(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

44/2017 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 30EKOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ ONESTEN DA SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN ETA ESTABLEZIMENDU IRAUNKORREI DAGOKIEN EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN AUTOLIKIDAZIORAKO S90 EREDUA, 2016KO URTARRILAREN 1ETIK ABENDUAREN 31RA BITARTEAN HASITAKO ZERGALDIETARAKO, ETA AITORPENAK AURKEZTEKO ARAUAK EMATEN DIRA

BON N.º 82 - 28/04/2017



Zioen azalpena

Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren diru-sarrera zehaztu eta egitera eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezarritako tokian eta moduan.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan tributuen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzeari eta hobetzeari heltzen die, alde batetik zergapekoek errazago bete ahal izateko zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik, errespetatzeko haien eskubideak eta bermeak, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzeko.

Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpenen aurkezpen telematikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabili ahal izateko aukera Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide telematikoa izan dadila sistema bakarra S-90 eredua aurkezteko, foru agindu honen bidez onesten den eredua, hain zuzen ere.

Foru agindu honetan Interneten bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten dira Nafarroako Zerga Ogasunak prestatu duen laguntza programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek eduki beharreko erregistroen diseinuak. Aipatutako erregistroen diseinuak Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean zehazten dira, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) subjektu pasiboei dagokienez, fitxategi bat bide telematikoak erabiliz beharko ahalko dituzte aitorpenak. Fitxategi hori araudia aplikatzen duen administrazioak eredu bakoitzarentzat zehazten dituen erregistro diseinuetara egokituko zaie. Beraz, telematikaren bidez 320 inprimaki eredua aurkezteko aukera kendu da, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldien ondorioetarako indarrik gabe utzi baitu honako honek: Foru Agindua, sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako 220 eredua onesten duena zerga-kontsolidazioaren araubidearen bidez tributatzen duten talde fiskalentzat, 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako.

Alde batetik, S-90 eredua Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legeak sartutako aldaketetara egokitu behar da.

Aldaketa horien artean honako hauek aipatzeko modukoak dira: Zerga-oinarria zehazteko esparruan, garrantzitsuenak dira ibilgetu ukiezinaren amortizazioari dagozkionak, betiere bizitza baliagarri mugatua duten aktibotzat hartzearen ondorioz; bazkidea-sozietatearen lotura definitzen duen portzentajea %25era handitzea; eta aurreko ekitaldietako likidazio-oinarri negatiboen konpentsazioa mugatzea aldiko zerga-oinarriaren %70era, gutxienez milioi bat euro izanik. Tributu-zorra zehazteko esparruan, honako hau aipagarria da: karga-tasa orokorra %28ra handitzea; gutxieneko tributazioa gogortzea, bereziki enpresa handientzat; aldaketak kenkarien arloan (aktibo finko berriengatiko kenkarirako betebeharrak aldatzen dira, energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioengatiko kenkaria handitzen da, babesletzagatiko kenkariaren aplikazioa mugatzen da eta enplegua sortzeagatik datorren kenkariari eskakizun batzuk gehitzen zaizkio, hori kalitatezkoa izateko); eta %19rako minorazioa atxikipen tasa orokorrean. Azkenik, araubide bereziei dagokienez, aldaketa garrantzitsuak egin dira zerga-kontsolidazioko araubidean eta sozietatea berregituratzeko eragiketen araubidean, haren erregulazioa Estatuko araudira egokitzeko, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat.

Bestaldetik, eredua egokitu beharko da sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 foru lege berriak sartzen dituen aldaketara, 2016ko ekitaldia ukitzen duenari dagokionez.

Horien artean, aipagarria da 2016ko uztailaren 1etik aurrera patent box-en araubidearen indargabetzea, abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 37. artikuluan jasota baitago. Egun horretatik aurrera 26/2016 Foru Legean agertzen denak ordeztu du. Dena den, araubide iragankor bat ezartzen da eta horri heltzen ahalko zaizkio 2016ko ekainaren 30a arte formalizatutako entitatearen jabetza industrialaren edo intelektualaren ustiaketarako edo erabilerarako eskubidearen lagapenak; horiek aukera izanen dute aplikatzeko, 2021eko ekainaren 30era arte, 24/1996 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritako araubidea, 2016ko ekainaren 30ean indarrean zen idazketan. Aukera hori 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehendabiziko zergaldiari dagokion S-90 ereduan erabili beharko da.

