(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

13/2017 FORU LEGEA, azaroaren 16koa, Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialak arautzen dituena Nota de Vigencia

BON N.º 231 - 30/11/2017



ATARIKOA

Europako zuzenbidean jasotako aukera bat da irabazi-asmorik gabeko entitateentzat erreserbatzea pertsonei zuzeneko arreta emateko zerbitzuak, interes orokorrekoak; betiere, hori egiten bada elkartasuna eta aurrekontu-efizientzia helburu gisa babestuko dituen esparru batean, eta lehiari eragiten ez zaion heinean.

Interes orokorreko zerbitzuei dagokienez, berriz, Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren 14. artikuluak eta zerbitzu horiei buruzko xedapenak interpretatzen dituen 26. Protokoloak berariaz aitortzen diete estatu kideei ekonomikoak ez diren interes orokorreko zerbitzuak eman, enkargatu eta antolatzeko eskumena, tratatuetako xedapenetan eraginik izan gabe. Hori berariaz gogorarazten du, gizarte zerbitzuen kasuan, kontratazio publikoari buruzko 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EB Zuzentarauaren 6. Kontuan Hartuzkoak, eta berariaz ere zehazten du, interes orokorrekoak bai baina ekonomikoak ez direnei dagokienez, zuzentarau horren aplikazio esparrutik kanpo gelditu behar direla.

Bestetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoari jarraikiz, Nafarroak eskumenak ditu interes orokorreko zerbitzuei dagozkien kontratu administratiboak eta esparru sektorial ezberdinak arautzeko (nabarmenki, gizarte eta osasun zerbitzuen esparruan).

Europako araudiak ezartzen dituen aukerekin bat, eta Nafarroak dituen eskumenak erabiliz, foru lege honek araubide berariazko bat taxutzen du, posible izan dadin itun sozialen bidez egitea zerbitzu sozialen, sanitarioen eta soziosanitarioen zeharkako kudeaketa; kontratazio publikoari buruzko araubidetik kanpo, beraz, lankidetzan arituta irabazi-asmorik ez duten baina, bestelako kudeaketa modu batzuen aldean, zerbitzuak kostu-igoerarik gabe emateko ahalmena duten entitateekin.

Foru lege honek zedarritzen du itun sozial horiek zer kasutan izenpetu daitezkeen, eta argiro definitzen du entitateek zer ezaugarri izan behar dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate sozialtzat hartuak izateko eta, horrenbestez, itun sozial horiei atxikitzeko. Horrela lortu nahi da formula horren erabilera zuzenetik aldentzen diren balizko erabilerak ekiditea.

Zerbitzu publikoak itun sozialen bidez zeharka emateko modu honek izaera subsidiarioa eta osagarria duela ezartzen da, eta, halaber, ezin dela aukera hau baliatu zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzeko. Araubide berriarekin batera kautelak ezartzen dira, kudeaketa modu honek ez dezan oztopa edo mantsotu behinola kanpora ateratako zerbitzuak Administrazioak berriz bere gain hartu eta berreskuratzeko prozesua, haien zuzeneko kudeaketa publikoa egiteko.

Kudeaketa-modu alternatibo batez harago, foru lege honek ezartzen duena administrazio publikoen eta gizarte ekimeneko entitateen arteko harreman modu bat da, berez ez dena berria, lehenago ere arautu baitzen Gizarte Zerbitzuen arloko itunei buruzko urriaren 25eko 20/1985 Foru Legean; alabaina, gerora galdu egin zen, esparru honetako zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketaren merkantilizazio prozesu batean.

Ildo horretan, itun sozialen asmoa da diru-laguntzen edo bestelako finantzabideen alternatiba ere izatea, entitate sozialei harreman-eredu egonkorragoa eta garantistagoa emanez, gaur egun bide horretatik edo bestelako finantzabide batzuekin betetzen dituzten zerbitzu eta programei dagokienez. Horrenbestez aintzatetsi nahi da gizarte ekimeneko entitateek gizarte zerbitzuen sistemari nahiz osasun sistemari egiten dieten ekarpen erraldoia: giza baliabideetan, bitarteko ekonomikoetan eta materialetan, arretaren arloko esperientzian. Administrazio publikoaren eta gizarte zibilaren arteko elkarlanerako aukera berriak ireki nahi dira etorkizunerako. Askotan, arazo soziosanitarioak dituzten pertsonek beraiek sortutako gizarte ekimeneko entitateak dira, eta haien irabazi-asmorik gabeko helburu sozialak, bai eta baliabide erantsiak jartzeko daukaten ahalmenak ere, pizgarri bat eskaintzen dute zerbitzu eta prestazioak jasotzen dituzten pertsonendako arretaren etengabeko hobekuntzarako, bai kantitateari bai kalitateari dagokionez. Horri gehitzen badiogu gai izan ohi direla zerbitzuak prebentzio programekin eta lan boluntario soziokomunitarioarekin osatzeko, argi dago kudeaketa eredu honek balio erantsia lor dezakeela, eraginkortasunik edo efizientziarik galdu gabe.

