(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

103/2017 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 28KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ EZARTZEN DIRA AURKEZPEN MODUAK, AITORPENA EGITEKO BETEBEHARRA, AURKEZTEKO EPEA, ORDAINKETA MODUA, DOKUMENTAZIOAREN AURKEZPENA ETA BALDINTZA OROKORRAK ETA PROZEDURAK, 652 EREDUA TELEMATIKOKI AURKEZTEKO (“OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGA. OINORDETZAK. BIZI-ASEGURUAK. AUTOLIKIDAZIOA”) Nota de Vigencia

BON N.º 184 - 22/09/2017



Zioen azalpena

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abuztuaren 27ko 345/2012 Foru Aginduak ezarri zuen autolikidazioaren araubidea “mortis causa” negozio juridikoen likidazio eta ordainketarako prozedura gisa, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren esparruan, eta 650, 651, 652 eta 660 ereduak onetsi zituen. Bestetik, aipatu foru aginduan xedatzen da ezen 652 eredua (“Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa”) erabili beharko dela bizi-aseguruko eragiketetarako, aseguratua hilez gero; betiere, kontratatzailea ez bada onuraduna, eta aseguratuak kontratatu badu edo aseguru kolektibo bat bada.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen xedea da herritarren zerbitzuan izanen den administrazio elektroniko eraginkorraren ezarpena bultzatzea, teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak pixkanaka gehituz, teknologiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko administrazio prozeduren tramitazioan aurrera egin ahala. Arlo horretan eskuratu diren lorpenak eta onurak aipagarriak dira, batik bat Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak indarra hartuz geroztik.

Orain arte, 652 eredua paper inprimatuan bakarrik aurkez zitekeen; orain, zergadunek errazago bete ditzaten beren tributu arloko betebeharrak, eta egunetik egunera bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak garatuago daudenez, aipatutako ereduaren aurkezpen telematikoa gaitu da.

Kontuan izanik Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 50.2 artikuluak ezartzen duela aldez aurretik pagatzekoak direla zergaren autolikidaziorako ereduak, ezin izanen da aitorpena aurkeztu ez baldin bada aurretik ordainketa hori tramitatu eta frogatu.

Ordainketa egin dela frogatzeko, kode bat (Erreferentzia Zenbaki Osoa) erabiltzea erabaki da. Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitateetako sistema informatikoek kode hori automatikoki sortzen dute, haietan diru-sarrera egindakoan. Sistema hau, azpiegitura kriptografiko batean oinarritua, fidagarria, segurua eta bizkorra da, eta haren erabilera oso zabaldua dago finantza entitateen artean.

Nafarroako Zerga Ogasunak nahi du Foru Komunitatean diru-bilketaren kudeaketan laguntzaileak diren finantza entitate guztiak atxikitzea ordainketa telematikoaren sistema honi. Sistema hau aspalditik dago erabilgarri haren aplikazio telematikoetan. Hala, zergapekoak edo bere ordezkariak, ez zerga bulegoetara ez bankukoetara joan beharrik gabe, tramite guztiak egin ditzake Nafarroako Zerga Ogasunak bere eskura jartzen dituen web zerbitzuen bidez.

Hala ere, kontuan hartuta gaur egun finantza entitate guztiak ez daudela Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistema horri atxikita, ordainketaren izapidea eta ordainketaren egiaztapena errazteko, Erreferentzia Zenbaki Osoa lortzeko bigarren modalitate bat sortzen da, hau da, aitorpenaren zirriborroa Nafarroako Zerga Ogasunaren web zerbitzuetan gordetzen da, egin beharreko ordainketaren datuak eskuratzen dira eta, finantza entitateak bere bezeroen eskura jartzen duen sistemaren bidez (bertaratuz edo entitatearen web zerbitzuen bidez), zerga ordaintzeko eta Erreferentzia Zenbaki Osoa lortzeko tramitea egiten da. Zenbaki hori lortu ondoren, Nafarroako Zerga Ogasunaren aplikazio informatikoaren bidez zirriborroa berreskuratu, Erreferentzia Zenbaki Osorako eremua bete eta aitorpena aurkezten ahal da.

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 58. artikuluak Ekonomia eta Ogasun Departamentua gaitzen du baimena eman dezan telematikoki aurkez daitezen autolikidazioak, eskritura publikoak eta beste agiri batzuk.

Halaber, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Orobat, ezartzen da ezen paper inprimatuko aurkezpena eginen dela Nafarroako Zerga Ogasuneko web-orrian lortutako inprimakia betez, eta inprentako paperean aurkezteko aukera kenduko dela.

Bestalde, foru agindu honetan arautzen dira 652 eredua aurkezteko kontuan hartu beharreko alderdi orokorrak, aplikatzekoak direnak horretan aurreikusitako bi aurkezpen moduetan.

AGINDU DUT:

1. artikulua. 652 eredua onestea Nota de Vigencia.

