(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

17/2017 FORU LEGEA, abenduaren 27koa, irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea arautzen duena.

BON N.º 249 - 30/12/2017



HITZAURREA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak –horren bidez onesten da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra arautzen da– ezartzen dute zer sistema aplikatu behar den besteak beste Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko irakasleen kidegoetako parte izan nahi duten izangaiak hautatzeko. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan betetzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Estatuko arau horiek, funtzio publikoari dagokionez ezarritakoaren arabera.

Araudi hori aplikatzean, behin eta berriro eta salbuespenik gabe baliatu da hautapen-sistema bat, oinarri hartu duena lanpostuak Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean ezarritako hizkuntza eremuen arabera betetzeko behar diren hizkuntza eskakizunen zehaztapena.

Hautapen prozesuen kudeaketa-sistema horren arabera, deialdi ezberdin eta berezituak egin ohi dira, epaimahai berariazkoekin eta ezberdinekin, Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza erkidego bakoitzari zuzenduak, halako moduan non ekuanimitatea bermatzen baita, eskola erkidegoa mesedetzen baita eta irakasle kidegoetako parte izan nahi dutenen aukera berdintasuna ahalbidetzen baita bi hizkuntzak ez dakizkitenentzat.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da hautapen sistema hau foru lege mailako arau baten bidez zehaztea. Helburua da Foru Komunitatearentzat, bertako herritarrentzat eta irakasle kidegoetan sartu nahi duten pertsonentzat hain garrantzitsuak eta hain erroturik dauden eskubide batzuk mantentzea eta sendotzea, hori guztia aldatzeak eskubide horien urraketa baldar bat ekarriko bailuke.

Artikulu bakarra.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak irakasle ez-unibertsitarioen lan eskaintza publikoak garatze aldera onesten dituen deialdietan aplikatzekoa izanen da otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa. Errege dekretu horren bidez onetsi zen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua, eta arautu zen lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra. Hartara, xedatu zen ezen deialdi horietan nahitaez jasoko direla hautapen prozedura ezberdinak ezagutza arlo edo irakasle espezialitate ezberdinetarako eta Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizial bakoitzerako.

Hautapen prozedura bakoitzean gutxienez ere epaimahai bat izendatuko da ezagutza arlo edo espezialitate eta hizkuntza bereki bakoitzeko, behar bezala kreditatua egonen dena deialdi zehatz bakoitzerako. Epaimahai bat baino gehiago behar izanez gero, hautapen batzorde bat eratuko da, ebaluazio irizpideak koordinatu eta adostuko dituena.

2. Espezialitatea zein hizkuntzatan emanen den edo hizkuntza espezialitateei zein dagokien, hautaproba guztiak hizkuntza horretan eginen dira.

3. Hautapen prozedura gainditzen duten izangaiek gainditu dituzten hautaprobei dagozkien espezialitate eta hizkuntzetan aukeratu beharko dute lanpostu hutsa, eta ez du eraginik izanen lekualdatze lehiaketan.

Xedapen gehigarri bakarra.–Foru lege honek arautzen ez duen guztian aplikatuko dira irakaskuntzako funtzio publikorako sarbideari buruzko Estatuko xedapen indardunak.

Xedapen iragankor bakarra.–Foru lege hau aplikagarria izanen zaie foru legea indarrean sartzen den data baino lehenago abiarazitako deialdiei, baldin eta data horretan bukatu gabe badago izangaiek eskabideak aurkezteko epea, zeina 10 egunez luzatutzat joko baita, hasierako epetik aitzina zenbatuta, deialdia foru lege honetan ezarritakoari egokitzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarra hartzean indarrik gabe utziko dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1715160

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web