(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2017 FORU LEGEA, abenduaren 27koa, toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa ezartzen dituena 2018. eta 2019. urteetarako.

BON N.º 249 - 30/12/2017



  I. KAPITULUA. Zuzkidura orokorra eta eguneratzea


  II. KAPITULUA. Transferentzia arrunten esleipena


HITZAURREA

Nafarroako toki ogasunek behar adinako baliabideak izanen dituzte legeak korporazioei esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko, eta, funtsean, beren tributu propioez eta Estatukoetan eta autonomia erkidegoetakoetan parte hartuz hornituko dira. Konstituzioaren 142. artikuluan, Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legean eta Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan xedatutakoa betetzen da horrela.

Nafarroak eskumena du toki ogasunei dagokien arloa arautzeko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 46. artikuluaren arabera.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, toki ogasunei buruzko VIII. tituluan xedatzen duenez, 259. artikuluan zehazki, Nafarroako toki entitateek beren eskumenak erabili eta beren esku utzitako helburuak bete ditzaten, toki ogasunei behar adina baliabide emanen zaizkie; baliabide horiek toki ogasunei buruzko foru lege baten bidez arautuko dira, Nafarroaren toki araubideari dagokion gaia baita.

Aurrekoa betetzeko xedez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 260. eta 261. artikuluetan ezartzen da ezen toki ogasunen baliabide-iturriak izanen direla, besteak beste, beren tributuak eta Foru Komunitatearenetan eta Estatuarenetan duten parte-hartzea.

Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak, I. tituluan, toki ogasunen baliabideen gainekoa baita, 123. artikuluan hain zuzen, zehatzago arautzen du zenbateraino har dezaketen parte toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan.

Abenduaren 21eko 21/2016 Foru Legearen bidez ezarri ziren toki ogasunek, 2017ko ekitaldirako, transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa; agindu horretan, urtebeteko indarraldia ezarri zen, Nafarroako toki antolaketa berrirako araudia egiteko fasean gaudelarik, eta toki entitateen finantzabiderako etorkizuneko sistemari buruzko eztabaida puri-purian dugula, beharrezkotzat jotzen zelako epe hori salbuestea, gai horiei buruz aurrerago onetsiko diren legeak ez baldintzatzeko.

Nafarroako toki antolaketa berriaren prestaketa lanak amaitu gabe daudenez, 2018. eta 2019. urteetarako ere komeni da foru lege bat onestea, lehengo baldintza berberak daudela ikusita.

Foru lege honek ezartzen du, lehenengo eta behin, zein den toki entitateek transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuetan Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbateko osoa.

Aurreikusirik dago toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa 2018ko ekitaldian aurrekoan baino handiagoa izanen dela; igoera izanen da Nafarroako Foru Komunitatean kontsumoko prezioen indizeak (KPIa) izandako bilakaera, 2016ko ekainetik 2017ko ekainera kalkulatuta, ehuneko bi gehituta.

Horrez gain, funtsak igoera nabarmena izanen du, berritasun baten bidetik; izan ere, 2018an 5.800.000 euroko ahalegin ekonomikoa eginen da, Nafarroako udalek montepioen finantzaketarako egin beharreko ekarpenetan laguntzeko.

Aurreikusirik dago toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa 2019ko ekitaldian aurreko ekitaldian baino handiagoa izanen dela; igoera izanen da Nafarroako Foru Komunitatean kontsumoko prezioen indizeak (KPIa) izandako bilakaera, 2017ko ekainetik 2018ko ekainera kalkulatuta, ehuneko bi gehituta.

Horrela, jarraipena ematen zaio toki entitateen eskura jartzen diren baliabide ekonomikoak indartzearen ildoari, abenduaren 28ko 24/2015 Foru Legearekin hasitakoari, aurreko urteetan izandako murrizketak konpentsatzeko.

