak edo errekerimenduak, eta, diziplina espedienteak edo zehapen espedienteak irekitzeko eskaera egin bada, horien aipamena ere.

h) Diziplina edo zehapen espedienteak irekitzeko eskatzea V. tituluko aurreikuspenekin bat.

i) Hertsapen-isunak ezartzea, foru lege honen 69. artikuluan ezarri bezala.

j) Prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak sustatzea.

k) Antzeko izaera duten organoekin elkarlanean aritzea berezkoak dituen gaietan.

l) Lege edo erregelamendu mailako arauen bidez emandako gainerako eginkizunak.

65. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren osaera.

1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua lehendakariak eta kide hauek osatuko dute:

a) Nafarroako Parlamentuko lau kide, Nafarroako Parlamentuan dauden taldeen araberako aniztasun irizpidea aintzat hartuta izendatutakoak.

b) Gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat.

c) Nafarroako Toki Entitateen hiru ordezkari, Nafarroako Foru Komunitatean kide gehien dituzten udal elkarte edo federazioek proposatuak.

d) Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat.

e) Kontuen Ganberaren ordezkari bat.

f) Nafarroako Arartekoaren ordezkari bat.

g) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat.

Kasuan kasuko erakunde edo organoari dagokio bere kontseilukidea izendatzeko prozedura, eta horrek, gainera, ordezko bat izendatzen ahalko du, titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako.

2. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria Nafarroako Parlamentuak hautatuko du izen eta gaitasun profesional handiko pertsonen artean, erabateko gehiengoaz, Parlamentuko taldeek proposatutako hautagaitzetatik; Nafarroako Gobernuak izendatuko du foru dekretu bidez, lau urteko epe ez-luzagarrirako.

Haren kargu-uztea gertatuko da berak uko eginda, heriotzaren ondorioz edo epai bidez ezgaitua izan ondoren. Bestalde, Nafarroako Parlamentuak gehiengo osoz hala eskatuta utzi behar du kargua, eginkizunen ez-betetze larriagatik, zereginak betetzeko izendatu ondoren sortutako ezgaitasunagatik, bateraezintasunagatik edo dolozko delitua dela-eta zigorra jasotzeagatik.

Apartatu honetan aipatzen den agintaldia ahituta, une horretan karguan ari denak eginkizunetan jarraituko du izendapen berria egiten den arte.

3. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kideak lau urterako izendatuko ditu Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko buruak proposatuta, kasuan kasuko entitateek edo erakundeek hautatu ondoren.

Haren kargu-uztea gertatuko da berak uko eginda, ordezkariaren eta ordezkatzen duen entitatearen arteko lotura desagertzen denean, heriotzaren ondorioz edo epai bidez ezgaitua izan ondoren, bai eta proposatu dituen entitateak edo erakundeak hala eskatzen duenean ere, haien eginkizunen ez-betetze larriagatik, zereginak betetzeko izendatu ondoren sortutako ezgaitasunagatik, bateraezintasunagatik edo dolozko delitua dela-eta zigorra jasotzeagatik.

Agintaldia ahituta, une horretan karguan ari denak eginkizunetan jarraituko du izendapen berria egiten den arte.

4. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide izateak ez dakar erabateko dedikaziorik, ez eta inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ere. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria izatea bateraezina da Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko legerian aipatzen diren karguetako edozeinekin, bai eta alderdi politiko bateko kide izatearekin ere, hautaketaren aurreko 4 urteak aintzat harturik.

66. artikulua. Kontseiluko lehendakariaren eginkizunak.

1. Honakoak dira lehendakariaren eginkizunak:

a) Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren ordezkaria izatea eta harremana izatea Kontseilura jotzen duten herritarrekin eta antzeko izaera duten autonomia erkidegoetako edo estatuko organoetako titularrekin.

b) Lege honetan jasotako betebeharrak betetzen direla zaintzea, atzemandako balizko ez-betetzeen berri ematea organo eskudunari, eta, kasua bada, diziplina edo zehapen espedienteak irekitzeko eskatzea V. tituluan aurreikusitakoarekin bat.

c) Kontseiluaren bilkuretako gai zerrenda eta deialdia egitea, eta bertan buru eta moderatzaile lanak betetzea, kalitatezko botoarekin.

d) Nafarroako Parlamentuari aurkeztean foru lege honetan aurreikusitako memoria.

e) Gai hauetan lan egitea antzeko izaera duten organoekin, estatukoak edo autonomia erkidegokoak izan.

f) Karguari dagozkion gainerako eginkizun guztiak betetzea.

