(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2018 FORU LEGEA, apirilaren 19koa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea aldatzekoa.

BON N.º 84 - 03/05/2018



HITZAURREA

Emakumeen eta adingabeen sexu-esplotaziorako trafikoa giza eskubideen urratze handienetako bat da; halaber, esklabotza modernoaren modu bat eta emakumeen kontrako indarkeriaren alderdi mikatzenetako bat da.

Harekin errotik amaitzeko, ikuspegi orokor batetik begiratu behar zaio, hura muturreko indarkeriatzat joz, zeinak ageriko lotura baitu prostituzioarekin; izan ere, prostituzioa da emakumeen trafikoaren helburu nagusia.

Hori dela eta, prostituzioa delituzko jarduera bat da, emakumeak salerosketan erabiltzen dituena, haien duintasuna urratuz eta giza eskubideak kinka larrian jarriz.

Artikulu bakarra.–Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 3. artikuluaren 2. apartatuaren e) letrari testu berria ematen zaio. Emakumeen kontrako “indarkeriaren definizioa eta motak.

“e) Prostituzioa edo/eta sexu-esplotazioa: Beste pertsona batzuekin sexu-harremanak diru truke edukitzea. Finantza-onurak edo bestelakoak lortzea beste baten prostituzioaren esplotazioaren bidez (horren barnean, ekintza pornografikoak edo material pornografikoak egitea), baita haren adostasunarekin ere”.

Bi. 18. artikulua aldatzea. Hedabideen esparruko neurriak.

“3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek ez dute publizitate instituzionaleko espaziorik txertatuko prostituzio-iragarkiak jasotzen dituzten titulartasun pribatuko hedabideetan eta/edo emakumeen irudiarekin lotutako eduki iraingarriak ateratzen dituzten eta, horrenbestez, emakumeen duintasunaren aurka egin, haiek arinkeriaz tratatu edo haien aurkako indarkeriara bultzatzen duten hedabideetan.

4. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek ez dute onartuko diru-laguntzetarako eskaerarik ez eta zuzeneko diru-laguntzarik ere, horien hartzaile izatekoak diren titulartasun pribatuko hedabideek prostituzio-iragarkiak jaso eta/edo emakumeen irudiarekin lotutako eduki iraingarriak argitaratzen dituztenean eta, horrenbestez, emakumeen duintasunaren aurka egin, haiek arinkeriaz tratatu edo haien aurkako indarkeriara bultzatzen dutenean.”

Azken xedapenetan lehena .–Araugintzarako gaikuntza.

Nafarroako Gobernuak lege-aldaketa honen garapen eta aplikaziorako beharrezkoak diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, aurreikusten dituen ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko apirilaren 19an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1805280

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web