(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2018 FORU LEGEA, apirilaren 19koa, zeinaren bidez aldatzen baitira apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

BON N.º 84 - 03/05/2018



HITZAURREA

Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna printzipio juridiko, etiko eta politikoa da, eta hala aitortu izan da giza eskubideei buruzko estatuko, nazioarteko eta Europako zenbait testutan.

Estatuko araudiaren oinarri gisa, aipagarriak dira Espainiako Konstituzioaren 14. eta 9.2 artikuluak, zeinek aldarrikatzen baitituzte, hurrenez hurren, berdintasunerako eskubidea eta sexua dela-eta baztertua ez izatekoa, eta botere publikoen betebeharra, beharrezkoak diren baldintzak sustatzekoa, banakakoaren eta berau sartzen den taldeen berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen. Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 28.4 artikuluan hau ezartzen da: “Informazio- eta komunikabide-teknologien esparruan, oso-osoan edo zati batean diru publikoarekin ordaindutako proiektuetan bermatuko da hizkera eta edukia sexistak ez izatea”.

Nazioartean, nabarmendu behar da Emakumearen aurkako Bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1979an onetsia eta Espainiak 1983an berretsia.

Europar Batasuneko araudiari dagokionez, Europar Batasunaren Itunaren 3.3 artikuluan ezartzen da Batasunak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuko duela, eta berdintasunerako eskubidea aitortzen da, halaber, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 23. artikuluan. Artikulu horietan oinarrituta, Europar Batasunaren arau ugari garatu dira.

Hedabideak, beren eduki, programa edo informazioen bidez, sarritan erortzen dira sexuagatiko bereizkeria-mota desberdinetan, eta bereizkeria horrek iraunarazten laguntzen dio egiturazkoagoa eta unibertsalagoa den gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desorekari. Bereizkeriaren errealitate hori, emakumezkoen irudi estereotipatu, negatibo eta iraingarrien bidez, bereziki agerikoa gertatzen da sexu-zerbitzuen publizitatea egiten duten hedabideetan, publizitate hori egiten delarik prostituten deskribapen fisikoen bitartez, haien aurkezpena egiten duten argazkiak erantsiz eta haiek izendatzeko adjektiboak erabiliz edo antzeko edukiak baliatuz.

2007an, Kongresuak eta Senatuak eratutako Emakumeen Eskubideen eta Aukera Berdintasunaren Batzorde Mistoak txosten bat prestatu zuen prostituzioak estatu-mailan zuen egoerari buruz, eta bertan esaten da prostituzioak oso harreman estua duela emakumeen trafikoarekin eta salerosketarekin, emakumeen eta neskatoen trafikoa eta salerosketa areagotzen ari dela Europako eremuan eta, oro har, mendebaldeko herrialdeetan, eta emakumeen eta neskatoen trafikoa, sexu-esplotaziora eta prostituziora bideratua, negozio oparoa dela mundu-mailan. Halaber, txostenean esaten da prentsak diru-sarrera handiak lortzen dituela prostituzioaren publizitatearen bidez, eta defendatzen du inolako tolerantziarik ez izatea prostituzioarekiko, jotzen baitu gehienetan ez dela borondatez egiten eta zuzeneko lotura duela baliabideak eskuratzeko aukera gutxien duten emakume eta neskatoen esplotazioarekin.

Egoera horren aurrean, botere publikoen ardura da beren eskumenak baliatu eta esku hartzea. Hori dela eta, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aldaketa honen helburua da finantzaketa publikoarekin ez laguntzea sexua dela-eta baztertzailetzat jotzen diren jarduketak hedabideetan sustatzen; zehazki, sexu-zerbitzuen publizitatea egiten dutenetan. Izan ere, horiek, arestian aipatu bezala, oinarrizko eskubideen aurkako erasotzat jotzen dira.

1. artikulua. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen aldaketa.

Apartatu berri bat, hirugarrena, gehitzen zaio Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 19. artikuluari. Hona edukia:

“3. Ez zaie ez Nafarroako administrazio publikoen ez eta sektore publikoko enpresen inongo diru-laguntzarik emanen sexu-harremanetarako kontaktuen iragarkiak edo prostituzio-iragarkiak jasotzen dituzten hedabideei, eta halako jardueratzat hartuko da beste pertsona batzuekin sexu-harremanak diru truke edukitzea”.

2. artikulua. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aldaketa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da, honako eduki honekin:

“3. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteei ezin zaie inola ere aitortu foru lege honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izaera. Era berean, elkarteei ezin izanen zaie onuradun edo entitate laguntzaile izaera aitortu, baldin eta erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertzeagatik, aipatutako lege organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoaren aplikazioz, harik eta kasuko erregistroan inskribatzea ahalbidetzen dien ebazpen judizial irmoa ematen den arte.

Halaber, ezin izanen da diru-laguntzen onuradun izan bere edukien artean sexu-harremanetarako kontaktuen iragarkiak edo prostituzio-iragarkiak jasotzen dituen inongo hedabide, eta halako jardueratzat hartuko da beste pertsona batzuekin sexu-harremanak diru truke edukitzea.”

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko apirilaren 19an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1805281

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web