(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

99/2017 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 8KOA, ARAUBIDE BEREZIKO KIROL IKASKETEN BARRENEAN SASKIBALOIKO KIROL TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN.

BON N.º 83 - 02/05/2018



  ERANSKINA


Atariko

1

Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legeak kirolaren antolamendua ezartzen du, eta 55.1 artikuluan zehazten du ezen, Gobernuak, Hezkuntza Ministerioak proposaturik, kirol teknikarien ikasketak arautuko dituela, hezkuntza maila bakoitzak ezarritako betebeharren arabera. Bestetik, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, II. tituluko I. kapituluan (Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak arautzen dira bertan), zehazki, 5. artikuluko h) atalean, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskumena dela kirol teknikarien prestakuntza garatu eta arautzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak kirol ikasketen antolaketa eta haren egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean artikulatzen ditu, zeinean kirol ikasketetako zikloek zeregin garrantzitsua betetzen baitute ikasleek kirol jarduera edo modalitate batean lan egiteko behar duten prestakuntzari begira. Eredu horrek, gainera, ikasleei laguntzen die lan eta kirol munduaren bilakaerari eta herritarren aktibotasunari egokitzen.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala ezartzen du, produkzio sektorearen eskakizunei erantzutera bideratutako prestakuntza ekintzen esparruan. Kirol ikasketen modalitate batzuek lanbide heziketaren kontzeptu orokorrarekin lotzen dituzten ezaugarriak dituzte, baina horrek ez dakar uko egin behar izatea kirol sistemara bideratutako berariazko eskaintza bat izateari, hau da, Gorputz eta Kirol Jardueren lanbide arloak hezkuntza sistemaren lanbide heziketaren barnean sektoreko gainerakoarentzat egiten duen eskaintzatik bereizitako eskaintza bat izateari.

Foru dekretu honen bitartez, Saskibaloiko Kirol Teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuta, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, curriculum honek urriaren 30eko 980/2015 Errege Dekretua garatzen du, Saskibaloiko Kirol Teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak eta ikasketa horietara sartzeko baldintzak finkatzen dituen dekretua, hain zuzen.

Bestalde, abenduaren 28ko 248/1011 Foru Dekretuak (haren bidez araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautu ziren Nafarroako Foru Komunitatean) eredu bat zehaztu zuen araubide bereziko kirol ikasketen curriculuma garatzeko, egokitzeko modukoa kirol modalitate eta espezialitate bakoitzaren ezaugarri eta helburuetara, baita ikasleen ezaugarri eta beharretara ere.

Horregatik, Saskibaloiko Kirol Teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitatera egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan titulu horren curriculuma eratzen duten elementuak jorratzen dira: antolaketa, lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen iraupena, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Ikasketa horiek antolatzeari dagokionez, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluko a) atalean ezartzen denez, erdi mailako kirol ikasketak bi ziklotan banatuko dira: erdi mailako hasiera zikloa eta erdi mailako bukaera zikloa. Hori dela eta, Foru Dekretu horrek ikasketa horien antolaketa eta iraupena ezartzen ditu 3. artikuluan.

3

Titulu horren lanbide erreferenteak, arau honen 4. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako ingurune profesionala, pertsonala eta lanekoa eta kirolekoa. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira.

4

5. artikulua, hari lotuta dauden 2. eta 3. eranskinekin batera -hasiera- eta bukaera-zikloei dagozkienak, hurrenez hurren-, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, moduluen izena eta iraupena daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten moduluen garapena. Modulu guztietan, curriculumak egitura bera du: lehenik, multzo komun bat, kirol ikasketetako modulu komunak barne hartzen dituena (kirol hastapena, kirol teknifikazioa eta goi errendimendua izeneko prozesuei dagozkien lanbide gaitasunei lotutako prestakuntza); bigarren, multzo espezifiko bat, kirol prestakuntza zientifiko eta teknikoko moduluak, espezialitate bakoitzari dagozkionak, barne hartzen dituena; eta, azkenik, prestakuntza praktikoaren multzoa, 6. artikuluan eta 4. eranskinean tratatzen dena. Ziklo bakoitzeko multzo komuna eta espezifikoa gainditu ondoren eginen da prestakuntza praktikoaren multzoa.

5

Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzeko eta aurrera egiteko baldintzei dagokienez, 7. artikuluan arautzen dira Saskibaloiko Kirol Teknikarien ikasketetan sartzeko proba berariazkoak eta eskatzen diren kirol beharkizunak (hori guztia 5. eranskinean garatzen da).

