102/2017 FORU AGINDUA, AZAROAREN 13KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ESKOLA-GARRAIOAREN ZERBITZUAREN ANTOLAKETA ETA HAREN FUNTZIONAMENDUA, ETA ESKOLA-JANTOKIRAKO BANAKAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
BON N.º 223 - 20/11/2017
Hezkuntzari buruzko maiatzen 3ko 6/2006 Lege Organikoaren 4. artikuluak ezartzen duenez, “lege honen 3.3 artikuluan aipatutako oinarrizko irakaskuntza nahitaezkoa eta doakoa da pertsona guztientzat”. Lehen hezkuntzak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzak osatzen dute oinarrizko hezkuntza (LOEren 3.3 artikulua).
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak eman zituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak eskola-barrutiak ezarri zituen ikasleen eskolatzea antolatzeko zedarritze-unitate gisa; hartara, eskola-barrutia da irakaskuntza maila guztietako ikastetxeak (Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak eta Bigarren Hezkuntzakoak) dituen geografia- eta populazio-unitate zehatza. Ikasleak barrutiko ikastetxe publiko bati atxikitzeak berarekin dakar Administrazioak behar diren zerbitzuak eman beharra hezkuntzarako eskubidea derrigorrezko irakaskuntza mailetan gauzatze aldera.
Eskola-garraio zerbitzua geroz eta handiagoa eta konplexuagoa denez, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuak jarduteko ildo nagusiak eta irizpideak zehaztea, eta foru agindu honen xedea da eskola-garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak eta eskola-jantokirako banakako laguntzak ezartzea.
Foru agindu honen ondorioetarako, ikasle onuradunak egunero edo astero bere ohiko bizilekutik ikastetxeraino eta ikastetxetik etxeraino egiten dituen bidaiak hartuko dira eskola-garraiotzat.
Gauzak horrela, foru agindu honek mugatu nahi du, lehenik, eskola-garraioaren zerbitzuaz balia daitezkeen ikasleak zein diren, egiten dituzten ikasketetatik eta eskolatuak dauden ikastetxeetatik abiatuz, betiere kontuan harturik martxoaren 13ko 69/1995, martxoaren 13ko 150/1996, martxoaren 30eko 109/1998 eta apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuek ezarritako eskola-zonifikazioa, eta alde batera utzita beste hezkuntza-programa batzuen bitartez zerbitzu hau jasotzen duten ikasleak, esate baterako: beka eta laguntza deialdiak. Halaber, zerbitzu hori nola emanen den zehaztu da, hots, batetik garraio kolektiboa eta bestetik garraiorako banakako laguntzak.
Garraiorako banakako laguntzei berariaz dagokienez, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak eskatutakoari jarraituz, ikasturte bakoitzerako jarraibideak onesten dituen ebazpenean eginen da kostu ekonomikoaren gutxi gorabeherako aurreikuspena.
Horretaz gainera, foru agindu honek kontuan hartzen du derrigorrezkoak ez diren ikasketetako ikasleen garraio-zerbitzua guraso-elkarteekin eta bestelako entitate sustatzaileekin batera antolatzea, hutsik gelditzen diren eserlekuekin zer egin, eta eskola-garraioaren kudeaketaren eta gainbegiraketaren gaineko hainbat alderdi ere lantzen ditu besteak beste.
Halaber, foru agindu honetan arautzen dira garraioaren onuradun eta jantokiko erabiltzaile diren ikasleentzako jantokirako banakako laguntzak, honako hauetan arautzen diren baldintza beretan: 246/1991 Foru Dekretua, uztailaren 24koa, derrigorrezko irakaskuntza-mailetan Nafarroako ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetako eskola-jantokiak arautzen dituena; eta 186/1993 Foru Agindua, maiatzaren 11koa, dekretu hura garatzen duena.
Horiek horrela, Estatuak irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatearen esku uztea onesten duen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak eskola-garraioaren ezarpenaren eta kudeaketaren arloan ezartzen dituen eginkizunak betez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.
Foru agindu honen xedea da arautzea eskola-garraioaren onuradun eta jantokiko erabiltzaile diren ikasleentzako eskola-garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak, baita eskola-jantokirako banakako laguntzak ere.