“Transferentzia arruntak” izeneko atalaren zenbatekoaren igoera hau izanen da: aurreko ekitaldiko transferentzia arrunten zenbatekoari aurreko urteko KPIa (ekainetik ekainera bitartekoa) gehi ehuneko bat aplikatuko zaio, eta, horren emaitzari, toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren, aurreko ekitaldikoaren, ehuneko bat gehituko zaio (montepioen finantzaketaren atala kontuan izan gabe).

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 123.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, transferentzia arruntak formula jakin baten bidez banatuko zaizkie udal eta kontzejuei, zuzentasunaren eta proportzionaltasunaren irizpideak kontuan hartuta, eta aipatu printzipio nagusiak gauzatzen dituzten parametroetan oinarriturik.

Ildo horretan, foru lege honek proposamena egiten du transferentzia arrunten funtsaren banaketan ekitate horizontalaren printzipioa aplikatzeko, eta funts hori partitzeko, zuzenean, toki entitate bakoitzaren gastu beharren arabera eta ahalmen fiskalaren alderantzizko proportzioan; horrela bermatzen da gehiago jasoko duela gastu behar handiagoa eta/edo baliabide berekiak eskuratzeko ahalmen txikiagoa duenak.

Banatzeko sistema bi mailatan antolatzen da. Lehendabizi, funtsaren birbanaketa bat ezartzen da udalen artean, Iruñeko Udala barne, haren balizko berezitasuna kontuan hartzen baita Hiriburutza Agiriari dagokion diru-esleipenean; bigarrenik, kontzejuek beren udalari emandako zenbatekoan izan beharreko parte-hartzea finkatzen da, kontzejuko bizilagunen kopuruaren proportzioan.

Lehen mailako banaketa-sistemarako, udalerri bakoitzarentzat bi indize lortu behar dira, bata, gastu beharrena, eta bestea, ahalmen fiskalarena, eta horiek zenbatesteko bideak taxutu dira estatistikako prozeduretan oinarrituta, Nafarroako toki entitateen sektoreko kontabilitateari buruz dagoen informazioari aplikatu ondoren.

Gastu beharren indizea sei aldagai linealki konbinatuz lortzen da; tokiko gastu arruntean eragin handia dute aldagai horiek, eta haietako bakoitza gastua esplikatzeko duen ahalmenaren bidez ponderatzen da. Aldagai horiek zehazturik zeuden Funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2009tik 2012ra bitarteko aurrekontu-ekitaldietarako ezarri zituen azaroaren 20ko 19/2008 Foru Legean, eta hauek dira: entitate bakoitzeko populazioa, hiri lurzoru garbiaren azalera, 65 urte edo gehiagoko biztanleen kopurua, etorkinak, azalera osoa eta barreiatze-indizea (populazioaren kontzentrazio indizearen alderantzizkoa).

Ahalmen fiskalaren ponderazio indizea 0,3491 da, hori baita indize horretan ordezkatuta dauden toki baliabide ekonomikoen baturak egiten duen portzentajea finantzatu beharreko gastu arrunt guztiekiko. Baliabide horiek honakoak dira: hiri-lurreko eta landa-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioak, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta herri-lurren aprobetxamenduagatiko sarrerak. Horrenbestez, lurren gaineko egungo kontribuzioak dakartzan sarreren ponderazioak funtsaren banaketa sisteman duen eragina kontuan hartuta, foru legean aurreikusita dago udalek jaso beharreko zenbatekoak murriztuko direla, baldin eta 2019ko ekitaldian eguneratu gabe badituzte beraien udalerrietan aplikatzekoak diren balio katastralak, edo balio horiek berrikusteko legez ezarritako prozedura formalki hasi gabe badute.

Banaketaren bigarren mailak, berriz, kontzejuen parte-hartzea ezartzen du, udalerriari esleitutako zuzkiduran oinarrituta. Partaidetza hori kalkulatzeko, udalerriari esleitutakoa 100eko 30ez eta udalerriko populazio osoarekiko kontzejuak duen biztanleen proportzioaz biderkatzen da. Parametro hori da kontzejuei dagokien gastuaren batez besteko proportzioa, gaur egungo eskumenen banaketa kontuan izanik.

