4/2017 FORU LEGEA, maiatzaren 9koa, Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoa sortzekoa.
BON N.º 96 - 19/05/2017
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.26 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa du lanbide elkargoen arloan eta tituludun lanbideetako jardunaren gaineko gaietan, legeria orokorrarekin bat.
Agindu horretan ezarritakoari jarraituz, eta Nafarroako Foru Komunitateak bereganatutako eskumenak ikusirik, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eman zen, eta haren erregelamenduzko garapena abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak ekarri zuen, zeinak Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi baitzuen.
Araudi horren babesean, Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoa sortzeko eskaera aurkeztu da, helbidea Foru Komunitatean izanik, titulazio ofizial hori, zeinean jarduteko eskatu baita elkargoa sortzea, duten profesionaletatik gehienek sinatua. Eskaera horren tramitazioaren emaitza da foru lege hau.
Elkargoan sartzeko, beharrezkoa da Informazio Zientzietako lizentzia edo graduko unibertsitate-titulua izatea, Kazetaritzaren edo Ikus-entzunezko Komunikazioaren arlokoa. Elkargoan halaber sartzen ahalko dira Kazetarien Erregistro Ofizialean kazetari gisa egiaztaturik daudenak, edozein titulazio izanda ere, baldin eta inskripzioa 1982ko uztailaren 1a baino lehen egina bazen, zeren eta data horretan erregistroak izaera ofiziala galdu baitzuen. Atzerriko profesionalei dagokienez, kasuko agintaritzak kalifikazioak onartzearen arloan Europar Batasunaren esparruan indarra duen araudia aplikatuko da.
Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluak xedatzen duenez, herritar guztiek dute eskubidea egiazko informazioa libreki adierazi edo jasotzeko, zabalkunderako edozein bitarteko erabiliz; eta, beraz, komenigarritzat jotzen da elkargoa sortzea, kazetariaren jardun profesional egokia babestea ahalbidetuko duelako lanbidean modu duinean aritzea bermatuz, eta horrek, era berean, herritarrentzako zerbitzu hobea ekarriko du, bai eta profesionalei gaitasun eta kalitate maila handiagoak exigitzea haien lanean.
Azaldutakoa ikusirik, eta Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoa sortzeko interes publikoko arrazoiak badirela kontuan harturik, foru lege honen bidez sortu egiten da aipatu elkargoa.
1. artikulua. Elkargoa sortzea eta haren izaera.
1. Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoa sortu egiten da, zuzenbide publikoko korporazio gisa, berezko nortasun juridikoa eta bere helburuak betetzeko nahiz bere eginkizunetan aritzeko ahalmen osoa duena.
2. Lanbide Elkargoak nortasun juridikoa izanen du foru lege honek indarra hartzen duenetik, eta jarduteko gaitasuna, bere gobernu organoak eratzen direnetik.
2. artikulua. Jarduteko lurralde esparrua.
Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoaren jarduteko lurralde esparrua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da.
3. artikulua. Langile esparrua.
1. Elkargoan sartzen ahalko dira Informazio Zientzietako unibertsitate-titulazioa, Kazetaritzaren eta/edo Ikus-entzunezko Komunikazioaren arlokoa, duten pertsonak, bai eta 1982ko uztailaren 1a baino lehenagotik Kazetarien Erregistro Ofizialean kazetari gisa egiaztaturik eta izena emanik zeudenak ere.
2. Atzerriko profesionalei dagokienez, kasuko agintaritzak kalifikazioak onartzeari buruzko Europar Batasuneko zuzenbide indarduna aplikatuko da.
4. artikulua. Jardun profesionala eta elkargoan sartzea.
Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoan sartzea borondatezkoa izanen da, non eta aplikatzekoa den estatu-legeriak ez duen ezartzen hura nahitaezkoa izatea.
5. artikulua. Administrazioarekiko harremanak.
Bere helburuak betetzeko, alderdi korporatiboei eta erakundeekiko harremanei dagokienez, Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoak lanbide elkargoen arloan eskumena duen departamentuarekin bideratuko ditu harremanak; eta, lanbideak berezko dituen edukiei dagokienez, komunikazioaren arloko eskumena duen departamentuarekin.
Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoak lanbide elkargoei buruzko legeria indardunari, bere estatutuei eta, kasua bada, bere barne araudiari jarraituko die.
Lehen xedapen iragankorra .–Kudeaketa Batzordea.
Nafarroako Kazetarien Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideek, kudeaketa batzorde gisa arituz, foru lege hau onesten denetik sei hilabeteko epean onartu beharko dituzte Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoaren behin-behineko estatutuak. Estatutu horietan elkargoaren eratze-batzarra arautu beharko da, horretarako deialdia egiteko modua eta garatze-prozedura ezarriz.
Bigarren xedapen iragankorra .–Elkargoaren eratzebatzarra eta estatutuak.
1. Elkargoaren eratze-batzarraren deialdiari ahalik eta publizitate handiena ematen zaiola bermatu beharko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitateko egunkari hedatuenetan hura argitaratuz.
2. Elkargoaren eratze-batzarraren eginkizunak hauek izanen dira:
a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.
b) Elkargoaren organoetan kasuan kasuko karguak bete behar dituzten pertsonak hautatzea.
3. Elkargoaren behin betiko estatutuak, onetsiak izan ondoren, elkargoaren eratze-batzarraren aktaren ziurtagiriarekin batera, igorri egin beharko zaizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lanbide elkargoen arloko eskumena duen departamentuari, eta horrek, legezkotasun-kalifikazioa eman eta gero, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.
Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.
Iragarkiaren kodea: F1705741