Foru agindu honen ondorioetarako, ikasle onuradunak egunero edo astero bere ohiko bizilekutik ikastetxeraino eta ikastetxetik etxeraino egiten dituen bidaiak hartuko dira eskola-garraiotzat.
2. artikulua . Eskolagarraioaren ikasle onuradunak.
1. Foru agindu honen bidez ezartzen diren neurriek helburu nagusi bat dute: Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta eta Nafarroako Gobernuaren mende dauden ikastetxe publikoetan, Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten dituzten ikasleen eskola-garraioa antolatu, koordinatu, bermatu edo laguntzea, baita Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketa Bereziko ikastetxeetan eta berariazko unitateetan ikasten duten ikasleena ere.
2. Aurreko apartatuan zehaztu baldintzak bete eta, Nafarroako Gobernuak martxoaren 13ko 69/1995, martxoaren 13ko 150/1996 eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretuen bidez ezarritako eskola-zonifikazioaren arabera, dagokien ikastetxe publikoan eskolatuak dauden ikasleek dute eskola-garraioko zerbitzua jasotzeko eskubidea, baldin eta ikastetxe hori ikaslearen ohiko bizilekua ez den herri batean baldin badago, hau da, ikaslearen ohiko bizitokia ez den herri batean dagoen ikastetxera joateko erabiltzen bada, salbu eta Hezkuntza Departamentuak zehaztutako inguruabarrak badaude edo Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan eskolatutako ikasleak badira, edo desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala izateagatik hiri-garraio publikoa erabiltzerik ez duten ikasleak badira.
3. Aurreko puntuan sartutzat jotzen dira entzumen eta mugimendu desgaitasunak dituztenak integratzeko lehentasunezko ikastetxe publikoetan eskolatuta dauden ikasleak, Hezkuntza Departamentuak igorriak; orobat, hezkuntza-arrazoi hutsengatik, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza bereziko ikastetxe pribatu itunduetara, edo ikastetxe pribatu itunduetako berariazko unitateetara edo hezkuntza-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateen curriculum egokituko programetara eskolatzera igorritako ikasleak.
4. Era berean, eskola-garraioaren onuradun izanen dira, 1. eta 2. puntuetan adierazitako baldintzak beteta, Hezkuntza Administrazioaren eskariz (bai eskolatzearen hasieran bai horren jarraipenean) kasuan kasuko mailako lehen ikasmailako ikasketak eskola-zonifikazioaren arabera ez dagokien ikastetxe batean hasi zituzten edo hasi behar dituzten ikasleak.
5. Halaber, eskola-garraioaren onuradun izanen dira ikastetxe publikoetan hizkuntza-eredu ofizial jakin bat aukeratu ezinik eredu horretan eskolatzearren ikastetxe pribatu itundu batean eskolatu behar izan duten ikasleak.
Zerbitzu honen onuradun izateko baldintzak gainerako ikasleei oro har ezartzen zaizkienak dira; zehazki, artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan xedatzen direnak.
6. Ez dira eskola-garraioaren zerbitzuaren onuradun izanen Lanerako Prestatzeko Lantegietan, HOHIPetan eta NHBHIan ikasten duten ikasleak, ez eta ikasturtea hasten den urte naturalean 18 urtetik gora (21etik gora Hezkuntza Berezian) betetzen dituztenak ere.
3. artikulua . Garraio motak.
1. Foru agindu honen 2. artikuluan aipatu ikasleentzako eskola-garraioaren zerbitzua bi modutara egiten ahalko da: Hezkuntza Departamentuak antolatu, kudeatu eta finantzatua, edo garraiorako banakako laguntzen bidezkoa.
4. artikulua . Garraio kolektiboa.
1. Distantziek, bideen trazadurak eta egokitasunak, ikasle kopuruak eta ikastetxeen ordutegien koordinazioak aukera ematen badute, Hezkuntza Departamentuak berak antolatu, kudeatu eta finantzatuko du garraio kolektiboa.
2. Garraio kolektiboa antolatzerakoan kontuan izanen dira Hezkuntza Administrazioak 2. artikuluan aipatu ikasleei buruz bere esku dituen datuak, hots, ikasturterako ezarritako epe arruntean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan onartutako ikasleei dagozkienak.
Ikastetxeek eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (NHBBZH) emanen dizkiete datuok Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntza Departamentuak horretarako prestatutako bitarteko elektronikoen bidez. Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen urteroko onarpen aldia zehazten duten ebazpenetan ezarritako egutegiaren arabera zehaztuko da zein izanen den datu horiek aurkezteko epea.
