(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

5/2018 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 28KOA, NAFARROAKO GOBERNUAK HARTUA, IRIZPIDEAK EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO BIZIGUNEEN IZENAK ERABILTZEKO ETA HAIEK GRAFIKOKI ADIERAZTEKO.

BON N.º 59 - 23/03/2018; corr. err., BON 28/03/2018



Zioen azalpena

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak artikulu horren arabera erabakitzen dituen Foru Komunitateko toponimoak eta lurraldeen, biziguneen eta hiriarteko bideen izenak legezkoak dira, ondorio guztietarako, Nafarroako lurraldean; hortaz, errotulazioa izen haiekin bat etorriko da. Legeak ezartzen du, orobat, Nafarroako Gobernuak arautuko duela errotulazio publikoa, betiere Estatuak bere egin dituen nazioarteko arauak errespetatuz.

Euskarari buruzko Legea aplikatzearen ondorioz, badira izen ofizial soil edo bakarrak, esaterako Castejón, Elizondo, Leitza edo Lodosa, baita izen ofizial bikoitzak ere, esaterako Abaurregaina/Abaurrea Alta, Doneztebe/Santesteban, Pamplona/Iruña edo Puente la Reina/Gares.

Irailaren 12ko 270/1991 Foru Dekretuak arautu zuen nola erabili behar zituzten Foru Komunitateko Administrazioko organoek Nafarroako Gobernuak onetsitako izen ofizialak, eta, urteetan, izen horien erabilerak eta bideetako errotulazio eta seinaleztapenetako zeinu grafikoak bat etorri dira gai horren gainean emandako arauekin.

Institutu Geografiko Nazionalak, Izen Geografikoen Normalizazioari buruzko Nazio Batuen Laugarren Biltzarreko 4. ebazpena betetzeko asmoz, “Nazioartean mapen eta beste argitalpen batzuen editoreek jarraitu beharreko toponimiako jarraibideak” agiria argitaratu zuen 2011n.

Euskarari buruzko Foru Legea eta Institutu Geografiko Nazionalak ezarritako jarraibideak aplikatzeko, ezinbestekoa da irizpideak ezartzea biziguneen izen elebidun ofizialak erabiltzeko eta grafikoki adierazteko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 28an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Nafarroako Administrazio Publikoek Nafarroako izen elebidun ofizialak egoki erabiltzeko irizpideak arautzea eta haiek idazteko zeinu grafikoak definitzea eta egokitzea da foru dekretu honen xedea.

2. artikulua. Biziguneen izen ofizialak.

Izen ofiziala kontuan hartuta, honelakoak izan daitezke Nafarroako biziguneen izenak:

a) Bakarrak, izen ofiziala bakarrik gaztelaniaz edo euskaraz dutenak.

b) Elebidunak, izen ofiziala gaztelaniaz eta euskaraz dutenak.

3. artikulua. Izen ofizialen erabilera.

Biziguneen izen ofizialen araberakoak izanen dira herriguneen errotulazioa, bide seinaleak eta argitalpen ofizialak. Seinaleztapenaren arloan, Estatuak bere hartzen dituen nazioarteko arauekin bat jokatuko da.

4. artikulua. Izen ofizial elebidunak erabiltzeko irizpideak.

Administrazio Publikoek honako irizpide hauen arabera erabiliko dituzte izen elebidun ofizialak:

a) Euskarri bakarra erabiltzen den jarduketa administratiboetan (zigiluak, logotipoak, idazpuruak, bideetako errotulazioa eta antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk), bi izenak erabiliko dira, honako ordena honetan:

Bizigunea eremu euskaldunean badago, lehenik euskarazkoa idatziko da, eta ondoren gaztelaniazkoa, eta bizigunea eremu mistoan edo ez-euskaldunean badago, lehenik gaztelaniazkoa idatziko da, eta ondoren euskarazkoa. Izenak barra baten bidez bereiziko dira (izena / izena).

b) Gaztelaniaz idatzitako jarduketa administratiboetan, bi izen ofizialetatik gaztelaniazkoa erabiliko da; nolanahi ere, jarduketa horietan euskarazko izena ere aipa daiteke hura zabaltzeko xedez.

c) Euskaraz idatzitako jarduketa administratiboetan, bi izen ofizialetatik euskarazkoa erabiliko da; nolanahi ere, jarduketa horietan gaztelaniazko izena ere aipa daiteke.

5. artikulua. Zeinu grafikoen erabilera.

Biziguneen idatzizko adierazpenean, honako zeinu grafikoak erabiliko dira, nazioarteko irizpideak erabiliz:

- Barra (/) erabiliko da izen elebiduna duten biziguneetarako, hau da, izena gaztelaniaz eta euskaraz dutenetarako. Errotulazioan, tarte bat utziko da barraren alde banatan.

- Marratxoa (-) erabiliko da izen elkartuetarako, unitate administratibo bakar bat sortu duten biziguneen elkarketak adierazteko. Errotulazioan, ez da tarterik utziko marratxoaren eskuinaldean eta ezkerraldean.

- Bizigunearen izenarekin batera ingurune geografikoaren izena adierazten bada, lehenik bizigunearen izena idatziko da, eta, eskuineko aldean, inguruneari dagokion izena, marratxorik gabe eta bi osagaien artean tarte bat utzita.

Lehenbiziko xedapen gehigarria. Unitate administratibo guztietarako erreferentziazko erregistroa.

1. Nafarroako Toki Entitateen Erregistroa da erreferentziazkoa Nafarroako toki entitateen izen ofizialei dagokienez.

2. Nafarroako Estatistika Institutuaren Nafarroako Izendegia, oinarrizko lan tresna baita edozein lan estatistiko eta administratibotarako, erreferentzia izanen da Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan jaso gabeko beste populazio entitate batzuetarako. Udalerriek entitateen altak eta bajak proposatzen ahal dituzte izendegirako. Alten izenak ezartzeko eta daudenak aldatzeko, Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko txostena beharko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Arau ortografikoak.

Ortografiari eta azentuazioari dagokienez, Espainiako Errege Akademiak ezarritako arauak hartuko dira kontuan gaztelaniazko izen ofizialetarako, eta Euskaltzaindiak ezarritako arauak euskarazko izen ofizialetarako.

Xedapen iragankor bakarra. Foru dekretu honetan jasotako neurrien aplikazioa.

Foru dekretu honetan ezarritakoa seinaleztapen berrien errotulazioan aplikatuko da, eta jarriak dauden seinaleak egokitu eginen dira kontserbazioa, mantentze-lanak edo berritzeak direla-eta aldian behin haiek ordezten direnean.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, irailaren 12ko 270/1991 Foru Dekretua, hots, arautzen duena Foru Komunitateko Administrazioaren organoek nola erabili Nafarroako Gobernuak Euskarari buruzko Foru Legearen babesean onetsitako izen ofizialak.

Azken xedapenetan lehena. Arau garapena.

Toponimiaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko otsailaren 28an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1802883

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web