(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

51/2017 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 7KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ETXEKO LANETAKO ETA ERAIKINEN GARBIKETAKO OINARRIZKO LANBIDE TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 164 - 25/08/2017



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA, PDF FORMATUAN:


Atariko

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak adierazten du helburu estrategikoetako bat dela lanbide ikaskuntzaren aukera indartzea norberaren garapen nahiarekin bat datorren aukera gisa, eta, gainera, sistemako gainerako ikasketei begira irekia izatea; horretarako, beste ekimen batzuen artean, oinarrizko lanbide titulu berria sortu da, horretatik erdi mailako lanbide heziketara pasatzeko bidea emanez.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, Lanbide Heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan. Bestalde, helburu modura ezartzen ditu lanbide heziketaren eta hezkuntza sistemako gainerako irakaskuntzen arteko mugikortasuna arautu eta erraztea eta, orobat, hezkuntza sistema behar baino lehenago utzi duten gazteak berriro hezkuntzara itzultzen laguntzeko neurriak antolatzea.

Foru dekretu honen bidez, Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide tituluaren egitura lortzeko heziketa zikloko egitura eta curriculuma ezartzen dira. Curriculum honek abuztuaren 28ko 774/2015 Errege Dekretuko II. eranskina garatzen du. Errege dekretu horren bidez ezarri ziren Lanbide Heziketako irakaskuntza tituluen katalogoko oinarrizko lanbide heziketako sei titulu.

Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean kontuan hartuko dira otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren II. kapituluan diseinuari buruz ezarritako jarraibideak. Errege Dekretu horren bidez arautu ziren hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak, haien oinarrizko hamalau lanbide titulu onetsi ziren, haien oinarrizko curriculumak finkatu eta, halaber, ikasketa eta lanbide tituluak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatu, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagokienez. Eta, orobat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko zenbait alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek, alegia, Etxeko Enplegua, uztailaren 11ko 1179/2008 Errege Dekretuak arautua, Eraikin eta Lokaletako Gainazalen eta Altzarien Garbiketa, urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuak arautua, eta Sukaldeko Oinarrizko Eragiketak kualifikazio osatugabea, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak arautua, hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide jarduketarako gune batean biltzen dira. Orobat, badute zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa teknikari horrek lana lortu ahalko duela bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, tituludun hauek beren lanean eta lanbidean izanen duten inguruneari buruz eta, orobat, tituluarekin zerikusia duen sektorearen edo duten sektoreen prospektibari buruz.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena.

5. artikuluan berariaz lantzen da Euskararen curriculum-tratamendua, hizkuntza-ereduaren arabera.

Curriculum-diseinuan bereziki azpimarratu da problemak ebaztearen bidezko ikaskuntza sistema bultzatu behar dela. Metodologia honekin nahi da ikasleek beren garapen pertsonal eta profesionalerako garrantzi handiko balio eta gaitasunak ahalik eta modu zabalenean eskuratzea. Horretarako, proiektuen kudeaketa erabiliko da ikaskuntzaren benetako testuingurua emateko (testuinguru horretan gaitasun horiek eskuratzea errazagoa izanen da).

Era berean, ikasleen tutoretzarako guneak gehitu dira zikloaren bi ikasmailetan. Tutoretzak, banakako prestakuntza prozesua orientatzeaz gainera, gaitasun pertsonalak, pertsona artekoak eta sozialak eskuratzen lagunduko du. Orobat, gune honetan sartu beharko lirateke lanbide orientazioari buruzko alderdiak, eta haien hezkuntza eta lanbide arloetako etorkizuna programatu eta kudeatzeko gaitasunak eta trebetasunak sustatu ere bai.

Metodologia horiek ahalik eta gehiena aplikatzeko eta, betiere, curriculumak ikaskuntza testuinguru zehatzei egokitzeko, kontuan izan behar da, arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen dela zikloaren bi ikasmailetan. Beraz, foru dekretu honetan ezarritako curriculuma ematen duten ikastetxeek aipatutako erreferentzia-sekuentzian aldaketak egitea eska dezakete, behar bezala argudiatuz. Aldaketa horiek horretarako ezarriko den araudiaren arabera onetsiko dira.