Inskribatzeko epe arrunta bukatu eta gero, ikastetxe batean inskribatzen diren ikasleek garraio kolektibo antolatua erabiltzeko eskubidea izanen dute, baldin eta eserleku hutsik bada bertan.
Eskola-garraioaren zerbitzua erabiltzeko eskubidea duten eta inskribatzeko epe arrunta bukatu eta gero bizilekua aldatzen duten ikasleek ez dute garraio kolektiborako eskubiderik izanen, salbu eta jadanik garraio kolektiboko ibilbide antolaturik bada haren bizileku berritik ikastetxeraino, eta hartan eserleku librerik bada.
3. Oro har, ez da garraio kolektiborik antolatuko edo kudeatuko ikaslearen bizilekuari dagokion eskola-barrutitik kanpo dagoen ikastetxe batera, ezta Derrigorrezkoaren Ondoko Hezkuntzako ikasleentzat ere, Hezkuntza Departamentuak zehazten dituen egoera berezietan izan ezik.
4. Garraio kolektiboa oro har antolatu eta kudeatuko da ibilbideak gutxienez lau erabiltzaile baditu, eta bizilekutik ikastetxerainoko distantzia, lerro zuzenean, hiru kilometro edo gehiago bada, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
5. artikulua . Garraiorako banakako laguntzak ematea.
1. Garraio kolektiboa antolatzeko egoerarik suertatzen ez bada, Departamentuak zerbitzu hori emanen die foru agindu honen 2. artikuluan aipatu ikasleei, garraiorako banakako laguntzen bidez, baldin eta ikastetxea ikaslearen bizilekua ez den herri batean badago eta bizilekutik hurbilen dagoen garraio kolektiboko geralekurainoko edo ikastetxerainoko distantzia bi kilometro edo gehiago bada.
2. Halaber, garraiorako banakako laguntza jasotzen ahalko dute foru agindu honen 2.5 artikuluan aipatzen diren ikasleek, salbu eta, beren herrian bertan dauden ikastetxe publikoetara joateko garraio kolektibo antolatuan eserleku hutsik bada eta haietako bat esleitzen bazaie.
3. Hona hemen garraiorako banakako laguntza motak eta haien zenbatekoa:
a) Bidaiarien garraio erregularra erabil dezaketen ikasleak: txartelaren prezioa.
b) Bidaiarien garraio erregularraren zerbitzua erabiltzerik ez duten ikasleek ikasturte bakoitzerako eskola-garraioaren jarraibideak ezartzen dituen ebazpenean zehaztutako zenbatekoa jasoko dute, betiere ikaslearen bizilekutik ikastetxera edo hurbileneko autobus-geralekura dauden kilometroen arabera. Ikasle bat baino gehiago badaude familia, herri edo bizitegi-zona bakandu berean, eta herri berera joan behar badute, ikastetxe batera edo batzuetara, bateragarria den ordutegian, garraiorako banakako laguntzak kalkulatzeko, erabilitako garraiobidearen antolaketa bateratua hartuko da kontuan, baimendutako eserlekuak bete arte.
Distantzia, laguntza hauen ondorioetarako, ikaslearen etxebizitza dagoen hirigunetik ikastetxeraino edo hurbilen dagoen garraio kolektiboko geralekuraino dagoena izanen da. Bizitegi-zona bakanduen kasuan (baserriak, etab.), distantzia ikaslearen etxetik bertatik hasita neurtuko da.
c) Hezkuntza Departamentuak, salbuespenezko inguruabarretan, banakako laguntzen zenbatekoa handitzen ahalko du ikasleen eskolatzean, baldin eta garraiobideak eskuratu eta erabiltzeko benetako zailtasunak badituzte.
4. Garraiorako banakako laguntzak Hezkuntza Departamentuak ezarritako epeak betez eta prozedurari jarraikiz eskatuko dira.
Eskatzaileek eskaeran egiaztatu beharko dute betetzen dituztela laguntzetarako eskubidea izateko baldintzak, bereziki, beren bizilekuaren eta handik ikastetxeraino edo garraio kolektiboko geralekuraino dagoen distantziaren gainekoak.