Horrela, itun sozialak arautzeak bide ematen du zerbitzu sozialen, sanitarioen eta soziosanitarioen sistema publikoa zabaltzeko, eta herritarrei ematen ahal zaizkien bermeak ere handitzen dira, zerbitzuaren jarraitutasunaren ikuspegitik eta emandako prestazioen kalitate-estandarren ikuspegitik.

Itun sozialen bidezko zeharkako kudeaketa sistema honen ezaugarriak hauek dira: batetik, Europako zuzenbideak dakartzan baldintzak betetzen ditu, eta, bestetik, zerbitzuak adjudikatzeko prozedura errazagoak ezartzen ditu, bai eta zerbitzuen izaera ez ekonomikorako egokiak diren hautapen irizpideak ere, ahalik eta kalitate handiena eta beste xede sozial batzuk lortzeko xedea dutenak; eta, azkenik, bete beharreko klausula sozialak eta ebaluazioak ere txertatzen ditu, itun bakoitzean eta etorkizuneko itunei begira kalitatezko prestazioa bermatuko dutenak.

Foru lege honek 11 artikulu, hiru xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor eta bi azken xedapen ditu; haietako batek testuaren indar-hartzea ezartzen du, eta besteak ahalmena ematen die osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloetako eskumena duten kontseilariei, beharrezkoak diren erregelamenduzko garapenak egiteko. Ahalmena ematearen arrazoia da, batetik, araubide honek kontratu araubide arruntarekiko dituen desberdintasunak eta ordezko araubidea osorik arautu beharra dagoela, eta, bestetik, foru legearen garapenak berezitasunak dituela, osasunaren edo gizarte zerbitzuen esparru berariazkoari dagozkionak.

1. artikulua. Xedea eta printzipioak.

1. Foru lege honen xedea da pertsonei zerbitzu sozialak, sanitarioak eta soziosanitarioak emateko zeharkako kudeaketa arautzea, irabazi-asmorik gabeko entitateekin itunak eginez, 2.1 artikuluaren bidetik eta kontratazio publikoaren arloko araudiari lotu gabe, baliabide publikoak aski edo egoki ez direnean zerbitzu publikoen zorroa bermatzeko.

2. Itun sozialak antolaketarako tresnak dira, hurrengo 3. apartatuan ezarritako printzipioei lotuz helburu sozialak lortzeko xedea dutenak; Administrazio publiko eskudunek haien bitartez antolatzen ahalko dute pertsonentzako zerbitzu sozialen, sanitarioen eta soziosanitarioen prestazioa, zerbitzu horiek finantzatu, baliatu eta kontrolatzea beren eskumenekoak direnean, foru lege honetan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean aurreikusitako prozedura eta baldintzekin bat.

3. Nafarroako Administrazio Publikoek printzipio hauei jarraikiz itunduko dituzte zerbitzuak:

a) Itun bitartezko zerbitzu-ematea ondorio guztietarako izanen da hartua zerbitzu publikoen emate gisa, eta zerbitzu horiek ematen dituzten entitateek errespetatu beharko dituzte araudi sektorialean eta kasuan kasuko zerbitzu zorroetan zerbitzu horien erabiltzaileen alde ezarritako eskubide guztiak.

b) Zerbitzuaren kalitatea erabiltzaile guztientzat, zein diren ere haien baldintzak eta inguruabarrak, arreta integrala eta jarraitua emanez; itunen antolaketaren oinarri izanen da kalitatea, eta erabakigarria izanen da zerbitzuak emanen dituzten entitateak hautatzeko.

c) Subsidiariotasuna, halakotzat ulerturik lehentasunezkoa izan dadila baliabide berekien erabilerarik onena egitea; itun bat adjudikatu aurretik txosten bidez justifikatu beharko da baliabide berekirik ez izatea, eta itun baten adjudikaziorako deia egiteko unean desegokia edo ezinezkoa izatea itundu beharreko zerbitzuak baliabide berekien bitartez abian jartzea, aurrekontu-arrazoiengatik edo bestelakoengatik.