Orobat, 11. artikuluan azaltzen da ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzeko aukera, eta 12. artikuluan eta 6. eta 10. eranskinetan azaltzen dira titulu honen baitan dauden moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, eta baliozkotze eta salbuespenak.

6

13. artikuluan honako hau azaltzen da (7. eranskina du lotua): irakasleek eduki beharreko titulazioa, tituluen baliokidetasunak irakaskuntzaren ondorioetarako, tituluen baliokidetasunak prestakuntza praktikoaren multzoaren segimendua egiteko, baita sartzeko probak egiteko ere, eta ikastetxe publikoetako irakasleen betebeharrak.

7

Azkenik, foru dekretu honek azaltzen dituen azkeneko elementuak hauek dira: espazioak eta ekipamendua eta irakasle/ikasle ratioa. 14. eta 15. artikuluetan eta horiekin loturik dauden 8. eta 9. eranskinetan azaltzen dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 8an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Saskibaloiko Kirol Teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori araubide bereziko kirol ikasketen barrenean kokatzen da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Saskibaloiko Kirol Teknikari titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Saskibaloiko Kirol Teknikaria.

b) Maila: Erdi mailako Kirol Ikasketak.

c) Iraupena: 1.005 ordu.

d) Europako erreferentea: HNSN-3 (hezkuntzaren nazioarteko sailkapen normalizatua).

3. artikulua. Antolakuntza.

Saskibaloiko Kirol Teknikari Titulua eskuratzeko ikasketak bi ziklotan banatzen dira:

a) Saskibaloiko erdi mailako hasiera-zikloa, 430 ordukoa.

b) Saskibaloiko erdi mailako bukaera-zikloa, 575 ordukoa.

4. artikulua. Erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta ingurune profesionala, lan-ingurua eta kirol-ingurua ere.

5. artikulua. Curriculuma.

1. 2 A) eranskinean jasotzen dira saskibaloiko erdi mailako hasiera-zikloko kirol-ikasketen helburu orokorrak. Foru dekretu honen 2 B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

2. Foru dekretu honen 3 A) eranskinean jasotzen dira saskibaloiko erdi mailako bukaera-zikloko kirol-ikasketen helburu orokorrak, eta 3 B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

3. Ikasketa hauek ematen dituzten ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute Saskibaloiko Kirol Teknikarien ikasketetako modulu bakoitzerako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

6. artikulua. Prestakuntza praktikoaren modulua.

1. Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 18. artikuluan azaltzen da prestakuntza praktikoaren modulua nolakoa izanen den.

2. Oro har, behin foru dekretu honen 4. eranskinean ezarritako kirol ikasketako moduluetan ebaluazio positiboa lortuta, egoki diren prestakuntza praktikoaren moduluak garatuko dira.

7. artikulua. Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzea eta aurrera egitea.

1. Foru dekretu honetan arautzen diren araubide bereziko erdi mailako kirol ikasketetan sartzeko beharrezkoa izanen da abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

2. Gainera, Saskibaloiko erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko beharrezkoa izanen da 5. eranskinean ezartzen den berariazko proba gainditzea edo gutxienez denboraldi batez federazio-lehiaketan parte hartu izana frogatzen duen kirol merezimendua entregatzea. Edozein kategoriatan jokatu izanak balio du, haur-kategoriatik absolutura.

3. Hasiera-zikloko RAE-BCBC101 proba espezifikoari zein kirol merezimenduari 105 orduko prestakuntza esleitzen zaie, saskibaloiko erdi mailako hasiera-ziklo osoaren barnean, urriaren 30eko 980/2015 Errege Dekretuaren 20. artikuluko 2. atalean xedatutakoarekin bat.

4. Espainiako Saskibaloi Federazioak emanen dio Errege Dekretu horretan ezarritako kirol merezimendua frogatzeko egiaztagiria eskatzaileari.

8. artikulua. Sarrera proba espezifikoen eraginak eta indarra.

1. Saskibaloiko erdi mailako hasiera-ziklorako ezartzen diren sarrera probak gainditzeak Estatuko lurralde osoan izanen ditu eraginak.

2. 5. eranskinean ezartzen diren proba espezifikoak gainditzeak 18 hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

9. artikulua. Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariak proba espezifikoa gainditzetik salbuestea.