Proposatutako banaketa formulak berme sistema bat ezartzen du, udal eta kontzeju guztiek jaso dezaten KPIa adinako zenbatekoa edo handiagoa gehi ehuneko bat.

Horren helburua da udal batzuek aurreko ekitaldietan igoera modu linealean aplikatzearen ondorioz izandako sarrera jaitsiera zuzentzea, neurri batean behintzat.

Era berean, aurreko ekitaldietan bezala, “Beste laguntza batzuk” izeneko atalean kontzeptu hauek sartu dira:

Abenduaren 2ko 16/1997 Foru Legean xedatutakoaz baliatuz, Iruñeko Udalari “Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiria” izeneko kontzeptuan dagokion zuzkidura.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko behar den diru-esleipena, hau da, toki entitateek beren interesak defendatu eta sustatzeko eratzen dituzten federazio edo elkarteentzako diru-laguntzei buruzkoa.

Nafarroako udalentzako konpentsazioa, hautetsiei dedikazioagatik egindako ordainketak direla-eta eman beharrekoa, foru lege honen 7. artikuluan aurreikusi bezala banatuko da.

Kontzeptu horien igoera kasuan kasuko ekitaldiko KPIa gehi ehuneko batekoa izanen da.

Azkenik, arestian esan denez, kontzeptu berri bat sartu da “Beste laguntza batzuk” izeneko atalean, “Montepioen finantzaketa” delakoa, udalei udal montepioek urtean dakarten kostu garbi osoaren zati bat finantzatzeko xedez.

I. KAPITULUA. Zuzkidura orokorra eta eguneratzea

1. artikulua. Xedea eta indarraldia.

Foru lege honek toki ogasunek transferentzia arrunten bidez eta beste laguntza batzuen bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa arautzen ditu 2018ko eta 2019ko ekitaldietarako.

2. artikulua. Funtsaren zuzkidura 2018ko ekitaldirako.

2018ko ekitaldi ekonomikorako, toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan, transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuetan, parte hartzeko duten funtsaren zuzkidura 219.381.613 eurokoa izanen da hasieran, eta kopuru hori Nafarroako Aurrekontu Orokorretan agertuko da.

3. artikulua. Funtsaren banaketa.

Toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa, 2018ko ekitaldirako, honela banatuko da hasiera batean:

1. Transferentzia arruntak: 182.792.759 euro.

2. Beste laguntza batzuk:

a) Montepioen finantzaketa: 5.800.000 euro.

b) Iruñeko Udalari, “Hiriburutza agiria” delakoagatik: 24.663.169 euro.

c) Nafarroako udalei, korporazioko kideei ordainketak egiteko: 5.713.897 euro.

d) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari: 411.788 euro.

4. artikulua. Aurrekontuko dirua.

1. Nafarroako 2018ko eta 2019ko ekitaldietako aurrekontu orokorretan agertuko da zenbatekoa den toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoko tributuetan parte hartzeko duten funtsa.

2. 2019an “Transferentzia arruntak” izeneko atalerako funtsak izan beharreko zenbatekoa hau izanen da: Nafarroako Foru Komunitatean 2017ko ekainetik 2018ko ekainera bitarte izandako KPIa gehi ehuneko bat aplikatuko zaio aurreko ekitaldiko transferentzia arrunten zenbatekoari, eta, horren emaitzari gehituko zaio toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren, 2018ko ekitaldikoaren, ehuneko bat (montepioen finantzaketaren atala kontuan izan gabe).

3. 2019an “Beste laguntza batzuk” izeneko atalerako funtsak izan beharreko zenbatekoa, montepioen finantzaketaren atala kenduta, hau izanen da: 2018rako kontzeptu horretan finkatutakoa, eta horri gehituta Nafarroako Foru Komunitatean 2017ko ekainetik 2018ko ekainera bitarte izandako KPIa gehi ehuneko bat.

