(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

37/2018 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 13KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ ONESTEN DA SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN AUTOLIKIDAZIORAKO 220 EREDUA ZERGA-KONTSOLIDAZIOAREN ARAUBIDEAREN BIDEZ TRIBUTATZEN DUTEN TALDE FISKALENTZAT, 2017KO URTARRILAREN 1ETIK ABENDUAREN 31RA BITARTEAN HASITAKO ZERGALDIETARAKO, ETA AITORPENAK AURKEZTEKO ARAUAK EMATEN DIRA

BON N.º 79 - 25/04/2018



Atariko

2017ko urtarrilaren 1ean Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeak indarra hartu zuenez, zerga-kontsolidazioaren araubidea, gaur egun, aipatu foru legearen VIII. tituluko VII. kapituluan araututa dago. Araubide honi dagokionez, 26/2016 Foru Legeak dakarren berrikuntza nagusia aipatu araubidea entitateen kapitalean edo funts berekietan dagoen partaidetzaren balio adierazgarrien galeren tratamendu fiskalera egokitzea da, baita finantza-gastuen kengarritasunerako sartutako muga gehigarrira ere.

Aipatu legearen 99.1 artikuluan zehazten da ezen, talde fiskalak, tributazio araubide hori aukeratzen dutenean, zergaren zergaduntzat hartuko direla.

Aipatu foru legearen 99.2 artikuluak xedatzen du talde fiskalaren entitate ordezkariak zerga-kontsolidazioaren araubideak sortutako zerga arloko betebehar materialak eta formalak bete beharko dituela eta talde fiskalaren entitate ordezkaria entitate nagusia izanen dela Espainiako lurraldeko egoiliarra denean, edo talde fiskalak izendatzen duen entitatea, entitate nagusia izateko baldintzak betetzen dituen eta Espainiako lurraldeko egoiliarra den entitaterik ez dagoenean taldean.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan tributuen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzeari eta hobetzeari heltzen die, alde batetik zergapekoek errazago bete ahal izateko zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik, errespetatzeko haien eskubideak eta bermeak, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzeko.

Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpenen aurkezpen telematikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabili ahal izateko aukera Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide telematikoa izan dadila sistema bakarra 220 eredua aurkezteko, foru agindu honen bidez onesten den eredua, hain zuzen ere.

Foru agindu honetan Interneten bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten dira Nafarroako Zerga Ogasunak prestatu duen laguntza programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek eduki beharreko erregistro diseinuak. Aipatutako erregistroen diseinuak Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian zehazten dira, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren arabera bi administrazioei batera ordaindu behar dieten eta Nafarroakoaz besteko tributazio kontsolidatuaren araudia aplikatzen duten talde fiskalek, bestalde, fitxategi bat bide telematikotik igorriz aurkeztu beharko dituzte beren aitorpenak. Zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek eredu bakoitzarentzat zehazturiko erregistro diseinuetara egokituko da fitxategi hori.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako 220 eredua onestea, zergakontsolidazioaren araubidearen bidez tributatzen duten talde fiskalentzat.

1. Sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako 220 eredua onesten da Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan ezartzen den zerga-kontsolidazioaren araubidearen bitartez tributatzen duten talde fiskalentzat, 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako.

2. 220 eredua telematika bidez aurkeztu beharko da nahitaez, 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. artikulua . Aitorpena egiteko betebeharra.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan ezartzen den zerga-kontsolidazioaren araubidearen bitartez tributatzen duten talde fiskalei dagokien autolikidazioa, 220 ereduaren arabera egina, aurkeztuko dute Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27. artikuluari jarraikiz Nafarroako foru araudia aplikatzen duten talde fiskalek.

Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten talde fiskalek 5.3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz aurkeztu beharko dituzte autolikidazioak.

3. artikulua . Sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako 220 eredua aurkezteko modua.

1. Subjektu pasibo guztiek baliabide telematikoak erabiliz aurkeztu behar dute 220 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 5. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 6. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Autolikidaziorako 220 eredua aurkeztu behar du talde fiskalaren entitate ordezkariak, bertan eskatzen diren datuetatik dagozkien guztiak behar bezala beteta.

2. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 26/2016 Foru Legearen 99.3 artikuluan xedatuarekin bat, talde fiskala osatzen duten entitateek egin behar dituzten aitorpen-likidazioak S-90 ereduan aurkeztuko dira. Hura oso-osorik beteko da, banakako tributazio araubidean entitate horiek ordaindu edo jaso beharko lituzketen zenbateko likido teorikoetara ailegatu arte. Bestetik, aitorpen horietan dagoen likidazioa zerga-oinarria negatiboa edo zero baldin bada ere, berdin-berdin bete behar dira, dena dela, S-90 ereduan, hobariei eta kenkariei buruzko datu guztiak.

4. artikulua . Aurkezteko epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.

1. 220 eredua entitate ordezkariaren banakako tributazio-araubideko aitorpenari dagokion epean aurkeztu beharko da.

2. Taldeetako entitate ordezkariak, 220 ereduaren aitorpen-likidazioa aurkeztu behar dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratzen den tributu-zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “741 ordainketa-gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

5. artikulua . Autolikidazioen aurkezpen telematikorako baldintza orokorrak.

1. 220 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak 220 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean ezarritako erregistro diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaindu behar dieten eta Nafarroakoaz besteko tributazio kontsolidatuaren araudia aplikatzen duten talde fiskalei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, subjektu pasiboek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.

b) Aipatu fitxategi informatikoa telematika bidez igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 4.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

6. artikulua . Nafarroako araudiko 220 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko prozedura.

a) Nafarroako araudiko 220 ereduari dagozkion aitorpenak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko Nafarroako Zerga Ogasunak garatutako laguntza-programa erabiliz, honako urrats hauek egin beharko dira:

1. Aitorpena betetzea, laguntza-programa erabiliz.

2. Aitorpena bete ondoren, balidatu egin behar da, aurkeztu aurretik.

3. Aitorpena balidatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2018ko maiatzaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko martxoaren 13an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1803631

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web