Saskibaloiko erdi mailako hasiera-ziklorako proba espezifikoa gainditzetik edo kirol merezimendua aurkeztetik salbuetsirik egonen dira honako hau frogatzen duten kirolariak:

a) Goi mailako kirolari izatea, Goi Mailako eta Errendimendu Handiko Kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuko baldintzen arabera, saskibaloiko modalitate edo espezialitatean.

b) Autonomia erkidegoek saskibaloiko errendimendu handikotzat edo horren baliokidetzat kalifikatutako kirolari izatea, haien araudiaren arabera.

c) Espainiako Saskibaloi Federazioak aukeratua izana Espainia ordezkatzeko, azken bi urteen barnean, gutxienez ere nazioarteko lehiaketa ofizial batean, kategoria absolutuan, egoki den modalitatean. Lehiaketa ofizialtzat hartzen diren txapelketak: Europako eta Munduko saskibaloi Txapelketak.

10. artikulua. Desgaitasuna frogatzen dutenak sartzeko beharkizunak.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera sartzen ahal dira ziklo hauetara desgaitasuna duten pertsonak, eta administrazio eskudunen betebeharra da arrazoizko egokitzapenak egitea, sarbide horrek ez dezan sortu bidegabeko murrizketarik, aukera berdintasunaren kontra.

11. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

Saskibaloiko Kirol Teknikari tituluak batxilergoko edozein modalitatetara sartzeko aukera ematen du.

12. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ezarriko du errege dekretuan aratuta dauden ikasketetatik zer multzo komun baliozkotzen ahal zaizkien ikasketa edo titulu hauek frogatzen dituztenei:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien lizentziatura, irailaren 24ko 1670/1993 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien unibertsitateko titulu ofiziala eta hura eskuratzeko ikasketa-planetarako jarraibide orokor berariazkoak ezartzen dira.

b) Gorputz Hezkuntzako Diplomatura eta Lizentziatura, apirilaren 24ko 790/1981 Errege Dekretuan arautuak. Dekretu horretan Gorputz Heziketako Institutu Nazionalak eta horietan ematen diren ikasketak ezartzen dira.

c) Gorputz Hezkuntzan espezializatutako Irakaslearen titulua, abuztuaren 30eko 1440/1991 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan irakasle izateko unibertsitateko titulu ofiziala eta haren espezialitateak, eta haiek eskuratzeko ikasketa-planetarako jarraibide orokor berariazkoak ezartzen dira.

d) Gorputz eta Kirol-ekintzak Sustatzeko Goi Mailako Teknikariaren titulua, abenduaren 22ko 2048/1995 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan Gorputz eta Kirol-ekintzak Sustatzeko Goi Mailako Teknikari izateko lanbide-heziketa titulua eta hori eskuratzeko gutxieneko ikasketak ezartzen dira.

e) Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzak Gidatzeko Teknikariaren titulua, abenduaren 22ko 20149/1995 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzak Gidatzeko Teknikaria izateko titulua eta hori eskuratzeko gutxieneko ikasketak ezartzen dira.

f) Urriaren 29ko 1393/2077 Errege dekretuan jasotzen den unibertsitate-ikasketa ofizialen ordenamenduan araututako edozein gradu. Errege dekretu horretan, gaitasun egokiak eskuratzea bermatzen duten unibertsitate-ikasketa ofizialen ordenamendua ezartzen da.

g) Batxilergoko ikasgaiak.

h) Abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako tituluak. Dekretu horretan kirol teknikari tituluak eskuratzeko araubide bereziko ikasketak ezartzen dira, eta tituluetako jarraibide orokorrak eta horiei dagozkien gutxieneko ikasketak onartzen.

2. 6.A) eranskinean ezartzen da zer korrespondentzia dagoen titulu honen parte diren kirol ikasketetako moduluen eta gaitasun unitateen artean, horiek egiaztatzeko.

3. 6.B) eranskinean ezartzen da zer korrespondentzia dagoen titulu honetako kirol ikasketetako moduluen eta gaitasun unitateen artean, horiek baliozkotzeko edo salbuesteko.

4. 10.A) eranskinean ezartzen da zer baliozkotze egiten ahal diren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol ikasketetako moduluen eta Saskibaloiko Kirol teknikari tituluko multzo espezifikoko kirol-ikasketetako moduluen artean.

5. Kirol ikasketetako modulu komunak eta espezifikoak, izen eta kode berberak izanez gero, baliozkotu eginen dira.

6. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol ikasketetako edozein modalitate edo espezialitatetan, 1. edo 2. mailako multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, saskibaloiko ziklo egokiko, hasierakoa zein bukaerakoa, multzo komuneko modulu guztiak baliozkotuko dira. Saskibaloiko Kirol Teknikari tituluko hasiera-zikloan edo bukaera-zikloan multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, dagokien mailako multzo komuneko modulu guztiak baliozkotuko dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluetan.