2. Kontseiluko lehendakariaren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean edo legezko beste arrazoi bat dagoenean, kontseiluko lehendakariaren ordez Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide zaharrena arituko da, lege honen 65.4 artikuluan ezarritako bateraezintasun araubidea betetzen badu.

67. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.

1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua organo horrek onetsi beharreko erregelamenduak zuzenduko ditu. Erregelamendu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

2. Gardentasun-eginkizunak eta informazio publikoa eskuratzekoak betetzeko, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren laguntza juridikoa, teknikoa eta administratiboa izanen du, bai eta beharrezkoak diren harengandiko bitarteko pertsonalak nahiz materialak ere.

68. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluarekiko lankidetza.

Nafarroako Administrazio publikoek eta lege honen 2.1 artikuluan, 2.2 artikuluko b) eta c) letretan eta 3. artikuluan aipatzen diren gainerako erakunde eta entitateek eman beharko diote Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari eskatzen dien informazioa eta haren eginkizunak betetzeko behar den laguntza guztia.

69. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren egintzak eta ebazpenak betetzea.

1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren Informazioa eta dokumentazioa eskatzeko egintzak eta emandako ebazpenak lotesleak izanen dira foru lege honen 2. eta 3. artikuluen arabera betebeharra duten administrazio publiko, entitate eta pertsonentzat, salbu eta haren menpe ez dauden Nafarroako Foru Komunitateko instituzio publikoentzat.

2. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak bere egintzak edo ebazpenak benetan betetzen direla zainduko du. Horretarako, egintzan edo ebazpenean xedatzen ahal du nork bete behar duen, betetzeko zer neurri behar diren, eta, hala badagokio, betetzeak eragindako gorabeherak ebatzi.

3. Aldeek behar diren betetze neurriak proposatzen ahal dizkiote Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari egintzak eta ebazpenak benetan betetzen direla bermatzeko.

4. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak, jakinez gero bere eskumenen esparruan emandako egintza edo ebazpen bat ustez ez dela betetzen ari, ofizioz edo aldeetako batek eskatuta eskatzen ahal die agintariei, entitateei, enplegatu publikoei edo partikularrei, dagokienei, hura bete dezatela ezartzen zaien epean eta horren berri eman dezatela.

Ezarritako epea iraganik eta Kontseiluak ikusten badu egintza edo ebazpena osotara edo zati batean ez dela bete, neurri hauetako edozein hartzen ahalko du:

a) 500 eurotik 5.000 eurora bitarteko hertsapen-isuna ezarri Kontseiluaren egintzak edo ebazpenak betetzen ez dituzten administrazio, entitate, agintari, enplegatu publiko edo partikularrei; isun hori hamar egunetik behin errepikatzen ahal da agindutakoa osorik bete arte.

b) Erantzuleen jarrera, ez betetzearena, argitara eman web orrian, urteko txostenean eta hedabideetan, eta Nafarroako Parlamentuari jakinaraztea, jokabide horren berri izan dezan.

5. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak edozein administrazio edo botere publikoren laguntza eskatzen ahal du, bere ebazpenak eraginkorrak izatea bermatzeko, eta horiek lehentasunez eta lehenbailehen emanen diote laguntza hori.

Xedapen Gehigarria

Lehen .–Foru lege hau Nafarroako Parlamentuari aplikatzea.

1. Foru lege honetako gardentasun-printzipioak Nafarroako Parlamentuari aplikatuko zaizkio haren Erregelamenduaren bidez eta gainerako garapen- eta aplikazio-arauen bidez.

2. Nafarroako Parlamentuak gardentasun-gaietan emandako ebazpenek agortu egiten dute bide administratiboa, eta ezin izanen zaie hautazko errekurtsorik jarri Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren aurrean. Haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa besterik ezin izanen da aurkeztu.

Bigarren .–Gardentasuna eta Gobernu Irekia ezartzeko Departamentuarteko Batzordea.

1. Nafarroako Gobernuak Gardentasunerako eta Gobernu Irekirako Departamentuarteko Batzordea sortuko du, zeregin hauetaz arduratzeko unitate gisa: oro har, foru lege honetatik sortzen diren neurrien ezarpena bultzatu eta koordinatzea, haien ezarpen maila baloratzea, eta, kasua bada, behar diren neurri zuzentzaileak sustatzea foru lege honetan jasotako xedapen guztiak guztiz eraginkorrak izan eta bete daitezela lortzeko.