Baliabide berekiekin zuzenean ematen den zerbitzu baten kudeaketa ezin izanen da inoiz ere itun bidezko zeharkako kudeaketa bilakatu.

d) Elkartasuna, interes orokorreko zerbitzuen ematean hirugarren sektoreko entitateak inplikatzea sustatuz, eta ahal den neurririk handienean sustatuz helburu sozialak lor daitezela.

e) Gardentasuna, publizitatea eta itunera aurkezten diren entitateen aukera berdintasuna eta diskriminazio eza.

f) Baliabide publikoak efizientziaz esleitu eta erabiltzea.

g) Zerbitzu publikoen plangintza estrategikoarekin bat etortzea.

h) Entitate itunduak konprometitzea beren izaera horretaz ez baliatzera, merkataritza edo ekonomia jardueren arloan dihardutenean merkatuko batez besteko prezioak baino baxuagoak diren prezioen politika bat aplikatzeko, halatan lehiari eraginik.

i) Gizarte- eta ingurumen-helburuak sustatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagozkionak, entitateen eta zerbitzu publikoen kudeaketan berrikuntza eragitekoak, eta helburu horiek berariaz ezartzea itunen xedean edo betetze-baldintzetan.

j) Parte-hartzea, erabiltzaile diren herritarrak zerbitzuen ematean eta ebaluazioan egiaz inplikatzeko tresnak ezarriz; betiere, posible bada, itunaren xedeari begiratuta.

k) Administrazioarentzako betebeharra, enpresa etekinik ez aurreikustekoa itun bakoitzeko prezioa ezartzean, eta entitatearentzako konpromisoa, ituna gauzatzean etekina lortuz gero hori langile eta baliabideetan berrinbertitzera bideratzekoa, itunaren xede den zerbitzu-ematea hobetzeko, ezertan galarazi gabe amortizazioetarako beharrezkoak diren hornidurak.

l) Itundutako entitateetako langileen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanbide-kategoria bereko edo dagokioneko langileen artean ordainsariei eta lanaldiari dagokienez egon daitezkeen aldeak txikiagoak izatea, betiere horrek ekartzen ez badu itundutako zerbitzuaren gastua handitzea aurreko kudeaketa sistemarekin konparatuta; aldea handiagoa den kategorietan hurbiltzeari emanen zaio lehentasuna.

2. artikulua. Itunen adjudikaziohartzaile izateko baldintzak.

Zerbitzuak itun bidez emateko onartuak izan nahi duten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Irabazi-asmorik gabeko entitateak izatea, izaera horrekin eratuak eta erregistratuak, edo balizko etekin oro beren helburu sozialetan berrinbertitzeko helburua beren estatutuetan jasotzen duten entitateak. Horrez gain, honakoak frogatu beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitate gisa jardutea edo zerbitzu-emate gauzatuan aritzea itunaren deialdiaren aurreko bost urteetan gutxienik ere, eta esperientzia jarraitua izatea itunaren izaeraren edo itunaren xede den zentroaren arabera ezarriko den denbora-epean zehar.

b) Emaitza positiboen banaketarik ez egitea.

c) Bazkideek kapital sozialari eginiko ekarpenek, kasua bada, bai nahitaezkoek bai borondatezkoek, diruaren interes legala baino interes handiagorik sorrarazi ez izana; hori, halere, ez da oztopo izanen ekarpen horiek gaurkotzeko.

d) Zuzendaritza-organo ez-profesionaleko karguetan jardutea ordainsaririk gabekoa izatea; hori, halere, ez da oztopo izanen kargu haien eginkizunetan aritzeak sortutako gastuengatik bidezkoak diren ordain ekonomikoak jasotzeko.

e) Bazkide langileen edo, kasua bada, lan-bazkideen edo besteren konturako langileen ordainsariak ez izatea altuagoak sektore horretako soldatapeko langileentzat Nafarroan egon daitekeen hitzarmen kolektibo aplikagarriak, baldin badago, jardueraren eta lortutako kategoria profesionalaren arabera ezartzen dituen ordainsarien ehuneko 150 baino.