Hezkuntza Departamentuak, dokumentazioa aztertu ondoren, emandako laguntzen ordainketa eginen du.
5. Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari bi zerrenda igorriko dizkie; zerrenda batean garraiorako banakako laguntzak jasoko duten ikasleak adieraziko dira, eta eserleku hutsetan garraiatuko direnak, bestean.
6. artikulua . Laguntzaileak.
1. Ikastetxe publikoetako eskola-garraio kolektiboko laguntzaileen zerbitzua ezarri da, bederatzi eserleku baino gehiago izanik, Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasleak eramaten dituzten ibilgailuetarako, eta, Hezkuntza Departamentuak ezarritako salbuespenezko kasuetarako.
Ibilbide eta ibilgailu bakoitzeko laguntzaile bat egonen da, adinez nagusia izanen dena, lan horretarako egokia, gidaria ez dena, garraiolariak baimendutakoa, salbu eta zerbitzua antolatzen duen entitateak baimen dezala itundu bada.
Laguntzailea baimentzeak ez du inola ere lan-harremanik sortuko zerbitzua antolatzen duen entitatearekin.
Laguntzaileak ibilgailuaren segurtasunerako mekanismoek nola funtzionatzen duten jakinen du, baita instalazio espezifikoak eta plataforma jasotzaileak ere, ibilgailu egokituen kasuan, eta bere eserlekua erdiko edo atzeko zerbitzu-atearen ondoan egonen da.
Bestalde, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zerbitzua ematerakoan adingabeekin ohiko harremana duten langile guztiak, ezin izanen dira epai irmo baten bidez kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu-eraso eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, zerbitzua ematen duten langileen inguruabar hori egiaztatzeko, garraio-enpresek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko diote eskola-garraioan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko administrazio-unitateari.
2. Laguntzailearen eginkizunak.
Laguntzailearen eginkizunak ezarriko dira ikasturte bakoitzerako onesten den jarraibideen ebazpenean.
7. artikulua . Ibilbideak, geralekuak eta bidaiaren gehieneko iraupena.
Ikasleen eta adingabeen garraioaren segurtasun-baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuari jarraituko zaio.
8. artikulua . Garraioaren plangintza bateratua.
1. Eskola-garraio kolektiboaren antolaketa eta finantzaziorako dauden baliabideak ahalik eta hobekien erabiltzeko asmoz, zerbitzua beste entitate sustatzaile batzuekin batera antolatzen ahalko da, hala nola udalekin eta ikastetxe publikoetako ikasleen guraso-elkarteekin.
Lehenbiziko kasuan (garraioa udalekin batera antolatuz), lankidetza-hitzarmena sinatuko da udalen eta Hezkuntza Departamentuaren artean. Hitzarmen horretan udal interesdunari edo kasuan kasuko udal partzuergoari eskola-garraioa antolatu, kudeatu eta kontratatzeko eskatzen ahalko zaio.
Bigarren kasuan (garraioa ikasleen guraso-elkarteekin antolatuz), beharrezkoa izanen da, kasu guztietan, ikastetxearen adostasuna eta Hezkuntza Departamentuaren baimena, garraioa antolatzeko aldatu behar bada Hezkuntza Departamentuak kontratatutako ibilbideren bat, ibilgailuen kopurua eta mota, leku hutsen erabilera edo beste edozein baldintza.
2. Eskola-garraioaren antolaketa bateratua egiteko, ikastetxe ukituetako sarrera eta irteera orduek bateragarriak izan beharko dute nahitaez, eta honako inguruabarretakoren bat suertatzen denean erabakitzen ahalko da:
a) Herri eta/edo ibilbide berean eskola-garraioko bi zerbitzu egotea: bata, foru agindu honen 2. artikuluaren 1. apartatuan agertzen diren ikasketetarako, Hezkuntza Departamentuak antolatua, eta beste bat guraso-elkarteek edo beste entitate sustatzaile batzuek antolatua, derrigorrezkoen ondoko ikasketa ez-unibertsitarioetarako (Batxilergoa, Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloak, Lanbide Hastapeneko Programak, Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak eta Arte Eskoletako Espezialitate kurtsoak).
b) Herri berean titulartasun publikoko bi BHI edo gehiago egotea, baldin eta haietako batean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen bada eta a) apartatuan eskatutako baldintzak betetzen badira.
c) Titulartasun publikoko BHI bat bi herritan egotea, bi ikastetxe publikok bat egitearen ondorio gisa, haietako batean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen bada eta a) apartatuan eskatutako baldintzak betetzen badira.
