660/2017 FORU AGINDUA, AZAROAREN 17KOA, OSASUN KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO ZERBITZU ZORRO OSAGARRIAN SARTZEN DITUENA, BATETIK, SEXU BEREKO BIKOTEKIDEEKIN BIZI DIREN EMAKUMEENTZAKO EDO BIKOTEKIDERIK EZ DUTEN EMAKUMEENTZAKO UGALKORTASUN ETA ERNALKETA TRATAMENDUEN PRESTAZIOAK, ETA, BESTETIK, EREKZIOAREN DISFUNTZIO IATROGENIKOAREN TRATAMENDU FARMAKOLOGIKOA
BON N.º 228 - 27/11/2017
Azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuaren bidez, sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezarri zen.
Aipatu 103/2016 Foru Dekretuaren 4. artikuluan, sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko zerbitzuen zorroa dago jasota.
Lehen xedapen gehigarrian ezartzen da ezen foru agindu bidez sartuko direla Foru Komunitateko zerbitzu zorro osagarrian sexu bereko bikotekidearekin bizi diren edo gizonezko bikotekiderik ez duten emakumeei indikazio terapeutikorik frogatu behar izan gabe emanen zaizkien ugalkortasun eta ernalketa tratamenduen prestazio berriak eta erekzioaren disfuntzio iatrogenikoaren tratamendu farmakologikoa, behin egiaztatutakoan betetzen direla prestazio osagarriak onartzeko aurretiazko baldintzak, zeinak jasota baitaude Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren 8. quinquies artikuluan.
Aipatu apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren 8. quinquies artikuluak honako baldintza hauek jasotzen ditu labur adierazita: Osasun Sistema Nazionalaren zorro amankomuna bermatuta egon dadila; askitasun finantzarioa bermatzea aurrekontuen egonkortasun irizpideak betetze aldera zorro osagarrian zerbitzu berriak sartzeari dagokionez; aurrez Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Batzordeari informatzea; eta Osasuneko, Zerbitzu Sozialetako eta Berdintasuneko Ministerioari jakinaraztea.
Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 5.14 artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko osasun administrazioak prestazio osagarriak ezartzen ahalko dituela, eta horiek gauzatzen ahalko direla berariazko programazioa eta aurrekontuan zuzkidura espezifikoa egin eta gero.
Aurrerago, ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legeak, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoak, 18. artikuluan ezartzen du, ernalketa arloko osasun laguntzari dagokionez, bermatuta egonen dela ugalketa lagunduko teknikak jasotzeko aukera eta horien onuradun izanen direla haurdun gelditzeko gaitasuna duten LGTBI+ pertsona guztiak eta haien bikotekideak, berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko araubidean.
Lehenengo xedapen iragankorrean ezartzen da ezen, kalterik egin gabe foru lege honetan osasun arloari dagokionez jasotako neurriak aurrez eta pixkanaka txertatzeari, kontuan hartuko direla sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuan ezarritako osasun jarduketak eta epeak, eta hori guztia koherentziaz txertatuko dela.
Horrenbestez, aipatutako araudia betetze aldera, eta batez ere 103/2016 Foru Dekretua garatze aldera, bidezkoa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zorro osagarrian sartzea, indikazio terapeutikorik frogatu behar izan gabe, sexu bereko bikotekideekin bizi diren emakumeentzako edo gizonezko bikotekiderik ez duten emakumeentzako ugalkortasun eta ernalketa tratamenduen prestazioak eta erekzioaren disfuntzio iatrogenikoaren tratamendu farmakologikoa.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Foru agindu honen xedea da Nafarroako zerbitzu zorro osagarrian sartzea, batetik, sexu bereko bikotekideekin bizi diren emakumeentzako edo bikotekiderik ez duten emakumeentzako ugalkortasun eta ernalketa tratamenduen prestazioak, eta, bestetik, erekzioaren disfuntzio iatrogenikoaren tratamendu farmakologikoa.
2. artikulua . Prestazioaren onuradunak.
1. Foru agindu honetan jasotako prestazioen onuradun izan daitezke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman eta bermatzen duen banakako osasun-txartelaren titularrak direnak.
2. Prestazioak jasotzeko eskubidea izanen dute, baita ere, otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legearen aplikazio esparru subjektiboan dauden pertsonek (lege horrek Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen die Nafarroan bizi diren pertsonei).
3. artikulua . Prestazioak.
Nafarroako zerbitzu zorro osagarrian honako prestazio hauek sartzen dira:
a) Giza ernalketa lagunduko tratamenduak sexu bereko bikotekidearekin bizi diren emakumeentzat, bikote heterosexualen baldintza beretan, baldin eta betetzen badira aplikatu beharreko teknikaren irizpide orokorrak eta berariazkoak, urriaren 31ko SSI/2065/2014 Aginduan ezarritakoak, indikazio terapeutiko onarturik frogatu behar izan gabe.
b) Intseminazio artifiziala, emaile baten gametoa baliatuz, gizonezko bikotekiderik ez duten emakumeentzat, baldin eta betetzen badira aplikatu beharreko teknikaren irizpide orokorrak eta berariazkoak, urriaren 31ko SSI/2065/2014 Aginduan ezarritakoak, indikazio terapeutiko onarturik frogatu behar izan gabe.
c) Erekzioaren disfuntzio iatrogenikoaren tratamendu farmakologikoa.
4. artikulua . Prestazioak jasotzeko baldintzak.
1. Erekzioaren disfuntzio iatrogenikoaren tratamendu farmakologikoa jaso ahal izateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko urologiako fakultatibo espezialista batek agindu behar du botika, betiere aurrez historia klinikoan jasota badago disfuntzioaren jatorri iatrogenikoa.
2. Foru agindu honetan aipatzen diren giza ernalketa lagunduko tratamenduak jaso ahal izateko, beharrezkoa izanen da aurrez dagokion sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroko fakultatiboek Ernalketa Lagunduaren Unitatera bideratzea eta betetzea urriaren 31ko SSI/2065/2014 Aginduan ezarritako baldintza teknikoak, indikazio terapeutiko onarturik frogatu behar izan gabe (agindu horrek Osasun Sistema Nazionaleko guztientzako zerbitzuen zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1020/2006 Errege Dekretuaren I., II. eta III. eranskinak aldatzen ditu).
5. artikulua . Onuradunen ekarpena tratamendu farmazeutikoetan.
Foru agindu honetan jasotako prestazioen onuradun diren pertsonek botiken prezioan egin beharreko ekarpena Osasun Sistema Nazionaleko prestazio farmazeutikoetarako ezarritako ekarpenaren baldintza berberetan eginen da.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko azaroaren 17an.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1713428