141/2017 FORU AGINDUA, AZAROAREN 23KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA. HAREN BIDEZ, SOFTWARE-HORNITZAILE DIREN ENTITATEEKIN KANPOKO LANKIDETZARAKO ITUNA ONESTEN DA, FAKTURAZIO-ERREGISTROAK ELEKTRONIKOKI EMATEKO HIRUGARRENEN IZENEAN, HORREK BIDE EMANEN BAITU BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGAREN ERREGISTRO-LIBURUAK NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ZERBITZU TELEMATIKOEN BIDEZ ERAMATEKO
BON N.º 231 - 30/11/2017
I. ERANSKINA. KANPOKO LANKIDETZARAKO ITUNA SOFTWAREHORNITZAILE DIREN ENTITATEEKIN, FAKTURAZIOERREGISTROAK ELEKTRONIKOKI EMATEKO HIRUGARRENEN IZENEAN, HORREK BIDE EMANEN BAITU BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGAREN ERREGISTROLIBURUAK NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ZERBITZU TELEMATIKOEN BIDEZ ERAMATEKO
II. ERANSKINA
III. ERANSKINA
Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 90. artikuluak ezartzen duenez, lankidetza soziala izan dadin zergen kudeaketan, zerga administrazioak itunak sinatuko ditu gizarteko, laneko, enpresetako edo lanbideetako sektoreen edo interesen ordezkari diren entitate, instituzio eta erakundeekin. Lankidetza hori izaten ahal da, besteak beste, telematika bidez aurkeztea aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk.
Aipatu Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 90. artikuluak dagokion erregelamenduzko garapena izan du, besteak beste, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsi zuen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62. artikuluaren 9. apartatuan. Aipatu dekretuak zehazten du nola gauzatuko duen zerga administrazioak kanpoko lankidetza, aitorpenak eta jakinarazpenak aurkeztean eta kudeatzean. Aipatu artikuluaren 8. apartatu horretan ezartzen denez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak, foru agindu baten bidez, baldintza batzuk ezarriko ditu, hitzarmenak sinatu dituzten entitateek aitorpen-likidazioak, urteko aitorpen-laburpenak edo zerga arloko arauek eskatutako beste edozein agiri baliabide telematikoen bidez aurkezteko hirugarrenen izenean.
Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduaren bidez, kanpoko lankidetzarako ituna onetsi zen hirugarrenen izenean telematika bidez aurkezteko zerga arloko aitorpen, jakinarazpen eta beste agiri batzuk, eta zerga arloko zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko.
Berriki, urriaren 4ko 91/2017 Foru Dekretua onetsi da, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kudeaketan baliabide elektronikoei bultzada ematekoa, zeinaren bidez aldatzen baitira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; hirugarrenekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautu eta zerga edukia duten beste arau batzuk aldatu zituen azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretua; ordainen bidez zergen arloko zor batzuk kitatzeko sistema aldatu zituen abenduaren 30eko 276/2002 Foru Dekretua; eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsia. Aipatu Foru Lege Dekretuaren zioen azalpenean adierazten da ezen, kontuan harturik teknologia berrien garapen geldiezina (herritarrek, oro har, eta enpresek zehazki egiten duten baliabide elektronikoen garapen eta hobekuntza ikusgarrian islatzen dena), bidezkoa dela Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro-liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko ekimenari heltzea. Horretarako, enpresaburu edo profesional jakin batzuek eta zergaren beste subjektu pasibo batzuek elektronikoki emanen dituzte fakturazio-erregistroak.
Horrela, erregistro-liburuak eramateko sistema hau erabiltzera behartuta dauden enpresaburuentzat eta profesionalentzat, eta baita hura hautatzen duten beste batzuentzat ere, egindako fakturen erregistro-liburu bat, jasotako fakturen erregistro-liburu bat, inbertsio-ondasunen erregistro-liburu bat eta Europar Batasunaren barnean egindako zenbait eragiketaren erregistro-liburu bat eraman beharra Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eginen da, fakturazio-erregistroak elektronikoki emanez.
