(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

93/2017 FORU DEKRETUA, URRIAREN 4KOA. HONEN BIDEZ ARAUTZEN DA GAZTEEN POLITIKA PUBLIKOEI BURUZKO ELKARRIZKETA EGITURATUA.

BON N.º 208 - 27/10/2017



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN METODOLOGIA

  1. ATALA. ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN EZAUGARRI OROKORRAK

  2. ATALA. LEHEN FASEA: ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN PRESTAKETA

  3. ATALA. BIGARREN FASEA: ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUKO BEHINBEHINEKO AGIRIA EGITEA

  4. ATALA. HIRUGARREN FASEA: ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUARI BURUZKO KONTSULTAK

  5. ATALA. LAUGARREN FASEA: ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN BUKAERA


  III. KAPITULUA. ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN ONDORIOZKO AGIRIAREN JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA


Zioen azalpena

1

Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboak ditu gazteen politikaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluarekin bat.

Eskumenen esleipen honen babespean, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legea onetsi zen, xede duena gazteei buruzko halako politika publiko berdintasunezko batzuk arautzea zeinek faboratuko duten gazteen autonomia eta bermatuko dituzten baldintzak egokiak norbanakoaren garapenerako, sustapenerako eta parte-hartze sozialerako, eta, horrela, bidea jarriko duten herritar gazte konprometitu, arduratsu, oso eta aktiboak lortzeko.

Foru lege honen bidez gure ordenamendu juridikoan sartzen eta hartzen dira Europar Batasuneko Kontseiluaren proposamenak, 2009ko azaroaren 27ko Ebazpenean jasotakoak, xede dutenak esparru berritu bat Europako lankidetzarako, gazteen arlorako (2009/C 311/01). Ebazpen horretan, Kontseiluak estatu kideei proposatu zien gazteen arloko bi helburu orokor lortzea 2010-2018 epean: gazte guztientzako aukera gehiago sortzea, berdintasunezko baldintzetan, hezkuntzan eta lan merkatuan, eta herritartasun aktiboa, inklusio soziala eta elkartasuna sustatzea gazte guztien artean.

Helburu orokor horiek lortzeko, Kontseiluak proposatzen du ekimenak izatea zortzi jarduketa eremu nagusitan; horietako bat parte-hartzea da. Haren helburua da laguntza ematea gazteek maila guztietan parte har dezaten ordezkaritzako demokrazian eta gizarte zibilean, baita gizartean oro har ere. Horregatik, ekimen orokor gisa, proposatzen du gazteek eta gazte erakundeek parte har dezatela eta inplika daitezela politikak prestatzeko, gauzatzeko eta jarraipena egiteko, eta, horretarako, gazteekin eta gazte erakundeekin elkarrizketa egituratu bat izatea.

Helburu orokorrak lortzeak berarekin dakar ikuspegi bikoitza deitutakoa, hots, garatzea eta sustatzea batetik ekimen berariazkoak gazteen arloan eta, bestetik, integraziorako ekimenak, ahalbidetuko dutenak sektorearteko planteamendu bat, non behar bezala hartuko baitira kontuan gazteak ukitzen dituzten gaiak, hain zuzen ere beste arlo politiko batzuetan gazteen bizitza ukitzen duten politikak eta ekintzak prestatu, aplikatu eta ebaluatu behar direnean.

2

Europar Batasunak ez du eskumenik gazteentzako politiketan, baina arlo honetako ekintzak gauza ditzake, estatu kideen ekintza babesteko, koordinatzeko edo osatzeko. Berariaz kanpoan gelditzen dira estatu kideen lege eta erregelamendu xedapenen harmonizazio oro, eta Kontseiluak egin dezakeen bakarra da estatuentzako gomendioak erabaki, Kontseiluak proposaturik.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko11/2011 Foru Legeak bere baitan jaso du Kontseiluaren ikuspegi bikoitzari buruzko gomendioa, eta, hala, gazteentzako politika publikoak bi kategoriatan zatitu ditu: politika berariazkoak, batez ere eta funtsean direnak gazteen arloko departamentu eskudunaren eskumen, eta zeharkako politikak, hots, beste departamentu batzuen eskumen izanik gazteen kolektiboan eragina duten arloetakoak, eta, betiere, gazteen arloko jarduketa publikoaren gidari den zeharkakotasun printzipioarekin bat, gazteen arloko departamentu eskudunarekin elkarlanean eginen dira.

