(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

25/2018 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 8KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN ZENBATESPEN OBJEKTIBOAREN ARAUBIDEA ETA BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGAREN ARAUBIDE ERRAZTUA GARATZEN DITUENA 2018. URTERAKO

BON N.º 36 - 20/02/2018



  I. ERANSKINA. NEKAZARITZAKO, ABELTZAINTZAKO ETA BASOGINTZAKO JARDUERAK PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN ZENBATESPEN OBJEKTIBOAREN ARAUBIDEKO ZEINU, INDIZE EDO MODULUAK


  II. ERANSKINA. BESTELAKO JARDUERAK


  III. ERANSKINA. JARDUERA GUZTIETAN BERDIN KONTUAN HARTU BEHARREKOAK PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA


Atariko

Zenbatespen objektiboaren araubidea, enpresa txiki eta ertainen eta profesionalen etekinak zehazteari dagokionez, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 36. artikuluan eta haren erregelamenduaren 32. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dago.

Bestalde, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 67. eta 68. artikuluek araubide berezi erraztua arautzen dute, eta zergaren erregelamenduaren 23. artikuluak eta hurrengoek garatzen.

Arau horietan aurreikusita dago zenbatespen objektiboaren araubidea eta araubide berezi erraztua edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezia batera eta koordinaturik aplikatuko direla, eta behar den foru aginduak aipatu koordinazio horrek bere baitan hartu behar dituen jarduerak edo jarduera sektoreak zehaztuko dituela eta aplikatzekoak diren zeinu, indize edo moduluak eta horiek behar bezala konputatzeko beharrezkoak diren jarraibideak finkatuko dituela.

Foru agindu honen egitura otsailaren 13ko 11/2017 Foru Aginduarena bezalatsukoa da, izan ere, haren bidez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua garatu ziren 2017. urterako.

Oro har, 2018rako ezarritako indize eta moduluek ez dute igoerarik izan iazkoen aldean. Dena dela, ikusi da errepideko garraioaren jarduerari dagozkion indizeak eta moduluak (EJZko 722 epigrafea), pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, sektore horrek izandako bilakaera positiboak erakusten duenaren azpitik daudela; horregatik, %10 igo dira indize eta modulu horiek.

Bestetik, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerei dagozkien datu eta etekin ekonomikoez egindako analisia ikusirik, beharrezkotzat jo da aldatzea “Nekazaritza, abetlzaintza eta basozaintzako jarduerak” izeneko I. eranskineko zenbait jardueraren etekin indizeak. Horrela, haragitarako behi-azienda, esnetarako behi-azienda, ugalketarako behi-azienda eta behi-azienda ustiatzeko jarduerak eta melokotoiaren nekazaritza jarduera taldez aldatu dira, eta horien etekin indizea murriztu da.

I. eranskinean beste aldaketa bat sartu da. 3.3 atalean, errentan hartutako lurretako laboreen indize zuzentzaileari buruzkoan, muga kuantitatibo bat ezarri da, indize hau aplikatzeak dakarren etekinaren gutxitzea izan ez dadin errentan hartutako lurrak erabiltzeagatik ordaintzen den urteko errenta baino handiagoa. Herri-ondasunen aprobetxamenduen kasuan, toki entitateei ordaindutako zenbatekoei atxikipenik egin beharrik ez dagoenez, ordaindutako zenbatekoei buruz informatzeko betebeharra ezarri da.

Lau xedapen gehigarri erantsi dira. Lehendabizikoan, langileen kontratazioa sustatzeko asmoz, baina betiere zerga kostu handiagoak sortu gabe, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubideari dagokionez ezarri da ezen 2018. urtean “soldatako langileak” moduluan 2017ko moduluarekin alderatuta igoerarik izan bada, bi moduluen arteko alde positibo horri zero koefizientea aplikatuko zaiola.

Bigarrenean xedatu da jarduera 2018an hasi eta etekin garbia pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean zehazten duten subjektu pasiboek %60ko murrizketa izanen dutela etekin horretan jarduera hasi duten zergaldian, eta %30 hurrengoan. %70eko murrizketa izanen da bi zergaldietan, baldin eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten subjektu pasibo desgaituak badira.

