(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

75/2017 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, NAFARROAKO ETXEBIZITZA KONTSEILUAREN OSAERA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 177 - 13/09/2017



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. EGINKIZUNAK


  III. KAPITULUA. OSAERA ETA ORDEZTEKO ARAUBIDEA


  IV. KAPITULUA. ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA


Atariko

Etxebizitzaren alorrean herritarrentzako laguntza-neurriak ezartzen dituen abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legeak aldaketa garrantzitsuak egiten dizkie Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari eta Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuari.

Aldaketa horietako bat da 86. artikulu berria eranstea foru lege horri. Artikulu horretan, Nafarroako Etxebizitza Kontseilua aurreikusten da Nafarroako Gobernuaren kontsulta eta aholkularitzarako organo gisa etxebizitza arloan, arlo horretan eskuduna den departamentuari atxikia. Kontseiluaren osaera deskribatzen da, eta eginkizunak esleitzen. Kontseiluari eduki zehatza emateko, haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautu behar dira.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak gardena izan nahi du informazioarekin, eta herritarren lankidetzaren alde egiten du politika publikoen diseinuan, inplementazioan eta ebaluazioan, administratzeko modua irekiagoa izateko, parte-hartzea handitzeko eta sektoreen eta taldeen behar eta problemetara hurbiltzeko.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abuztuaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Etxebizitza Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua . Nafarroako Etxebizitza Kontseiluaren izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Etxebizitza Kontseilua Nafarroako Gobernuaren kontsulta eta aholkularitzarako kide anitzeko organoa da etxebizitza arloan.

2. Nafarroako Etxebizitza Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan etxebizitza arloan eskudun den departamentuari atxikiko zaio, eta horrek emanen dizkio jarduteko behar dituen aholkularitza eta bitartekoak.

II. KAPITULUA. EGINKIZUNAK

3. artikulua . Nafarroako Etxebizitza Kontseiluaren eginkizunak.

Nafarroako Etxebizitza Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

1. Nafarroako Etxebizitza Planaren taxuketaren jarraipena egitea.

2. Nafarroako Etxebizitza Planaren edukiari buruzko txostena egitea, Nafarroako Gobernuak hura onetsi aurretik.

3. Etxebizitza arlokoak diren izaera orokorreko xedapenen proiektuei eta horien aldaketei buruzko txosten ez-lotesleak ematea.

4. Etxebizitzarekin lotutako edozein gaitan proposamenak eta iradokizunak egitea.

5. Arloan eskudun diren administrazioetako edozeinek eskatzen dizkion etxebizitza arloko txosten eta kontsulta guztiak egin eta erantzutea.

6. Etxebizitzaren sektorean diharduten eragileen etengabeko elkarrizketa sustatzea.

7. Koordinazioa eta lankidetza sustatzea administrazio publikoen artean eta etxebizitza arloan esku hartzen duten gizarte eta ekonomia arloko eragileen artean.

8. Ekimenak, neurriak edo programak proposatzea etxebizitza arloan, sentikortasunari, informazioari eta hobekuntzari dagokienez.

9. Begiratzea etxebizitzaren arloko informazioa gardena dela eta behar bezala zabaldu eta Nafarroako gizartearen eskura jartzen dela.

III. KAPITULUA. OSAERA ETA ORDEZTEKO ARAUBIDEA

4. artikulua . Osaera.

1. Nafarroako Etxebizitza Kontseiluak kide hauek izanen ditu: lehendakaria, lehendakariordea eta kontseiluko kideak.

2. Lehendakaria izanen da etxebizitza arloko eskumena duen departamentuko titularra.

3. Lehendakariordea izanen da etxebizitza arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.

4. Kontseiluko kideak honako hauek izanen dira:

a) Etxebizitzaren arloan eskudun den departamentuaren lau ordezkari, departamentu horren titularrak izendatuak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpean etxebizitza babestuak sustatu eta kudeatzeko helburu soziala duen sozietate publikoaren ordezkari bat.