Informazioa Berehala Emateko (IBE) sistema abian jartzearekin batera, ontzat jotzen da kanpoko lankidetza bultzatzea aitorpenak egiteko eta informazioa emateko. Horretarako, kanpoko lankidetzarako berariazko itun bat izenpetuko da software-hornitzaile diren entitateekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro-liburuak hirugarrenen izenean eramateko, Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez. Itun honen bidez, enpresa-kudeaketari loturiko software-hornitzaile diren entitateek, Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoak erabiliz, elektronikoki eman ahal izanen dituzte fakturazio-erregistroak, enpresaburuen, profesionalen eta zergaren gainerako subjektu pasiboen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro-liburuak eramateko, baldin eta horiek hilabete naturalarekin bat egiten duten likidazioaldia badute, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako erregelamenduaren 62.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Era berean, software-hornitzaile diren entitateek elektronikoki eman ahal izanen dituzte fakturazio-erregistroak, dagokion zentsu-aitorpenaren bidezko aukera nahita hautatzen dutenen izenean.
Informazioa Berehala Emateko (IBE) sistemaren ahalmena eta hark zergadunei eskatzen dien beharrezko egokitzapen teknologikoa kontuan harturik, oso komenigarritzat jo da software-a garatzen duten enpresei edo antzekoei beren bezeroen izenean informazioa emateko aukera eskaintzea.
Adierazitakoaren ondorioz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Kanpoko lankidetzarako ituna softwarehornitzaile diren entitateekin, fakturazioerregistroak elektronikoki emateko hirugarrenen izenean, horrek bide emanen baitu Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistroliburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko.
Onetsi da, foru agindu honen I. eranskin gisa, kanpoko lankidetzarako ituna software-hornitzaile diren entitateekin, fakturazio-erregistroak elektronikoki emateko hirugarrenen izenean, horrek bide emanen baitu Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro-liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko.
II. eta III. eranskin gisa onesten dira, hurrenez hurren, kanpoko lankidetzarako itun horri atxikitzeko banakako agiria eta borondatez baja emateko agiria.
2. artikulua . Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistroliburuen aurkezpen telematikoa hirugarrenen izenean.
Aurreko artikuluan aurreikusitako kanpoko lankidetzarako itunari atxikitzeko banakako agiria sinatzen duten pertsonek nahiz entitateek, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro-liburuak hirugarrenen izenean aurkezten badituzte, telematika bidez eginen dute nahitaez.
Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko azaroaren 27an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
I. ERANSKINA. KANPOKO LANKIDETZARAKO ITUNA SOFTWARE-HORNITZAILE DIREN ENTITATEEKIN, FAKTURAZIO-ERREGISTROAK ELEKTRONIKOKI EMATEKO HIRUGARRENEN IZENEAN, HORREK BIDE EMANEN BAITU BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGAREN ERREGISTRO-LIBURUAK NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ZERBITZU TELEMATIKOEN BIDEZ ERAMATEKO
Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak bere eginkizunen artean du tributudunei informazioa ematea eta laguntzea, zerga betebeharrak borondatez betetzea errazteko eta bultzatzeko, eta ahal den neurrian murrizteko betetze horrek dakartzan zeharkako kostuak, tributu sistema aplikatzeko printzipio orokorrekin bat (Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 3. artikuluan arautu ziren).
Ildo horretan, aipatu foru legearen 90. artikuluan ezartzen denez, tributuak kudeatzeko lankidetza soziala bi hauen artean itunak eginez izan daiteke: batetik zerga administrazioa, eta bestetik gizarteko, laneko, enpresako nahiz lanbideetako sektoreak nahiz interesak ordezkatzen dituzten instituzio eta erakundeak.
Hori helburu, eta tributuen kudeaketan lankidetza sozial eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da prozedura arin, erraz eta erabilgarriak ezartzea hauen artean: Nafarroako Zerga Ogasuna, tributudunak eta haien ordezkariak. Horretarako komeni da, interes publikoaren mesedetan, egoki diren itunak egitea aipatutako ordezkariekin.
Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 90.1 artikuluak, d) eta f) letretan, ezartzen du ezen, tributuak kudeatzeko, lankidetza soziala bideratzen ahalko dela aitorpenak egiten laguntzera, eta baita aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk telematika bidez aurkeztera ere.
Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsi zuen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.9 artikuluak zehazten du nola gauzatuko duen Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak kanpoko lankidetza, aitorpenak eta jakinarazpenak aurkeztean eta kudeatzean. Horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru aginduaren bidez ezarriko da zein kasutan eta baldintzatan aurkeztu beharko dituzten, telematika bidez, aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak edo zerga arloko araudian aurreikusitako beste edozein agiri, hirugarrenen izenean, agindu horietan aurreikusitako itunak sinatu dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek. Halaber, ezarriko da pertsona fisikoek edo juridikoek nola erabiliko duten agiriak hirugarrenen izenean telematika bidez aurkezteko sistema.
Informazioa Berehala Emateko (IBE) sistema abian jartzearekin batera, kanpoko lankidetzarako berariazko itun honen bidez software-hornitzaile diren entitateek, Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoak erabiliz, elektronikoki eman ahal izanen dituzte fakturazio-erregistroak enpresaburuen, profesionalen eta zergaren gainerako subjektu pasiboen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro-liburuak eramateko, baldin eta horiek hilabete naturalarekin bat egiten duten likidazioaldia badute, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako erregelamenduaren 62.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Era berean, hura erabili ahal izanen dute dagokion zentsu-aitorpenaren bidezko aukera nahita hautatzen dutenen izenean.
Informazioa Berehala Emateko (IBE) sistemaren ahalmena eta hark zergadunei eskatzen dien beharrezko egokitzapen teknologikoa kontuan harturik, oso komenigarritzat jo da software-a garatzen duten enpresei edo antzekoei beren bezeroen izenean informazioa emateko aukera eskaintzea.
Lehenengoa .Itunaren edukia
1. BEZaren erregistro-liburuei buruzko informazioa berehala emateko kudeaketa informatizatua.
a) Atxikitzeko banakako agiria (II. eranskinean dago) sinatzen duten pertsonak nahiz entitateak elkarlanean arituko dira Informazioa Berehala Emateko (IBE) sisteman bakarrik, ordezkariari ez baitzaio ematen hirugarrenen izenean jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk (fakturazio-erregistroak ematekoak ez badira) aurkezteko aukera, ez eta zerga zorren ordainketa telematika bidez tramitatzekoa ere, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduaren bidez onetsi zen kanpoko lankidetzarako itunaren arabera.
b) Nafarroako Zerga Ogasunak konpromisoa hartzen du beharrezko diren sistema informatikoak ituna izenpetu dutenen esku uzteko eta horrek eskatzen duen sostengu teknikoa emateko.
2. Lankidetzarako ituna izenpetu dutenen beharkizunak.
Itunari atxikitzeko banakako agiriaren izenpetzaileek, itunak irauten duen bitartean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
1. Ziurtagiri elektronikoa edukitzea, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.
2. Zein tributudunen izenean diharduten, haien behar adinako ordezkaritza izatea, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak edozein momentutan eskatzen ahalko die izenpetzaileei ordezkaritza hori frogatzeko.
3. Pertsonen datuen tratamendu automatizaturako egungo araudian eskatzen diren baldintzak betetzea eta, bereziki, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eskatutakoak.
4. Dagozkien zergak pagaturik edukitzea, bai formalak bai materialak.
Nafarroako Foru Komunitatearen zerga administrazioak ez badu eskumenik izenpetzaile horiekin egiaztapen eta ikerketa jarduketak egiteko, izenpetzaile horiek urte bakoitzeko azaroan ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, zerga arloko betebeharrak beterik dituztela frogatzen duena.
5. Atxikitzeko banakako agiria sinatzen duen pertsona nahiz entitatea enpresa-kudeaketari loturiko software-a garatzeko eta mantentzeko lanean maiztasunez aritzea. Zehazki, izena emanda egon beharko du Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen lehen ataleko 845. multzoan edo eta 769.9 epigrafean, edo lehen eranskineko bigarren ataleko 763. multzoan.
6. Gainerako baldintzak eta Informazioa Berehala Emateko (IBE) sistemaren araudian ezarritako prozedura betetzea.
7. Berariaz onartzea Nafarroako Zerga Ogasunak bere eskumenak erabiliz bidaltzen dituen jakinarazpen administratiboak bide elektronikoen bidez jasotzea. Horrela, ulertuko da itunaren izenpetzaileak adierazi duela aipatu erakunde autonomoaren jakinarazpen elektronikoak jaso nahi dituela.