2. Jarraipen Batzordeko burua gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuko titularra izanen da, eta horrez gainera, kide hauek ere izanen dira batzordean: Lehendakaritzaren eta Gobernu Irekiaren, teknologia berrien, administrazio elektronikoaren eta herritarren arretaren arloetan eskumenak dituzten zuzendaritza nagusietako titularrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu-arlo bakoitzetik ordezkari bat bederen, gutxienez zuzendari nagusi izanen direnak.

3. Batzordeak, urtero, txosten bat prestatu eta argitaratuko du foru lege honen aplikazio mailari buruz, eta, lau urtean behin, haren aplikazioaren gaineko ebaluazio bateratua eginen du, eraginkorragoa izateko hobekuntzak proposatuz.

4. Era berean, aldian behin, informazio publikoa emateko jasotako eskakizunei buruzko informazio estatistikoa prestatu eta argitaratuko du, baita foru lege honen aplikazioan eskuratutako eskarmentuari buruzko informazioa ere, betiere informazio publikoaren eskatzaileen konfidentzialtasuna bermatuko duela.

5. Batzordeak, bere eginkizunetan jarduteko, horretarako izendatuko den batzorde tekniko baten laguntza izanen du.

Hirugarren .–Publizitate aktiboaren betebeharrak betetzeko epea.

1. Hirugarren xedapen gehigarri honen 2. atalean xedatutakoa ukatu gabe, I. tituluaren aplikazio esparruan sartutako entitateek behar diren neurriak hartuko dituzte foru lege honetan publizitate aktiborako aurreikusitako betebehar berriek eragindako informazioa eskura egon dadin egoitza elektronikoan edo web orrian urtebeteko gehieneko epean, foru lege honek indarra hartzen duen egunetik aurrera.

2. Toki entitateek bi urte izanen dituzte gehienez ere foru lege honetan jasotako betebeharretara egokitzeko, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak ezarritakoez harago doazen heinean.

Laugarren .–Interes taldeen erregistro publikoa sortzea.

Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean Interes Taldeen Erregistro Publikoa sortuko da, IV. tituluan aipatzen dena.

Bosgarren .–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzako sentsibilizazio eta prestakuntza neurriak.

Gobernuak, foru lege hau abian jartzean, gardentasunaren arloko prestakuntza plan bat onetsiko du, Nafarroako Administrazio publikoetako funtzionario eta langileei zuzendua, eta, horrekin batera, informazio kanpaina bat eginen du herritarrei eta gardentasun betebeharrek ukitutako entitate pribatuei begira.

Seigarren .–Gardentasunaren ebaluazio orokorra.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik bi urteko epea iraganik, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren bidez, aplikazioaren ebaluazioari buruzko txosten bat eginen du eta Nafarroako Parlamentura igorriko.

Zazpigarren .–Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen erregulazio bereziak.

1. Foru lege hau aplikatzekoa izanen da, oro har, 2. artikuluan aurreikusitako Administrazio publikoen, instituzio publikoen eta entitateen informazio publikoa eskuratzearekin zerikusia duen jarduera guztian.

Ingurumenari, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari, artxiboei eta dokumentu historikoei eta diru-laguntzei buruzko informazioa eskuratzea foru lege honetan xedatutakoak zuzenduko du, salbu eta lege maila duen araudi bereziak informazio hori eskuratzeko mugak ezartzen baditu, interes publiko zehatz batzuk edo datu pertsonalak babestearren.

Aurrekoa gorabehera, zergen, osasunaren eta poliziaren arloko informazioa eskuratzea araudi berariazkoak zuzenduko du, bai eta beste edozein informazio ere, lege mailako arau batek berariaz deklaratzen duenean informazioak izaera erreserbatua edo konfidentziala duela.

Araudi berariazkoan aurreikusita ez dagoen guztian foru lege hau aplikatuko da osagarri gisa.

2. Kasu guztietan, edozein dela ere aplikatzekoa den araudia, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak eskumena izanen du informazio publikoa eskuratzeko eskubidea betetzen dela zaintzeko eta informazio publikoa eskuratzea osotara edo partzialki baimendu edo ukatzeko egintzen eta ebazpenen kontrako erreklamazioak aztertzeko, salbu eta Nafarroako Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren, Nafarroako Kontseiluaren eta Nafarroako Arartekoaren kasuan.

Zortzigarren .–Generoberdintasuna hizkeran.

Pertsona, lanpostu edo karguei buruz ari denean foru lege honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasuetan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, aipatutako pertsonen edo kargu edo lanpostu horien titularren sexua edozein dela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan ondorio juridikoen ikuspegitik.