c) Etxebizitzak birgaitzeko udal eta eskualdeetako bulegoen bi ordezkari: bata biztanleria handienari zerbitzua ematen dion bulegoarena izanen da, eta bestea, berriz, gainerako bulegoen artean hautatutako bulegoaren ordezkaria.

d) Sektorean ordezkagarritasun handiena duen enpresa erakundearen bi ordezkari.

e) Enpresa erakunde ordezkagarrienaren ordezkari bat.

f) Nafarroako Foru Komunitatean etxebizitza babestua alokatzen duten bi enpresa garrantzitsuenetako bakoitzaren ordezkari bat.

g) Nafarroako Foru Komunitatean bazkide gehien dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen bi elkarteetako bakoitzaren ordezkari bat.

h) Hipotekak ukitutakoak defendatzeko Nafarroako plataformen ordezkari bat.

i) Ordezkari bat Nafarroako lanbide elkargo hauetako bakoitzeko:

- Arkitektoen Elkargo Ofiziala.

- Aparejadore, Arkitekto Tekniko eta Eraikuntza Ingeniarien Elkargo Ofiziala.

- Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofiziala.

- Finka Administratzaileen Elkargo Ofiziala.

j) Etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko hitzarmena sinatu duten Nafarroako finantza entitateetako bakoitzaren ordezkari bat.

k) Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateko erakunde gehien dituen entitatearen ordezkari bat.

l) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

m) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuen ordezkari bana.

n) Nafarroako pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borrokan aritzen diren irabazi-asmorik gabeko gizarte erakunde gehien dituen entitatearen ordezkari bat.

ñ) Nafarroako Gazte Kontseiluaren ordezkari bat.

5. Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atalaren titularra arituko da idazkari Nafarroako Etxebizitza Kontseiluan, hizpidea duela baina botorik ez.

5. artikulua . Izendapena eta kargua uzteko arrazoiak.

1. Etxebizitzaren arloan eskudun den departamentuaren titularrak foru agindu bidez izendatuko ditu kideak, ordezkatzen dituzten entitateek edo erakundeek proposatu ondoan.

Lau urteko agintaldia izanen dute kideek, eta hura iraupen bereko epetan berritzen ahal da. Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, ordezten duen kidearen kargualdia bukatu arte arituko da titular berria.

2. Orobat, honako kasuotan utzi beharko dute kargua Nafarroako Etxebizitza Kontseiluko kideek:

a) Heriotza edo ebazpen judizial irmo baten bidez deklaratutako desgaikuntza.

b) Norberak eskatuta.

c) Lanbidean edo politikan aritzeko desgaikuntza ekarri duen zigorra jasotzea epai irmo baten bidez.

d) Ordezkaritza galtzea.

e) Foru dekretu honetan ezarritako baldintzaren bat ez betetzea.

Hautatua izateko epea bukatuz gero, kideek beren eginkizunetan jarraituko dute kide berriak karguaz jabetzen diren arte.

3. Kargu hutsak betetzeko, foru dekretu honetan izendapenak egiteko adierazitako prozedura berbera erabiliko da.

4. Ahal dela, gizonek eta emakumeek ordezkaritza paritarioa izanen dute.

6. artikulua . Ordezkotzak.

1. Lehendakaria ez dagoenean, lehendakariordeak ordeztuko du.

2. Idazkaria ez dagoenean, Zuzenbideko lizentziadun batek ordeztuko du, etxebizitzaren arloan eskudun den departamentuan aritzen bada titulazio hori eskatzen duen lanpostu batean.

3. Kide bakoitzeko, titular bat eta ordezko bat izendatu beharko dira. Kargua hutsik dagoenean edo titularra kanpoan edo eri dagoenean arituko da ordezkoa.

IV. KAPITULUA. ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

7. artikulua . Bilkuren araubidea.

1. Nafarroako Etxebizitza Kontseiluak foru dekretu honen xedapenen arabera onetsiko du bere barne araubidearen erregelamendua.

