57/2017 FORU AGINDUA, APIRILAREN 12KOA, LEHENDAKARITZAKO, FUNTZIO PUBLIKOKO, BARNEKO ETA JUSTIZIAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAN-PIN SISTEMA EZARTZEN DUENA ERREGISTRO OROKOR ELEKTRONIKOAREN BIDEZ DOKUMENTUAK AURKEZTEKO
BON N.º 77 - 21/04/2017
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 18.1 eta 19.1 artikuluetan xedatutakoa garatu beharrez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa arautzen duen ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretua onetsi zen. Haren 9.2 artikuluak erregistro orokor elektronikoaren bidez dokumentuak aurkezteko baldintza orokorrak arautu zituen.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak berriki hartu dute indarra eta horrek egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan. Izan ere, erabat elektronikoa den administrazio baten alde egiten du eta administrazio publikoak behartzen ditu epe zehatz batzuk betetzera, besteak beste erregistro elektronikoa behin betiko ezarri arte, legezko eskakizun berriekin.
Bestaldetik, uztailaren 1eko 41/2015 Foru Dekretuaren bidez aldaketa egin zen Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 14. artikuluan (“Identifikazio eta sinaduraren sistemak”). Aldaketa horren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparru orokorrean eta Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan onartzen diren identifikazio elektronikoaren sistemak eta sinadura elektronikoarenak behar bezala arautu eta egituratzea. Halaber, printzipio orokor gisa, bi baldintza hauek betetzen dituen identifikazio elektronikoaren edozein sistema onartuko da: erabiltzailearen aldez aurreko erregistroa izatea eta erabiltzaile horren identitatea bermatzeko aukera izatea. Administrazio elektronikoaren arloko eskumena duen departamentuaren titularraren, hau da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren, foru aginduaren bidez arautuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio osoaren esparruan aplikatzen diren bide horiek.
Aurrekoari eta, bereziki, aipatu 39/2015 Legearen 9. eta 10. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, NAN-PIN gako itunduaren sistemaren bitartez erregistro orokor elektronikoan sartzea ezarriko da, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuaren txosten-proposamenean eta Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txosten juridikoan aurreikusitakoarekin bat.
Horrenbestez, herritarrek erregistro orokor elektronikoa erabiltzea errazteko, NAN-PIN sistema ezarriko da, identifikaziorako nahiz sinadurarako, erregistro orokor elektronikaren bidez dokumentuak aurkezteko. Hori dena, galarazi gabe interesdunek aurkeztutako dokumentuak modu elektronikoan sinatu behar izatea ala ez, kontuan hartuta, kasu bakoitzean, dokumentuaren izaera eta araudi aplikagarria.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. NAN-PIN sistemaren ezarpena onestea, dokumentuak erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkezteko. 2017ko apirilaren 24tik aurrera izanen ditu ondorioak.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, baita Nafarroako Gobernuko Interneteko webgunean ere. Webgune horretan argitaratuko dira, orobat, sarbiderako behar diren zehaztapen teknikoak.
3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusietara eta Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko apirilaren 12an.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1704739