(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

41/2016 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 30EKOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, GUTXIENEKO IKASLE-RATIOA EZARTZEN DUENA EREMU EZ EUSKALDUNEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN D EREDUKO UNITATE BAT IREKITZEKO

BON N.º 72 - 15/04/2016



Zioen azalpena

Otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legeak Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 26. artikulua aldatzen du. Honela gelditu da idatzita:

“1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkanaka-pixkanaka, progresiboki eta nahikotasunez, egun dauden ikastetxe publikoetan euskaraz irakasten duten lerroak sortuz eskariaren arabera.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie eskaera egiten duten ikasle guztiei, halako moduan non euskararen ezagutza nahikoa izan ahalko baitute eskolatzearen bukaeran.

3. Eskariari sare publikoan erantzun ahal izan dakion, honako gutxieneko ikasle kopuru hau hartuko da aintzat: eskola-unitate bat taxutze aldera Hezkuntza Administrazioak irizpide objektiboei jarraikiz ezein irakaskuntza-eredutan baliatutakoa”.

Otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrak honako hau dio: “Erregelamendu bidez ezarriko da zein izanen den gutxieneko ikasle-ratioa irakaskuntza-ereduetako edozeinetan eskola-unitate berri bat irekitzeko.”

Lege aldaketa horrek behartzen du euskarazko irakaskuntzaren eskaintza planifikatzera eremu ez euskalduneko ikastetxe publikoetan, 2016-2017 ikasturterako aurreinskripzioan ikasleek eskatutakoari erantzuteko. Plangintza horretan ezarri beharreko gai bat da gutxieneko ikasle-ratioa eskola-unitate bat irekitzeko.

Kontuan harturik 26.1 artikuluaren idazkera berria (“euskara irakaskuntzan sartuko da pixkanaka-pixkanaka, progresiboki eta nahikotasunez”), bidezko da aipatu ikasturterako ratioa ezartzea Haur Hezkuntzako hiru urteko ikasleen unitate bat irekitzeko.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren arabera, kontuan harturik eremu horretako ikastetxe publikoetan euskaraz ikasteko aurreikusten den eskaria, oso litekeena da 2017-2018 ikasturtean ikasmaila bateko eta besteko ikasleak talde berean sartzea; horregatik, unitate bat irekitzeko gutxieneko ratioa ezartzeko, erreferentziatzat hartu da Hezkuntza Departamentuak bi ikasmailatako ikasleek osatzen duten unitate baterako ratioa ezartzeko erabiltzen duen irizpide orokorra. Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 2007-2011 Itunak ezarri zuen ratio hori, honela: 16 ikasle, bi ikasmailatako ikasleen taldeetan; eta 14 ikasle, hiru ikasmailatako ikasleen taldeetan.

Arrazoizko dirudi 2016-2017 ikasturtean 8 ikasleko ratioa ezartzea, oro har, unitate bat irekitzeko, kontuan harturik ondoz ondoko bi ikasmailatako ikasleen talde batek gehienez 16 ikasle dituela. Modu horretan arrazionaltasun irizpideak aplikatzen dira baliabide publikoen kudeaketan eta, aldi berean, ikasleen eskubideak bermatzen dira.

Horrez gain, ratio horrek bide ematen du 2017-2018 ikasturtean bidezkotzat joko diren taldeak egiteko, ikasturte horretan izanen den matrikulazioaren arabera.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) eta g) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.º 8 ikasleko ratioa ezartzen da, oro har, eremu ez euskalduneko ikastetxe publikoetan D ereduko unitate bat irekitzeko.

2.º Aurreko atalean ezartzen den ratioa 2016-2017 ikasturtetik aurrera aplikatuko da matrikulazioan.

3.º Oro har, 2016-2017 ikasturtean hasiko da Haur Hezkuntzako bigarren zikloko 1. ikasmailako ikasleen eskolatzea.

Azken xedapena

Indarra hartzea.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko martxoaren 30ean.-Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

Iragarkiaren kodea: F1603798

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web