2. Nafarroako Etxebizitza Kontseiluak sei hilean behin eginen du osoko bilkura arrunta, eta osoko bilkura berezia, berriz, lehendakariak hala erabakitzen duenean bere ekimenez edo hala eskatzen duenean kideen heren batek, gutxienez.

3. Nafarroako Etxebizitza Kontseilua balioz era dadin, beharrezkoa izanen da beti lehendakaria eta idazkaria edo horiek ordezten dituztenak egotea. Lehenbiziko deialdiak balioa izateko, kide gehienek egon behar dute, eta, bigarren deialdian, berriz, kideen heren batek, gutxienez.

4. Kontseiluak bertaratzen diren kideen gehiengoaren bidez hartuko ditu erabakiak, eta erabakitako txostenen eta irizpenen arrazoiak emanen dira. Boto partikularrak erants daitezke, gehiengoz hartutako erabakiaren kontrakoak badira.

Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.

5. Akta eginen da bilkura bakoitzean, non hartutako erabakiak jasoko baitira.

6. Kontseiluko edozein kidek proposatuta eta Kontseiluak onetsi ondoan, lantaldeak era daitezke gai zehatz batzuetarako. Kontseiluaren erabakiaren bidez zehaztuko dira haien osaera, funtzionamendua eta helburua. Kontseiluari aldian-aldian emanen zaio haien lanen, ondorioen eta agirien berri. Kontseilutik kanpoko pertsonak onar daitezke osaeran, baina halakoak ez dira lantaldeko kideen erdia baino gehiago izanen.

8. artikulua . Lehendakariaren eginkizunak.

Honako hauek dira lehendakariaren eginkizunak:

1. Nafarroako Etxebizitza Kontseiluaren ordezkari izatea.

2. Bilkuren deialdia hitzartzea eta gai-zerrenda finkatzea. Horretarako, Kontseilua osatzen dutenen eskaerak hartuko ditu kontuan, behar bezain goiz egiten badira.

3. Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak gidatzea eta horiek etetea arrazoi justifikatuengatik, eta bere botoarekin desegitea sortzen diren berdinketak, erabakiak hartzeko orduan.

4. Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

5. Adituak edo interesdunak gonbidatzea bilkuretan parte hartzera.

6. Kontseiluko lehendakaria izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo indarreko araudiak esleitzen dizkionak.

9. artikulua . Lehendakariordearen eginkizunak.

Lehendakariordeak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Lehendakaria ordeztea, kargua hutsik dagoenean, hura eri edo kanpoan dagoenean, edo beste arrazoi justifikatu batzuetan.

2. Kontseiluak kudeaketa, antolaketa eta funtzionamendu ona izan ditzan, lehendakariak edo Kontseiluaren Osoko Bilkurak esleitzen dizkion eginkizunak betetzea.

10. artikulua . Idazkariaren eginkizunak.

Hauek dira idazkariaren eginkizunak:

1. Kontseiluaren bilkuretara joatea, hizpidea duela baina botorik ez.

2. Bilkuretarako deia egitea, lehendakariak hala aginduta, eta Kontseiluko kideentzako zitazioak egitea.

3. Kontseiluko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo haren ezagutza behar duten bestelako idazki guztiak.

4. Gaiak ebazteko bidea prestatzea, bilkuren aktak egin eta baimentzea, eta onetsitako erabakien, irizpenen eta kontsulten ziurtagiriak egitea.

5. Kontseiluaren dokumentazioa zaintzea.

6. Idazkaria izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo indarreko araudiak esleitzen dizkionak.

11. artikulua . Kontseiluko kide ez direnek parte hartzea.

Jorratu edo aztertu beharreko gaien arabera, edozein kidek eska diezaioke lehendakariari adituek edo interesdunek parte har dezaten. Horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Osaera.

Nafarroako Etxebizitza Kontseilua bi hilabeteko epean eratuko da, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik hasita.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1710144

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web