Foru legea, Kontseiluaren ebazpenari jarraikiz, gazteak aintzat hartzen ditu gizartearen baliabide diren aldetik, eta azpimarratzen du eskubidea dutela ukitzen dituzten politiken garapenean parte hartzeko, etengabeko elkarrizketa egituratu baten bidez.

Hala, zioen azalpenean, elkarrizketa egituratua parte hartzeko funtsezko tresnatzat du gazteen politika publikoetan. Seigarren artikuluan, ezartzen du gazteen arloko eskumena duen departamentuak duela eskumena gazteekin eta horiek ordezkatzen dituzten taldeekin elkarrizketa egituratua sustatzeko, eta kontsulta prozesuak ezarri ahal izanen dituela gazteriarentzat garrantzitsutzat jotzen diren gaietan. Zortzigarren artikuluak xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, gazteriaren arloko politikak garatzeko, kontsulta-prozesuak burutuko dituela gazteekin, eta elkarrizketa egituratua taxutuko duela Nafarroako Gazte Kontseiluarekin eta legez aitorturiko beste gazte erakunde batzuekin, garrantzitsutzat jotzen diren gaietan, oso bereziki Nafarroako Administrazio Publikoen gazteria planak egiteko, behin betiko onetsi aurretik, zeren, 10. artikuluarekin bat, plan horiek bete behar dituzten beharkizunetako bat da horiek prestatzean gazteen eta ordezkari dituzten gazte entitateen parte-hartzea bermatzea, behin betiko onetsi aurretik, elkarrizketa egituratuaz baliaturik.

Gazteriaren arloan, jarduketa publikoaren printzipio gidarietako bat da gazteentzako politika publikoak garatzean gazteen parte-hartzea izatea, eta hura bultzatzeko, foru legeak, 31. artikuluan, agintzen du arlo horietan eskudunak diren departamentuek hainbat neurri hartu behar dituztela, esaterako ingurune egokia sortzea partaidetza modu berriak eratzeko, gazteak herritarren parte-hartzearen kulturan heztea, gazteei zuzendutako kanpainak eta ekintzak sustatzea, arreta handiagoa jarriz agerpen eta ordezkaritza gutxiago duten taldeetan, batez ere emakume gazteen taldean, eta beste ekintza batzuk, xede izanen dutenak gazteak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa elkarrengana gehiago hurbiltzea eta horien arteko elkarrizketa sustatzea.

Partaidetza sustatzearen testuinguru honetan, gazteriari buruzko foru legeak garrantzi berezia aitortzen dio Nafarroako Gazteriaren Kontseiluari, ordezkaritza organo gorena baita Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparruko gazteen entitateei eta gazteriaren ordezkaritzari dagokienez, bai eta kasuan kasuko administrazioaren solaskide nagusia ere. Haren funtsezko xedea da gazteen parte-hartzea sustatzea Nafarroako Foru Komunitateko garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean, bai eta gazteen eskubideak zaintzea ere, bereizkeriarik eta bazterketarik izan ez dezaten eta erabat gara daitezen. Haren eginkizunen artean nabarmentzekoak dira jarduerak sustatzea, ziurtatze aldera gazteek berdintasunez parte hartzen dutela haiengan eragina duten erabaki eta neurrietan, Administrazioaren eta gazteen arteko solaskidea izatea, eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzea gazteentzako politika prestatzen.

3

Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluak botere publikoei agintzen die bideak jar ditzatela gazteriak parte-hartze libre eta eraginkorra izan dezan garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean, politika sozial eta ekonomikoa gidatzeko printzipioetako bat den aldetik, eta hura aitortuz, errespetatuz eta babestuz zertuko direla legegintza positiboa, praktika judiziala eta botere publikoen jarduera. Hala, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak eratzen duen elkarrizketa egituratuaren bidez manu hori bete egiten da.

Laburbilduz, gazteriako politika publikoak garatzean, gazteriako planak prestatzean eta garrantzitsuak diren gainerako gaietan, parte-hartzea bideratzeko, bai banakakoa bai taldekakoa, nahitaezkoa da elkarrizketa egituratuko prozesuak hastea, ahalbidetuko dutenak haien ekarpenak, eskaerak, kezkak, beharrak eta itxaropenak jasotzea, foru dekretu honetan ezartzen diren metodologia eta beharkizunekin bat. Foru dekretu hau prestatzen Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak parte hartu du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarri bezala.