4. 2019an montepioen defizita finantzatzeko atalerako funtsak izan beharreko zenbatekoa honakoek osatuko dute:

a) Montepio Orokorraren Finantzaketaren zenbatekoa, udalen artean banatzen dena populazioaz beste irizpide batzuen arabera: zenbateko bat ezarriko da, kontzeptu honetan udalen artean banatu beharreko defizitari soldata-masaren ehuneko hogeita hamabi adinako zenbatekoa kentzearen emaitza izanen dena (soldata-masa hori defizita finantzatzen den ekitaldian montepioen araubidearen menpe dauden jarduneko funtzionarioei dagokiena da, mendeko langileak nahiz administrariak izan).

b) Iruñeko, Tafallako eta Tuterako udaletako montepioetako klase pasiboen urteko kostu garbi orokorra finantzatzeko portzentajeak berdinak direla bermatzeko helburua duen finantzaketaren zenbatekoa.

II. KAPITULUA. Transferentzia arrunten esleipena

5. artikulua. Udalerrientzako banaketa formula.

2018ko eta 2019ko ekitaldietarako, udalerrientzako banaketa formula prozedura honen bidez lortzen da:

a) Lehen fasean, gastu premien indizea lortuko da gastu premia adierazten duten sei aldagaien konbinazio linealaren bidez, haietako bakoitzak gastu hori azaltzeko duen ahalmenaren arabera ponderaturik. Honakoak dira aldagai horiek: entitate bakoitzeko populazioa, hiri lurzoru garbiaren azalera, 65 urte edo gehiagoko biztanleen kopurua, etorkinak, azalera osoa eta populazio indizearen alderantzizkoa.

b) Bigarren fasean, udalerrien ahalmen fiskala eta ondarekoa adierazten duten bost aldagaien konbinazio linealaren bidez lortuko da ahalmen fiskalaren indizea, aldagai haietako bakoitzaren eskubide likidatuek bost sarrera motetako eskubide likidatu guztiekiko duten garrantziaren arabera ponderaturik. Honako aldagai hauek erabiliko dira: lurreko ondasunen gaineko oinarri fiskalak, jarduera ekonomikoen gaineko zergarenak, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergarenak eta herri-lurren katastro-balioa.

c) Azkenik, gastu premien indizeari kentzen zaio 0,3491 faktoreak ponderatutako ahalmen fiskalaren indizea, eta formula hau aterako da:

FTC = 0,9231 × PPOB + 0,1278 × PMA65 + 0,3355 × PURB + 0,1341 × PPINM + 0,0083 PINVDISP + 0,0074 PSUP-0,2490 × PCTU-0,0222 × PCTR-0,0760 × PIAE-0,0995 × PIVTM-0,0895 × PVCC

Bertan:

FTC da udalerri bakoitzaren banaketa indizea.

PPOB da udalerri bakoitzeko populazioa adierazten duen portzentajea, Nafarroako populazio osoarekiko.

PURB da udalerri bakoitzaren hiri azalera garbia adierazten duen portzentajea, Nafarroako hiri azalera garbi osoarekiko. Planoaren araberako azaleraren (azalera grafikoa) eta lurzati batura modura hartutako azaleraren (azalera alfanumerikoa) arteko diferentzia da hiri azalera garbia.

PMA65 da udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleen portzentajea, Nafarroan 65 urte edo gehiago dituzten biztanle guztiekiko.

PPINM da udalerri bakoitzeko etorkinen kopurua adierazten duen portzentajea, Nafarroako etorkinen kopuru osoarekiko.

PINVDISP da populazioaren kontzentrazio indizearen alderantzizkoa adierazten duen portzentajea, honela kalkulatua: udalerri bateko bizigune bakoitzeko populazioak populazio osoarekiko egiten duen portzentajeen koadratuen batura, Nafarroa osoko populazioaren kontzentrazioaren indizeen alderantzizkoen baturarekiko.

PSUP da udalerri bakoitzaren azalera osoa adierazten duen portzentajea, Nafarroako azalera osoarekiko.