Hirugarrenean, %5eko murrizketa jasotzen da 2017. urterako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean etekin garbiaren kalkuluari aplikatzeko, otsailaren 13ko 11/2017 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan jasotako jarduera ekonomiko guztietan.

Azkenik, laugarrenean, zailtasun ekonomiko bereziak jasaten ari diren zenbait nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren indizeak aldatzen dira 2017. urterako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubideari dagokionez.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Zenbatespen objektiboaren araubidean eta araubide berezi erraztuan batera sarturiko jarduerak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua ondorengo jarduerei edo jarduera sektoreei aplikatuko zaizkie:

Vínculo a objeto

2. Jarduera bakoitzean zein eragiketa ekonomiko sartzen diren zehazteko, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arauak hartuko dira aintzat.

Halaber, jarduera bakoitzean sartutzat hartuko dira espresuki I. eta II. eranskinetan sartzen diren eragiketa ekonomikoak, betiere jarduera nagusiaren osagarri gisa egiten badira. Jarduera osagarritzat joko dira baldin eta haien guztien diru-sarreren bolumena, 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatua, ez bada jarduera nagusiaren diru-sarreren bolumenaren %40 baino handiagoa.

3. Garraio publikorako txartelen merkaturatze zerbitzua emateak ez du ekarriko subjektu pasiboak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidetik eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztu berezitik salbuestea, betiere zerbitzu emate hori jarduera nagusiaren osagarri gisa egiten bada.

Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua aplikatzearen ondorioetarako, zerbitzu emate hori ez da jarduera bakoitzean sartutzat hartuko, baldin eta II. eranskinean hala adierazita baldin badago berariaz.

2. artikulua . Zenbatespen objektiboaren araubidean sarturiko jarduerak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea aurreko artikuluan aipatutako jarduerei aplikatuko zaie, eta, horiez gainera, nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia edo balio erantsiaren gaineko zergaren baliokidetasun-errekargua aplikatzen zaien jarduera hauei ere bai:

Vínculo a objeto

2. Jarduera bakoitzean zein eragiketa ekonomiko sartzen diren zehazteko, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arauak hartuko dira aintzat.

Halaber, jarduera bakoitzean sartutzat hartuko dira espresuki I. eta II. eranskinetan sartzen diren eragiketa ekonomikoak, betiere jarduera nagusiaren osagarri gisa egiten badira. Jarduera osagarritzat joko dira baldin eta haien guztien diru-sarreren bolumena, 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatua, ez bada jarduera nagusiaren diru-sarreren bolumenaren %40 baino handiagoa.

3. Garraio publikorako txartelen merkaturatze zerbitzua emateak ez du ekarriko subjektu pasiboak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidetik salbuestea, betiere zerbitzu emate hori jarduera nagusiaren jarduera osagarri gisa egiten bada.

3. artikulua . Salbuespenak.

1. Foru agindu honen aurreko bi artikuluetan xedaturikoa salbu, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua ez zaizkie aplikatuko magnitude hauek gainditzen dituzten jarduerei edo jarduera sektoreei:

1. Diru-sarreren bolumenaren araberako magnitudea:

a) 300.000 euro, osotara, honako jarduera hauetan:

- Abeltzaintza independentea.

- Ganadua hazteko, zaintzeko eta gizentzeko zerbitzuak.

- Balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-araubide berezitik kanpo dauden nekazari eta abeltzainek eginiko bestelako lan, zerbitzu eta jarduera osagarri batzuk.

- Balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-araubide berezitik kanpo dauden oihan-jardueraren titularrek eginiko bestelako lan, zerbitzu eta jarduera osagarri batzuk.

- Apartzeria-araubidean gauzatzen diren nekazaritza-jardueretan, lagatzaileari dagozkion aprobetxamenduak.

- Apartzeria-araubidean gauzatzen diren oihan-jardueretan, lagatzaileari dagozkion aprobetxamenduak.

