3/2017 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, abenduaren 13koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.
BON N.º 243 - 21/12/2017
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.
Esparru horretan, lege testu horren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio eta arau substantibo eta formal berberak aplikatu behar ditu; nolanahi ere, aitorpena eta sarrerak egiteko, bere ereduak onesten ahalko ditu.
Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.
Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu zuen, ente publikoen zenbait eragiketa zerga horren menpe ez egotearen mugak zehaztasunez ezartzeko, bai eta prezioarekin lotutako diru-laguntzaren kontzeptua zedarritzeko ere, BEZaren zerga-oinarrian sartzearen ondorioetarako.
Gai horri dagokionez, Europar Batasuneko araudiak berariaz ezartzen du zenbait jarduera-sektorek zergaren menpe egon behar dutela Administrazio Publikoak betetakoak badira ere. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Ceský Rozhlas aferan 2016ko ekainaren 22an emandako epaiaren ondorioz, beharrezkoa da zehatz-mehatz definitzea, jarduera horien artean, sektore publikoko entitateek betetako irrati-telebistako jardueraren zergapetze araubidea, izaera komertziala duenean baizik ez duelako zergaren menpe egon eta kenkarirako eskubidea sortu behar.
Bestalde, komeni da zergaren menpe dauden eragiketen prezioarekin lotutako diru-laguntza izaeratik salbuestea Administrazio Publikoek zerbitzu publiko jakin batzuen operadoreari egindako diru ekarpenak, zerbitzu horien kudeaketa modua edozein delarik ere, baldin eta lehiaren distortsiorik ez badago, gehienetan, Administrazioak osotara edo zati batean finantzatutako jarduerak direnez, ez direlako norgehiagoka librean ematen; horren adibideak dira udal garraioko zerbitzuak edo kultura sustatzekoak, ekarpen horien bidez ordaintzen direnak. Alabaina, finantza ekarpen horiek, eragiketen prezioarekin lotutako diru-laguntzatzat hartzen ez direnek, ez dute mugatuko operadore horiek jasaten duten zergaren kenkarirako eskubidea.
Gehigarri gisa, prezioarekin lotutako diru-laguntzaren kontzeptutik kanpo gelditzen dira Administrazio Publikoak egindako ekarpenak, interes orokorreko jarduerak finantzatzen dutenak, horien hartzailea gizarte osoa denean, tartean ez baitago identifikatzeko moduko hartzailerik ez eta inolako kontraprestaziorik ordaintzen duen erabiltzailerik ere. Halakoak dira ikerketa, garapen eta berrikuntza jarduerak finantzatzeko ekarpenak edo irrati-difusioko zerbitzuak, aipatutako baldintzetan, ezertan ukatu gabe horrek ekar ditzakeen ondorioak kenkarirako eskubideaz baliatzeari dagokionez. Hau da: ekarpen publikoak jasotzen dituztenek jasaten duten zergaren kenkarirako eskubidea mugatuta geldituko da.
Horrenbestez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu denez, beharrezkoa da Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu hau ematea Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea ere aldatzeko, zerga horri dagokionez Foru Komunitatean Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak aplika daitezen.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abenduaren 13an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DU:
Artikulu bakarra. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.
Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:
Bat.–7. artikulua. Zortzigarrena.
“Zortzigarrena. A) Ondasun entregak eta zerbitzu emateak, administrazio publikoek eta atal honetako C) eta D) letretan aipatzen diren entitateek zuzenean egindakoak kontraprestaziorik gabe edo tributu izaerako kontraprestazioarekin.
B) Ondorio horietarako, honako hauek dira administrazio publikoak:
a) Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak eta Toki Administrazioa osatzen duten entitateak.
b) Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak eta zerbitzu erkideak.
c) Erakunde autonomoak, unibertsitate publikoak eta estatuko agentziak.
d) Nortasun juridiko berekia duen zuzenbide publikoko edozein entitate, aurrekoen menpekoa, sektore edo jarduera jakin baten gainean kanpotik kontrolatzeko edo erregulatzeko eginkizunak dituena, eta legeak aitortzen dion autonomia berezi bat edo independentzia funtzionala duena.
Estatuko entitate publiko enpresarialak eta autonomia erkidegoen eta toki entitateen menpeko antzeko erakunde parekatuak ez dira administrazio publikotzat joko.
C) Sektore publikoko ente, erakunde eta entitateek gauzatutako mandatuen bidez emandako zerbitzuak ez dira zergaren menpe egonen, haiek, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, mandatua agindu duen botere adjudikazio-emailearen baliabide bereki pertsonifikatua badira lehen aipatutako 32. artikuluan ezarritako moduan.
D) Orobat, sektore publikoko edozein ente, erakunde edo entitatek emandako zerbitzuak ez dira dira zergaren menpe egonen, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen 3.1 artikuluan aipatzen den moduan, zerbitzu horiek haien nagusi diren administrazio publikoei edo osorik horien menpekoa den beste bati emandakoak badira administrazio publiko horiek haien titulartasun osoa dutenean.
E) Aurreko C) eta D) ataletan ezartzen den izaera hori, zergaren menpe ez dauden eragiketena, aplikatuko zaie, halaber, bertan aipatzen diren entitateek elkarri emandako zerbitzuei, osorik Administrazio Publikoaren menpekoak direnean.