2. Araudi sektorialak itunaren xede diren zerbitzuak emateko eskatzen dituen baldintzak betetzea.

3. Horien xedeak itunaren xede den zerbitzuaren helburu sozialari eta elkartasunari laguntzea, baina, dituzten barne-arauekin bat, etekin ekonomikorik lortu ezinik, edo beren helburu sozialak lortzearren etekina berrinbertitzera beharturik egonda.

4. Entitate itunduak konprometitzea itun sozialen sinatzea ez baliatzera merkataritza edo ekonomia jardueren arloan dihardutenean merkatuko batez bestekoa baino prezio baxuagoen politika bat aplikatzeko, halatan lehiari eraginik.

5. Kontratu publikoei buruzko foru legeriak bere menpe dauden entitateen kontratista izateko eskatzen dituen betebehar guztiak beteta izatea, bai eta, osasun arloko itunen kasuan, osasun esparruan aplikatzekoa den bateraezintasunen gaineko legeria betetzen dela bermatzea.

6. Konprometitzea itunaren xede den zerbitzua ematera zerbitzu-emate horren ardura duen entitateak, organoak edo erakundeak deialdian ezarritako zenbatekoan, gehienez ere.

3. artikulua. Itunaren xede diren zerbitzuak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek erabaki dezakete foru lege honetan araututako itunen bidez kudeatzea beren titularitateko zerbitzu publikoak, maila espezializatuko izaera sozialekoak, sanitarioak edo soziosanitarioak, interes orokorrekoak pertsonei zuzeneko arreta emateko.

2. Baterako itun soziosanitarioak izenpetzen ahalko dira, bertan sartuta prestazio sanitarioak nahiz sozialak; prestazio bakoitzak bere araubide berariazkoa izanen du, baldintza teknikoak eta ekonomikoak eta erabiltzaileen eskubideak ezartzen dituena, eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kasuan, gai horietako eskumena duen edozein departamentuk tramitatu eta izenpetzen ahalko ditu itunak, aldez aurretik adosten dutenaren arabera.

3. Zerbitzu-emateak berarekin dakartzan prozesuek zerbitzu edo zentro desberdinetan esku-hartzeak egitera behartzen dutenean, Administrazio eskudunak ahaleginak eginen ditu bi entitate edo gehiagorekin baterako itunak izenpetzeko, eta akordio horretan koordinazio eta lankidetzarako bideak ezarriko dira, nahitaez bete beharrekoak.

4. Itun baten xedea zatitzeko, frogatu beharko da zatiketak ez duela ikuspuntu teknikotik sobera zailtzen edo garestitzen itunaren gauzatzea, eta lote desberdinetako zerbitzu-emaile desberdinak koordinatu beharrak ez lukeela berarekin ekarriko itunaren gauzatze egokiari kalte egiteko arrisku larririk.

5. Itunean xede nagusiaren osagarri edo lagungarri diren zerbitzuak jasotzen ahalko dira baldin eta, soilik, aldez aurretik hori justifikatzen bada, eta betiere haien zenbatekoa ez bada handiagoa interes orokorreko zerbitzuarena baino.

6. Nafarroako Administrazio Publikoek Kontratazioaren Atarian jakinaraziko dituzte ekitaldian zehar itun sozial bitartez adjudikatzea aurreikusitako zerbitzuak, bai eta izenpetutako itunak ere, horiek adjudikatu ondoren. Argitaratzen den informazioan nahitaez jaso beharko da ituna zein prezio, tarifa edo modulutan adjudikatu nahi den, eta adjudikazioa zuzenekoa edo publizitaterik gabea zein kasutan izanen den.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kasuan, Nafarroako Gobernuak urtero onetsiko du itun bidez adjudikatzen ahalko diren zerbitzuen zerrenda, horien berri aldez aurretik emateko.

4. artikulua. Itunetako baldintzak.

1. Adjudikazio prozedura guztietan, aurretiaz ezarriko dira aldeen eskubide eta betebeharrak ikuspegi juridiko, administratibo eta ekonomikoetatik definitzen dituzten baldintzak, bai eta hautaketa irizpideak, ituna gauzatzeko beharrezko diren zehaztapen teknikoak, ordura arte zerbitzua ematen ziharduten langileak subrogatzeko baldintzei buruzko informazio zehatza eta zerbitzu-ematearen ebaluazioa egiteko baldintzak ere.

Zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitate homogeneoa bermatze aldera, halaber aurreikusten ahalko da aldeek batera parte hartzea laguntza, irakaskuntza, ikerketa eta langileen prestakuntza jardueretan, itunaren xedearekin lotura duten gaietan.

2. Itunaren prezioa halako moduz kalkulatuko da non bermatuko baita itundutako zerbitzuei egokiro eutsi ahalko zaiela. Prezioak aski izan beharko du honakoak ordaintzeko: kasuan kasuko esparru baxueneko lan hitzarmen kolektibo sektorialeko lansari kostuak eta Gizarte Segurantzako kostuak, bai eta itundutako zerbitzuen garapenerako beharrezkoak diren gainerako kostu eratorriak ere, zuzenekoak nahiz zeharkakoak. Ezertan galarazi gabe kostu-eguneratzetik zer suertatzen den, prezioak ez du inoiz gaindituko tasa eta prezio publiko indardunei buruzko foru araudiaren arabera izanen litzatekeena, ez eta ordura arte zerbitzuak, araudi indardunaren arabera eskatu beharreko kalitatearekin edozein kudeaketa-moduren bidez emanda, izan duen prezioa edo kostua ere; horrek ez du ezertan galaraziko prezioa kalitate-estandar berrien arabera birkalkulatu behar izatea, prestazioak edozein hobekuntza izanez gero.

Administrazioak lansari kostuak kalkulatuko ditu 1.3.l) artikuluko printzipioa betetzea xede harturik. Lansari kostu horiek adierazi beharko dira lanbide kategoriaren arabera xehakatuta, kasuan kasuko esparru baxueneko lan hitzarmen kolektibo sektorialetik abiatuta eta, kasua bada, ituneko prezioan lansari aldeen minorizaziorako ezarritako gehikuntzarekin.

3. Eginiko itunetan bermatuko da arretak erabiltzaileentzat izanen dituen baldintza ekonomikoak izanen direla arreta hori Administrazio eskudunaren zentro berekietan emanez gero aplikatuko liratekeen berberak, eta araudi indardunarekin bat emanen dela. Itun soziosanitarioetan, erabiltzaileen eskubide ekonomikoak ituntzearen xede diren osasun edo gizarte prestazioetako bakoitzari dagozkionak izanen dira.

4. Itunaren xede den zerbitzua ematen duen entitateak erabiltzaileei xede horretatik kanpoko zerbitzuengatik edozein diru-kopuru kobratu ahal izateko, Administrazio eskudunak aldez aurretik berariaz baimendu beharko du.

5. Itundutako entitateek frogatu egin beharko dute egokiak direla itunaren xede diren zerbitzuak emateko, bai eta ituna gauzatzen hasteko unean badituztela behar adinako bitarteko material eta langile ere.

5. artikulua. Adjudikazio prozedurak.

1. Itunak kasu hauetan soilik ahalko dira zuzenean adjudikatzen:

a) Beharrezkoa denean egoitza-zerbitzuen eta eguneko zentroen edo bestelakoen onuradunentzako laguntzaren jarraitutasuna bermatzeko.

b) Foru Lege honi jarraikiz zerbitzu bat itun bidez adjudikatu ahal zaien entitateetako bat zerbitzu hori ematen ari denean edo eman lezakeenean, zerbitzu hori sistema publikokoa izanik, Foru Komunitatearen nahiz Estatuaren esparruko beste arau batean jasoa, eta entitateak onartzen badu Administrazioaren eskueran uztea zerbitzuaren kostuaren finantzaketaren parte bat, halako moduz non Administrazioarentzako prezioa txikiagoa izanen den 4.2. artikuluaren arabera kalkulatutakoa baino.

Halako kasuetan, Administrazioak egoera berean dauden entitate guztiei jakinaraziko die, eta adjudikazioa eginen du hurrengo apartatuari jarraikiz, betiere jakinaren gainean badago bat baino gehiago daudela egoera berean, edota beste batzuek egoera berean daudela jakinarazi eta eskaintza egiten badute. Adjudikaziorako irizpideak 6. artikuluan jasotakoak izanen dira, eta kontratuei buruzko legeriak ohi baino baxuagoak diren eskaintzetarako jasotako araubidea aplikatu ahalko da, behar bezalako zerbitzu-ematea ziurtatze aldera.

c) Kontratu publikoak publizitaterik nahiz norgehiagokarik gabeko prozeduren bidez adjudikatzea erabaki daitekeen kasu beretan.