7. Foru dekretu honetan araututako zikloetako prestakuntza praktikoetako modulua salbuesten ahal da, osorik edo partez, segun zer korrespondentzia duten kiroleko edo laneko esperientziarekin. 10.B) eranskinean zehazten da.

13. artikulua. Irakasleen titulazioak, eta beharkizunak betetzearen frogagiriak.

1. Saskibaloiko Kirol Tituluko hasiera- eta bukaera-zikloetako moduluetan irakasteko eskudantzia duten irakasleen titulazio beharkizunak foru dekretu honen 7. eranskinean jaso dira.

14. artikulua. Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Saskibaloiko Kirol Teknikari tituluko ikasketak emateko baimenduta dauden ikastetxeek izan behar dituzten irakaslekuak eta ekipamenduak foru dekretu honen 8. eranskinean jaso dira.

2. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

15. artikulua. Irakasle/ikasle ratioa.

1. Saskibaloiko erdi mailako hasiera-zikloan eta bukaera-zikloan multzo komuneko moduluak irakasteko, baita multzo espezifikoko moduluen kontzeptu-ikaskuntzaren emaitzekin lotutako edukiak irakasteko ere, irakasle/ikasle ratioa 1/30 izanen da.

2. Saskibaloiko erdi mailako hasiera- eta bukaera-zikloetan multzo espezifikoko moduluen prozedura-ikaskuntzaren emaitzekin lotutako edukiak irakasteko, irakasle/ikasle ratioa foru dekretu honen 9. eranskinean jasotakoa izanen da.

16. artikulua. Ikastetxe publikoetan jarduteko irakasleek izan beharreko tituluak.

Ikastetxe publikoetako irakasleen titulazio beharkizuna irakatsiko duten kirol-ikasketetako multzoaren araberakoa izanen da.

1. Foru Dekretu honetako 7.A eranskinean ezarritakoari jarraikiz, espezialitate horietako irakasle funtzionarioei dagokie Foru Dekretu honetan araututako zikloetako kirol ikasketetako multzo komuneko moduluak irakastea, ikastetxe publikoetan.

2. 7.B eranskinean zehazten da nori dagokion ikastetxe publikoetan Foru Dekretu honetan araututako zikloetako kirol ikasketetako multzo espezifikoko moduluak irakastea, eta honako profil hauei dagokie:

a) Gorputz Hezkuntzan espezializatuta dauden katedradunak edo bigarren hezkuntzako irakasleak diren eta Saskibaloi Modalitateko Goi Mailako Teknikari titulua dutenak.

b) Saskibaloi Modalitateko Goi Mailako Teknikari titulua duten irakasle espezialistak, edo titulurik izan ez arren, lan- edo kirol-munduan edo irakaskuntzan esperientzia frogatzen ahal dutenak. 7.C eranskinean zehazten da.

3. Hezkuntza administrazioek baimentzen ahal dute Saskibaloi Modalitateko Goi Mailako Teknikari titulurik ez duten baina Gorputz Hezkuntzan espezializatuta dauden katedradunek eta bigarren hezkuntzako irakasleek irakasle espezialista bati dagozkion multzo espezifikoak irakastea, baldin eta helburu horretako taxututako edo hezkuntza administrazioek onartutako trebakuntza, edo lan-esperientzia, kirol-esperientzia edo irakaskuntza-esperientzia badute. 7.C eranskinean zehazten da.

17. artikulua. Titulazio beharkizunak ikastetxe pribatuetako irakasleentzat eta hezkuntzaz bestelako administrazioetako titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat.

Foru dekretu honen 7.D eranskinean azaltzen da zer titulu eskatzen zaizkien ikastetxe pribatuetako edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioen ikastetxe publikoetako irakasleei, foru dekretu honetan araututako zikloak osatzen dituzten multzo komuneko zein espezifikoko moduluak irakasteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Tituluaren erreferentzia arautegia.

Foru dekretu honetan jasotzen ez diren alderdietan, urriaren 30eko 980/2015 Errege Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketetan Jauzia, Heziera eta Lehiaketa Osoa Diziplina Hipikoetako Kirol Teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituen martxoaren 11ko 18/2015 Foru Dekretuan ezarritako curriculuma aldatzea, eta Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketetan Erresistentzia, Orientazioa eta Zaldi Turismoa Diziplina Hipikoetako Kirol Teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituen martxoaren 11ko 17/2015 Foru Dekretuan ezarritako curriculuma aldatzea.