652 eredua onesten da (Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa), eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es. Eredu horrek lau ale ditu: Administrazioarentzako alea, interesdunarentzako alea, aseguru-entitatearentzako alea, eta banku entitatearentzako ordainketa gutunaren 772 eredua.

2. artikulua . 652 eredua (“Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Biziaseguruak. Autolikidazioa”) aurkezteko moduak.

Subjektu pasiboak erabaki dezake 652 eredua aurkeztea bai paper inprimatuan, Nafarroako Zerga Ogasuneko web-orrian lor daitekeen inprimakia betez (web-orri horren helbidea: http://www.hacienda.navarra.es), bai telematikoki. Aurkezpen hori baldintza orokorrekin bat eta 5. eta 6. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako prozeduraren arabera eginen da.

Nolanahi ere, aitorpen-likidazio, autolikidazio eta aitorpen informatibo guztiak telematikoki aurkeztera behartutako subjektuek telematikoki aurkeztu beharko dute eredua.

3. artikulua . Aitorpena egiteko betebeharra.

1. 652 eredua aurkeztera beharturik daude subjektu pasibo horiek zeinak beharturik baitaude, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, aipatutako zerga autolikidatzera eta diru-sarrera Nafarroako Zerga Ogasunean egitera, bizi-aseguruko eragiketetarako, aseguratua hilez gero, betiere kontratatzailea ez baldin bada onuraduna, aseguratuak kontratatu badu edo aseguru kolektiboa bada.

2. Eredu honetako bizi-aseguruak ez dira “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Aitorpena” izeneko 660 ereduan sartuko.

4. artikulua . Aurkezteko epea eta ordaintzeko modua.

1. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 37. artikuluaren arabera (erregelamendu hori urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), sortzapen egunetik sei hilabeteko epean aurkeztu beharko da 652 eredua. Heriotza Espainiatik kanpo gertatu bada, hamar hilabetekoa izanen da epea.

Zerga Administrazioak aurkezpen epeak luza ditzake, aurreko paragrafoan aipatutako epe berdinetan, aipatutako erregelamenduaren 38. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Subjektu pasiboak, aurreko apartatuan aipatzen den epearen barrenean, behartuta egonen dira egindako autolikidaziotik ateratako zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan ordaintzera. 652 ereduari dagokion diru-sarrera egiteko, horretarako gaitutako ordainketa-gutun eredua erabiliko dute. Betiere, ordaintzeko onartuta dagoen beste edozein bide erabiliz ere egin dezakete diru-sarrera.

5. artikulua . Agiriak aurkeztea.

Aitorpena aurkeztean, aitortzaileak honako agiri hauek erantsi beharko ditu:

- Kausatzailearen heriotza-ziurtagiria, Erregistro Zibilak emana.

- Aseguru etxearen ziurtagiria, non zehaztuko baitira jaso beharreko zenbatekoa eta onuradunen identitatea.

Aseguru polizak ez baditu zehazki eta berariaz aipatzen onuradunak, legezko jaraunsleengana jotzeko, beharrezkoa izanen da kausatzailearen testamentu-xedapenen kopia baimendua aurkeztea, halakorik balego, baita Azken Borondatezko Egintzen Erregistroaren egintzen ziurtagiria ere.

Testamenturik ez badago, horren ordez erabil daiteke egoki den auto judizialeko lekukotza, edo jaraunsleen aitorpenari buruzko notario-akta.

6. artikulua . 652 ereduari dagozkion autolikidazioak telematika bidez, Internet baliatuz, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 652 ereduaren autolikidazioaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, edo, bestela, bere identifikazio pertsonalerako zenbakia (PIN), Nafarroako Zerga Ogasunak emana, nortasuna frogatu ahal izateko.

Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Hirugarrenen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpo lankidetzarako ituna onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hirugarrenen izenean aitorpena telematika bidez aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek ahalmen hori erabiltzen ahalko dute foru agindu honek aipatzen duen eredu horri dagokionez; horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektronikoa izan beharko dute, hain zuzen ere aurreko b) letran aipatzen dena.

d) 652 ereduari dagozkion autolikidazioak telematikoki aurkezteko, aitortzaileak edo, hala bada, aurkezle baimenduak erabili beharko du Nafarroako Zerga Ogasunaren Interneteko orriko web inprimakia; horren bidez betetzen ahalko dira kontratatutako bizi-aseguruko (zer bizi-asegururengatik jaso nahi diren prestazioak, hartako) datuak.

e) Aurkezpena egiteko modalitate hori hautatzen duten aitortzaileek aurkezpen horretarako eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian daude argitaratuta Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

7. artikulua . 652 ereduari dagozkion autolikidazioen aurkezpen telematikoa Internet baliatuz egiteko prozedura.

Autolikidazioaren aurkezpen telematikoa Internet baliatuz egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura iristea helbide honen bidez: http://www.hacienda.navarra.es.

