(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

38/2017 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 24KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ANATOMIA PATOLOGIKOKO ETA ZITODIAGNOSTIKOKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 156 - 14/08/2017



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA, PDF FORMATUAN:


Atariko

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Hezkuntza Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, besteak beste, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 41. artikulua aldatu zuen, Lanbide Heziketako heziketa zikloetan sartzeko eta onartua izateko baldintzei dagokienez.

Foru dekretu honen bitartez, Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezarri dira. Honako curriculum honek irailaren 12ko 767/2014 Errege Dekretua garatzen du, Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituena, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak hartu dira kontuan.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio oso bat, Anatomia Patologikoa eta Zitologia, irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretuak arautzen duena, bai eta kualifikazio osatugabe hauek ere: Tanatopraxia, otsailaren 4ko 140/2011 Errege Dekretuak arautua; Saiakuntza Mikrobiologikoak eta Bioteknologikoak, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak arautua; Analisi Klinikoen Laborategia, irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretuak arautua. Horiek guztiek definitzen duten lanbide jarduketarako gune batean biltzen dira. Gune horrek, euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, badu zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa goi mailako teknikari honek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hau bi dimentsio osagarri gutxienez dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera Estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atala. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide prestakuntzarako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta bestetik, halako ibilbide batzuk diseinatzeko, eta horrela, prestakuntza eskaintzan berean integratzeko gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozedura. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioko gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 24an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Osasunaren lanbide arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Anatomia Patologikoa eta Zitodiagnostikoa.

b) Maila: 3. - Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2000 ordu.

d) Lanbide arloa: Osasuna.

e) Europako erreferentea: HNSN - 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta produkzio-sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua . (Curriculuma).

1. Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Prestakuntza ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen irailaren 12ko 767/2014 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 41. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2. Zientziak eta Teknologia modalitateko Batxilergoa ikasi duten ikasleek lehentasuna izanen dute heziketa ziklo honetan sartzeko, irailaren 12ko 767/2014 Errege Dekretuaren 13. artikuluak ezarri bezala.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzetan betiere.

2. Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Irailaren 12ko 767/2014 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu ikasketen arteko kreditu-onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banatuak.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. 4. eranskinean zehazten dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluen lanbide moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide moduluen arteko baliozkotzeak.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin eta gaitasun unitateekin eta goi mailako hezkuntzako irakaskuntzekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokionez, irailaren 12ko 767/2014 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa eta hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoa bete beharko da.

9. artikulua . Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5 A) eranskinean ageri dira.

2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5 B) eranskinean zehazten dira.

10. artikulua . Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 6 A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak foru dekretu honen 6 B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitatea zein den.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 6 C) eranskinean azaltzen dira.

4. Titulua osatzen duten lanbide moduluak emateko irakaskuntzaren ondorioetarako baliokideak diren titulazioak, ikastetxe pribatuetako edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioen ikastetxe publikoetako irakasleentzat, foru dekretu honen 6 C) eranskinean azaltzen dira.

5. Irakasle espezialista horiek, salbuespenez eta modu iragankorrean, foru dekretu honetako 6 A) eranskinean zehaztutako lanbide moduluak irakasteko gaitasuna izanen dute.

6. Irakasle espezialistek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko. Izan ere, errege dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena.

7. Gainera, lanbide moduluaren barnean sartutako prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek, izendapen bakoitzaren hasieran, dagokien lan-esparruan ezagututako lanbide-esperientzia egiaztatu beharko dute, behar bezala eguneratua, hots, izendapenaren aurre-aurreko lau urteetan gutxienez bi urteko lanbide-jarduna.

8. Hezkuntzakoak ez diren beste administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak foru dekretu honen IV. eranskinaren 6 C) eranskinean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da ziurtagiri bidez -ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak-.

11. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat lagunentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Lehen Xedapen Gehigarria. Tituluaren baliokidetasunak.

1. Irailaren 12ko 767/2014 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari tituluak, zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen baita, eta jarraian aipatzen diren tituluek ondorio akademiko eta profesional berak sortuko dituzte:

a) Anatomia Patologikoko teknikari espezialista, Osasun adarrean.

b) Anatomia Patologikoko eta Zitologiako teknikari espezialista, Osasun adarrean.

2. Era berean, abenduaren 1eko 347/1998 Foru Dekretuan arautzen den Anatomia Patologikoko eta Zitologiako goi mailako teknikari tituluak eta foru dekretu honetan araututako curriculuma duen Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari tituluak ondorio akademiko eta profesional berberak izanen dituzte.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Beste lanbide trebakuntza batzuk.

Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, ekainaren 24ko 881/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 3. idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

Xedapen Iragankor Bakarra. Aurreko tituluko ikasleen eskubideak eta trantsizio prozesua.

Abenduaren 1eko 347/1998 Foru Dekretuan ezarritako Anatomia Patologikoko eta Zitologiako goi mailako teknikari tituluari dagozkion ikasketak osorik egin ez dituztenek trantsizio epe bat izanen dute hura eskuratzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak titulu hori eskuratzeko prozedurak erraztuko ditu horretarako ezarriko den arau esparruan.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

1. Indarrik gabe utzi da abenduaren 1eko 347/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Anatomia Patologikoko eta Zitologiako goi mailako teknikari tituluari dagokion goi mailako heziketa zikloaren curriculuma ezartzen duena, ezertan galarazi gabe foru dekretu honen xedapen iragankorrean ezarritakoa.

2. Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena. Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2016-2017 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA, PDF FORMATUAN:

ERANSKINA

Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikaria.

Iragarkiaren kodea: F1706342

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web