(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2017 FORU LEGEA, uztailaren 3koa, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa.

BON N.º 137 - 17/07/2017



ATARIKOA

Foru lege honek hedatu egiten du azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen aplikazio-esparrua, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoarena, hartan jasotako kasuei gehituz “haurtxo-lapurketa” deritzon jokabidearen biktimena.

Aipatu beharra dago izan zela genero-errepresio mota bat, emakume izateko eredu bakar baten eta ama izateko modu bakar baten inposizioan oinarritua: hots, frankismo moralista hark inposatu ohi zuen familia tradizionaleko ereduan sartzen zena. Giro horretan, masiboki egin ziren “haurtxo-lapurketak”, laguntzaile izan zituztela erlijio-, osasungintza-, politika- eta epailetza-arloetako pertsonak. Horrela, milaka haurtxo lapurtu zitzaizkien Espainia osoan haien gurasoei, engainu, ezkutatze eta bazterkeria bitartezko adopzio faltsuan entregatuak izateko. Bereziki kaltetuta gertatu ziren politikoki nabarmendutako emakumeak, familia ugaridunak, gabezia kultural eta ekonomikoak zituztenak eta, gehienetan, gizarte-posizio apalekoak.

Horrenbestez, foru lege hau kokatu behar da gertatua argitu eta biktima horiei ordaina emateko Nafarroan abian den prozesuan.

Artikulu bakarra. Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa, aldatzen da, ondorengo idatz-zatietan aipatzen diren arauetan.

Bat.–1. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da:

“1. Foru lege honen xedea da 1936ko uztailaren 18an izan zen kolpe militarraren ondorioz Nafarroan erail zituzten edo errepresio frankistaren biktima izan ziren pertsonen memoria historikoa berreskuratzea, eraildako pertsonen memoria leheneratuz, aitortuz eta bere onera ekarriz, bai eta haurtxo-lapurketaren jokabidearen biktimena ere”.

Bi.–3. artikuluari paragrafo berri bat gehitzen zaio. Hona:

“Haurtxo-lapurretaren biktimek eskubide berak izanen dituzte baldin eta argitze- eta bilaketa-prozesuan beharrezko gertatzen bada lurperalekuren bat irekitzea”.

Hiru.–4. artikuluko 1. apartatuari letra berri bat gehitzen zaio:

“h) Diktadura frankistaren errepresioaren ondoriozko haurtxo-lapurreten biktimei laguntzea; bai senitartekoei, bai beren identitate biologikoa bilatzen duten pertsonei”.

Lau.–5. artikuluko 2. apartatuak testu hau izanen du:

“2. Batzordearen osaera erregelamendu bidez zehaztuko da. Nolanahi ere, honako hauen ordezkariak edukiko ditu beti: Nafarroako Parlamentua, Nafarroako administrazio publikoak, memoria historikoaren arloko elkarteak eta historiaren, auzitegiko medikuntzaren eta arkeologiaren arloekin lotutako entitate akademiko eta profesionalak”.

Bost.–8. artikuluak testu hau izanen du:

“ADN banku bat sortuko da, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren menpe egonen dena, non gure Erkidegoan hobitik ateratako gorpuzkien hezurren laginak kontserbatuko diren, zein bere ADN sekuentziarekin. Era berean, familian biktimaren bat izandako edonork, horren barne direla haurtxo-lapurreten biktima izan direnak, bere ADNa sekuentziatzeko laginak har diezazkioten eskatzen ahalko du, erakunde horretan biltzen diren datuekin alderatzeko. Hori guztia, baldin eta datu-babesari buruzko maila altuagoko legerik urratzen ez bada.

Proba horiek eskaera egin eta hiru hilabeteko epean aztertu beharko dira, laginen hondatzea ekidinez eta, halatan, prozesu guztia azkartuz; batez ere, adinean aurreratuta dauden pertsonen kasuan”.

Sei.–13. artikuluko 2. apartatuaren bukaeran testu berri bat eransten da. Hona:

“Kasua bada, behar diren iturriei historia medikoak eskatzen ahalko zaizkie, Nafarroan 1936ko uztailaren 18tik 1978ra bitartean edozein zentrotan, estatukoa nahiz pribatua, izan ziren jaiotzei buruzkoak, jaiotza horiek baldin baziren Nafarroan gerra zibilean zehar nahiz frankismo-aldian egon ziren atxiloketa-zentroetako edozeinetan espetxeratutako emakumeengandikoak; halaber eskatzen ahalko dira adopzio-liburuak eta adingabeen babesari buruzko espedienteak”.

Zazpi.–13. artikuluko 4. apartatuaren bukaeran bi paragrafo berri eransten dira. Hona:

“Halaber, haurtxo lapurtuen errolda bat eginen da. Errolda hori ez da publikoa izanen, jasotzen dituen datu pertsonalak babestearren; baina interesdunei eman eginen die dagokien dokumentazioaren kopia, eta zilegi izanen da kasuko eskaera egiten duten ikertzaile kreditatuei ematea errolda-egiteari buruzko informazio guztiak, baldin eta haiek konprometitu badira datu pertsonalik ez ezagutaraztera. Bestela, kasuko lege-erantzukizuna izanen dute.

Nafarroako Gobernuak erroldatik heldu diren datu estatistikoak baizik ez du argitara emanen. Hori guztia, baldin eta datu-babesari buruzko maila altuagoko legerik urratzen ez bada”.

Lehenbiziko xedapen gehigarria .–Ekitaldi instituzionala.

Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzional bat eginen du arazo honek ukitutako pertsonen eskakizunen alde.

Bigarren xedapen gehigarria .–Espainiako Estatuari eskaera egitea.

Nafarroako Gobernuak Espainiako Estatuari eskatuko dio behar diren lege-aldaketak egin ditzan gertakari hauek argitzeko eta ukitutako pertsonen eskakizunei erantzuna emateko. Arreta berezia eskainiko zaie jokabide hauen ikerketarekin zerikusia duten eskaerei, artxiboetarako sarbideari, fiskaltza espezializatu bat sortzeari, Estatuko ADN banku bat sortzeari eta Zigor Kodearen aldaketari, delitu horiek preskribaezinak izan daitezen, gizateriaren aurkako delituak baitira.

Hirugarren xedapen gehigarria .–Doako laguntza juridikoa.

Aitortu egiten da haurtxo-lapurretaren biktima izan diren pertsonek daukaten eskubidea gertatua argitzeko; baita judizialki argitzeko ere. Horretarako, martxoaren 21eko 17/2012 Foru Dekretua aldatuko da, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoa den Doako Laguntza Juridikoari buruzko Erregelamendua, doako justiziarako eskubidearen onuradun izan daitezen arrazoi honengatik errekurtsoak aurkezten dituzten pertsonak.

Laugarren xedapen gehigarria .–Biktimen onurak.

1979tik 1990era bitarte gertaturiko haurtxo-lapurreten biktimak foru lege honen onurei atxiki ahalko zaizkie, baldin eta frogatzen bada arau honetan ezarritako kasuen araberakoa izan dela lapurreta.

Azken xedapenetan lehena .–Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar adina erregelamenduzko xedapen eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko uztailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1708220

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web