F) Betiere, administrazioek eta sektore publikoko ente, erakunde eta entitateen ondasun entregak eta zerbitzu emateak zergaren menpe egonen dira, ondoren aipatzen diren jarduerak betetzean egiten badira:
a') Telekomunikazioak.
b') Uraren, gasaren, beroaren, hotzaren, energia elektrikoaren eta gainerako energia moten banaketa.
c') Pertsonen eta ondasunen garraioa.
d') Portu eta aireportuetako zerbitzuak eta trenbideko azpiegiturak ustiatzea; ondorio horietarako, hurrengo 9. atalean zergaren menpe ez izatetik salbuetsitako emakida eta baimenak ere sartzen dira.
e') Produktuak lortu, fabrikatu edo eraldatzea, gero eskualdatzeko.
f') Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen gaineko esku-hartzea, produktu horien merkatua erregulatzera bideratua.
g') Feria eta erakusketa komertzialak ustiatzea.
h') Biltegian eta gordailuan uztea.
i') Publizitateko bulego komertzialen jarduerak.
j') Enpresa, ekonomato, kooperatiba eta antzeko establezimenduetako kantina eta jantokiak ustiatzea.
k') Bidaia agentziak.
l') Irrati eta telebistako ente publikoen jarduera komertzialak, instalazioen erabilera lagatzeari buruzkoak barne.
m') Hiltegiak.”
Bi.–26. artikulua. 2. Hirugarrena.
“Hirugarrena. Zergaren menpe dauden eragiketen prezioarekin lotura zuzena duten diru-laguntzak.
Entregatutako unitate kopuruaren edo emandako zerbitzuen bolumenaren arabera ezartzen diren diru-laguntzak, horiek eragiketa gauzatu aurretik zehazten direnean, zergaren menpe dauden eragiketen prezioarekin lotura zuzena duten diru-laguntzak izanen dira.
Halere, diruzko ekarpenak, edozein dela ere haien izena, Administrazio Publikoek ondoren aipatzen diren jarduerak finantzatzeko egiten dituztenak, ez dira prezioarekin lotutako diru-laguntzatzat hartuko, eta ez dira sartuko inola ere artikulu honen 1. apartatuan aipatzen den kontraprestazioaren zenbatekoan:
a) Zerbitzu publikoak edo kultura sustatzekoen kudeaketa, horietan lehiaren distortsio nabarmenik ez badago, edozein dela ere kudeatzeko modua.
b) Interes orokorreko jarduerak, haien hartzaileak ezin badira identifikatu eta inolako kontraprestaziorik ordaintzen ez badute.
Hiru.–26.3 artikuluaren laugarren atala kentzen da.
Lau.–39.5 artikulua.
“5. Zergari lotutako eragiketak eta, horrekin batera, foru lege honen 7. artikuluko zortzigarren atalean ezarritakoa aplikatuz, zergaren menpe ez dauden eragiketak egiten dituzten subjektu pasiboek eragiketa batzuk eta besteak aldi berean egiteko eskuratutako ondasun eta zerbitzuengatik jasandako kuoten kenkaria egiten ahalko dute, zergaren menpeko eragiketak garatzeko erabilitako ondasun eta zerbitzuei dagozkien kuotak egozteko arrazoizko irizpide homogeneo baten arabera; ondorio horietarako, foru lege honen 40.1 artikuluan, bigarren atalean aipatzen diren eragiketak ere sartzen dira. Irizpide horri eutsi beharko zaio geroago ere, aldatzeko zentzuzko arrazoirik ez badago.
Ondorio horietarako, zergaren menpeko eragiketetan ondasunen entregen eta emandako zerbitzuen zenbateko osoak (balio erantsiaren gaineko zerga kenduta), subjektu pasiboak urte naturalean bere jarduera osoagatik eskuratzen dituen sarrera guztiekiko, egiten duen proportzioa aintzat hartzen ahalko da.
Behin-behinekoz zehazten ahalko da irizpide horren aplikaziotik ateratzen den kalkulua, aurreko urte naturaleko datuak kontuan hartuta, urte bukaera bakoitzean bidezkoa den erregularizazioa galarazi gabe.
Aurrekoa gorabehera, foru lege honen 7. artikuluko zortzigarren atalean aipatzen diren eragiketak, zergaren menpe ez daudenak, gauzatzeko xedea baino ez duten ondasun edo zerbitzuen eskurapen edo inportazioengatik jasandako edo ordaindutako kuotak ezin izanen dira kengarri izan inolako proportziotan.
Apartatu honetan ezarritako kenkariak foru lege honen VII. tituluko I. kapituluan aurreikusitako baldintza eta beharkizunei ere egokituko zaizkie, eta, bereziki, hainbanaketa-erregelari dagozkienak.
Apartatu honetan aurreikusitakoa ez da aplikatuko zerbitzu publikoen kudeaketa jardueretan foru lege honen 26.2 artikuluko hirugarren ataleko a) letran adierazitako baldintzetan.”
Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.
Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek 2017ko azaroaren 10ean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko abenduaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1714367