98/2017 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 11KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, PERTSONA EDO ENTITATE EKINTZAILEEN ERREGISTROA ARAUTZEN DUENA
BON N.º 186 - 26/09/2017
Ekonomia suspertzeko ekintzen artean eta hazkunde ekonomikoaren nahiz enplegu sorkuntzaren helburuak erdiesteko xedez, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren berrogeita laugarren xedapen gehigarriak zerga araubide berritzailea ezarri zuen, ekintzailetzat jotzen diren pertsona edo entitateei eta horietan inbertitzen dutenei aplikatzekoa.
Apirilaren 11ko 127/2013 Foru Aginduaren bidez pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa sortu, eta bertan inskribatzeko prozedura arautu zen.
Geroago ikusi da aipatu foru aginduaren manu batzuek erregistroa modu eraginkorrean kudeatzeko gehiegizko eta beharrezkoak ez diren kostu administratiboak dakartzatela. Horregatik, erregistro horren kudeaketa errazteko, apirilaren 11ko 16/2016 Foru Agindua eman zen, pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan inskribatzeko prozedura aldatu eta 127/2013 Foru Agindua indarrik gabe utzi zuena, 1. artikulua izan ezik.
Zenbait zerga aldatu eta tributu arloko beste neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 25/2016 Foru Legeak testu berria eman zion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren berrogeita laugarren xedapen gehigarriari, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeari egokitzeko, foru lege horretan ekintzailetza babesteko neurri berriak jarri baitira abian, ondorioak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko. Berrogeita laugarren xedapen gehigarri horretan zehazten denez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboei, baldin eta ekintzailetzat hartzeko baldintzak betetzen badituzte, edo, sozietateen gaineko zergaren foru arauekin bat, entitate ekintzaile izateko bete behar diren baldintzak betetzen dituen errentak eratxikitzeko araubideko entitate bateko bazkide badira, arau horretan ekintzailetzari laguntzeko ezarritako neurriak aplikatuko zaizkie. Neurri horiek Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotzen dira.
Horregatik guztiagatik, komenigarritzat jotzen da beste foru agindu bat idaztea, pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroari buruzko arau eguneratuak jasotzeko eta apirilaren 11ko 127/2013 Foru Aginduaren 1. artikulua eta otsailaren 10eko 16/2016 Foru Agindua indargabetzeko.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren 7. apartatuan zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa eta bertan inskribatzeko prozedura arau ditzan.
Horrenbestez, lege agindu hori betetzeko eta emandako gaikuntzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ekintzailetza babesteko arautzen diren neurriak aplikatzeko, zergadunak pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan inskribatuta egon beharko du. Erregistro hori kudeatzea Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio.
2. artikulua . Inskripzio eskaera.
Pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan inskribatzeko eskaera Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunari zuzendutako eskabidearen bitartez eginen da; bertan, pertsona edo entitate ekintzailearen izen-deiturak, edo sozietatearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbide fiskala adieraziko dira. Erantzukizunpeko adierazpena ere egin beharko da, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak betetzen direla dioena, baita garatu beharreko jardueraren deskribapen labur bat ere, haren kokapena adierazita.
Pertsona edo entitate ekintzaileak betetzen duen jarduera berritzailetzat har daitekeenean, edo bereziki sustatu gogo den sektore batekotzat edo espezializazio adimentsukotzat, garapen ekonomikoaren arloan eskuduna den departamentuan eskatu beharko du kalifikazio hori.
3. artikulua . Organo eskudunak.
Honako hau da inskripzioa egiteko organo eskuduna:
a) Eskatzailea tributuak errenta-egozpenaren araubidean ordaintzen dituen pertsona fisiko edo entitate bat denean, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko titularra.
b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, Zerga Kudeaketa Zerbitzuko titularra.
4. artikulua . Erregistroan inskribatzea eta isiltasunaren ondorioak. Onura fiskalak aplikatzeko data. Ebazpena emateko betebeharra .
1. Erregistroko inskripzioa ezetsitzat joko da eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean interesdunek espedientearen ebazpenaren jakinarazpena jasotzen ez badute.