4

Foru dekretuak ditu hogeita hamar artikulu, hiru kapitulutan zatituak, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen. Foru dekretu honetan jasotzen den elkarrizketa egituratuaren arauketa Europar Batasuneko Kontseiluaren jardunbidean dago oinarritua. Nolanahi ere, begi-bistako arrazoiengatik, ez da, eta ezin izan da, berbera. Kontuan harturik zer eskumen maila duen Nafarroak gazteriako politika publikoei buruzko gaietan, gure gazte populazioaren ezaugarri sozioekonomikoak eta kulturalak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zer ezagupen duen Nafarroako gazteak ukitzen dituzten problemei eta zailtasunei buruz, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionamenduari buruzko araudia, beste faktore batzuen artean, beharrezkoa da ezen Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen arabera egiten diren elkarrizketa arautuko prozesuak, nahiz eta funtsean Europako elkarrizketa egituratuko prozesuen ezaugarriak izan, modulazio batzuk izatea, halako moduz non erabilgarriak eta egokiak izanen diren Administrazio honetarako.

I. kapituluan daude xedapen orokorrak, arauaren xedea zehazten dutenak; definitzen dira elkarrizketa egituratuaren kontzeptua eta haren helburua; azaltzen da zer organo den eskuduna erabakitzeko elkarrizketa egituratu baten prozesua abiaraztea eta haren lehentasunezko gai funtsezkoak; adierazten dira prozesuetan esku hartzen duten organoak, adierazten da zer eremu materialetan gauzatuko diren elkarrizketa egituratuko prozesuak, eta zer printzipio orokor izanen dituzten, oso bereziki berdintasun eta gardentasun printzipioak.

II. kapituluan ezartzen da zer metodologia eramanen den elkarrizketa egituratuzko prozesu bakoitzean; bost ataletan banatzen da. Lehenbiziko atala arduratzen da prozesuaren ezaugarri orokorrez, bete beharreko beharkizunak ezartzen ditu, eta jasotzen ditu mahai tekniko bat edo gehiago eratzeko beharra, behar duten gehieneko iraupena eta izanen dituzten lau faseak.

Faseetako bakoitza hurrengo lau ataletan deskribatzen da. Bigarren atala lehenbiziko faseari buruzkoa da, hots, prestaketako faseari buruzkoa. Hartan, sustatuko den prozesu bakoitzaren aldez aurreko diseinua egiten da.

Hirugarren atalean bigarren fasea arautzen da. Hartan azalduko da ezartzen den elkarrizketa prozesu bakoitzeko behin-behineko agiriaren prestaketa. Fase honetan, behin betiko diseinua onetsita hasten da elkarrizketa egituratua Administrazioaren eta gazteen eta gazteekin erlazionatutako beste eragile batzuen artean. Mahai tekniko batean edo zenbaitetan garatuko da elkarrizketa, harik eta prestatzen diren arte egoeraren diagnostiko bat, galderen proposamen bat, kontsultagai jarriko dena, eta proposatzen diren jarduerak eta foroak. Mahai teknikoak edo teknikoek aztertuko dituzte departamentu eskudunek aztertutako dokumentazioa eta gogoetak. Sortutako agiri guztiekin, Nafarroako Gazteriaren Behatokiak behin-behineko agiri bat proposatuko du, eta Gazteriaren Departamentuarteko Batzordeak aztertuko du. Iritzia emanik, aintzat hartuko baita, prozesua hirugarren fasean sartuko da, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzak behin-behineko agiria onetsita, eta hirugarren fasea hasiko da, 4. atalean araututakoa.

Hirugarren fasean, behin-behineko agiria herritarren artean zabalduko da, eta elkarrizketa egituratuari lotutako kontsulten aldiaren prozesua izanen da. Hartan, galderei erantzunen zaie, eta eztabaida foroak eginen dira, eskualdeetakoak, sektorialak eta deliberatzekoak, kasu bakoitzean antolatzen direnak.

Bosgarren atalak laugarren fasea arautzen du. Hartan azaltzen da elkarrizketa egituratuko prozesuaren bukaera. Nafarroako Gazteriaren Behatokiak egindako txosten batean jasoko da egindako guztia, eta mahai teknikora edo teknikoetara bidaliko da, baloratzeko eta, kasua bada, behin-behineko agirira gehitzeko. Inplikatutako departamentuei bidaliko zaizkie haren gogoetak.

