(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

84/2017 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 16KOA, LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO KONTSEILARIAK EMANA, 2017-2019 ALDIRAKO TOKI INBERTSIOEN PLANA ARAUTZEN DUEN ABENDUAREN 13KO 18/2016 FORU LEGEAREN 20. ARTIKULUAN AURREIKUSITAKO KLAUSULA SOZIALA APLIKATZEKO MODUA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 77 - 21/04/2017



Zioen azalpena

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 20. artikuluak xedatzen duenez, “Toki Inbertsioen Plan honetan sartutako lanak esleitzeko toki entitateek onesten dituzten agiri guztietan sartu beharko da, gauzatzeko baldintza berezi gisa, beharkizun hau: inbertsioa egiteko beharrezkoak diren lanaldi osoko kontratazio berri, baja eta ordezkapen guztien herenak gutxieneko gizarteratze-errenta jasotzen dutenekin beteko direla”.

Foru agindu honen xedea da aipatutako aginduan aurreikusitako erreserba eraginkortasunez aplikatzea, baita legezko arauaren espirituari eta xedeari jarraituz ere, aplikazio irizpide zehatzak eta xeheak ezarriz.

Foru lege horren azken xedapenetako lehenak gaitasuna ematen dio toki administrazioaren arloan eskuduna den departamentuari erregelamenduzko xedapenak emateko, foru lege hori aplikatu eta garatu beharrez. Erregelamenduaren garapenak bide ematen du irizpen adiera bakarrekoa eta zalantza gabekoa bermatzeko toki entitate guztientzat, 18/2016 Foru Legearen 20. artikuluaren aplikazioan.

Bestalde, foru agindu honetan aurreikusten da enpresa kontratistek aukera izanen dutela nolabaiteko prestakuntza edo esperientzia maila eskuratzeko zenbait lanetarako, eta, orobat, tokiko enplegua sustatzen dituzten neurriak hartzeko, helburua izanik politika sozialaren arloko ekintza hauen arrakasta erraztea.

Hori horrela, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen azken xedapenetan lehenak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.- Tokiko entitateek 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren barnean dauden obrak esleitzeko onesten dituzten agiri guztiek klausula bat eduki behar dute, gutxieneko gizarteratze-errenta jasotzen dutenen aldeko erreserba bat aurreikusten duena, era honetan:

Inbertsioa gauzatzeko behar diren lehenbiziko, bosgarren eta bederatzigarren lanaldi osoko kontratazio berrietan eginen da erreserba hori, gutxienez. Bederatzigarrenetik aurrera, aurreko zenbakiari hiru gehituko zaio erreserba hori egiteko: hamabigarrenean, hamabosgarrenean, hemezortzigarrenean eta horrela jarraituta.

2.- Kontratazio agirietan, klausulak ezar daitezke toki entitateek modua izan dezaten gutxieneko gizarteratze-errenta jasotzen dutenei lehentasuna emateko, baldin eta, beharrezko baldintzak beteta, kasuan kasuko enplegu agentziaren lurralde esparruan bizi badira.

3.- Kontratazio agirietan, klausulak ezar daitezke toki enpresa kontratistek modua izan dezaten gutxieneko gizarteratze-errenta jasotzen dutenei lehentasuna emateko, baldin eta esperientzia badute egin beharreko jarduera horretan edo berariazko prestakuntza badute horretarako, nolabaiteko espezializazioa eskatzen duten lanpostuen kasuetan.

4.- Esleipena egiten duen udala zer lurralde esparrutakoa den, horko enplegu agentziaren bitartez tramitatuko dira foru agindu honetan aipatzen diren eskaerak.

Hiru egun balioduneko epea iraganda kasuan kasuko enplegu agentziari eskaera egiten zaionetik ez bada erantzunik jasotzen, enpresa kontratistak bidezkotzat jotzen duena kontrata dezake, horrek gutxieneko gizarteratze-errenta jasotzen ez badu ere.

5.- Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko otsailaren 16an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1702271

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web