3. Ikasleen eskola-garraiorako antolaketa bateratua 2.a) apartatuan aipatu derrigorrezkoen ondoko ikasketa ez-unibertsitarioko mailako ikasleentzako ikasturte bakoitzerako garraio kolektiboa sustatzen duten entitateek eskatu beharko dute. Entitateok eskaera aurkeztu beharko dute, Hezkuntza Departamentuari zuzendutako eskabidearen bidez, eman beharreko zerbitzua hasi baino, gutxienez ere, 30 egun baliodun lehenago.
Eskabideak aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuak horretarako prestatutako bitarteko elektronikoen bidez eta honako agiri hauek gehitu beharko zaizkie:
- Proposamenaren xedea eta justifikazioa: garraio kolektiboan zenbat leku gehitu diren eta horrek zein ikasleri eragiten dion (herriak, ikasturteak, hizkuntza-ereduak, ikastetxeak...).
- Garraioaren antolaketa bateraturako proposamena: ibilbideak, ibilgailuak, ordutegiak, geralekuak, etab.; Hezkuntza Departamentuak kontratatutako ibilbideetan eragindako aldaketak zehaztuta.
- Proposatutako gehikuntzaren kostu osoa eta doako garraiorako eskubiderik ez duten ikasleek ordaindu beharreko kuotak.
- Ikastetxe ukituen adostasuna entitate sustatzailearen proposamenarekin.
Ibilbidea aldatzearen kostuak, garraioaren xede den ikastetxearen barrutikoak ez diren beste ikasle batzuk sartzeko, ez die eraginen garraioaren ikastetxearen barrutiko ikasleei.
Doako eskola-garraio zerbitzua erabiltzen duten ikasleek ez dute kontzeptu horrengatik ezer ere ordaindu beharko, edozein izanik ere bidaia egiteko ibilgailua.
Hilabeteko epean antolaketa bateraturako eskabideari erantzun espresik ematen ez bazaio, ezetsitzat joko da.
Prozesu honetan guztian, ezinbestekoa izanen da beste entitate batzuekin batera antolatutako eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleak hartzen dituzten ikastetxeek entitate horiei beharrezko lankidetza ematea, Hezkuntza Departamentuak prestatutako bitarteko elektronikoen bidez, tramitazio administratiboa egiteko.
9. artikulua . Eserleku hutsak erabiltzea.
1. Eserleku hutsa izanen da, ondorio hauetarako, Hezkuntza Departamentuak kontratatu eta finantzatutako ibilgailuetan doako garraioa izateko eskubidea duten ikasleek betetzen ez dutena.
Doako garraio zerbitzuko eserleku hutsak erabiltzen dituzten ikasleek ez dute kontzeptu horrengatik ezer ere ordaindu beharko, edozein izanik ere bidaia egiteko ibilgailua.
2. Garraioa guraso-elkarteekin, udalekin edo bestelako entitate interesdunekin batera antolatzen duten ikastetxe publikoetan, plangintza bateratua egin duten entitate sustatzaileen esku jarriko dira eserleku hutsak.
3. Eserleku hutsak erabiltzeko eskaerak garraio-zerbitzuaren xede den ikastetxe publikoan aurkeztuko dira, Hezkuntza Departamentuak prestatutako bitarteko elektronikoen bidez, ikasturte bakoitzerako onetsitako jarraibideen ebazpenean aurreikusitako datak baino lehen.
4. Zerbitzua erabili nahi duten ikasleen kopurua hutsik dauden eserlekuak baino handiagoa denean, lehentasun-irizpide hauen arabera esleituko dira:
4.1. Garraioaren xede den ikastetxe publikoan eskolatutako ikasleak. Horien artean, lehentasuna izanen dute honako egoera hauetakoren batean dauden ikasleek, hemen agertzen den ordena berean:
a) Garraioaren xede den ikastetxe publikoari atxikitako herrietatik heldu diren ikasleak.
b) Bidaiari-garraio erregularrik ez duten herrietako ikasleak, herritik ikastetxera 3 kilometro baino gehiago baldin badago.
c) Garraio-zerbitzu erregularra izanik, etxearen eta ikastetxearen artean distantzia handiena duten ikasleak.
d) Dagokion ikasturtean Hezkuntza Ministerioaren deialdian beka jaso duten ikasleak.