2. Zerbitzuak publizitaterik gabe adjudikatzen ahalko dira kontratu publikoak publizitaterik gabe baina norgehiagokako prozedura erabiliz adjudikatzen ahal diren kasu beretan. Beharrezkoa izanen da 2. artikuluan jasotzen diren baldintzak betetzen dituzten entitateen hiru eskaintza eskatzea, gutxienez.

3. Aurreko kasuetan sarturik ez dauden gainerako itunak publizitatearekin adjudikatuko dira.

4. Kontratazio publikoari buruzko araudiak kontratazioen kudeaketa hobetzeko aurreikusten dituen sistema guztiak erabiltzen ahalko dira adjudikazioen kudeaketa hobetzeko.

6. artikulua. Adjudikazio irizpideak.

1. Aldi bakar batean baloratuko dira kasu bakoitzean ezartzen diren onarpen- eta hautapen-irizpideak, itun bakoitzerako aurreikusitako ponderazio-hurrenkerari jarraikiz. Beti hartu beharko da kontuan a) letran aipaturikoa, eta lehentasuna emanen zaie, besteak beste, ondokoei:

a) Entitatea itunari atxikitzera konprometitzen den langileen lansarien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kasuko lanbide kategoriako langileen lansarien artean aldea txikiagoa duena izatea; betiere, bigarren horretakoena altuagoa bada.

b) Zerbitzu mota bera ematen lorturiko esperientzia-urte frogatuak.

c) Zerbitzua eman behar den tokian duen ezarpena.

d) Eskaintzaren balio teknikoa.

e) Arreta jasotzen duen tokian nolako errotzea duen pertsonak.

f) Zerbitzu-ematerako ezinbestekoa den arlo berariazkoan zerbitzua emanen duen giza taldeak duen prestakuntza berariazkoa; hau da, gizarteratzean, bazterketan, generoan, desgaitasunean, zainketa aringarrietan eta abarretan.

g) Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta gai horri buruz dagoen edo egon daitekeen foru araudian berdintasunari eta kontziliazioari dagokienez ezarritako gutxienekoak hobetzea.

h) Erabiltzaileen balorazioa zerbitzuen ematean eta ebaluazioan.

i) Arretaren izaera integrala.

j) Sarean lan egitea beste entitate batzuekin, antzeko prestazio eta zerbitzuen kudeaketan, hurbiltasun eta parte-hartze irizpideekin bat.

k) Jardunbide sozial onak, hala nola zerbitzu itundua eman behar duen entitateko langile taldean sartzea lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen kopuru adierazgarri bat, bai eta emakume kualifikatuak eta/edo zuzendaritza postuetakoak.

l) Entitateko langileen hizkuntza eskakizunak egokiak izatea, erabiltzaileen hizkuntz eskubideak bermatzeko beharrekin eta eskaerekin bat.

m) Entitateen gaitasuna eta egokitasuna baloratzeko erabakigarria den beste edozein.

2. Aldagaiak aurkeztea ere onartu edo eskatzen ahalko da, eta, kasua bada, baloratzen.

7. artikulua. Itunen iraupena eta gauzatzea.

1. Oro har, itunek hiru urteko gehieneko iraupena izanen dute hasiera batean, eta gero hiru urteko aldietarako luzatzen ahalko dira, gehienez ere bederatzi urtez, betiere zerbitzu-ematearen ebaluazioa positiboa izan bada. Halaber ezartzen ahalko da urtebeteko hasierako iraupena, eta urtetik urtera luzatu, lehen aipatutako gehieneko guztizko iraupeneraino, aurretik ebaluazio positiboa jaso badute.

2. Itunen ondoriozko eskubide eta betebeharrak, guztiak nahiz batzuk, beste entitate batzuei lagatzekotan, itunen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten entitateen alde baizik ez da eginen, Administrazioak aldez aurretik berariaz baimenduta, kontratu publikoei buruzko foru legedian ezarritako kasu eta baldintzetan.