Gazteriaren Zuzendariordetzak aztertuko ditu mahaiek eta departamentuek egindako gogoetak; amaierako txosten bat eginen du, eta Gazteriaren Departamentuarteko Batzordera bidaliko du, txostena egin dezan, eta, hala, prozesua bukatuko da.

Azkenik, gauzatutakoan, itzulera saio bat eginen da. Hartan, egindakoaren berri emanen zaie parte-hartzaile guztiei, eta amaierako agiria onetsiko da.

III. kapituluan, jarraipena eginen zaio elkarrizketa egituratuaren emaitzaren (amaierako agirian jasoko da) gauzatzeari, eta ebaluatu eginen da, kasu bakoitzean egokienak diren adierazleen bidez.

Xedapen indargabetzaile bakarrean indargabetze orokor bat egiten da, eta bi azken xedapenetan gazteriaren arloko departamentuko titularra gaitzen da erregelamendu bidez garatzeko, eta ezartzen da foru dekretuak vacatio legis gabe hartuko duela indarra.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko urriaren 4an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat.

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

1. Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak agintzen du elkarrizketa egituratuko prozesuak izan daitezela Nafarroako Foru Komunitatearen, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren, gazteen eta legez eratutako gazte erakundeen artean. Foru dekretu honen xedea da arautzea aipatutako elkarrizketa egituratuko prozesu horien metodologia eta beharkizunak.

2. artikulua. Elkarrizketa egituratuaren kontzeptua.

Elkarrizketa egituratua prozesu parte-hartzaile bat da, eta haren bidez gazteentzako politika publikoei buruzko lehentasunezko gai orokor bat, gazteen bizitzan eragina duena, eztabaidatzen da gazteen eta erabaki politikoak hartzeko ardura duten arduradunen artean.

3. artikulua. Elkarrizketa egituratuaren helburua.

Elkarrizketa egituratuaren helburua da gazteen parte-hartze librea eta eraginkorra sustatzea garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean, eta bultzatzea inplika daitezela gazteriako politika publiko bideragarri, egoki eta jasangarrien diseinuan, gauzatzean, jarraipenean eta ebaluazioan, herritartasun aktiboa egikarituz.

4. artikulua. Elkarrizketa egituratu baten prozesuari hasiera emateko organo eskuduna.

1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzari dagokio, bere eskudantziak erabiliz, elkarrizketa egituratuko prozesua has dadila erabakitzea, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta gazteen artean, lehentasunezko gai orokor zehatz bati buruz.

2. Erabaki hori ofizioz hartuko da, baldin lehentasunezko gai orokorra gazteen politika berariazkoei buruzkoa bada, edo eskudun den edo diren departamentuak edo departamentuek eskatuta, gazteen arloko zeharkako politikei buruzkoak direnean.

5. artikulua. Elkarrizketa egituratuko prozesuetan parte hartzen duten organoak.

1. Behin Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularrak erabakitzen duenean elkarrizketa egituratua hastea, lehentasunezko gai orokor bati buruz, haietan esku hartuko dute, beren eskudantziak erabiliz, hurrengo apartatuetan aipatzen diren organoak.

2. Abiatzen den elkarrizketa egituratuko prozesu bakoitzaren arduraduna izanen da Gazteriaren Zuzendariordetza, harreman esparrua koordinaturik Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarekin eta Gazteriaren Departamentuarteko Batzordearekin.

3. Nafarroako Gazteriaren Behatokia arduratuko da elkarrizketa egituratuko prozesuen kudeaketa administratibo zuzenaz.

4. Elkarrizketa egituratuko prozesuetan gertatzen diren jarduketen berri izanen du Nafarroako Foru Komunitateko Gazteriaren Departamentuarteko Batzordeak, eta horietan sortzen diren eta aztertzeko ematen zaizkion agiriei buruzko txostena eginen du.

5. Nafarroako Gazteriaren Kontseilua gogotik ariko da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean, hasi elkarrizketa egituratuko prozesuen prestaketatik eta burutu eta jarraipena eta ebaluazioa egin arte.