4.2. Beste ikastetxe publiko batzuetan eskolatutako ikasleak. Berdinketa suertatuz gero, aurreko apartatuko lehentasun-irizpide berberak erabiliko dira.
4.3. Ikastetxe itunduetan edo diru-laguntza jaso dutenetan eskolatutako ikasleak. Kasu honetan lehentasuna izanen dute irakaskuntzako beheko kurtso eta mailetan dauden ikasleek eta, horien artean, ikastetxea beren etxetik urrutien duten ikasleek eta, horien artean, dagokion ikasturtean Hezkuntza Ministerioaren beka izan dutenek.
4.4. Berdinketarik suertatuz gero, eserleku hutsen esleipena zozketa bidez eginen da.
5. Departamentuak sinaturiko kontratuaren eranskinean aipatzen diren geralekuetan igoko dira ikasleak ibilgailuetara, hartan aurreikusitako orduetan. Eskola-garraioko ibilbidean behin ere ez da onartuko ibilbideak berak berez dituenaz bestelako geralekurik, Hezkuntza Departamentuak zehaztutako inguruabarretan izan ezik.
6. Hezkuntza Departamentuak kontratutako garraio-zerbitzua erabiltzen duen ikastetxeko zuzendaritzak hartuko du eskabideen gaineko erabakia, eta horren berri emanen die eskaera egin duten ikasleen ikastetxeei; ikastetxe horiek ikasleei eta garraio-enpresei jakinaraziko diete erabakia. Garraio-zerbitzu hori bi ikastetxe publikori edo gehiagori baldin badagokie, eserleku hutsen gaineko erabakia ere elkarrekin hartuko dute.
Aipatu epe horietatik kanpo aurkezten diren eserleku hutsak erabiltzeko eskaerak onartuak izanen dira baldin eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoak ebatzi ondoren toki hutsik gelditzen bada. Baimena eman ondoren, ikasturte horretarako baizik ez du balioko eta, hortaz, ezin izanen da ondorioztatu hurrengo ikasturteetarako besterik gabe berrituko denik. Esleitutako eserlekua foru agindu honen 2. artikuluan aipatzen diren ikasleetariko batek hartzen duenean, baimen hori deuseztatzen ahalko da baldin eta eserleku hutsak esleitu ondoren eskolatu bada.
Ikasturte bakoitzerako onetsitako ebazpenaren aurretik, ikastetxe publikoko Zuzendaritzak Hezkuntza Departamentura igorriko du eserleku hutsa erabiltzeko emandako baimenen behin betiko zerrenda izenduna, artikulu honen 4. apartatuan ageri diren lehentasun-irizpideak aplikaturik ateratzen den lehentasun-hurrenkeraren araberakoa. Garraioaren xede den ikastetxeaz gain, eserleku hutsa erabiltzen duten ikasleen datu hauek adierazi beharko dira: izen-deiturak, bizilekua non duten, ikasturtea eta ikasketa maila, matrikulatuak dauden ikastetxea, Hezkuntza Ministerioko bekadunak diren ala ez dagokion ikasturtean, baita egiten duten ibilbidea ere. Ikastetxeak Hezkuntza Departamentuak aurreikusitako bitarteko elektronikoak erabiliko ditu eserleku hutsen erabiltzaileen zerrenda igortzeko.
10. artikulua . Ordutegien koordinazioa.
1. Eskola-kontseiluek, garraio-zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunekin adosturik, Hezkuntza Departamentura bidal ditzakete eskola-garraio zerbitzuaren ordutegiei eta ibilbideei buruzko proposamenak.
2. Ikastetxeetako arduradunek kontuan edukiko dute eskolako egutegiak egiteko arauetan ezarritakoa eskola-garraioaren funtzionamendu egokirako egutegien eta ordutegien koordinazioaren gainean.
3. Bi ikastetxek edo gehiagok garraio-ibilbide bera badute, haien eskola-egutegia eta -ordutegia koordinatuko dira, garraioa batera antola dezaten.
11. artikulua . Eskolagarraioa kudeatu eta gainbegiratzea.