3. Interes orokorrekoak ez diren zerbitzu osagarrien azpikontratazioa egiten ahalko da soilik itunaren xedearen parte direnean, itunaren baldintzetan hala aurreikusirik baldin badago eta horietan aurreikusitako gehieneko mugarekin, zeina ez baita inoiz izanen itunaren prezioaren ehuneko 20 baino handiagoa.

4. Itunaren xede diren prestazioetako aldaketen zenbatekoa, batera, ez da itunaren prezioaren ehuneko 50etik gorakoa izanen Nota de Vigencia.

8. artikulua. Klausula sozialak.

Foru lege honen 6. artikuluan adjudikaziorako ezarritako irizpideez gain, Nafarroako Administrazio Publikoek, nahitaez, eskakizun sozialak jaso beharko dituzte, foru lege honen xede diren eta izenpetzen dituzten itun guztietako baldintzetan, zerbitzua ematen duen entitateko langileen baldintzei dagokienez eta gauzatze-baldintzen bidez, helburu sozialak lortzea ahalik eta gehien sustatuz, bereziki langabeziarekin, laneko segurtasunarekin, eskubide sindikalekin, bazterketa sozialarekin, desgaitasunarekin eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin zerikusia dutenak, kasua bada kontratazio publikoan aplikatuak izateko ezartzen diren irizpide orokorrekin bat.

9. artikulua. Itunak ez betetzea eta iraungitzea.

1. Itunaren baldintzen ez-betetzeak, suntsiarazpen kausa ez badira, kontuan hartuko dira zerbitzu-ematea ebaluatzeko; eta, errepikatzen badira, suntsiarazpen-kausa izan daitezke itunaren baldintzetan ezartzen den gehienekotik gorakoak badira; baldintzetan gutxienekorik ezarri ez bada, bost ez-betetze gertatzen direnean ulertuko da suntsiarazteko kausa dagoela.

2. Itunak azkentzeko kausak honakoak izanen dira:

a) Ituna zer entitateri adjudikatu zaion, entitate horren nortasun juridikoa azkentzea.

b) Ituna zer entitateri adjudikatu zaion, entitate horren bideragarritasun ekonomikorik eza.

c) Bi alderdiek adostea.

d) Itunaren iraupen epea amaitzea.

e) Itunaren baldintzen ez-betetze larriak izatea, zuzendu ez direnak horretarako aurretik eskatuta ere.

f) Entitateak zerbitzu-emateari atxikita dituen langileen lan baldintzetan ez-betetze garrantzitsuak izan direla frogatzea.

g) Erabiltzaileei onartutako eskubideei dagokienez, ez-betetze larria edo errepikatua gertatzea.

h) Erabiltzaileei edozein diru kopuru kobratzea, Administrazioak aurretik horretarako baimenik eman gabe.

i) Legeak zentroaren funtzionamendua eta erregistroa baimentzeko eskatzen dituen baldintzak ez betetzea.

j) Itunaren baldintzetan berariaz ezartzen direnak.

k) Itundutako zerbitzuak kontratatu, laga edo azpikontratatzeko murriztapenak urratzea.

l) Itundutako entitatearen kreditazioa, homologazioa edo baimen administratiboa errebokatzea.

m) Zerbitzu itunduen ematea zerbitzu horiek bitarteko publikoekin zuzenean kudeatzera itzultzea.

n) Aplikatzekoa den araudi sektorialean edo, kasua bada, izenpetutako itunetan bertan ezarritako gainerako kausak.

3. Ituna azkendu ondoren, entitate, organo edo erakunde eskudunak bermatuko du itunaren xede izandako zerbitzua ematen jarraituko dela.

10. artikulua. Itunen ebaluazioa.

1. Itun sozialen gauzatzea ebaluatu eginen da, horiek luzatzea bidezkoa den eta prestazioa itun sozialaren araubidearekin mantentzen den erabakitzeko; ebaluazioak balio dezake, halaber, beste itun batzuk izenpetzea egokia ote den aztertzeko eta itunak arautzen dituen araudia ebaluatzeko.

2. Ebaluazioan kontuan hartuko dira itun bakoitzerako ezarritako baldintzen balizko ez-betetzeak, ezarritako kalitate helburuak eta horiek noraino bete diren, eta zerbitzuaren erabiltzaileek ere parte hartuko dute.