1. Kirol-teknikari tituluak arautzen dituzten hainbat errege dekretutako eranskinak (kirol-ikasketa moduluak irakasteko zer titulu eskatzen diren ezartzen da horietan) aldatzeko uztailaren 31ko 737/2015 Errege Dekretuaren arabera, erdi mailako hasiera- eta bukaera-zikloen parte diren kirol-ikasketetako moduluetako irakasleei eskatzen zaizkien titulazio beharkizunak aldatzen dira, ikastetxe pribatuetan edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioen ikastetxe publikoetan.

2. Martxoaren 11ko 18/2015 Foru Dekretuko eta martxoaren 11ko 17/2015 Foru Dekretuko “Irakasleen titulazioak eta beharkizunak betetzearen frogagiriak” izeneko 7. eranskineko D ataleko lerroak, kirol-ikasketen modulu komunekin lotuak: MED-C101. Kirol jokabidearen oinarriak, MED-C102 Lehen laguntzak, MED-C103 Ariketa fisiko egokitua eta minusbaliotasuna, MED-C201 Kirol ikaskuntzaren oinarriak, MED-C205 Kirola eta generoa eta MED-HIHI103 Hipologia. Honela geratu dira modulu horiek:

Multzo komuneko moduluak: hasiera- eta bukaera-zikloetan ematen diren moduluak:

KIROL IRAKASKUNTZAREN MODULU KOMUNAK

TITULAZIOAK

HASIERA-ZIKLOA

MED-C101: Kirol jokabidearen oinarriak

-Gorputz Jardueren eta Kirolaren Zientzietako lizentziaduna edo graduduna.

-Psikologiako lizentziaduna edo graduduna.

-Gorputz Hezkuntzako irakasle espezialista.

-Gradudun titulua, Lehen Hezkuntzako irakasle aritzeko gaitzen duena, Gorputz Hezkuntzako aipamena duela.

MED-C102: Lehen laguntza

-Gorputz Jardueren eta Kirolaren Zientzietako lizentziaduna edo graduduna.

-Medikuntzako lizentziaduna edo graduduna.

-Erizaintzako diplomaduna edo graduduna.

-Fisioterapiako diplomaduna edo graduduna.

MED-C103: Jarduera fisiko egokitua eta desgaitasuna

-Gorputz Jardueren eta Kirolaren Zientzietako lizentziaduna edo graduduna.

-Gorputz Hezkuntzako irakasle espezialista.

-Gradudun titulua, Lehen Hezkuntzako irakasle aritzeko gaitzen duena, Gorputz Hezkuntzako aipamena duela.

BUKAERA-ZIKLOA

MED-C201: Kirol ikaskuntzaren oinarriak

-Gorputz Jardueren eta Kirolaren Zientzietako lizentziaduna edo graduduna.

-Psikologian lizentziaduna edo graduduna.

-Gorputz Hezkuntzako irakasle espezialista.

-Gradudun titulua, Lehen Hezkuntzako irakasle aritzeko gaitzen duena, Gorputz Hezkuntzako aipamena duela.

MED-C205: Generoa eta kirola

-Gorputz Jardueren eta Kirolaren Zientzietako lizentziaduna edo graduduna.

-Gorputz Hezkuntzako irakasle espezialista.

-Gorputz Hezkuntzako irakasle espezialista.

-Gradudun titulua, Lehen Hezkuntzako irakasle aritzeko gaitzen duena, Gorputz Hezkuntzako aipamena duela.

Multzo espezifikoko moduluak: hasiera- eta bukaera-zikloetan ematen diren moduluak.

KIROL IRAKASKUNTZAREN MODULU KOMUNAK

TITULAZIOAK

HASIERA-ZIKLOA

MED-HIHI103: Hipologia

-Hipikako goi mailako kirol-teknikaria.

-Erresistentzia, Orientazioa eta Zaldi Turismoa Diziplina Hipikoetako Teknikari titulua.

-Albaitaritzako lizentziaduna edo graduduna.

Azken xedapenetan bigarrena. Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken xedapenetan hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko azaroaren 8an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

ERANSKINA

ERANSKINA

Saskibaloiko Kirol Teknikaria

Iragarkiaren kodea: F1712964

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web