6. artikulua. Aplikazio esparru materiala.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak onetsi beharreko Gazteria Planen kasuan, horiek prestatzen hasi aurretik elkarrizketa egituratuko prozesuak sustatuko dira.

2. Gazteentzat garrantzitsu jotzen diren edozein programa, plan edo bestelako afera prestatu eta garatu aurretik ere elkarrizketa egituratuko prozesuak susta daitezke.

3. Legegintzako ekimena edo erregelamendua egiteko ahala erabiliz egiten diren xedapen orokorren proiektuen kasuan, ez da nahitaezkoa izanen elkarrizketa egituratuko prozesuak abiaraztea.

4. Legegintzako ekimena edo erregelamendua egiteko ahala erabiliz xedapen orokor bat egiteko prozesura hasten baldin bada elkarrizketa egituratuko prozesu baten ondorioz, nahitaezkoak diren entzute edo jendaurreko aldien tramiteak beteko dira, eta elkarrizketa egituratuko prozesua ez da inola ere izanen prozedurazko tramite baten ordezko edo salbuespen.

7. artikulua. Printzipio orokorrak.

Gazteriari buruzko Foru Legearen 3. artikuluan ezarritako printzipio orokorren arabera egituratuko dira elkarrizketa prozesuak, eta, bereziki, berdintasun eta gardentasun printzipioen arabera.

8. artikulua. Berdintasun printzipioa.

Elkarrizketa egituratuko prozesu guztiak izanen dira tratu eta gazte guztien aukera berdinen printzipioaren araberakoak, honako hauei dagokienez: generoa; testuinguru etnikoa, lurraldekoa, hezkuntzakoa eta soziala; orientazio sexuala, adina eta behar berariazkoak.

9. artikulua. Gardentasunaren printzipioa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak segurtatuko du gardentasuna izanen dela elkarrizketa egituratuan eta haren emaitzetan, bai diseinuaren fasean, bai gauzatzearen, jarraipenaren eta ebaluazioaren faseetan.

II. KAPITULUA. ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN METODOLOGIA

1. ATALA. ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN EZAUGARRI OROKORRAK

10. artikulua. Elkarrizketa egituratuaren beharkizunak.

Elkarrizketa egituratuko prozesuek oinarri izanen dituzte ezagupenak, datuak edo ikerketen emaitzak, betiere egokiak eta fidagarriak badira eta zuzenean loturik badaude lehentasunezko gai orokorrarekin.

11. artikulua. Mahai teknikoak.

1. Abiarazten den elkarrizketa egituratuko prozesu bakoitzean mahai tekniko bat edo batzuk eratuko dira, foru dekretu honek esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituztenak, baita agintzen zaizkien beste batzuk ere, lehentasunezko gai orokorraren arabera.

2. Honako hauek osatuko dituzte mahai teknikoak: lehentasunezko gai orokorrarekin lotutako eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko departamentuetako teknikariak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko ordezkariak, gazteak, gazteen ordezkari diren entitateak eta landu beharreko gaietako espezialistak.

3. Gazteriarekin lotutako beste eragile batzuk ere mahai teknikoetan parte hartzera gonbida daitezke, baldin horien ekarpena garrantzitsutzat jotzen bada, lehentasunezko gai orokorraren arabera, esaterako:

a) Gazteendako informazio zerbitzuak eta gazteriaren etxeak.

b) Toki entitateen gazteriaren arloko eta beste esparruetako zinegotziak eta teknikariak.

c) Aisialdiko eskolak, oinarrizko gizarte zerbitzuak, auzoko lantaldeak, liburutegien sare publikoa, sindikatuak eta enpresa-erakundeak.

d) Ikastetxeak eta unibertsitateak.

e) Gazteekin lan egiten duten erakundeak, partzuergo sektorialak, gazteriaren arloko profesionalak eta adituak eta gazteen gaietan interesa duten gainerako erakundeak.

4. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularrak izendatuko ditu mahai teknikoko edo teknikoetako kideak, eta funtzionamendu sistema ezarriko du, baita, kasua bada, horien arteko koordinazioa ere.

5. Mahai teknikoak, eratzeko saioan, bere kideen artetik pertsona bat izendatuko dute lehendakariaren eginkizunak betetzeko eta beste bat idazkariarenak betetzeko.

12. artikulua. Elkarrizketa egituratuko prozesuaren iraupena.