3. Itunaren jarraipenerako batzorde paritario bat eratuko da, urtean gutxienez bi bilera eginen dituena, egindako jarduketak aztertzeko, memoriak aurkezteko eta entitateen ordezkariei entzuteko, Administrazioak behar diren kontrol neurriak hartu aurretik foru lege honetan ezarritako baldintzak betetzeari dagokionez, eta Administrazioaren eskumeneko ebaluazioa behin betikotzat jo aurretik.

4. Amaierako ebaluazio bat eginen da gutxienez, eta, izenpetutako itunak hiru urteko iraupena baldin badu, hasieratik ezarria edo luzapenaren ondoriozkoa, tarteko ebaluazio bat egin beharko da nahitaez, zerbitzu-ematea hasi eta urte eta erdira.

11. artikulua. Araubide osagarria.

Zalantzak edo hutsuneak agertzen direnean, foru lege honetan nahiz foru lege hau aplikatuz itun bakoitzerako ezartzen diren baldintzetan aurreikusi gabe dauden gaietan, kontratazio publikoari buruzko foru legerian jasotako arau eta printzipioak aplikatuko dira, kudeaketa mota honekin bateragarriak direnak, eta, kasua bada, osasun arloko araudia, esparru sektorial horretako itunetarako.

Lehen xedapen gehigarria .–Dirulaguntzekiko bateraezintasuna.

Itunen araubidea eta jarduera eta zerbitzu berak finantzatzeko diru-laguntza publikoen araubidea bateraezinak izanen dira, salbu eta Administrazioaren finantzaketa partziala duten zerbitzu itunduen kasuan. Azken kasu horretan, Administrazioak itunaren ondorioz ordaindutako prezioaren eta beste organo edo entitate batetik entitateak jasotzen dituen diru-laguntza publikoen batura ez da zerbitzuaren kostu osoa baino handiagoa izanen.

Bigarren xedapen gehigarria .–Loturahitzarmenekiko bateragarritasuna.

Foru lege honetan araututako itunak eta lotura-hitzarmen bereziak bateragarriak izanen dira, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 66. artikuluan eta hurrengoetan araututako moduan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 77. artikuluan xedatutakoarekin bat, foru lege honen xede diren zentro eta zerbitzuak Erabilera Publikoko Laguntza Sarean sartzeko, lotura-hitzarmen berezia izenpetu beharko da, eta Nafarroako Foru Parlamentuak aurretiaz berretsi beharko du.

Hirugarren xedapen gehigarria .–Zerbitzua baliabide berekiekin eman ezinari buruzko aginduzko txostena.

Foru lege honen 1.3 c) artikuluan aipatzen diren txostenak batzorde bati zuzenduko zaizkio; batzorde hori itunak egiten dituzten departamentuek eratuko dute, foru lege honen lehen xedapen iragankorrak aipatzen duen azterlana prestatzeko.

Lehenengo xedapen iragankorra .–Zerbitzuen zeharkako kudeaketari buruzko azterlana.

Foru lege honek indarra hartu eta bi urteko epean, zeharkako kudeaketa duten zerbitzu publikoak dituzten departamentuek, foru lege honetan jasotako parametroekin itun sozialak ezartzeko asmoa dutenek, azterlan bat prestatuko dute zeharkako kudeaketa bidez ematen dituzten zerbitzu guztiei buruz, eta horiek pixkanaka berreskuratzen joateko azterketa eta plangintza bat aurkeztuko diote Nafarroako Parlamentuari.

Bigarren xedapen iragankorra .–Irabaziasmorik gabeko entitate gisa zerbitzuak egiaz ematea.

Foru lege honen 2.1. a) artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, arauak indarra hartu aurretik eratutako entitateen kasuan, egiazko zerbitzu-ematearen epea bi urtekoa izanen da.

Hirugarren xedapen iragankorra .–Itunak eta loturahitzarmen bereziak osasunaren arloan.

Osasun arloko araudian aurreikusitako lotura-hitzarmen bereziei eta osasun arloko itunei foru lege hau aplikatuko zaie araudi horretan ezarritakoari aurka egiten ez dion guztian.

Azken xedapenetan lehena .–Arauak emateko gaikuntza.

Osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloetan eskumena duten kontseilariei ahalmena ematen zaie foru lege honek behar adina erregelamenduzko garapen egiteko.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko azaroaren 16an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1713431

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web