- Produktu natural, begetal edo animalia-produktuen transformazio-, elaborazio- edo manufaktura-prozesuak, baldin eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifetan jarduera industrialei dagokien epigrafeetako batean alta emanda egotera behartuta badaude eta prozesuok egiten dituztenak badira produktu natural horiek zuzenean lortzen diren ustiategien titularrak.

- Nekazaritza- edo abeltzaintza-jarduerak, balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-araubide berezian egon daitezkeenak.

- Oihan-jarduerak, balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-araubide berezian egon daitezkeenak.

b) 150.000 euro, osotara, gainerako jardueretan.

2017. urteari dagokion negozio-zifraren zenbateko garbia hartuko da diru-sarreren bolumentzat. Urte horretan jarduera hasi bazen, negozio-zifraren zenbateko garbia urte osora proiektatuko da.

Zenbatespen objektiboaren araubidea eta araubide berezi erraztua jardueraren lehendabiziko urtean aplikatuko dira, salbu eta 2. edo 3. magnitudeak gainditzen badira jardueraren hasieran, edo araubide horiei uko egiten bazaie.

Negozio-zifraren zenbateko garbia zehazteko, subjektu pasiboaren ohiko jarduerei dagozkien zerbitzu-prestazioen eta produktu-salmenten zenbatekoak kontatuko dira, salmenten gaineko hobariak eta gainerako murriztapenak kenduta, bai eta balio erantsiaren gaineko zergaren eta aipatu negozio-zifrarekin zuzenean loturiko beste zerga batzuen zenbatekoak ere.

Diru-sarreren bolumenaren magnitudea konputatzeko, kontuan hartuko dira, subjektu pasiboak eginiko enpresa jarduerei dagozkien eragiketak ez ezik, ezkontideak, ondorengo ahaideek eta aurreko ahaideek egindakoei dagozkienak ere, bai eta ahaide horietakoren bat partaide duten errentak eratxikitzeko araubideko entitateek egindakoak ere, eta, orobat, subjektu pasiboari Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako moduan lotutako entitateek egindakoak, inguruabar hauek gertatzen badira:

a’) Enpresa jarduera berdinak edo berdintsuak egitea. Horren ondorioetarako, berdinak edo berdintsuak direla ondorioztatuko da ekonomia jardueren gaineko zergan talde berean sailkatu badira.

b’) Jarduera horien zuzendaritza bateratua izatea, giza edo gauza baliabideak partekatuz.

Errentak eratxikitzeko araubidea duten entitateak izanez gero, kontuan hartu behar dira, entitateak berak errentak eratxikitzeko araubidean egindako enpresa jardueretako eragiketez gain, baita haren bazkide, oinordeko, erkide edo partaideek egindakoak ere, eta horien ezkontide, ondorengo eta aurrekoek egindakoak; baita errentak eratxikitzeko araubidea duten beste entitate batzuek eginak ere, aurreko pertsona horietako edozeinek parte hartzen badu.

2. Enplegatuen araberako magnitudea: 3 enplegatu.

Muga hau foru agindu honen 1. eta 2. artikuluetan dauden jardueretako bakoitzean aplikatuko da, salbu eta 1. apartatu honen 1. magnitudeko a) letran eta 3. magnitudean adierazitakoak.

Enplegatuen multzo horretan soldatakoak baizik ez dira sartuko, II.III eranskineko definizio bateratuetan azaltzen den bezala.

Artikulu honetan aipatzen diren enplegatuen kopurua zehaztuko da aurreko urtean jardunean ibilitako aldiari dagokion batez besteko haztatuaren arabera.

Batez besteko haztatua zehaztu ahal izateko, arau hauek baizik ez dira aplikatuko:

- Aurreko urtean jardunean aritutako aldian lan egindako ordu kopurua bakarrik hartuko da kontuan.

- Soldatako langiletzat hartuko da behar den lan hitzarmenean langile bakoitzarentzat ezarritako urteko ordu kopurua edo, horrelakorik izan ezean, urtean 1.800 ordu lan egiten duena. Urteko orduen kopurua txikiagoa edo handiagoa bada, soldatako langileen kopurua aterako da urtean egiazki lan egindako ordu kopuruaren eta lan hitzarmenean finkaturiko ordu kopuruaren arteko proportzioan, eta horrelakorik izan ezean, 1.800.

