(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

138/2017 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 20KOA, LEHENDAKARITZAKO, FUNTZIO PUBLIKOKO, BARNEKO ETA JUSTIZIAKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEN 2018KO LAN EGUTEGIA

BON N.º 246 - 27/12/2017; corr. err., BON 9/03/2018



Zioen azalpena

Behin erabaki ondoren Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2018ko jaiegunen egutegi ofiziala -Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 1eko 614/2017 Ebazpenaren bitartez-, onetsi behar dira Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2018ko aste barreneko jaiegunen egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera.

Foru agindu honetan arautzen dira, orobat, lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk, esaterako lanaldiko atsedenaldia eta norberaren arrazoiengatik lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.

Foru agindu honen edukia Mahai Orokorrean negoziatu da erakunde sindikalekin, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h artikuluarekin bat (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Aste barreneko jaiegunak zehaztea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aste barreneko jaiegun hauek izanen dituzte 2018an:

Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

Martxoaren 29a: Ostegun Santua.

Martxoaren 30a: Ostiral Santua.

Apirilaren 2a: Pazko biharamuna.

Maiatzaren 1a: Langileen Eguna.

Uztailaren 6a: San Fermin bezpera. 12:00etatik aurrera jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.

Uztailaren 7a, 9a eta 10a: sanferminak. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.

Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

Azaroaren 1a: Santu Guztien eguna.

Azaroaren 29a: San Saturnino. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.

Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren Eguna.

Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

Abenduaren 25a: Eguberria.

2. Iruñean lan egiten ez duten langileentzat jaieguna izanen da Nafarroako herrietako 2018ko jaiegunen ebazpenean ezartzen den herriko festa eguna. Gainera, lan egiten den herriko zaindariaren festei dagokienez, jaiegun izanen dira festen hasierako eguna, 12:00etatik aurrera, eta hiru egun gehiago, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bidez xedatzen duenari jarraikiz, hots, herriko zaindariaren festak direla-eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat jaiegun izanen diren astegunak ezartzen dituen ebazpenean xedatzen denari jarraikiz.

3. Aurreko atalean xedatutakoaz salbuesten dira, herriko zaindariaren festei eta herriko festei dagozkien jaiegunen ondorioetarako, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ari diren langileak, beren berezitasunengatik, eta zerbitzua Antsoainen, Atarrabian, Barañainen, Berriozarren, Burlatan, Cordovillan, Mutiloan, Sarrigurenen, Zizur Nagusian eta Zizurren ematen duten langileak. Izan ere, haientzako jaiegunak Iruñerako ezarritako berberak izanen dira, hots, uztailaren 6a, 12:00etatik aurrera, uztailaren 7a, 9a eta 10a, eta azaroaren 29a.

Aurreko paragrafoko salbuespena ez zaie aplikatuko liburutegiaren sarean aritzen diren langileei; izan ere, kasuan kasuko lantokiaren herriko festak eta zaindariaren festak izanen dituzte.

2. artikulua . Urteko lanorduen banaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, urteko lanorduen kopurua 1.592koa izanen da, eta honela banatuko da:

1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegi malgua baldin badute, martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, ordutegiaren zati finkoa 9:00etatik 14:30era izanen da; gainerako ordutegia langileek aukeratuko dute, malgutasunez, 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 17:00etara.

Ordutegi malgua ezarrita ez duten lekuetan, nahitaez aritu beharko da 8:00etatik 15:00ak arte; gainerako 20 minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:40tik 8:00ak arte eta 15:00etatik 15:20 arte.

3. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

A) Sanferminetan eta Eguberrietan, 16 ordu eta 20 minutuko murrizketa lan ordutegian. Lan ordutegia hauxe izanen da:

a) Uztailaren 6a: San Fermin bezpera, ordutegi finkoa, 8:00etatik 12:00etara.

b) Uztailaren 11, 12a eta 13a sanferminak: ordutegi finkoa, 9:00etatik 13:00etara.

c) Abenduaren 24a eta 31: lanaldiaren bukaeran, ordu eta erdiko murrizketa.

B) 5 orduko ordu-poltsa, urte osoan har daitezkeenak, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

4. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen ez duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

A) Kasuan kasuko herriko festak direla-eta, 16 ordu eta 20 minutuko murrizketa lan ordutegian, leku bakoitzaren ezaugarrien arabera banatu beharrekoa. Denbora hori Iruñean lan egiten duten langileei arrazoi horregatik dagokien berbera da.

B) Herriko festek irauten duten bitartean, lehen aipatutako orduez gainera, gutxienez hiru egun oso ere eman beharko dira; horietako bi astegunak izanen dira, Iruñean lan egiten duten langileek uztailaren 9an eta 10ean hartzen dituzten egunen gisara, eta hirugarrena, berriz, larunbata, uztailaren 7an hartzen dutenaren gisara.

C) 5 orduko ordu-poltsa, urte osoan har daitezkeenak, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

Herri bateko festen iraupena edo banaketa dela-eta ezinezko bada A) eta B) ataletan ezarritako konpentsazio osoa hartzea, adierazitakoari jarraikiz hartu ezin diren murrizketa-orduak atal honetan aurreikusitako ordu-poltsan sartuko dira.

5. Aurreko apartatuetan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuko beharrak direla-eta lanaldi berezia edo ordu konpentsazioren bat (lana txandaka, gauez, etab.) dutenei, ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek lan egutegi berezia izanen baitute.

Urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarritakoa ez bezalako erregimena dagoen kasuetan, lan egutegi berezi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, dagokion mahai orokorrean edo sektorialean negoziatu ondoren.

6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan foru agindu honetan ezarritako lan ordutegiaz bestelako bat izatea baimen dezake, goiko atalean aipatutako mahai orokorrarekin edo sektorialekin negoziatu ondoren, eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.

3. artikulua . Lanaldiko atsedenaldia.

Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da.

4. artikulua . Norberaren arrazoiak direlaeta lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.

1. Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendukoen artean egonen dira norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko eta lantokitik ateratzeko kasu guztiak.

2. Alde batera utzita langileak arreta medikoa behar izatea, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, nahitaez erabili beharko dira norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak, edo foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako ordu-poltsakoak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta, halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako kasuei.

Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abenduaren 20an.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1714849

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web