341/2017 FORU AGINDUA, IRAILAREN 18KOA, LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ MUGAK JARTZEN DIRA NEGUKO ZEREALEN LABORANTZAN PROSULFOCARB MATERIA AKTIBOA DUTEN PRODUKTU FITOSANITARIOAK ERABILTZEKO
BON N.º 186 - 26/09/2017
I. ERANSKINA. PLAN ESPEZIFIKOA, PROSULFOCARB SUBSTANTZIAREN ERABILERA KONTROLA DADIN, NAFARROAN ZEREALAK HAZTEKO 20172018 KANPAINAN
II. ERANSKINA. OLIBONDOEN INGURUAN PROSULFOCARB DUTEN PRODUKTU FITOSANITARIOAK APLIKATZEAN HORIEK JITOAN IBILTZEAGATIK INGURUA KUTSATZEKO ARRISKUA SAIHESTEKO GOMENDIOAK, NAFARROAKO II, III. ETA VII. ESKUALDEETARAKO
Produktu fitosanitarioen erabilera kontrolatzeko plan nazionalak, nahitaez gauzatzekoa baita, produktu fitosanitarioen erabilera egokia egiaztatzeko aukera ematen du, produktu horiek ingurumenean eta kontsumitzailearen nahiz erabiltzailearen beraren segurtasunean izan dezaketen eragina murrizteko edo arintzeko.
Planeko 2015-2016 kanpainako programazioa gauzatzean, prosulfocarb materia aktiboa atzeman zen olibatan, nahiz eta hura erabiltzea baimenduta ez egon labore horretan. Egiaztatu zen materia aktibo horren erabilera oso zabaldua zegoela zerealak hazten diren Nafarroako zonetan, eta zona horietan olibadiak eta zereal laboreak izan ohi dira elkarren ondoan.
2016-2017 kanpainan kutsatze gehiago izan ez dadin, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren irailaren 20ko 969/2016 Ebazpena onetsi zen. Haren bidez arautu zen prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen erabilera. Ebazpen haren bitartez halakoak erabiltzea eragozten zen olibadia zuten lurzati batetik 100 metro baino gutxiagora, eta 200 metro baino gutxiagora, baldin alde hartarako haizeak jotzen bazuen. Halaber, beste neurri batzuk ere ezarri ziren, kontrolei, gomendioei, aholkularitzari eta ikerkuntzari buruz, eta Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari proposatu zitzaion berrikus zezala zer baldintzatan baimendu prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak.
Nahiz eta neurri horiek abiarazi, 2016ko azaroan eta abenduan eta 2017ko urtarrilean ikusi zen, berriz ere, oraindik ere bildu gabeko olibetan bazela prosulfocarb materia aktiboa, baita olibadi horietan non 100 metrora, gutxienez, ikusi den ez dela herbizida hori erabili, lurrei egindako analisien bidez.
Hori horrela, baditugu arrazoiak susmatzeko ezen prosulfocarb substantziaren erabilera, gaur baimena emateko dauden baldintzetan, ez dela giza osasunerako segurua -eta jarduketa fitosanitario oro dago Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen menpe-, izan ere, haren hondakinak agertzen dira, gehieneko mugak gainditzen dituzten kontzentrazioetan (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko otsailaren 23ko 396/2005 (EE) Erregelamenduak ezarri zituen aipatutako mugak; erregelamendu horren bidez, pestiziden gehieneko mugak ezarri ziren landare eta animali jatorriko elikagaietan eta pentsuetan), substantzia hori aplikatzen den tokietatik urruti samar dauden olibadietako olibetan, eta ez dago segurtasun distantziei buruzko aipamenik prosulfocarb duten produktu fitosanitario baimenduen etiketa eta fitxetan.
Alde horretatik, Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 30.2 artikuluak xedatzen du ezen, baldin produktu fitosanitario baten edo defentsa fitosanitariorako beste baliabide baten erabilera gizakien edo abereen osasunerako edo ingurumenerako arriskugarria dela egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada, hura aldi baterako bertan behera utzi edo haren erabilera arautzen ahalko dela.
Ikusita ez dagoela informazio tekniko nahikoa jakiteko ea zer eragin duen herbizida honek zereala ez den beste labore batzuetan, eta ezin denez distantzia seguru bat ezarri labore sentikorretarako, bidezkoa da, oinarrizko zuhurtasun-printzipioarengatik, haren erabilera debekatzea IV., V., eta VI. eskualdeetan, olibadia ohikoa baita horietan, 2017ko urriaren 1etik 2018ko urtarrilaren 15era, harik eta Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak hura erabiltzeko baldintzak berraztertu arte, ministerio hori baita arlo horretako agintaritza eskuduna. Hala jokatuko da, ezin baita bestela oliben segurtasuna bermatu uzta biltzean. Gainerako eskualdeetan, gutxiagotan baitaude elkarren ondoan zereala eta olibadia, bidezkoa da materia aktibo hori aplikatzeko distantzia zuhurra bakarrik ezartzea, hots, 100 metro.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen erabilera arautzea .
Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen aplikazioa bertan behera uzten da, aldi baterako, 2017ko urriaren 1etik 2017ko abenduaren 15era bitarte honako eskualde hauetan:
–III. eskualdea: udalerri hauetan: Añorbe, Tirapu, Obanos, Eneritz, Gares, Legarda, Uterga, Adios, Muruzabal, Biurrun-Olkotz, Ukar, Girgillao eta Artazu.
–IV. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak, salbu:
Marañón.
Genevilla.
Cabredo.
Lapoblación-Meano.
Zuñiga.
Lana.
Larragoa.
Aranaratxe.
Eulate.