3. Kanpoko lankidetzarako itunari atxikitzeko banakako agiriaren aurkezpen telematikoa.
Itunaren izenpetzaileek jakinarazpen bat bidali beharko diote, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atalari, eta itun honen edukiari atxikitzeko banakako agiria erantsi beharko diote, behar bezala beterik. Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian aurkitzen ahal da agiria, hementxe: http://www.hacienda.navarra.es. Agiri hori aurkezteak itun honen edukia goitik behera onartzen dela esan nahi du.
Gainera, behar diren agiriak erantsiko dira, frogatzeko 2. puntu honetako beharkizunak betetzen direla itun hau sinatzen den unean.
Pertsona juridiko batek sinatzen badu ituna, bere erantzukizuna izanen da bere izenean diharduenak horretarako aski ahalmen izan dezan.
Nortasun juridikorik gabeko erakundea bada ituna sinatzen duena, bazkideetako batek aurkeztuko du atxikitzeko banako agiria entitatearen izenean, galarazi gabe entitateak berak bete behar izatea 2. puntuak aipatzen dituen beharkizunak. Agiriak aurkezteko, bazkideak bere izenean luzatutako ziurtapen digital bat erabiliko du.
Bigarrena .Nafarroako Zerga Ogasunaren eta atxikitzeko banakako agiria izenpetzen duenaren betebeharrak.
1. Itun honek Nafarroako Zerga Ogasuna eta atxikitzeko banakako agiria izenpetua duena elkarri laguntzera behartzen ditu, lortu nahi diren helburuak eskuratzearren.
2. Orobat, itunaren izenpetzailea behartzen du Nafarroako Zerga Ogasunari jakinaraztera itunaren edukiari eragiten ahal dion edozein aldaketa nabarmen, eta, bereziki, posta elektronikoko kontuaren aldaketa.
3. Itun hau izenpetua duen ordezkariak itun honetan aipatutako betebeharrak betetzen ez baditu, ordezkaritza sistematik baztertuta geldituko da, eta ez du fakturazio-erregistrorik ematerik izanen hirugarrenen izenean. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak ebazpen horren berri emanen du, idatziz edo telematika bidez, interesdunari entzunaldia eman ondoren, eta ezertan ukatu gabe haren ahalmena, jurisdikzio eskudunaren aurrean bidezko diren erreklamazioak egiteko.
Halaber, tributudunen izenean fakturazio-erregistroak eman badira haien ordezkaritza aski izan gabe, behar diren erantzukizunak eskatzen ahalko dira, baita zigor arlokoak ere. Hori guztia, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe.
Hirugarrena .Ordezkaritzaren irismena.
Fakturazio-erregistroak hirugarrenen izenean ematen badira, itun honetan xedatutakoari jarraituz, ordezkariek ez dute erantzukizunik izanen ordezkatuen izenean aurkeztutako informazioaren edukiaren gainean, ulertuko baita aipatu fakturazio-erregistroak aurkeztu baino ez dutela egin.
Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez ditu galarazten zerga arloko araudian ezartzen diren beste erantzukizun batzuk.
Laugarrena .Borondatezko baja.
Eskatzaileak fakturazio-erregistroak emateko lankidetzarako itunean borondatezko baja hartzea eskatu ahalko du. Horretarako, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atalari jakinarazpen bat bidali beharko dio, eta hari erantsi lankidetzarako itunean borondatezko baja emateko agiria (III. eranskina; Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian ere aurkitzen ahal da, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es).
Bosgarrena .Itunaren jarraipena.
Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak konpromisoa hartzen du aldian behin itun honi atxiki zaizkion pertsonekin bilerak egiteko, haien arteko harremanak eta lankidetza errazteko, itun hau gauzatzean sortzen ahal diren arazoak konpontzeko eta edukia, egiazki gauzatu dadin bultzatzeko.
Seigarrena .Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
Lankidetzarako itun hau Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 36. eta 90. artikuluetan xedatutakoak arautuko du.
Bestalde, gai hau arautzen duten foru aginduetan ezarri dira fakturazio-erregistroak emateko baldintza orokorrak eta prozedura.
Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.9. artikulua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aplikatuko da, bereziki.
II. ERANSKINA
III. ERANSKINA
Iragarkiaren kodea: F1713624