Jardueran aritzen den lehenengo urtean, jarduera hastean enplegaturik dauden pertsonen kopurua hartuko da kontuan.

3. Ibilgailuen kopuruaren araberako magnitudea: ibilgailu bat aurre-aurreko urteko edozein egunetan.

Muga hau jarduera hauetarako aplikatuko da:

- Hirietako garraio kolektiboa eta bidaiarien errepide bidezko garraioa.

- Autotaxi bidezko garraioa.

- Salgaien errepideko garraioa.

- Aldaira zerbitzuak.

- Mezuen eta mandatuen zerbitzuak.

Jardueran aritzen den lehenengo urtean, jarduera hastean dauden ibilgailuen kopurua hartuko da kontuan.

2. Aurreko 1. apartatuan aurreikusitako diru-sarreren bolumenaren mugaren bat edo magnituderen bat gaindituz gero, subjektu pasiboa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidetik kanpo geldituko da hurrengo urtetik bertatik hasita. Araubide horretatik kanpo gelditzeak zuzeneko zenbatespenaren araubidearen modalitate erraztuaren aplikazio esparruan sartzea ekarriko du, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 28.1 artikuluan aurreikusitako moduan. Era berean, araubide berezi erraztutik kanpo geldituko da balio erantsiaren gaineko zergan, eta bere araudian ezarritakoaren arabera dagokion araubidea aplikatuko zaio.

Aurreko ataleko 1. magnitudeko b) letran ezarritako muga gainditzen ez bada ere, kanpo geldituko da, II. eranskineko jarduerak garatzean, subjektu pasiboaren etekin osoen %75aren baino gehiagoren hartzaileak ezkontidea, ondorengo ahaideak, aurreko ahaideak, horietako edozein partaide duten errentak eratxikitzeko araubideko entitateak edo 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera lotutako entitateak direnean, etekin horiei dagozkien eragiketetan faktura egitera behartuta egonik, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuak onetsia) 2.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez zaie kooperatibetako bazkideei aplikatuko, entitatearekin duten lotura haien kontseilari edo administratzaile izatea denean, edo kooperatibako kontseilariaren edo administratzailearen ezkontideak edo ahaideak direnean, lerro zuzenean edo albotik, hirugarren maila arteko odol edo ezkontza bidezko ahaidetasuna medio.

3. Partez edo osorik Espainiako lurraldetik kanpo egiten diren enpresa-jarduerei ere ez zaie zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatuko.

Horren haritik, honako jarduera hauek Espainia barnean gauzatzen direla ulertuko da: hiri garraio kolektiboa eta errepideko bidaiarien garraioa, autotaxi bidezko garraioa, errepideko salgaien garraioa, etxe-aldairetako zerbitzuak eta mezularitza eta mandataritza zerbitzuak.

4. artikulua . Zeinu, modulu eta indize zuzentzaileak onestea.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzearen ondorioetarako, aurreko artikuluetan jasotako jarduerei edo jarduera sektoreei 2018. urtean dagozkien zeinu, indize eta moduluak onesten dira, baita balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuaren modulu eta indize zuzentzaileak ere.

Aipatu zeinu, indize edo moduluak eta modulu eta indize zuzentzaileak eta horiek aplikatzeko jarraibideak I., II. eta III. eranskinetan daude.

5. artikulua . Uko egiteak eta errebokatzeak.

1. Araubide berezi erraztua eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezia 2018. urtean aplikatzeari uko egiteko epea, baita ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko hori errebokatzekoa ere, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018. urteko martxoaren 31n bukatuko.

Dena dela, Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluko laugarren paragrafoari jarraikiz, uko egin zaiola ulertuko da, orobat, baldin eta araubide orokorra aplikatuz ondorioak sortuko dituen urte naturalaren lehen hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioa epearen barruan aurkezten bada. Jarduera hasia bada, uko egin diola ulertuko da, halaber, jarduera hasi ondoren subjektu pasiboak aurkeztu behar duen lehenbiziko aitorpena aurkezten bada araubide orokorra aplikatuz dagokion epearen barruan.