1. Elkarrizketa egituratuko prozesu bakoitzak gehienez ere hamar hilabeteko iraupena izanen du, hura hasteko ebazpena onetsi eta biharamunetik.

2. Salbuespenez, epea beste bost hilabetez ere luzatzen ahalko da, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez.

13. artikulua. Elkarrizketa egituratuko prozesuetako faseak.

Elkarrizketa egituratuaren prozesuak lau fase izanen ditu:

a) Lehen fasea: Elkarrizketa egituratuko prozesuaren prestaketa.

b) Bigarren fasea: Elkarrizketa egituratuko prozesuko Behin-behineko Agiria egitea.

c) Hirugarren fasea: Elkarrizketa egituratuko prozesuari buruzko kontsultak.

d) Laugarren fasea: Elkarrizketa egituratuko prozesuaren bukaera.

2. ATALA. LEHEN FASEA: ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN PRESTAKETA

14. artikulua. Elkarrizketa egituratuko prozesuaren diseinua.

1. Hasi beharreko elkarrizketa egituratuko prozesu bakoitzean, Gazteriaren Zuzendariordetzak aldez aurreko diseinu bat eginen du, agiri batean gauzatuko dena, eta gutxienez ere informazio hau izanen du:

a) Elkarrizketa egituratuaren lehentasunezko gai orokorra.

b) Aplikaziorako arau-esparrua.

c) Txostenak, datuak, estatistikak, ikerketen emaitzak eta, lehentasunezko gai orokorrarekin loturik, erabilgarria den dokumentazio oro.

d) Eratuko d(ir)en mahai teknikoa(k), funtzionamendu sistemak eta, kasua bada, mahaien arteko koordinazioa.

e) Mahai teknikoan edo teknikoetan parte hartzeko gonbidatuko diren eragile publiko eta pribatuen zerrenda.

f) Hasieratik bukaeraraino, gauzatzeko behar den epearen kalkulua.

2. Elkarrizketa egituratuko lehentasunezko gai orokorrak ukitzen baldin baditu gazteriako zeharkako politikei dagozkien gaiak, departamentu eskudunak edo eskudunek Gazteriaren Zuzendariordetzarekin elkarlanean ariko dira, aldez aurreko diseinuan eta prozesu guztian, bukatu arte, baita jarraipenean eta gauzatzeari buruzko ebaluazioaren amaierako agirian ere.

3. Prozesu bakoitzeko aldez aurreko diseinua egiteko, Gazteriaren Zuzendariordetzak Nafarroako Gazteriaren Kontseilua gonbidatuko du parte hartzera, eta gazteriarekin lotutako eragileei bidezko jotzen dituen kontsultak egiten ahalko dizkie.

4. Egiten den aldez aurreko diseinua Gazteriaren Departamentuarteko Batzordera eramanen da, horren berri izan, aztertu eta txostena egin dezan.

5. Gazteriaren Zuzendariordetzak, txostena ikusirik, elkarrizketa egituratuko prozesuaren behin betiko diseinua eginen du. Hartan, aurreko 1. apartatuan aipatutako eta onetsi beharreko informazioaz gain, zehaztuko dira prozesuan aplikatuko diren gardentasun, jarraipen eta ebaluazio neurriak.

3. ATALA. BIGARREN FASEA: ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUKO BEHIN-BEHINEKO AGIRIA EGITEA

15. artikulua. Elkarrizketa egituratuko prozesuaren hasiera.

1. Elkarrizketa egituratuko prozesu bakoitza formalki hasteko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren ebazpena beharko da, eta hartan onetsiko da, eranskin gisa, prozesuaren behin betiko diseinua bilduko duen agiria.

2. Ebazpena eta eranskina argitaratuko dira Gazteriaren web-orrian, Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren Atarian eta sare sozialetan, eta orobat, prozesu bakoitzaren ezaugarrien arabera egokienak diren bideak erabiliko dira, hots, gazteen eta gazteriarekin lotura duten eragileen artean zabalkunderik handiena ahalbidetzen dutenak.

16. artikulua. Elkarrizketa egituratuaren hasiera mahai teknikoetan.