2. Erregistroan inskripzioa egiten den egunetik aurrera aplikatzen ahalko dira pertsona edo entitate ekintzaileentzako onura fiskalak, eta gehienez ere 5 zergalditan, jarduera hasten den egunetik aurrera. Garapen ekonomikoaren arloan eskuduna den departamentuak jarduera berritzailetzat hartzen baldin badu, edo bereziki sustatu gogo den sektore batekotzat edo espezializazio adimentsukotzat, onura fiskalak kalifikazio hori eskatzen den zergalditik aurrera izanen dira aplikatzekoak.
Entitate ekintzaileetan inbertitzen duten pertsona edo entitateek Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako kenkaria aplikatzen ahalko dute entitate ekintzaileak bere inskripzioa eskatzen duen egunetik aurrera egindako inbertsioengatik eta egun horren aurreko sei hilabeteetan egindakoengatik.
3. Inskripzioa egiteko organo eskudunak emanen du ebazpena, inskripzioa egitea onartu edo ukatzen denean edo ofizioz deuseztatzea erabakitzen denean.
5. artikulua . Ezbetetzeak .
Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako inguruabarrak edo betebeharrak ez betetzeak ekarriko du inskripzioa ukatzea edo, dagoeneko inskribaturik dauden zergadunen kasuan, erregistrotik kanpo gelditzea eta inskripzioa ofizioz deuseztatzea, aipatu xedapen gehigarriaren 8. atalean ezarritako ondorioekin.
Zergadunak behartuta egonen dira erregistroan egindako inskripzioa deuseztatzeko eskatzera aipatutako inguruabar edo baldintzetako bat betetzeari uzten badiote. Ez-betetzea gertatu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera.
6. artikulua . Ebazpenen motibazioa eta horien kontrako errekurtsoak.
1. Ebazpenak arrazoituak izanen dira, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan ezarri bezala. Interesdunei entzutea emanen zaie prozeduran.
2. Ebazpenak eta presuntziozko egintzak berraztertzeko errekurtsoaren edo erreklamazio ekonomiko-administratiboaren xede izan daitezke, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluaren VII. kapituluaren 3. eta 4. ataletan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoarekin bat .
Xedapen iragankorra .Enpresa gazteak eta berritzaileak eta pertsona edo entitate ekintzaileak, kasuan kasuko erregistroetan 2016ko abenduaren 31n inskribatutakoak.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hamalaugarren xedapen iragankorrean xedatutakoarekin bat, 2016ko abenduaren 31n enpresa gazte eta berritzaileen zentsoan inskribatuta dauden entitateak ofizioak inskribatuko dira pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ekintzailetza babesteko aurreikusitako neurriak haien jarduera hasi zenetik bost ekitaldiak osatu arte falta den epean aplika ditzaten, betiere entitate ekintzailetzat hartzeko baldintzak betetzen badituzte.
Ofiziozko inskribatze hori eginen zaie, aurreko paragrafoan aipaturiko ondorio berberekin, 2016ko abenduaren 31n Pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan inskribaturik daudenei ere. Erregistro hori Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginean (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) aipatzen zen, berrogeita laugarren xedapen gehigarriko 5. apartatuan.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek edo entitateek baja eskatuko diote Nafarroako Zerga Ogasunari pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan. Pertsona edo entitate horiek ezin izanen dituzte aplikatu aipatutako hirugarren xedapen gehigarrian ekintzailetza babesteko aurreikusten diren neurriak.
Halaber, Nafarroako Zerga Ogasunak pertsona edo entitate ekintzaileen erregistrotik kendu ditzake Sozietateen gaineko Zergari buruzko foru legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak edo entitateak.
Xedapen indargabetzaile bakarra .Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe utzi dira bi arau hauek: Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak otsailaren 10ean emaniko 16/2016 Foru Agindua, pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan inskribatzeko prozedura aldatzen duena, eta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa sortu, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen duen apirilaren 11ko 127/2013 Foru Aginduaren 1. artikulua.
Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko abuztuaren 11n.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1709597