PCTU da udalerri bakoitzaren hiri-lurren gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarri doitua adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoan tributu horren likidazio-oinarri doituen baturak egiten duenarekiko. Oinarriak merkatu balioen arabera doitzen dira koefiziente zuzentzaile baten bidez; koefiziente horrek balioak handitzen ditu merkatu balioekiko duten urruntasunaren arabera. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak finkatuko du koefiziente zuzentzaile hori etxebizitzen kasuan.

PCTR da udalerri bakoitzaren landa-lurren gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoko landa-lurren likidazio-oinarri guztien baturarekiko.

PIAE da udalerri bakoitzaren jarduera ekonomikoen gaineko zergaren oinarri-kuota adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuoten baturarekiko; betiere, nazio, lurralde nahiz udal esparruetako kuoten batura hartzen da oinarri-kuotatzat, udal errekargua kenduta.

PIVTM da udalerri bakoitzean trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eskubide likidatuak adierazten dituen portzentajea, Nafarroa osorako zerga honen eskubide likidatu guztiekiko.

PVCC da udal bakoitzean herri-lurren katastroko balioa adierazten duen portzentajea, Nafarroako udalerrien balio guztiekiko. Udal-mugartean kontzejuak dituzten udalen kasuan, kontzejuetan kokaturik ez dauden herri-lurren balioa baizik ez da hartzen kontuan.

6. artikulua. Udalerrientzako hasierako diruesleipena.

1. Aurreko artikuluan aipatzen den formula udalerri bakoitzeko aldagaien balioei aplikatuz aterako da udal mailako banaketa-indizea.

2. Udalerriren batentzat ateratzen den banaketa-indizea negatiboa baldin bada, zero balioa emanen zaio, eta berriz kalkulatuko dira gainerako udalerrientzako banaketa-indizeak, haien guztien batura 1 izan dadin.

3. Banaketa-indize hau kasuan kasuko ekitaldiko transferentzia arrunten zenbatekoaren gainean aplikatuko da, udalerri bakoitzari hasieran dagokion diru-esleipena lortzeko.

7. artikulua. Kontzejuentzako hasierako diruesleipena.

Kontzejuak dituzten udalerrietan, udal horiei esleitutako partaidetzatik zati bat kenduko zaie, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, kontzejuen artean banatzeko.

Entitate horientzako hasierako partaidetza kalkulatzeko, kasuan kasuko udalaren zuzkidura 100eko 30ez biderkatuko da, eta hori berriz ere biderkatuko da kontzejuko biztanleen kopuruak udalerriko biztanleria osoarekiko egiten duen proportzioaz. Udalerriaren hasierako esleipena gelditzen den kopurua izanen da.

8. artikulua. Berme klausularen aplikazioa udal eta kontzejuetarako.

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoa aplikatzeari dagokionez, udalek eta kontzejuek jaso beharreko zenbatekoa ez da izanen, inola ere, aurreko ekitaldian transferentzia arrunten funtsaren banaketan jasotakoak KPIa eta ehuneko bat gehituta egiten duen zenbatekoa baino txikiagoa.

2. Baldin eta funtseko partaidetza, transferentzia arrunten kontzeptuan, udalerri edo kontzeju bati hasieran esleitutakoa, iristen ez bada aurreko apartatuan ezarritako bermera, behar diren kopuruak kenduko zaizkie, hasieran esleituta zituztenetatik, bermatutakotik gorako kopuruak lortzen dituzten udalerriei eta kontzejuei, bakoitzari dagokion bermearekiko lortu duen igoeraren proportzioan.

9. artikulua. Erabilitako aldagaiak.

1. Nafarroako udalerrien arteko banaketa kalkulatzeko behar diren aldagaien balioak foru lege honen eranskinean aipatzen diren iturrietatik lortuko dira. Banaketa egiten den urteko maiatzaren 1ean Estatistikako Institutu Nazionalean udalerrietako biztanleriari buruz dauden datu estatistiko ofizialen urtea izanen da aldagai guztien erreferentzia-urtea. Erreferentzia-urte horretako daturik ez bada, hurbileneko urtekoak hartuko dira.