4

Sarbideei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu; 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide titulua lortu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (3. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

5

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 4. eta 5. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko ekainaren 7an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen helburua hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Administrazioa eta Kudeaketa lanbide arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide titulua.

b) Maila: 1 - Oinarrizko Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak.

e) Europako erreferentea: HNSN-3.5.3. (hezkuntzaren nazioarteko sailkapen normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta produkzio-sistemaren erreferentziak eta haren prospektiba ere.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Heziketa ziklo honen helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 A) eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo honetako lanbide moduluak garatu dira foru dekretu honen 2 B) eranskinean, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuko I. eranskineko 3.2. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege dekretu horren bidez arautu ziren hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak, haien oinarrizko hamalau lanbide titulu onetsi ziren, haien oinarrizko curriculumak finkatu eta, halaber, ikasketa eta lanbide tituluak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatu, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagokienez.

3. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da edozein aldaketa egiteko.

4. “Komunikazioa eta Gizartea I” eta “Komunikazioa eta Gizartea II” izeneko moduluetan komunikazioko eta gizarte zientzietako blokeko gaitasunak garatzen dira (Gaztelania, Atzerriko Hizkuntza, Gizarte Zientziak eta, hala behar denean, Euskara irakasgaietan sarturik daude gaitasun horiek).

5. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Euskara irakasgaiaren tratamendua.

1. Euskara irakaskuntzako lehen hizkuntza (1H) denean, ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziako edukiak curriculum honetan behar diren ataletan egonen dira, Gaztelania irakasgaiari dagozkion “Komunikazioa eta Gizartea I” eta “Komunikazioa eta Gizartea II” moduluetan, alegia. Nolanahi ere, Euskarak kodearen ezagutzan eta dialektologian dituen berezko salbuespenak izanen dira kontuan.

2. Euskara irakaskuntzako irakaskuntzako bigarren hizkuntza (2H) denean, ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziako edukiak curriculum honetan behar diren ataletan egonen dira, Ingelesa irakasgaiari dagozkion “Komunikazioa eta Gizartea I” eta “Komunikazioa ea Gizartea II” moduluetan, alegia. Nolanahi ere, Euskarak kodearen ezagutzan eta dialektologian dituen berezko salbuespenak izanen dira kontuan.

3. Komunikazioa eta Gizartea I eta II moduluen garapenean ezarritakoaren ondorietarako, lehen hizkuntza (1H) beti irakaskuntza prozesuan erabilitakoa izanen da, eta ez nahitaez ikasleen ama hizkuntza.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan araututako heziketa zikloan sartzeko, bete beharko dira otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuko 15. artikuluan ezarritako baldintzak. Errege dekretu horren bidez arautu ziren hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak, haien oinarrizko hamalau lanbide titulu onetsi ziren, haien oinarrizko curriculumak finkatu eta, halaber, ikasketa eta lanbide tituluak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatu, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagokienez.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere. Gainera, titulu honek lehentasuna izanen du honako lanbide arlo hauetako erdi mailako titulu guztietan onartzeko:

- Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak

- Ostalaritza eta Turismoa.

- Ehungintza, Jantzigintza eta Larrugintza.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

Baliozkotzeei eta salbuespenei dagokienez, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. artikulua . Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 3. eranskinean ageri dira.

10. artikulua . Irakasleak.

1. Multzo komunei lotutako moduluak ikastetxe hauetan emanen dira:

a) Titulartasun publikoko ikastetxeetan, espezialitateren bateko Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioek, dagokien multzo komuneko edozein irakasgai emateko gaituta badaude.

b) Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo hezkuntzakoaz bestelako administrazioetako titulartasun publikokoetan, irakaskuntza hauek emateko baimenduta badaude, dagokien multzo komuneko irakasgairen bat emateko indarra duen araudian ezarritako baldintzak eta titulua duten irakasleek.

2. Gainerako lanbide moduluetarako, 4 A) eranskineko sektore publikoko irakasleen espezialitateak (irakasle horiei esleitu zaie dagozkien lanbide moduluak irakastea).

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 4.B) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 5. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat lagunentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzen lorpena eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena. Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2017-2018 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko ekainaren 7an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA, PDF FORMATUAN:

ERANSKINA

Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide titulua.

Iragarkiaren kodea: F1707132

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web