Halaber, merezi du arreta berezia egitea merkataritza xedea duten sozietate zibilei dagokien zentsu irizpide berriak dakartzan inplikazioei, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera sozietateen gaineko zergako subjektu pasibotzat hartuko baitira. Irizpide hori jada aplikatzen da Estatuan 2016ko zergaldian eta, beraz, gerta daiteke Estatuko sozietate zibiletako nafar bazkideek 2016ko zergaldian zergak ordaindu behar izatea, alde batetik sozietateen gaineko zergan eta, bestetik, errentak eratxikitzeko araubidean. Zergapetze bikoitz hori ekiditeko, abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrak onartzen du bazkide horiek errenta horiengatik ez deklaratzea 2016ko ekitaldiko banakako aitorpenetan, 2017ko zergaldiko aitorpenetan sartuz, bertan kentzen ahalko baitute 2016ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergari dagokion zatia.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Establezimendu iraunkorrei dagokien Ezegoiliarren errentaren gaineko zergaren eta sozietateen gaineko zergaren autolikidazioaren eredua (S90) onestea.

1. Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S-90 eredua onesten da, 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako.

Eredu horren argibide osagarrien zatiak estatistiketarako bakarrik balioko du.

2. Subjektu pasibo guztiek baliabide telematikoak erabiliz aurkeztu behar dute S-90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

2. artikulua . Aitorpena egiteko betebeharra.

Aitorpena S-90 ereduari jarraituz egitera behartuta daudenak: Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen 24/1996 Foru Legearen 11. artikuluan aipatzen direnak, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagozkien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmenaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten subjektu pasiboek dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 4.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.

3. artikulua . Aurkezteko epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.

1. Subjektu pasiboek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arte doan epearen barnean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatu behar denean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, subjektu pasiboek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturalen barrenean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Subjektu pasiboak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “712 Ordain gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua . Autolikidazioen aurkezpen telematikorako baldintza orokorrak.

1. S-90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza-programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak S-90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean ezarritako erregistro diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten subjektu pasiboei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, subjektu pasiboek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.

b) Aipatu fitxategi informatikoa telematika bidez igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. artikulua . S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko prozedura.

a) Honako prozedura hau jarraituko da S-90 ereduari dagozkion aitorpenak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko, Nafarroako Zerga Ogasunak garatutako laguntza programa erabiliz:

1. Aitorpena betetzea, laguntza-programa erabiliz.

2. Aitorpena bete ondoren, balidatu egin behar da, aurkeztu aurretik.

3. Aitorpena balidatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen du, hartze-agiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko ondoko helbidean: http://www.hacienda.navarra.es.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzunen du, hartze-agiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko ondoko helbidean: http://www.hacienda.navarra.es.

6. artikulua . S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S-90 ereduari dagozkion aitorpenarekin batera agiriak aurkeztu behar dituzten subjektu pasiboek, aitorpena egiteko epearen barnean beteko dute agiriak eransteko betebehar hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Subjektu pasiboek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

7. artikulua . Eragiketa lotuei buruzko informazioa.

S-90 ereduko eragiketa lotuei dagokien atala osorik bete beharko da nahitaez agiriak aurkeztu behar direneko eragiketei dagokienez, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 20 ter eta 20 quinquies artikuluak xedatzen dutenez.

Hala ere, eragiketa horiengatik ez da aitortu beharrik izanen, baldin eta mota bereko pertsona edo entitate lotu bakoitzeko baterako zenbatekoa, balorazio-metodo berberarekin kalkulatuta, 100.000 euro baino handiagoa ez bada.

Azken xedapen bakarra

Foru agindu honek 2017ko maiatzaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko martxoaren 30ean.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1703942

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web