2. Aurreko apartatu horretan xedatutakoa ukatu gabe, Trakzio mekanikoko ibilgailuen zergaren datuak azken ekitaldiko kontuen espedientetik hartuko dira (espediente horrek, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera, aurkeztua beharko baitu Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan), edo, bestela, ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazio espedientetik, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 227.2 artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera. Aurreko hori hala ez bada, eskura dagoen azken daturik berriena eguneratuko da, urteko 100eko 10eko igoera aplikatuz. Aurreko hiru ekitaldietako daturik ez bada, Nafarroako “per capita” daturik handienaren arabera kalkulatuko da, biztanleriaren aldagaia oinarritzat hartuz.

3. Kontzejuentzako banaketa kalkulatzeko, banaketa egiten den urteko maiatzaren 1ean eskura dauden datu ofizialen urtea izanen da erreferentzia-urtea; datuak urte berekoak izan beharko dira, direla Estatistikako Institutu Nazionalaren udalerrien biztanleriaren estatistikakoak direla Nafarroako Estatistika Institutuaren kontzejuetako biztanleriaren estatistikakoak.

4. Aurreko apartatuetan xedatutakoa ukatu gabe, kontzejuen edo udalerrien mugarteetan aldaketak gertatzen badira eta, aldagaien balioek haien eragina jasaten dutelako, banaketan kontuan hartu behar badira, aldagaien zenbatekoa berriro kalkulatuko da, banaketa gertatzen den uneko egoera administratiboari egokitzeko, betiere egoera administratibo horri buruzko datu ofizialik ez badago.

10. artikulua. Katastroko balorazio txostenak gaurkotzea.

Udal bakoitzari 2019rako dagokion zenbatekoa banatzean, katastroko balioak gaurkotu gabe badituzte edo, indarreko legeriarekin bat, udal-mugartean aplikatu beharreko balorazio txostena berrikusteko prozesua hasi gabe badute, transferentzia arrunten kontzeptuan jaso behar duten zenbatekoa %10 murriztuko da.

11. artikulua. Ordainketa.

1. Toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko duten funtseko diru kopuruen ordainketa, transferentzia arrunten kontzeptuan esleitutakoari dagokiona, bi alditan eginen da ekitaldi bakoitzean, otsaileko eta abuztuko lehen hamabostaldian.

2. Lehen ordainketaren zenbatekoa aurreko ekitaldian jasotako zenbateko osoaren erdia adinakoa izanen da.

3. Bigarren ordainketa egin aurretik, urteko behin betiko diru-esleipena kalkulatuko da, eta lehen ordainketaren eta jaso beharreko zenbateko osoaren arteko diferentzia ordainduko da.

12. artikulua. Hiriburutza Agiriarengatiko ordainketa eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzaren ordainketa.

Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiriarengatiko ordainketa eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzaren ordainketa aurreko artikuluan transferentzia arruntetarako aurreikusitako modu berean eginen dira.

13. artikulua. Nafarroako udalentzako konpentsazioa, hautetsiei karguan aritzeagatik ordaindutakoagatik.

1. Hautetsien dedikazioagatik korporazioko kideei ordainsariak, bilkura-sariak, kalte-ordainak edo eginkizun publikoetan parte hartzeko eskubide konstituzionalaz baliatzearen ondorioz sortutako gastuengatik heldu diren bestelako pagamenduak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalentzako konpentsazioa honela eginen da:

2. Baldin eta udalek erabakitzen badute beren alkate eta zinegotziei ordaintzea, legeria orokorrari jarraikiz, haiek denbora osoan edo partzialean hautetsi lanean aritzeagatik, edo ematen badizkiete bilkura-sariak, kalte-ordainak edo bestelako pagamenduak, kargu publikoan aritzearen zuzeneko ondorio direnak, udal horiek ekarpen bat jasoko dute toki ogasunek Nafarroako zergetan parte hartzeko duten funtsetik, ordain horien kostuari aurre egiteko.