1. Mahai teknikoak edo teknikoek elkarrizketa egituratuko prozesuaren agiriaren behin betiko agiria aztertu, eta horri buruz eztabaidatuko dute, egoeraren diagnostiko adostu bat egiteko, lehentasunezko gai orokorrari buruzkoa; hark, kontuan izanen ditu adin tarte desberdinak, aintzat hartuta problema desberdinak eta horien ondoriozko egoera desberdinak.

2. Egoeraren diagnostikoa modu ulergarrian emanen da, eta, harekin batera, proposatuko dira galdera batzuk, jendaurrean jarri beharrekoak, eta egin asmo diren jardueren, foroen eta bertatik bertarako kontsulten plangintza.

17. artikulua. Behinbehineko Agiriaren proposamena.

1. Kasuan kasuko arloko eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentuen esku jarriko da mahaiak edo mahaiek prestatutako dokumentazioa, azter dezaten, aintzat hartu, eta proposamenak egin ditzaten.

2. Ukitutako departamentuen proposamenak aztertu eta baloratuko ditu(zte) mahaiak edo mahaiek.

3. Nafarroako Gazteriaren Behatokiak, aipatutako dokumentazio guztia oinarri harturik, elkarrizketa egituratuko prozesuaren Behin-behineko Agiri bat proposatuko du, eta Gazteriaren Departamentuarteko Batzordearen menpe jarriko du. Haren iritzia kontuan hartuko da.

4. ATALA. HIRUGARREN FASEA: ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUARI BURUZKO KONTSULTAK

18. artikulua. Behinbehineko agiriaren onespena eta elkarrizketa egituratuari lotutako kontsulta prozesuaren hasiera.

1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren titularrak, ebazpen baten bidez, onetsiko ditu elkarrizketa egituratuari lotutako kontsulta prozesuaren hasiera eta haren Behin-behineko Agiria, ebazpenaren eranskin gisa gehituko dena.

2. Behin-behineko agiriak honako elementu hauek izanen ditu gutxienez:

a) Elkarrizketa egituratuaren xedeko lehentasunezko gai orokorra.

b) Lehentasunezko gai orokorra edo diagnostikoa azaltzen duen agiria, mahai tekniko(et)an adostua, non argi eta ulergarri jasoko baita egoki den informazioa.

c) Kontsultagai egonen diren galderak dituen galdera-sorta, on-line edo bertatik bertara.

d) Mahai teknikoak edo teknikoek egin beharreko jarduera eta foroen plangintza.

e) Elkarrizketa egituratuko prozesuaren eta lotutako kontsulten jarraipena egiteko modua eta onetsi arte ebaluazioa egiteko mekanismo eta adierazleak.

f) Prozesuarekin lotutako gastuen finantzaketa, behar denean.

3. Behin-behineko agiriak, eranskin gisa, prestaketan parte hartu duten entitate eta pertsonen zerrenda izanen du.

19. artikulua. Zabalkunde publikoa.

1. Lotutako kontsulten prozesuaren hasiera argitaratuko da Gazteriaren web-orrian, Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren Atarian eta sare sozialetan, eta orobat, prozesu bakoitzaren ezaugarrien arabera egokienak diren bideak erabiliko dira, hots, gazteen eta gazteriarekin lotura duten eragileen artean zabalkunderik handiena ahalbidetzen dutenak.

2. Gazte guztiek eta gazteriarekin lotutako eragile guztiek parte har dezakete, libreki, elkarrizketa egituratuarekin lotutako kontsulten fasean, eta emaitza kontuan hartuko da gazteen eta erabaki politikoak hartzeko arduradunen arteko eztabaidan.

3. Kontsulten fasean galdera-sorta bati erantzunez hartuko da parte, eta bertatik bertara, eztabaida foroetara bertaratuz.

20. artikulua. Galderasortari erantzutea.

Parte-hartze handiena lortzeko, sustatuko da on-line bidali ahal izatea galde-sortaren erantzunak, baita era guztietako dokumentazioa on-line bidali ahal izatea ere, zehazten den helbidera, sare sozialen bidez, edo, bestela, bertatik bertara, gazte erakundeen bitartez eta Gazteriaren Zuzendariordetzaren egoitzan.

21. artikulua. Eztabaida foroak.

1. Behin-behineko agiria, betiere, eskualdeetako foroetan eztabaidatuko da, eta, mahaiak edo mahaiek egokitzat joz gero, lehentasunezko gai orokorraren arabera, foro sektorialetan eta deliberatzeko foroetan ere eztabaida daiteke.