2. Egin nahi den autolikidazio eredua adierazi, eta autolikidazioa aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Ordainketa tramitatzea aitorpena aurkeztu aurreko baldintza da.

Ordainketa egin izana frogatzeko, ordainketa horri dagokion Erreferentzia Zenbaki Osoa Nafarroako Zerga Ogasunari komunikatu beharko zaio.

a) Ordainketa, dela norberaren izenean, dela hirugarrenen izenean ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan aurreikusita dauden bi modalitateetako edozeinetan, Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitate batean irekitako kontu batean zordunduz tramitatzen bada, aitorpena aurkezteko aplikazio telematikoak berak bideratuko du tramite hori, inprimakian beharrezkoak diren datuak betez eta Erreferentzia Zenbaki Osoa lortuz.

Sistema horren bidez Erreferentzia Zenbaki Osoa lortu eta txertatutakoan, aurkezleak aitorpena bidaliko du, eta ez da bestelako tramiterik egin beharko.

Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitateak zerga hau aurkezteko aplikazio telematikoan bertan agertzen dira.

b) Ordainketa Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitate batean irekitako kontu batean zordunduz tramitatzen ez bada, diru-bilketaren kudeaketan laguntzaile aritzen den gordailuko finantza entitateak eman beharko du Erreferentzia Zenbaki Osoa, dela bertaratuta, dela entitate horrek bere bezeroen eskura jartzen duen bitartekoa erabiliz. Erreferentzia Zenbaki Osoa horrela lortutakoan, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aitorpenean (652 ereduan) agerrarazi beharko da, Nafarroako Zerga Ogasunari aurkeztu baino lehen.

Bigarren modalitate honetan Erreferentzia Zenbaki Osoa errazago lortu ahal izateko, zerga telematika bidez aurkezteko aplikazio informatikoak behar bezala betetako datuak biltzen dituen zirriborroa gordetzen utziko du, eta zirriborroaren zenbatekoa agertzen duen ordainagiria lortzen ahalko da. Ordainketa egin ondoren, zirriborro hori berreskuratzen ahalko da, eta gero aitorpen gisa tramitatu, Erreferentzia Zenbaki Osoa txertatu ondoren.

4. Aitorpena igorri. Autolikidazioa bete ondoren, “igorri” aukera erabili. Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Autolikidazioa behar bezala bete ondoren, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Azken xedapenetan lehena .Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 28ko 19/2015 Foru Agindua aldatzea. Horren bidez 291 eredua (“Ezegoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ezegoiliarrak. Ezegoiliarren kontuen gaineko informazio aitorpena”) onesten da, baita haiek ordenagailuan zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian aurkezteko diseinu fisikoak eta logikoak ere.

2. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“2. artikulua. Aitorpena aurkeztera behartuak.

1. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluari jarraituz, Espainiako Bankuak eta kanpoko transakzio ekonomikoen araudian aipatzen diren entitate erregistratuek ez-egoiliarren kontuen aitorpen informatiboa aurkeztu beharko dute Nafarroako Zerga Ogasunean, Espainian irekita dauden ez-egoiliarren kontu horien titularrak Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunak badira, establezimendu iraunkorrik gabeak.

2. Aitorpen informatiboa aurkeztera behartuek, zergaren preskripzio aldian, zerga administrazioaren eskura gordeko dute Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadun direla frogatzen duen dokumentazioa, foru agindu honen lehenbiziko xedapen gehigarrian aipatua.”

Azken xedapenetan bigarrena .Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak azaroaren 15ean emandako 971/2012 Foru Agindua aldatzea. Horren bidez, 150 eredua (“Espainiako lurraldera joanarazitako langileei aplikatzen ahal zaien araubide bereziari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena”) eta 149 eredua (“Espainiako lurraldera joanarazitako langileen araubide berezia aplikatzeko jakinarazpena”) onetsi ziren.

5. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“5. artikulua. 150 eredua aurkezteko eta zerga zorra ordaintzeko tokia.

Espainiako lurraldera joanarazitako langileei aplikatzen ahal zaien araubide bereziari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren 150 eredua Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren edozein bulegotan aurkeztuko da.

Egindako likidazio aitorpenaren ondorioz ordaintzeko zenbatekorik ateratzen bada, Nafarroako Zerga Ogasunarekin lankide den edozein finantza-entitatetan egin beharko da diru-sarrera. Zenbateko hori bi ordainketa berdinetan zatitzen ahalko da, interesik edo errekargurik gabe; lehena ordainketa-gutunaren bidez eginen da, 796 ereduaren arabera, eta bigarrena ordainketa-gutunaren nahiz banku-helbideratzearen bidez.”

Azken xedapenetan hirugarrena .Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkezten diren aitorpen-likidazioei aplikatuko zaie, edozein dela ere zerga sortzeko data.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 28an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1710065

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web