–V. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.
–VI. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.
2017ko abenduaren 16tik 2018ko urtarrilaren 15era bitarte, aurreko paragrafoan adierazitako udalerrietan, uzta bildu gabe duten olibadietatik gutxienez 100 metroko tartea utzi beharko da.
Gainerako eskualdeetan, 2017ko urriaren 1etik 2018ko urtarrilaren 15era arte, gutxienez 100 metroko tartea utzi beharko da uzta bildu gabe duten olibadietaraino.
Nafarroako nekazaritza-eskualdeen lurralde banaketari eta horietako bakoitzak biltzen dituen udalerri eta lurraldeei dagokienez, 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio, horren bidez aditzera eman baitzen Nafarroako nekazaritza-eskualdeen banaketa.
2. artikulua . Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onestea, baita hurbileko laboreak ez ukitzeko gomendioak ere.
Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onesten da zerealak hazteko 2017-2018 kanpainarako, I. eranskinean zehazten baita, eta gomendioak onesten dira II. eranskinean zehaztutako produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihesteko.
3. artikulua . Arauhauste eta zehapenen araubidea.
Baldin foru agindu honen 1. artikulua betetzen ez bada, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV. tituluko I. eta II. kapituluetan arau hausteei eta zehapenei buruz xedatutakoari jarraituko zaio.
4. artikulua . Esperimentazio eta aholkularitzako jarduketak.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (INTIA) bidez, esperimentazio eta aholkularitza jarduketak eginen dituzte nekazarientzat, prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak ez diren alternatibekin.
5. artikulua . Defentsa fitosanitariorako baliabideen murriztapenei buruzko komunikazioa.
Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari proposatzea berrazter ditzala prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak baimentzeko baldintzak.
6. artikulua . Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko irailaren 18an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
I. ERANSKINA. PLAN ESPEZIFIKOA, PROSULFOCARB SUBSTANTZIAREN ERABILERA KONTROLA DADIN, NAFARROAN ZEREALAK HAZTEKO 2017-2018 KANPAINAN
Nekazaritza Zerbitzuko kontrol zerbitzu ofizialek gauzatuko duten planaren baitan, kontrol dokumentalak eta ikuskapenak eginen dira tokian bertan.
Ekintza hauek gauzatuko dira:
-Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen salmenta kontrolatuko da.
-Olibadietatik gertu dauden zereal lurzatiak begiz ikuskatuko dira, haizea dabilen egunetan bereziki.
-Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko haren erabilera mugatua duten zereal laboreetako lurzatietan.
-Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko, inguruan zereal laboreak dituzten olibondo lurzatietan.
-Ustiatze koadernoak kontrolatuko dira arrisku zonetan.
II. ERANSKINA. OLIBONDOEN INGURUAN PROSULFOCARB DUTEN PRODUKTU FITOSANITARIOAK APLIKATZEAN HORIEK JITOAN IBILTZEAGATIK INGURUA KUTSATZEKO ARRISKUA SAIHESTEKO GOMENDIOAK, NAFARROAKO II, III. ETA VII. ESKUALDEETARAKO
-Prosufocarben ordez beste herbizida batzuk erabiltzen saiatzea.
-Olibadiekin muga egiten duten lurzatietan kokatzea greening-eko interes ekologikoko azalerak.
-Ahal den neurrian, zerealak berandu ereitea eta olibak biltzeko zain egotea zereal laboreak tratatzeko, olibadiak dauden ingurunean.
-Ustiatze lurzatiekin muga egiten duten edo horietatik gertu dauden olibadien zerrenda bat edukitzea, tratamenduak planifikatu ahal izateko haizearen noranzkoaren eta beste faktore batzuen arabera (beroa, hezetasuna, tenperatura, etab.).
-Prestakuntza-jardueretan parte hartzea, hain zuzen ere honako hauei buruzkoetan: produktua jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskuak murriztea, saldak dosifikatzea, makineriaren erregulazioa, eta abar.
-Iragarpen meteorologikoak kontsultatzea, eta baldintzarik egokienetan tratatzea olibondoetatik gertu dauden lurzatiak.
Kalte har dezakeen eremuaren kontrako noranzkoan jotzea haizeak.
Haizearen abiadura “ 2,5 m/s.
Tenperatura leuna (“ 25.ºC).
Hezetasuna (“ %50).
-Produktua jitoan ez ibiltzeko pitak erabiltzea, tanta finen kopurua murrizteko. Tantak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta handiagoa da produktua jitoan ibiltzeko arriskua. 20 mikrako diametroko tantak 125 metrora zabal daitezke 3 m/s haizea baldin badabil.
-Barraren altuera behar bezala egokitzea, jomugatik 50 cm-ra mantenduz. Kontuan izan barra 75 cm-ko altueran badago %50 handiagoa dela produktua jitoan ibiltzeko arriskua, 50 cm-ko altueran dagoenean baino.
-Lur gorabeheratsuetan, barrak egonkortzeko sistemak dituzten zipriztingailuak erabiltzea gomendatzen da.
-Kalte har dezaketen zonetatik gertu zipriztintzean, 8 km/h abiaduran baino azkarragoa ez joatea. Kontuan izan behar da zenbat eta azkarrago joan orduan eta denbora luzeagoz izan daitezkeela jitoan tantarik finenak.
-Haizez lagundutako zipriztingailuak erabiltzeko aukera aztertzea, haize bortitza dabilenean aplikatu behar izaten badira maiz produktu fitosanitarioak.
-Aplikazio ekipamendua kalibratzea eta pitak behar bezala daudela egiaztatzea kanpaina bakoitza hasi aurretik.
Iragarkiaren kodea: F1710910