(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

33E/2018 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 28KOA, GARAPEN EKONOMIKORAKO DEPARTAMENTUKO KONTSEILARIAK EMANA, ERRIBERRIKO ERDI AROKO FESTAK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO INTERES TURISTIKOKO FESTA DEKLARATZEN DITUENA

BON N.º 84 - 03/05/2018



Atariko

Erriberriko Udalak eskaera egin dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari Erriberriko Erdi Aroko Festak Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festa deklara ditzan. Eskaerarekin batera, haien interes turistikoaren berri ematen duen dokumentazioa aurkeztu du.

Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean festa bat interes turistikoko festa deklaratzeko prozesua arautzen da. Foru dekretuan, bestalde, festak berak ere arautzen dira, ikuspuntu turistikotik, eta “Nafarroako Interes Turistikoko Festa” izendapena sortu.

Honakoa hartuko da Nafarroako Interes Turistikoko Festatzat: Nafarroako herri-tradizioan nabarmen errotutako festa, gertakaria edo adierazpena, Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen dena, eta, bertako kulturaren berezko balioak adierazteaz gain, Nafarroako baliabide edo produktu turistiko gisa garrantzi berezia izan eta Nafarroako turismoa aupatzen laguntzen duena.

Aipatutako Erdi Aroko Festek Erriberriko hiriak Karlos III.a errege izan zen garaian izandako distira eta bikaintasuna egun batzuez berreskuratzea dute helburu. Erriberrik, urtero-urtero, iraganera egiten du salto, hiriaren eta Errege Gortearen zenbait gertakari historiko gogorarazteko. Erriberriko Errege Jauregia eta parte zaharreko kaleak dira ospakizunaren bilgune.

Festa hauek 1994an hasi ziren, urte hartan ospatu baitzen Vianako Printze Karlosen eta Borgoinako Ines Cleveskoa printzesaren ezkontzaren 555. urteurrena (1439ko irailaren 30ean ezkondu ziren).

Erdi Aroko Festek ageriko xedea izan dute hasieratik: ezagutzera ematea hiriaren ondare aberatsa, Erriberrirena, eta Nafarroa osoarena. Horretarako, zenbait ekitaldi izan dira baliabide: antzezpen historikoak, hitzaldia, Erdi Aroko dantzak, merkatuak... Bestela esanda, Erriberriko hiria Erdiko Aroko iraganaren bitartez kultur turismoaren helburu bihurtzea bilatzen dute festek.

Espedientean aldeko txostena dago, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak egina. Bertan aditzera ematen da bete egiten direla abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eskatzen diren betebeharrak. Txostenean, bestetik, egindako balorazioa ematen da, festa bat Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festa deklaratzeko 8. artikuluan ezarritako irizpideen araberakoa. Orobat, Nafarroako Turismo Kontseiluak emandako txostena dago, hori ere aldekoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Erriberriko Erdi Aroko Festak Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festa deklaratzea.

2. Haiek Nafarroako Interes Turistikoko Festen erregistroan inskribatzea, UFITNA 20 kodearekin.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ohartaraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen, eta interesdunek, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hura argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galaraziko aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 28an.-Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1804542

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web