2. Foro horien garapena eta emaitza argitaratuko da Gazteriaren web-orrian eta Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren atarian.

22. artikulua. Eskualdeetako foroak.

Gazteriaren Zuzendariordetzak, ahalik eta partaidetza handiena izateko, kontuan izanik eskualdean eskualdeko gazteen dibertsitatea, sustatuko du eskualdeko foroak egin daitezela. Haietan parte hartzeko gonbitea eginen zaie gazteekin lotutako eragile guztiei eta eskualdeko gazteei, oro har.

23. artikulua. Foro Sektorialak.

Mahai teknikoak edo teknikoek susta dezakete/ditzakete foro sektorialak antolatzea, sakon eztabaidatzeko behin-behineko agiriaren eduki berariazkoak. Horietan, egoki jotako pertsonei eginen zaie parte hartzeko gonbitea, haien ezagupen teknikoak eta iritzi kualifikatuak aintzat hartzekoak direnean.

24. artikulua. Deliberazio foroak.

Mahai teknikoa edo teknikoak, aldez aurretik Gazteriaren Kontseiluarekin adosturik, deliberazio foroak antola ditzake, behin-behineko agiriko zenbait gairi buruz, baldin komeni bada deliberazio publikoa izatea, horien konplexutasunarengatik, zeharkakotasunarengatik edo pizten duten interes edo eztabaidarengatik, edo horien gainean iritzi eta interes asko izateagatik.

5. ATALA. LAUGARREN FASEA: ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN BUKAERA

25. artikulua. Proposamenen azterketa eta horien gaineko erabakiak hartzea.

1. Prozesuan egindako proposamen, alegazio eta iritziak, lotutako kontsulten prozesuan galderei emandako erantzunak eta foroetatik ateratako informazioa jasoko dira Nafarroako Gazteriaren Behatokiak eginen duen txosten berariazko batean, adieraziz nork eta zer entitatek egin dituzten, erabilitako bitartekoa, data eta edukia.

2. Txostena mahai teknikora edo teknikoetara bidaliko da, baloratzeko eta, kasua bada, behin-behineko agirira gehitzeko. Departamentu inplikatuei bidaliko zaizkie mahai teknikoak edo teknikoek egiten dituzten gogoeta eta proposamenak.

3. Gazteriaren Zuzendariordetzak, mahaiak edo mahaiek eta departamentuek egindako gogoetak aztertu ondoren, amaierako txosten bat eginen du, eta Gazteriaren Departamentuarteko Batzordera bidaliko, txostena egin dezan.

26. artikulua. Itzulera saioa.

Amaierako itzulera saio bat antolatuko du Gazteriaren Zuzendariordetzak, elkarrizketa egituratuko prozesuan interesa duten guztientzako irekia. Hartan, aurkeztuko dira jasotako proposamenak, hartutako erabakiak eta behin-behineko agirian egindako aldaketak.

27. artikulua. Elkarrizketa egituratuko prozesuaren bukaera.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren titularrak ebazpen baten bidez bukaera emanen dio elkarrizketa egituratuko prozesuari. Haren bidez behin betiko agiria onetsiko da, eta prozesuari hasiera emateko erabilitako bitarteko berberetan argitaratuko da.

Amaierako agiriak jasoko ditu elkarrizketaren emaitza, parte hartu duten pertsonak eta entitateak eta erabilitako bitartekoak.

III. KAPITULUA. ELKARRIZKETA EGITURATUKO PROZESUAREN ONDORIOZKO AGIRIAREN JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

28. artikulua. Jarraipena.

Amaierako agiriak jarraibide batzuk izanen ditu, herritarrek aukera izan dezaten gauzatzearen jarraipena egiteko eta behar diren hobekuntzak sartu ahal izateko.

29. artikulua. Ebaluazioa.

Gazteriaren Zuzendariordetzak, Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren bitartez, ezarriko du zein diren behar diren mekanismoak elkarrizketa egituratuaren prozesua ebaluatzeko.

30. artikulua. Adierazleak.

Une bakoitzean egoki diren adierazleak erabiliz eginen dira amaierako agiriaren jarraipena eta ebaluazioa. Betiere, genero adierazleak erabiliko dira, emakumeen partaidetza kualitatiboki eta kuantitatiboki baloratzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Gazteriaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko urriaren 4an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1711533

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web