2. Zenbatespen objektiboaren araubidea 2018. urtean aplikatzeari uko egiteko epea, baita ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko hori errebokatzekoa ere, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018. urteko martxoaren 31n bukatuko. Enpresa-jarduera 2018an hasten duten subjektu pasiboen kasuan, zenbatespen objektiboaren araubideari uko egiten diotela ulertuko da baldin eta jardueraren ekitaldiko lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa zatitua, zenbatespen zuzeneko araubideari jarraituz kalkulatua, erregelamenduz ezarritako epean egiten bada, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 92.hiru artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluko laugarren paragrafoan ezarritakoa kenduta, ukoak eta errebokatzeak tributuen arloan eskumena duen departamentuak horretarako onetsitako F-65 eredua betez eginen dira.

Lehen Xedapen Gehigarria. ”Soldatako langileak” izeneko moduluaren kalkulua 2018. urtean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean etekin garbia zehaztearen ondorioetarako bakar-bakarrik, 2018. urtean “soldatako langileak” moduluan igoerarik izan bada 2017ko moduluarekin alderatuta, alde positibo horri zero koefizientea aplikatuko zaio, eta ez foru agindu honen II. eranskineko III. atalean (“Eranskin honetako zeinu, indize eta moduluak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta balio erantsiaren gaineko zergan aplikatzeko definizio bateratuak” izenekoan) ezarritakoa, hots, 0,6.

“Soldatako langileak” moduluaren gainerako unitateei II. eranskineko III. atalean ezarritako tarteen arabera dagozkien koefizienteak aplikatuko zaizkie.

Bigarren Xedapen Gehigarria. 2018. urtean enpresa jarduera batean hasten diren subjektu pasiboei aplikatu beharreko ohiz kanpoko zerga neurriak.

1. 2018an enpresa-jarduera batean hasten diren subjektu pasiboek, baldin eta etekin garbia kalkulatzen badute (pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako) zenbatespen objektiboaren araubidea erabiliz, eta ez foru agindu honen III. eranskinaren 1. atalean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez ezarritako murrizketa portzentajeak erabiliz, jardueran hasten diren ekitaldian eta hurrengoan %60 eta %30 murriztuko dute, hurrenez hurren, zeinu, indize edo moduluen eta indize zuzentzaileen ondoriozko etekin garbia.

2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten subjektu pasibo desgaituak direnean, %70eko murrizketa eginen da jarduera hasierari dagokion zergaldian eta hurrengoan, aurreko atalean adierazitako kasu eta inguruabar beretan.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Otsailaren 13ko 11/2017 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan jasotzen diren jardueretan etekin garbiaren indizea murriztea 2017. urterako, etekina pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoaren bidez kalkulatzen denean.

Otsailaren 13ko 11/2017 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan jasotzen diren jarduera ekonomiko guztiei, 2017. ekitaldiko etekin garbia pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea erabiliz kalkulatzen baldin badute, %5eko murriztapena eginen zaie etekin horretan.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Otsailaren 13ko 11/2017 Foru Aginduaren bidez nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera jakin batzuetarako onetsitako etekin garbiaren indizeen aldaketa 2017. urterako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean, honako nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera hauetan, otsailaren 13ko 11/2017 Foru Aginduan ezarritako indizeen ordez, 2017an ondotik adierazten diren indizeak aplikatuko dira etekin garbia kalkulatzeko:

Vínculo a objeto

Iruñean, 2018ko otsailaren 8an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

I. ERANSKINA. NEKAZARITZAKO, ABELTZAINTZAKO ETA BASOGINTZAKO JARDUERAK PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN ZENBATESPEN OBJEKTIBOAREN ARAUBIDEKO ZEINU, INDIZE EDO MODULUAK

I. ERANSKINA

Vínculo a objeto

II. ERANSKINA. BESTELAKO JARDUERAK

II. ERANSKINA

Vínculo a objeto

III. ERANSKINA. JARDUERA GUZTIETAN BERDIN KONTUAN HARTU BEHARREKOAK PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

III. ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web