3. Kontzeptu horregatik udalek urtean jasotzen ahal duten gehieneko ekarpena, udala osatzen duten hautetsien kopuruaren arabera, legeria orokorrari jarraikiz, honako hau izanen da:

A) 3 zinegotzi dituzten udalak: 4.422,72 euro.

B) 5 zinegotzi dituzten udalak: 11.390,67 euro.

C) 7 zinegotzi dituzten udalak: 16.751,07 euro.

D) 9 zinegotzi dituzten udalak: 20.101,69 euro.

E) 11 zinegotzi dituzten udalak: 32.162,28 euro.

F) 13 zinegotzi dituzten udalak: 55.613,86 euro.

G) 17 zinegotzi dituzten udalak: 85.096,17 euro.

H) 21 zinegotzi dituzten udalak: 121.948,92 euro.

I) 27 zinegotzi dituzten udalak: 204.364,37 euro.

Ekarpen horiek ekarpen finalistak izanen dira, bakar-bakarrik erabiliko baitira alkate nahiz zinegotziei aipatu diren kontzeptuengatik ordaintzeko, eta 2019ko ekitaldian eguneratuko dira, foru lege honen 4.3 artikuluan ezartzen den moduan.

Ordainketa ordainaldi bakarrean eginen da, transferentzia arrunten funts orokorraren bigarren zatiarekin batera. Jaso nahi duten udalek aldez aurretik eskatu beharko dute, urte bakoitzeko maiatza baino lehen, eta eskabideari ekarpen horrek aurreko ekitaldian izandako zenbatekoa eta xedea jasotzen dituen ziurtagiria gehitu beharko diote, halako ekarpenik egin bazuten. Ekitaldi batean esleitutako diru kopurua ziurtagirian justifikatutakoa baino handiagoa denean, aldea erregularizatu eginen da, kasuko ekitaldiari dagokion ordainketatik kenduz.

4. Baldin eta soberakinik gertatzen bada korporazioko kideei gastuak konpentsatzeko diru-esleipenean, guztira likidatutako kopuruarekiko, soberakinak ez zaizkio gehituko transferentzia arrunten funts orokorrari.

5. Baldin eta defizita gertatzen bada korporazioko kideei gastuak konpentsatzeko diru-esleipenean, likidazioa egiteko behar den diru kopuruarekiko, modu proportzionalean murriztuko dira artikulu honen 3. apartatuan ezarritako ekarpenak, kasuko ekitaldiko aurrekontuan erabilgarri dagoen kredituaren mugarekin.

14. artikulua. Montepioen finantzaketa.

Nafarroako udalei montepioen defizitagatik eman beharreko finantzaketa honela eginen da:

1. Behin organo eskudunak Montepio Orokorraren defizita ezarri ondoren, udalen artean banatzen dena, populazioaz beste irizpide batzuen arabera, ukitutako udal bakoitzak ziurtagiri bat igorri beharko du, finantzatzen den defizitari dagokion ekitaldian bertan jardunean dauden langile menpekoen eta administrarien soldata-masari buruzkoa.

Udal bakoitzari egotzitako defizitari soldata-masaren ehuneko hogeita hamabi adinako zenbatekoa kenduko zaio, udalak berak ordaindu beharrekoa, eta gainerakoa parte hartzeko funtsaren kargura finantzatuko da.

Nafarroako Udal Funtzionarioen Montepio Orokorraren defizita onesten duen ebazpen administratiboa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da ziurtagiri hori, eta haren ordainketa urte bakoitzeko abuztuan eginen da, funtsaren bigarren zatiarekin batera. Epea betetzen ez bada, kontzeptu horretan inolako finantzaketarik jasotzeko eskubidea galduko da.

2. Behin organo eskudunak defizita finkatu ondoren, Iruñeko, Tafallako eta Tuterako udalek beren montepioen finantzaketan lagunduko dute, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarritako portzentajeekin bat. Udal horietako batek, foru lege horretan ezarritako gehieneko kopuruak gainditzeagatik, gainerako entitateek baino finantzaketa portzentaje txikiagoa jaso behar badu, gainerako entitateek ere finantzaketa portzentaje txikiagoa jasoko dute, haien defizitaren finantzaketa baldintza berdinetan egiteko moduan.