1. Baimena eman zaio Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari behar diren kudeaketak egin ditzan, hala foru agindu honetan xedatua garatzeko, nola dagokion ikasturtean ikasleak eskolatzearen ondorioz gerta daitezkeen aldaketez arduratzeko. Aldaketa horiei buruz behar diren txostenak egin beharko dira.
2. Hezkuntza Departamentuari dagokio, bere administrazio-organo eskudunen bitartez, zerbitzua ikuskatu eta gainbegiratzea, beste departamentu batzuen eskumenak deusetan galarazi gabe.
Ahalmena eman zaie ikastetxeetako zuzendaritza-taldeei enpresa adjudikaziodunek zerbitzua behar bezala ematen ote duten begiratzeko. Horrela, akatsen bat atzemanez gero, enpresei ohartarazteko ahalmena izanen dute, bai eta eguneroko garraioan gertatzen diren gorabehera txikiak konpontzeko ahalmena ere.
Garraioaren xede den ikastetxean, gorabeherak jasotzeko liburu bat gaituko da, ikastetxean garraioaz arduratzen den pertsonak hartan jaso ahal izateko garraiolariek, laguntzaileek, irakasleek edo hezkuntza-komunitateko beste estamentu batzuetako ordezkariek jakinarazten dizkioten gorabehera guztiak.
Hori betetzen ez bada, administrazio-baldintzen agirietan ezarritakoari jarraituko zaio.
3. Eskola-garraioaren zerbitzua duten ikastetxeetako zuzendaritzek beharrezko doikuntza-jarduketak eginen dituzte eskolako egutegiari eta ordutegiari dagokienez (irakastaldiaren hasiera edo bukaera kentzea egun desberdinetan bi ikastetxek edo gehiagok partekatzen dituzten garraio ibilbideetan, ikastetxeak koordinatzea ordutegi desberdinek arazorik ez ekartzeko ikastetxeetara sartu eta ateratzean eta abar), arazorik egon ez dadin eskola-garraioaren zerbitzua ematean edo kostuak igo ez daitezen horren ondorioz.
4. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak gainbegiratuko dute eskola-garraioaren funtzionamendua. Horiek begiratuko dute, eskola-garraioari dagokionez, foru agindu honetan eta ikasturte bakoitzerako eskolako egutegi, ordutegi eta jarraibideei buruzko xedapenetan ezarritakoa zuzen betetzen ote den, sustapenaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak dituen ahalmenak galarazi gabe.
12. artikulua . Ikasle erabiltzaileen betebehar arruntak.
1. Erabiltzaileek dituzten betebehar arruntez gain (puntualtasuna, portaera zuzena, gainerako erabiltzaile eta langileenganako errespetua, enpresaren jarraibideak betetzea...), Hezkuntza Departamentuak jarraibideak ematen ahalko dizkie erabiltzaileei eta haien legezko ordezkariei, elkarrekin lan egite aldera, eskola-garraioaren zerbitzua hobea eta eraginkorragoa izan dadin.
2. Zerbitzuaren betebehar arruntak betetzen ez dituzten ikasleak edo laguntzaileen nahiz garraio-enpresaren langileen aginduak betetzen ez dituztenak beren jarduketen erantzule izanen dira, hala xedatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan.
13. artikulua . Jantokirako banakako laguntzak.
1. Garraioa erabili duten ikasle bazkaltiarrek jantokirako banakako laguntzak jasotzen ahalko dituzte, baldin eta foru agindu honen 2. artikuluan aipatu baldintzak betetzen badituzte, eta eskola-jantokiko zerbitzuak ez baditu aurreikusi Hezkuntza Departamentuak eskualdeko jantokietarako eta jantoki arruntetarako egiten duen ordainketan.
2. Jantokirako banakako laguntzen ordainketa jantoki arruntetarako ordainketak egiteko honako hauetan ezarritako baldintza beretan eginen da: 246/1991 Foru Dekretua, uztailaren 24koa, derrigorrezko irakaskuntza-mailetan Nafarroako ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetako eskola-jantokiak arautzen dituena; eta 186/1993 Foru Agindua, maiatzaren 11koa, dekretu hura garatzen duena.
3. Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko die jantokirako banakako laguntzak jasoko dituzten ikasleen zerrenda.
Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko azaroaren 13an.-Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako kontseilaria, María Roncesvalles Solana Arana.
Iragarkiaren kodea: F1713144