Bederatzigarren Xedapen Gehigarria. Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzatik (REACTEU) eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik (NextEU) heldu diren Europako funtsen kudeaketari buruzko gardentasuna eta kontuarrazoiak ematea Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian gune bat irekiko da, informazio-sistema integral bat jasoko duena, eta bertan argitaratuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionalak Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzatik (REACT-EU) eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik (Next-EU) heldu diren Europako funtsen kudeaketari buruz duten informazio guztia. Horretaz gain, gune horretan proiektuen betetzeari eta lortutako emaitzei buruzko kontu-arrazoiak emanen dira.

2. Gune horretan honako informazioa argitaratuko da finantzaturiko edo kofinantzaturiko proiektu bakoitzeko:

- Proiektuaren izena.

- Proiektua betetzearen ardura duen organoa

- Betetzearen hasierako eta amairako datak

- Betetzearekin loturiko mugarriak, aurreikusitako datak eta egiazko betetzearenak adierazita.

- Lortu beharreko helburuak, horietako bakoitzari loturiko adierazlea, espero den balioa eta egungo betetze-maila adierazita.

- Erabilitako kudeaketa-tresnak, honako hauek xehakatuta:

- Onetsitako dirulaguntza-deialdiak, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalak esleitutako kodearen arabera identifikatuta. Hurrengo dirulaguntza-emateak agertuko dira, onuraduna eta zenbatekoa adierazita.

- Formalizaturiko kontratuak, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman duten kodearen arabera identifikatuta. Kontratista eta kontratuaren zenbatekoa identifikatuko dira.

- Dirulaguntzen onuradunek eta kontratistek sinaturiko azpikontrataziorako kontratuak, kontratuaren beste aldea eta kontratu bakoitzaren zenbatekoa adierazita. Kontzeptu honetatik kanpo geratuko da diruz lagundutako edo kontrataturiko jarduera onuradunak edo adjudikaziodunak berak egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

- Proiektuaren aurrekontu-eragina dagokion urte anitzeko ikuspegiarekin, gauzatze-maila adierazita. Aurtengo ekitaldirako loturiko aurrekontu-partiden egoera jasoko da, betetze-fase guztietan.

3. Gune horretan jasoko da, halaber, Foru Komunitateko Administrazioaren organoek proiektuak betetzeko harturiko konpromisoen arabera nahitaezkoa den informazioa, Gardentasunaren Atariaren helburuak betetzeari begira garrantzizkotzat jotzen den bestelako informazioa jasotzea galarazi gabe.

4. Gune honen bidez erraztu beharko da, proiektu horiei dagokienez, Foru Administrazioak eta haren foru-sektore publiko instituzionalak foru lege honen 19. artikulutik 29.era bitartekoetan ezarritako moduan eta baldintzetan argitaratu beharreko informazioa eskuratzeko bidea.

5. Xedapen hau indarrean sartzen denetik, Nafarroako Gobernuak gune honetan sortu eta argitaratuko du dokumentazio interesdun guztia, informazio-sistema integrala gaitzeko epea ezertan galarazi gabe.

6. Proiektuen ardura duten unitateek bermatuko dute argitaraturiko informazioa fidagarria, zuzena, osoa eta eskuragarria dela, eta horretarako datu ireki eta berrerabilgarriko formatuan emanen da.

7. Gune honetan argitaratu beharreko informazioa organo eskudunak prestatu edo onetsi eta gehienez ere hilabeteko epean jasoko da, bidezkoa bada.

8. Nafarroako Gobernuak xedapen honetan aurreikusitakoa bete ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak bermatuko ditu.

Xedapen Iragankor

Bakarra.–Gardentasun betebeharren aplikazioa lehenagoko harreman juridikoetan.

3. artikuluan aipatzen diren subjektuak salbuetsirik egonen dira eta ez dituzte bete beharko foru lege honetan adierazten diren publizitate aktiboko betebeharrak lege honek indarra hartu aurretik amaitutako kontratuei, diru-laguntzei, itunei edo beste edozein motatako erlazio juridikoei dagokienez, horrek ukatu gabe, betiere, foru lege honen III. tituluko II. kapituluan ezarritako betebeharrak informazio publikoa eskuratzeari dagokionez.

Xedapen Indargabetzaile

Bakarra .–Arauak indargabetzea.

Berariaz indargabetzen dira Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen II., III., V., VII., VIII. eta IX. tituluak, bai eta foru lege honetan ezarritakoaren kontrako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

Azken Xedapenetako

Lehenengoa .–Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kideen agintaldia.

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko egungo kideek agintaldia amaitu arte jarraituko dute karguan.

Bigarrena .–Foru lege hau garatzeko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau aplikatu, garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman eta behar diren neurriak har ditzan.

Hirugarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hiru hilabeteko epean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1806687

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web