Iruñeko, Tuterako eta Tafallako udalek beren defizitak baldintza berdinetan finantzatzeko behar diren zenbatekoak jasotzeko, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute maiatza baino lehen, aurreko ekitaldian izan dituzten finantzaketa zenbatekoak eta portzentajeak bertan adierazita, kasuko ekitaldiko likidazio espedientean jasotakoaren arabera. Nafarroako Foru Administrazioak urte bakoitzeko abuztuan eginen du ordainketa, funtsaren bigarren zatiarekin batera. Epea betetzen ez bada, kontzeptu horretan inolako finantzaketarik jasotzeko eskubidea galduko da.

Baldin eta, guztira likidatutako kopuruarekiko, soberakinik gertatzen bada montepioen finantzaketarako 2018ko ekitaldiko diru-esleipenean, soberakinak ez zaizkio gehituko transferentzia arrunten funts orokorrari.

Baldin eta, likidazioa egiteko behar den diru kopuruarekiko, defizita gertatzen bada montepioen finantzaketarako 2018ko ekitaldiko diru-esleipenean, modu proportzionalean murriztuko dira toki entitateentzako ekarpenak, 2018ko ekitaldiko aurrekontuan erabilgarri dagoen kredituaren mugarekin.

Xedapen gehigarri bakarra.–Toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren partiden arteko funts mugimenduak.

Toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren partiden arteko funts mugimenduak egiten ahalko dira, transferentzia arrunten kontzeptuan, aurrekontu aldaketen izaera izan gabe.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek 2018ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

ERANSKINA

Aldagaiak eta aplikazio iturriak banaketa formulan

1. Udalerri bakoitzaren biztanleria. Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

2. Kontzeju bakoitzaren biztanleria. Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

3. Udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleak. Estatistikako Institutu Nazionalak ematen duen datua, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

4. Hiri azalera garbia. Planoan ageri den azalera (azalera grafikoa) ken lurzatien baturak duen azalera (azalera alfazenbakizkoa). Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen du datu hori, eta erreferentzia-urtea udalerrietako populazioari buruzko datuaren urte bera izaten da.

5. Etorkinak. Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

6. Azalera osoa. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak ematen duena.

7. Populazioaren kontzentrazio indizearen alderantzizkoa, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuekin urte bakoitzerako kalkulatua.

8. Hiri-lurren gaineko kontribuzio doituaren likidazio-oinarria. Udalerri bakoitzeko hiri-lurren gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria, merkatuko balioei doitzeko koefizienteaz biderkatua. Bi horiek Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen ditu, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuak harturik, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia-urte bererako.

9. Udalerri bakoitzeko landa-lurren gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria. Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen du, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuak harturik, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia-urte bererako.

10. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren oinarri kuota. Nazio kuoten, lurralde kuoten, lokal finkorik gabekoen udal kuoten eta lokal finkoa dutenen udal kuoten batura da, azken horretan udal errekargua kenduta. Datu hauek Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Jarduera Ekonomikoen Erregistroak emandakoak izanen dira.

11. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eskubide likidatuak. Udalek Toki Administrazioko Departamentuari igorritako kontuen likidazioetatik lortzen da. Igortzen ez baditu, zenbatespen bat aplikatuko da, foru lege honetako 9. artikuluko 2. apartatuan ezarritako irizpidearekin kalkulatua.

12. Herri-lurren katastroko balioa. Hori da, Nafarroako udalerri bakoitzarentzat, herri-ondasunen eta haietatik datozenen balio katastrala, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia-urte bererako. Kontzejuak dituzten udalerrien kasuan, ez dira sartzen kontzejuen titulartasuneko herri-ondasunak. Balio hori Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen du, eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuak hartzen ditu.

Iragarkiaren kodea: F1715162

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web